ESTATUA ETA FAXISMOA
Faxismoaren kontzepzio apologetikoak –burgesiari berezko zaio– faxismoa salbuespenezko erregimentzat hartu du logikoki zein historikoki, eta haren paradigma gisa aurkezten zaizkigu nazismoa eta Holokaustoa, faxismoaren berezitasunaren ebidentzia gisa. Alabaina, aipatutako forma politikoaren analisi zorrotzak haren garapen historiko konkretua hartu behar du aztergai gisa, eta ez forma ideal batean abstraitutako ezaugarri multzo bat (diktadura frankista kategoria horretatik kanpo utziko lukeena, esaterako), zientzia politikoak eta historiak sarritan egin izan duen bezala burgesiaren interesen morroi. Estatua, bere askotariko formetan, klase-dominazioaren organo bat denez gero –Marxen eta Leninen formula aintzat harturik–, diziplinamendurako eta lan-indarraren erregulaziorako baliabide eta estrategia sorta erraldoia batez baliatzen da. Estatu burgesak banaketarako, sailkapenerako eta dominaziorako duen joera nagusi hori forma politiko faxistan gorpuzten da modurik gordinenean. Ildo beretik, masa-prozesamenduaren, biztanleriaren kontzentrazioaren eta sarraskiaren genealogiak dominazio kolonialaren formetara garamatza ezinbestean. Era berean, honako hau uzten du agerian genealogia horrek: faxismoa, oroz gain, Estatuaren forma kontrairaultzailea eta antiproletarioa da, eta, ezinbesteko forma da –eta ez salbuespenezkoa– indar iraultzaileak boterea eraginkortasunez hartzeko gai ez direnean eta ordena liberalak metaketari eusteko ezintasuna duenean. Hain zuzen ere, bide esplizituki erradikal baten bidez ordena berrosatzeko eta klasearteko ituna lortzeko proiektua da, eta palingenesia nazionalean eta bortizkeria masibo gordinenean oinarritzen da.
Faxismoa, oroz gain, Estatuaren forma kontrairaultzailea eta antiproletarioa da, eta, ezinbesteko forma da –eta ez salbuespenezkoa– indar iraultzaileak boterea eraginkortasunez hartzeko gai ez direnean eta ordena liberalak metaketari eusteko ezintasuna duenean
ZELATATZEA, ZIGORTZEA ETA SARRASKITZEA: EUROPAR FAXISMOAREN ERRO KOLONIALAK
Hala, Gerra Handiaren eta 1917an Errusian abiatutako krisi iraultzailearen hedapenaren ondoren, langile-klase globala, lan-indarraren eramaile huts gisa, zentro inperialistan menperatu beharra zen, populazio ez-europarrak gizarte-harreman kapitalistetan integratzeko prozesuan egin zuten bezala. “Sozialismoaren aurkako gerra” –Mussolinik berak Fasci Italiani di Combattimento direlakoen sorreran esan zuenez– Italiako faxismoaren ardatz estrategiko bihurtu zen 20ko hamarkadan. Langile-mugimendua suntsitzea eta langileen bizi-baldintzak hondoratzea faxismoaren funtsezko ezaugarriak izan ziren hasiera-hasieratik. Botererako bidea, hura gauzatzeko bidea, klase azpiratuak erabat gobernatzeko eskubidea lortzeko bidea zen. “Azpiratu” izaera hori eraiki ahal izateko, ezinbestekoa zen besteak beste arraza, komunitate nazionala, zibilizazioa, garbitasuna, higienea eta tankerako kategoriek eskaintzen zuten errepertorio kontzeptuala, baita metropolian errepresio- eta sarraski-politiken zerbitzura jarritako taktika militarrak eta gizarte-erregulazioko taktikak erabiltzea ere. Industriaren aurrerapenetan eta arrazionaltasun zientifikoan oinarritutako “modernitate alternatiboaren” proiektua (Robert Paxtonen hitzetan) jadanik prestatua zen kolonietan. Ikusi besterik ez dago adibide hauek: 1920ko hamarkadan, Espainiako Armadak arma kimikoak erabili zituen populazio zibilaren aurka Rifen, eta baita Italiak ere 1935ean, Abisinian; eta, 1904 eta 1907 bitartean, Alemaniak herero eta nama populazioaren erdiaren baino gehiagoren kontzentrazioa eta genozidioa eragin zuen Namibian, hego-mendebaldeko Afrika Alemaniarrean –Alemaniako kontakizun historikoan komenientziaz ezkutatu izan zen Holokaustoaren berezitasun mistifikatuaren atzean–. XX. mendeko bigarren hamarkadako krisi beliko eta iraultzailearen garaia heldu zenean, lan-indarra kudeatzeko bidea Europako kanpoaldetik barnealdera igaro zen. Ekoizle nazionalen komunitatea kontrolik gabeko klase proletarioei eta haien erakunde “kosmopolitei” gailendu behar zitzaien: “judu-boltxebikeak“ eta “komunista judu-masonikoak”, beste batzuen artean, sailkatu, segregatu, diziplinatu eta, azken buruan, sarraskitu beharreko orban bihurtu ziren, “barbaroak” edo “beltz basatiak” izanak ziren bezala. Prozesu horretan, forma sozial burgesaren berezko subjektua, bi aldiz askea eta desjabetua, berretsi eta ukatu egin zen, erabat deshumanizatutako eta menpean hartutako objektu bihurtu, eta haren gainean erori zen botere estatalaren jardute osoa.
“Azpiratu” izaera eraiki ahal izateko, ezinbestekoa zen besteak beste arraza, komunitate nazionala, zibilizazioa, garbitasuna, higienea eta tankerako kategoriek eskaintzen zuten errepertorio kontzeptuala, baita metropolian errepresio- eta sarraski-politiken zerbitzura jarritako taktika militarrak eta gizarte-erregulazioko taktikak erabiltzea ere
1890 eta 1940 artean zabaldutako hari gorri horrek Alemaniak Ekialdeko Frontean egin zuen kanpainan lortu zuen bere adierazpen gorena: helburu banaezin bihurtu ziren SESB suntsitzea, Erdialdeko eta Ekialdeko Europa kolonizatzea (Alemaniako nazio- eta arraza-komunitatearen lebensraum bezala ulertua) eta juduak sarraskitzea. Kolonizatutako lurraldeetan erabiltzen ziren estatu-dominazio forma antzekoen pean, hau da, arau juridiko liberalaren presentzia diluituaren, etengabeko salbuespen-egoeraren eta muga hedakorraren nozioaren pean (gaur egun estatu-proiektu sionistan koka ditzakegun elementuak), Europan segregatu, kanporatu, kontzentratu, bortxazko lanetara behartu eta sarraskitu egin zen “etsai judua”, eta harekin batera baita eslaviarrak eta azpikotzat jotako beste herri batzuk ere –Sobietar Estatuko biztanleak–. Komunitate nazionalak –Volksgemeinschaft direlakoak–, bere osotasunean, kide indibidualen masa guztiarekin, dominazio-funtzio hori betetzen du, gorputz sozial osoan txertatuta. Estatu modernoaren botere desindibidualizatu eta automatizatuak, masa-komunitate baten borondatean oinarritzen den heinean, forma faxistan du adierazpen gorena.
Espainiako Estatuaren kasua ez da salbuespena. Diktadura frankista izan zen, nazismoarekiko eta faxismo italiarrarekiko zituen espezifikotasunak eta ezberdintasunak gorabehera, dominazio forma horren erregimen politiko osatuena XX. mendeko Espainian. Izan ere, Espainiak zuzeneko parte-hartzerik ez zuenez kanpoko gerra handi batean, adibidez II. Mundu Gerran, barruko biztanleriaren aurkako errepresioa handiagoa izan zen termino erlatiboetan. Era berean, Espainiako iragan kolonialaren amnesia gorabehera, hari eratzaile bera aurkitzen dugu kolonialismoaren eta faxismoaren artean. Bi mendetan zehar abizen berak behin eta berriz, bai eta jaioterri, destino militar, kargu politiko eta polizial berberak zein enpresen edo lurren jabe berberak. Beren gorenera diktadura frankistan heldu ziren dominazio-politika horien historia berreraikitzeko, denboran atzera egin eta beste kontinente batzuetara begiratu behar da.
MATXINOENTZAKO KONTZENTRAZIO-ESPARRUAK: WEYLER KUBAN (1896-1898)
Biztanleria zibila kontzentratzeko politika esplizitu eta planifikatu bat aplikatu zuten lehen estatuetakoa izatearen zalantzazko ohorea du Espainiako Estatuak (AEBrekin eta Argentinarekin batera): Weyler jeneralak 1895-1898ko Kubako independentzia-gerran egindako “Birkontzentrazio” delakoa da plan hori, zeinaren aurrekariak Hamar Urteko Gerran (1868-1878) aurki baitaitezke.
1896ko otsailaren 16an, uharteko azken gerra piztu eta urtebetera, Valeriano Weyler y Nicolau gobernadore eta kapitain jeneralak, koloniaren agintari gorenak, honako bando hau argitaratu zuen ekialdeko probintzietan birkontzentrazioa agintzeko:
1. Sancti-Spírituseko, Puerto de Príncipe probintzietako eta Santiago de Cubako jurisdikziokoak diren esparruetako biztanle guztiek Armadako buruak [...] dauden lekuetan kontzentratu beharko dute zortzi eguneko epean.
2. Zutabeek jarduten duten eremu osoan, landara irteteko, guztiz beharrezkoa izanen da igorritako baimen bat [...] agindu hori betetzen ez duen oro atxilotuko da.
Urte bereko urriaren 21ean, irlaren mendebaldean ere berdin jokatzea agindu zen beste bando batean:
1. Landa-eremuan edo herrietako gotorleku-lerrotik kanpo bizi diren biztanle guztiak zortzi eguneko epean birkontzentratuko dira tropek okupatutako herrietan. Matxinotzat jo eta hala epaituko da epe hori igarotakoan hustutako eremuetan dagoen gizabanako oro.
2. Erabat debekatuta dago herrietatik elikagaiak ateratzea [...]. Araua hausten duten horiek matxinoen laguntzaile gisa epaitu eta zigortuko dira.
Biztanleria zibila kontzentratzeko politika esplizitu eta planifikatu bat aplikatu zuten lehen estatuetakoa izatearen zalantzazko ohorea du Espainiako Estatuak (AEBrekin eta Argentinarekin batera): Weyler jeneralak 1895-1898ko Kubako independentzia-gerran egindako “Birkontzentrazio” delakoa da plan hori, zeinaren aurrekariak Hamar Urteko Gerran (1868-1878) aurki baitaitezke
Weylerren gobernu militarraren garaian, 400.000 pertsona sartu zituzten Kubako 80 kontzentrazio-puntu baino gehiagotan. Politika horren helburua –eta 50 urte geroago helburu bera izan zuen kontramatxinada frankistak Iberiar Penintsulan– Kubako Askapen Armadako (ELC) matxinoak biztanleria zibiletik eta haien laguntza-sareetatik bereiztea zen. Bortxazko birkokapenarekin eta masa-deportazioekin batera, lur errearen politika aplikatu zuten eremu hustuetan. Hiri eta herri gotortu eta birkontzentratuetako bohío zirelakoetan (Kubako txabola tipikoak), hildako asko eragin zituzten epidemiek eta goseteek, zeinak, gerraren ondoriozkoak ez ezik, abereen eta laboreen konfiskazio eta suntsipenen ondoriozkoak ere bai baitziren. Era berean, eremu horietako batzuetan –adibidez, Pinar del Ríon– bortxazko lanak eguneroko ogia ziren. Politika horren ondoriozko baja zibilen kopurua 60.000tik 500.000ra bitartekoa dela kalkulatzen da, eta azterlan berrien arabera, berriz, 170.000 bat, hau da, uharteetako biztanleriaren %10 inguru.
Habanako Casino Españolen kokatutako elite espainolistak argi zuen “Kuba espainiarra edo [...] erraustua” izanen zela. Kubatarrak, matxinadako parte-hartzaileak izan zein ez, susmagarritzat hartzen ziren. Penintsulako Berrezarkuntzako elite liberalak “espainiar zibilizazioaren” etsai ziren matxino kubatar “beltz eta basati” batzuen aurkako gerra gisa ulertzen zuen gatazka: muturreko neurriak aplika zekizkiokeen etsai baten aurkako gerra gisa, hain zuzen ere. Salbuespen juridikoko guneetan denbora-mugarik gabeko kontzentrazioa egitea neurri zibilizatzaile gisa ikusten zen
Ez zen soilik uhartea iparralde-hegoalde banatzen zuen hesien (trochak) bidezko banaketari laguntzen zion taktika militar bat, baizik eta “berhispanizatu” behar zen uharte baten izu selektiboko eta garbiketako politika bat. Habanako Casino Españolen kokatutako elite espainolistak argi zuen “Kuba espainiarra edo [...] erraustua” izanen zela. Kubatarrak, matxinadako parte-hartzaileak izan zein ez, susmagarritzat hartzen ziren. Era berean, penintsulako Berrezarkuntzako elite liberalak “espainiar zibilizazioaren” etsai ziren matxino kubatar “beltz eta basati” batzuen aurkako gerra gisa ulertzen zuen gatazka: muturreko neurriak aplika zekizkiokeen etsai baten aurkako gerra gisa, hain zuzen ere. Salbuespen juridikoko guneetan denbora-mugarik gabeko kontzentrazioa egitea neurri zibilizatzaile gisa ikusten zen. Weylerrek berak taktika militar horren asmatzaile gisa ematen zuen jakitera bere burua (urte batzuk geroago beste kolonia batzuetan aplikatuko zen, hala nola Hegoafrikan). Aldi berean, aipatutako politika Filipinetan aplikatzeko baimena eskatu zuen Polavieja jeneralak (Weylerren destinoa izan zen lehenago).
“KUBAKO KAPITAINTZA”: BARTZELONATIK MADRILERA
Kubako matxinoen aurka 1860ko hamarkadan hasi zen errepresio politika hura (ez da ahaztu behar plantazioetako esklaboen aurka ere aplikatzen zela, gutxienez lan egiteko modu hori 1886an ezabatu zen arte), birkontzentrazioaren indarkeria masiboarekin gorenera iritsi zena, ez zen 1898an hil. Esklabo-trafikoaren eta azukre-kanaberen kapitalek beren lekua Kataluniako ehungintzan aurkitu zuten bezala, biztanleak kontrolatzeko eta boterea erabiltzeko modu horiek, diskurtso ultranazionalista batez lagundutik, Kataluniako Kapitaintza Nagusira eraman ziren. Bartzelona zen langile industrial gehien zituen Espainiako probintzia, langile-mugimendu aktiboena zuena, baita espainolismoaren markoaren aurkako joera nazionalistak zituena ere. Espainiako jeneralek “bigarren Kuba” gisa ikusten zuten. “Kubako kapitaintzaren” eredu errepresiboa Weylerren, Martínez-Anidoren eta Milans del Boschen tokiko homologoek erabili zuten probintziako Gobernu Zibil eta Militarrean, eta eredua estatu osora hedatzeko saiakerak goia jo zuen Miguel Primo de Riveraren diktadurarekin (1923-1930), zeina garai hartan Kataluniako kapitain nagusia baitzen eta ibilbidea egina baitzuen Espainiako kolonietako hiruko nagusian (Filipinak, Kuba eta Maroko). Gobernu-erakunde horiei lehen erakunde protofaxistek laguntzen zieten, beren forma eskuadristan –La Banda Negra, Sometent, La Traza–; izua zabaltzen zuten langileen artean (batez ere anarkosindikalismoan kokaturik) edo langileak atzematen saiatzen ziren tradizionalismotik –Sindicatos Libres– zetorren erretorika obreristaren bidez. Erakunde horien sustraiak Kubako espainolismo ultranazionalistaren milizietan aurki daitezke, hala nola Cuerpo de Voluntariosen edo Liga Patriótica Españolan, zeinak jada estatu militarraren talka-indar zibil gisa funtzionatzen baitzuten.
“GERRA AMAITZEAN ESTOLDAK SUNTSITU BEHARKO GENITUZKE”
Kuba kontzentrazio-politika eta antzeko tresna batzuez erditu zen; Rifeko gerrak (1909-1927), berriz, sarraski-gerraren eduki ideologikoa eta berezko taktikak (“lurraldea lisatzea”) eman zizkion Espainiako Armadari, eta horiek Asturiasko proletariotzaren aurka aplikatu ziren 1934an entsegu orokor gisa, eta modu erabatekoan 1936tik aurrera gerra zibilean matxinatutakoen aurrerapenaren kontra, diktadura frankistaren oinarria izan baitziren. Esperientzia kolonialak politika hori garatzeko eta aplikatzeko baldintza material eta ideologikoak sortu zituen. Frankismoak, bere bilakaeran izan zuen faxistatze-maila aldakorra gorabehera, masen jazarpenean, auzipetzean, kartzelatzean eta exekuzioan oinarritu zuen beti bere boterea, betiere komunitate nazional politiko, sozial eta ekonomiko bateratu bat berreratzeko ortzi-mugaren menpe. Proletariotzari arrazionaltasun zibilizatzailea –klase-dominazioa– ezartzeko gurutzada baten moduan proposatu zen gerra zibila, proletarioak azpigizakitzat jotzen baitziren, “horda gorri” gisa. Proletariotza hori besteak beste Rifeko, Kubako, Gineako eta Filipinetako subjektu kolonialaren antzeko terminoetan kontzebitzen zuten.
Frankismoak, bere bilakaeran izan zuen faxistatze-maila aldakorra gorabehera, masen jazarpenean, auzipetzean, kartzelatzean eta exekuzioan oinarritu zuen beti bere boterea, betiere komunitate nazional politiko, sozial eta ekonomiko bateratu bat berreratzeko ortzi-mugaren menpe
“Begira, gure plana Espainiako gizonezkoen biztanleriaren herena akabatzea da. Horrek herrialdea garbituko du eta proletariotzarengandik libratuko gaitu”.
Hala zioen gerra zibil betean Gonzalo de Aguilera y Munro aristokrata eta lur jabe salamancarrak. Kapitainak bere arrazoibideari jarraitu zion:
“Guk, pertsona gizalegezkook, gure lantegiak ditugun hirietan haiei etxebizitza modernoak emateko akatsa egin genuen. [...] Estoldak jarri genituen. Horren ondorioz, esklaboen populazioak gora egiten du. Madrilen, Bartzelonan eta Bilbon estolderiarik ez bagenu, buruzagi gorri horiek guztiak haur izanik hilko ziren, jendaila asaldatu eta Espainiako odol noblea isurtzea eragin beharrean. Gerra amaitzean, estoldak suntsitu beharko genituzke”.
Aguilerak Marokon egin zuen soldadutza, eta matxino riftarren kopia bat baino ezin zuen ikusi bere lursailetako landa-proletariotzan. Premiazkoa zen garbiketa-politikak aplikatzea boltxebismoaren birusaz (edo “gene gorriaz”, bere bertsio psikiatrizatuan) kutsaturik zeuden gorputz arrotz gisa ikusten zituzten klase proletario haien aurka. Gerra zibilean egindako aurrerapen militarrean, frankismoak, esperientzia kolonialen erronka onartu, eta klase-sarraskitze estrategia erabateko bat proposatu zuen. Aguilerak baieztatu bezala, matxinatutako agintari militarrek jakin bazekiten mobilizazio iraultzaileek –1909tik aurrera hedapen azkarra izan eta 1930eko hamarkadan jo zuten goia– mehatxupean jarria zutela ordena burgesa, eta, hura inposatzeko, proletariotzaren geruza zabalak kontzentratu eta fisikoki desagerrarazi behar zirela (Asturiasen 34ko urrian egin zen bezala), batez ere penintsulako hegoaldean, non burgesia lur jabea kinka larrian baitzen 1933az geroztik. Klase burgesaren pentsamoldeak honakoa defendatzen zuen: “azkarregi ugaltzen dira, [...] animaliak diren aldetik, ezinezkoa da boltxebismoaren birusaz ez kutsatzea. Azken finean, arratoiak eta zorriak dira izurriaren eramaileak”.
Mobilizazio iraultzaileek mehatxupean jarria zuten ordena burgesa, eta, hura inposatzeko, kontzentratu eta fisiko desagerrarazi egin behar ziren proletariotzaren geruza zabalak (Asturiasen 1934ko urrian egin zen bezala), batez ere penintsulako hegoaldean, non burgesia lur jabea kinka larrian baitzen 1933az geroztik
Yagüe, Queipo de Llano eta Francoren zutabeek, Madrilerako bidean, kontzienteki aplikatzen zuten tokiko botere burgesen laguntzarekin Aguilerak eta bere klasekoek “Espainiaren eraberritzea” deitzen zuten hori: biztanleria etsaia soberakintzat eta helburu militartzat hartu behar zen. Ez zen gerraren berezko basakeria hutsa, baizik eta klase proletario horietako geruza zabalak kontzentratu eta kartzelatu egin behar ziren, edo deuseztatu, nazioaren osasuna berrezartzeko. Hala egin zuten Badajozeko Sarraskian, non Sevillatik Meridarako errepidetik ihesi zihoazen biztanleriaren aurka egin zuten “Heriotzaren Zutabea” izenekoaren eskutik, eta Mola jeneralak Nafarroako edo Logroñoko probintzietan ere dozenaka mila pertsona erail zituen.
MIKOMESENGEKO LAZARETOA
Ginea Espainiarrean, arraza-irizpideen arabera antolatutako kontzentrazio-, berreziketa- eta lan-guneak eratu ziren, ingurunetik bereiziak eta guardia kolonialak kontrolatuak
Kuban eta Rifen izandako esperientzia aztertu den bezala, gerraosteko errepresioaren eta frankismoaren kontzentrazio-esparruen gaian sakondu aurretik, Ginea Espainiarrean erabilitako kontzentrazio-eredua aipatu beharra dago. Gineako osasungintza kolonialaren kontrol biopolitikoko formetan lortu zuen bere formulaziorik esplizituena Espainiar “Arraza” berrezartzeak –Kubako politikakeria liberalaren bizkarreko sastakadak traizionatua eta irmo defendatua izan ondoren riftar kabilen aurrean eta ondoren “Moskuko horden” aurka–. Zenbait lege-xedapen tarteko, 1945ean derrigorrezko bilakatu zen legenarra zuten horiek agintari kolonialei entregatzea –era berean, tifusaren aurkako borroka preso errepublikanoen errepresiorako arma gisa erabili zen–. Arraza-irizpideen arabera antolatutako kontzentrazio-, berreziketa- eta lan-guneak eratu ziren, ingurunetik bereiziak eta guardia kolonialak kontrolatuak. Hala izan zen Mikomesengeko lazaretoan, kartzela irlen lehen planen eboluzioa izan baitzen. Ikusiko dugun moduan, eredu metropolitarrarekin batera, gosea, torturak, lan behartua eta amak haurrengandik bereiztea (haurren heriotza-tasa %70 ingurukoa zen), besteak beste, eguneroko ogi izan ziren eremu segregatu horietan, non biztanleria natiboa banatzen zen espainiar dominazioaren pean. Era berean, sigsa-sistema bat ezarri zen; ordena erlijiosoek kontrolatutako derrigorrezko barneratze-zentro horien helburua erritu katolikoaren bidez ezkontzera zihoazen emakumeak europartzea zen, eta, haietan, ohikoak izaten ziren tratu txarrak eta sexu-abusuak.
“ERABAT SARRASKITU ARTE”
Klase-gerra eta haren metodo errepresiboen errepertorioa ez ziren bukatu 1939ko apirilaren lehenean, hots, “armada gorria gatibu hartu eta desarmatu” zenean eta Errepublika amaitu zenean (Errepublikaren klase-edukia ere burgesa zenez, matxinatuak erregimen politikoaren formaren plano konkretuan baino ez ziren nagusitu): herrialdea garbitu beharra zegoen frankismoaren Ordena Burges Berria eraikitzeko. Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak 1941an esandako hitzetan, “landako etsaiei gupidarik gabeko gerra” egin behar zitzaien, “erabat akabatu arte”. Ekialdeko Europan nazien kasuan bezala, 1936az geroztik, laxotasun juridikoko eta gorputz militarren espontaneotasuneko testuinguru batean planteatzen zen errepresioa, baina hori guztia Estatuko instantzia gorenetatik eratorritako zigor-politika horrekiko agindu argien barruan. “Bake” garaian, errepresioak eguneroko ogia izaten jarraitu zuen, batez ere kontuan hartuta kontramatxinadaren operazio-agertokien kokapen nagusia landa-eremuetan zegoela, non Estatuaren presentzia txikiagoa baitzen.
Armada frankistak errepresio taktika sorta zabal bat erabili zuen, benetako sarraski-politika bat. Miaketak, segadak, zibilen sarraskiak, exekutatuen gorpuen erakusketa, etxebizitzei eta landaguneei egindako eraso armatuak –artilleriarekin eta guzti– eta herritarrak esparru eta kartzeletan kontzentratzea, besteak beste, ez ziren mendeku-mugimendu espontaneo hutsak izan, baizik eta Estatuaren jarraibideak, Guardia Zibilak gauzatuak
Bere Europako homologoak baino bost urte lehenago, Armada frankistak errepresio taktika sorta zabal bat erabili zuen, goitik beherako sarraski-politika bat. Miaketak, segadak, zibilen sarraskiak, exekutatuen gorpuen erakusketa, etxebizitzei eta landaguneei egindako eraso armatuak –artilleriarekin eta guzti– eta herritarrak esparru eta kartzeletan kontzentratzea, besteak beste, ez ziren mendeku-mugimendu espontaneo hutsak izan, baizik eta Estatuaren jarraibideak, Guardia Zibilak gauzatuak (1844an jada barne gorputz militar gisa sortua). Francoren Kuartel Nagusiaren zuzeneko aginduek hala adierazten dute: “Kontzentrazio marxistei dagokienez [...] beharrezkoa da aipatutako partidak ahalik eta lasterren akabatzea”. Ordena Berriaren aurka zeudenentzako zigor kolektiboa ez zen soilik gerrillariei zuzendurik egon, baizik eta komunitate osoei, lorratz kolonialari jarraikiz –baita hemeretzigarren mendeko bandolerismoaren aurkako errepresioaren lorratzari eta karlistaldietan bereziki Hego Euskal Herrian aplikatutakoarenari ere–. Esaterako, 1945 eta 1952 artean, Castellóko probintzian, Guardia Zibilak eta beste indar batzuek eragindako hildakoen %75 zibilak izan ziren. Errepresalia masiboak, tokiko botereen laguntzarekin, familien, bizilagunen eta, azken buruan, klase eta sektore sozial espezifikoen aurka hedatu ziren, 1936ko uztailaren 18an hasitako bideari jarraituz, “Espainia gorrietatik garbitzeko”. Gerrilla antifrankistaren presentzia handieneko eskualdeetan atxiloketa masiboak eta etengabeak gertatu ziren, eta jipoiekin (gaitasun fisikoa proletariotzaren bizibide bakarra zela jakinda egindakoak sarri) eta kuarteletako exekuzioekin amaitzen ziren. Ahalik eta botere handiena gorputz sozial osoan hedatzearen ildotik, Estatuak lur errearen politikak aplikatu zituen: ehunka hektarea suntsitu zituen modu planifikatuan, eta herrialdea “kartzela erraldoi” bihurtu zuen; familia osoak deportatu zituen, eta herri osoak konfinatu eta setiatu zituen etxebizitzen kontrolaren eta etxeratze-aginduaren bidez, herriak gaueko kartzela bihurturik. Etxebizitzek –masiak, kortijoak eta tankerako landako bizigune sakabanatuen antzera– beti zeukaten manu militari suntsituak izateko aukera baldin eta loturarik baldin bazuten Erregimenari aurka egiten zioten elementuekin.
300 kontzentrazio-esparru inguru ezarri ziren diktaduran zehar. Errepresioaren formak bezain askotarikoak izan ziren esparru horiek. Baziren gerraosteko birkontzentrazio-politikaren kalkoak, gerrilla eta haren laguntza-sarea deuseztatzeko helburua zutenak. Beste errepresio forma bat zen, adibidez, Tefíako Espetxe Nekazaritza Kolonia; 1954 eta 1966 artean egon zen martxan eta Alfer eta Gaizkileen Legearen arabera zigortutako sexu- eta genero-disidenteak zigortzen zituen. Ildo berean zeuden Mataderoko giltzapetze- eta sailkatze-zentroa (Madrilgo Udaleko Eskaletasunaren Errepresio Zerbitzuak kudeatuta), bai eta lan esklaboaren sare erraldoi bat ere, Zigorrak Lanaren Bitartez Ordaintzeko Patronatuak babestua beste forma batzuekin batera, hala nola Soldadu Langileen Diziplina Batailoiarekin (patronatu hori 1938an sortu zen); sare hari esker, dirutza egin zuten hainbat enpresaburuk, hala nola José Banúsek, Madrilgo Pilar auzoaren edo Marbellako luxuzko portuaren eraikitzaileak. Diktaduraren beraren kopuruen arabera, 1941ean 230.000tik gora ziren presoak, hau da, 100 espainiarretik 1 gutxienez kartzelan edo kontzentrazio-esparru batean zegoen. Beste erregimen faxista batzuekin alderatuz gero, ikusiko dugu Espainian 30 preso zeudela Alemania nazian espetxeratutako bakoitzeko. Exekuzioei dagokienez –datuen arabera, 150.000 eta ia 300.000 artean izan ziren–, proportzioa 1.800ekoa izanen litzateke Mussoliniren Italian bake garaian exekutatutako pertsona bakoitzeko.
CARABANCHEL: FRANCOREN PANOPTIKOA
Diktaduraren beraren kopuruen arabera, 1941ean 230.000tik gora ziren presoak, hau da, 100 espainiarretik 1 gutxienez kartzelan edo kontzentrazio-esparru batean zegoen. Beste erregimen faxista batzuekin alderatuz gero, ikusiko dugu Espainian 30 preso zeudela Alemania nazian espetxeratutako bakoitzeko
Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo kontzentrazio-esparruen eta espetxeratze masiboen mapa horren gune nagusietako bat Carabanchelgo kartzela izan zen, Estatu frankista berriaren errepresioaren eta klase dominazioaren ereduaren paradigma. 1940an, frankismoko funtsezko beste gune batzuekin –hala nola Erorien Haranarekin– modu esoterikoan bat egiten zuen kartzela-makroproiektu bat eraikitzen hasi zen preso errepublikanoen lan-indar esklaboa, Madrilgo erdigunetik 5 kilometro eskasera. Francok berak esandakoari jarraikiz, “lantokiak ziega iluna ordezkatuko” zuen. Eredu erradial panoptikoak, non argia eta etengabeko ikusgarritasuna funtsezko elementuak diren, Berrezarkuntzaren errepresio-tradizioa dakarkigu gogora (Bartzelonako Model kartzela hartu zen erreferentetzat), eta aukera ematen zuen presoak erregimen berriari zioten atxikimenduaren eta gizarte-mailaren arabera taxonomizatzeko eta banatzeko: gorriak, komunak, alferrak eta gaizkileak (beranduago “sozialki arriskutsuak” izendatu zituzten). Guardia Zibilak zaindutako garita eta alanbre-hesien artean, diktadurak bere politika palingenesikoa garatu zuen, Espainiako gizarte berriaren elementu patogenoak giltzapetuz: pilaketa, gaixotasun kutsakorren hedapena (Mikomesengeko ereduan bezala) eta kartzeletako funtzionarioen tortura etengabeak izan ziren nagusi (haietan, falangistek eta soldadu ohiek gerraren helburuen jarraipena ikusten zuten). Exekuzioen eraginkortasuna eta estandarizazioa izan ziren sarraski-politika frankistaren adierazpen nagusiak: politika hori Caudilloaren El Pardoko bulegoan hasten zen, hark bere errubrikak idazten zituenean (berriz ere, ikusten dugu ez zirela bat-bateko neurrigabekeriak); gero, presoak Campamento izeneko esparru militarrera lekualdatzen zituzten, eta bertan fusilatu; eta, azkenik, gorpuak Carabanchel Bajoko hilerrira itzultzen zituzten (kartzelari erantsia dago, inola ere ez kasualitatez). Prozedura horren bidez, gutxienez, Carabanchelgo 153 preso hil zituzten 1944 eta 1953 bitartean, kontuan hartu gabe sotoetan komenientziaz ezkutatutako garroteetan exekutatutakoak, ezta torturen ondorioz hildakoak edo beren buruaz beste egin zutenak ere. Ez zen gerraosteko salbuespen bat izan, inondik inora ere. Estatu frankistak lege-aparatu oso bat osatu zuen (Erantzukizun Politikoen Legea, Masoneriaren eta Komunismoaren aurkako Errepresioaren Legea, Gizarte Arriskugarritasunaren Legea, Gizarte Ikerketako Brigada), erregimenaren modernizazioarekin batera aurrera egin zuena. 1963an, Barne Defentsa taldeko Granado eta Delgado anarkistak eta PCEko Julián Grimau exekutatu zituzten Carabanchelen. Era berean, ehunka sexu- eta genero-disidente, eskale, alkoholiko edo drogazale kartzelatu zituzten, eta/edo ospitale psikiatrikoan torturatu. Langile-mugimenduko militanteen belaunaldi berrietako askok ere beren hezurrak izar-formako adreiluzko kartzela hartan paraturik amaituko zuten.
Estatu frankistak lege-aparatu oso bat osatu zuen (Erantzukizun Politikoen Legea, Masoneriaren eta Komunismoaren aurkako Errepresioaren Legea, Gizarte Arriskugarritasunaren Legea, Gizarte Ikerketako Brigada), erregimenaren modernizazioarekin batera aurrera egin zuena
Hala ere, adierazi dugun bezala, prozesatze masiboa estatu burgesaren berezko jokabidea da, eta, beraz, indarrean jarraitu zuen 1978tik aurrera ere. ETAko edo GRAPOko preso politikoak torturatzen jarraitu zuten Carabanchelen. Baina, batez ere, ikusten dugu langile-klaseko sektorerik pobretuena, desarrollismoaren eta demokraziaren integrazio-mekanismoetatik bazterturik bazterturik, kartzelatik igarotzera behartu zutela (preso “sozialak” amnistietatik kanpo gelditu ziren, nahiz eta indarrez mobilizatu zen COPEL Borrokan dauden Presoen Koordinakundea eta preso komunen mobilizazioak izan ziren 1977-78ko martxinadetan). Arturo Lezcano kazetariak zioen bezala, “gerraostea eta Carabanchel kontzentrazio-esparrua balira bezala hitz egiten dugu 80ko lehenengo urteez”. Klase-maila horietan heroinarekiko menpekotasuna eta gazte-delinkuentzia agertu zirenean, lege- eta ordena-politikek auzipetu horiek guztiak Carabanchel kartzelan eta beste batzuetan kontzentratzera eta isolatzera eraman zituzten. Hor botatzen zituzten Espainiako gizarte demokratiko berrian nahi ez zituzten elementu gisa (lapurrak, jonkiak, gaixoak). Kartzela laster bihurtu zen ghetto, non indarkeria etengabekoa zen eta higiene falta eta GIBaren izurritea mugarik gabe hedatzen ziren (1991n gutxienez presoen laurden bat zegoen kutsaturik, Kartzela Instituzioen arabera).
Carabanchelen eta antzeko kartzeletan botatzen zituzten Espainiako gizarte demokratiko berrian nahi ez zituztenak, tartean lapurrak, jonkiak eta gaixoak. Kartzela laster bihurtu zen ghetto, non indarkeria etengabekoa zen eta higiene falta eta GIBaren izurritea mugarik gabe hedatzen ziren (1991n gutxienez presoen laurden bat zegoen kutsaturik, Kartzela Instituzioen arabera)
Presondegiaren mende erdiko historian, 1998an itxi zuten arte, Espainiako Estatuak erabilitako errepresio modu gehienak gauzatu zituzten, adibidez gerraosteko faxismoaren bortxazko lana eta sarraski politikoa, zeinak iragan kolonialera eta Berrezarkuntzara garamatzaten. Era berean, gaixoak kontzentratu eta abandonatzeko ereduen elementu batzuk eta Gineako lazaretoak kopiatu zituzten Trantsizioan eta demokrazian. Kartzelako biztanleria etengabe hazi zen diktadura amaitu zenetik. Gaur egun, 1975ekoa baino hiru aldiz handiagoa da: 15.000 preso ingurutik ia 50.000ra igo da, nahiz eta kriminalitate-tasa nabarmen jaitsi.
Gaur egun ere, Espainiako Estatuak, duela 80 urte preso politikoekin eta proletariotza nekazariarekin eta duela mende bat baino gehiago Kubako edo Rifeko biztanleekin egiten zuen bezala, proletariotza migratzailea pilatu, torturatu eta hiltzen uzten du. Kontzentrazioa eta sarraskia ez dira salbuespena, basakeria kapitalistaren berezko arau historikoa baizik.
Duela ehun urte baino gehiago Karibeko kolonietan ireki eta Rifetik, Espainiako Gerra Zibileko eta gerraosteko mendilerro eta landetatik eta Ginea Espainiarreko lazaretoetatik igarotzen den zirkulua ixteko, gaur, Alucheko Atzerritarrak Barneratzeko Zentroa (CIE) dago Carabanchelgo espetxe-ospitale zaharreko lurretan –lurrok, kartzelako dokumentazio ofizial guztia bezala, egokiro garbitu ondoren–. Kontzentrazio-esparru forma berri horretan, Espainiako Estatuak, duela 80 urte preso politikoekin eta proletariotza nekazariarekin eta duela mende bat baino gehiago Kubako edo Rifeko biztanleekin egiten zuen bezala, proletariotza migratzailea pilatu, torturatu eta hiltzen uzten du. Kontzentrazioa eta sarraskia ez dira salbuespena, basakeria kapitalistaren berezko arau historiko bat baizik.
BIBLIOGRAFIA
Casals, Xavier y Ucelay-Da Cal, Enric, El fascio de las Ramblas. Los orígnes catalanes del fascismo español, Bartzelona, Pasado y Presente, 2023.
Fernández Pasalodos, Arnau, Hasta su total exterminio. La guerra antipartisana en España (1936-1952), Bartzelona, Galaxia Gutenberg, 2024.
Hernández de Miguel, Carlos, Los campos de concentración de Franco. Sometimiento, torturas y muerte tras las alambradas, Bartzelona, Penguin, 2019.
Paxton, Robert O., Anatomía del fascismo, Madril, Capitán Swing, 2019.
Preston, Paul, Arquitectos del terror. Franco y los artífices del odio, Madril, Debate, 2021
Ruiz Casero, Luis A., Carabanchel. La estrella de la muerte del franquismo, Madril, Libros del K.O., 2025.
Stucki, Andreas, Las guerras de Cuba. Violencia y campos de concentración (1868-1898), Madril, La Esfera de los Libros, 2017.
Tofiño, Iñaki, Guinea: el delirio colonial de España, Bartzelona, Bellaterra, 2021.
Traverso, Enzo, «Holocausto y colonialismo: a propósito de “El catecismo alemán”», Sin Permiso, 2022ko apirilaren 23a.
HEMEN ARGITARATUA