ARGAZKIA / Felipe Gonzalez, 1977ko kanpainako mitin batean
Mikel Usabiaga
2025/09/02

Bere sorreraren mendeurrenean, 1979an, hauteskundeetara aurkeztu zen PSOE, "Ehun urte zintzo eta irmo" leloarekin, eta alderdiaren tradizioaz eta historiaz baliatu zen botererako hautagaitza funtsatzeko. Izan ere, UCDren aurka izandako porrota sozialisten eraldaketarako oinarria izan zen, eta eraldaketa horrek garaipenerako eta 1982an alderdia boterera iristeko zimenduak jarri zituen.

Folkloretik eta fraseologia marxistatik urrundu, eta berrikuntzaren alderdia izatera pasatu zen PSOE. Estatu zaharra berritu, hura Europan sartu eta hain desberdin uzteko asmoa zuen, ezen, Alfonso Guerraren hitzetan, ez zuen ezagutuko “ezta hartaz erditu zen amak ere". Orduantxe, berrikuntza hartan, hasi zen PSOE Estatuko alderdi gisa eratzen, eta Espainiako oligarkiaren zutabe handienetako bat bihurtu zen.

PSOE ZAHARRAREN ERAILKETA

Trantsizioan sartu zen PSOE ezagutezina da gaur egun: merkatu-ekonomia arbuiatzen zuen “sozialismo autogestionatuaren” eredu jugoslaviarraren alde, marxistatzat eta errepublikanotzat zuen bere burua, Francok ezarritako monarkia indargabetzea eskatzen zuen eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu. Felipe Gonzálezek “bihotzekoren bat emateko moduko auditoriak” hitzematen zituen diktadurari lotutako enpresentzat, erregimenaren errepresioa argi eta garbi kritikatzen zuen, eta ordurako erabat desegina zegoen errepublika aldarrikatzen zuen estatu eredu gisa.

González Suresneseko kongresuan (1974) iritsi zen alderdiaren zuzendaritzara. Rodolfo Llopis buru historikoaren ondorengo gisa agertu zen, zeinak kongresu horren ebazpenak onartzeari uko egin baitzion. Suresnesetik 1979ko kongresura bitarteko epe laburrean, sozialistek programa horren gehiengoa likidatu zuten. Izan ere, Estatuaren aginterako hautagai errealista gisa aurkezteko, ezinbestekoak izan ziren gutxieneko ideologikoak aldatzeko malgutasuna eta alderdiaren aurrekari historikoen erabateko errebisionismorako erraztasuna. Azken batean, inguruko alderdi guztiak zikinduta zeuden: UCDk, zentro politikoa ordezkatu nahian, diktaduraren amaiera kudeatu izanaren orbana zuen; ezkerretik, PCE irainduegia eta kriminalizatuegia zegoen urte haietan (biraketa eurokomunistak ez baitzuen oraindik fruiturik eman); eta AP, zer esanik ez, frankismoarekin zuen lotura estuak kondenatzen zuen. PSOEren aldaketa azkar eta kamaleonikoak asmatu egin zuen espektro politikoan zentroan hutsune haren erdian estatu-alderdiaren postua hartzeko unea eta lekua. Horren guztiaren erdian, PSOEk bi gako uztartu zituen: irudi moderno eta berritzailea, eta klase-estatu baten konpromisoak zuzendu eta jarraitzeko gai zen oinarri politikoa eta ideologikoa.

Trantsizioan sartu zen PSOE ezagutezina da gaur egun: merkatu-ekonomia arbuiatzen zuen “sozialismo autogestionatuaren” eredu jugoslaviarraren alde, marxistatzat eta errepublikanotzat zuen bere burua, Francok ezarritako monarkia indargabetzea eskatzen zuen eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu

1879an sortu zenetik, marxismoa agertu zen alderdiaren ideologia gisa. Pablo Iglesiasen PSOE gazteak lotura estua zuen langileen mugimenduarekin eta horien bizi-baldintzak hobetzeko borrokarekin, eta Marx eta Engelsen tradizioarekiko zordun zela aldarrikatu zuen. Are gehiago, ideia horiek guztiak diktaduraren amaierara arte mantendu ziren, teorian behintzat. Adibidez, argigarria da Pere Ysàsek egin zuen aipu-hautaketa, 1976ko kongresuaren dokumentu politikoari buruzko pasarte honetan:

«XXVII. Kongresua alderdiaren nortasuna definitzeaz ere arduratu zen “Ebazpen Politikoan”: PSOE “klase-alderdia zen, eta, beraz, masa-alderdia, marxista eta demokratikoa”. Klase-alderdia, “langileriaren proiektu historikoa defendatzen dugulako eta eta haren alde borrokatzen garelako: esplotazioa desagertzea eta klaserik gabeko gizartea eraikitzea”. Marxista, “gizarte kapitalistaren ezagutzaren [eta] eraldaketaren metodo zientifikoa klase-borrokaren bidez ulertzen dugulako, historiaren eragile gisa”; demokratikoa, “barneko eta funtzionamenduko demokrazia zorrotzena duen erakunde gisa eraturik gaudelako, eraiki nahi dugun gizarte berriaren antzera, zeinaren bermerik handiena bere alde borrokatzen diren erakundeetan baitago”. Alderdia internazionalista eta antiinperialista ere bazen, solidarioa “beste potentzia batzuen inperialismo ekonomiko edo politikoak zapaldutako herrien askapen borrokarekin”».

Hainbat historialarik nabarmendu bezala, tradizio sozialista aldarrikatzea ez zegoen programa politikoari loturik, PCErekin eta talde sozialistekin lehiatzearekin baizik, ezkerraren sentimendu sozialista zabala bereganatzeko. Praktika politiko erradikalik gabe “sozialista” edo “iraultzailea” izatea –diskurtsoetara mugatutako tradizio bezala– arma perfektua zen ezkerraren nagusitasuna bereganatzeko, eta, aldi berean, gobernu-hautagai gisa agertzeko.

Praktika politiko erradikalik gabe "sozialista" edo "iraultzailea" izatea –diskurtsoetara mugatutako tradizio bezala– arma perfektua zen ezkerraren nagusitasuna bereganatzeko, eta, aldi berean, gobernu-hautagai gisa agertzeko

Dena dela, fraseologia horren zati handi bat ezabatu egin behar izan zen sozialisten belaunaldi berriak PSOEri eman nahi zion zeregin historikoa betetzeko: frankismo osteko Espainiako Estatuko gobernu-alderdia izatea. Hainbat testuk islatzen dute egindako alimaleko errebisio historikoa, adibidez, Este viejo y nuevo partido. De congreso a congreso, zeina alderdiaren 1979ko XXVIII. Kongresurako idatzi zuten, besteak beste, Guerra eta González buruzagi sozialistek. Militanteei zuzendutako testu horrek ezkutatu edo disimulatu egiten ditu alderdiaren historiako pasarte erradikalenak; ondorioz, alderdiak aditzera emandako marxismo historiko hori “marxismoaren, positibismoaren eta errebisionismoaren” arteko nahasketa baino ez da bilakatzen.

Nolanahi ere, halako biraketa ez zen hain erraz egin: 1979ko kongresu horretan, alderdiaren definizio ideologikoan marxismoa mantendu nahi zuen guardia zaharrak lortu zuen garaipena, eta, ondorioz, Felipe Gonzálezek –PSOEko idazkariak– dimisioa aurkeztu zuen. Izan ere, marxismoa estatutuetatik kentzea ezinbesteko korolarioa zen exekutibo berriaren planean, alderdia Estatua gobernatzeko gaitu nahi bazen. Alfonso Guerrak dioenez, dimisioa efektu-kolpe bat baino ez zen, eta eragozpen hori kosta ahala kosta gainditzea zuen helburu. Areago, Felipe Gonzalez aipatuz azaltzen du asmo hori Guerrak:

«Felipek ziurtatu zidan ezin zuela “gurditik tira egin” gurdian sinetsi ezean, eta etorkizunean dena bidera zitekeela iradoki zidan. “Alfonso, horrela guztia berreraiki eta norabidea berreskuratu ahal izango dugu”».

Marxismoaren eztabaidak beste eztabaida batzuk estali zituen, hala nola autodeterminazio-eskubidea ezabatu izana, nazionalizazioak, iraultza, errepublika, etab. Funtsean, iraganeko elementu ideologikoak apaingarri diskurtsibo bilakatu ziren, hauteskundeei begirako helburuak baino ez zituztenak. Gainerako elementuak ezabatu zituzten, eta Estatu berriaren esparru legala eta, beraz, politikoa erabat onartu izana islatzen zuen horrek. Estatuko alderdiaren postua betetzeko aukera historikoa aprobetxatzeko, status quo berriaren ordena proiektu politiko propio gisa onartu, eta ziurtatu behar zen ordena konstituzionalaren mugak hausteko dei oro alderdiaren praktikatik kanpo geratuko zela. Oligarkiak Konstituzioan ezarritako aukeretara mugatu behar ziren PSOEren planteamendu politikoak; eta bere egitura eta oinarriak horretaz konbentzitzea izan zen, Felipe Gonzálezek berak zioen bezala, aldaketa ideologiko nagusia:

“Momentu honetan errealitate batetik abiatzen gara –ez gara etorkizunari inolako abiapunturik gabe aurre egiten ari, 1976ko kongresuan gertatu zen bezala–; orain Konstituzioa deritzon oinarri bat dugu. Beraz, alderdiak kontuan izan behar du oinarrizko testu bat dagoela, guk bozkatu ez ezik, defendatu ere egin duguna. Eta testu hori demokrazia egonkortzeko bermea dela. Nire ustez, Konstituziotik abiatuta eraiki behar dira alternatiba politikoak (...)”.

Erradikalismoa hitzetan eta erabateko moderazioa praktikan konbinatzeak  bere fruituak eman zituen. 1977ko hauteskundeetan, PSOE bigarren indar bozkatuena eta ezkerreko lehena izan zen

BOTERERAKO BIDEA

Erradikalismoa hitzetan eta erabateko moderazioa praktikan konbinatzeak bere fruituak eman zituen. 1977ko hauteskundeetan, PSOE bigarren indar bozkatuena eta ezkerreko lehena izan zen,  botoen %29,32rekin. Hemizikloan zituen 118 eserlekuak ordena berria eraikitzearen zerbitzura jarri ziren: Konstituzioa, autonomien Estatuaren hasiera eta Claveroren “kafea guztiontzat”, Moncloako itunak... Hala eta guztiz ere, PSOEk neurri horiek guztiak aurrerapen handitzat jotzea lortu zuen diktaduraren memoriak gori-gori jarraitzen zuen testuinguruan, eta UCDren kontinuismoaren aurrean alternatiba apurtzaile gisa aurkeztu zen.

1979ko hauteskundeetarako PSOEk bere posizioa sendotu zuen ezkerreko alderdi handi gisa: PCEri lekua kendu zion eta bere boteretik kanpo zeuden sozialisten hautagaitzak bereganatu zituen, hala nola Partido Socialista Popular-Unidad Socialista, sei diputatu zituen alderdi txikiagoen koalizioa. Hala ere, hauteskunde haiek porrot egin zuten, emaitzak nekez aldatu baitziren 1977tik. Hainbeste itxarondako sorpassoa ez zen gauzatu. Gainera, urte bereko udal-hauteskundeetan ere ez zuen lortu UCD gainditzea, ez botoetan, ez zinegotzietan. Hori dela eta, PCErekin itunak egin behar izan zituen hainbat udalerritan, eta hura gobernu askotan integratu behar izan zuen (PCEk botoen %13 zituen, PSOEk %28 eta UCDk %30).

Testuinguru horretan egin zen aipatutako XXVIII. Kongresua. PSOEko gazte berritzaileek boterera iristeko eragozpenak gainditzeko azken bultzada eman nahi zuten, baina alderdiaren barruan Izquierda Socialistaren korrontea osatu zuen oposizioa aurrez aurre agertu zen. Francisco Bustelo, Gómez Llorente, Pablo Castellano eta beste batzuek mahaigaineratu zuten eztabaida –74ko Suresneseko kongresutik bertatik egon ziren Gonzálezen hautagaitzaren aurka–, eta marxismoak estatutuetan jarraitu behar zuen ala ez izan zen debatearen ardatza. Neurri batean, eztabaida zabaldu egin zen, alderdian praktikatzen zen pragmatismoa gehiegizkoa ote zen zalantzan jartzeraino, baina ez zen izan alderdiaren klaudikazio ideologikoaren ibilbide luzeari buruzko eztabaida bat ere. Hitz batez, oposizio hori unibertsitateko intelektual gutxi batzuek osatzen zuten, ez zutenak inolako programa politiko alternatiborik, alderdiarekiko deserrotze sentipen hutsa baizik. Hitzontzikeriaren eta beheranzko praktika demokrataren joko bikoitzaren bidez, PSOE berriak diskurtso tradizional baina gauzaez horri lotutako sektorearen nahigabea elikatu zuen. 

Aipatutako sektore kritikoko figura gehienak “sozialista klasikoak” ziren, hau da, sozialdemokratak, SPD zaharraren zentzu tradizionalean. Atsekabe orokorretik eta definizio ideologikoan marxismoa mantentzeko behar ez oso zehatzetik abiatzen ziren, horri uko egiteak “klase-borrokari”, eta, ondorioz, “sozialismoa azken helburu gisa” izateari uko egitea ekarriko lukeelako. Haien aurrean, Gonzalezek eta bere jarraitzaileek formulazio ideologikoak praktika politikora egokitu behar zirela defendatzen zuten, eta hori koherentea zen, marko konstituzionala onartzea sozialismoaren eraikuntzatik oso urrun baitzegoen. Izan ere, XXVIII. Kongresuaren aurreko urteetan, ohikoa izan zitzaien dokumentuetan zilipurdika ibiltzea, eraikitzen ari zen demokrazia sozialismoaren aurreko urrats gisa justifikatzen saiatzeko –hain zuzen ere horrela aurkeztu zuten autonomien Estatua, autodeterminazio eskubidearen preludio gisa–.

Azkenik, gorago aipatu bezala, sozialista tematien proposamenak kongresuan irabazi arren, Gonzalezek alderdiko idazkaritzari uko eginez konpondu zuen arazoa. Oposizioak ez zuenez hura babestuko zuen proiektu politikorik, sentimendu folkloriko bat besterik ez baitzuen, dimisioak botere-hutsunea eragin zuen eta ezohiko kongresu bat deitu behar izan zen.

GOBERNATZEA

1982ko urriaren 28an, sozialisten belaunaldi berriak egin zuen lan nekezak bere fruituak eman zituen: Estatuaren zuzendaritzarekin bateraezina zen diskurtso ororen likidazioa, eta iruditeria kolektiboan freskotasun eta berrikuntza irudia uztartzea, hain zuzen ere. Hautesleen %79,9ko parte-hartzearekin, PSOEk botoen %48,11 lortu zituen bigarren hauteskunde orokorretan, Konstituzioa onartu ondoren, eta horrek 202 diputatu eman zizkien (ganberaren erdia baino gehiago).

Hitzontzikeriaren eta beheranzko praktika demokrataren joko bikoitzaren bidez, PSOE berriak diskurtso tradizional baina gauzaez horri lotutako sektorearen nahigabea elikatu zuen

Hauteskunde haietako emaitzak aztertzean, argi geratzen da Felipe Gonzalezen alderdiak ezin hobeto bete zuela ordura arte hutsik egondako Estatu progresistako alderdiaren postua. Bitartean, UCD, Trantsizioko arkitektoa eta frankismo kiratsa zeriona, 168 diputatu izatetik 11 izatera igaro zen; Adolfo Suarezen alderdi berriak botoen %2,87 baino ez zituen lortu; eta PCEk ordezkatzen zuen ezkerreko hegala ere lau diputaturekin hondoratu zen. Ondorioz, PSOE berritu eta anbiguoa, fraseologia ezkertiarrez josita baina proletarioen aldeko benetako konpromiso politikorik gabe, nahi bezala ibili zen eta bi bandoak bereganatu zituen.

Bistan denez, faktore jakin batzuetan oinarritutako honelako azalpen batean, alde batera utzi ohi dira ezinbesteko garrantzia duten beste faktore batzuk. Hala ere, behar-beharrezkoa da aipatzea sozialisten garaipen zabalari ekarpen izugarria egin ziotela bi faktorek: alde batetik, eraldaketaren gobernuek erakutsitako onargarritasunak (bai Arias Navarrorenak, bai eta Suarezenak ere) –PCEri eta, zer esanik ez, beste alderdi batzuei erakutsitako onargarritasun txikia ez bezala–; eta, bestetik, SECED inteligentzia zerbitzu frankistaren lankidetza aktiboa, erraztasun materialak emateko –pasaporteak, esaterako– Trantsizioa zetorrela ikustean eta benetako oposizio antifrankistaren aurkako aliatu potentzialtzat jotzean. Ostera, termino oportunistetan, Suresnesen tesien egokitasuna agerian geratu zen. Izan ere, PSOE, antifrankismoan ohiko esparru sozialistarekin bat egiten zuten taldeetako bat izatetik, Estatuko alderdi demokrata aurrerakoi gisa aurkeztera igaro zen –bipartidismoa hastear zen testuinguruan–, eta aldi berean, ezkerreko boto-emaile horien zati handi bat xurgatu zuen, erresistentzia antifrankistak erbestetik eta klandestinitatetik sortu zuena.

PSOE, antifrankismoan ohiko esparru sozialistarekin bat egiten zuten taldeetako bat izatetik, Estatuko alderdi demokrata aurrerakoi gisa aurkeztera igaro zen –bipartidismoa hastear zen testuinguruan–, eta aldi berean, ezkerreko boto-emaile horien zati handi bat xurgatu zuen, erresistentzia antifrankistak erbestetik eta klandestinitatetik sortu zuena

PSOEk boterean iraun zuen ia hamarkada eta erdian, Gonzalezek 1974ko ildoa pertsonifikatu, eta alderdiaren eta frankismo osteko Estatu berriaren arteko fusioa egonkortu zuen. Trantsizioaren haustura politikorako aukerak itzaliz joan ziren, salbuespen nabarmenak izan ezik, eta Espainiako Estatua Mendebaldeko ordena kapitalistan behin betiko sartu zen. Idazkaritzaren (1974-1997) eta Gobernuko lehendakaritzaren bidez, Felipe Gonzálezek eta bere presio-taldeak egungo PSOEri forma eman zioten neurri handi batean. Alderdiak bi gehiengo absolutu lortu zituen –bata 1982an, 202 diputaturekin, eta 1986an bestea, 184rekin–, bakarrik gobernatzea 1989an Parlamentuaren erdiarekin (175 parlamentari), eta, azkenik, CiUren (Convergència) babesaren mendeko gobernu bat, 1993an, gehiengo absolutua galdu zuenean.

PSOEren lehenengo garaipena –eta loriatsuena– krisi testuinguruan gertatu zen: zentro inperialistaren gainmetaketaren eskutik etorri zen kostuen inflazioa, batez ere energia-kostuena, LPEEren (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) krisia tarteko; eta, horrekin batera, errentagarritasun txikia eta, beraz, langabezia galanta. Egoera horretan, herrialde kapitalistetan gobernatzen zuten alderdiak beharrezko neurriak hartzeaz arduratu ziren, errentagarritasuna berreskuratzeko eta atzerriko inbertsioa erakartzeko; hots, lan ez-produktiboa ezabatzea, doako zerbitzuetan gastu publikoa egitea, lan-indarraren salmenta erraztea... Obeditzen ez zuena, Gobernuaren kolorea kolore, dibisarik gabe gelditzen zen, balantza komertzial eskasarekin, Nazioarteko Diru Funtsaren abisuak jasotzen, eta ezagun zaigun eta abar luze bat. Patroi horiek arras ezagunak dira, behin eta berriz errepikatu baitziren 80ko hamarkadako Latinoamerikan eta haren zorraren krisiaren amaieran.

PSOEk aurrez aurre zuen testuingurura itzuliz, Gonzalezek eta beretarrek leialtasuna erakutsi zieten nazioarteko merkatuei Moncloako itunetan. 1977an sinatu ziren, nahiz eta oraindik ez zuten boterea eskuratu eta UCDren ezkerreko alternatiba gisa aurkezten ziren. Izan ere, ekaitza saihesten saiatu ziren, itun haiek PSOEren kontua ez balira bezala, eta UGTren eta CCOOren hasierako ezezkoaren alde ere egin zuten. Beste behin ere, gauza bat esatea eta kontrakoa egitea oportunismorako bide egokia zela berretsi zen: bizi-baldintzen narriadura bortitza UCDri egotzi zitzaion, eta PSOEk alternatiba gisa saldu ahal izan zuen bere burua hurrengo urteetan. Nolanahi ere, argi zegoen alderdi horrek Estatuarekin eta Konstituzioan finkatutako merkatu-ekonomiarekin zuen konpromisoa apurtezina zela. Are gehiago, alderdiak Estatuaren kontrola hartu zuenean konpromiso hori indartu baino ez zen egin.

Kontua da PSOErena ez zela kasu isolatua Europan. “Neoerrebisionistak” zeritzen alderdi sozialistek eurokomunismoak baino askoz lehenagotik egin zioten uko boterea hartzeari eta sozialismoa eraikitzeari, trukean estatu kapitalistaren kudeaketa soziala lortzeko. Amore eman zuten eta, irabaziak salbatzeko, proletarioen zuzeneko eta zeharkako soldataren aurkako erasoaren kudeatzaile bihurtu ziren.  François Miterranden PSF, adibidez, Gonzalezen aurretik iritsi zen boterera, eta goitik behera aldatu zuen bere programa nazioarteko lehiakortasunaren eskakizunen mesedetan. Gauza bera gertatu zen Alemaniako SPDarekin, handik gutxira erori baitzen. Gizarte erreformak lortzeko, klaseen arteko negoziazioaren mesedetan, boltxebikeen iraultza-bideari bortizki eraso zion sozialdemokraziatik geratzen zen apurra urte horietan desegin egin zen. Benetakoa izan ala ez, bere programa guztia indarge geratu zen ongizate-estatuaren desagerpenaren ebidentziaren aurrean: paper errea eta hitzontzikeria besterik ez zen.

Fenomeno hori ezin hobeto adierazten du Carlos Solchaga ministro ohiak – 1985era arte Industria eta Energiakoa izan zen, eta ondoren Ekonomia eta Ogasunekoa–. “Sozial-liberal” gisa autokalifikatuta, ez zuen Estatuaren gailentasuna onartzen PSOEren programaren parte gisa, eta bere politikaren lehentasuntzat jotzen zituen inflazioaren kontrola eta defizit publikoaren murrizketa. Hain zuzen ere, urte haietan Tatcherren edo Reaganen gobernu kontserbadoreek ezartzen zituzten helburu berak zituen, alegia, neoliberalismo deiturikoarenak. Argi esateko, PSOEren gobernutik urtebete baino ez zen igaro, eta Industria Birmoldaketaren eta Berrindustrializazioen Legea ezarri zuten: askotariko industriak desagerrarazi zituzten, baita 83.000 enplegu ere, eta 1,5 bilioi pezeta gastatu ziren kapitalista batzuen irabaziak salbatzeko. Horri gehitu behar zaizkio, besteak beste, Langileen Estatutuaren erreforma – UGTren laguntzarekin, esan beharra dago–, langile prekarioen lan-merkatu duala inauguratu zuena; edota 85eko pentsioen erreforma, kotizazio-aldia luzatzen zuena. Neurri horiei guztiei esker, “Espainian irabazten da, denbora laburrenean, diru gehien” ospatu zuen Solchagak.

Luzea da proletarioen soldatak arpilatzeko “sozialismo liberalaren” neurrien historia, eta Espainiako Estatuan 1993ra arte iraun zuen; urte horretan, hain zuzen ere, galdu baitzuen Gobernua PPren aurka PSOEk, eta alderdi-bitasunaren eta beraien arteko txandakatze etengabeen estreinaldia izan zen. Areago, urte horretan bertan PSOEk CiUrekin akordioa lortu izanak gobernuaren programaren izaera guztiz liberalaren berri ematen du.

PSOE-REN ESTATU BERRIA: INTEGRAZIOA ETA ERREPRESIOA

Aipatu zerbitzu sekretu frankistako agente batek, SECEDek, honako hau zioen Suresnes baino lehen PSOErekin izandako elkarrizketei buruz, Alfredo Grimaldosek jasotzen duenez:

«SECEDen haiekin biltzen hastea genuen xede, ikusteko ea noraino iristen zen haien ezkertiartasuna, gogo iraultzailea, ezkerreko grina eta abar. Jarrera epelagoetara, ez hain erradikaletara, hurbilarazten saiatzea zen asmoa, Willy Brandtek gomendatzen zien moderazio pragmatikoaren ildotik (...) Bilera bakoitzaren ondoren, Zerbitzurako txosten bat idazten genuen (...) Gure inpresioa zen lider ideologikoa, denbora luzez, azkarren, eta sakonen pentsatzen zuena, Pablo Castellano zela. Pisu moralik handiena Nicolas Redondok zeukan. Felipe González hiztun bizkorra iruditu zitzaigun, bikaina, “xarma” zeukan... Baina, bat-batean, cohiba luze bat atera, patxadaz piztu eta sibarita batek bezala erre zuen. Detaile txiki horrek harritu egin ninduen. Trazu burges bat zen, bere galtza bakeroekin bat ez zetorrena, ez bere alkandora merke koadrodunarekin, ez bere ezkertiartasunarekin... Nire txosten ofizialean ez nuen aipatu habanoaren txorakeria hura, ezta iradoki zidana ere. Baina nire oharren agenda pribatuan honako hau idatzi nuen: “Felipe González sevillarrak grinatsua dirudi, baina hotza da. Zerbait faltsua dauka barnean, engainatzailea. Ez zait idealetako gizona iruditu, anbizioetakoa baizik”».

1976ko XXVII. Kongresuan, alderdiaren likidazio ideologikoaren prozesuan funtsezkoa izan zena, europar sozialdemokraziaren ordezkaritza handi bat egon zen: Willy Brandt (SPD), Olof Palme (SAP), Mitterrand (PSF), Pietro Nenni (PSI) eta Michael Foot (Alderdi Laborista)

Kontatutakoa testigantza polizial baldarra eta anekdotikotik haratago baliorik gabea baino ez da, noski, baina PSOE berriaren funtsa biltzen du. Zuzendaritza gazte eta berriak zekarren Estatu-proiektua, funtsean, Estatu frankista modernizatzea zen, ez haren aldaketa. Ikusi denez, programa zaharra apaingarrietara baztertu zen, folklorikora. Jarraian ikusiko den bezala, hainbat konpromisok markatu zuten programa politikoa: Espainia Gerra Hotzaren Mendebaldeko blokean eskubide osoko kide gisa onar zezaten hartu beharreko konpromisoek, hain zuzen ere. Ildo berean, ez zegoen alderik PSOEren eta teknokrazia frankistaren edo UCDren artean, Trantsizioa sostengatzeko iragan politiko egokia izatea baino ez, horiek biek ez baitzuten halakorik. Beraz, PSOEk alderdi zehatza eta programaduna izateari utzi zion, eta Espainiako Estatu berria finkatzeko kanal bihurtu zen.

Mendebaldeko kapitalarekiko eta inperialismoarekiko behin betiko konpromisoa NATOra atxikitzeak zigilatu zuen. Mendebaldeko blokean AEBen aginduetara integratzeko proiektua Estatu frankistaren anbizioa izan zen urte askoan. PSOEk helburu hori lortzeko esku egokiagoa erakutsi zuen, eta horixe zen, hain zuzen ere, Gonzalezen proiektuaren arrakastaren oinarria. 1976ko XXVII. Kongresuan, alderdiaren likidazio ideologikoaren prozesuan funtsezkoa izan zena, europar sozialdemokraziaren ordezkaritza handi bat egon zen: Willy Brandt (SPD), Olof Palme (SAP), Mitterrand (PSF), Pietro Nenni (PSI) eta Michael Foot (Alderdi Laborista).

Ez da harritzekoa, beraz, Gonzalezek 1985ean Espainiako Estatua Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartzeko izan zuen beste herrialde batzuen babes zabala: bai sozialistak (bere hautagaitzaren alde egindako Mitterrand Frantzian, edo Bettino Craxi Italian), bai kontserbadoreak (hala nola Köhl Mendebaldeko Alemanian edo Tatcher EBn). Oro har, Gonzalezek EEEn sartzeko proposamena defendatu zuen, NATOko kide izatea indartzeko.

Trantsizioak aurrera egin ahala, adostasun estatubatuar-alemaniar hori areagotuz joan zen. Hona hemen adibide batzuk: UGTk AEBko “sindikatu hori” deiturikoengandik 200 milioi pezeta jaso zituen; SPDren Ebert Stiftung fundazioaren bidez PSOErengana eta Portugalgo PSrengana CIAren dirua ibili zen; edota Kissingerrek eta Helmut Schmidtek babesa eman zuten PSOE Batzorde Demokratikoan sar ez zedin

Izan ere, kanpotiko esku-hartzeari buruzko literatura ugari dago, Gonzalezen PSOE berrituaren eraikuntzan erabakigarria izan zena, batez ere SPDrena eta CIArena. Adibide bat jartzearren, Grimaldosek nabarmentzen du yankiek, Portugalen krabelinen iraultza bezalako “kontrolik gabeko” trantsizioa errepikatzeko beldurrez, honela esku hartu zutela:

«Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek eta Alemaniako sozialdemokraziak Espainiako Trantsizioaren zuzendaritza txandakatu zuten, arreta handiz, bi helbururekin: Francoren heriotzaren ondoren iraultza eragoztea eta ezker komunista deuseztatzea. “Ezkerreko” alderdi bat eraikitzeko lan fin hori, hain zuzen ere ezkerrak Espainian boterea eskuratzea eragozteko, CIAren lana da, Internazional Sozialistarekin lankidetzan. Operazio luze horren lehen diseinua hirurogeiko hamarkadan du jatorria, orduan erregimena amore ematen hasia baitzen, ezinbestean, langileen borroken eta herri-aldarrikapenen presiopean. PCEren hazkunde ikusgarriak eta Gerra Zibilaren aurreko sindikatu eta alderdien desagerpenak, batez ere UGTrenak eta PSOErenak, frankismoaren amaieran komunismoa gailentzeko beldurra eragin zuten».

Eta dokumentazio ugari gehitzen da lotura horien froga gisa. PSOEko sektore kritiko baztertuko Joan Garcések berak Carlos Zayas aipatzen du, PSOE berriaren lehen hautagaitzako kidea, eta honako hau dio:

“[Zayasek] maiz igortzen zion informazioa [AEBko] Enbaxadari sentsibilitate sozialistako pertsonei buruz, zeinak, babes materiala jasoz gero, Alderdi Komunistaren aurka borrokatzera batu baitzitezkeen. Zayasek, besteak beste, Joan Raventós Carner (Bartzelona), José Federico de Carvajal eta Mariano Rubio aipatu zituen, eta, aldi berean, Federico Sánchez Madrilgo Alderdi Komunistako agente nagusi zela jakinarazi zien”.

Trantsizioak aurrera egin ahala, adostasun estatubatuar-alemaniar hori areagotuz joan zen. Hona hemen adibide batzuk: UGTk AEBko “sindikatu hori” deiturikoengandik 200 milioi pezeta jaso zituen; SPDren Ebert Stiftung fundazioaren bidez PSOErengana eta Portugalgo PSrengana CIAren dirua ibili zen; edota Kissingerrek eta Helmut Schmidtek babesa eman zuten PSOE Batzorde Demokratikoan sar ez zedin. Zerrenda amaigabea da, eta PSOE-SPD-CIA sarea zabala bezain agerikoa zen. Grimaldosen liburuaz gain, beste mila liburu eta testu daude lankidetza horri eta komunismoaren aurkako asmoari buruzko froga amaigabeak jasotzen dituztenak –ez bakarrik PCEren aurka, laster integrazio-bidean sartu baitzen, baina bai nagusiki–.

Sare horren espirituaren sintesi gisa dugu José Mario Armero AEBko kapital handien abokatuaren aipua, baita Espainiako Estatuarekin izan zuen lotura ere. Besteak beste, ezaguna da urte haietan Carrillorekin elkarrizketatu zelako PCEren legeztatzea bideratzeko, Estatuan integratzeko baldintzapean. Honela dio:

“Errealitateak erakusten du gaur egun Espainian alderdi sozialdemokrata, europarra, mendebalzalea, proestatubatuarra eta atlantista dagoela agintean. Urte bateko gobernuan, PSOEko gizonek zeregin zinez berezia bete dute: Espainiako ezker tradizionalaren ia suntsipen totala, hein handi batean marxista eta iraultzailea, buruzagi sozialista gazteek hartu dituzten bide berrietatik oso bestelako tradizioari jarraitzen ziona. Egia esan, ez dute zerikusirik Pablo Iglesiasekin, ez Francisco Largo Caballerorekin, ezta Rodolfo Llopisekin ere. Eta beti ezkertzat hartu izan dena sozialdemokrazia bategatik ordezkatzea lortu dute, zeinaren proposamenean enpresa askea, jabetza pribatua, europarrak, iparramerikarrak eta NATO sartzen diren”.

Zentro inperialistako kide izatearen pribilegioez gozatu eta irabazien zati bat jasotzeko (nazioartekotzea, finantzaketarako sarbidea, patente-sistema, zirkulazio askea...), erantzukizunak bere gain hartu eta Washingtonek zuzendutako gerra-makineriari ekarpena egin behar zitzaion

Hain zuzen ere, NATOn integratzea izan zen Espainiako Estatua Mendebaldeko inperialismoan integratzeko funtsezko zutabeetako bat. NATOn sartzeko prozesuak ibilbide luzea zuen: Calvo Soteloren gobernuan hasi zen, PSOE aurrez aurre aurka zegoenean. Izan ere, “NATOren sarrerari ez” leloarekin batera, PSOEk Aliantza Atlantikoan jarraitzeari buruzko erreferenduma egiteko konpromisoa hartu zuen.

Dena aldatu zen Gobernura iristean, eta agerian geratu zen aurreko protestak hauteskundeei begirako paper errea baino ez zirela. Azken finean, aliantza militarrarekiko atxikimendua Gonzalezek beste gobernu batzuetatik EEEn integratzeko bildu zituen laguntzekin lotu zen, zalantzarik gabe. Horrela, zentro inperialistako kide izatearen pribilegioez gozatu eta irabazien zati bat jaso nahi izanez gero (nazioartekotzea, finantzaketarako sarbidea, patente-sistema, zirkulazio askea...), erantzukizunak bere gain hartu eta Washingtonek zuzendutako gerra-makineriari ekarpena egin behar zitzaion.  Adibide gisa, Köhl demokristauak Espainiako Estatua EEEn onartzeari buruz izan zuen jarrera-aldaketa Felipe Gonzálezek Mendebaldeko Alemanian jarri behar ziren “euromisilen” alde egindako adierazpenaren eskutik etorri zen –sinbolikoki bazen ere–. Izan ere, Mitterrandek Espainia EEEn sartzea defendatu zuen, NATOn jarraitzeko berme gisa. Arestian azaldu den bezala, PSOEk bere gain hartu zuen Estatu kapitalistaren boterearen erantzukizuna, eta mendebaldeko blokean integratzea aukerarik onena zen Espainiako kapital handiarentzat. Garai haietan, beraz, ez zegoen benetako eztabaidarik eman beharrik, itxurakeria baino ez.

Eta horrela, EEEn sartzeko hautagaitza arriskuan ez jartzeaz baliatuta, alderdiko eta Gobernuko goi-kargudunak jarrera aldatzen hasi ziren, lehenik iritzi anbiguo batera, eta ondoren NATOren alde. Hamar urte eskas lehenago bere burua antinperialistatzat aurkezten zuen alderdiaz ari gara! Luis Solanak berak alienaziorik eza defendatzen zuen Gerra Hotzean eta atlantismoa gaitzesten zuen. Hala ere, jakina, aldaketa hori ez zen erraz gauzatu, eta zuzendaritzak 1984ko XXX. Kongresuan bere militanteen aurka egin zuen. Askoz ere gogorragoa izan zen kaleko erantzuna, bereziki mugimendu eta erakunde independenteen aldetik, hala nola Herri Batasuna. Horrek behartu egin zuen Gobernua agindutako erreferendumera deitzera.

Bere irudi gazte, errebelde eta idealistaren, eta estatu-konpromisoen politika pragmatikoaren artean oreka mantendu ahal izateko, Gonzálezek eta bere ganberak kanpaina oldarkorra aukeratu zuten. Ezetzaren balizko garaipen baterako panorama katastrofiko bat irudikatzeko karta jokatu zuten, baita Gobernuan botere-hutsune bat iradokitzekoa ere kasu horretan; hau da, XXVIII. Kongresuan erabili zen karta bera jokatu zuten. EAJren, CiUren eta beste batzuen ezinbesteko babesa ere ezin da alde batera utzi. Azkenean, PSOEren oposizio osoa hari atxikitzea zaila zen akordio batean geratu zen. Gainera, akordio horrek ez zuen ezertarako balio izan, izan ere, 1997an Aznar gainetik pasatu, eta aliantzaren egitura militar integratura atxikitzea erabaki zuen.

Lehen gobernu sozialistak, hain denbora laburrean, frankismo zaharrak aspalditik nahi zuen lankidetza lortu izanak argi erakusten du PSOEk ordezkatutako proiektu berria eraginkorragoa zela errepresioari dagokionez ere, mendebaldeko blokean integratzeari dagokionez erakutsi zuen bezala

Klaudikazio politikoaren nahitaezko kontrako alderdia amore eman ez zutenen aurkako errepresioa izan zen. NATOren aurkako borrokan bezala, PSOEk etengabe egin zion aurre bere eskizofrenia propioari; batetik, Espainia zaharrari aurre eginez gazte berritzaileen balentriari buruzko kontakizuna baitzeukan, eta, bestetik, estatuko eta nazioarteko enpresa-zirkuluekin zituen benetako konpromiso politikoak.

Gonzalezek agintea hartu zuenetik bi urte eskas igaro zirenean, Jose Barrionuevo Barne ministroak akordio bat sinatu zuen bere homologo Gaston Deferre Frantziako Barne ministroarekin, Ipar Euskal Herrian errefuxiatutako militanteak jazartzeko. 1984ko “Castellanako akordio” horiek arrakasta handia izan zuten PSOEk lortutako integrazioan. Lehen gobernu sozialistak, hain denbora laburrean, frankismo zaharrak aspalditik nahi zuen lankidetza lortu izanak argi erakusten du PSOEk ordezkatutako proiektu berria eraginkorragoa zela errepresioari dagokionez ere, mendebaldeko blokean integratzeari dagokionez erakutsi zuen bezala. Horrela, nazioarteko sozialdemokraziaren elkarlanaren bidez –Gonzalezen PSOEren egilea–, Euskal Herrian ENAM, eta baita beste lurralde batzuetan ere, irauten zuen haustura-mugimendu politiko oso aktiboa zapaltzeko tresna desiratuak lortu ziren. Izan ere, Frantziako kontserbadoreek 1986an lortutako garaipenaren ondoren, akordioa mantendu eta zabaltzen joan zen. PSOEk, azken batean, Espainiako estatu kapitalistaren modernizazioa gorpuztu zuen.

Likidazio ideologikoak eta Espainiako Estatu kapitalistaren helburuak alderdiaren programa bihurtzeak laburbiltzen du Trantsizioko PSOEren eraketa-espiritua. Estatu berri zaharra ordezkatzen zuen PSOE berria

Era berean, Estatu konstituzionalaren sorreratik bertatik sortu zen oinarrizko eskubideak eteteko ustezko salbuespena. Iparraldeko Eremu Berezia (ZEN) 1983an, 9/1984 Lege Organikoa, Zigor Kodean apologia-delitua sartzea... Hala, salbuespenezko neurriak errutinazko bihurtu ziren: kontrol indiskriminatuak, etxebizitza eta intimitatea urratzea, kontrol judiziala saihestea, poliziaren inbasioa Hego Euskal Herrian, tortura eta abar luze bat.

Mugimendu haren likidazio-planaren koroa, zalantzarik gabe, GAL izan zen. Erakunde eta militantzia iraultzaile konprometituaren mugimenduak Estatu zaharraren josturak ikusarazten zituen eta, era berean, agerian uzten zuen PSOEren diskurtsoen eta fraseologiaren hutsunea, eta mugimendu horrek helburu zuen bere burua ezkerrik nagusiena bezala aurkeztea: NATOren, Poliziaren eta Armadaren aurkako kanpainak; langileen borroken babesa; autodeterminazio eskubidea... Hori guztia Estatuaren jomugan zegoen, bake soziala edo, gutxienez, gatazka maila onargarria behar baitzuen. Beharrezkoa zen oposizio antifrankista Estatuan integratzea, Carrilloren PCErekin lortuko zen bezala. Hala ere, ENAMekin eta beste batzuekin hori ez zen posible izan, eta PSOEk militanteak zuzenean hiltzea gehitu zien aipatutako neurri guztiei. Sarraski hori, Iparraldeko errefuxiatuetan ardazturik, Estatuko polizia eta militarrek egin zuten zuzenean, funts erreserbatuen bidez finantzatuta eta PSOEren direktibaren zuzeneko agindupean.

Amaigabea izango litzateke PSOEk, inoiz baino hobeto esanda, Estatuko alderdiaren papera betetzeko hartu zituen konpromiso guzti-guztiak zerrendatzea eta are gehiago azaltzea. Autodeterminazio eskubideari uko egitea eta, ondorioz, autonomien Estatua nazio zapalkuntzari eusteko programa propio gisa kontsakratzea, etorkizun federaletik urrun zegoen promesari jarraiki, Estatu berriaren eraikuntzaren beste funtsezko zutabeetako bat izan zen. Nolanahi ere, likidazio ideologikoak eta Espainiako Estatu kapitalistaren helburuak alderdiaren programa bihurtzeak laburbiltzen du Trantsizioko PSOEren eraketa-espiritua. Estatu berri zaharra ordezkatzen zuen PSOE berria.

EZ DAGO IRUZKINIK