Denok ezagutzen dugu PSOEren historia: langile klaseari traizio egitetik hasita, marxismoa kritikatu eta iraultza sozialistari uko egin zionean, diktadura ondoko trantsizio urteetan Espainiako Estatua berrantolatu zuen, gerra zikinaren metodoak ere baliatuta, eta gaur egungo krisi kapitalistaren kudeaketaraino; zalantzarik gabe, alderdi hau da hobekien egokitzen dena estatu-alderdiaren kontzeptura edo sozialdemokraziak hain gustuko duen erregimenaren alderdiaren kontzeptura.
PSOEk betidanik funtzionatu izan du itsasgarri gisa; hala, Espainiako Estatuan ezaguna den bi alderdien arteko alternantzian, unerik kritikoenetan gobernatzen du, haustura sozial gordineneko uneetan, alegia. Trantsizioan gobernatu zuen, bai eta estatua arrakalatzera bideratuta zegoen independentismoa indartsuen egon zen garaietan ere; eta bizi ditugun krisi garaiotan ere Gobernuan dago, hain zuzen ere faxismoaren arriskuak Europa zelatatzen duenean, horrek sistema kapitalistaren ezegonkortasuna eta hausturarako aukera eragiten baititu.
PSOEk betidanik funtzionatu izan du itsasgarri gisa; hala, Espainiako Estatuan ezaguna den bi alderdien arteko alternantzian, unerik kritikoenetan gobernatzen du, haustura sozial gordineneko uneetan, alegia
Gerora ordenaren alderdietan instituzionalizatu ziren hainbat indar sozialek bipartidismoaren amaiera aldarrikatzen zutenean, egoera horri loturiko desengainua ez zuten indar sozial horiek katalizatu; kontrara, PSOE Gobernura iritsi zen ziurgabetasunarekin bukatzeko eta gogorarazteko bi alderdien arteko alternantzia ordena kapitalistaren parte dela, bai eta alternantzia hori bukaraztea aldarrikatzen duen fikzio oro faltsua dela, formalki inprobablea delako eta, nolabait gertatuko balitz ere, substantzialki ezinezkoa delako: bi alderdien arteko alternantzia mekanismo formal bat baino ez da, aldaketaren bitartez jarraikortasuna bermatzea xede duena.
Trantsizioaren pertsonaia tragikomiko guztiak agortu zirenean agertu zen PSOEren fartsa, panazko jaka soinean, garaiko langile borrokak estatu kapitalistaren erakundeetara bideratzeko. Grebek eta protesta sozialek zentzua galdu zuten, langileen alderdia boterera heldu zelako, eta hark bideratuko zuen aldaketa benetako instituzionaltasun kapitalista baterantz, zeinetan langile klasearen eskubideak aitortuak izango ziren, klase zapaldua den heinean, klase kapitalistaren eskubideen alboan, haiekiko subordinatuta. Horrekin batera iritsi ziren industria-birmoldaketa, langile andana baten kaleratzea eta langile mugimenduaren gutxinakako baina etengabeko higadura, UGT eta CCOO sindikatuen bidezko haren korporatibizazioa –gogoan izan dezagun CCOO historikoki Espainiako Alderdi Komunistari lotua egon dela, aldizkari honetan aztertu den bezala– eta eskala handiko polizia-errepresioa.
Trantsizioaren pertsonaia tragikomiko guztiak agortu zirenean agertu zen PSOEren fartsa, panazko jaka soinean, garaiko langile borrokak estatu kapitalistaren erakundeetara bideratzeko
Gerra zikina ere horrekiko guztiarekiko garaikidea da, eta soilik PSOEk jar zezakeen martxan, haren alderdi izaera zela eta. Garai hartako langile mugimenduaren abangoardiaren zati bat desegituratzea helburu izanik, militante iraultzaile ugari erail zituzten, bai eta hainbat erakunde politiko eta armatutako buruak ere, eta ezinbesteko rola izan zuten asaldura sozial handiko garai hartan hain beharrezkoak ziren gaitasun militanteak desegiteko. PSOE, sozialdemokrazia osoa bezalaxe, estatu-erreminta bat da eta izan da, eta haren helburua une kritikoetan, hau da, haustura posible den momentuetan, boterera hurbiltzen den langile klasearen gidaritza kontziente eta independente oro suntsitzea da, kosta ahala kosta. Horixe bera gertatu da azken krisi kapitalista handiarekin, zeina 2000ko hamarkadan hasi baitzen. Azken 20 urteotan, krisi kapitalistaren urteotan, PSOE 14 urtez egon da Gobernuan. Gobernuan egon ez den sei urteak bat datoz, hain zuzen ere, Kataluniako independentismoaren gorakadarekin, hau da, procés izenez ezagutzen dugun horrekin, eta gorakada hori zalantzarik gabe lotua egon zen krisi kapitalistak Espainian eragindako krisiarekin. Procés hori, baina, ez zen bukatu independentziaren aldebakarreko aldarrikapenarekin eta ostean PPk agindu zuen autonomiaren interbentzioarekin (epaiketak barne), baizik eta 2018an PSOE Gobernura itzultzearekin amaitu zen; alderdi horrek, esanguratsua den keinu batez, 2021ean indultatu egin zituen aurretiaz kartzelaratu zituzten edo ihes eginda zeuden buruak.
PSOEren suebaki rolak bi estatuen konponbidea aldarrikatzen du, nahiz eta aukera horrek modu agerikoan porrot egin duen, zilegitasunik ez duen eta Israelgo estatu faxista zilegiztatzen duen, aldi berean konponbide efektibo bat ezinezko bilakatzen duen bitartean, Israelen gerra-makineria elikatzen baitu, azken 20 urteetako arma-salmentarik handiena gauzatuta
Logika hori bera aplikatzen da Palestinako genozidioaren kasuan; auzi horrek, gainera, argitasuna dakarkigu. PSOEren suebaki rolak bi estatuen konponbidea aldarrikatzen du, nahiz eta aukera horrek modu agerikoan porrot egin duen, zilegitasunik ez duen eta Israelgo estatu faxista zilegiztatzen duen, aldi berean konponbide efektibo bat ezinezko bilakatzen duen bitartean, Israelen gerra-makineria elikatzen baitu, azken 20 urteetako arma-salmentarik handiena gauzatuta.
Baina ezer ere ez da nahikoa alderdi sozialdemokratentzat PSOEren Gobernua babesteari uzteko, barne hartuta estaturik gabeko nazioetako alderdi nazionalistak, nahiz eta zuzenean pairatu duten PSOEren gerra zikina. Izan ere, haren ordezko PPren Gobernuak gauza bera egingo badu –eta inork ez du zalantzan jartzen hala egingo lukeela–, egungo egoerak, gutxienez, alderdi txikiagoei aukera ematen die pastelaren zati bat eskuratzeko, beren egitura burokratikoak ekonomikoki elikatzeko eta ordenaren alderdiaren enpresa estatal gisa hazten jarraitzeko. Zertarako salatu PSOE, atzetik datozenek gauza bera egingo badute eta salaketa horrek eragingo badu aprobetxatzen jarraitu ezin izatea eta, ondorioz, politika egiteko gaitasunak abolitzea, id est, alderdi politiko gisa desagertzea?
Sozialdemokratek diote garrantzitsuena bidea dela, eta ez helmuga. Hortxe duzue, bada, zuen bidea
Zalantzarik gabe, biziraute logika hori erraz justifika liteke bizi garen gizarte harrapakariko herritar eredugarriarentzat. Alderdi politiko baten kasuan, kolaborazionismoa eta konplizitatea da, eta horrek klase etsaiaren eremuan kokatzen du. Sozialdemokratek diote garrantzitsuena bidea dela, eta ez helmuga. Hortxe duzue, bada, zuen bidea.
HEMEN ARGITARATUA