ARGAZKIA / IreneWCKD
Manex Gurrutxaga
2025/07/03

Gaza munduko kontzentrazio esparrurik handiena eta populatuena da, 365 km² inguru ditu eta, Palestinako Estatistika Bulegoaren arabera, ia 2,3 milioi pertsona bizi ziren bertan 2023ko urriaren 7aren aurretik. Egungo egiazko datuak ezagutzea zaila da, baina lerro hauek idazten ari garen unean, urriaren 7az geroztik, 59.038 hildako, 18.700 atxilotu, 17.000 eraikin kaltetu eta bi milioi lekualdatu egon dira, gutxienez. Desagertuak eta hondakin artean galdutako gorpuzkiak kontuan hartu gabe, jakina.

Kontzentrazio esparru bat ez ezik, sarraski esparru bat ere bada Gaza 2023ko urriaz geroztik, palestinarren aurkako genozidio bat gertatzen ari baita Gazako Zerrendan

Gazako Zerrendaren berezitasuna, berez, ez da bertako populazioa, badira-eta hiri populatuagoak munduan, baizik eta biztanle dentsitate hori kontzentrazio esparru gisa funtzionatzen duen lurralde batean egotea, gutxienez Israelek 2007az geroztik blokeo totala ezarri zuenetik. Kontzentrazio esparru bat izateak esan nahi du Israelgo estatuak indarrez dauzkala palestinarrak lurralde batean, haien oinarrizko ezein eskubide errespetatu gabe, haien bizitzen gaineko kontrol militar zuzenarekin eta garbiketa etniko bat gauzatzeko helburuarekin.

Sionismoak, jakina, ukatu egiten du Gazako Zerrenda kontzentrazio esparru bat dela, bai eta horren funtsean dagoen palestinar lurren okupazioa, kolonizazioa eta garbiketa etnikoa ere, nahiz eta 2023ko urriaz geroztik modu are lotsagabeagoan agertu diren hainbat kargu politiko eta militar sionismoaren egiazko asmoei buruz hitz egiten eta Gazatik egunero ateratzen diren irudiek munduari buelta ematen dioten.

Hala eta guztiz ere, sionismoa bere aurkako erasoetatik babesten da eta, horretarako, zinismo ariketa erraldoi bat eginez Holokaustoaren biktimak instrumentalizatzen ditu, antisemitismoaren akusazio faltsua lau haizetara zabaltzearekin batera. Funtsean, biktima-papera hartzen du, eta bere buruaren defentsan ari dela aldarrikatzen du. Horren helburua da Israelgo estatuaren existentzia legitimatzea, batetik, eta beren politika terroristak zuritzea, bestetik. Sionismoa, nahiz eta haiek hala nahiko luketen, ez da judutar guztiak ordezkatzen dituen ideologia eta proiektu politiko bat, are gutxiago Holokaustoaren biktima guztiak ordezkatzen dituen bat, eta, garrantzitsuena, biktima-posizioak ez dio inori automatikoki arrazoirik ematen, are gutxiago legitimitaterik, proiektu politiko supremazista bat gauzatzeko, zeina Ekialde Hurbileko beste herri batzuen zapalkuntzan eta desagerpenean oinarritzen den.

Antisemitismoa da sionismoaren babeserako burdinezko ezkutua, eta hori da Israelek hainbeste aldarrikatzen duen defendatzeko eskubidearen funtsa. Saldu nahi digute defendatu ezean palestinarrek eta, oro har, arabiarrek juduen aurka egingo dutela; alabaina, errealitatea da egun existitzen den jazarpen sistematiko bakarra Israelek gauza­tzen duela palestinarren aurka, bai eta Israelgo estatuan bizi diren gainontzeko gutxiengo etnikoen aurka ere. Gainontzekoei leporatzen diena da, hain zuzen ere, sionismoak Ekialde Hurbileko herriekin egin nahi duena, eta hori Gazako Zerrendan bistaratzen da modurik krudelenean.

Dagoeneko esan dugu kontzentrazio esparru baten gisan funtzionatzen duela Gazak, eta baieztapen hori azalduko dugu datozen lerroetan. Gehitu beharko genuke kontzentrazio esparru bat ez ezik, sarraski esparru bat ere badela 2023ko urriaz geroztik, palestinarren aurkako genozidio bat gertatzen ari baita Gazako Zerrendan.

Itxialdi totala eta mugen gaineko kontrol militarra

Gazako Zerrendan ez dago mugitzeko askatasunik bertan bizi diren palestinarrentzat; Israelgo estatuak, indarraren bitartez, lurreko, aireko eta itsasoko muga guztiak kontrolatzen ditu eta, horri esker, baita Gazatik atera eta Gazara sartu daitekeen guztia ere. Horrek esan nahi du, praktikan, gazatarrak itxita daudela bertan, kontzentrazio esparru batean edo kartzela batean egongo balira bezalaxe.

Israelgo estatuarekin eta Egiptorekin muga egiten duen lurralde osoa, Gazako Zerrendaren iparraldea, ekialdea eta hegoaldea, alegia, harresiz inguratuta dago. Harresi hori hormigoi armatuz eta hesi elektrifikatuz eraikia dago, eta 24 orduko kontrola dauka kontrol dorrei, droneei, segurtasun kamerei, globo aeroestatikoei eta hainbat sentsoreri esker (mugimenduarenak, soinuarenak, termikoak eta sismikoak); gainera, zenbait kasutan, kontrol dorreek tiro egiteko sistema automatizatuak ere badauzkate.

Harresia igarotzeko hiru muga-pasabide baino ez daude egun; iraganean gehiago ziren, baina sionistek itxi egin dituzte: batetik, Beit Hanungo edo Erezko pasabidea, Gazako Zerrendaren iparraldean; bestetik, Kerem Shalomgo pasabidea, Israel eta Egiptorekin muga egiten duena hego-ekialdean; eta, azkenik, Rafahko pasabidea, Egiptorekin egiten duena muga hegoaldean. Teorian, Rafahkoa eta Erezkoa soilik dira pertsonentzako pasabideak, eta Kerem Shalomgoa merkantzientzako da bakar-bakarrik, baina, praktikan, pasabide horiek ere oso-oso mugatuta edo itxita daude gazatarrentzat.

Rafahko pasabidea da hiru horietatik Gazako lurraldea Egiptorekin lotzen duen bakarra eta, teorian, Egiptoko estatua arduratzen da mugaren kudeaketaz; praktikan, baina, Israelen esku dago, haren oniritzia behar duelako Egiptok pasabide hori ireki edo ixteko. Gainera, Israelek ez du erreparorik izan, beharrezkotzat jo duenean, bertara militarki sartu eta muga-pasabidearen kontrol zuzena hartzeko, 2024ko maiatzaren 7tik 2025eko urtarrilera egin bezala.

Itsasoa dauka Gazak mendebaldean, eta, hor, hormigoizko harresirik eraiki ez badute ere, Israelgo estatuak kontrol militar zuzena eta totala dauka. Harresian bezala, muga kontrolatuta dauka indar armatuei, droneei, sentsoreei eta abarri esker, eta gazatarrek debekatuta daukate libreki itsasora irtetea, baita ontzi atzerritarrek Gazara sartzea ere. Horretaz gain, arrantza egiteko muga bat ere ezarrita dauka Israelek gazatarrentzat, horretarako baimena lortuz gero, noski, eta muga hori gaindituz gero, indar armatuek baimena daukate palestinarrak tirokatzeko.

KontrolA

Gazako Zerrendan ez daude mugak soilik kontrolatuta, bertako biztanleriaren egunerokoa ere ondo kontrolatzen saiatzen da Israelgo estatua. 2005. urtean, tropa okupatzaileek Gazatik alde egin zuten, 2023ko urrian berriro sartu ziren arte, nahiz eta bi data horien artean aireko erasoak eta aldi bateko okupazioak ere egin zituzten, baina tropak Gazan ez egoteak ez dio Israeli eragotzi urte horietan kontrol mekanismo ugari sortzea biztanleria palestinarra kontrolatzeko.

Nabarmenenak droneen eta sateliteen erabilera dira, eta, horien bitartez, gazatarren mugimenduen gaineko informazioa ez ezik, Gazako objektu, eraikin eta abarren gaineko informazio osatua ere lortzen du estatu sionistak. Gainera, droneen kasuan, tortura psikologikorako ere erabiltzen dituzte gazatarren aurka: hainbat kasutan droneek, bozgorailuen bitartez, burrunba moduko bat erreproduzitu izan dute entzuten ari dena mintzeko helburuarekin, eta jakinarazteko zelatatua izaten ari dela. Bozgorailu horietatik umeen negarrak eta emakumeen laguntza-oihuak ere erreproduzitu izan ditu armada israeldarrak, palestinarrak haien etxeetatik laguntzeko asmoz aterarazi eta ondoren tirokatzeko helburuarekin.

Mota guztietako kamerak eta sentsoreak ere erabiltzen ditu Israelek Gazari buruzko informazio ahalik eta osatuena eta azkarrena lortzeko. Israelgo lurretatik baloi aeroestatiko batzuk altxatzen dituzte, esaterako, kontrol kamerez, mugimendu-­sentsorez, sentsore termikoz eta abarrez hornituta daudenak, denbora errealean Gazako Zerrendako lurralde osoan gertatzen ari denaren gaineko informazioa jasotzeko. Aipatzekoa da Israelek baloi aerostatiko horien teknologia Gazako Zerrenda kontrolatu ahal izateko helburu bakarrarekin garatu duela.

Gazatarren gaineko kontrola, ordea, ez da, nolabait esanda, informazioa biltzera bakarrik mugatzen; izan ere, gazatarrek elikagaietara, elektrizitatera, eta bestelako hainbat materialetara eduki dezaketen sarbidea ere kontrolatzen du estatu sionistak. 2025. urteko martxora arte, gobernuz kanpoko hainbat erakundek kudeatzen zuten laguntza humanitarioaren banaketa Gazako Zerrendan harik eta Israelgo estatuak Gazara edozein laguntza humanitario internazional sartzea debekatu zuen arte. Hala, bi hilabeteko gosetea sortu eta milaka hildako eragin ondoren, Israelgo estatuak, ­AEBren babesarekin, laguntza humanitarioa banatzeko sistema berria martxan jarri zuten, Gaza Humanitarian Foundation (GHF) erakunde pribatuaren bidez, estatu sionistak laguntza humanitarioaren kudeaketa kontrolatzeko sortutako erakundea.

GHFk jarri duen banaketa sistemak, batetik, banaketa-guneak edo -zentroak eta banaketen maiztasuna gutxitu ditu. Lehen 400 banaketa-puntu inguru bazeuden Gazan, GHFren aurreikuspena zortzi banaketa-gune sortzea zen, eta badirudi gaur-gaurkoz lau baino ez daudela martxan. Bestetik, lagun­tza humanitarioaren banaketa militarizatu egin du, lehen GKE-etako boluntarioek egiten zutena orain Israelgo defentsa-indarrek kudeatzen dute, harresiz, txarrantxaz eta kontrol dorrez josita daude, eta sartzeko eta irteteko pasabide bakarra daukate laguntza jasotzera doazenek. Hori gutxi ez eta, jende pilaketak sortzen direnean, indar armatu sionistek palestinarren aurka tiro egiteko agindua dute, eta, ikusten ari garen bezala, sistematikoki egiten dute tiro pilatutako jendearen aurka. Lerro hauek idazten ari garen bitartean, egunean 75 palestinar ari dira erailtzen, batez beste, gose-ilaretan.

Beraz, Israelgo estatuak sistema berri bat jarri du martxan, batetik gazatarren gaineko kontrol zuzenagoa izateko eta, esan bezala, gosea gerra-arma gisa erabiltzeko herri baten aurka, baina, bestetik –eta neurri berean–, presio mekanismo bat ere izan daitekeelako erresistentzia palestinarraren aurka erabiltzeko. Hau da, erresistentziaren edozein eraso edo mugimenduren aurrean Israelek elikagaien banaketa murriztu edo oztopa dezake, gazatarrak erresistentziaren aurka jartzeko helburuarekin, herritarrei sinetsaraziz gerrillarien ekintzen ondorio dela Israelek elikagaien hornidura gutxitzea. Erresistentziaren eta gazatarren artean kontraesanak eta hausturak sortzea ere helburu bat da.

Israel eta AEBren asmoa da GHF erakundeak lortzea Gazako biztanleek eskuratu dezaketen elikagai guztien gaineko kontrol totala, eta bide horretan zenbait pauso eman baditu ere, oraingoz ez du helburua guztiz betetzea lortu. Izan ere, noizbehinka erakunde horren eskuetatik pasa gabeko laguntza sartzen uzten dute, gero eta baldintza zorrotzagoetan bada ere, eta oraindik ere badira GHFren kontroletik kanpo mantentzen diren eta elikagaian banatzen dituzten zenbait gune txiki, lerro hauek idazteko unean, bederen. Gune horiek sukalde komunitario izenez ezagutzen dira eta milaka gazatarri eman die jaten azken urteotan. Hala ere, gero eta gutxiago dira, sionistek sistematikoki suntsitu baitituzte.

Bitartean, Israelek laguntza humanitarioaren kontrol zuzena izateak esan nahi du gazatarrek gero eta sarbide murritzagoa dutela oinarrizko produktu eta ondasunetara, gosez eta egarriz hil nahi dituela estatu sionistak, eta ez bakarrik bonbaz eta tiroz. Ur edangarrira duten sarbidea ere Israelgo estatuaren kontrolpean dago, eta garbiketa etnikorako erreminta gisa erabiltzen du: ur putzuak suntsitu ditu sistematikoki, bonbaketekin, Gazako akuiferoa kutsatuta dago eta itsasoko ura gatzgabetzeko beharrezkoak diren materialak ez ditu sartzen uzten.

Bonbaketa eta erailketa sistematikoak

Israelgo estatua sortu zen egunetik, 1948. urtetik, sionismoak sistematikoki erail ditu palestinarrak, eta palestinarrak haien lurretatik saiatu da. Baita lehenagotik ere, Lehen Mundu Gerran lehenengo sionistak iritsi zirenean egungo Palestina okupatura, garai hartan Erresuma Batuaren kontrolpean zegoen lurraldera, arabiarren aurkako jazarpen bortitza hasi zuten –Erresuma Batuaren babes eta laguntza logistiko eta finantzariorik ezin izango zuten jazarpen hori gauzatu–, biztanleriaren %90 arabiarrak ziren eta. Ondo jasotzen du prozesu hori Perry Andersonek, Scurryng Towards Bethlehem testuan (testu hori Amaia Astobizak eta Iñigo Roquek euskaratu zuten, Katakrak argitaletxearentzat, Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz liburuan).

1967ko Sei Eguneko Gerraz geroztik, berriz, Gazako Zerrendaren kontrol zuzena eskuratu zuen estatu sionista jaio berriak, eta orduz geroztik eraiki du egun ezagutzen dugun kontzentrazio eta sarraski esparrua. Ordudanik, erasoak, bonbaketak eta erailketak zenbaezinak izan dira, sistematikoak izan dira, eta zer esanik ez 2023. urteko urritik aurrera, hau da, indar sionistek Gaza berriz okupatu eta palestinarren kontrako historiako ofentsibarik eta sarraskirik basatiena hasi zutenetik.

Israelgo estatuarentzat, Gazan egote hutsa nahikoa arrazoi da bertakoak erasotzeko, tirokatzeko eta bonbardatzeko, modu indiskriminatuan gauza­tzen ditu erailketak, eta, gainera, bertako biztanleei ez die aukerarik uzten babesteko edo alde egiteko, mugak itxita dauzkalako eta babeslekutzat erabili dezaketen edozein eraikin, ospitale, errefuxiatu kanpamendu eta abar bonbardatua izateko arriskuan dagoelako, Gazan egote hutsagatik. Ikusi besterik ez dago, bestela, nola birrindu duten Gaza 2023ko urritik aurrera, berdin izan zaielarik ospitaleak, eskolak edo etxebizitza partikularrak izan. 

Deshumanizazioa

Palestinarrek bizi duten egoeraren eta Gazako Zerrenda existitze hutsaren premisa eta ondorio ideologiko eta morala da sionismoak palestinarrak deshumanizatu izana. Sionismoak, ideologia politiko moderno gisa jaio zenetik, oinarrian izan du arabiarrak eta palestinarrak deshumanizatu nahi izatea, nahiz eta Israel proiektu politiko modura egonkortzen joan ahala deshumanizazioa formaz, intentsitatez eta krudeltasunez aldatu den. Izan ere, sionismoaren hastapenetan, palestinarren deshumanizazioa haiek existituko ez balira bezala jokatzean gauzatzen zen, batez ere. Izan ere, Theodor Herzl izan zen sionismoaren aita, eta bere helburu nagusia beti izan zen estatu judutar bat sortzea Palestinako lurretan, baina bertan bizi ziren arabiar-palestinarrei ia ez zien aipamenik egin, existituko ez balira bezala jokatu zuen, publikoki behintzat.

Antzeko zerbait gertatzen da Lehen Biltzar Sionistarekin; biltzar horrek mundu mailako sionistak bildu zituen 1897. urtean, eta biltzar horren ondotik eratu zen Munduko Erakunde Sionistarekin batera, erakunde horien bueltan bildutako pentsalari sionistek ahalegina egin zuten kolonizazioaz, garbiketa etnikoaz eta palestinarrak indarrez haien lurretatik botatzeaz hitz egitea saihesteko; ondorioz, Palestinan inor bizi ez balitz bezala jokatzen zuten, nahiz eta ondo zekiten zein sarraski mota zekarren  Palestinan estatu judutar bat eraikitzeak. Ekosistema intelektual horretatik dator, esaterako, sionismoaren ohiko lema bat: “herririk gabeko lurralde bat lurralderik gabeko herri batentzat”. Sionismoaren hastapenetako deshumanizazioa ondo biltzen du Ilan Pappék, The Ethnic Cleansing of Palestine eta Ten myths about Israel liburuetan.

Palestinarrei ematen zaien tratua eta, naziek, esaterako, kontzentrazio-esparruetan presoei ematen zieten tratua, funtsean, berdin-berdina dira: eguneko 24 orduetan kontrolatuak izatea, mugikortasuna mugatzea, erailak izatearekin etengabe mehatxatzea, pertsonen duintasunaren aurkako tratua ematea, gosearen modu kriminalean erabiltzea eta humanitate ororen aurka doazen beste hamaika praktika gauzatzea

Palestinarren deshumanizazioa sionismoaren oinarrian bertan badago ere, gero eta krudelagoa, esplizituagoa eta bortitzagoa bihurtu da proiektu politiko horrek indarra hartu ahala, eta zer esanik ez, logikoki, 1948. urteaz geroztik, estatuaren eraikuntzarekin lurraldearen eta biztanleriaren zati baten gaineko kontrola errealitate bihurtu zutenetik.

Egun sistematikoa eta estrukturala da palestinarren deshumanizazioa Israelgo estatuaren partetik, bai zuzenean kontrolatzen dituen Palestinako lurralde okupatuetan eta zer esanik ez Gazako Zerrendan. Lehenago ere esan den bezala, Israelgo estatuak okupatutako lurraldeetan, legearen arabera, palestinarrak bigarren mailako hiritarrak dira; izan ere, dozenaka lege daude indarrean herritar horiek diskriminatzen dituztenak, esaterako etxebizitzarako, lurzorurako eta abarretarako sarbidea oztopatzen dieten legeak, edo, errefuxiatuen kasuan, 1948ko Nakbaren ondoren alde egin behar izan zutenei itzultzeko aukera ukatzen die estatuak, mundu guztiko judutarren itzulera baimentzen duen bitartean. Egunerokoan ere, mespretxuzko tratua jasan behar dute estatuko instituzioen partetik, eta zer esanik ez poliziaren partetik, errepresioa sistematikoki aplikatzen zaie-eta palestinarrei.

Sionismoaren hastapenetatik tratatu izan dira arabiar-palestinarrak zibilizatu gabeko izaki gisa, irrazionalak edo basatiak bailiran, baina, orain, zuzenean mehatxutzat hartzen dituzte; palestinarrak terroristak eta etsaiak dira judutarrentzat Israelgo estatuaren ikuspuntutik. Yoav Galant Israelgo Defentsako ministroak animalia-gizaki izendatu zituen palestinarrak, Gazan itxialdi totala agintzeko eman zuen prentsaurrekoan; 2023ko urrian, ez elikagairik, ez urik, ez elektrizitaterik eta ez erregairik ez zela sartuko esan zuen, gerra-krimen baten egile izatea aldarrikatu zuen zuzenean eta mundu guztiaren aurrean, munduko inpunitate osoarekin.

Palestinarrekiko erretorika eta kontzeptualizazio horrek –etsaiak, basatiak eta terroristak direla–,sionismoari balio dio aldez aurreko justifikazio bat sortzeko ematen dien tratu aberekoia justifikatzeko. Animaliek ere merezi ez dutena, bide batez. Deshumanizazioaren adibide argiena da, agian Israelgo defentsa indarrak ikustea haurrak eta, oro har, zibilak tirokatzen eta ondoren ospatzen, euren Tiktok eta Instagram kontuetan, gainera. Krudelkeria hori harro erakustea seinale da palestinarrak erabat desitxuratuta eta animalien pare dituztela israeldarrek gizartean, eta sionistak guztiz fanatizatuta daudela. Ondo dokumentatu eta modu argian adierazi du deshumanizazioaren aurpegi ilunena Al Jazeera komunikabideak, Gaza izeneko dokumentalean; hain zuzen ere, dokumental horrek urtebetean soldadu israeldarrek egindako gerra-krimenak biltzen ditu, israeldarrek beraiek sarera igotako bideoetan soilik oinarrituta.

Hala eta guztiz ere, eta arimaren sakonenean bada ere, gizatasun apur bat badute horietako ba­tzuek behintzat, ez baitira gutxi Gazako Zerrendan egindakoekin eta ikusitakoekin ezin bizi eta bere buruaz beste egiten duten soldadu sionistak. Agian horrek zerikusia izango du deshumanizazioaren beste aurpegi ilunenetako batekin: preso palestinarrei ematen dizkieten tratuarekin eta torturekin. Izan ere, ikaragarriak dira preso ohi palestinarren errelatoak, non kontatzen duten espetxe sionistetan bizi izan dituzten baldintzak, tratu txarrak eta torturak. Ez ditugu hemen azalduko, sentsibilitate arrazoiengatik, baina sarean erraz topa ditzake ezagutu nahi dituenak.

Orain arte deskribatzen aritu garen tratua eta, naziek, esaterako, kontzentrazio-esparruetan presoei ematen zieten tratua, funtsean, berdin-berdina dira: eguneko 24 orduetan kontrolatuak izatea, mugikortasuna mugatzea, erailak izatearekin etengabe mehatxatzea, pertsonen duintasunaren aurkako tratua ematea, gosearen modu kriminalean erabil­tzea eta humanitate ororen aurka doazen beste hamaika praktika gauzatzea.

Orain arte azaldukotako ezaugarriak pisuzkoak dira baieztatzeko Gazako Zerrendak, praktikan, kontzentrazio esparru batek bezala funtzionatzen duela, bai behintzat 2007. urteaz geroztik, eta zer esanik ez 2023ko urritik aurrera. Baina, gainera, lerro hauek idazten ari garen bitartean, Israelek eta Estatu Batuek Gazarako dituzten asmoen inguruko informazio berria filtratu da. Dokumentu horien arabera, asmoa da, lehenengo fase batean, gazatar guztiak kontzentrazio esparru txikiagoetan pilatzea, Israelgo estatuak kontrol zuzenagoa izateko haien bizitzen gainean, eta gero –dokumentu horien arabera–, diru kantitate baten truke, Palestinatik kanpora bidaltzeko palestinar guztiak.

Plan hori ez da definitiboa, baina argi adierazten dizkigu bi kontu: batetik, oro har azken urteetan Gazako Zerrendan egin dutena eta, bereziki, ezarri berri duten laguntza humanitarioaren kudeaketa-sistema berria, lehenengo pausua baino ez direla gazatarrak gero eta kontrolatuago eta pilatuago edukitzeko. Izan ere, laguntza humanitarioaren kudeaketa kontrolpean izanda, gazatarrak mehatxatu ditzake kontzentrazio esparru gogorrago horietara joan daitezen.

Sionismoaren benetako helburua garbiketa etnikoa da, eta ez Hamasekin amaitzea, bahituak askatzea edo israeldarrek aipatu izan duten beste edozein aitzakia

Bestetik, egitate hauek, beste behin ere, esplizituki frogatzen dute, frogatzen dute sionismoaren benetako helburua garbiketa etnikoa dela, eta ez Hamasekin amaitzea, bahituak askatzea edo aipatu izan duten beste edozein aitzakia. Aipatutako planaren azkeneko fasean, Gazako Zerrendaren berregituratze bat proposatzen da, lurralde hori turismora bideratutako resort eta hotelez josteko eta, nola ez, batez ere kapital estatubatuarrak negozioa egiteko. Modu horretara ageri da Gaza Donald Trumpek zabaldu zuen bideo batean, zeina adimen artifiziala baliatuz sortu zen eta une hartan bere bazkide zen Elon Musk ere erakusten zuen.

Horrekin batera, ez da esan gabe utzi nahi Gazako Zerrendan gertatzen ari den genozidioa eta, oro har, Palestinako lurretan sionismoa gauzatzen ari den kolonizazioa eta garbiketa etnikoa ez liratekeela inola ere posible izango Mendebaldeko estatu kapitalisten babesik eta laguntzarik gabe. Erantzule nagusia begi-bistakoa da, Ameriketako Estatu Batuak; izan ere, lankidetzatik haratago doa bi estatu horien arteko harremana, mota guztietako babesa eta laguntza eskaintzen baitio AEBk Israelgo estatuari, azken hori baita Mendebaldearen interesen ordezkari Ekialde Hurbilean. Bigarren erantzulea, ia AEBren neurri berean, Erresuma Batua da, gerrarako materiala bidaltzeaz gain –itsasontziak, hegazkinak, armamentua eta abar–, Gazan zuzenean esku hartu baitu. Royal Air Forcek (RAF) hainbat hegaldi egin ditu Gazako Zerrendan, Erresuma Batuak Txipren daukan base militarretako batetik, Akrotiritik, abiatuta, eta litekeena da informazioa helarazi izana Israelgo defentsa indarrei.

Europar Batasuneko estatuak ere genozidioaren eta garbiketa etnikoaren erantzuleak dira, batik bat armamentu militarra saltzeagatik, sionismoarekin harremanak ez eteteagatik eta Palestinaren aldeko elkartasun mugimenduak isilarazi eta zapaltzeagatik. Hori ere gertatzen ari baita: Israelen aliatuak errepresioa eta zentsura gogorra ezartzen ari dira Palestinaren aldeko elkartasun ekimenen aurka. Kasu nabarmenena AEBko unibertsitateetakoa izan da, baina neurri berean gertatu da, halaber, Erresuma Batuan, Frantzian eta Alemanian, esaterako.

Amaitzeko, modu berezian aipatu behar da zein aukera eta proposamen erreal dauden palestinarren aurkako kolonizazioa, garbiketa etnikoa eta genozidioa bukarazteko. Egun, tamalez, indar handiena duena, edo gehien zabalduta dagoena, behin­tzat, bi estatuen konponbidea da, zeinaren esanetan konponbidea ekarriko duena estatu palestinar baten sorrera izango den eta Israelgo estatua Sei Eguneko Gerraren aurreko lurraldeetara mugatuko duen. Ez da testu honen egitekoa proposamen politiko hori sakonean aztertzea, ezta kritika osatu bat egitea ere; horretarako, aproposagoa da Noam Chomsky eta Ilan Pappéren arteko elkarrizketa-eztabaida biltzen duen liburua, On Palestine izena daukana. Hala eta guztiz ere, esan nahi da sarri posibilismotik defendatzen dela bi estatuen konponbidea; alegia, etikoki aukera onena ez izan arren, argudiatzen da defentsa hori posizio politiko errealista batetik egiten dela. Baina hortik ere ez dauka egun nondik heldu proposamen horrek, gutxiago Osloko Itunen porrotaz geroztik eta 2023ko urriaren 7az geroztik.

Europar Batasuneko estatuak ere genozidioaren eta garbiketa etnikoaren erantzuleak dira, batik bat armamentu militarra saltzeagatik, sionismoarekin harremanak ez eteteagatik eta Palestinaren aldeko elkartasun mugimenduak isilarazi eta zapaltzeagatik

Aspalditik dator bi estatuen proposamena, baina Osloko bake akordioetan oinarritzen da batik bat, bertan lortzen duelako oinarri bat, ofizialtasun bat, eta bake akordio horien garapenari esker lortu nahi zelako balizko Palestinako estatuaren sorrera eta bi estatuen arteko bizikidetza bake­tsua. Alabaina, itun horren porrotak, Israelek behin eta berriz palestinarren lurrak koloniza­tzen jarraitzeak eta garbiketa etnikoan pausuak emateak erakutsi dute, beste behin ere, Israelen benetako izaera zein den, ez dagoela prest palestinarrei inolako estaturik onartzeko, eta bere helburu bakarra Palestinako lurralde osoa okupatzea eta garbiketa etnikoa gauzatzea dela. Eta hori ez da agintari baten edo alderdi baten borondatea soilik, sionismoaren erraietan dagoen ideia bat da, eta Israelgo estatua mundu ikuskera horren gainean eraiki da. Horregatik dauka bi estatuen konponbideak gehiago utopismotik errealismotik baino, sionismo bakezale bat oinarriko kontraesana baita: Ekialde Hurbileko herrientzat, sionismoa ala bakea, biak ezin dira.

Konponbideak, nahitaez, sionismoaren gaindipena exijitzen du, hau da, sionismoa desagertzea bai ideologia bezala, bai Israelgo estatu modura, zeina haren adierazpen politiko garatuena baita. Hori da konponbiderako funtsezko premisa. Hori gertatzen bada, estatu bakar batez hitz egiten has gaitezke, akonfesionala dena eta askotariko identitate nazional eta erlijioen eskubide eta aukera berdintasunak bermatzeko gai dena. Eta hori egiazki lortzeko bermeak soilik sozialismoak jar ditzake. Baina egoera horretara iristeko, zauri asko itxi beharko dira lehenik, eta askok ordaindu beharko dute herri errugabe bati inposatutako sufrimendu eta terroreagatik. Horregatik, egun, Palestinaren alde egotea baino, esanguratsuagoa da Israelen aurka egotea.

EZ DAGO IRUZKINIK