ARGAZKIA / Giangiacomo Spadari (1938-1977)
Jon Larrabide
2025/06/04

Ekaineko borrokalariak, Komunako biktimak, Errusiako Iraultzaren martiriak: mamu odoltsuen zerrenda amaigabea. Ohorearen zelaian erori dira, Marxek Komunako heroiei buruz esan zuen bezala, langileriaren bihotz handian betiereko lekua hartzeko. Orain milioika proletario erortzen ari dira desohorearen, fratrizidioaren, autosuntsiketaren zelaian (...) Baina ez gaude galduta eta garaipena gurea izango da ez badugu ahaztu nola ikasten den. Eta proletarioen agintari modernoek ez badakite nola ikasten den, erori egingo dira, “mundu berriko arazoei aurre egiteko gai direnei lekua uzteko”.

Rosa Luxemburgo

Gerra, gerra, gerra. Gerra, gerra eta gerra gehiago. Gerra, gerra eta gero ere gerra. Egungo egoera historikoaz hitz egiteak, ezinbestean, gerrari buruz hitz egitea esan nahi du. Itxuraz, desintegrazio-prozesuan dagoen mundu dislokatu batean bizi gara. Dinamika sozialak etengabe ari dira eboluzionatzen, eta horrek talkak eta gatazkak urratutako atze-oihal moduko bat sortzen du. Badirudi aldaketak desoreka dakarrela, eta desorekak gerra, ikuspegi belikoari zein gizarte ikuspegiari erreparatuta. Nolanahi ere, hau ez da koiunturako gai bat, auzi historikoa baizik. Izan ere, eragile partikularrak eta haien atrezzoa aldatu arren, gizarte eraketa kapitalistaren garapen historiko osoa (ez modu esklusiboan, baina bai espezifikoki) aldaketak, desorekak eta, ezinbestean, gerrak zeharkatzen dute. Eta modu horretan ageri zaigu ordu txikitan, etengabe korapilatzen diren tentsio eta kontraesan sozialen artean korapilatuta, balantzaka.

Horiek horrela, gai orokorrak duen gaurkotasunean eta kasu partikularrak pizten duen interesean babestuta, Alemaniako Alderdi Komunistak (KPD) gerraren inguruan izan zituen jarrerak eta posizionamendua errepasatu nahiko nituzke. Halere, hizketan hasi eta luzamendutan aritzeko ohitura orokortu eskasa izan dezake batek. Gainera, zaila da erlaziorik, konexiorik eta desberdintasunik egin gabe zerbaiti buruz hitz egitea. Testuinguratze ariketa egin eta koordenatu mapa bat ezartzeko ariketa da, beraz, gai bati heltzeko abiapuntua. Hala eskatzen du landu beharreko gai honek ere. KPDz hitz egiteak sozialdemokrazia alemaniarraz hitz egitea dakar, zehazki SPDz. Ildo berean, KPDk gerraren aurrean izan zuen jarrerari heltzeak SPDren jarreraz hitz egitea eskatzen du. Izan ere, azken finean, sozialdemokrazia alemaniarraren traizioaren kontakizunarekin korrelatiboa da KPDren sorrera. Haren aurka sortu eta garatu zen. KPDren historia oposizioa da, baldintzarik gabekoa, zentzurik hertsienean. SPDren aurkako oposizioa, gerraren aurkako oposizioa, gizarte kapitalistaren eta Pandoraren kutxa horretatik datozen izugarrikeria guztien aurkako oposizioa. Era berean, langile mugimenduaren historiaren orrietan erredentzioaren zain datzan martirio baten kontakizuna da.

Porrot baten historia

Alemaniako alderdi sozialdemokratak (SPD) II. Internazionalaren hastapeneko testuinguruan gertatzen ari zen antolakuntza politikoaren paradigma-aldaketa orokorraren amaiera irudikatzen du. Haustura politiko batetik zetorren garai bati buruz ari gara, haustura estrategiko zein lurraldekoa, non, beharrak hartaratuta, espazio historiko bat eraiki asmo zen. Espazio horren gainean eraikiz joan ziren XIX. mendearen gainbeherako eta XX.aren sorrerako egitura politikoak. Masa-erakunde handiek, Langileen Nazioarteko Elkarteak bereizgarri zuen osaera heterogeneoaren gramatika politikoa gaindituz, sintesi sozial-demokratikoaren aldeko apustua egin zuten, gutxi gorabehera modu bateratuan (nahiz eta, kontakizunean zehar egiaztatuko dugunez, sintesi hori gako desberdinetan ulertu, fakzio ezberdinak egon, eta fakzio horiek elkarren artean lehiatu), eta estatuaz gaindiko isla lortu zuten II. Internazionalean, Internazional Sozialista izenez ere ezaguna den horretan.

Sozialdemokrazia alemaniarraren traizioaren kontakizunarekin korrelatiboa da KPDren sorrera. Haren aurka sortu eta garatu zen. KPDren historia oposizioa da, baldintzarik gabekoa, zentzurik hertsienean

Testuinguru horretan, SPDk berebiziko garrantzia hartu zuen garai hartako nazioarteko langile mugimenduari zegokionez. Lortu zituen eragina eta gidaritza-gaitasuna hiru maila nagusitan sailka daitezke, termino absolutuetan zein erlatiboetan aztergarriak hirurak ere. Lehenik eta behin, SPDk zuen militantzia zabalena nazioarteko panoraman, eta, gainera, antolaketa-sare oso zabal baten barruan antolatuta zegoen. Antolaketa horretan, alderdi, sindikatu eta gizarte-bizitzaren esparru guztietako gainerako langile erakundeak zeuden, “bi munduen” ikuspegi sozialdemokratikoarekin bat etorriz. Hori, bere horretan, SPDren erreferentzialtasuna, eragina edo pisua nolabait justifikatzeko balioko lukeen egitatea da. Hala ere, garrantzi handiagoa hartzen du abagune politikoaren argitan baloratzen dugunean. Izan ere, analisiaren maila horrek barne hartzen duen ia mende erdian, sozialdemokrazia alemaniarrak gorantz egin zuen hauteskunde eremuan, bai orokorrean, baita eremu sindikalean ere. Hori guztiz bat dator garaiko joera eta sinesmen orokorrarekin, arreta handia jartzen baitzuten botere parlamentarioa hautetsontzien eta “eguneroko lanaren” bidez gradualki jorratzean. Prozesu horrek profesionalizazio moduko bati eman zion bide. Azkenean, profesionalizazio hori bera bihurtu zen helburu, eta alderdi burokratizatu bat sortu zen, erreformen konkistan soilik zentratua. Alderdi horrek, sozialismoa lortzera bidean, masen artean posizioak irabazten jarraitzeko balio zuen. Hirugarrenik, SPDk mugimenduaren gidaritza teorikoaren lekukoa jaso zuen, batez ere marxismoaren eta II. Internazionalaren fundatzaileen arteko zubi-figuren bidez, hala nola Bebel edo Kautskyren bidez.

Militarismoa (...) etengabe gerra ireki edo ezkutuan irauteak dakarren zorigaiztoko emaitza da, gizakiak gizakia esplotatzea oinarri duen sistemak eta klase borrokak gizarteari inposatua

Era berean, SPD erakundea arduratu zen II. Internazionala bultzatzeaz; hain zuzen ere, nazioz gaindiko organo horren helburua zen proletariotzaren batasun operatiboa berreraikitzea, nazioarteko subjektu gisa. Inor ez du harritzen II. Internazionalak hasiera-hasieratik gerrarekin lotura handia izan zuela adierazteak. Joera historikoak apetatsuak baitira, II. Internazionalaren sorrera kokatzen den koordenatu mapa berean aurkitu zuen Internazionalak heriotza, hiru hamarkada geroago. XIX. mendearen amaierako hamarkadetan, mende bat baino gehiagora “inperialismo” terminoarekin izendatzen dugun metatze-prozesua gauzatu zen. Garapen kapitalista handiko garaia izan zen, eta lurraldetasunak eragin nabarmena izan zuen garai horretan, bai inplikatutako eragileak mugatzeko edo definitzeko orduan, bai haien harremantzeko joeretan. Egoera historiko horretan, Internazionalak urrats sendoak eman behar izan zituen gerraren karakterizazioan, eta haren aurrean posizioa hartu behar izan zuen. Bruselan izan zen Internazionalaren Bigarren Biltzarraren ebazpena (Wilhelm Liebknecht SPDren lider eta fundatzaileak idatzia, Édouard Vaillantekin batera) modu honetan mintzo da gerraz: “Militarismoa (...) etengabe gerra ireki edo ezkutuan irauteak dakarren zorigaiztoko emaitza da, gizakiak gizakia esplotatzea oinarri duen sistemak eta klase borrokak gizarteari inposatua”.

Adierazten duenez, “militarismoa abolitzera eta nazioen artean bakea ezartzera bideratutako ahalegin guztiak utopikoak eta hutsalak baino ezin daitezke izan gaizkiaren iturri ekonomikoak aldatzen ez badituzte”. Era berean, “gerra orokor bat saihesteko bitarteko bakarra sozialismoaren garaipena” dela adierazten du, eta dei egiten die “langile guztiei (...) gerra-nahi guztien aurka eta gerrari mesede egiten dioten aliantzen aurka” azaltzera.

Tesi horrek Internazional Sozialistak hurrengo urteetan garatu zuen diskurtsoaren eta ekintza politikoaren oinarriak finkatu zituen, zeinen egokitasuna berretsi egin zen (sakonduz eta zehaztuz, aldi berean) hurrengo urteetan antolatu ziren biltzarretan, hala nola Zurich, Londres, Paris eta Stuttgartekoetan. Horietan guztietan, sozialdemokrazia alemaniarreko kideek lehen mailako papera izan zuten txostenak aurkezten, ebazpenak idazten, zuzenketak proposatzen eta eztabaidetan parte hartzen. Rosa Luxemburgek Juniusen liburuxkan adierazi moduan (geroago itzuliko gara horri buruz hitz egitera), “Alemaniako sozialdemokrazia proletariotza kontzientearen erakundeen harribitxia zen. Frantzia, Italia eta Belgikako sozialdemokraziek, Holanda, Eskandinavia, Suitza eta Estatu Batuetako langile mugimenduek, ilusioz beterik jarraitzen zioten. (...) Bigarren Internazionalean, Alemaniako sozialdemokrazia zen faktore erabakigarria, zalantzarik gabe. Biltzar bakoitzean, Internazionalaren Buro Sozialistaren osoko bilkura bakoitzean, talde alemaniarraren jarreraren araberakoa zen beste dena”. Gainera, ez zen soilik propaganda-posizionamendu hutsa, tesi hori ekintzara zuzenduta baitzegoen formulaziotik bertatik (gaitzespenak eta ekintza zehatzetarako proposamenak jasotzen ziren bertan), eta, ondoren, borroka-kanpaina zehatzetan garatu zen, nazioarteko agertokiak Gerra Handirako bidean eztanda egin ahala.

Nolanahi ere, gauzak aldatzen hasi ziren une erabakigarria hurbiltzen zen heinean. II. Internazionaleko liderren traizioa ezin da azaldu, noski, SPDren sorreratik bertatik presente zeuden joeren eta arrakalen garapenari erreparatu gabe (izan ere, ezinezkoa da garai hartako langile mugimenduaren egoeratik eta haren ezaugarrietatik bereiztea). Posizionamendu bakoitzak, azken batean, planteamendu estrategiko orokor bati erantzuten dio, bai eta koiunturari zuzenago erantzuten dioten aldaketa edo eraldaketa politiko batzuei ere. Esan liteke kasu honetan prozesuak hiru faktore nagusiri erantzun ziela: lehena, argitasunik ez izatea printzipio politiko orokorrenetan (errealitatearen analisiaren eta horri aurre egiteko moduaren arteko bereizketa ezartzen da); bigarrena, koiuntura historiko espezifiko bat (kapitalismoa goranzko fasean zegoen, batez ere Alemanian, eta hortik eratorri zen “ultrainperialismoaren” ideia, adibidez, eta hartatik jaio zen klase ertaineko geruza gero eta ugariagoa, defendatu beharreko gotorleku bat aurkitu uste zuena lortutako ogi-apurretan); eta, hirugarrena, koiuntura eta bilakaera politiko jakin bat (non datuek eta hauteskundeetako eta sindikatuetako emaitzek gero eta esanahi handiagoa hartu zuten, eta gainerako interpretazio posibleei gailentzen joan zitzaizkien).

Aldeko 68 botorekin eta kontrako 14rekin, ordezkaritza sozialdemokratak aho batez erabaki zuen gerra-kredituen aldeko botoa ematea (botoaren diziplinari jarraituz), eta, hala, nazioarteko prozesu historiko bati bide eman zitzaion, “bankarrot” izenez ezagutuko zena

Kontua da gauza batengatik edo besteagatik sozialdemokrazia alemaniarraren zati baten jarrerak pixkanaka nazionalismorantz eta belizismorantz irristatzen hasi zirela, defentsari loturiko arrazoiak argudiatuta. Aipatu beharrekoa da prozesu hori alderdi barruko lehia baten moduan gertatu zela, eta, hartan, jarrera kontrajarriak eztabaidatu zirela. Hala eta guztiz ere, ideia edo arrazoibide horiek publikoki eta alderdiaren kongresu batean eztabaidatze hutsak, gutxienik, SPDren ordura arteko ildo eta ekintza politikoarekiko haustura adierazten du. Gustav Noskeren hitzak, Essengo Kongresuan esanak, argigarriak dira zentzu horretan: “Gure herria arrisku larrian badago, sozialdemokratek gogoz defendatuko dute beren aberria (...), ez baitira burgesia baino gutxiago abertzaletasunean (!)”. Nolanahi ere, zehazte aldera, jarrera ofizialak lehen aipatutako kongresuek ezarritako norabideari eusten zioten, alderdiak ekaitzaren aurreko hilabeteetan izandako jarduera indartsuari eskerrak. Atera kontuak: gerra-kredituen bozketa baino hamar egun lehenago, Alemaniako gobernuak Errusiari gerra deklaratu baino astebete lehenago, alderdiak oraindik ere zera esaten zuen: “Alemaniako proletariotza kontzienteak, gizadiaren eta zibilizazioaren izenean, gerraren sustatzaileen aurkako protesta sutsua egiten du”.

“Espartakistak” 1916ko martxoan sortutako fakzio sozialdemokrata ziren, eta Rosa Luxemburgek Juniusen liburuxkan garatutako tesiak eta sozialdemokraziari kritika zituen oinarritzat. Alderdi barruko joera komunistaren hezurmamitzea irudikatzen zuten

Gerraren agerpena ezin hobeto egokitu zen faktoreen konbinazio horretara, eta horrela hasi zen Rosa Luxemburgek “nazioarteko mugimendu sozialistaren historiako egun beltzenetako bat” izendatu zuen hori. Aukera politiko guztiek erasotzaileen eta erasotuen diskurtso manikeo eta makabroa zerabilten, aberriaren eta “batasun sakratuaren” defentsan gotortzeko. Nazioartean bakealdi baterako aukera desagertua zen, eta sozialdemokraten zuzendaritzak posizioa hartu zuen. Aldeko 68 botorekin eta kontrako 14rekin, ordezkaritza sozialdemokratak aho batez erabaki zuen gerra-kredituen aldeko botoa ematea (botoaren diziplinari jarraituz), eta, hala, nazioarteko prozesu historiko bati bide eman zitzaion, “porrot” izenez ezagutuko zena. Haustura atzeraezina izan zen, eta ondorio ezagunena III. Internazionalaren sorrera izan zen; komunista, alegia. Nazioarteko prozesu horretan, aldi berean, haustura-prozesu erabatekoak piztu ziren garaiko alderdi sozialdemokratetan. SPDren kasua, berriz ere, eredu izan zen. Leninek ondoko hitzekin diosku: “Internazionaleko liderrek sozialismoa traizionatu dute gerra-kredituen alde bozkatuz (...) Sozialismoa egoera honetan badago, ohoregabetuta, erantzukizuna, batez ere, sozialdemokrata alemaniarrena da, II. Internazionaleko alderdi indartsu eta itzal handikoena izanik”.

Oposizioa

Bozketa egin zuten arratsalde horretan bertan, horretan bertan, alderdiko hainbat kidek bilera egin zuten, besteak beste Rosa Luxemburg eta Franz Mehringek, egoera politiko berrian esku hartzeko helburuarekin (alderdi barruan garrantzi handia zuen militantea zen Mehring, aurreko belaunaldi bateko kide izateagatik eta bere maila politiko altu eta esperientziagatik). Nahiz eta gerra-kredituen alde bozkatzeko erabakiak SPDren barruan zeuden joera desberdinen arteko haustura ekarri de facto, joera horiek defendatutako jarrerak ezkonezinak zirenez, SPDren antolamendu-mailako desintegrazio-prozesua ez zen oraindik gertatu. Oposizioak printzipio eta bertigo sorta bati egin behar zion aurre, eta horrek eragotzi egin zion pauso bat aurrera ematea eta zatiketa burutzea. Alderdiaren oinarrietan eztabaida bat sortzeko itxaropena zegoen (nahiz eta eztabaida hori partzialki baino ez gauzatu), indar korrelazioan posizioak irabazteko helburuarekin, baina esperantza horrek ostrazismo politikoan erortzeko beldurrarekin egin zuen topo. Horrek harreman korapilatsu bati eman zion bide, aglutinatzailea izan zen oinarriek alderdiaren aparatu politikoa konkistatzea lehenesten zuen printzipio politikoa (printzipio horrek aurre egiten zion oportunismoarekin inolako zalantzarik gabe hausteko boltxebikeek zuten ikuspegiari, nahiz eta horrek alderdi berri bat sortzea esan nahi izan). Erabaki horrek propaganda- eta eztabaida-jarduera handia ekarri zuen (jarduera hori, batez ere, alderdi barruan garatu zen), eta urte pare bat iraun zuen, eta gero eta publikoagoa izan zen.

Nolanahi ere, une jakin batetik aurrera egoera jasanezin bihurtu zen. Alderdi barruan hiru fakzio nagusiak (gehiengoarena, zentristak eta ezkerreko erradikalak) elkarren artean gerra irekian egoteaz gain (azkenekoek ez zuten zalantzarik lehen bien jarrerak modu irekian kritikatzeko, eta lehenengoek ez zuten zalantzarik agintariekin lankidetzan aritzeko, azken biak zapaltze aldera), egoerak bi talde parlamentario sortzea ekarri zuen, eta, aldi berean eta modu paraleloan, oposizioak gorputz organizatibo autonomoak eskuratu zituen.

Errelatoaren une honetan, koiuntura historiko espezifikoa zein zen eta oposizioak bere jarduera zein baldintzatara egokitu behar izan zuen adierazi beharra dago, haren aukerak eta potentziak mugatzen dituen markoa marrazten duten heinean. Lehenengo elementua oposizioaren barne-banaketan aurkitzen dugu; izan ere, gertaeren garapenak beharturik bateratuta zegoen arren, oso oposizioa zatituta zegoen jarrera kontrajarriak zituzten hainbat antolakundetan (lerro horietako bakoitzaren ordezkari nagusien arteko etengabeko kritika eta salaketa gurutzatuak horren isla dira). Horri gehitu behar diogu oposizioak oso joko eremu konplexuan garatu behar izan zuela bere jarduera, gerra-egoerak mugatuta kanpotik (praktikan, askatasun politiko eta ekonomikoak erabat ezabatzea ekarri zuen horrek, nahiz eta ordenaren alderdiek maniobra-tarte bat izan) eta, barnetik, berriz, “aberria etsaiaren aurrean defendatzeko” diskurtsoak Alemaniako sektore herrikoian lortu zuen errotze sakonak.

Hirugarrenik, SPDren barruko antolakunde minoritarioen konstelazio osoa zeharkatzen zuen antolaketa-ahultasuna dago, eta haren ondoriozko ahultasun efektiboa. Zuzendaritzak alderdiaren aparatua kontrolatzen zuen, zentzu hertsian ez ezik, zentzurik zabalenean ere (kontuan hartu Alemaniako sozialdemokraziak garatutako antolakuntza-sarea hedadura zabala); sindikatuek, erakundeek, komunikabideek... guztiek erantzuten zieten zuzendaritzaren mandatuei. Oposizioak, aldiz, babarrunak eltzetik atera behar izaten zituen, bai egituretan, bai bere jarduera gauzatzeko erabiltzen zituen tresnetan. Ez zuen alderdi propiorik izan geroagora arte –zatiketa gauzatu zen arte–, eta, orduan ere, gaitasun operatiboak murritzak zituen, gehiengoarenak baino askoz txikiagoak, bestela ere. Azken puntu horri dagokionez, aipatzekoa da oposizioko militanteei (komunistei, batez ere) nolako jazarpena eta errepresioa egin zien SPDko gehiengoaren fakzioak eta Alemaniako Poliziak. Horrek oposizioa bere jarduera politikoa klandestinitatean eta legez kanpo (edo legearen aurka) egitera eta aldiro bere burua berrasmatzera behartu zuen (izan ere, militanteak asko aldatzen ziren kartzelaldiengatik eta frontera joan behar izateagatik, eta itxi, bertan behera utzi edo legez kanpo utzi zizkieten agitazio plataforma ugari). Hori gutxi balitz bezala, garaiko sozialdemokraziaren koordenada taktiko zein estrategikoak ere kontuan hartzekoak dira; zehazki, arestian aipatutako Alemaniako sozialdemokraziarenak.

Aldeko 68 botorekin eta kontrako 14rekin, ordezkaritza sozialdemokratak aho batez erabaki zuen gerra-kredituen aldeko botoa ematea (botoaren diziplinari jarraituz), eta, hala, nazioarteko prozesu historiko bati bide eman zitzaion, “porrot” izenez ezagutuko zena

Denborarekin, oposizioa modu indibidualizatuagoan zehaztuz joan zen. Lehenik eta behin, zatiketa formalaren prozesutik igaro behar izan zuen, edo, bestela esateko, gehiengoak alderditik kanporatu. Kanporatze horretatik sortu zen USPD, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata Independentea. Alderdi hori saski-naski moduko bat zen, eta bertan amaitu zuten SPDren hondar politiko dibergente guztiek, nahiz eta horien arteko harremana konplexua izan, eta elkarrekiko nahigurarik gabea. Egoera berri batean egon arren, espartakistek, beste behin, ez zuten oportunismoaren hondarrekin hausteko erabakirik hartu. “Espartakistak” 1916ko martxoan sortutako fakzio sozialdemokrata ziren, eta Rosa Luxemburgek Juniusen liburuxkan garatutako tesiak eta sozialdemokraziari kritika zituen oinarritzat. Alderdi barruko joera komunistaren hezurmamitzea irudikatzen zuten (nahiz eta jarrera hori soilik haiena ez izan), eta modu irmoenean eta irekienean alderdiaren ildo nagusiaren aurka agertu ziren elementuak biltzen zituen, aurkakotasun hori mobilizazioarekin eta espetxealdiarekin ordaindu behar izan bazuten ere. Haien tesiek koherentzia zuten tradizio sozialistaren doktrinarekin eta gerraren aurreko urteetako kongresuetan hartutako tesiekin. Jarrera argia eta gardena zuten: “Lotsatuta, desohoratuta, odoletan igerian eta lohia dariola: horrela ikusten dugu gizarte kapitalista (...) Eta orgia horren erdian, mundu mailako tragedia bat gertatu da: sozialdemokrazia alemaniarrak amore eman du”, irakur dezakegu Juniusen liburuxkaren hasierako hitzetan. Zentzu horretan, Alemaniako oposizioaren adierazpenik garbi eta zuzenenetako bat izan ziren. Espartakistek gerraren aurka izan zuten jarrera nekaezina argitasunaren eta gardentasunaren koordenatu berberetan hedatzen zen. “Friedrich Engelsek behin esan zuen: ‘Gizarte kapitalista dilema baten aurrean dago: sozialismorako aurrerapena edo basakeriarako erregresioa’. Zer esan nahi du ‘basakeriara itzultzeak’ Europako zibilizazioaren egungo etapan? (...) Une honetan nahikoa da gure ingurura begiratzea gizarte kapitalistan basakeriara itzultzeak zer esan nahi duen ulertzeko. Mundu gerra hau basakeriarako erregresio bat da”. Gerraren izaera estrukturala salatzen zuten, baita chauvinismoaren bandera faltsuaren ustelkeria eta defentsa nazionala ere. Baina, batez ere, bide-orri bat marraztu zuten: “Mundu gerra honek (...) Alemaniako proletariotza herriaren zuzendaritzara eramateko eginkizuna du, hasiera emateko kapitalaren eta lanaren arteko nazioarteko gatazka handiari, munduaren nagusitasun politikoa lortzekoari” (nahiz eta ez guztiz bat egin Leninek gerra inperialista gerra zibil bihurtzeko beharraz defendaturiko tesiarekin).

Eta horrela iritsi zen 1917a

Eta horrela iritsi zen 1917a. Gertakari orokorren zein gerra-gertakarien bilakaerak fase historiko berri bat ireki zuen. Gerrak heriotza eta miseria pilatzen jarraitu zuen deskribaturiko gertakariek iraun zuten hilabeteetan zehar. Borrokan ziren herrialdeen egonkortasun soziala harizpi bakarretik zegoen zintzilik. Hainbeste, ezen Otsaileko Iraultzak garaitu egin baitzuen tsarren Errusia beldurgarri hura, eta urrian loriatsu altxatu baitzen iraultza sozialista. Jakina, gertakari horrek dantzan jarri zuen une hartako nazioarteko agertokia. Gerrari dagokionez, disolbatu egin zen alemaniarren guda­-fronteetako bat. Errusiar iraultzaileek, boterea eskurarazi zien programarekin bat eginez, gerra bukatzearen alde egin zuten apustu. Maila politikoan, ordea, are oihartzun handiagoa izan zuten. Ez munduko proletariotza osoarentzat erreferentzia zirelako bakarrik, baizik eta, gerrak bezalaxe, eragile politikoak norbaiten alde jartzera behartu zituelako. Alemanian, dagoeneko ezarrita zeuden posizio politikoen jarraipena edo garapena besterik ez zuen ekarri horrek. Gehiengoak eta sindikatuak ordenari eusten ahalegindu ziren; baita zentristak ere, nahiz eta modu ez hain agerikoan (“Nola bukatuko da?”, galdetzen zion garai hartan Kautskyk bere buruari, “deskonposizio sozial eta politikoagatik, kaosean”). Edonola ere, koiuntura-aldaketa horrek erradikalen posizioa indartu zuen, langile mugimenduarekin eta Alemaniako langile klasearekin zuten harremanean barne. Iraultza sobietarrak, osoko zuzenketa eginez, irmo inposatu zuen bere errealitatea. Haren existentzia hutsak baieztatu egiten zituen Alemaniako zenbait destakamentu komunistak defendaturiko tesiak, eta munduari erakusten zion posible zela norabide-aldaketa erradikal bat, atzean utziko zituena miseria eta heriotza, baita haiek sorrarazten dituen sistema ustela ere.

Komunistek berehala ekin zioten lanari. Otsaileko Iraultzaren oihartzuna bere horretan erabilgarria izan zen Alemaniako antolakuntza iraultzailearen agitaziorako. Apirilean, protesta, mobilizazio eta greba olde bat piztu zen, eta zenbait egunez astindu zuen Alemanian ezarritako barealdia (gutxi gorabehera 300.000 grebalari izan zirela kalkulatzen da). Ekainean, itsas armadako gizonen artean egindako lana bere fruituak ematen hasi zen, eta horrek tentsio sozialeko foku berri bat ireki zuen. Urritik aurrera, boltxebikeak gerraren kontrako eta iraultzaren aldeko tesiak zabaltzen hasi ziren soldadu alemaniarren artean. Nazioarteko elkartasunak Brest-Litovskeko negoziazioetan egin zituen ahalegin guztiak. Espartakistak 1918ko urtarrilean pasatu ziren ekintzara, bake orokorraren aldeko greba orokor baten deia egin zutenean. Negoziazio gogorren ondoren, oposizioaren barruko fakziorik erradikalenek grebarekin bat egitea erabaki zuten. Urtarrilaren 28an, hiriburuko kaleak hartu zituzten 400.000 grebalarik, zazpi puntuko programa baten bueltan mobilizatuz; puntu horien artean zeuden bakea lortzea trukean anexio eta indemnizaziorik gabe; adierazpen- eta bilera-askatasuna berrezartzea; enpresen desmilitarizazioa; eta Estatua maila guztietan demokratizatzea. Hegal erradikaleko antolakundeen arteko desadostasunen eraginez, ezin izan zen bide-orri argirik ezarri, eta greba, norabidea galduta, itzali egin zen, errepresio gogorragatik eta zuzendaritza politiko falta nabarmenagatik. Alabaina, azken hilabeteetako borroka-zikloa arrastoa uzten hasia zen. Etapa hura osatu zuten borroka-prozesuetan zehar metaturiko esperientziak, Errusian bezalatsu, herrialde osoan Langileen eta Soldaduen Kontseiluak sortzean gorpuztu ziren (hala ere, haien irismen eta ahalmena Errusiakoena baino txikiagoa izan zen, eta haietako asko SPDk kontrolatzen zituen, eta batzuetan baita dinamizatu ere).

Alemaniako gobernuak, praktikan, lurra jo zuen barne kontraesanen eraginez, eta botere egiturak orbangabe mantentzen ahalegindu zen gobernu sozialdemokrata

Eta horrela iritsi zen porrot militarra. Alarma guztiak piztu ziren. Alemaniar nazioa oso desegonkortuta zegoen arlo zibilean zein militarrean. Abagune perfektua zirudien. Ordea, militante iraultzaileek jasandako errepresioak are gehiago nabarmentzen zituen mugimendu iraultzaileak urteetan izanak zituen ahulguneak. Gazte iraultzaileen antolakundeak bakarrik erakusten zuen egoerari erantzuten ahalegintzeko behar adinako antolakuntza-indarra. Baina bazirudien iraultza ez zegoela itxaroteko prest, eta azaroan agertu zen nagusitasunez, goizegi alegia, beste hainbatetan bezala. Urriaren hasieran, honelako analisia egiten zuten espartakistek egoeraz: “Egoera iraultzaile bat, non berriz agertzen diren Alemaniako burgesiak 1848ko iraultzan ebatzi ezin izan zituen arazo guztiak”. Hala, gerraren kontrako programa argi bat prestatu zuten. Urriaren bukaeran, Liebknecht askatu zuten, zeina ordurako gerraren kontrako izarra baitzen bai masen artean, bai lubakietan. Milaka lagunek egin zioten ongietorria, Potsdamen. Gobernuaren eta Poliziaren kontrako ekintzak etengabe ugaritu ziren urriko azken egunetan. Baina fakzio erradikalaren zuzendaritza, masen indarrek hura garaitzeko arriskua gorabehera, ez zen ausartzen pausoa ematera, ez baitzegoen adostasunik jarraitu beharreko bideari zegokionez. Grebara jo zuten itsas armadako gizonek, mitin jendetsuetan enperadorearen abdikazioa eskatu zen, eta manifestazio zentraletarako deiak entzuten ziren. Die Rote Fahne egunkariak honakoa aldarrikatzen zuen: “Alemaniako iraultzaren hasiera da, munduko iraultzaren hasiera! Osasuna munduko iraultzaren ekintzarik boteretsuenarentzat! Gora sozialismoa! Gora Alemaniako Langileen Errepublika! Gora munduko boltxebismoa!”. Hasia zen Alemaniako iraultza.

Odolik isuri gabe, azaroaren 9rako sozialdemokraziaren esku zegoen gobernua. Independenteek burua makurtu eta Eberten eskaintza onartzea erabaki zuten, hau da, koalizio gobernu baten bidez, sozialdemokraziak indarrez eustea erortzear zegoen Alemania hari. Espartakistak, jakina, gobernutik kanpo utzi zituzten.

Baina indar korrelazioa aldatzen hasi zen iraultzaren ondorengo hilabeteetan. Espartakistek argi ikusten zuten hasierako fase hura ez zela nahikoa izan: haustura-prozesua bururaino eraman behar zen, iraultza erreala egiteke zegoen. Egiazki, Alemaniako gobernuak, praktikan, lurra jo zuen barne kontraesanen eraginez, eta botere egiturak orbangabe mantentzen ahalegindu zen gobernu sozialdemokrata. Haren kezka nagusia espartakistak ziren, “aztoratzaileak” izateagatik eta haien programaren bidez botere burgesaren funtsezko egiturei eraso egin nahi izateagatik.

Gertakariak azken urteetako bide “normalen” barruan garatu izanak eta eragileek beste behin posizio berberak hartu izanak bestelako ondorio bat ekarri zuen oraingoan. Bukatzen ari zen USPDren barruko koexistentzia. Espartakistek kongresu bat deitzea erabaki zuten, eta antolakunde berri bat sortu zen hartatik, KPD (Alemaniako Alderdi Komunista), bat eginez Alemaniako Komunista Internazionalistekin, Bremeneko Taldearekin eta beste zenbait antolakunde iraultzaile minoritariorekin. Tesi argi eta zuzen bat zegoen sorrera horren oinarrian: “Alderdi autonomo berri bat eratu behar dugu (…) solidoa eta homogeneoa bere teorian eta borondatean; programa argi bat izan behar du, helburuak ezartzen dituena, bai eta mundu iraultzaren interesetarako balio duten bitartekoak ere”.

Inperialismoaren eta gerraren arteko beharrezko harremanetik, edo, hobeto esanda, gerraren eta metabolismo sozial kapitalistaren arteko harremanetik, bakearen eta iraultzaren arteko beharrezko lotura ondorioztatzen da. Ordena ekonomiko, politiko eta soziala suntsitzea eredu berri bat eraikitzeko

Aste odoltsuak behin betiko errematea eman zion iraultzari. Gobernu sozialdemokratak ordena nahi zuen beste ezeren gainetik, eta KPDk haragitzen zuen ordena haren kontrako mehatxurik handiena. KPDko kide batzuek langileen probokazio gisa eta Alemaniako Iraultzaren kontrako kolpe gisa interpretatu zuten Emil Eichhorn Polizia Independentearen prefektua kargugabetu izana. Irteerako pistola-tiroa izan zen. Mobilizazio deialdi hark izan zuen erantzun oparoak matxinada-giroa sortu zuen berriz hiriburuan. Radekek honela deskribatzen du: “Masek hain modu nabarmenean parte hartzen zuten manifestazioetan, ezen egun horietan ezinezkoa izango baitzen Berlinen boterea hartzea”. Ordea, zerbaitek kale egin zuen berriz. KPDk ez zuen lortu prozesuaren abangoardian kokatzea; ez zen zuzendaritza-gaitasunik izan, ezta zuzendaritza edo proiekzio argirik ere. Gobernu sozialdemokratak errepresioa koplarik gabe erabili izanak urkatu egin zuen garapenerako proiekzio edo aukera oro. Mugimenduak burua galdu zuen Alderdi Komunistaren lider nagusiak espetxeratu edo erailtzearekin (Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht, kasu).

Azken kapitulu horrek ixten du KPDri buruzko kontakizuna.

Ondorio orokorrak eta itxiera

Kapitalaren, inperialismoaren eta gerraren kontrako historia da Alemaniako Alderdi Komunistaren historia. Horixe da haren izateko arrazoia eta existentzia-esparrua. Haren existentziak oposizio hori gorpuzten du. Fase inperialistak gerraren posibilitatea jartzen du mahai gainean. Elkarren kontrako kapital blokeak lehia sutsuan ari ziren, munduko merkatu handian gero eta koilara handiagoak eman ziezaien jaten. Inperialismoaren eta gerraren arteko beharrezko harremanetik, edo, hobeto esanda, gerraren eta metabolismo sozial kapitalistaren arteko harremanetik, bakearen eta iraultzaren arteko beharrezko lotura ondorioztatzen da. Ordena ekonomiko, politiko eta soziala suntsitzea eredu berri bat eraikitzeko, zeinak, printzipio antagoniko batzuekin gidaturik, behin betiko itxiko baititu Pandora-kutxa eta haren izugarrikeriak.

Alemaniako komunistek beti izan zuten garbi, eta erabakimenez eta sakrifizio handi baten kontura heldu zioten historiak haien aurrean jarri zien zereginari. Gerrak, berriz, Alemaniako sozialdemokraziaren eremuak argitu zituen, eta komunistek posizio argi bat hartzea erabaki zuten. SPD, II. Internazionalaren gotorleku nagusi izana, burgesiaren lamina-kantuek horditurik, militarismoaren, chauvinismoaren eta kontrairaultzaren bandora igaro zen. Garai hartako eraikin politiko handiena ez zen gai izan modu eraginkorrean borroka egiteko komunismoaren gaixotasun degeneratiboaren –oportunismoaren– kontra, nahiz eta indar operatibo handia, gaitasun teoriko altuak eta masa-eragin zabala zituen. Eraikin hori gainbehera erori zen, modu eta norabide jakin batean. Komunistek, aldiz, zailtasun guztien kontra borrokan jarraitzea erabaki zuten. Haize guztiak zituzten kontran ikaragarrizko zeregin hura betetzeko. Ordea, gidaritza argiz (gaitasun operatiboei, teknikoei eta abangoardiakoei dagokienez) altxatzeko ezintasuna kostu handiegia izan zen haientzat, ordainezina. Sozialdemokrazia arduratu zen gainerakoaz, eta errepresiorik bortitzenaren erdian eta atzera egiteko testuinguru batean, militante haiek zuten guztia guda-zelaian uztearen aldeko apustua egin zuten.

Hori horrela, komunista alemaniarrak lehenbizikoak izan ziren, nolabait esateko, gidariak munduko proletariotzarentzat; oraindik ere, bakarrak izaten jarraitzen dute, eta zera aldarrika dezakete boltxebikeekin batera: “Ni ausartu nintzen”.