Telmo Zulaika
2025/06/03

Mussoliniren gobernu faxistarekin, oposizioko alderdi guztiak legez kanpo geratu ziren. Hala gelditu zen Italiako Alderdi Komunista (Partito Comunista Italiano, PCI) ere, 1925eko azaroaren 5ean. Laster beteko da mende bat legez kanpo utzi zutenetik, mende bat alderdi gaztearen jarduera klandestinitatean garatzen hasi zenetik. Bordiga, Gramsci –ordura arte PCIko idazkari nagusia– eta alderdiko beste zenbait lider erbesteratu eta espetxeratzea kolpe gogorra izan zen, baina ez hilgarria. Erregimen faxistaren indarrari eta taktikei aurre egiteko ezintasunak zaildu egin zuen alderdi gaztearen jarduna, eta, 1928rako, 7.000ra jaitsi zitzaion militante kopurua. Horrela, egoera berrira egokitzeko, berregituratu egin behar izan zuen Italiako Alderdi Komunista Bigarren Mundu Gerran berpiztuko zen alderdi handi gisa, militanteen lanari eta gaitasunari esker.


Marchiniri jarraituz, esan genezake PCIren ondorengo garapena markatu zuten hiru gertakizun esanguratsu izan zirela Bigarren Mundu Gerran. Lehenengoa, militante komunisten eta sozialisten artean piztu zen batasun antifaxistaren eskaria izan zen, zeinak 1934ko abuztuan ekintza-batasunerako ituna ekarri baitzuen. Gainera, itun horrek bat egin zuen politika fronte-populistarekin, zeina 1935ean finkatu zen Hirugarren Internazionalaren zazpigarren biltzarrean. Komunisten eta sozialisten arteko lankidetza ez zen bide laua eta erraza izan. Besteak beste, tentsio une bat egon zen 1939an, hain justu PCIk sozialistekin zuen aliantzan, Alemaniak eta Sobietar Batasunak elkarri ez erasotzeko ituna egin zutenean, baina lankidetza ez zen apurtzera iritsi, eta erritmo bizian funtzionatzen hasi zen 1941ean, Alemania naziak SESBen aurka egindako inbasioaren ondorioz, itun hura hautsi zenean.


Bigarren une garrantzitsua Italiatik erbesteratutako militanteek Espainiako gerra zibilean izan zuten parte-hartzea izan zen. Alde batetik, eskarmentua eskuratu zuten, zeina geroago Italiako Erresistentziako lerroetan frogatuko zuten; bestetik, komunistek indar antifaxisten lidergoa hartu zuten borroka horretan. Bizipen hori funtsezko zutabea izan zen Italiako mugimendu partisanoaren eraketan.


Hirugarren eta azken gertaera 1940an Italia gerran sartu zeneko giroa izan zen. Alde batetik, Etiopiaren eta Espainiaren aurkako urteetako gerrak eragindako apatia eta neke giroa nagusi zen; eta, beste alde batetik, talde militar faxista ez zegoen behar bezala horniturik aipatutako herrialdeetara armak bidaltzeagatik. Faxismoarentzat eta Mussolinirentzat hondamendia izan zen, Italiako armadak hasieratik izan baitzituen porrotak. Marchiniren arabera, Italiako Alderdi Komunistarentzat gerra, talde antifaxistekin batera erresistentzia koordinatzeko eta faxismoa erabat suntsitzeko aukera ez ezik, aukera paregabea zen Italian langile-klasearen lidergoa lortu eta komunismoa ezartzeko.


Italiako komunismoaren historia ezagutzeko saiakeran, hauek dira, nire ustez, Bigarren Mundu Gerran zehar izan ziren gertaera nagusiak: PCIren jokaera Alemaniak eta Sobietar Batasunak elkarri ez erasotzeko egindako ituna hautsi zenetik Mussolini erori arte, PCIren rol hegemonista Erresistentzian, eta PCIren aldaketa estrategikoa eta taktikoa.


Aireratzea klandestinitatean


1941eko uztailean, Togliattik, Moskun erbesteratua zegoen PCIko idazkari nagusiak, Italiara bidali zuen Umberto Massola, Mussoliniren agintaldian bizirik eutsi zioten talde komunista txikiekin kontakta zezan, euren jarduerak berriro martxan jarri ahal izateko. Horrez gain, Quaderni di lavoratore buletin klandestinoaren inprimategia eta banaketa berrezartzea lortu zuen. Buletina propagandarako eta borrokarako tresna zen, eta, haren bidez, alderdiaren ildo ofizialak zabaldu ziren, Togliattik Mosku Irratiaren emanaldietan agindutakoak, alderdiaren egitura bizirik mantentzeko helburuz.


1941eko udazkenean, Sobietar Batasuna gerran sartu zenean eta faxismoak laster porrot egingo zuelakoan, komunistek erasoaldiari ekin zioten. Alderdiko antolatzaileak iparraldeko hirietako fabriketara abiatu ziren nukleoak antolatzera eta heziketa-prozesu bat hastera faxismoaren porrota aldarrikatzen zuen propagandaren bitartez. Italiako Alderdi Komunistak infiltratuak bidali zituen populazioa asaldatzeko, eta batez ere, fabriketako langileen ezinegona bideratzeko. Horixe zen PCIren zio nagusia matxinadarako indarrak batzerakoan: iparraldeko hiri industrialetako langile-klasea. 1941ean eta 1942an, komunistek beren lana egin ahal izan zuten, eta trebetasunez antolatu eta mobilizatu zituzten fabriketako langileak. Infiltratuek nukleoak berrezarri zituzten garrantzi handiko tokietan, hala nola Fiat enpresan, ekoizpen militarra saboteatzen saiatzeko.


Italiako Alderdi Komunistarentzat gerra, talde antifaxistekin batera erresistentzia koordinatzeko eta faxismoa erabat suntsitzeko aukera ez ezik, aukera paregabea zen Italian langile-klasearen lidergoa lortu eta komunismoa ezartzeko


Komunisten antolatzeko gaitasuna ez zen alferrik galdu. 1942ko bigarren erdialdean eta 1943ko hasieran, komunistek hainbat greba hasi eta zuzendu zituzten, eta, haien bitartez, Italiako fabriketako ekoizpen militarra etetea lortu zuten. Ekimen horren puntu gorena 1943an Fiatek Turinen zuen lantegi handian egindako greba izan zen.


Nahiz eta 1943ko matxinadak ez ziren erregimen faxistaren oposizio argian zeuden lehenak, garrantzitsuak izan ziren, gerraren jarraipenaren aurka eta faxismoaren erorketaren aldeko potentziala eta ekintza-gaitasuna erakutsi zutelako.


PCIrentzat, grebek baieztatu zuten berak zuela lidergoa eta langileen kontrola; faxistentzat, berriz, 1943ko grebek Italian berria zen fenomeno bat utzi zuten agerian: euren arauei kontra egiten zien oposizio antolatu eta eraginkor bat. Alde batetik, faxistek lehen aldiz sentitu zuten haien kontrako erakustaldi boteretsu bat, zeina ez baitziren gai izan era egokian borrokatzeko. Poliziaren errepresioak fabriken barruan eta kanpoan jardun bazuen ere, ezin izan zituzten grebak hautsi, eta amore eman behar izan zuten langileen eskarien aurrean. Bestetik, erregimen faxistak Turindik haratago hedatu zen greba sare bati egin behar izan zion aurre.


Matxinadak hasi zituztenak, haien artean komunistak, Frantzian bildu ziren, eta helburu komun bat berretsi zuten: faxismoa posible egin zuten elementu politiko, ekonomiko eta sozialak suntsitzeko zereginari ekitea, eta, horretarako, Italian demokrazia berrezartzea eta langileen boterea bermatuko zuen Estatu bat berreraikitzea. Lyongo biltzarrean dokumentu antifaxista bat sortu zen, lehen aldiz aitortzen zuena esplizituki eta guztien adostasunez etsaia eraisteko beharrezkoa zela matxinada nazional bat. Kalean manifestazioak egitera dei egiten zuen, grebak egitera gerrarako ekoizpena saboteatzeko, talde partisanoak antolatzera arerioaren aurka borrokatzeko, eta oro har, Italiako herriari dei egiten zion armak hartu eta antifaxista zela adieraztera. Erresistentziaren mugimenduak izan zuen, bere partisanoekin eta bere Nazio Askapenerako Komiteekin (CLN), faxismoa suntsitzeko lidergoa.


Italiako Alderdi Komunistaren garapen politikorako une erabakigarria 1943ko uztailaren 25ean iritsi zen, Mussoliniren erregimena erori zenean bere talde buruzagiaren barne krisiagatik. Kontseilu Faxista Handian gutxiengoan zegoela-eta, Mussolinik dimisioa eman zuen.


Badogliok hartu zuen, Vittorio Emanuele III.a erregeak izendaturik, Italiako gobernu berri baten buruzagitza, eta armistizioa sinatu zuen Aliatuekin. Horrek Alemaniaren berehalako erreakzioa eragin zuen: Italiako erdialdea eta iparraldea okupatu zituen, Italiako Errepublika Soziala sortu zuen eta horko lider gisa Mussolini izendatu zuten. Orduan hasi zen Italiako Gerra Zibila esaten zaiona. 


PCI, Italiako erresistentziaren pilotua


Italia bitan banatuta zegoen. Hegoaldean, aliatuek askatu ondoren, gobernu monarkikoa ezarri zen. Erdialde-iparraldean, aldiz, alemanek inbaditu ondoren, azkar eratu zen erresistentzia. Italiako Alderdi Komunistak funtsezko hiru abantaila zituela ekin zion garai horri. Lehenengoa, atzerrian eta Italian bertan egindako ahalegin klandestinoei esker, hasieratik bideragarria zen antolakunde bat izatea; antolakunde hori bere horretan zegoen, eta herrialdean existitzen zen edozein egitura baino goragoko maila batean. Bigarrena iparraldeko industriako langile-klaseen laguntza gero eta handiagoa izan zen; laguntza hori dagoeneko nabarmendua zen 1943ko industria-grebetan. Komunisten azken abantaila zen parte-hartze handia eta lidergoa zutela Erresistentzian.


PCIrentzat, grebek baieztatu zuten berak zuela lidergoa eta langileen kontrola; faxistentzat, berriz, 1943ko grebek Italian berria zen fenomeno bat utzi zuten agerian: euren arauei kontra egiten zien oposizio antolatu eta eraginkor bat


Erresistentziak zenbait lekutatik jasotzen zuen laguntza. Adibidez, Industriako langileek ekoizpen­ratioa murrizten laguntzen zuten, Alemaniako gerra-ekoizpena kaltetzeko; eta nekazariek uko egiten zioten nekazaritza-produktuak hornitzeari, eta, ahal zenean, partisanoak ezkutatzen zituzten. Gainera, Erresistentzia hegal politiko batek eta hegal militar batek osatzen zuten. Hegal politikoa tokiko Askapenerako Komiteek osatzen zuten; bigarren dibisio handiena hegal militarra zen, eta haren kideei “partisano” esaten zaie. 1944an, alderdi antifaxistak Askapenerako Komiteetan biltzea lortu zen, komite horiek zuzendaritza-organo gisa aitortuta; horrez gain, iparraldeko lantegi handietan, aldarrikapen ekonomikoen bidez, langileen grebak sustatu ziren. Langile horiek ez zeuden partisanoekin bat eginda, eta beren politizazio prozesua geldoa zen, baina erresistentziari laguntzen zioten, besteak beste, errepresio faxista indiskriminatuari erantzuteko. Era horretan lortu zen iritzi publikoaren sektore handietan eragina izatea.


Borroka horretako abangoardian komunistak egon ziren. Eta PCIk zeuzkan brigada partisanorik onenak eta handienak; “Garibaldi brigadak” deitzen ziren, haiek zuten antolakuntzarik onena, eta, nahiz eta unitateetako kide guztiak ez ziren komunistak, taldeko lidergoa koadro komunistek eraman behar zuten. Erresistentziako brigada partisanoen gutxi gorabehera erdia baziren ere, ez zeuden bakarrik mugimendu horretan, eta haien ondoan beste mugimendu antifaxista batzuk ere bazeuden, hala nola Italiako Alderdi Sozialista (PSI) eta Demokrazia Kristaua (DC).


Erresistentzian parte hartu zuten komunistak diziplinatuak eta alderdiarekin konprometituak ziren, eta Erresistentziaren kausara subordinatu beharraren jarrera ezarri zuten brigadetan. Hala eta guztiz ere, Italiako Alderdi Komunistarentzat inflexio-puntu bat zen Erresistentzia; hau da, alemaniarrak Italiatik kanporatzeko antolatutako indar nazionala ez ezik, herrialdearen egitura politikoa eta soziala birmoldatuko zuen mugimendua ere bazen. Hortaz, PCIk bi helburu zituen Erresistentzian, eta lehenengoa mugimendua osatuko zuten talde guztiekin partekatzen zuen.


PCIk zeuzkan brigada partisanorik onenak eta handienak; “Garibaldi brigadak” deitzen ziren, haiek zuten antolakuntzarik onena, eta, nahiz eta unitateetako kide guztiak ez ziren komunistak, taldeko lidergoa koadro komunistek eraman behar zuten


Lehen helburua Giltzarria izan zen lehen helburua lortzeko joera, jokaera giltzarria izan zen, batetik, antolakuntza-trebetasun eraginkorra izateagatik, eta, bestetik, lidergoagatik, ez soilik Garibaldi brigaden artean, ezpada gainontzeko talde partisanoentzako eredu gisa ere. 1944an PCIk komisario politikoaren kontzeptua ezarri zuen. Garibaldi brigadek komisario bat zuten 50 pertsonako, eta haren zeregin nagusia taldean diziplina ezinbestekoa zela barneraraztea zen. Hori lortzeko, eztabaida politiko eta irakurketa publikoak egiten zituzten behar adina orduz egunero. Komisarioen diziplina-metodoaren adibide da honako jarraibide hau: “Fabriketan, herrietan, bulegoetan edota formazio partisanoetan dauden komunistek antolatzeko eta jarduerak aurrera eramateko betebeharra daukate. Hala egiten ez badute, praktikan ez dute funtzionatuko alderdiaren barruan. Ahulezia eta diziplina eza daude komunistarik ez dagoen tokian, eta horiek indar-elementu izan daitezen antolaturik egon behar dute.” Gainera, PCIren lana bere partisano-taldearen eta alderdiaren artean koordinatzeaz arduratzen zen komisarioa. Horretarako, probintzia bakoitzean komite federalera bidaltzen zuen pertsona ikuskatzen zuen. Komite horrek probintzian zeuden banda partisanoetako nukleo guztien funtzionamendua koordinatzen zuen, eta, egon behar zuten tokietan nukleorik ez bazegoen, komisarioa arduratzen zen berehala sortzeaz.


Nabarmendu behar da komisarioaren erantzukizuna ez zela PCIren erabilera esklusiboa izan, baizik eta beste talde batzuek ideia kopiatu zutela. Hori gertatu zenean, komunistek ahalegin handia egin zuten alderdiko pertsona bana jartzeko posizio estrategiko horietan posizio estrategiko horietan jartzeko.


Nahiz eta talde partisano askok egunkariak, panfletoak eta buletinak ere kaleratu zituzten, Italiako Alderdi Komunista propagandako eta agitazioko erreferente bihurtu zen mugimenduaren barruan


Nahiz eta talde partisano askok egunkariak, panfletoak eta buletinak ere kaleratu zituzten, Italiako Alderdi Komunista propagandako eta agitazioko erreferente bihurtu zen mugimenduaren barruan. Beste talde askok baino material gehiago argitaratu zuen, eta erregulartasunez egiten zituen argitalpenak talde partisanoentzat. Argitalpenen helburu nagusia Erresistentziaren moralari eustea eta haren ideiak jakitera ematea zen. La nostra lotta agitazio panfleto bat zen, L’Unita alderdiaren eguneroko egunkaria eta La Rinascita, berriz, 1944an Togliattik mugimendu komunistaren ildo ideologikoa eratzeko sortu zuen hilabetekaria.


PCIren antolakuntza- eta lidergo-ezaugarriak berriro ere agerian gelditu ziren lehenengo Gappistiak (GAP) sortzean, eta Sappistiak (SAP) geroago. GAPak unitate klandestino txikiak ziren, hiriko sabotaje-ekintzetan, atentatu selektiboetan eta propaganda armatuan espezializatuak. SAPek, ordea, industriaren defentsan eta sabotajean oinarritutako talde zabalagoetan jarduten zuten. Haien papera erabakigarria izan zen hirietan etsaiaren gaineko presioari eusteko, nahiz eta nazien eta faxisten errepresio gogorra eragin zuen.


Antolaketa-metodoak eta berrikuntza taktikoak ezartzeaz gain, PCIk lidergoa lortu zuen industriaguneetako fabriketan. Langileak teknikoki Erresistentziaren parte ez baziren ere, Italiako Alderdi Komunistarentzat haiek ziren gerraostean Italiako gizartearen aldaketa politikoa, soziala eta ekonomikoa gauzatzen lagunduko zuen proletariotza. 1944ko martxoan, PCIk, Italiako iparraldeko Nazio Askapenerako Komitearekin (CLN) batera, greba orokor bat antolatu zuen, eta oso arrakastatsua izan zen; izan ere, PCIren antolakuntzari eta haren agitazio trebetasunari esker, jende askok eta askok parte hartu zuen hartan. Grebak Alemaniarentzako arma-ekoizpena geldiaraztea lortu zuen; gainera, faxismoaren aurrean etsaitasun handiagoa erakusteko garai baten hasiera ekarri zuen, eta bazirudien indartu egin zuela etsaia garaitzeko batera lan egiteko jarrera.


PCIk Erresistentzian parte-hartzeak arrakasta eduki zuen, 1945eko apirilaren 25ean Alemania eta faxistak garaitzeko lehen helburua bete baitzuen, baina mugimenduan parte-hartzearen bigarren helburua ez zen bete.


Norabide aldaketa


Il sarto di Ulm obran (Ulmeko sastrea), Magrik bere buruari galdetzen dio zein egunetan jaio zen Italiako Alderdi Komunista berria, eta 1944ko martxoaren 27an sortu zela erantzuten du. Egun horretan Italiara itzuli zen Togliatti, eta erabaki bat proposatu zien bere alderdiari eta antifaxistei. Erabaki horri Salernoko biraketa esaten zaio (svolta di Salerno): PCIk erabaki zuen gobernuan sartzea Nazio Askapenerako Komitea osatzen zuten beste bost alderdiekin.


Togliatti iritsi zenean, askatu beharreko bi korapilo zeuden. Alde batetik, zein izaera eta helburu eduki behar zituen indarrean zegoen gerrak; bestetik, zein aliantza lortu behar ziren ahalik eta bultzada handiena lortzeko. Gertakizunen aurrean zain egotearen jarrera hausten saiatzea zen asmoa. Ematen zuen gerra amaitzear zegoela, baina zer esan nahi zuen horrek? Zer irtenbide aurreikusi, eta zer eraiki gerraosterako? Togliatti korapiloa errotik askatzera etorri zen. Une horretan, paralizatzeko arriskuan zeuden indar antifaxistak, iparraldeko eta hegoaldeko indarren artean zeuden desberdintasunengatik. Lehen desadostasuna monarkiarekin eta Badogliorekin izan beharreko harremanari buruzkoa zen, Aliatuek legitimatu egin baitzituzten, eta  haiekin kolaboratzen baitzuten okupatutako eremuetan. Alderdi antifaxistek, hegoaldekoek zein iparraldekoek, gaitzetsi egiten zuten kolaborazioa legitimatzea, eta uko egiten zioten bandera haren pean borroka egiteari. Baina ezkerreko alderdiek errepublikaren aukera bete zedin eskatzen zuten, eta gobernu alternatibo bat era zedin Nazio Askapenerako Komitean oinarrituta. Horretarako, erregea abdikatzera behartu beharko zen, gobernuburu berri bat edukiko zuen gobernu berri bat osatzeko. PCIk berak eztabaida bizia zuen, denek baztertzen zuten Badoglioren gobernuarekin itun bat egitea, baina Erroman finkatutako buruzagi-taldeak lehentasunezkotzat jotzen zuen eztabaida hori, eta Milango taldeak, ordea, iradokitzen zuen ez zela denbora gehiegi galdu behar, eta eztabaida praktikan ebatzi behar zela, baina Erresistentzia armatuaren garapena zela lehentasuna.


Handik gutxira, Togliattik esku hartu zuen, eta proposatu zuen herrialdeak errepublika ala monarkia izan behar ote zuen eztabaida gerra amaitu arte atzeratzea, eta erabakia erreferendum baten bidez hartzea. Horrela, Badogliok gobernuburua izaten jarraitu ahal izango zuen bi baldintzarekin. Lehenengoa, indar antifaxistak gobernu taldean sartzea, eta alemaniarrak eta faxistak seriotasunez borrokatzeko konpromisoa hartzea. Bigarren baldintza zen Italiaren zatirik handiena alemaniarren okupaziotik aliatuek askatu baino lehen askatu behar izatea.


Ematen zuen gerra amaitzear zegoela, baina zer esan nahi zuen horrek? Zer irtenbide aurreikusi, eta zer eraiki gerraosterako? Togliatti korapiloa errotik askatzera etorri zen


Togliatti itzuli baino bi aste lehenago, SEBSek formalki iragarri zuen ontzat ematen zuela Badoglioren gobernua. Horri Togliattiren autoritatea gehitu behar zitzaion, zeina itzal handiko pertsona eta PCIko buruzagi eztabaidaezina baitzen. Gainera, Stalinek, Stalingradeko garaipenaren ondoren eta armada sobietarrak aurrera zihoazela, ospe handia zuen, eta ez bakarrik komunisten artean. Horrek guztiak lagundu zuen proposamena laster onar zezaten denek; izan ere, benetako konpromisoa zen eta, aldi berean, borroka armatuari bultzada emateko modu bat. Gainera, matxinada-esparru horretan guztion ahalegina eskatzen zen, baina aldi berean, bermatzen zen etorkizunean lehiarako espazio bat egongo zela. Alderdiaren lankidetzari esker, Nazio Askapenerako Komiteak (CLN) gobernura sartzea lortu zuen, eta komunistek karguak izan zituzten ondorengo gobernu taldeetan, baina denbora gutxirako.


Dena den, bazen beste arrisku bat Togliattik bere etorreran aurre egin behar izan ziona. Gerraosterako aukera taktiko eta estrategiko bat zehaztu behar zuen. Horrek bete-betean eragiten zien Erresistentzian inplikatutako norbanakoei eta antolakundeei. Grebak antolatzen ari ziren pertsonak, mendian borrokatzen zirenak eta abar ez ziren konformatzen faxismoaren aurretik zeuden instituzioak berrezartzearekin bakarrik; aitzitik, herriak kontrolatu ahal izango zuen demokrazia ireki bat nahi zuten, edota, kasu askotan, gizartea berehala eraldatzen hasi. Hortaz, kontuan hartuta Italiak nazioartean zuen posizioa eta Italian bertan zeuden indar-harremanak, nola eta noiz bete zitezkeen helburu horiek?


Togliattik Salernoko biraketari eman zion Italiako komunismoa birsortzearen abiapuntua, eta estrategia berria prestatu zuen


Togliattik Salernoko biraketari eman zion Italiako komunismoa birsortzearen abiapuntua, eta estrategia berria prestatu zuen. Magrik dioen moduan, Errepublika demokratiko eta alderdianiztun bat sortzeko aukera onartu behar zen, adierazpen, prentsa eta erlijio askatasunak erabat bermatuko zituena. Errepublika horrek, aldi berean, carta magna dokumentutik hasita, erreforma sozial sakonen programa bat bideratuko zuen, eta langileek eta haien antolakundeek etengabeko parte hartuko zuten bertan, haiek bermatuko baitzuten independentzia nazionala, eta gerra eta potentzien artean blokeak eratzea gaitzetsiko zituzten. Bide hori egin ahal izateko, alderdi berri bat behar zen, masa-alderdi bat, ez bakarrik zenbakizko zentzuan, baizik eta programa batekiko atxikimenduan oinarritzen zena, ez ideologia batean, eta propaganda egiteko ez ezik politika egiteko ere gai zena.


Honela adierazi zuen Togliattik “Alderdi Berriaren” esanahia 1944an, Erroman eman zuen hitzaldian: “Alderdi berri bat, batez ere, langileen eta herriaren alderdi bat da; ez du mugatu behar kritika eta propaganda egitera, baizik eta herrialdearen bizitzan esku hartu behar du haren berezko jardun positibo eta eraikitzailearen bidez. Jardun hori fabrika- eta herri-sektoreetan hasten da, eta Komite Zentralak eta langile-klasea Gobernuan ordezkatzeko aukeratzen ditugun pertsonei hura zabaltzea dagokie. Argi dago, hortaz, alderdi berri bati buruz ari garenean, batez ere, politika nazionalaren arazoei dagokienez, bere politiketan, antolaketan eta eguneroko jardunean langile-klasearen posizioan gertatu den aldaketa sakona islatzeko gai den alderdi bati buruz ari garela.”


Goietatik erortzea: PCI gerraostean


1945eko apirilean nazi-faxistek porrot egindakoan, milaka partisano armatu zeuden, eta iparraldeko lurraldeak kontrolatzen zituzten. Orduan piztu zen galdera: partisanoek armak entregatu, eta gobernu berriaren menpe utzi behar zituzten ala gorde egin behar zituzten eraldaketa iraultzaile baterako berme gisa? Togliattik berak hartu zuen parte milizia partisanoaren armagabetzean, eta, Keith Loweren esanetan, pertsonalki bisitatu zituen herrialdeko eremu indiziplinatuenak, PCIko tokiko eta probintziako buruzagiei eskatzeko beren afiliatuak hobeto kontrola zitzaten, eta ziurta zezaten ez zela erailketa gehiagorik izango. Frantziako Alderdi Komunistako Maurize Thorez agintariak egin zuen bezala, Togliattik argi utzi zuen: “Batasun nazionalari eutsi behar diogu, gure ondasunik preziatuena baita.”


PCIren antolaketarako gaitasuna izugarria zen, ezbairik gabe Mendebalde osoko handiena, 1946an bi milioi kide baitzituen; paradoxikoki, ordea, gaitasun hori ez zen neurri bereko hauteskunde-indar bihurtu


Armak entregatuta eta iraultza eszenatokik kanpo, PCIk bi helburu izan zituen politikoki bazterturik ez geratzeko: lehena, Italiako sozialistekin ekintza batasuna lortzea; bigarrena, Demokrazia Kristaua alderdiarekin elkar ulertzea, Italia alderdi komunistarekin eta alderdi sozialistarekin batera gobernatzeaz konbentzitzeko.


PCI ez zen alderdi ahula. Hogei urtez indarkeria faxista jasan ondoren, ospe handia eskuratu zuen Erresistentzian, eta industria-langileen artean ere babes handia lortu zuen. Hori lurraldetasunean eta militante kopuruan frogatu zen: alderdia etengabe hazten hasi zen bai antolaketaren ikuspuntutik, Italiako hiri guztietan garatu baitzen azkar, eta bai kopuruaren aldetik ere, 1.100.000 kide baitzituen 1945ean. Indar nabarmena zuen iparraldeko langile-hirietan, eta etengabe ari zen hazten hegoaldean; horrela, alderdi berriaren kontsigna errealitate bihurtu zen oso denbora laburrean eta aurreikusitakoa baino emaitza hobearekin.


PCIren antolaketarako gaitasuna izugarria zen, ezbairik gabe Mendebalde osoko handiena, 1946an bi milioi kide baitzituen; paradoxikoki, ordea, gaitasun hori ez zen neurri bereko hauteskunde-indar bihurtu. 1946ko Italiako hauteskunde orokorretan eta urte bereko Italiako erreferendum instituzionalean parte hartu zuen, errepublikaren aldeko kanpaina eginez. PCI hirugarren geratu zen, Demokrazia Kristauaren (DC) eta Italiako Alderdi Sozialistaren (PSI) atzetik. 4.356.686 boto lortu zituen (ia %19), Italiako Batzar Konstituziogileko 104 kide aukeratzeko moduan. Errepublikak monarkia ordezkatzea ekarri zuen herri erreferendumaren emaitzak, errepublikak botoen %54 lortu ondoren.


PCIren, PSIren eta DCren arteko lankidetzak ez zuen luze iraun gobernuan. Gerra Hotzaren hasierak erabat aldatu zuen nazioarteko oreka. 1947an, Estatu Batuek Marshall plana bultzatu zuten Europa berreraikitzeko, herrialde onuradunek boterean komunistarik ez izateko baldintzapean. Horrek kanpoko presio handia eragin zuen Italian; izan ere, PCIk harreman estua zuen Sobietar Batasunarekin. DCk testuinguru hori baliatu zuen 1947ko maiatzean PCI eta PSI gobernutik kanporatzeko eta Italia Mendebaldeko blokearekin behin betiko lerrokatzeko.


Barne-mailan, PCIren eta langile-mugimenduaren indar gero eta handiagoak beldurtu egiten zituen sektore kontserbadoreak, enpresa-erakundeak eta elizakoak. DCk polarizazio hori baliatu zuen PCI ordena demokratikorako mehatxu gisa aurkezteko, eta 1948ko hauteskundeetarako giroa prestatu zuen. DCk irabazi zituen hauteskundeak, AEBren eta Vatikanoaren babes handiarekin. PCI ez zen inoiz Italiako Gobernura itzuli.


Togliattik eta Gramscik 1919an honako hau idatzi zuten Langile Demokrazia testuaren hasieran: “Egun, premiazko arazo bati egin behar dio aurre langile klaseak eta klase horren kontzientzia kritikoa eta aktiboa ordezkatzen duen alderdiari dagokion ardura historikoaren zentzu bizia duen edozein sozialistak. Nola menderatu gerrak abiarazitako indar ikaragarriak? Nola ordenatu, nola eman forma politiko egokia, eraketa politiko horrek bere baitan normaltasunez garatzeko eta etengabe integratzeko gaitasuna izan dezan, harik eta proletariotzaren diktadura hezurmamituko duen Estatu sozialistaren egitura bihurtu arte?”


Ezin dugu jakin Gramscik zer erabaki bultzatuko zituzkeen, baina egitate bat da Salernoko biraketa onartzea iraultza sozialistari uko egitea izan zela, eta hurrengo bi hamarkadetan, Togliattiren gidaritzapean, PCIk sozialismoranzko bide italiarrean emandako lehen urratsa.


BIBLIOGRAFIA

Magri Magri, L (2011). El sastre de Ulm: El comunismo del siglo XX. Hechos y reflexiones.

Marchini, Aldo U. (1966). The Italian Communist Party 1921-1964: A profile.

Togliatti, P (1944). The political situation in Italy.

Tosi, Adele K. (1976). The PCI Resurgent: 1943-1945.