ARGAZKIA / Manubeltz
Gerizeti Zubiaurre
2024/06/05

Hauteskunde-kanpaina da sozialdemokraziak hiritarrekin komunikatzeko erabiltzen duen momentu gorena.

Badakigu, dagoeneko, nola funtzionatzen duten hauteskunde-kanpainek. Nola ez dugu ba jakingo? Azkenengo uztailetik hona, hiru hauteskunde izan ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan: Espainiako gobernukoak, Euskal Autonomia Erkidegokoak, eta, azkenik, Europar Batasunekoak. Bai, ez digute jakitea beste aukerarik ematen. Bonbardeatuak izan gara behin eta berriro haien mitin, hauteskunde spot eta gutunekin. Urtebete daramagu sozialdemokraziaren propaganda kanpainan murgilduak, etengabeko zirku elektoral baten ikusle izatera behartuak. Azken hilabeteetean, EAJk gazteon bozka irabazteko Minecraft-ekin egin zuen saiakera tristea eta Irene Monteroren bizitza akademikoa tarteko, absentzioaren aurka borrokan ibili dira bai ezkerreko zein eskuineko alderdi instituzionalak, ikusi baitute gero eta ohikoagoa dela abstentzioa proletalgoaren artean, eta agerian geratu da beste behin ez direla horretarako ere gai izan. Europar Batasuneko hauteskundeetan, hamaika herrialdek bakarrik gainditu dute parte hartzearen %50.

Honez gain, interesgarria litzateke alderdi instituzionalen diskurtsoak hauteskundeen arabera nola aldatzen diren aztertzea. Ez dago gehiegi begiratu beharrik; spot erridikuluetatik gerra-hotsera igaro gara apiriletik hona, gero eta argiagoa den krisi kapitalistaren kontestu batean: Israelgo estatu genozidak palestinarrak sarraskitzen dabilen bitartean, zentro inperialistatik gero eta hurbilago nabaritzen diren gerra-danbor hotsen artean, Europar Gobernuko hauteskundeetan propaganda belikoa erabili dute inongo lotsarik gabe Europar Batasuneko zenbait herrialdek, proletalgoaren masa zabalak gero eta posibleagoa den gatazka masibo baterako prestatzeko. Espainiako alderdi ezkertiarrek, Europara begira, antifaxismo tristeenaren bandera igo dute zerura, berriro ere garbi utziz horrek ez duela inolako efektibitate errealik botoa lortzerako orduan edota faxismoari benetan aurre egiteko unean. Klase ertain gero eta txikiagoarengana doaz ate joka, jakin badakitelako ez daukatela benetako gaitasunik proletalgoaren bizi baldintzak eraldatzeko. Hori gutxi balitz ere, ezkerrenekoak omen diren alderdiek ere asko deskafeinatu dute beren diskurtsoa. EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetara begira aukeratu zuen lehendakarigaia ikusi besterik ez da egin behar, Peio Otxandiano edota, bestela, Yolanda Díaz, maitasun eta zoriontasun hitz hutsalak erabiltzen bere mitinetan, eduki zezaketen esanahai guztia kenduz, milaka langileen miseriaren aurrean irribarreak saldu nahian. Ehunka ikasle Espainiako Estatuko zenbait unibertsitatetan akanpadak antolatzen ari diren bitartean, Palestinar Estatua aitortu du gobernu espainiarrak teorian, baina Israelekin dituen harremanak mozteko inolako intentziorik gabe. Alderdiaren base sozialaren araberako zein hauteskunde ezberdinetarako dituzten beharren araberako diskurtsoaren aldaerek agerian uzten dute zein den sozialdemokraziaren papera, nola diren haien balizko idealak saltzeko gai kapitalismoaren interesen defentsarik sutsuenean. Pentsa liteke munduko gobernu progresistena omen duen herrialde batean, ezberdintasun ekonomiko zein sozialak gutxitu egingo zirela, baina ez da egon sumatu daitekeen aldaketarik gure ingurukoen bizitzetan.

Bai estatuko gobernurako zein EAErako egindako kanpainek ez dute izan Europar hauteskundeetako kanpainak izan duen seriotasuna. Sumar alderdiak, adibidez, Tik-Tok lotsagarrien bidez bilatu du gazteongana hurbiltzea, edozein enpresak egingo lukeen modura, gazteok erabiltzen dugun hizkuntza baliatuz beren partidua saltzeko, dagoeneko hori besterik ez dute-eta egiten: haien produktua Podemosena, PSOErena edo beste edozeinena baino hobea dela azaleratzen saiatzea. Eraldaketa errealak gauzatzeko ezintasunak ez die beste aukerarik uzten, eta sare sozialek orain politika instituzionalean jokatzen duten papera baliatu behar dute. Ez da horrelako zeozer egiten duten aldia: duela ez hainbeste, Espainiako kongresuan bilatzen zuten birala egiteko moduko bideoa. Pablo Iglesiasek, Gabriel Rufiánek eta Aitor Estebanek, eta baita Oskar Matutek ere, beren interbentzioa Twiterren biralizatzea zuten helburu, bakoitzak bere estiloan. Orain, garaiekin batera aldatuz, Tik-Tokera egin dute salto, zuten seriotasun apurra bidean zehar galduta. Ez nabil sare sozialak erabili behar ez direnik esaten. Argi dago milaka pertsonarengana heltzeko biderik errazena direla, eta horretarako erreminta moduan ulertu behar ditugu sare sozialak, agitazio politikorako bide gisa. Arazoa ez da hori.

Guk, ordea, beti argi jokatu behar dugu, eman nahi dugun itxura zein den jakinda eta horren alde jokatuz, gure diskurtsoan tinko mantenduz eta ulertaraziz, ahal den heinean behintzat, zeintzuk diren gure ideaiak, eta, batez ere, zein den gure norabidea. Hori plazaratzeko mila modu daude, mila artikulu eta Twitter-hari, baina hau dena argi geratzeko modu onenetarikoa gure jarduna da (komunikazioari duen garrantzia kendu gabe, noski). Azkenean, faxismoa geldituko dutela zin egiten digute urtetik urtera, alokairuen prezioetan eskua sartu eta miseriatik aterako gaituztela, etxegabetxeak magia baliatuz desagerraraziko dituztela eta abar; inora ez doazen promesak, edonola ere. Nik ordea, faxistak Soraluzetik botatzen ikusten ditudanak, etxegabetxeen aurrean gorputza jartzen ikusten ditudanak, Palestinako erresistentziaren alde beldurrik gabe agertzen ikusten ditudanak, beti dira komunistak. Hemen geratzen da agerian gu garena, egin behar dena egiteko gaitasun eta konpromisoa daukagula, gure bizitza bera dela gure kanpaina elektoral amaigabea, aurrera jarraituz gure konbikzioetan tinko, gure jardun politikoa beti doalako hautetsontzi bat baino haratago, inoiz ez dugulako parlamentuarekin nahikorik izango, dena nahi dugulako.

EZ DAGO IRUZKINIK