1871ko martxoaren 26an Frantziako burgesiaren buru gainean zintzilik zegoen Damoklesen ezpata. Erorialdi poetiko horren zoriari hari gorri mehar batek baino ez zion eusten, zeinak amorruz eman zuen amore 1848tik saihestezina zirudien patuaren aurrean. Ezpataren ahoak arrakala ireki zuen hitz emandako askatasuna betetzeko gai ez zen sistema berriaren erreprodukzio-logikaren ibileran, eta munduko leku guztietan jarri zituen dardarka burgesiaren zimenduak: historia egin zen. Ezpataren zorrotza Hôtel de Ville-n iltzatuta geratu eta Frantzian klase jabedunen boterea kikildu bazuen ere, mundu kosifikatu osoaren harremanak ez ziren salbuetsita egon. Estatua, Eliza eta jabetza pribatua bezalako instituzioek ebaki historikoa jasan zuten, proletalgo paristarrak bere bizitzaren agintea heroikoki hartzearekin batera. Karl Marxen arabera, garrantzia unibertsaleko unea eman zion Parisko Komunak historiari, ez gizartearen baitan zegoen lege bat mundura iritsi balitz bezala, ziklo itsu bateko haustura gisa baizik. Estreinako aldiz, kapitalismoari berezkoak zaizkion legeak hautsi ziren, lanaren eta Kapitalaren arteko kontraesana azken muturreraino eramanez. 1848an proletalgoa klase gisa nolabaiteko independentzia politikoz baina programa iraultzaile bereizirik gabe aritu bazen, 1871n langileriaren eta gizarte kapitalistaren ukazioa adierazten zuen oihu bilakatu zen Komuna. Justizia eta askatasun grinak bultzatuta, erlojuei tiro egin zieten sinbolikoki, proletalgoaren gobernuarekin Kapitalaren substantzia ezeztatuta geratu zela irudikatzeko.
Horregatik, proletalgoaren gidaritzapeko lehen esperientzia iraultzaile autokontzienteen artean kokatu izan da Komuna, formazio sozial modernoko menperatuen historian mugarri bat ezarri zuena. Frantziako botere burgesaren pitzaduren eta grina emantzipatzailearen ondorioz, antolakuntza independentean eskarmentu handirik gabeko proletalgoa egun batetik bestera klase boterea egikaritzera eraman zuen koiuntura historikoak, paradigmaren mugekin eta klase-etsaiaren kanoiekin topo eginez. Une historikoari berezkoak zitzaizkion baldintzapenen identifikazio kritikoak XX. mendeko mugimendu iraultzailearen forma determinatuko zuen, boterearen eta Estatuaren teoria sozialista gorpuztuz. Haurtzaro ekonomikotik eta fase enbrionario politikotik igarotzen ari zen subjektu historikoak esperientzia mingotsak bizi eta handik ikaspenak atera beharko zituen boterera heltzeko estrategia iraultzaile aproposaren zehaztapenera jo aurretik. 1871koa izango zen bidaia luze horren lehen geltokia.
Une historikoari berezkoak zitzaizkion baldintzapenen identifikazio kritikoak XX. mendeko mugimendu iraultzailearen forma determinatuko zuen, boterearen eta Estatuaren teoria sozialista gorpuztuz
GARAIAREN ALABA
Parisko Komuna eta horren aurreko urteak klase borrokaren intentsitate biziko uneak izan ziren, nazioartean, Frantzian zein gobernuan zegoen Napoleon III.aren exekutiboaren barruan. Nazioarteko mailari dagokionez, bi potentzia inperial zeuden aurrez aurre: Frantziako II. Inperioa eta Prusia. Bi-biak ari ziren Europa mailako hegemonia kontinentala lortzeko borrokan, eta une jakin batean, plaka tektoniko geopolitikoak higatzen hasi zirenean, euren arteko botere-orekak pitzadura jasan zuen, lurrikara eraginez. Hala, gerra franko-prusiarrak eztanda egin zuen 1870ean, Alemaniak Prusiaren gidaritzapean bere erreinuak batu eta nazio-estatu moderno bilakatzeko apustua egin bezain pronto. Maniobra horrek Frantziaren nagusitasuna zuzenean mehatxatzen zuenez, potentziek frontera eraman zituzten euren antagonismoak. Gudak urtebete baino ez zuen iraun, eta Prusiarena izan zen garaipen bizkorra. Sedango batailak behin betiko ebatzi zuen inperioaren zori belikoa, eta horrekin batera, Napoleon dinastiaren amaiera. Horren berehalako emaitza Prusiak Frantzia militarki okupatzea izan zen, Parisko Komunaren garra pizteko txingarrak utziz.
Garaiko antagonismoei gertuagotik erreparatuz gero, ikus daitezke Frantzian 1789tik aurrera zabaldu zen matxidana-paradigmaren ondorioak, eferbeszentzia iraultzaile bizian. Sozialistak, anarkistak eta errepublikazale erradikalak barne-arrisku zuzena ziren Napoleon III.aren atzean gordeta zegoen ordena burges berri ezegonkorrarentzat. Hiriburuko politika erradikalek baldintzatzen zuten, gerra zibila pizteko mehatxu etengabearekin. Izatez, urte batzuk lehenago, 1848an, proletalgoak eta burgesia txiki erradikalizatuak II. Errepublikari oin emango zion altxamendua bultzatu zuten. «Uholdeak iraultzak bezalakoak dira, bata zein bestea bere norabidera eraman behar dira, handik gehiago irten ez daitezen», ohartarazi zuen enperadoreak 1856an, Rodano ibaiaren uholdeetan izan ziren kalteen harira (1). Zentzu horretan, argia zen klase agintariaren jarrera iraultzari zegokionez: erregimen zaharra eta ekoizpen harreman feudalak desegiteko balio izan zuen, burgesia boterera eramateko, funtsean. Harago zihoan saiakera emantzipatzaile oro bortizki zapaldua izango zen. Propagandarako, inprimatzeko nahiz elkartzeko proletalgoaren askatasunak, adibidez, etengabe erasotuak ziren II. Inperioaren ilunabarrean. Hala ere, errepresioak ez zuen ekidin klase zapaldu berriaren kontzientzia propioak antolakuntzaren esparruan lehen fruituak ematea. 1864ko irailaren 28an Lehen Internazionala osatu zen, eta desjabetuen nazioarteko aliantzak ondoko aldarrikapena zabaldu zuen lau haizetara: «Langileen emantzipazioak langileen afera behar du izan» (2). Erroko eraldaketak aldarrikatzen zituztenak oraindik zirkulu minoritarioetan tolestuta zeuden arren, apurka-apurka langile mugimenduan sustraiak botatzen hasiko ziren. 1866an Genevan (Suitza) egin zuten lehen Kongresu Orokorra, hainbat herrialdetako sindikatuen zein langile antolakundeen babesarekin, horien artean, Frantziakoak.
Zentzu horretan, argia zen klase agintariaren jarrera iraultzari zegokionez: erregimen zaharra eta ekoizpen harreman feudalak desegiteko balio izan zuen, burgesia boterera eramateko, funtsean. Harago zihoan saiakera emantzipatzaile oro bortizki zapaldua izango zen
Lehen Internazionalaren atal paristarraz gain, burgesiarekiko independenteak ziren beste hainbat instituzio proletario ere loratu ziren argien hirian, hala nola, sindikatuak, kooperatibak eta langileen klubak. Suzko armak, gainera, behe-klaseen eskuetan ere bazeuden, Guardia Nazionaleko milizia herrikoietan sartuta. Laugarren Estatua, beraz, indar determinante bilakatu zen 1871ko Frantzian. Gauzak horrela, zentzu osoa bilatuko diegu aurrerago Friedrich Engelsen hitzoi: «Thiers, gobernuburu berria, armak Parisko langileen eskuetan zeuden bitartean, klase jabedunen dominazioa etengabeko arriskuan zegoela konturatu zen. Haiek armagabetzea izan zen egin zuen lehen gauza» (3).
Frantziako II. Inperioaren Estatu Nagusia ere barrutik irakiten zegoen presio-eltze bat zen, abenturazaletasun inperialistak porrot militarrak ekarri baitzituen, bata bestearen atzetik. Jeneral nazionalisten gerrazalekeriak eta kosta ahala kosta lurraldeak konkistatzeko beharrak indarren kalkulu desegokia egitera eta kanpaina antzuetan murgiltzera eraman zituen maiz, dekadentzia fasean dauden inperioetan ohikoa den bezala. 1861etik 1867raino luzatu zen Mexikoko bigarren espedizioan, adibidez, AEBen eragina ertamerikara zabaldu zedin ekiditea eta Frantziaren gailentasuna sendotzea izan zuten helburu. Emaitza kontrakoa izan zen, ordea, errepublikazale mexikarrek gerrilla taktiken bidez gogor aurre egin baitzioten inbasioari. Kanpaina luzatu ahala, Mexikoren gaineko kontrolak interesa galdu zuen Napoleon III.arentzat, eta lortu zuten bakarra Prusiaren aurkako gudura ahulduta heltzea izan zen.
OHOREA ETA AGONIA
Gerrako porrotak botere hutsunea eragin zuen burgesia nazionalaren konfigurazioan. 1870eko irailaren lehen egunetan inperioa jausi eta Adolphe Thiersen gidaritzapeko Errepublika aldarrikatu zen. Bien bitartean, Otto Von Bismarcken gudaroste prusiarrak hiriburua setiatzen zuen aldirietatik. Salbuespeneko egoera horren erdian, aparatu legegile zaharrak Defentsa Nazionalerako behin-behineko gobernua osatzea onartu zuten paristarrek, Versallesen gotortuko zena. Hori bai, prusiarren sarrera kosta ahala kosta saihestu nahi zuten masek Guardia Nazionalean izena eman eta armak hartu zituzten, zer gerta ere. Ondorioz, uniformez jantzitako milaka langile bihurtu ziren Parisko indar armatu eraginkor bakarra. Burgesiak ez zuen atsegin indarraren monopolioa bere klase etsaiaren ardurapean egotea. Gainera, Defentsa Nazionalerako Gobernua ez zen inbasioari aurre egiteko gai, indar okupatzaileek gero eta gehiago estutzen baitzituzten defentsak, klase baxuenak kaltetuz. Errealitateak gezurtatu egiten zuen Thiers eta enparauek euren gazteluetatik promestutako babesa, Defentsa Nazionalerako Gobernuari izena eta zilegitasuna ematen zizkion arrazoi bakarra, alegia. Egoera hauskor horrek ez zuen gehiegi iraun, eta exekutibo iruzurtiaren gaitasun ezak proletalgo armatua lema hartzera bultzatu zuen. 1870eko urriaren 31n langilez osatutako batailoiek Hôtel de Ville hartu eta gobernuko hainbat kide atxilotu zituzten. Gerra zibila ekiditea izan zen horiek ez zigortzeko arrazoi bakarra.
1871ko urtarrilaren 28an eraitsi zituzten prusiarrek Parisko azken defentsak. Guardia Nazionalak su-etena sinatu zuen okupatzaileekin, Alsazia eta Lorenako lurraldeak galtzea eta kalte-ordainak ematea onartuz. Dena den, tropak ez ziren hiriburuaren bihotzeraino sartu, badaezpada ere. Alemaniarrek iparraldeko zein ekialdeko fortifikazioak baino ez zituzten hartu, eta zelatan zegoen indar armatua proletalgo paristarra zen. Atzerago esan bezala, Frantziako gobernu burges oilobustiak ez zuen begi onez ikusten hiriburuaren gaineko kontrola galtzea, eta bere izaerari ohore eginez, 1871ko martxoaren 18ko ordu txikietan proletalgo paristarrak bere izerdi-odolez ordaindutako kanoi publikoak lapurtzeko agindua igorri zen Versallestik; Guardia Nazionaleko milizianoek prusiarren 131 eguneko erasoaldiari heroikoki eusteko izan zuten berme bakarra ezgaien atzaparretan jausi zedin. Orduan bai, proletalgoari ez zion dardara egin pultsuak: goizerako, indar armatu erreakzionarioen azpijokoa deuseztatu eta gerra deklaratu zion Frantziako Gobernuari. Ondorioz, soilik bere burua defendatzeko gai zen Defentsa Nazionalerako Gobernu hark Parisen geratzen zitzaion ospe apurra xahutu, eta berehala ezarri zen Komuna, proletalgoaren diktadura.
Martxoaren 28an aldarrikatu zuten, prozesu eratzailea gauzatu eta bi egunera. Boterea eskuratu, arduradunak izendatu eta lege iraultzailea dekretuz dekretu osatzeari ekin zioten beharginek. Komunaren gobernantzarako organo zentral gisa, 92 kidez osatutako Kontseilu Komunala eratu zen, hainbat sektoretako eskulangileen, ogibide liberaldunen, burges txikien eta politikari iraultzaileen parte-hartzearekin. Horiek guztiek, gainera, korronte anitzetako kideak biltzen zituzten. Baziren errepublikazale erradikalak, sozialista proudhonzaleak, komunistak, anarkistak, blankistak... Nahaspila ideologikoak ekintza batasuna zailtzen zuen maiz, eta estrategiaren zehaztapenerako eztabaidek luze jo zezaketen egoera korapilatsuenen erdian. Dena den, oinarrizko zerbitzu publikoei eusteko antolakuntza eraginkorra bultzatzen (4), minimoen programa bat zehazten eta horretarako beharrezkoa zen lanaren banaketa sistematizatzen (5) asmatu zuten nolabait.
Boterea eskuratu, arduradunak izendatu eta lege iraultzailea dekretuz dekretu osatzeari ekin zioten beharginek
Ezer baino lehen, ordura arte botere erreala egikaritu zuen Guardia Nazionaleko Batzorde Zentrala Komuna besarkatuz desegin zen. Aldi berean, komuneroek derrigorrezko zerbitzu militarra eta armada iraunkorra abolitu zituzten martxoaren 30ean, eta horren ordez, milizianoen Guardia Nazionala eratu zen. Egun berean premiazko neurri ekonomikoak hartzea ere ebatzi zuten, hala nola, etxebizitzen alokairuen kostuak barkatzea edota langileei bahitutako objektuen salmenta etetea. Hurrengo egunean, berriz, funtzionarioen gehienezko soldata finkatu zuten. Apirilaren 2an Eliza eta Estatuaren arteko banaketa gauzatu zuten, erakunde erlijiosoari diru-laguntza guztiak kenduta, hezkuntza esparruan zuen eragina erauzita eta jabetzan zituen ondasun guztiak nazionalizatuta. Hilaren 6an herriaren aurrean erre zuten gillotina, izu burgesaren gainbehera irudikatu asmoz. Aurrerago, apirilaren 16an, burgesiak abandonatutako lantegi guztien errolda egin zuten, ekoizpen-jarduera langileen agindupean berrezartzeko. Administrazio proletarioko kooperatiba horien arteko batasuna antolatzeko asmoa ere azaldu zuten, ondoren gauzatzeke geratuko zen arren. Okinen gaueko lana eta enplegu-bulegoen abolizioa xedatu zuten apirilaren 20an, enpleguaren afera Komunaren barrutietako udal gobernuei esleituta. Hilaren amaieran bahitura-etxeen itxiera agindu zuten, «langileen esplotazio pribatua sustatu eta horiek kreditu zein lan-tresnen jabe izateko duten eskubidearekin lehian daudela» (6) argudiatuta. Instituzio, harreman sozial zein forma juridiko atzerakoiak ez ezik, burgesiaren eta aristokraziaren aginduz eraikiak izan ziren hainbat monumentu fisikoki ere suntsitu zituzten komuneroek, Vendôme plazako Garaipenaren Zutabe napoleonikoa, Luis XVI.aren kapera edota Thiersen etxea kasu.
Setiatuta eta apirilaren 2tik Frantziako gobernuaren bonbardaketen eraginpean zeudenez, fronteko egoerak zuzenean baldintzatu zuen dekretuen garapena eta erabaki politikoen norabidea. Zentzu horretan, Komunak Versallesko gobernuak berrindartutako gudarosteari aurre egitera bideratu behar izan zituen indar gehienak maiatzetik aurrera. Apirilean versallestarren hainbat ofentsiba uxatzea lortu zuten arren, Prusiak Sedan eta Metzeko guduetan atzemandako gerrako presoak itzuli zizkion Thiersi, hark Komuna zapaltzera bidal zitzan. Ustezko arerioaren konplizitatearekin, indar errepublikarrek gailentasun militar nabarmena irabazi zuten. Ordutik, fronteko indar-korrelazio militarra bere alde jarri zela ikusita, Thiersek uko egin zien negoziazioei. Saiakera ezagunena komuneroek preso zituzten hainbat elizgizon Auguste Blanqui buruzagi iraultzailearengatik trukatzearena izan zen, baina Versallesek uko egin zion eskaintzari (7). Erabateko garaipenaren bila bidaliko zituzten erreakzioaren indarrak.
Setiatuta eta apirilaren 2tik Frantziako gobernuaren bonbardaketen eraginpean zeudenez, fronteko egoerak zuzenean baldintzatu zuen dekretuen garapena eta erabaki politikoen norabidea
Thiersek gidatutako gizonak hegoaldeko frontetik hasi ziren aurrera egiten maiatzeko lehen egunetan, gotorleku estrategikoak neutralizatuz. Mendebaldetik, berriz, eraikinak eta herrixkak konkistatu zituzten apurka-apurka, harresien parera iritsi ziren arte. Maiatzaren 21ean lortu zuten atea haustea eta hirigunera sartzea. Mendebaldeko auzo aberatsetako bizilagunek besoak zabalik jaso zituzten soldadu errepublikarrak. Aurrera egin ahala, erresistentzia gogorrarekin egin zuten topo auzo proletarioetan. Hori bai, erantzun militarra erabat kaotikoa eta inprobisatua izan zen, ez baitzion plan estrategiko bati erantzuten, ez eta diziplina jakin bati. Olivier Lissagarayren arabera, «lurrunak ehun zulotik ihes egiten duen makina baten galdara bezalakoa» izan zen defentsa (8). Bien bitartean, komunikazio, antolakuntza zein hornidura egokiak zituen gudaroste iraunkorra hegal guztietatik ari zen irabazten. Ipar zein ekialdeko gotorlekuak okupatzen zituzten prusiarrek iparraldetik sartzen utzi zieten Versallesko tropei, Guardia Nazionalarekin su-etenean sinatutakoa hautsita. Etsaiaren maniobra horrek ustekabean harrapatu zuen Komuna, Prusiaren hitzaz fidatuta, eta defentsak prestatu gabe zituela. Behin proletalgoaren azken lubakiak eraitsita, izu burgesa egin zen Parisen jabe. Errepresioak milaka hildako utzi zituen; emakume, gizon zein haur armagabetuen aurkako sarraski itzela egin zuen armada errepublikarrak. Heriotzetik ihes egitea lortu zutenek erbestera jo behar izan zuten. Balen azpian erori ez ziren beste asko, aldiz, etsaiak atzeman eta giltzapetu zituen.
Erantzun militarra erabat kaotikoa eta inprobisatua izan zen, ez baitzion plan estrategiko bati erantzuten, ez eta diziplina jakin bati
FORMA POLITIKOA, HELBURUAK
Porrotak porrot, esperientzia horrek eduki praktikoz bete zuen 1848an aldarrikatutako proletalgoaren diktaduraren ideia iraultzaile zaharra. Subjektu historiko proletarioak bere emantzipazioa burgesiaren aurkako diktaduran oinarritu behar zuela lehendik baldin bazekien, 1871n zehaztu egin zen, hein handi batean, bere izaera abstraktua galduta.
Izan ere, Komunaren eraketak proletalgoaren emantzipazio-formari erantzun zion. Lehenik eta behin, proletalgoak jada ez baitzuen Estatuaren makineria zaharra besterik gabe hartu behar, berau suntsitu baizik, behin betiko armadarekin, poliziarekin zein burokraziarekin batera. Horren ordez, herriaren armamentu orokorra eta sufragio unibertsal bidez hautaturiko ordezkarien lanaren korporazioa ezarri ziren. Arduradunek haien betebeharrei erantzuten ez bazieten, uneoro ezezta zitezkeen euren karguak. Karl Marxen arabera, Komunak ez zuen zerikusirik parlamentu-organismoarekin, izaera exekutibo nahiz legegilea zuen lanaren korporazioa baitzen. Politika, gizarte burgesaren ulermen-markoan esfera autonomoa dena, desegin egin zen. Horren ordez, Komunaren funtzioak ekoizpenaren administrazio zein banaketa arruntera mugatu ziren; proletalgoarentzat benetan politikoa den horretara, alegia. Horregatik, balioaren legea zokoratzeko eta erabilera balioaren kudeaketa indartzeko borondatea azaldu zen, behar sozialen arabera egokitutako ekoizpenaren planifikazioa eraikitzeko alternatiba.
Herriaren armamentu orokorra eta sufragio unibertsal bidez hautaturiko ordezkarien lanaren korporazioa ezarri ziren. Arduradunek haien betebeharrei erantzuten ez bazieten, uneoro ezezta zitezkeen euren karguak
Pentsalari iraultzaile askok uste izan dutenaren kontra, Komuna ez zen nolanahiko Estatua, lekuko organoak aparatu zentral burokratiko baten apendize hutsak bailiran. 1871ko Frantzia iraultzailean, helburua erregimen komunala lurralde osora zabaltzea eta ekoizleen autoantolakuntza baimentzea zen (9), muga objektiboekin zein ahulgune estrategikoekin. Hori bai, hori ez zuten erabateko federazio edo deszentralizazio anarkiko modura ulertzen. Komuna bakoitzaren autonomia erlatiboa errespetatuta, neurri handiagoan ala txikiagoan, guztien elkarketa bermatzea eta ekoizpena planifikazio adostuaren arabera antolatzea ziren euren xede amankomunak. Erregimen komunala, beraz, ez zen ordezkarien organismo bakarra, hau da, Frantzia barne hartuko lukeen Komuna Handia soilik (eta mundu osoa, ostean), baizik eta, areago, lurraldeko herrixka txikienek ere hartuko luketen forma politiko modura interpretatzen zen, edo hala proposatu zuen Parisko proletalgo iraultzaileak, behintzat. Komuna elkartuen lurraldea litzateke, elkarketa hori politikoki gauzatzen duten eta Komunaz gaindikoak diren ordezkaritza-organoekin, nolabait esatearren. Horra espiritu komunero zaharrak proletalgoaren diktadura ulertzeko baliatu zituen gako politikoen deskribapen xume bat.
ONDORIOAK
Komunak bi irakasgai nagusi utzi ditu gutxienez, egungo zein hurrengo gizaldietako iraultzaileen arreta merezi dutenak. Batetik, klase borroka ezin dela borroka nazionala bailitzan mozorrotu, lanak Kapitalaren kontra daraman gerra nazioartekoa delako. Bigarrenik, lanaren emantzipaziorako bide zehatza ere erakutsi digu, hots, neurri iraultzaile jakin batzuk tresna egokiak izan daitezkeela soldatapeko erregimenaren aboliziorako.
Guardia Nazionaleko soldadu erradikalizatuek eta Parisko beharginek, Komuna aldarrikatzearekin batera, jendarte berria eraikitzeko lanari ekin zioten. Bien bitartean, Europa zaharreko klase agintari osoa Aliantza Santuan elkartu zen mehatxu zuzena osatzen zuen komunismoaren gorputz biziaren aurka. Komunismoaren mamua jada ez baitzen manifestuetan agertzen zen hitz soil bat, kale bazterretan hezurmamitzen zen errealitate material antolatu bat baizik. Hala, proletalgo paristarraren gidaritzapean, Frantziako hiriburuak gizarte burgesaren sehaska izateari utzi zion, eta haren hilobi bilakatu zen. Burgesiak, berriz, bere barne-gatazkak alboratu eta proletalgoaren kontrako baterajotzea egin zuen altzairuzko ukabilez. Frantziak eta Prusiak, une hartan etsaituta zeuden potentziek, helburu amankomun bati lotuta itxi zituzten euren ilarak: Lanaren Errepublika hura suntsitu beharra zegoen. Komuna jada ez zen Frantziarentzako mehatxu partikular bat, munduko klase jabedun guztientzako arrisku orokorra baizik. Halaxe gorpuztu zuten Bismarckek eta Thiersek burgesiaren arima, klase horren interes historikoen defentsari erreparatu eta proletalgoa azpiratzea helburu nagusi zutela ebatzitakoan, Alsazia eta Lorenaren gaineko lehian hondoratu beharrean.
Proletalgoaren aldean, komuneroek ere klase internazional gisa jokatu zuten, Komunaren gobernuaren buruan Alemaniako eta Poloniako langile bana izendatuta. Komunak proletalgoaren gobernu internazional gisa erakutsi zuen bere zinezko aurpegia; Frantziak atzean utzi zituen bere harrotasun nazionala eta chauvinismoa, Lanaren Errepublika Internazioanalaren plataformari bide emateko. Komunak Frantziako batasun nazional erreala ekarri bazuen, estatu osoko proletalgoa bere benetako interesak defendatzen zituen gobernu batean kontzentratu zituelako izan zen; eta horrekin batera, baita mundu osoko proletalgoaren interesak ere. Muga nazionalak gaindituta, zentzu historikoan behinik behin, Frantziako proletalgoak bere interesak eta nazio guztietako proletalgoarenak berberak zirela ulertu zuen. Ondorioz, basakeriaren bandera nazionala jaitsi eta komunismoaren bandera gorria igo zen Frantziako zerura. Burgesiaren aliantza kriminalak eta proletalgoaren elkartasun iraultzaileak gizarte modernoko klase borroka nazioarteko mailan garatzen dela argitu zuten, herrialde guztietako klase ekoizleen eta klase jabedunen arteko hil ala biziko dueluan.
Burgesiaren aliantza kriminalak eta proletalgoaren elkartasun iraultzaileak gizarte modernoko klase borroka nazioarteko mailan garatzen dela argitu zuten
Tradizio marxistatik 1871ko gerra iraultzaileari egin izan zaizkion kritikei begira, hiru dira elementu aipagarrienak: Frantziako Bankuan ez esku hartzeko erabakia, autonomiaren antolaketa kontzeptuarena eta burgesiaren kontrako diktadurarena. Lehendabizikoari dagokionez, aipatu izan da proletalgoak versallestarren ofentsiba geldiarazteko karta aproposa jokatzeko aukera galdu zuela herrialdeko banku nagusia eta hango erreserba ez ukitzeko erabaki politikoa hartuta. Engelsek, adibidez, honakoa baieztatu zuen: «Frantziako burgesia osoa eramango zukeen Versalles Komunarekin bakea sinatzeko presionatzera» (10). Arduradun politikoak, ordea, ez ziren erabaki hori hartzera ausartu. Autonomiaren kontzeptuaren harira, proletalgoaren indar antolatuaren atomizazioa eta deszentralizazio estrategikoa sustatzea egotzi izan zaio, beste zenbait akats estrategikoren artean. Lissagarayk adibide konkretu batekin kritikatu zuen kultura politikoan txertatuta zegoen joera hori: «Dagoeneko, bizilagunaren autonomian esku hartzea debekatzen da autonomia santuaren izenean, batzorde exekutiboak uko egin zion Versallesen aurka jotzeko baimena eskatzen zuten Parisen menpeko komunak armatzeari. Thiersek berak ere ez luke ezer hoberik egingo Paris isolatzeko» (11). Hirugarrenik, maiz aipatu izan da Komuna ez ote zen epelegi aritu burgesiaren kontrako diktadura iraultzailea ezartzerakoan. Izan ere, egunkari burgesen jarduera baimendu zuen, ez zuen asmatu ondoren kontraofentsibarako berrantolatuko ziren indar armatuen desertzioa ekiditen, ezta Versallesen aurkako erasorik begiesten ere. Euren burua babesteko gaitasuna izan zuten uneetan burgesiarekin barkaberatasunez jokatu zutela esan izan da, baina bistan denez, burgesiak ez du inoiz barkatzen.
Hala eta guztiz ere, Parisko Komunaren esperientziak azaleratzen du proletalgoa mundu zaharra eraisteko determinazioarekin antolatzen denean erakusteko gai den duintasuna. Burgesiak, aldiz, bere burua saltzeko eta hipokrisiaren lohietan hondoratzeko gai dela besterik ez du erakusten historiaren aitzinean. Komuneroak ez ziren ezein gerren garaipena eskuratzean zentratu, eta agian, etsaiekin azaldutako izpiritu gizatiarregi hori izan zen euren ahulguneetako bat. Baina, batez ere, proletalgoarentzako ahaztezina behar lukeen lezioa utzi zuen porrot odoltsuak: klase borroka azken ondorioetaraino eramaten denean, gizarte burges zibilizatu bakezaleak bere gordintasun gorena erakusten du. Kontratu soziala, giza eskubideak, askatasuna, justizia eta anaitasuna karikatura desatsegin bihurtzen dira.
ERREFERENTZIAK
[1] La Comuna de París, H. Prosper- Olivier Elissagaray, Txalaparta (2019), 23-24. orr.
[2] Ibídem, 27.orr.
[3] La Comuna de París, Marx-Engels-Lenin, Akal (2010), 84. orr.
[4] La Comuna de París, H. Prosper- Olivier Elissagaray, Txalaparta (2019), 119-120. orr.
[5] Ibídem, 207-221. orr.
[6] La Comuna de París, Marx-Engels-Lenin, Akal (2010), 86. orr.
[7] La Comuna de París, H. Prosper- Olivier Elissagaray, Txalaparta (2019), 214-216. orr.
[8] Ibídem, 206. orr.
[9] Ibídem,194-195. Orr.
[10] La Comuna de París, Marx-Engels-Lenin, Akal (2010), 90. orr.
[11] La Comuna de París, H. Prosper- Olivier Elissagaray, Txalaparta (2019), 195. orr.
HEMEN ARGITARATUA