ARGAZKIA / Fanny Schlichter
Xermin Etxeberri
2024/07/03

Badirudi dena prest dagoela 2024ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoen irekiera-ekitaldirako. Uztailaren 26tik aurrera, Sena ibaiak hartuko ditu Jokoak, ekitaldirako espreski garbitua izan ondoren. Baliabide guztiak jarri dira martxan ezerk ez dezan huts egin eta, horretarako, besteak beste, hasierako aurrekontua handitu dute, eta Olinpiar Jokoetarako diseinaturiko segurtasun-arloko legedi berria ezarri. Baliabide sorta izugarri bat, hainbat konturekin koroaturik: hildakoak lan-istripuetan, gustagarriak ez diren bizilagunak periferietara lekualdatzea edota ekosistemen hondatzea. Ezer ez da gehiegizkoa eta dena da gutxiegi festibala asean eta betean atera dadin. Jokoetara edonor joaten ahalko da, betiere ehundaka euro ordaintzeko prest badago sarrera merkeenengatik [1].

Bien bitartean, olinpiar sua, Frantziako Estatuko hirietan zehar mugitzen ari delarik, bere gar errepresiboarekin erretzen ari da ekitaldia edo Estatuko politikak zalantzan jartzera ausartzen den edozein. Guri saltzen saiatu diren festa ustez herrikoi, jasangarri eta inklusibo honek geroz eta gutxiago konbentzitzen du jendea. Jende gehienak dagoeneko badaki balio olinpikoak korporazio kapitalista handien eta Estatuaren interesekoak direla proletalgoaren interesekoak baino gehiago.

Olinpiar Jokoak kirolak bigarren mailako papera duen makroekitaldi horietako bat dira. Fatxada besterik ez dira, mota askotariko enpresa handientzako interes ekonomiko eta finantzarioen sarea ezkutatzen dutenak: gertakariaren babesle handiak, telebista-talde handiak edota eraikuntza-, higiezin- eta segurtasun-industriak. Olinpiar Jokoak erakustoki ere badira herrialde anfitrioiarentzat, hark ekitaldia aprobetxatzen baitu munduari ongizatearen eta egonkortasun sozialaren irudia saltzen saiatzeko. Frantziako barne segurtasunari buruzko Liburu Zuriak ezin lezake argiago adieraz: “2024a segurtasunaren erakusleiho izan behar da” [2].

Erakusleiho bat eraikitzearen abantaila da aukera dagoela saldu nahi den hori soilik erakusteko. Krisi kapitalistak eta haren eredu sozialaren suntsipen mingarriak kolpaturiko herrialde batean, geroz eta gehiago dira ezkutarazi nahi dituzten kontuak. Ekitaldirako beraz, fokutik at mantentzen saiatuko dira miseria sozialaren eta protesta gorakorraren eztanda. Alabaina, ezerk ezin du beldurtu Frantziako makineria burokratiko-militarraren aparatu tekno-polizial eta legegilea, are gehiago modernizatu baita horretarako, segurtasun industria gorakorrak lagunduta.

Artikulu honetan, horretan zentratuko gara, eta, zehazki, kiroletako makroekitaldi horien aitzakian oro har herritarren kontrol sozialean eta bereziki militante politikoen kontrolean are gehiago sakontzeko nola erabiltzen dituzten landuko dugu, Olinpiar Jokoek rol inportantea betetzen baitute erreforma autoritarioen bizkortzean. “Talka-estrategien” antzera jokatzen dute, hau da, gertaera traumatiko baten ondoren Estatuaren kontrol gaitasuna sendotzeko erabiltzen diren erreformen onarpen soziala lortzeko. Jokoen kasua zelatatze neurri eta teknologia berri ugarirekin esperimentatzeko erabiliko da, baita haien erabilerak zilegitasun soziala erdiets dezan ere. Saltzen digute haien erabilera denboran mugatua dagoela eta justifikatua dagoela, gertakizun berezia den aldetik. Dagoeneko baina, ondotxo dakigu salbuespen den hori ia beti norma bihurtzen dela. Jokoen ondoren ere biziraunen duten salbuespen neurri horiek, gainera, nomenklatura berria jaso dute Jokoen komunikazio taldeari esker: “Olinpiar Jokoen ondarea”.

Jokoen ondoren ere biziraunen duten salbuespen neurri horiek, gainera, nomenklatura berria jaso dute Jokoen komunikazio taldeari esker: “Olinpiar Jokoen ondarea”

Artikulu honen xedeak betetzeko, lehendabizi azken edizioen eta berrikuntza autoritario ugarien, espazio publikoaren militarizazioaren eta onartu dituzten eskubide-urraketen laburpen motz bat eginen dugu. Horrela, jarraian 2024ko Olinpiar Jokoen kasu konkretuari erreparatuko diogu.

AURREKO URREZKO DOMINEN IRABAZLEAK

Ez dugu Jokoetako aurreko edizioetan abiaraziriko neurri autoritario ororen azterketa sakona egin nahi; lerro hauetako xedea da erakustea Olinpiar Jokoek nola ahalbidetu dien herrialde antolatzaileei beren aparatu errepresibo eta kontrolatzaileak modernizatzea. Halaber, agerian utzi nahi dute egitate bat dela Olinpiar Jokoek modua eman dutela sistematikoki salbuespenak hutsetik txertatzeko bake garaietan.

Nolympics Anywhere nazioarteko kolektibo antiolinpikoak Jokoetako aurreko edizioetako material ugari du Jokoen xehetasunetan gehiago arakatu nahi duenarentzat [3]. Beren analisiari esker, 90eko hamarkadan Bartzelonako (1992), Atlantako (1996) eta Sydneyeko (2000) edizioekin hasitako joera bat ikus dezakegu, foku mediatikoa miseriatik aldentzea normalizatzeko balio izan duena, egoera hori ezkutatuz eta Estatuaren begietara gustagarria ez den populazioa  periferietara lekualdatuz. Era berean, populazio hori bera zelatatze-sistema indartuen eta berrituen xede bihurtzen ari da.

Bartzelonako, Atlantako eta Sydneyeko edizioekin hasitako joera bat ikus dezakegu, foku mediatikoa miseriatik aldentzea normalizatzeko balio izan duena, egoera hori ezkutatuz eta Estatuaren begietara gustagarria ez den populazioa  periferietara lekualdatuz. Era berean, populazio hori bera zelatatze-sistema indartuen eta berrituen xede bihurtzen ari da

Salt Lake Cityko (2002) Jokoek, baina batez ere Atenaskoek (2004) eta Pekingoek (2008), joera horren indartzea ekarri zuten. Aipaturiko Joko horiek 2001eko irailaren 11ren ondoren Estatu Batuek kanpo-politikan “terrorismoaren aurkako gerrarantz” egin zuten aldaketatik gutxira egin ziren. Jakina da terrorismoa mehatxu denean ez dagoela alferrikako segurtasun-neurririk. Kontaketa ofizial horren pean, egiaz, neurriek nagusiki disidentzia eta berregituraketa kapitalista lazgarriak ekarritako protesta soziala menderatzeko balio dute.

Terrorismoa mehatxu nagusia denean, ez dago alferrikako segurtasun-neurririk. Kontaketa ofizial horren pean, egiaz, neurriek nagusiki disidentzia eta berregituraketa kapitalista lazgarriak ekarritako protesta soziala menderatzeko balio dute

Jokoak beren sorterrira, Greziara, itzuli zirenean 2004an, behin betiko sendotu zen Olinpiaden eta neurri autoritarioen arteko lotura: segurtasun-aurrekontua 1.400 milioi dolarrera igo zen, okasiorako 40.000 agente baino gehiago mobilizatu zituzten, eta 1.000 zelatatze-kamera baino gehiago jarri. 2008ko Pekingo edizioan bultzada hori mantendu zuten, eta etengabeko errepresioa erabili zuten haserrea adieraztera ausartzen zirenen kontra. Vancouverreko Neguko Olinpiar Jokoek hartu zuten haien erreleboa, 2010ean; haietan, bake garaietan sekula martxan jarritako operazio militar handiena jarri zen martxan. Aireko, lurreko eta itsasoko armadek parte hartu zuten, eta 900 milioi dolarretako kostua izan zuten.

Denok ezagutzen dugu Anaia Nagusiaren egilearen aberria zenbateraino erakartzen duten zelatatze-teknologiek, Londres munduko hiririk zelatatuena baita sekulako kamera kopuruarekin. Hala, 2012ko Olinpiar Jokoek aukera ezin hobea eskaini zioten. G4S enpresarekin –hastapenetan segurtasunaz arduratzekoa zen enpresa– izandako desadostasun baten ondorioz, Londresek inprobisatu egin behar izan zuen azken unean, eta hasierako segurtasun aurrekontua lehertarazi zuen. Kirol-instalazio oro tiratzaile profesionalez inguratu zuen, armadaz jabetu zen eta armak konfiskatu zituen, hala nola Eurofighter Typhoonak eta lurretik airerako misilak, eta haiek Parke Olinpikotik hurbil jarri. Ondotik, Sotxiko Olinpiar Jokoetarako, Errusiak ere lurretik airerako misilak mobilizatu zituen, bai eta 70.000 militar eta agente ere.

2016ko Rioko Joko Olinpikoek, bestalde, jendea faveletatik botatzeko bidea ireki zuten. Horrela, Rioko Jokoak milaka pertsona etxetik bota eta are babesgabeago utzi zituzten Joko gisa gogoratuko ziren.

Adibide adierazgarrien aukeraketa arbitrario honi amaiera emateko, ezin dugu Japoniako kasua ahantzi. Japoniako Gobernuak Tokioko ekitaldia probestu zuen aurretik zenbait alditan porrot eginiko konspirazio-aurkako lege bat onartzeko. Ez da harritzekoa lehenago onartu ez izana, testuak oinarrizko zigor-printzipio baten aldaketa jasotzen baitzuen. Printzipio horren arabera, asmo bat, bere horretan, ezin da delitu penal izan baldin eta ez badu atzetik delitu materialik. Tokioko Jokoak ere tristeki ezagunak izan ziren aurpegi-ezagutzako sistemen erabileragatik. Saccage2024 kolektiboak salatzen duenez –Parisko Olinpiar Jokoen aurka antolatzen da–, 2028an Los Angelesen eginen diren Jokoek mota horretako teknologien normalizazioa eta erabilera are gehiago handituko dute, marketinerako argudio moduan ondorengo leloa erabiliz, gainera: “zure aurpegia izanen da zure sarrera”.

ALTUAGO, ARINAGO, INDARTSUAGO

Badirudi Frantziak Estatuaren eguneratze autoritarioan Jokoen lelo bera hautatu duela: geroz eta altuago, arinago eta indartsuago aritzearena. Azkenengo urteetan argi ikusi ditugu Estatuaren militarizazioa, kontrol sozialerako teknologia poliziala, proletalgoaren eskubide politikoen aurkako lege-ofentsiba, kolektibo militanteen desegitea eta auzoetako edo proletalgo migratzailearen kontrako salbuespen-araubideak martxan jartzea. Tentsio inperialistak, matxinadak auzoetan, abian den berregituraketa kapitalistak sorturiko protesta indartsuak… gobernuari ez zaio aitzakiarik falta ordenaren eta seguritatearen beharra justifika dezan. Gainera, eskuin muturraren babes ideologiko eta politikoa ditu, eta eskuinak geroz eta eragin handiagoa du eta boteretik gero eta gertuago dago. Olinpiadak, hortaz, aukera bat dira prozesu honetan sakontzeko eta berriz auzitara ateratzeko neurri izugarri autoritario batzuk, iraganean gorte goren burgesak zentsuratu egin zituztenak presioaren eraginez.

Hain zuzen, Frantziar estatuak ez du tinko agertzeko eta ordenaren aurkako atentatu oro erreprimitzeko abagunerik galduko. Are gutxiago 2022ko otsaileko Txapeldunen Ligako finalaren oroitzapen mingotsa Barne Arazoetako ministroaren kontzientzian oraindik bueltaka dagoen honetan; izan ere, Frantziar herrialde osoa ez ezik eta Ingalaterra ere ministro hori gorrotatzera iritsi zen [4]. Alabaina, 2023ko Errugbiko Munduko Txapelketak arrakasta handiagoa izan zuenez, exekutiboak lasai hartu zuen arnasa, Jokoetarako ongi prestaturik egonen dela kontsideraturik. Baina zenbateraino prestatu da Frantzia Joko Olinpikoetarako?

SEGURTASUN LEGEA EDO LEGE OLINPIKOA

Olinpiar eta Paralinpiar Jokoei buruzko 2023ko maiatzaren 19ko legean hezurmamitzen da batez ere “Paris 2024” [5]. Segurtasun lege berri horrek aurretiko segurtasun legeetan onartu gabeko xedapenak barne hartzen ditu, Segurtasun Globaleko legearenak, esaterako. Ez onartzearen arrazoia ez zen hutsala: lege horren artikulu txapeldunak, 7.ak, bideozaintza algoritmikoaren baliapena (VSA, frantsesezko sigletan) onartzen du kameretan eta droneetan.

Segurtasun lege berri horrek aurretiko segurtasun legeetan onartu gabeko xedapenak barne hartzen ditu, Segurtasun Globaleko legearenak, esaterako. [...] bideozaintza algoritmikoaren baliapena onartzen du kameretan eta droneetan

Zertan datzan azaldu aurretik, beharrezkoa da egungo kameren erabilera-sistema laburki errepasatzea. Egun, kameretatik datozen bideo seinaleak tokiko agintaritza baten mailan eta hiri-zaintzarako zentro gisa (CSU frantsesezko sigletan) ezagutzen denaren barruan zentratzen dira, besteak beste. Fluxu horiek zaintza-agente batek jaso eta tratatzen ditu, eta beharrezkoa den kasuetan, polizia ohartarazten dute ekintza susmagarri edo delituzko bat gertatzen ari dela ikusten badute.

VSA teknologia lan horren automatizazioan oinarritzen da, eta, horrekin batera, gizakiaren laneren inperfekzioak konpontzen saiatzen da. Teknikoki, makineria kameretatik eta droneetatik datu kantitate handia prozesa dezan trebatzean datza –ikasketa automatikoa– jarrera susmagarri batzuk automatikoki bereiz ditzan –ordenagailu bidezko ikusmenaren bidez–, eta, horrela, alerta bat aktibatzeko gai izan dadin. Agintariek definituko dute zein diren jarrera susmagarriak, eta ingeniariek erabaki horien arabera programatuko dituzte makinak. Jarrera horien artean daude, besteak beste, geldirik dauden pertsonen identifikazioak, “ezohiko” taldeak edota jabetza pribatuaren urraketak. Jakina, espazio publikoaren erabilera desegokiaren definizioa arbitrarioa da. Izan ere, dirudienez A puntutik Bra mugitzeaz haratago doan edozer susmagarria izan liteke, adibidez, kalean egotea bera. Horrek manifestazio eskubidea urratzen du, argi eta garbi. Izan ere, taldean gelditzea edo mugitzea de facto susmagarria bihurtzen bada, teknologia horrek manifestaziorako eta bilkurarako eskubide politikoaren kontrako erabateko erasoa ekarriko du, ezinezkoa izanen baita indar errepresiboen kontroletik at manifestatzea. Lege horren bitartez, espazio publikoaren erabilera mugimendu hutsera estandarizatzen eta murrizten da, eta eskubideak mugatzen ditu, are gehiago kalean bizi eta lan egitea beste erremediorik ez dutenen kasuan.

VSA etengabeko ikaskuntzan oinarrituko da, eta, beraz, formak eraginkortasun handiz ezagutzen ahalko dira eskuratutako irudien bidez. Aurpegi-ezagutzako kameretatik desberdintzen duena da ez duela norbanakoen aurpegirik identifikatzen, baina bai gorputzeko formak, norbanakoen mugimenduak, objektuak eta janzkera.

Bi teknologiak, nahiz eta ez datozen bat puntu konkretu horretan eta gobernuak ukatzen eta ezkutatzen saiatzen diren, zelatatze biometrikorako balio dute, eta, beraz, horrela kontsideratu beharko lirateke. Bideozaintzaren arloan, kamera biometrikoak eta errealitate areagotuko kamerak edo kamera adimendunak desberdintzen dira. Lehenengo kamera-kate­goriaren ezaugarria da halakoek izaera fisikoko, fisiologikoko eta jarrerako datuak trata ditzaketela, eta, hortaz, norbanako jakin bat identifikatzeko gai direla. Bigarren kamera-kategoriaren kasuan, tratamendu automatikoak ez luke ahalbidetu behar norbanako jakin bat identifikatzea. Alabaina, La Quadrature du Net elkarteak, VSAri buruz eginiko txostenean, hau dio: “teknologia honek denbora osoan zehar gorputzak, ezaugarri fisikoak, keinuak, siluetak eta ibilkera identifikatzen, analizatzen eta sailkatzen ditu, eta horiek guztiak datu biometriko ukaezinak dira” [6]. Hau da, kontrol biometrikorako sistema bat ere bada VSA. Xehetasun esanguratsua da; izan ere, Europako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, paperean behintzat, oso zorrotza da norbanako bat identifikatzeko erabil daitezkeen datu delikatuak tratatzerako orduan. Hala ere, Frantzia zelatatze biometrikoko sistema bat txertatu duen Europako lehen herrialdea izan da, sistema behin-behinekoa dela eta “abandonaturiko objektuak edo jende saldoen mugimendua” kontrolatzeko ezinbestekoa dela argudiatuta.

Hala eta guztiz ere, La Quadrature du Netek dio orokortu eginen dela, eta lehenago legez kanpo erabiltzen zen gailu baten hedapen masiboa besterik ez dela izanen: “VSA isilpean hedatu da azken urteotan, eta gehiengoarentzat ezezaguna den teknologia bat da. Enpresek sotilki garatu eta saldu dute, lekuko agintaritzek informatu beharrik gabe instalatzen da, eta bizilagunei beren hirian instalatzen den horri buruzko informazioa ezkutatzen zaie. Adibidez, Briefcam Israelgo enpresaren softwareak, Frantziako 200 udalerri baino gehiagotan isilpean jarri denak, aukera ematen du ezaugarrien araberako bilaketak egiteko (arroparen kolorea, txanoa, poltsa, janzkera eta pertsonaren ustezko sexua), hiriko kamera guztien bidez pertsonak miatzeko, eta, are gehiago, ‘aurpegiak elkarrekin konparatzeko’. Azken horrek bideo-sekuentzien bitartez aurpegi identifikatua bilatzeko aukera ematen du”. Teknologia horretatik aurpegi-ezagutzara (jadanik erabiltzen da aurrekari penalen fitxategian dauden pertsonentzat) pauso bat besterik ez dago.

Bideozaintza lege eta gailuen ildo beretik, “Drones 2” izeneko lege polemikoa hein batean Jokoen presioaren karietara ere onartu dela gogoratu behar dugu. Droneen erabileraren bidez, espazio publikoaren kontrola are gehiago indartu da manifestazioak eta mugak zelatatzeko.

Lege olinpiko horretako artikulu problematikoen arteko zilarrezko domina 11. artikuluari dagokio, 300 pertsona baino gehiago barne hartzen dituzten estadioetako eta beste kirol, aisialdi edo kultur esparruetako sarreretan gorputz-eskanerraren erabilera ahalbidetzen baitu. Eskaner horrek pertsonak hiru dimentsiotan bistaratzen ditu, hau da, beren arroparen azpian ezkutatzen dutena erakusten du. Intimitate- eta pribatutasun-eskubide honen urraketa proportzionatutzat hartzen da, hura erabiltzeko beharrezkoa baita eragiten dien pertsonen “berariazko baimena” lortzea, hau da, erabiltzaileak onartzen badu bakarrik erabil daiteke. Baina gorputz-eskanerra egin diezaiotela ukatzen duena, hala ere, behartzen ahalko dute haztapen-kontrol bat egitera, eta, gainera, lekuetara sartzeko besteok baino gehiago itxaron beharko du. Hain justu, teknologia hori kontrolak bizkortzeko eta ilarak saihesteko baliogarria dela esanez ere justifikatzen da.

Era berean, legea bi delitu berri ezartzeko baliatu da, Jokoen ondoren delitu izaten jarraituko dutenak: bata lehendik kirol-instalazio batean legez kanpo sartu izan diren horiek zigortzekoa izanen da, eta bestea zelaira salto egiteagatik edo lehiaketa gune batera sartzeagatik zigortzekoa. Kirol ikuskizunak ahalik eta gehien leuntzeko eta edozein aldarrikapen politiko kentzeko beste saiakera bat da, batez ere hintxak seinalatzen dituena. Azkenik, segurtasun urraketa larriak egiten dituztenei guztiz debekatuko zaie estadiorako sarrera.

Polizia-neurri administratiboak

Zaleen otzantasuna are gehiago kontrolatzeko antzeko beste neurri bat zaleen guneetan eta Jokoen perimetroren barreneko ekitaldi handietan parte hartzen dutenen inguruko ikerketa administratiboak egin ahal izatea da. Ikerketa administratibo horiek, printzipioz, segurtasun eta defentsari edo Estatuko beste misio batzuei lotutako sektore jakinetan lan egin nahi duten pertsonei bideratuak daude. Neurri hori Jokoetan parte hartu nahi duten guztiengana hedatuko da. Gaingiroki, ikerketa horiek egiteko, fitxategiak erabili ahalko dituzte, pertsona bat segurtasunerako arriskutsua den ala ez erabakitzeko.

Halaber, oroitu behar dugu, Frantziako legediak manifestazioen beto orokorrak debekatzen dituen arren, zuzi olinpikoaren Frantziako Tourragatik manifestazio kopuru handia debekatu dituztela inpunitate osoz. Ildo beretik, zuziaren ibilbidean zehar, edozein aldarrikapen, kartel edo pankarta debekatu da, eta Jokoetan zehar ere debekatuak izanen dira. Hala ere, babesle handiek askatasun osoa izanen dute beren publizitatea monumentu publikoetan erakusteko. Gainera, litekeena da lehiaketa-esparruaren barnean guztiz debekatua egotea manifestazio bat antolatzea.

Azkenik, Jokoetan zehar Parisen mugitzeko derrigorrezkoa izanen da QR kode bat izatea. Horretarako, lehenago izena eman behar da plataforma digital batean, informazio pertsonala emanez. Adibidez, irekiera-ekitaldia aire librean ospatuko da, Senaren ertzean, eta, horregatik, inguruko eremu osora sartzeko beharrezkoa izanen da QR kodea erabiltzea.

Espazio publikoetako kontrol poliziala

Saccage2024 kolektiboak informatu du 35.000 polizia, 20.000 militar eta segurtasun pribatuko 22.000 guardia inguru mobilizatuko direla egunero lehiaketaren bi asteetan zehar, huskeria baten truke: 295 milioi euro. Faktura nabarmena bada ere, aurreko edizioekin konparaturik arraroki baxua denez, litekeena da hurrengo asteetan fakturek gora egitea. Bestalde, garraioko segurtasunera bideratutako polizia kopurua bikoiztuko dutela ere iragarri dute, 77 unitate berri sortu baituzte [7].

Segurtasun pribatuaren auziak arreta merezi du gure hausnarketan. Baiki, geroz eta pertsona gehiagok jotzen dute segurtasun pribatuko enpresen zerbitzuetara. Ordainduz gero polizia-zerbitzu pribatuak eskuratzeko modua da segurtasun pribatua. Are gehiago, Frantzian segurtasun osorako azken legedia indarrean sartu zenetik, segurtasun pribatuko guardiak geroz eta eskumen gehiago dituzte, eta gutxika-gutxika ordenaren agente tradizionalen antz handiagoa hartzen ari dira. Adibidez, denda batean lan egiten duen segurtasun guardia batek orain norbait atxiki dezake polizia iritsi bitartean. Dagoeneko areagotzen ari zen fenomeno hori, eta, orain, Olinpiar Jokoen eraginez, nabarmendu eginen da.

Gainera, Barne Arazoetako ministroak jadanik 600 drone ditu erosiak Olinpiar Jokoetarako. Oso kontziente da gertaera urrezko aukera bat dela Frantziako armamentua eta segurtasun industria sustatzeko. Industriako adar horretako handikiak oso kontziente dira horretaz ere bai, eta legea kontrol-teknologia berriek ematen dituzten aukeretara egoki dadin presionatzeko, lobby baten inguruan antolatu dira: GICAT (Frantziako defentsa-industrien eta lurreko eta aireko segurtasunerako elkartea). Ezaguna dugu amarrua: teknologiak “segurtasun falta” gelditzeko nahikoa eraginkorrak ez izatearen arrazoia da legeak ez duela ahalbidetzen haien potentzial osoa erabiltzea; adibidez, zelatatze-kamerek ez dute funtzionatzen beharrezkoa delako haiek automatizatzea.

Saccage2024 kolektiboak ere argi utzi du politikarien eta segurtasun industriaren arteko kolaborazio hertsia. Politikari horiek aldi berean beldurraren merkatari eta salbatzaile gisa jarduten dute teknologia berrien ezarpenaren bidez. Horixe da Élancourt hiriaren kasua (bertan eginen dira Olinpiar Jokoetako lehiaketa batzuk), bertako agintariek kontratu bat sinatu baitute GENETECekin bideozaintza mota berriekin esperimentatzeko. Hiriaren xedea enpresaren “erakusketa bateko stand” bihurtzea ere bada, eta 2024rako komisaldegi moderno berri bat irekitzea espero da. Beste adibide bat Sant-Denis da; bertan, 2021ean Hiri Zelatatze Zentro (CSU) dotore bat ireki zuten. Azpiegitura teknikoa, egun 93 kamera dituena, abantzu % 340 handituko da 2024 bitarte, Olinpiar Jokoetarako prestatzeko. Eta aukeratutako ordezkariek bideozaintzari adimen artifiziala ezartzeko asmoa dute, arau-hausteen erregistroa automatizatzeko.

Garbiketa soziala eta zigor makineria

Arestian esan bezala, helburua ez da Frantziaren irudia Jokoetan zehar misera sozial gero eta handiagoa erakusten duten irudiekin zikintzea edo herrialdeko politikarik zalantzatan jartzea. Paris 2024 zera da: klase-garbiketa. Azkenengo urteotan joan-etorri askerako eskubidean atzerakada nabarmena izan da, eta, gainera, horri gehitu zaio espazio publikoan egoteko eta geratzeko eskubidea geroz eta mehatxatuago dagoela, batez ere proletalgoaren zati geroz eta handiago batentzat.

Has gaitezen duela urte batzuetatik Olinpiar Jokoak egiten diren hirietan ezartzen den “zero delinkuentzia” plana aztertzen. Plana auzo horietan (bereziki Seine-Saint-Denisen iparraldean) kontrolak areagotzean datza. Eta prefeturak bere burua zoriontzen du: “Delinkuentziaren aurkako borroka-operazio horiek 2024ko udara arte egonen dira martxan. 2023ko hasieratik, 871 operazio egin dira, 9.400 agente mobilizatu dira, 25.000 pertsona inguru kontrolatu dira eta 1.254 pertsona atzeman dira”. Horrek eremu horretan jarritako langile kopurua etengabe igotzea eta atxilotutako pertsonen kopurua bikoiztea ekarri du; beraz, bistakoa da delinkuentziaren aurkako dispositiboen areagotze plana eragina izaten ari dela.

Praktikan horrek neologismo polizial berri bat ekarri du berekin, “delinkuentzia fisionomikoa”, eta espazioaren irudi dekadentea ematen duen orori aurre egiteko betebeharrari egiten dio erreferentzia. Hala, “aurpegiagatiko delitua” legeztatzen da nolabait, norbait bere itxuragatik interpelatzean oinarritzen dena, eta, orain arte, bistan da, legez kanpokoa zena. Sentitzen dut antiarrazismoa balio olinpiko bat zela uste dutenei huts egitea.

Atxiloketa kopuruak gora eginez gero, makineria penalak ere gora egin behar du ezinbestean. Horregatik, 380 magistratu baino gehiago kontratatuak izan dira okasiorako, eta preso batzuk Normandiako kartzelara lekualdatzea aurreikusten da. Aurreikustekoa da paperik gabeko proletario migratzaileak arau-hauste arinengatik OQTF direlakoekin zigortzea, hau da, Frantziako Lurraldetik Irteteko Obligazioekin. Gainera, atxikipen administratiboko zentroak eraiki dira okasiorako. Hori gutxi balitz, eraikuntza enpresa handiek dokumentatu gabeko langile kopuru handia kontratatuko dute, gaizki ordainduta eta lan-arrisku handiarekin. Batzuetan baita legez kanpo ere; horixe gertatu zen Adidas Arenaren kasuan, zeinak langile migratzaileen greba arrakastatsua eragin baitzuen [8].

Olinpiar Jokoen kalteak nozituko dituzten pertsona zaurgarrienen artean daude etxegabeak ere. Hotel sozialetan 5.000 pertsonarentzako lo-lekua itxi da diru-truke erabiltzeko. Gainera, etxegabetuak beren hirietatik kanporatuak izan dira eta Frantziako beste hiri batzuetara lekualdatuak, batez ere Brestera, non soilik hiru asterako ostatua eskaini zaien. Hiritik botatzeaz eta etxebizitza alternatibarik gabe uzteaz gain, jakina da Parisera itzultzea oso zaila izanen dutela. Era berean, ikaslerik prekarioenak ere ez dira salbatu, Jokoek iraun bitartean ikasle-egoitza kendu dietelako. Kontuan hartu Munduko Errugbi Kopa ere infernu bat izan zela ikasle txiroenentzat, jabeek nahiago izan baitzuten pisu horiek lehiaketa-garaian prezio neurrigabeetan alokatu urte osoan zehar ikasle txiroei alokatzea baino.

Olinpiar Jokoek aurrekaririk gabeko aukera bat ekarri dute etxeen huste masiboaren bidez antiokupazio lege berria ezartzeko. Bereziki lazgarria izan da Unibeton etxe okupatuaren kasua, zeinak 500 pertsona hartzen zituen [9]. Revers de la médaille kolektiboak argitaraturiko bizileku informaletatik etxegabetu dituzten pertsonei buruzko ikerlanaren arabera, 2023-2024 epean zehar 138 etxegabetze zenbatu ziren Île-de-France eskualdean; 2021-2022 epean, aldiz, 121. Besteak beste hauek izan dira etxegabetze horiek: 64 etxegabetze txabola-auzoetan, 34 etxegabetze kanpadenda-kokalekuetan (soilik Parisen eta Aubervilliersen), 33 etxegabetze etxe okupatuetan eta 7 nomaden artean. Etxegabetze horiek 12.545 pertsonari eragin zieten; hori %38,5eko igoera da 2021-2022 urteen aldean. Horietatik 3.434 adin txikikoak ziren, iazko kopuru bikoitza eta aurreko epeko ia hirukoitza [10].

MARKAK HAUSTEN

Urtez urte, Jokoen edizio bakoitza lehian aritzen da aurreko edizioaren kontrol sozialeko eta defentsa-auzietako berrikuntza teknologikoekin, ea nork irabaziko. Modernizazioak, inbertsioak eta langileen kopuru izugarriak lehiaketa esparruetatik haragokoak dira. Baina hori aztertu beharreko kontuetako bat besterik ez da.

Tamaina honetako makroekitaldiek testu honetan azaldu diren aferez haratago doazen arrakalak irekitzen dituzte gizartean. Jokoek eta antzeko gertaerek proletalgoaren esplotazioaren, opresioaren eta degradazioaren dinamika kapitalistan sakontzen dute, eta batez ere emakumeei, gazteei eta migranteei eragiten diete. Eszenatoki perfektua sortzen dute etxebizitzaren eskala handiko espekulaziorako; kontratu gabeko, eskas ordaindutako eta baldintza tamalgarrietako lanen normalizaziorako; zerbitzu sozialen kaskartzerako eta bizitzaren desnormalizaziorako, batez ere gizarteko kaparik baxuenetan.

Jokoen kirol-interesetik haratago, halakorik izanen balute, ezin dugu onartu, gertatzen ari den legez, herrialde anfitrioietan proletalgoaren bizi baldintzak bat-batean oker daitezen.

ERREFERENTZIAK

[1] Eztabaida piztu dute Joko Olinpikoak ikusteko sarreren prezio garestiak; izan ere 2.700 euroko sartzeak besterik ez dira salgai: https://www.francetvinfo.fr/les-jeux-olympiques/paris-2024/paris-2024-le-prix-exorbitant-des-billets-fait-polemique_5828273.html

[2] Frantziako barne segurtasunari buruzko Liburu Zuria: https://www.interieur.gouv.fr/actualites/actualites-du-ministere/livre-blanc-de-securite-interieure

[3] https://nolympicsla.com/resources/

[4] https://www.francetvinfo.fr/faits-divers/incidents-lors-de-la-finale-de-la-ligue-des-champions-2022/incidents-du-stade-de-france-en-mai-2022-l-uefa-va-indemniser-les-supporters-de-liverpool_6441973.html

[5] https://www.legifrance.gouv.fr/dossierlegislatif/JORFDOLE000046777392/

[6] https://saccage2024.noblogs.org/files/2024/02/Presentation-saccagesV22024.pdf

[7] https://94.citoyens.com/2024/le-revers-de-la-medaille-denonce-une-augmentation-massive-des-expulsions-avant-les-jeux-olympiques-en-ile-de-france,04-06-2024.html#:~:text=À%2052%20de%20jours%20de,une%20année%20sur%20l’autre.

[8] https://www.francetvinfo.fr/les-jeux-olympiques/paris-2024-comment-des-ouvriers-sans-papiers-ont-travaille-sur-des-chantiers-des-jeux_6240894.html

[9] https://www.bondyblog.fr/societe/9-squat-unibeton-de-lile-saint-denis-les-jeux-dabord-les-gens-apres/

[10] https://www.laquadrature.net/wp-content/uploads/sites/8/2023/02/Dossier-VSA-2-LQDN.pdf

EZ DAGO IRUZKINIK