Munduko hiri bateko auzo periferiko batera lekualdatu zinen duela urte batzuk. Goizero altxatzen zara ordu berdinean betiko okindegian, betiko okinari, betiko ogia erosteko. (Bueno, akaso behin, medikuak gatzik gabeko ogia gomendatuta hartu zenuen eta geroztik ez zara medikuarenera itzuli). Laster desagertze arriskuan deklaratuko da zure espeziea eta bitartean obrak hesi metalikoen beste aldetik behatuz bizitzearekin konformatzen zarete.
Beste egun bat argitu da, altxatu eta okindegira bidean kamioiak, garabiak, aldamioak eta langile taldeak gurutzatu dituzu. Auzokide multzo bat handituz doa eszena guztiaren parean eta airean nahasten dira auzokideen harridura ahotsak eta obrak altxatutako hautsa. Okindegi barruko ilaran zaudela ingurukoen elkarrizketetan jartzen duzu arreta eta modu nahaspilatuan entzuten duzu auzo goiztiar aztoratua. Arratsaldea hesi metalikoaren zirrikituetatik behatzen eman duzu eta auzotik zure espeziekoekin gurutzatzen zarenero da hizketagai hesi metalikoek gordetzen dutena: soldatapeko lana, finean. Are, zure espezieak gordetzen duen gauza bera, ongizate estatu bat eraikitzeko eta aukera egon zen garai historiko batean egindako lana zehazki.
Gaur okindegitik ogiaz gain, egunkaria ekarri duzu besapean eta Villa Olinpikoaren eraikuntza lanekin hasi direlako berria dakar. Kamioiak, garabiak, aldamioak eta hesi metalikoen barruan lan-istripuak, explotazioa eta miseria.
Nazionalismoak mastetan, loria eta dirua. Etxeko sofa, Teledeporte, Teledeporte HD, garagardo latak eta iruzkingileen txiste eta datu bitxiak. Podiumak, muskulatura, errekorrak, publizitatea eta uztai olinpikoen azpian atleta bat bularra aurreranzka iristen da metara.
Egunen segida amaiezina denetik errutinaren habitata, goizero betiko okindegira zoazela hesi metalikoek ezkutatzen duten hori behatzen duzu bi hesiren juntadurak irekitzen duen zirrikitutik, lan-istripuak, esplotazioa eta miseria bezala; telebistan su olinpikoaren planoaren eta iruzkingileak isiltzeak ireki dizun zirrikitu mentalean ikusi dituzu hesi metalikoak.
Hesi metalikoak, lan-istripuak, esplotazioa eta miseria Hiri Olinpikoaren eraikuntza-lanetan. Atleta bat azken hesia saltatu ondoren bularra aurrerantz aterata iristen da metara, eta malko batek zeharkatzen dio ezker masaila. Lurrera bota da, eta eskuak burura altxatu ditu. Lotara joan zara, eta, bihar, goizero bezala betiko okindegira bidean zoazela, ahaztu egingo zaizu hesi metalikoen juntaduraren zirrikitutik behatzea, atleta lurrera botatzen deneko irudia buruan daukazula. Pozik itzuliko zara ogia eta egunkaria besapean.
HEMEN ARGITARATUA