Dani Askunze
@menderagabe
2022/01/02

Azkenaldian, klase, langile eta ahaztutzat jotzen ziren, edo, behintzat, esparru eta ingurune jakin batzuetara oso mugatuta zeuden antzeko zenbait kontzepturen revival bat gertatzen ari da. Zer da langile-klasea gaur egun? Nortzuk osatzen dute? Ba al du horrek eraginkortasun politikorik? Zer toki du identitateen bazarrean? Langile-identitatea identitate bat gehiago al da beste batzuen artean? Talkan dago beste identitateekin, edo bateragarriak dira? Zer gertatu zen klase-borrokarekin? Galdera horiek entzun daitezke, zehaztasun eta zorroztasun gutxi-askorekin, ezkerreko espektro nahaspilatsuko hainbat artikulugile, akademiko, tertuliakide, sare sozialetako erabiltzaile eta Interneteko eduki kontsumitzaileren ahotan.

Azaleko edo ez hain azaleko polemika horietan, askotariko iritziak aurkitzen ditugu. Gauza bera esan dezakegu ezkerrik politikoenaren eta bere joera ezberdinei buruz ere. Hala ere –eta hau da hemen defendatuko dugun tesia–, horietako gehienek, modu batera edo bestera, izendatzaile komun bera partekatzen dute: beren obrerismoa. Artikulu honek ez du obrerismoaren gaia maila teorikoan aztertu nahi; esparru politikoago batean esanguratsuak diren eta praktika emantzipatzailerako erabilgarriak izan daitezkeen zenbait gairen inguruan ohartaraztea du helburu.

Obrerismoa ideologia gisa –ideologia ororen moduan, gehitu beharko litzateke– ez da ezerezetik sortzen, eta ez du airean flotatzen; zergati batzuk ditu. Eta hori esateak ergelkeria irudi dezake, baina lehen urratsa da zergati horiek identifikatzen saiatzeko, eta, horrela, hori gainditu ahal izateko oinarriak jartzeko. Egin dezagun ibilbide historikoaren errepaso labur bat.

Obrerismoa ideologia gisa aipatu dugu; baina, zeren ideologia gisa? Gizarte mailan soldatapeko lanaren zentralitatearen ideologia gisa, ekoizpen mailan industriaren zentralitatearena, maila politikoan langile-mugimenduarena. Obrerismoa, beraz, langile-zentralitatearen ideologia gisa sortu zen, errealitatearekin bat zetorren unean. Egiari zor, errealitate hori oraindik nagusi ez zenean baina laster nagusituko zela iragartzen zuten unean hasi zen forma hartzen. Atzera egin genezake tradizio sozialistaren eta haren eskola ezberdinen garai askotara, XX. mendetik atzera, eta XIX. mende osoari eta aurreko garaiei erreparatu. Ikusiko dugunez, hasiera-hasieratik garrantzi handiko eztabaidagaia izan zen klasearen ertzen gaia, eta horiek milimetrikoki bat ote zetozen proletariotza industrialaren ertzekin. Ez gara kapritxo soziologista batez ari, funtsezko zeregin politiko batez baizik: gizateria osoa askatuko zuen subjektu iraultzailea definitzeaz. Horrenbestez, aldarte baikorra eta borondate progresista zituen obrerismo hasiberri batez ari gara.

Obrerismoa langile-zentralitatearen ideologia gisa sortu zen, errealitatearekin bat zetorren unean

Obrerismo baikor horrek joan den mendeko 70eko hamarkadan izan zuen amaiera, eta hura izan zen bera sostengatuko zuen eta nabaria izango den langile-zentralitate batean errotuta egon zen azken aldia. Obrerismo hori hainbat modutan garatu zen; Italiako operaismoa da horietako bat, garai hartako esperientzien arteko gailur teoriko-praktikoa[1]. Espainiako Estatuan ere izan zuen bere adierazpena, non Frankismoaren amaierako krisiak lehen mailako eragile politiko bat izan zuen kausa nagusien artean, zeinak gerora historia Trantsizioan gertatu zenaren oso bestelako modu batean idatz zezakeen: langile-mugimendua[2]. Mugimendu horrek, bere korrelatua baino, bere agertoki nagusietako bat izan zuen Hego Euskal Herrian, non ofentsibara zegoen langile mugimendu berri hori lan-eremu hutsetik harago zihoan, eta garaiko ezkerreko korronte ezberdinen urratsak markatzen zituen. Garaiko ezkerra, ondorioz obrerista zena, mugimendu horren atzetik zebilen une jakinetan. Mugimendu bakoitzak bere intentzio partikularrak zituen: mugimendua otzantzea eta geldiaraztea, PCEk (Espainiako Alderdi Komunista) kasu; mugimenduaren buruan jarri eta bera gidatzen saiatzea –erabateko kontrolik sekula lortu ez arren–, ezker erradikala saiatu zen moduan[3]; mugimendu horren potentziaz elikatzea eta mugimendua bere estrategian kokatzea, ezker abertzalearen adar ezberdinak ahalegindu ziren gisan –ahalegin horrek, aldi berean, ezker abertzalea bera erradikalizatu zuen dudarik gabe–; eta, azkenik, (Langile) Autonomiak[4], mugimendu horren alde dena eman zuenak, botere guztia asanbladarentzat aldarrikatzea.

Ofentsibara zegoen langile mugimendu berri hori lan-eremu hutsetik harago zihoan, eta garaiko ezkerreko korronte ezberdinen urratsak markatzen zituen

Istorioaren amaiera, zoritxarrez, ezaguna da. Nortasun politiko propioa zuen langile-mugimendu hura desagertu egin zen. Porrota, desegitea, integrazioa... hainbat ñabardura izan arren, emaitza bera izan zen azken finean. Horrek obrerismo baikor baterako beharrezko baldintzekin amaitu zuen, zeina bazitekeen oker egon izana, baina borondate iraultzaile ukaezina zuen. Eta ateak ireki zizkion obrerismo ezkor bati. Langile-identitatea fosilizatuta geratu zen iraganean izan zen horretan –edo inoiz existitu ez zen iragan baten nostalgia gisa–, errealitatetik deskonektatuta eta ahal politiko iraultzailea zeharo galduta. Ondoren etorri zen ezkerra ez zen gai izan karga horietatik guztietatik kritikoki askatzeko, eta harrapatuta gelditu zen, aldez edo moldez gauza berbera erreproduzitu zuelarik.

Nortasun politiko propioa zuen langile-mugimendu hura desagertu egin zen. Porrota, desegitea, integrazioa...

Langile-mugimenduaren desagertze politikotik harago, aldaketek aurrera jarraitu zuten. Garrantziari dagokionez, gizarte-mugimendu berriek hartuko zioten erreleboa langile-mugimendu hari. Eta, izatez, gizarte-mugimendu partzial bat gehiago bihurtu zen, ez jada gizarte-mugimendu guztia biltzen zuen mugimendu aglutinatzaile boteretsu hura. Antzinako langile-gatazkak instituzionalizatutako lan-harremanek ordezkatu zituzten. Eta beren adierazpen erradikalenak erabateko nahi eta ezina bihurtu ziren, gainbehera orokorraren sintoma. Industriako langile-mugimendu zaharrak industriaren birmoldaketaren aurkako gudu gogorretan topatu zuen bere hilobia[5]. Galdutako borroka bakoitza ez zen soilik porrot sindikal edo politiko bat; industriako langile-­klasearen gizarte- eta ekoizpen-oinarria ere txikitu zituen ezinbestean. Obrerismoa gorpu ideologiko bat izatera igaro zen; langile-zentralitatearen ideologia hura zen, baina ordurako langile-zentralitaterik gabe.

Langile-zentralitatearen ideologia hura zen, baina ordurako langile-zentralitaterik gabe

Zeintzuk dira, bada, obrerismo horren ezaugarriak? Artikulu honen xedea ez da balantze historiko osoa egitea langileen bideei buruz eta iraganeko esperientzia iraultzaileetan izandako erabilera eta gehiegikeriei buruz. Bai, ordea, langile-kontzepzioen eta haien ikuspegi erreakzionarioenei[6] –hau da, kontrairaultzaileei– buruz, une horretatik aurrera gehiago garatu zirenak (lehenago ere bazeuden arren), eta gaur egunera arte iritsi direnak. Klase-borroka bere une ekonomikoan izozteko joeraz ari gara, arlo sindikal hutsera mugatuta. Klasea kapitalaren engranaje moduan ikusteaz ari gara, harreman sozial kapitalistaren baitako alderdi bezala, kapitala bera (eta bere burua) ukatzen duen ikuskeraren aurrean. Politikan, era ageriagoko edo lausoago batean izan arren, erreformismoari lotuta etorri zen, eta klase-borroka kapitalismoak ezarritako mugen barruan aberastasunaren birbanaketa negoziatze hutsera murriztu zen. Behin horraino iritsita, obrerismoa ezarritako ordena justifikatzen duen ideologia izatera pasatu zen, lanaren eta ahaleginaren apologiaren elementu moralista guztiak barne hartzen zituena. Osagai horien guztien bidez erabat kapitalista den identitate bat eraiki zen: langile-identitatea; eta hura erreproduzitzen duen ideologia identitarista bat: obrerismoa.

Osagai horien guztien bidez erabat kapitalista den identitate bat eraiki zen: langile-identitatea; eta hura erreproduzitzen duen ideologia identitarista bat: obrerismoa

Honaino argi geratzen da obrerismo gordinaren karakterizazioa. Baten batek galdetuko du: zer zerikusi du horrek guztiak egungo ezkerrarekin? Ba, egiazki, egungo ezkerra aipatutako obrerismo horren biharamunetik sortua dela. Eta oinordetzan jaso duela obrerismo hori, nahiz eta beste modu batzuetan birformulatu. Ikus ditzagun adibide batzuk.

Adibiderik garrantzitsuena klaserik gabeko antikapitalismoarena da, bere kontrapartida argiena baita. Oso hedatuta dago gizarte-mugimendu guztietan. Izan ere, subjektu oso zehatz baten (industriako langilea) aldeko apustu orokorrak historikoki porrot egin bazuen, horren aurrean emandako erantzuna gainerakoari entzungor eginda aurrera jarraitzea eta zeinahi subjekturi uko egitea izan zen. Horrek iraultza sozialerako edozein aukerari uko egitea esan nahi du (estrategia, badaezpada, aipatu ere ez dugu egingo), iraultza soziala gertatu arte itxarotea litzatekeelako kontua. Diskurtsiboki ematen zaion irtenbidea mugimendu partzial horietako bakoitzari antikapitalista abizena jartzea da, hori egiteak bere izaera aldatuko balu bezala.

Bien bitartean, klase-borroka ez da existitzen bere zentzu politikoan: onartzen zaion alor bakarrean hasi eta amaitzen da, lan-arloan (edo kasurik onenean, sozioekonomian). Hori ez da kontraesankorra, eta berretsi egiten du dogma obrerista. Obrerismo klasikoak zatia osotasuntzat hartzen du eta, aldiz, klaserik gabeko antikapitalismoak osotasuna hartzen du zatitzat: klase-borroka borroka sindikalera mugatzen da. Biek klasearen ulerkera bera izango lukete zentzu hertsian: batzuek, hura inposatzeko; besteek, hura desitxuratzeko. Ezkerrean hedatuen dagoen ulerkera da, bai herri-mugimendu eta mugimendu sozialetan, baita alderdi instituzionalistagoetan ere. Beren erredukzionismoa onartzeko gai ez diren horiek behin eta berriz leporatzen digute guri horixe bera, nori eta hain zuzen ere, beste inork baino sutsuago eta arduratsuago borrokatzen dugunoi, bai teorian baita praktikan ere.

Obrerismo klasikoak zatia osotasuntzat hartzen du eta, aldiz, klaserik gabeko antikapitalismoak osotasuna hartzen du zatitzat: klase-borroka borroka sindikalera mugatzen da

Politika-alorrean hain garrantzitsua ez izan arren, ulerkera obreristen beste ondorio bat zenbait korronte feministarena da. Feminismo autonomo italiarraren kasua da (Dalla Costa, Fortunati, edo denetan mediatikoena den Federici), eskema obrerista bera hartuta, determinazio osoz errealitatea iraultzen saiatzen baita mugimendua errealitate horretara moldatuz. Lehen lantegia klase-borrokaren agertoki pribilegiatu gisa ulertzen bazen han lan produktiboa (ekoizpena eta gainbalioaren erauzpena) egiten zelako, autore horiek etxeko lana lan produktibo gisa identifikatzen dute (!). Era berean, Delphy eta beste zenbait autoreren feminismo materialista ere multzo berean sailka genezake; baieztatzen dutenez, sexuek klaseak osatzen dituzte, eta etxeko ustezko ekoizpen modu baten baitan sexuen arteko gerra bat gertatzen da. Materialistak eta autonomoak bereziki bitxiak iruditu dakizkiguke, baina oro har, bi-biek dogma obreristen gaizki-­ulertuetatik edaten dute, gainerako korronte feministek eta klaserik gabeko antikapitalismoak bezala.

Baina gaur egungo fenomenoetara itzuliz, bada azken boladan presentzia mediatikoa eta kale presentzia hartzen joan den obrerismo berri bat, nahiz eta berez oso zaharra izan. Zaharra diot, berriz ere betiko ikusmolde okerretan oinarritzen delako; gainontzeko ezker traidoreari etsaitasun suharra adierazi arren, ulerkera berberak partekatzen ditu. Eta berria diot, loratu izanaren azken arrazoiengatik. Obrerismoak berak jada identitarismo bat osatzen zuen, langile-identitatea baitzen haren izateko arrazoi politikoa. Baina kasu honetan, ezaugarri hori areagotu egiten da identitate-politiken burrunbaren testuinguruan. Ez dago, beraz, ezer posmodernoagorik ustezko antiposmodernismo hori baino. Posmodernismo horrek argi eta garbi adierazten du erabat karikaturizaturiko ustezko langile-identitate baten atzera-egiteko erreakzioa. Adierazten dutenez, langile-identitate hori defentsiban legoke, gorantz ari diren beste identitate berri batzuen aurrean –degeneratu gaitzespenez izendatuak–. Identitate hori klasean aurki daitezkeen ezaugarri erreakzionarioenekin eraikitzen da, eta elkarrekiko oposizioan jartzen ditu modu esklusibo batean aspektu ekonomikoa den hori, ustez interes ilunek bultzatuta, eta horretatik aldentzen diren beste aspektu guztiak. Obrerismoaren eta nazionalismoaren arteko bat-egite horrek bilakaera logiko bat osatu du azkenean, sozialdemokraziak eta bere politika sozial-patriotak lehenbizi, eta faxismoak eta bere obrerismo nazionalak jarraitu zuten patroi historiko berbera jarraituz ondoren. Errealitatea egoskorra da, eta topatu daitezkeen antzekotasunak era arriskutsuan zentzuzkoak dira.

Ikusi dugunez, obrerismoak muturrekoak eta esklusibistak diren bertsioak izan ditzake, aipatutako azken hori esaterako. Edo lehen aztertu dugun txanponaren ifrentzua, azken finean oinarri berberak partekatzen dituena, nahiz eta horiek ukatzea izan helburu. Biek elikatzen dute elkar, biak leku beretik abiatzen dira eta biak dira borrokatu beharrekoak, are gehiago beren garai dekadentean. Langile-zentralitatea eta klase-borroka sinonimotzat hartzen zituztenentzat, lehenengoaren amaierak bigarrenaren amaiera ekarri zuen. Eta gaur egun beren obrerismo erreakzionarioa klase-borroka gisa saldu nahi dutenek ere klase-borroka bera ukatzen dute. Ukazio hori obrerismo mota guztien puntu komuna eta azkena da, hein batean. Gaur egun goranzko joera duen eta antolatuta dagoen komunismo bat izateak gertakarien bidez ukatzen ditu bi horiek. Eta erakusten du gaur egun klase-borroka berrabiatzeak obrerismo ororen gaindipen kritikoa izan behar duela oinarrizko premisa moduan.

Klase-borroka berrabiatzeak obrerismo ororen gaindipen kritikoa izan behar du oinarrizko premisa moduan

ERREFERENTZIAK

1. Tronti, M. (2006). Operaismo y política. Artillería inmanente.

2. Rodríguez, E. (2015). Por qué fracasó la democracia en España. Madril: Traficantes de Sueños.

3. Satrustegi, I. (2021). «Barrikada bereko lagunak». Arteka.

4. Murias, A.; Arrizabalaga, J. (1997). Autonomoekin solasean. Tafalla: Txalaparta

5. Tra Bajo Zero (2020). La ideología asturiana (actualizada y revisada). Tra Bajo Zero.

Tra Bajo Zero (2020). Marx en la bahía. De Naval Xixón a la nada (Apunte sobre la descomposición del sindicalismo en Asturies). Tra Bajo Zero.

6. Pérez, N. (2021). «M1: klase diskurtsoaren erabilera interesatuez». GEDAR LANGILE KAZETA.

EZ DAGO IRUZKINIK