Mymikry (Mimetismoa, 1931) Alemaniako John Heartfield artista komunistak AIZ astekarian (Arbeiter-Illustrierte-Zeitung edo Langileen Egunkari Ilustratua) argitaratutako fotomuntaketa. Bertan Joseph Goebbels agertzen da Adolf Hitler Karl Marxez mozorrotzen ARGAZKIA / John Heartfield
2022/01/03

«Krupp firma osatzen dugunok ez gara idealistak, errealistak baizik. Hitlerrek egiazko garapen baterako aukera emango zigulako irudipena genuen. Gainerakoan, gauzatu du garapen hori. Hasieran alderdi populistaren alde bozkatu genuen, baina kontserbadoreak ahulak ziren. Ogiaren eta boterearen aldeko borroka gogor honetan zorrotz gidatuko gintuen norbaiten beharra genuen, eta Hitler, hain justu, halakoa zen. Haren agindupean emandako urteetan pozik egon ginen. Sistema efiziente bat nahi genuen, lasai lan egiteko bitartekoak emango zizkiguna» — Alfried Krupp

TyssenKrupp AG enpresa alemaniarraren arbaso den Krupp partzuergoko buruzagi ohiaren hitzak ditugu aurrekoak, Nurembergeko prozesuan egindako adierazpenean. XX. mendearen lehen erdian Europako armagintza industriaren gailurrean zegoen Krupp taldea. Hori dela eta, Alemaniako gobernu guztien politika ekonomikoan protagonista izan zen. 1941ean enpresaren lekukoa hartu zuen Alfriedek, bereziki, bokazio faxista nabarmena izan zuen; belaunaldi hartako industria astuneko kapitalista gehienen antzera. 1931tik SStako (1) kide izan zen, Hitlerren jarraitzaile leiala. Naziak boterera heldu zirenean, Krupp taldea gudaroste naziaren arma ekoizle begikoena bilakatu zen. Horri esker, Wehrmacht-ak okupatutako lurralde ugaritan ekoizpen-unitateak kokatu zituen. Kruppen lantegietan bakarrik, 100.000 judu zein eslaviar inguru baliatu zituzten lan-indar esklabo gisa.

Datuok ez dira kasu anekdotiko baten konstantzia, Alemaniako eta Italiako goi-burgesiaren sektore esanguratsuek XX. mende hasieran egindako maniobra historiko oso baten joera adierazten digute. Krupp taldeari egin diogu erreferentzia, baina posizio berean aurki genitzake Thyssen, Siemens, Bosch, Volkswagen, BMW, Bayer nahiz bere garaian garrantzitsuak ziren beste hainbat konglomeratu industrial ere. Baina nola baldintzatu zuten zehazki kapital industrialok XX. mendeko faxismoaren forma zein norabidea? Nolakoa izan zen, zehazki, industria astuneko kapitalista handien eta faxisten arteko harremana? Zein funtzio historiko betetzen zuen langilego industrialari loturiko erretorika obreristak mugimendu faxistaren baitan? Erreportaje honek auzion inguruan hausnartzeko elementuak mahaigaineratu nahi ditu.

Sarritan aipatu izan den moduan, faxistek industria astuneko aberaskumeen, lur-jabe handien eta adar horietan interesak zituzten bankari jakin batzuen babes zuzena jaso zuten Italian eta Alemanian. Bestalde, bere masa mugimendua burges txikiz eta langilez ere hornituta egon zela aipatu izan da; goi-burgesiaren interesei erantzuten zien fenomeno politiko bat izan arren. Klase menperatzailearen fakzio konkretu batzuek, gainera, faxismoarekiko jarrera kontraesankorrak izan zituzten. Daniel Guerin komunista frantsesak estatu faxisten baitan lerrokatu ziren interes nahasiok azaldu zituen, burgesen arteko lehiaren eta klase borroka orokorraren kontzeptuetan sakonduz. «Horregatik garrantzitsua da ikertzea ea Alemanian eta Italian burgesia osoak, faxismoa diruz lagundu zuen horrek, nahi izan zuen diktadura, ala zehazki talde kapitalista batzuek nahi izan zuten. Ez dut uste errepikatu behar denik alderdi burgesak ez direla talde kapitalisten isla, baizik eta, hobeto esanda, haien tresna», zehaztu zuen (2). Bere hitzetan, oro har, industria astunaren eta arinaren artean konfrontazio historiko bat existitu da. Izatez, bi taldeok «interes ekonomiko zein estrategia sozial dibergenteak» garatu dituztela diosku Guerinek. Industria arinera lotutako burgesia altzairuzko anaia zaharraren monopolio historikoaz kexatu izan da. Atzerri-politikari dagokionez, armagintzarekin harreman handiagoa duen industria astunak jarrera oldarkorrak eta abentura inperialistak lehenetsi izan ditu. Industria arinak, aldiz, produktu ez-militarrak esportatzen dituenez, gerra eta autarkia errefusatzeko joera handiagoa izan du. Gainera, azken hori nazioarteko kapitalarekin lotuago egon da, industria astunak protekzionismora jo izan duen bitartean.

Langile klasearekiko jarrera ere desberdina da bi talde kapitalista klasikoen artean. Metalgintzako eta meatzaritzako kapitalistek, adibidez, borrokako patroien pentsamoldea garatu dutela dio Guerinek, hau da, jokabide autoritarioagoa izan dutela langile mugimenduaren aurrean. Horretarako bi arrazoi aipatzen ditu: 1) euren enpresen tamaina eta ekonomia nazionalean zein Estatuaren baitan izandako pisu politikoa eta 2) kapitalaren konposizio organikoa. Bigarren faktorean sakonduz, Karl Marxek azaldu zuen moduan, kapital finkoaren (makineria, lehengaiak, lurra...) eta kapital aldakorraren (lan-indarra) arteko erlazioari gagozkio (3). Industria astunean kapitalaren konposizio organikoa askoz altuagoa denez, irabaziak lortzeko muga estuagoak daude. Altzairugintzako enpresa handiek ekoizpen gaitasunak errendimendu betean ez darabiltzatenean, esate baterako, euren instalazioetako kostu finko erraldoiak fabrikatutako produktu gutxirekin amortizatu behar izaten dituzte. Hiztegi politikora ekarrita, greba ordu gutxi batzuekin soilik, industria astuneko burgesiak milioidun galera ekonomikoak jasan ditzake. Krisiarekin, berriz, ondokoa gertatzen zaio industria astunari: kapital finkoko gastuak murriztu ezin dituenez, aurrezki oro lan-indarraren kontura atera beharko du. Ondorioz, soldaten murrizketa basatia behar-­beharrezkoa zaie gainbehera ekonomikoko une kritikoetan. Langileen erresistentzia antolatuak eta gutxieneko askatasun politikoek, agerikoa denez, larrialdiko ihesbide hori blokeatzen diote. Industria arineko burgesek, bestetik, klase-kolaborazioarekin edota bake sozialarekin etxekotu nahi izaten dute proletalgoa, sozialdemokrazia klasikoaren antzera. Ondorioz, industria astuneko kapitalistek arrazoi objektibo gehiago izan dituzte faxismoa babesteko, batez ere merkatuak murriztuta eta lehengai-iturriak lehortuta zituzten aginte-unitate inperialistetan.

Dena den, industria arineko burgesen eta fakzio politiko liberalen jarrera ez zen erabat irmoa izan faxismoaren aurrean, inondik inora. Zer dela eta? Guerinek azaltzen duen moduan, industria arineko talde kapitalistek ez zuten faxismoaren garaipena desiratzen; baina, bi arrazoirengatik, ez zioten oztopo handirik ere jarri. Lehenik eta behin, faxismoaren izaera nazionalagatik, hau da, klase jabedunen esanetara dagoen mugimendu bat delako. Bigarrenik, hasiera batean faxismoaren irismen totalitarioa gutxiesten zutelako eta nahieran telegidatu zezaketelakoan zeudelako. «Indar proletarioen aurkako kontrapisu gisa» baliatzea aurreikusten zutela dio Guerinek; parlamentarioki nahiz kaleko talka-taldeekin.

Italian eta Alemanian faxismoak masa-­indar esanguratsua eta pisu politiko propioa metatu zituen, ordea. Benito Mussoliniren eta Adolf Hitlerren hordak aipatutako aginte-fakzioen interes espezifikoak oldarkortasun handiz babesteko determinazioarekin kokatu ziren eszena politikoan, oposizio oro pixkanaka desagerraraziz. Halaber, arrisku erreala bistakoa zenerako, berandu zen faxismoari bide ez-­armatuetatik aurre egiteko. Industria arineko kapitalistek eta politikari liberalek pauso bat atzera egin zuten, euren klase interes historiko orokorrak desberdintasun partzialen gainetik jarriz. Guda zibiletan herrikideen odolik isurtzeko prest ez zeudenez, faxismoaren aginte totalitariorako pista libre utzi zuten. Gauzak horrela, talde kapitalista nazional desberdinek, aktiboki ala pasiboki, granitozko blokea eratu zuten. Beste modu batean esanda, faxismoa boterera heldu zen burgesiaren alderdi historikoak koiuntura jakin baterako haren alde egin zuelako.

Faxismoa boterera heldu zen «burgesiaren alderdi historikoak» koiuntura jakin baterako haren alde egin zuelako

Laburbilduz, Guerinen interpretazioari jarraiki, Alemania eta Italiako faxismoak bi fase esperimentatu zituen. Prozesuko ziklo bakoitzean, aurrerago ikusiko dugunez, funtzio zein protagonismo-maila desberdina izan zuen erretorika obreristak.

1) Hasieran, kapital handiak ez zuen faxismoa boterera eramateko asmorik. Talde uniformatuei karta zuria ematearen arrazoia erresistentzia proletarioa zapaltzea eta 1919ko Versaillesko Itunaren errebantxa historikoa lortzea izan zen hasiera batean.

2) Krisialdi kapitalistak errentagarritasun-tasak kritikoki mehatxatu zituenean, ordea, Estatu indartsu batek baino ezin zezakeen sistemaren egonkortasuna bermatu. Hala, jauzi kualitatibo bat eman eta faxismoa botere politikora katapultatu zuten Lehen Mundu Gerratik galtzaile atera ziren potentzietako klase agintariek, modalitate berriko diktadura bat ezarriz (4).

KRISIA, ASKATASUN POLITIKOAK ETA FAXISMO SOZIOLOGIKOA

Ernest Mandel pentsalari marxista belgikarrak ere faxismoak aginte politikoa eskuratzea ahalbidetu zuten faktoreak xehatu zituen, faxismo gorakorraren berehalako mehatxua eta Estatu indartsua gisako kontzeptuak bereiziz. Gogora ekarri zuenez, «faxismoaren abiapuntua burgesia txiki desklasatu eta pobretuan datza» (5). Hau da, faxismoak masa-irismena izan dezan, ezinbesteko baldintza objektiboa da krisi kapitalistaren ondoriozko klase ertainen pobretze erlatiboak polarizazio sozioekonomikorako joera progresiboan sakontzea. Inflazioa, negozio txikien porrota, errentadunen irabazien uzkurtzea, funtzionarioen soldaten izoztea edota goi-mailako ikasketadun teknikoen langabezia bezalako fenomenoak izan ohi dira, besteak beste, faxismoaren bazka. Halako joerak areagotzen direnean, erreakzio burges txiki nostalgikoak sortzen dira, usu muturreko nazionalismoa nahiz demagogia antikapitalista elkarlotzen dituztenak. Kontrara, burgesia txiki atzerakoi eta oparo bat soziologikoki gailentzen denean, «neofaxismoak ez du masa-oinarri zabalik irabazteko inolako aukera objektiborik. Jabe aberatsak ez dira kalean langile iraultzaile edo ezker muturreko ikasleen kontra borrokatzen. Nahiago dute poliziari deitu eta hari arma hobeak eman asaldurez ardura dadin» (6). Mandelen ustez, hor datza ertain klaseetako elementu etsiak antolatuz langileria izutzen aritzen den faxismoaren eta Estatu indartsuaren arteko aldea. Estatu autoritarioak langile mugimendua zein militante iraultzaileak gogor erreprimitu ditzakeen arren, ohikoena da horien erabateko atomizazioa eta desmoralizazioa ez lortzea.

Aurreko arrazoiengatik, Mandelek Faxismoa izeneko obra idatzi zuen garaian (1969) ezin zitekeen mehatxu faxista zuzenik hauteman Europako Ongizate Estatuaren feudoan. Hori bai, egoera arras aldatu da ordutik, eta ondoko arriskua ohartarazten zuen egileak: «Beharrezkoa litzateke egoera ekonomikoa modu erabakigarrian aldatzea faxismoaren berehalako arriskua Mendebaldeko estatu kapitalistetan berragertzeko. Ez da inola ere baztertzen era horretako aldaketak etorkizunean gerta daitezkeenik; are gehiago, litekeena da hori gertatzea» (7). Joan den mendeko 30eko hamarkadakoaren antzeko oldarraldi faxista bat piztu aurretik, pentsalari belgikarrak ezinbesteko ataza bat nabarmentzen du: «Hobe da existitzen ez diren faxismoaren mehatxuek eragindako txundidura saihestea, neofaxismoaz gutxiago hitz egitea, eta azpimarra jartzea Estatu indartsuarekiko burgesiak duen joera oso erreal eta konkretu horren kontrako borroka sistematikoan, hots, langileen eskubide demokratikoen eskubide-murrizketa sistematikoan» (8). Askatasun politikoon murrizketa nabarmenak lirateke, besteak beste, salbuespen neurriak, greba eskubidearen urraketak, greba borrokalariak antolatzeagatik ezartzen diren isun zein espetxe-zigorrak, manifestazio eskubidearen mugaketak, masa komunikabideetako manipulazioa, atxiloketa prebentiboak eta abar. Krisia bera bezalaxe, gaurkotasun osoa duten fenomenoak dira, zalantzarik gabe.

Hala ere, faxismo gorakorraren eta iraunkorraren teoriek elementu zuzen batzuk dituztela aitortu zuen marxista belgikarrak. Izan ere, oinarrizko askatasun politikoen aurkako erasoen onarpen pasibo eta despolitizatuak arrisku bat dakar: murrizketak eraginkortasunez ezartzeak klase menperatzailearen gose errepresiboa areagotu eta gauza gogorragoetara bultza dezake. Halaber, langile mugimenduak zein mugimendu iraultzaileak ofentsiba politikoari aurre egingo ez balio, klase etsaiari ariko litzaioke oparitzen eskura duen botere apurra. Borrokarako tresna oroz desjabetuta, langileriaren erresistentzia salduta legoke koiuntura ekonomikoak ezartzen duen hurrengo gainbehera larrirako. «Erresistentzia ez bada eguneroko borroketan konstantziaz eta irmotasunez landu urteetan zehar, ez da azken unean zerutik jausiko» (9), ohartarazten digu Mandelek.

Hari beretik tiraka, gogoan izan behar genuke faxismorako faktore guztiak ez dituela krisiak eragiten, horietako asko elementu ideologiko iraunkorrak baitira formazio sozial kapitalistan. Faxismoak indarra hartu aurretik dauden baldintza subjektibo jakin batzuek erraztu egiten dute haren masa-garapena. Horren adibide dira Mendebaldeko erdigune inperialistako klase ertainetan sustraituta dauden pentsamolde erreakzionario ugariak. Estratu sozialok ekoizpen-harreman kapitalistetan zein estatu-aparatu burgesean duten posizioagatik propioak zaizkien aldagai kultural nazionalista eta obreristekin du zerikusia horrek. Arrazakeria, xenofobia, gertakari arrotzekiko erresumin irrazionala, sekuritarismoa, gutxiengo iraultzaile eta inkonformistekiko jarrera oldarkorra, meritokrazia, esfortzuaren kultura, langabe kronikoak alfertzat jotzea, laguntza sozialetatik bizi diren pertsonak parasitoekin alderatzea edota kapital finantzario-espekulatzailearekiko nagusitasun morala ertain klase garaikideen kontzientzia kolektiboan oso errotuta dauden elementuak dira. Soldatapeko lanak eta jabetza pribatuak objektiboki ardazten duten herritar baldintza abiapuntutzat hartuta, definizio existentzial horrekin bat ez datozenak zein berau zalantzan jartzera ausartzen direnak ezabatu, baztertu edota diziplinatzearekin amesten dute maiz klase ertainek. Ideia amalgama horrek faxismoaren germena osatzen duela esan genezake. Ezaugarriok oparoaldi ekonomikoen garaian politikoki hibernatzen duten arren, pentsa ezinezko iratzartze itzela izan dezakete krisialdietan; iritzi-talde kaltegabeak ziruditenak salatarien eta matoien armada eraginkorrak bilakatzeraino.

Soldatapeko lanak eta jabetza pribatuak objektiboki ardazten duten «herritar» baldintza abiapuntutzat hartuta, definizio existentzial horrekin bat ez datozenak zein berau zalantzan jartzera ausartzen direnak ezabatu, baztertu edota diziplinatzearekin amesten dute maiz klase ertainek

MASA-MUGIMENDU FAXISTA ETA OBRERISMOA

Wilhelm Reich psikologo marxista austrohungariarraren ustez, irizpide metodologiko aproposa da faxismoaren masa-oinarriaren interes subjektiboak eta mugimendu politiko beraren funtzio objektiboa bereiztea (10). Guerin parafraseatuz, esan daiteke faxismoa ez dela kapital handiaren menpeko tresna soila; pobretuta eta haserre dagoen burgesia txikiaren matxinada mistikoa ere bada (11). Halatan, faxismoaren kontraesan nagusiak bi aspektuon arteko antagonismoan oinarritzen direla uste zuen Reichek. Interklasismo fundazional horretatik abiatuta ikertu behar da ideologia obreristak faxismoaren baitan jokatzen duen rola, bai eta XX. mendeko faxismoak esperimentatu zituen momentu estrategiko orokorrak ere: masa-mugimenduaren fasea eta botere politikoaren fasea.

Esan daiteke faxismoa ez dela kapital handiaren menpeko tresna soila; pobretuta eta haserre dagoen burgesia txikiaren «matxinada» mistikoa ere bada

Masa-mugimenduaren hasierako fasean, goi-burgesiarekiko independentzia ideologiko erlatiboaz eta hori politikoki garatzeko nolabaiteko abaguneaz gozatu zuen faxismoak. Jardun proselitistaren baitan langileriaren aldeko adierazpen abstraktuak, hitzontzikeria antikapitalista utopikoa, estetika sozialista, kolpismoa, faxismoaren ezker hegalaren protagonismoa edota tematika proletarioak baliatu zituzten, besteak beste. Adibide bila urrutira joan gabe, alderdi naziaren izen osoa Langile Alderdi Nazionalsozialista Alemaniarra zen. Faxismoaren trebetasun politikoa, ordea, Guerinek esan moduan, bere burua antikapitalista gisa aurkeztea izan zen, kapitalismoari kalte larririk eragin gabe. Pentsalari frantsesaren arabera, Italiako eta Alemaniako masek «joera dute pentsatzeko egiazko etsaia ez dela euren kapitalismoa, atzerriko kapitalismoa baizik» (12). Kapital atzerritarra, nazien kasuan, judutarrekin lotzen zen gainera. Horretarako, kontzeptu gakoa nazio proletarioa izan zen, langile masek klase sozial kolpatuena nazioarekin identifikatu zezaten, eta alderantziz. Reichek azaldu zuen legez, formula horrek langileak autoritatearekin, enpresarekin, nazioarekin eta Estatuarekin identifikatzera zeramatzan. «Errealitate psikiko bat ordezten du eta indar material bihurtu den ideologia baten adibiderik garbienetakoa da», ondorioztatu zuen Reichek (13). Josef Goebbels propaganda ministro naziaren esaldiok, bestalde, ezin hobeto biltzen dute faxismoaren propaganda-taktika obrerista: «Zein da sozialismo alemaniarraren helburua? Etorkizunean Alemanian proletariorik ez egotea nahi du. Zein da nazionalismo alemaniarraren helburua? Etorkizunean Alemaniak munduko proletario izateari uztea nahi du» (14).

Burgesia txikiaren arreta pizteko aski izan zitekeen kontzeptu propagandistiko hori ez zen erabat baliagarria izan langile geruzetan sartzeko. Horregatik, faxistek funanbulismo politikoa praktikatu zuten masa-mugimendu fasean, bi klase sozial nagusien artean dantzan. Nagusiki grebak eta bestelako langile mobilizazioak sabotatzen aritzen ziren bitartean, eskirol ospea ere saihestu nahi izan zuten. Euren greba propioak antolatu zituzten, eta zenbait kasutan, milizia faxistek burges partikular batzuen aurkako eraso puntualak egin zituzten. Horrek guztiak muga ideologiko zein politikoak aurkituko zituen, ordea. Lehenik eta behin, ideologo faxistek, burges txikiak ziren heinean, «kapitalista alferrari, mailegu-emaileari, bankariari erasotzen diote, ez kapitalista ekoizleari» (15). Ondorioz, burgesia txikiaren interesak babestu ez ezik, klase-kontzientzia murritzagoa zuten langileen arreta osotasun kapitalistaren aurkako borrokatik desbideratzea ere lor zezaketen horren bidez. Bestalde, masa-mugimenduaren fasean kapitalista industrialak kritikatzera iritsi baziren ere, ez ziren urrunegi joan. Hor ere ekoizpen-bitartekoen jabe txikien ameskeria atzerakoiak islatu zituzten beste behin; asko jota, konpetentzia, kontzentrazio industriala edota monopolioak salatuz. «Nazional-sozialismoak gurpil kapitalistaren mugimendu mekanikoa eten nahi du, galga jarri nahi dio gurpil horri, eta gero gurpila kontrako noranzkoan birarazi nahi du abiapuntura iritsi arte, eta, iritsitakoan, bertan egonkortu» (16), adierazi zuen ideologo nazi gazte batek.

Faxismoak langileria erakarri eta politikoki neutralizatzeko baliatu zuen beste amu garrantzitsu bat (eraginkorrena agian), hitzemate korporatibista izan zen. Korporatibismoak langileak desproletarizatzea, gremioen eta artisauen garaiko ekoizpen-harreman aurrekapitalistak berrezartzea nahiz ekoizle txiki autonomoen bizikidetza armoniatsua berpiztea du amets. Hori guztia arautzeko, irizpide teknikoen arabera (ofiziozka) bildutako ekoizleen interesak kontziliatu eta organikoki batzea zen ideia. Demokrazia liberal parlamentarioa ordezkatuko zuen Estatu korporatibo bat inposatzea, alegia. Zentzu horretan, faxismoaren masa-­mugimenduko eslogan ekonomikoek eta erreformismo klasikoak inspirazio obrerista beretik edaten dutela esan daiteke.

Nicos Poulantzas pentsalari marxista greko-frantsesak korporatibismo faxistaren zentzu historikoa eta hark langileen artean piztutako ilusioa azaldu zituen. Korporatibismoak, klase-kolaborazioa zein ameskeria atzerakoiak sustatzeaz gain, ekoizpen-bitartekoen gaineko kontrola eskuratzeko langileek zituzten grina errealei erantzuten ziela zioen; koiuntura jakin baterako eta modu desbideratuan, betiere. Gainera, tresna ideologiko-diskurtsibook politikoki faxismoaren ezker hegalean, sozialki klase ertainean eta historikoki masa-mugimenduaren fasean kokatu ohi direla zehaztu zuen Poulantzasek. Buruzagi faxistek eta haien gainetik zegoen burgesia monopolistak kate motzean lotu zituzten halako ideiak, bestelako gai obreristen erabilpena bezalaxe (17); ez arrisku iraultzailerik ekar zezaketelako, klase ertainari mugimenduaren baitan politikoki gailentzen ez uzteko baizik.

FAXISMOA BOTEREAN

Historiaren motorra errepresioz eta propagandaz itzali zutela sinetsita iritsi ziren faxistak boterera. Klase-­borrokak, ordea, artifizialki estalitako ibaien antzera, bere bidea egin zuen. Antagonismo sozialaren gaindipen faltsuak uholdeak eragin zituen nazioartean, faxistatutako herrialdeetan zein alderdi faxisten baitan. Plebeio faxisten demagogia obreristak geroz eta oztopo gehiago aurkituko zituen Estatu berriaren baitan, harik eta horma historikoaren kontra jo arte.

Langile klasearen gaineko esplotazioa areagotzeko, estatu faxistek progresibotasuna eta banaketaren printzipioei erantzuten zien plan bat jarraitu zutela azaltzen du Poulantzasek. Boterean kokatu eta berehala, adibidez, kapital handi jakin batzuei nolabaiteko konpromiso ekonomikoak ezarri zizkieten, baina bien bitartean langile klasearen antolakundeak suntsitzen, enpresa batzordeak desegiten, greba eskubidea indargabetzen, hitzarmen kolektiboak deuseztatzen eta enpresetan absolutismo patronala berrezartzen ziharduten. Jarraian, langileen baitan kategoria pribilegiatuak sistematikoki sortzeari ekin zioten (18). Paraleloki, mugimendu faxistaren baitako fakzio obreristak nahiz langile-organoak garbitzen hasi ziren. 1933an, Alemaniako sindikatu faxistak hainbat lantegitan eragindako agitazioa zela eta, Hermann Göring Hitlerren eskuineko eskuak «enpresako zeluletako kideen, zeinak oraindik ez baitute ulertu Hirugarren Reicharen egiazko izaera, kontra energiaz jardutea» (19) gomendatu zion poliziari barne-zirkular batean. Hala, sindikatu faxistak Estatuaren eta patronalaren luzapen soil bihurtu ziren progresiboki.

Antzeko zerbait gertatu zen milizia faxistekin. Laban luzeen gaua dugu horren adibide perfektua. 1934ko ekainaren 30etik uztailaren 1era bitartean, masa-mugimenduaren fasean zehar langileria zapaltzeko horren garrantzitsua izan zen SA erakunde paramilitarra garbitu zuten SSk eta Gestapo polizia sekretuak. SAk erreforma sozial sakonagoak nahiz miliziaren eta armadaren arteko fusioa eskatzen zituen, eta gainera, kaleetan liskarrak pizten zituen. Halaber, hilketa politiko selektibo batzuekin SA fanatikoa menpean hartu zuen Alderdi Naziak, goi-burgesiaren nahiz armadaren konfiantza bermatuz. Alemaniakoa adibide nabarmenena eta odoltsuena den arren, antzeko ikaspena atera daiteke Espainiaren kasutik ere, zeinetan frankismoko familia kapitalista handiek Falangea organikoki irentsi eta instrumentalizatu zuten (20).

Faxismoak bere benetako aurpegia erakutsi zion klase ertainari, eldarnio idealista garesti ordainaraziz. Mandelek azaldu zuen moduan, faxismoaren masa-mugimenduak langileria antolatua zanpatzea lortzen duenean, jada burutu du bere egitekoa kapital monopolistaren ordezkarien begien aurrean. Orduan, masa-mugimendu faxistaren burokratizazioa gauzatzen da, estatu-­aparatu burgesean urtuz. Hori gerta dadin, mugimenduaren helburuen parte omen ziren muturreko demagogia plebeio burges txikiak azaletik zein ideologia ofizialetik desagerrarazi behar dira (21).

Neurri guztion ostean, askoz errazagoa izan zitzaien soldaten eta bizi-mailaren murrizketak inposatzea. «Halako konkistak krisi larri baten bidez abiarazten direnean, burgesiak, lehenik eta behin, konkista horiek ahalbidetu dituzten indar-harreman errealak aldatzen ditu, eta hori eginda baino ez da igarotzen konkista horiei zuzenean erasotzera» (22), zioen Poulantzasek. Alemanian, esate baterako, 1933an naziak boterera heldu zirenetik 1935eko uda bitartean, soldatak % 25 eta % 40 artean jaitsi ziren. Gainera, langileen errenten gaineko zerga erregresibo mordo bat ezarri zituzten, soldata are gehiago murriztuz (% 20 eta % 30 artean). Ertain klasea baretzeko langabezia murriztu bazuten, patronalari behar baino langile gehiago kontratatzea eskatu ziotelako izan zen; zama gehigarriagatik ordainsariak ematearen, soldata orokorrak murriztearen edota langile bakoitzaren lanordu kopurua jaistearen kontura, noski (23). Behin erresistentzia proletarioa desartikulatuta, mugimenduko elementu ezkerkoiak zapalduta eta langile klasearen bizi-­baldintzen aurkako erabateko ofentsiba ekonomikoa abiatuta, korporatibismoa izan zen faxismoak burgesia txikiaren eta langile aristokraziaren aurrean egin zuen azken ilusionismo ikuskizuna.

Faxismoaren oinarri sozialak oraindik bazuen promestutako korporatibismoarekiko halako esperantza bat. Goi-burgesiak, ordea, argi zuen ez zuela ekoizpenaren esferan inolako esku-hartze arrotzik onartuko. Klase ertain faxistek ekonomiaren esparruan erabaki politikoak hartzeko modu inozoan proposatzen zituzten erakunde mistoak behin eta berriz errefusatuak izan ziren estatu faxisten baitan. Guerinek klase borrokaren egoskortasuna seinalatzen du, erregimen totalitarioenaren erdian ere desagertzen ez zena: «Bestela esanda, langile klaseak ekoizpenaren kontrola eta autogestioa lortzeko duen etengabeko aspirazioa, baita burgesiak bere botere absolutua kolokan jartzen duen edozein saiakeraren –­kaltegabea iduri badezake ere– aurrean duen etsaitasun menderaezina ere» (24).

Aginte fasea ezaugarritzen amaitzeko, faxismoaren politika ekonomikoaren puntu kardinalak aipatuko ditugu, nahiko ezagunak diren arren: monopolio estatalen kapitalismo pribatuaren berrezarkuntza, kapital handiarentzako amnistia fiskalak, industria berriak irekitzeko debekua, monopolio nazionalekin lehiatzen zuten bestelako ekoizleak talde industrialetara batzera derrigortzea, galeren sozializazioaren bidez enpresa defizitarioak salbatzea, defentsarako zein obra publikoetako kontratuekin Estatua industriaren bezero nagusi bilakatzea, Estatuaren defizitari aurre egiteko aurrezki kutxen eta bankuen kontrolaren bidez errentadun txikien funtsak mobilizatzea, autarkia, gerra ekonomia, eta abar (25). «Faxismoaren “guztia ala ezer ez” politika finantza-esferara igarotzen da, eta ez du atzerriko abentura militarra ez den beste irtenbiderik uzten», zioen Mandelek neurri etsion harira. Agerikoa denez, halako erabakiek ez zioten burgesia txikiaren zein langile aristokraziaren interes ekonomiko-politikoei mesede handirik egiten; kontrara, oso kaltetuta uzten zituen. Joera horiek gauzatu eta faxismoaren klase-izaera agerian geratzen zihoan heinean, haren oinarri aktibo eta kontzientea ezinbestean murriztu zen, hots, diktadura faxistak bere masa-oinarria suntsitzeko joera izan zuen (26).

Faxismoaren klase-izaera agerian geratzen zihoan heinean, haren oinarri aktibo eta kontzientea ezinbestean murriztu zen, hots, diktadura faxistak bere masa-oinarria suntsitzeko joera izan zuen

OBRERISMO FAXISTA GAUR EGUN

Azkenik, erreparatu diezaiegun obrerismoak egungo mugimendu faxisten baitan duen tokia baldintzatzen duten faktoreei eta XXI. mendeko obrerismo faxistaren hainbat adierazpeni. Faktoreei helduz, faxismoaren egungo egoera politikoa joan den mendekoa baino marjinalagoa dela hauteman daiteke, eta krisi kapitalista, berriz, geroz eta gordinagoa. Bi elementuok talde faxista zein kontserbadore ugarik demagogia obrerista berrartzeko aukera bat zabaltzen dute (27). Diskurtso obrerista horiek, ordea, ez dute aurretik aztertutako esperientzian izan zuen zentzu taktiko bera, oraingoz ez dagoelako estatu demokratiko burgesak errepresio bidez garaitu ezin dezakeen eta ezinbestean zapaldu behar duen erresistentzia proletario indartsurik artikulatuta. Faxismoaren fraseologia obrerista garaikidearen zentzua, beraz, gehiago kokatu behar da haren autonomia ideologiko erlatiboan, langileria desbideratzeko urgentzia historikoan baino. Bestalde, autonomia ideologikoaren auziari jarraiki, ez da ahaztu behar obrerismoa klase ertainek espontaneoki erreproduzitzen duten logika bat dela; hau da, faxismoa klase ertainen semea denez, zentzua du osagaiok talde faxistetan presentzia minimo iraunkorra izateak. Hala ere, egia da prebentzio kontrairaultzailearen funtzio objektiboa ere jarraikorra dela gizarte kapitalistetan. Azkenik, ekoizpen-indarren modernizazioaren harira, industria astuna garrantzia estrukturala galduz doa Europako ehun produktiboan. Hori dela eta, faxismoaren zaldiaren alde apustu egin zuen artekari historiko konkretua materialki zein politikoki ahuldu da kontinente zaharrean. Faktore guztion konbinazioaren emaitzak ondokoak lirateke: masa-mugimendu faxista gihartsuak zein estatu faxista berriak sortzeko aukera XX. mende hasieran baino zailagoa da. Baina bestetik, diskurtso obreristentzako abagune autonomo bat berpizten ari da faxismoaren baitan; betiere, masa zabalak erakartzeko eraginkortasun politiko ziurgabea duena. Kapital monopolistaren interes koiunturalak edozein izanik ere, gizarte burgesa zutik den bitartean, faxismoaren printzipioekin bat egiten duten ideologo zein militanteak egongo dira. Hori bai, beraien arrakasta politikorako aukera kapitalaren barne-dinamikaren (krisia eta lehia inperialista) nahiz langile mugimenduaren garapen politikoaren menpekoa izango da.

Masa-mugimendu faxista gihartsuak zein estatu faxista berriak sortzeko aukera XX. mende hasieran baino zailagoa da. Baina bestetik, diskurtso obreristentzako abagune «autonomo» bat berpizten ari da faxismoaren baitan

XXI. mendeko faxismoaren adierazpen obreristei dagokienez, bi kasuistika interesgarri bereizi ditzakegu: batetik, talde neofaxista puruen propaganda klasikoa, eta bestetik, faxistatze prozesu bete-betean dauden langile antolakundeak. Talde neofaxistek joan den mendeko formula berbera baliatzen dute langileria interpelatzeko. Hogar Social Madrid Espainiako talde neonaziak, adibidez, ondorengoa zioen: «Taxiaren defentsaz hitz egiten dugunean subiranotasun nazionalaz ari gara, langile jendeaz, erraldoien aurrean amore ematen ez dutenez» (28), 2018ko taxi gidarien grebaren harira. Adin txikiko proletario migratzaileen kontrako erasoak egin dituen Bastión Frontal Espainiako gazte antolakunde berriak honela definitzen du bere burua: «auzoko jendea, umila, langile klaseko jendea» (29). Europako mugimendu faxista garaikideen artean pentsaera osatuenetarikoa duena, ordea, Italiako Casa Pound antolakundea izan daiteke. Bere programa irakurtzen badugu, politika ekonomiko, energetiko zein soziala proposamen obreristaz josita dagoela ikus dezakegu (enplegu osoa, berrindustrializazioa, eskulanaren itzulera, etxebizitza jabetzan izateko eskubidea, Ongizate Estatuaren prestazio sozial guztiak...). Bestetik, multinazionalen aurkako betiko demagogia antikapitalista burges txikia ere aurki dezakegu Casa Pounden adierazpenetan. Langile klase italiarra Europar Batasunaren zein kapital atzerritarren aurrean subiranotasun nazionala galdu duen Italiar Nazioarekin identifikatzen dute. «Langileek enpresaren kudeaketan eta irabazietan parte hartzea» (30) ere proposatzen dute, aldarrikapen korporatibista klasikoa mantenduz.

XXI. mendeko faxismoaren adierazpen obreristei dagokienez, bi kasuistika interesgarri bereizi ditzakegu: batetik, talde neofaxista «puruen» propaganda klasikoa, eta bestetik, faxistatze prozesu bete-betean dauden langile antolakundeak

Faxistatze prozesuan dauden langile antolakundeetara jotzen badugu, Espainiako Estatuko Frente Obrerorekin egiten dugu topo. Erakunde horrek ezkerrean kokatzen du bere burua, ezkertiarra eta erreakzionarioa izatea bateragarriak direla enegarrenez frogatuz. Faxista bihurtu ziren sindikalista soreliarrek (31) XX. mende hasieran egin zuten antzera, Frente Obrerok geroz eta nabarmenagoa den espainiar nazionalismoarekin lotzen du bere sindikalismo iraultzailea. Mussoliniren Italian ministro izan zen Edmondo Rossoni soreliarraren hitzetan, «italiar langileen zortea modu banaezinean dago nazio italiarrari lotuta» (32). Frente Obreroren irakurketetan zentraltasuna duen aberri kontzeptuari begira, antzekotasun ugari dituztela konturatuko gara. «Langileak gara egiazko abertzaleak; geure herrialdea altxatzen dugu eta geure aberria eraikitzen dugu egunero. Horrenbestez, Espainiaren historia ez da espainiar herriaren historia baino», zioten urriaren 12ko Hispanitate Egunaren harira. Are gehiago, «gu ez gara kultura yankia eta Europar Batasuneko inperialismoa ezartzeko beren aberriarekiko ukazioa sustatzen duten progre nihilista horiek. Geure herrialdea, Espainia, eraldatu nahi dugu, eta ez dago herrialde bat eraldatzerik hari iskin eginda» (33). Bi gerturapen, beraz, faxismoaren masa-mugimenduko ideia obreristekin: batetik, langile klasearen eta nazioaren arteko identifikazioa. Bestetik, antagonismo ekonomiko, politiko zein kulturala burgesia internazionalarengan proiektatzea.

Joan den maiatzaren 18an Frente Obrerok hurbilpen xenofoboa izan zuen gainera. Marokoren eta Espainiaren arteko krisi diplomatiko baten harira, migratzaile ugari bi estatuen arteko muga gurutzatzen saiatu ziren. Horren aurrean, «Espainiaren subiranotasun nazionalaren berreskurapena» aldarrikatu zuen Frente Obrerok, baita muga ixtea nahiz Marokorekin harreman diplomatikoak etetea ere. Irakurketak ez zuen migratzaileen aurkako gorroto faxista espliziturik adierazten, baina edonola ere, jauzi kualitatibo bat zekarren subiranotasun nazionalaren defentsan: «geure herrialdea beren muga propioa babesteko ordaintzera behartzen du, eta gainera, Europar Batasunak ere horixe egitea exijitzen du. Beren herrialde propioaren mugak kontrolatzea beren betebeharra ez balitz bezala!» (34). Hala, elkarretaratzeak deitu zituzten Espainiako Estatuko hainbat hiriburutan. Horietako zenbaitek ia-ia Falangearen eta Bastión Frontalen deialdiekin topo egin zuten.

ONDORIOAK

Formazio sozial kapitalistari berezkoa zaion krisiaren gurpil eroak zein gerra-jokoek aurrera jarraitzen duten artean, klase agintariak proletalgoaren aurrean eskua pistolara eramateko tentazioa izango du etengabe. Ekoizpen eredu kapitalistaren kontraesanak eta potentzia inperialisten arteko lehia areagotzen ari direla ikusita, militantzia komunistak ezin dio ez arreta analitikorik ez garrantzia politikorik kendu mehatxu fascioari. Indartsu zein ahul, idealista konbentzituz ala teknokrata ustelez osatuta egon, itxura chauvinista zein obreristaz jantzi, faxismoak zelatari aurki gaitzala beti.

ERREFERENTZIAK

(1) Schutzstaffel izen osoz, defentsa-eskuadra euskaraz. Hurrenez hurren, Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistaren eta erregimen naziaren defentsaz arduratzen zen aparatu politiko-militar integrala zen.

(2) Guerin, D. Fascismo y gran capital. Editorial Fundamentos. Madrid, 1973. 35-38 orr.

(3) Marx, K. El Capital. Crítica de la economía política. Libro primero. El proceso de producción del capital. Siglo XXI de España Editores. Madril, 2021. 263-274 orr.

(4) Guerin, D. Fascismo y gran capital. Editorial Fundamentos. Madril, 1973. 38-39 orr.

(5) Mandel, E. El fascismo. ernestmandel.org. 27 orr.

(6) Ibídem.

(7) Ibídem. 28 orr.

(8) Ibídem.

(9) Ibídem.

(10) Reich, W. Psicología de masas del fascismo. Editorial Ayuso. Madril, 1972. 60 orr.

(11) Guerin, D. Fascismo y gran capital. Editorial Fundamentos. Madril, 1973. 19-20 orr.

(12) Ibídem. 120 orr

(13) Reich, W. Psicología de masas del fascismo. Editorial Ayuso. Madril, 1972. 64 orr.

(14) Daniel Guerinek aipatua, Fascismo y gran capital-en. Editorial Fundamentos. Madril, 1973. 122 orr.

(15) Guerin, D. Fascismo y gran capital. Editorial Fundamentos. Madril, 1973. 127 orr.

(16) Daniel Guerinek aipatua, Fascismo y gran capital-en. Editorial Fundamentos. Madril, 1973. 132 orr.

(17) Poulantzas, N. Fascismo y dictadura, La III Internacional frente al fascismo. Siglo XXI Editores. Madril, 1973. 188-189 orr.

(18) Ibídem. 190-191 orr.

(19) Daniel Guerinek aipatua, Fascismo y gran capital-en. Editorial Fundamentos. Madril, 1973. 278 orr.

(20) Kortazar, J. Frankismoa, faxismoa eta faxistatzea. Arteka.

(21) Mandel, E. El fascismo. Ernestmandel.org. 15 orr.

(22) Poulantzas, N. Fascismo y dictadura, La III Internacional frente al fascismo. Siglo XXI Editores. Madril, 1973. 158 orr.

(23) Guerin, D. Fascismo y gran capital. Editorial Fundamentos. Madril, 1973. 282-283 orr.

(24) Ibídem. 286-287 orr.

(25) Faxismoaren politika ekonomikoan sakontzeko, ikus Daniel Guerinen Fascismo y gran capital, 299-367 orr.

(26) Mandel, E. El fascismo. ernestmandel.org. 15 orr.

(27) Aldalur, B. Faxismoa XXI. mendean. Konparaketa historiko bat. Arteka.

(28) Hogar Social Madrid en defensa del sector del Taxi (2018ko uztailaren 31). elmunicipio.es.

(29) Ortega, P. Bastión Frontal, la extrema derecha nacida con la pandemia (2021eko otsailaren 11) elpais.com.

(30) Casa Pound Italia. Il Programa. casapounditalia.org.

(31) Sorelianismoa XIX eta XX. mendeetan zehar bizi izan zen Georges Sorel sindikalista frantsesaren pentsamenduan inspiratzen da. Sozialismoaren eta marxismoaren berrikuspen kontserbadoreekin, greba orokorra eta mitoa zituzten klase borrokan garaitzeko gakotzat. Zenbait historialariren ustez, Sorelek proletalgoa komunitate nazionalarekin ordezkatu zuen, faxismoarentzat erabilgarriak izango ziren kontzeptuak sortuz.

(32) Daniel Guerinek aipatua, Fascismo y gran capital-en. Editorial Fundamentos. Madril, 1973. 120 orr.

(33) Comité Pro-Frente Obrero España. La Hispanidad. Unión nº5: Por la España Obrera y Popular. 11 orr.

(34) Frente Obrero España. Movilización contra el gobierno de Marruecos. frenteobrero.es.

BIBLIOGRAFIA

Anonimoa. ¿Qué antifascismo vencerá al fascismo? elcorro.org, 2022.

Guerin, D. Fascismo y gran capital. Editorial Fundamentos. Madril, 1973.

Mandel, E. El fascismo.

Poulantzas, N. Fascismo y dictadura, La III Internacional frente al fascismo. Siglo XXI Editores. Madril, 1973.

Reich, W. Psicología de masas del fascismo. Editorial Ayuso. Madril, 1972.

Rosés, A. El capitalismo alemán y los orígenes del nazismo: La Liga Antibolchevique (1918) y el «socialismo» de los industriales del acero. Archivos de la Historia, 2021.

EZ DAGO IRUZKINIK