Nagusiki nekazaritzan oinarritutako ekonomia azpigaratu bat izatetik, erosahalmen parekotasunean munduko ekonomia nagusia izatera igaro da Txina hamarkada gutxi batzuen buruan. 1980an munduko BPGaren % 2,3 baino gutxiago zegokion, eta herrialdearen garrantzia hazten joan da geroztik, 2022an % 18,5 berea izan arte. Zalantzarik gabe, neurri horretako ekonomia bateko eragile politikoek, haien tamaina hutsagatik, garrantzi handia izango dute munduko ekonomiaren eta harreman globalen nondik norakoak erabakitzeko orduan. Testu honetan Txinako ekonomiaren bilakaera eta haren nazioarteko proiekzioa deskribatzen eta baloratzen saiatuko gara, maila globaleko metaketa kapitalistaren funtsezko gunea baita.
Hasteko, gure helburu nagusia Txinako ekonomiaren kanpo-harremanen eta nazioarteko posizioaren azterketa eskaintzea bada ere, komeni da herrialdearen barne-hazkundearen ereduaren bilakaera laburki berrikustea; Txinaren barne-funtzionamendu ekonomikoa ulertzea oso lagungarria izan baitaiteke nazioartean duen proiekzioa ulertzeko.
TXINAREN HAZKUNDE EREDUA
Txinak azken hiru hamarkadetan izan duen hazkunde ekonomikoa ezohiko jazoera izan da mende honetan. Munduko ekonomiaren hazkunde-tasak, oro har, urteko % 1-3 artean ibili dira azken hiru hamarkadetan, eta Txinak % 7 eta % 12 arteko hazkunde-tasak izan ditu denboraldi berean. Dena dela, kontuan izan behar dugu herrialdeko jarduera ekonomikoaren hazkunde handi hori baldintza berezietan gertatu dela.
Lehenik eta behin, Txinako ekonomiaren egitura bera aldatu zen 90eko hamarkadatik aurrera, nekazaritza-sektorearen garrantzia txikituz eta industria-jardueraren presentzia handituz, balio erantsi txikiko eta maila teknologiko baxuko manufakturen eta industria-ondasunen ekoizpen masiboan espezializatuz.
Ekoizpenaren trantsizio hori herrialdearen ekialdeko landa-eremuetatik zetozen nekazaritzako langile asko mendebaldeko hiriguneetara mugitu zirelako izan zen posible. Hala, diziplinatutako lan-indar kopuru handia eskura izateak lantegi txinatarrei aukera eman zien soldata baxuak ordaintzeko, eta, hala, lan-kostu oso txikiak izateko. Mozkin gehienak berrinbertitzen zirenez eta urbanizazio azkarrak azpiegiturak eraikitzera bultzatzen zuenez Txinako ekonomiaren inbertsio-maila handia bere ekonomiaren oinarrietako bat bihurtu zen. Aldi berean, Txinako Estatuak atzerriko kapitala herrialdean sartzea eta etekinak bertatik ateratzea oztopatzen zuten politikak ezarri zituen, eta truke-tasa txikia mantendu zuen dolarrarekiko. Horrela, estatuak nazioartean oso lehiakorra zen kapital industriala garatzen lagundu zuen, haren ekoizpena esportaziora bideratu eta Txinako ekonomiaren motor gisa jardungo zuena[1].
Bigarrenik, eta are garrantzitsuagoa dena, Txinako ekonomiak aurrezteko joera handia du, hau da, kontsumorako erabili beharrean, errentaren zati handi bat aurrezki gisa gordetzen da, etorkizunean inbertitzeko. Era berean, aurrezki handi horri esker, herrialdeko hiri-azpiegitura modernizatzera bideratutako inbertsio-tasa handiak mantendu ditu. Hala, hazkunde eredu txinatarra etxebizitzen[2] eta azpiegitura estrategikoen eraikuntzan oinarritu da –eta, hein handi batean, horrela izaten jarraitzen du–, hala nola trenbideak, portuak eta parke industrialak.
Jarduera ekonomikoa izugarri handitzea ekarri duen arren, egiturazko bi arazo nagusi izan ditu eredu horrek: haren barne-kontsumoa ahula da eta esportazioekiko mendekotasun handia du. Egia esan, bi fenomenoak txanpon beraren bi aldeak dira[3]: langile txinatarrek jasotzen duten soldata apalen ondorioz murriztu egiten da kontsumitzeko duten gaitasuna. Aldi berean, nazioarteko merkatuan lehiakortasunari eutsi ahal izateko lan-kostu txikiak izatearen abantailak aprobetxatu dituzte Txinako enpresek. Hau da, bere lan-kostuak gainerako ekoizleenak baino txikiagoak izanik Txinako ekonomia gai izan da mundu mailako merkaturako lanez intentsiboak diren industria-ondasunak modu lehiakorrean sortzeko. Horregatik guztiagatik, ekoizpenaren zati handi bat herrialdearen kanpoaldera bideratu da nahitaez, eta esportazioak ekonomiaren hazkundearen eragile indartsua izan dira.
Nahiz eta zaila den data zehatz bat jartzea, 2010eko hamarkadaren erdialdetik aurrera gutxi gorabehera, Txinako administrazioa bere ekoizpen-eredua asko aldatzen saiatu da, bi helburu nagusi hauek begiz jota: 1) garapen teknologikoan aurrera egitea balio erantsi handiko industria bilakatzeko asmoz eta 2) bere autonomia estrategikoa handitzea, hau da, bere jarduera ekonomikoa gauzatzean munduko gainerako potentzien mende egoteari uztea, ahal den neurrian. Goi-mailako teknologiako jardueretaranzko eraldaketaren aldeko apustu horren giltzarria da digitalizazioari lotutako punta-puntako industriaren garapena.
Txinako administrazioa bere ekoizpen-eredua asko aldatzen saiatu da, bi helburu nagusi hauek begiz jota: 1) garapen teknologikoan aurrera egitea balio erantsi handiko industria bilakatzeko asmoz eta 2) bere autonomia estrategikoa handitzea
2015eko maiatzean administrazio zentralak, Xi Jinping buru zuela, eremu horretako zuzendaritza estrategikoa bideratzeko plana iragarri zuen: «Made in China 2025»[4] hamar urteko ekintza-planak lehentasunezkotzat jotzen du 4.0 industriarekin lotutako jarduerak sustatzea. Horien artean, garrantzi berezia ematen zaie robotikari, elektronikari, industria aeroespazialari, ibilgailu elektrikoei eta biomedikuntzari. Hala, Asiako erraldoiak argi utzi zuen abangoardiako teknologian potentzia bihurtzeko apustua. Baina helburu hori betetzeko, jakina, Txinak nazioarteko harreman-sare konplexu bat sortu behar du.
TXINA AFRIKAN
Duela urte batzuetatik hona kapital txinatarrak Afrikan duen presentziaren berri izan dugun arren presentzia hori asko handitu da azken hiru urteetan. 2020an soilik ia 3.000 milioi dolar bideratu zituen Asiako erraldoiak zuzeneko inbertsioan[5], eta, gainera, Txinako Gobernua da Afrikako mailegu-emaile handiena: 2000. urtetik 153.000 milioi dolarreko kredituak eman dizkie Afrikako ekonomiei orotara[6]. Datu hori perspektiban jartzeko, Angolako BPGa –kontinenteko seigarren ekonomiarik handiena eta bere petrolioagatik kreditu-kopuru txinatar handiena jaso duena– 63.000 milioi dolarrekoa izan zen 2021ean.
Bestalde, finantzaketarako laguntza izateaz gain, mendekotasuna eta diziplinatzea sortzeko mekanismo garrantzitsua da zorra. Kasu askotan Afrikako estatuek Txinako estatu-jabetzako enpresetara jotzen dute azpiegitura handiak eraikitzeko orduan. Horrelako proiektuen kostua oso handia izaten denez, Afrikako estatuak zorpetu egin behar dira horiek finantzatzeko, eta, horretarako, Txinako bankuetara jotzen dute. Hau da, Txinako Estatuak, bere enpresen partaidetzaren bidez Afrikako lurraldean garapen proiektu handiak eraikitzen, eta, aldi berean, finantzatzen ditu.
Garrantzitsua da aipatzea Afrikara zuzendutako atzerriko inbertsioa azken bi urteetan asko hazten ari den arren Txinak atzerrian egindako inbertsio osoaren % 4 baino ez dela[7]. Kontua da Afrikak jasotzen duela, alde handiz, atzerriko inbertsio gutxien per capita, eta inbertsio hori beharrezkoa dela kapitala metatzeko prozesuari laguntzeko, batez ere azpigaratutako ekonomietan. Horretan datza, hain zuzen ere, Txinak Afrikan presentzia izatearen garrantzia: Mendebaldeko kapitalak eta bere nazioarteko erakundeek, baliabide garrantzitsuak erauzteko orduan izan ezik, historikoki ahaztutako herrialdeei laguntza ekonomikoa eta azpiegitura zibil eta komertzialaren garapena emateko gai izan da.
Horretan datza, hain zuzen ere, Txinak Afrikan presentzia izatearen garrantzia: Mendebaldeko kapitalak eta bere nazioarteko erakundeek, baliabide garrantzitsuak erauzteko orduan izan ezik, historikoki ahaztutako herrialdeei laguntza ekonomikoa eta azpiegitura zibil eta komertzialaren garapena emateko gai izan da
Jakina, Txinak ere baditu interesak eskualdean eta, noski, Txinaren eta Afrikaren arteko harreman komertzial eta instituzionalek finantza-harremanek baino paper garrantzitsuagoa dute. Eskematikoki, interes horiek honela laburbil daitezke: 1) erauzketa-eredu bat ezartzea, lehengai estrategikoen hornikuntza-iturriak lortzeaz arduratuko dena –elikagaiez gain–, hazkundea sustatzeko beharrezkoak izango direnak; horrekin lotuta, 2) nazioarteko hornikuntza-kateetan aitzindaritza posizioa eskuratzea; eta 3) nazioarteko erakundeen aurrean duen zilegitasuna handitzea, esku-hartze politikorako eta negoziatzeko ahalmen handiagoa lortzeko. Hain zuzen, Txinak Afrikan duen presentziaren helburuetako bat Taiwanen nazioarteko deslegitimazioa bilatzea da; izan ere, Txinarekin harreman diplomatikoak izan nahi dituzten herrialdeek bete beharreko baldintza bakanetako bat uhartea estatu independente gisa ez aitortzea da, Txinako Herri Errepublika osatzen duen eskualde gisa baizik.
Bestalde, Saharaz hegoaldeko Afrikak garrantzi handia du lehengai estrategikoen hornikuntzari dagokionez, bertan baitaude abangoardiako teknologiarekin lotutako osagaiak fabrikatzeko beharrezkoak diren lehengai gehienak.
Saharaz hegoaldeko Afrikak garrantzi handia du lehengai estrategikoen hornikuntzari dagokionez, bertan baitaude abangoardiako teknologiarekin lotutako osagaiak fabrikatzeko beharrezkoak diren lehengai gehienak
Txina Saharaz hegoaldeko Afrikaren mende dago ia erabat kobaltoaren eta beste mineral eta metal batzuen inportazioari dagokionez, hala nola manganesoa, kromoa, eztainua eta koltan ezaguna. Txinako ekonomia da, alde handiz, mineral horien munduko inportatzaile nagusia goi-teknologiako osagaien ekoizpenerako, mikrotxipak –erdieroaleak– eta bateria elektrikoak, esaterako. Saharaz hegoaldeko kontinentea kromo, niobio eta tantaloaren hornitzaile garrantzitsua ere bada. Material horiekin tenperatura altuekiko, presioarekiko eta oxidazioarekiko erresistentzia handia duten super-aleazioak sortzen dira, giltzarriak diren industria aeroespazialean, energiaren industrian eta industria militarrean erabiltzen direnak.
COVID-19aren krisiaren garaian eta botila-lepoak jazotakoan agerian geratu zen moduan, erdieroaleak ezinbestekoak dira elementu elektronikoak dituen edozein tresna –telefonoak, ordenagailuak, ibilgailuak eta armamentua– ekoizteko eta, oro har, ekonomiarentzat. Antzeko zerbait gertatzen da litiozko bateriekin, batez ere ibilgailu elektrikoetan erabiltzen direnekin. Bateria elektrikoek eta erdieroalek duten garrantzia haien konplexutasun teknologikoan datza, eta horiek ekoizteko behar diren lehengai oso zehatz eta urrietan. Hori dela eta, horiek ekoizteko gaitasuna lortzeak botere-posizio izugarria ematen du nazioartean, eta Txinak baterien ekoizpen-prozesuaren % 75 inguru kontrolatzen du. Horrek esan nahi du gainerako ekonomiak Asiako erraldoiaren mende daudela teknologia hori behar duen edozein gauza ekoizteko orduan[8].
TEKNOLOGIA-GERRA
Testuinguru horretan, txinatar ekonomiaren handitzearen balizko ondorioen beldur, norgehiagoka teknologikoan posizioak irabazten saiatu da Washington, zigor ekonomikoen eta esku-hartze mediatikoen bidez. Hala, lasterketa baino gerra bilakatu da norgehiagoka teknologikoa. 2018an eta 2019an soilik gobernu estatubatuarrak bere herrialdeko konpainiei 150 enpresa txinatar baino gehiagorekin merkataritza-harremanak izatea debekatu zien –ezin diete produkturik erosi, ezta saldu ere–. Gaur egun, orotara, 600 konpainia inguru daude AEBetako gobernuak betoa jarritako enpresek osatzen duten Entity zerrendan. Txina mikrotxipak ekoizteko osagaiak eta bitarteko ondasunak hornitzen dituzten enpresen nazioarteko saretik kanpo uztea da merkataritza-gerra horren helburua[9].
Esan bezala, mikrotxipen ekoizpenean nagusitasuna eskuratzea bereziki garrantzitsua da munduko potentzia teknologiko bihurtzeko, eta horixe da AEBen indargune nagusia. Txina da erdieroaleen kontsumitzaile handiena eta auto elektrikoaren industriaren buruan egon arren egoera ahulean dago; izan ere, munduko ekoizpenaren heren bat baino gehiago kontsumitzen badu ere, fabrikazio-prozesuaren zati txiki bat baino ez du kontrolatzen, eta AEBek, berriz, balio erantsi handieneko zatiak kontrolatzen dituzte[10].
Mikrotxipen ekoizpenean nagusitasuna eskuratzea bereziki garrantzitsua da munduko potentzia teknologiko bihurtzeko, eta horixe da AEBen indargune nagusia
2010eko hamarkadaren hasieratik Txinako Gobernua nabarmen ari da jabetza intelektuala eskuratzea sustatzen, enpresen lehiakortasuna handitzeko egiten ari den ahaleginaren barruan. Patenteen garapenak, zeina berrikuntza teknologikoaren adierazletzat har baitaiteke, leku nabarmena du sustapen ekonomikoko politiketan. Izan ere, 2011tik aurrera Txina izan da munduko patente-sortzaile nazional handiena, eta BPGaren proportzio handiena berrikuntzara eta garapenera bideratzen dutenetako bat. Gobernuaren pizgarriei esker Txinako konpainiak teknologia berritzailea garatzen ari dira telekomunikazioen eta konputazioaren industrian. Instituzioek eta, bereziki, auzitegiek eta patenteen erregistro-agentzia nazionalek ere funtsezko zeregina dute auzi horretan; izan ere, zenbait alderen artean jabetza intelektualaren titulartasunari buruzko eztabaidarik badago, aldeetako baten aldeko erabakiak kalte handiak eragin ditzake bestearengan.
Errealki, gerra teknologikoa segurtasun nazionaleko auzia bihurtu da AEBentzat. Esaterako, betoa jarri dieten enpresen artean dago Huawei, mundu mailan 5G teknologiako patenteen garapenaren zerrendaren buru den enpresa teknologikoa. Ekoitzitako gailuen bitartez Txinako Gobernuari espioitza baimendu izana egozten diote Huaweiri. Gainera, AEBek, Txinaren eta Taiwanen arteko gatazka aprobetxatuz, mugimenduak egin dituzte errendimendu handiko mikrotxipen ekoizpenean lider erabatekoa den TSMC enpresa taiwandarraren salmentak blokeatzeko.
Pekinek «Txina bakarraz» duen jarrerak jasotzen duen ikuspegiaren arabera, Macao, Hong Kong, Taiwan eta Txina kontinentala bera lurralde-entitate beraren zati dira, eta, beraz, Txina kontinentalaren eta uhartearen arteko harremanak barne-arazotzat hartu behar dira. Jarrera horren aurrean eta Pekinek eskualdean duen eragina murrizteko asmoz, AEBak dira Taiwango sezesioak duen laguntza diplomatiko eta militar nagusia[11], hegoaldeko Txinako itsasoan estatubatuarrek dituzten gerraontzien hedapena areagotzeraino[12].
Gainera, AEBetako administrazioa diru asko eta asko bideratzen ari da mikrotxipak ekoizten dituzten fabriken ezarpena laguntzeko –batere eraginkorra ez bada ere[13]–, eta, hartara, goi-mailako teknologiaren ekoizpenean duen kanpo-mendekotasuna hausteko. Adibidez, 2022. urtearen erdialdean, AEBek Chips and Science Act delakoa jarri zuten martxan, 50.000 milioi dolar bideratuz mikrotxipen ekoizpen-katea herrialdean birkokatzeko pizgarri gisa.
ASIAKO INTEGRAZIOA ETA ZETAREN BIDE BERRIA
Txinaren nazioarteko proiekzioa ulertzeko beste puntu garrantzitsu bat da Asiako eta haragoko integrazio ekonomikoaren prozesuan betetzen ari den eginkizuna. Alde batetik, 2022aren hasieran, orain arteko merkataritza-trataturik handiena sartu zen indarrean, Eskualdeko Ekonomia Integralerako Elkartea (RCEP ingelesez). Munduko biztanleriaren ia herenari eta BPGaren %30ari eragiten dion akordio horrek Asiako eta Pazifikoko hamabost ekonomiak osatutako eremuan –Asiako bi zentro ekonomiko eta politiko nagusi (Txina eta Japonia) eta beste ekonomia garrantzitsu batzuk (Hego Korea, Singapur eta Australia), besteak beste– zeuden muga-zergak ezabatzen ditu, eta herrialdeen arteko merkataritza sustatzen. Itunak merkataritzarako eskualde-nodo baten sorrera eta Asiako merkataritza-bloke baten finkatzea badakar ere ez du nahikoa ahalmen Europako Esparru Ekonomikoaren gisako integrazio-prozesu sendo bat ezartzeko. Hala ere, dagoeneko Asia hego-ekialdeko balio-kate gehienak menderatzen dituen Txinari eskualdeko erabaki estrategikoetan eragiteko ahalmen handiagoa ekarriko dio.
Bestalde, Txinak garapen ekonomikorako azpiegiturak eraikitzeko estrategia global handiena du martxan 2013az geroztik. Asko espekulatu da Belt and Road Initiative delakoaren izaerari buruz, baina ebidentzia sendo gutxi dago. Beraz, ikusteke dago Txinaren merkataritza- eta inbertsio-hedapena zenbateraino izan daitekeen presio politikoa eragiteko mekanismoak ezartzeko aitzakia. Oraingoz, Belt and Road Initiative –Zetaren Bide Berria ere deitzen zaio– mugaz haraindiko estimulu ekonomikoko pakete gisa deskribatzen du Pekinek, Txinaren eta harekin harremanak dituzten herrialdeen hazkunde ekonomikoa sustatuz parte-hartzaile guztien onurarako izango dena[14]. Informazio falta dela-eta zaila da Belt and Road-en gastatutako zenbatekoa kuantifikatzea. Hala ere, oraingoz, Eurasia ia guztia eta mendebaldeko Afrikako eta Ozeaniako zati handi bat merkataritzara konektatzeko portuak, errepideak, zubiak, aireportuak eta tunelak eraiki ditu Txinak, bilioi bat dolarreko balioarekin –kopuru oso handia da, baina hasieran espero zenaren azpitik dago oso–.
HEGEMONIA ETA INPERIALISMOA
Txinaren kanpo-proiekzioaren izaerari buruzko eztabaidak zabalik daude oraindik. Hegemonia estatu batek estatu subiranoen sistema batean lidergo- eta gobernu-funtzioak betetzeko duen botere gisa[15] ulertzen badugu zaila da argudiatzea Txina ez dela lidergo hori lortzeko eta potentzia hegemoniko gisa nagusitzeko estrategia bat jarraitzen ari, Afrikan duen presentziari eta Belt and Road Initiative-ri buruz gorago azaldutakoa kontuan hartzen badugu. Auzi honen berezitasuna da –eta batzuetan horrek dakar auzia modu lausoan agertzea– estatu baten nagusitasuna hegemonikotzat har daitekeela baldin eta estatu-arteko sistema hori nahi duen norabidean zuzentzen badu eta berau interes orokorraren aldekotzat hartzen bada. Zentzu horretan, badago pentsatzen duenik Txinak munduan duen helburua munduko ekonomia kapitalistaren gaineko gobernantza-ordena berri bat ezartzea besterik ez dela, Mendebaldearen aurkakoa, eta ez duela inola ere besteen gaineko nagusitasun politikorik eduki nahi[16].
Bestalde, aipatu behar da zaila dela argudiatzea Txina, termino ekonomiko hutsetan, herrialde inperialista dela. Nahiz eta egia izan Txina kapital kopuru izugarria esportatzen ari dela bere mugetatik kanpo, atzerriko zuzeneko inbertsioaren bidez, eta, era berean, Txinako Estatua munduan zor gehienaren jabe den bigarren agentea dela –Europako Bankuaren atzetik bakarrik–, Asiako erraldoia ez da bere mugen kanpotik irabaziak jasotzen ari. Hain zuzen, Carchedik eta Robertsek diotenez[17], Txina irabaziak kanpora transferitzen ari da 90eko hamarkadaren hasieratik, eta horrek ekonomia periferiko gisa kokatuko luke mundu-sistemaren azterketa baten barruan.
Hala ere, ekonomia bat irabazi igorle edo hartzaile garbia izatea irizpide eskasa da inperialista den ala ez ebazteko. Gaur egun inperialismoak esan nahi duenaren eguneratze sistematikorik ez badago ere nozio leninista klasikoak zenbait puntu interesgarri eskaintzen dizkigu. Leninek, Inperialismoa, kapitalismoaren goi-fasea lanean, metaketa kapitalistaren garapen historikoari lotutako kategoria zientifiko eta objektibo gisa azaltzen du inperialismoa, eta ez herrialde jakin batek gainerako estatuekin dituen harremanen balorazio etiko gisa.
Inperialismoak kapital finantzarioaren –kapital motarik mugigarrienaren– garrantzia handitzea dakar, eta, aldi berean, kapitala gero eta gehiago pilatzen da lanak eta ekoizpenak maila globalean duten antolakuntzari buruzko erabakiak eta aginduak emateko gaitasuna duten jabe gutxi batzuen eskuetan. Ikusmolde leninista eguneratuz, esan liteke inperialismo horren ezaugarri nagusia ekoizpena maila globalean finantzen bidez gidatzeko premia dela[18]. Txinari dagokionez, esan daiteke bere asmo estrategikoa ez dela kapitalismoari aurre egiten dion proiektu bat, baizik eta eduki inperialista bera duen beste forma bat hartzen ari dela, menderatze politikoa zentzu hertsian ez duena: zalantzarik gabe, Txina finantza-kapitalaren esportazioa eta nazioarteko erakunde-sare baten garapena erabiltzen ari da maila globaleko ekoizpen- eta metatze-prozesua bere onurarako antolatzeko xedez.
Txinari dagokionez, esan daiteke bere asmo estrategikoa ez dela kapitalismoari aurre egiten dion proiektu bat, baizik eta eduki inperialista bera duen beste forma bat hartzen ari dela, menderatze politikoa zentzu hertsian ez duena: zalantzarik gabe, Txina finantza-kapitalaren esportazioa eta nazioarteko erakunde-sare baten garapena erabiltzen ari da maila globaleko ekoizpen- eta metatze-prozesua bere onurarako antolatzeko xedez
Testu honetan, Txinako Estatuak agente geopolitiko gisa eta bere kapital nazionalak jarraitu beharreko estrategiari buruzko erabakigune nagusi gisa duen zeregina azpimarratu dugu. Zehazki, estrategia hori nazioz gaindiko hornidura- eta ekoizpen-kateen kontrola eskuratzean oinarritzen da, goi-mailako teknologiaren sektoreetan nagusi izateko. Oraindik oso zaila da Txinak hurrengo urteetan izango duen irismena argi eta garbi ikustea, zer den nazioarteko esparruan lortu nahi duena, norgehiagoka teknologikoan nagusitzea lortuko ote duen edo zein izango den gainerako bloke geopolitikoekin izango duen harremana. Baina argi dagoena da Txinak nazioartean izan dezakeen garrantzia urrun dagoela goia jotzetik.
ERREFERENTZIAK ETA OHARRAK
[1] Federico Steinberg “El imposible encaje de China en la Organización Mundial del Comercio (OMC)”, Real Instituto Elcano, 2022ko urtarrilaren 20a. realinstitutoelcano.org.
[2] Higiezinen sektorea izan da, eta hala da oraindik ere, hazkunde txinatarraren motor nagusietako bat, eta hamarkada luzez etxebizitzaren prezioak ez dira asko hazi. Horrexegatik, analista batzuek higiezinen burbuila posible bat lehertzeak ekarriko lituzkeen ondorio larrien arriskuaz ohartarazi dute; batez ere Evergrande herrialdeko higiezinen bigarren promotore handienaren krisia dela-eta.
[3] Dinamika konplexu hori ulertzeko testu ona da Michael Pettis ekonomialari eta Txinan adituak idatzitako testu hau: “The U.S. Trade Deficit Isn't Caused by Low American Savings” (carnegieendowment.org).
[4] “Made in China 2025 plan issued”, Txinako Herri Errepublikako Estatu Kontseilua, 2015eko maiatzaren 19a. english.www.gov.cn.
[5] Inversión China en Africa Aumenta Mientras el Valor de Proyectos y el Comercio Bilateral Decrece”, IISD, 2021eko urriaren 15a. iisd.org.
[6] Chinese Loans to Africa Database, Universidad Johns Hopkins.
[7] Yike Fu, “The Quiet China-Africa Revolution: Chinese Investment”, The Diplomat, 2021eko azaroaren 22a. thediplomat.com.
[8] “Supply chain analysis and material demand forecast in strategic technologies and sectors in the EU: A foresight study”, Europar Batasuneko Argitalpen Bulegoa.
[9] Cheng Ting-Fang eta Lauly Li “US-China tech war: Beijing´s secret chipmaking champions”, Nikkei Asia, 2021eko maiatzaren 5a. asia.nikkei.com.
[10] Juan Vázquez Rojo, “La guerra tecnológica entre Estados Unidos y China sube de nivel ante la escasez de chips”, CTXT, 2021eko ekainaren 15a. ctxt.es.
[11] Bestalde, testu honen idazketaren unean behintzat, Europak joera kontraesankorrak ditu auzi honen inguruan, Pekinekin eta Washingtonekin duen harremanarekin lotuta dagoena. Zenbait estatu-ordezkarik Pekinen jarrerekiko hurbilpena erakutsi eta gatazkatik kanpo mantentzeko beharra adierazi duten bitartean Europar Batasuneko atzerri-gaietako ordezkari nagusiak, Josep Borrellek, Taiwani laguntzea Europarentzako funtsezko auzia dela esan du.
[12] Rafael Poch, “El éxito chino determina la tensión militar”, CTXT, 2022ko azaroaren 9a. ctxt.es
[13] Amanda Chu “Critics warn US Inflation Reduction Act could keep prices high”, Financial Times, 2023ko apirilaren 24a. ft.com.
[14] Deborah Brautigam, (2019). A critical look at Chinese ‘debt-trap diplomacy’: the rise of a meme, Area Development and Policy, 5(1), 1-14.
[15] Giovanni Arrighi y Beverly J. Silver, (2001). Caos y orden en el sistema-mundo moderno, Ediciones Akal.
[16] Dic Lo, (2020). Towards a conception of the systemic impact of China on late development. Third World Quarterly, 41(5), 860-880.
[17] Carchedi, G., & Roberts, M. (2021). The economics of modern imperialism. Historical Materialism, 29(4), 23-69.
[18] John Bellamy Foster. (2015). The new imperialism of globalized monopoly-finance capital: An introduction. Monthly Review, 67(3), 1.
HEMEN ARGITARATUA