ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Eneko Carrión
@enekocarri
2023/04/02

Mundua trantsizioan dago: Mendebaldearen hegemonia (estatubatuar) unipolarraren eredutik beste eredu batera igarotzen ari gara, zeinetan botere ekonomikoaren beste ardatz batzuk egongo diren, Latinoamerika, Afrika edo Asia-Pazifikoan. Kontua da ea Txina bilakatuko den hegemonia berri horren erreferente. Kanpora begira duen proiekzioa aztertu aurretik, beharrezkoa zaigu Asiako erraldoiaren barrenek nola funtzionatzen duten ulertzea. Horixe da erreportaje honen helburua; espazioak eta gaitasunek mugatuta badago ere, hurbilpen gisa baliagarria izango dela espero dut.

1) NOLA IRITSI GARA HONAINO?

Txina ez da gauetik goizera iritsi potentzia izatera. Asiako erraldoiak aztertzea merezi duen eraldaketa bat izan du; izan ere, hainbat hamarkadatan hazkunde tasa handiak izan ditu, bizi maila areagotu du eta landa eremuko gizarte tradizional izatetik gizarte industrial moderno izatera igaro da. Hau dena hobeto ulertzeko, ezinbestekoa zaigu atzera begiratzea, Maoren Txinaren azken urteetara, hain zuzen ere.

Aurrerako Jauzi Handiaren (1958-1961) emaitza txarren eta Iraultza Kulturalak (1966-1976) sortutako arazoen eraginez, Deng Xiaoping, Liu Shaoqi, Peng Zhen eta beste batzuek osaturiko sektore «pragmatikoenak» gero eta indar handiagoa hartu zuen Txinako Alderdi Komunistaren Komite Zentralean. Garai hartan, ekonomiaren norabidea aldatzeko oinarriak ezarri ziren. Horretarako, alfabetatzea sustatu zen, bai eta bizi kalitatea hobetzea, azpiegituren eraikuntza, lurralde kohesioa eta estatu enpresen sorrera ere. Nabarmentzekoa da bizi itxaropena 1949an 35 urtekoa izatetik 66 urtekoa izatera igaro zela 1978an. Bazirudien arren Lemazain Handiaren ondorengoa Hua Guofeng izango zela, barne lehien ondorioz, azkenean Deng Xiaopingek hartu zuen bere gain etapa berriaren lidertza. 1978tik aurrera, apustua argia zen: txinatar ezaugarridun sozialismoa. Garai hori «erreforma eta irekiera» aldi gisa ezagutzen da. Dengen hitzek oso ondo definitzen dute hastear zen garai berria: «Berdin dio katua beltza edo zuria izan, arratoiak ehizatzen baditu» (Sichuan probintziako esaera zaharra). Gobernuak erlaxatu egin zituen plangintza ekonomiko zentralari loturiko legeak, tokiko plangintza malguago baten mesedetan. Horrek sistema ekonomikoen dualtasuna eragin zuen: aldi berean zeuden Gobernuak finkatutako prezioak eta modu askean flotatzen zutenak; zenbait sektore, hala nola nekazaritza eta industria, liberalizatu egin ziren eta, bitartean, beste batzuk, industria astuna kasu, babestu egin ziren. Politika eta ekonomia ulertzeko modu hori «iraultza pragmatikoa» izenez ezagutzen da; praktikan dago oinarrituta, eta ez hainbeste teorian. Kontuan hartu beharra dago historikoki tradizio horrek eragin handia izan duela txinatarren pentsatzeko eran.

Dengen hitzek oso ondo definitzen dute hastear zen garai berria: «Berdin dio katua beltza edo zuria izan, arratoiak ehizatzen baditu»

Deng buru izan zenetik Xi Jinping boterera iritsi arte beste bi presidente izan ditu herrialdeak; bi horiek ere lehenengoak ezarritako bidetik jarraitu dute, nahiz eta fase bakoitzak bere ezaugarri bereizgarriak izan. Agintaldiak bost urtekoak ziren, eta behin baino ezin zen errepikatu –Xi Jinpingek arau hori aldatu zuen 2018. urtean–. Hona hemen liderrak: Deng Xiaoping (1978-1993), Jiang Zemin (1993-2003) eta Hu Jintao (2003-2012). Deng agintariaren iritziz –Lemazain Txikia izenez ere ezaguna–, beharrezkoa zen lehenik eta behin zenbait pertsona aberastu zitezen uztea, horrek ekonomia dinamizatu eta, hala, ongizate kolektiboa hobetze aldera. Horixe adierazten dute haren hitzek: «Pobrezia ez da sozialismoa, aberatsa izatea loriatsua da». Boterean egonkortu eta Alderdian zilegitasuna lortu ahal izateko, tokiko zenbait agintariren autonomia onartu behar izan zuen –Xi Jinpingek autonomia hori indargabetu du, bere politika birzentralizatzailearen bidez–. Hortik aurrera, erreforma politiko eta ekonomikoko prozesu bat abiatu zen, betiere Alderdiaren begirada eta kontrol zorrotzaren pean. Ziklo berriaren irekiera aurreko akatsekiko haustura gisa agertu behar zen, baina Maoren figurari eraso egin gabe, babes sozial zabala baitzuen. Horretarako, Iraultza Kulturaleko zenbait figura garrantzitsu epaitu zituzten.

Dengek hasitako modernizazioak lau zutabe hauek izan zituen: nekazaritza, industria, defentsa nazionala, eta zientzia nahiz teknologia. 1978. urtean, ekonomia pixkanaka irekitzera bideratutako prozesu bat hasi zen, proba eta errore sistema batean oinarrituta; hala, neurri oso zehatzak ezarri ziren esparru oso konkretuetan eta, haien eraginkortasuna egiaztatzean, gainerako esparruetara zabaldu ziren. Eman zen lehen pausoetako bat lehen sektorea suspertzea izan zen. Landa eremuko komunak ezabatu ziren, eta lurrak nekazarien artean banatu, iraupen luzeko kontratuen bidez; hala, lurraren gaineko jabetza pribatua hedatu zen. Kontratu horiei «erantzukizun familiarreko ekoizpeneko kontratuak» zeritzen: familiek, kolektibitateari zerga bat ordaindu ondoren, lursail osoa administra zezaketen, eta bertatik diru sarrerak eskuratu. Emaitzak adierazgarriak izan ziren: produktibitateak gora egin zuen, eta horrek ekoizpen osoa biderkatu zuen, baita familien diru sarrerak areagotu ere. Helburua argia zen: eskulan merkea baliatzea teknologiaren inportazioa finantzatzeko soberakinak lortu ahal izateko. Horri inbertsioan oinarritutako garapena esaten zaio; beste eredu mota bat kontsumoan oinarritutakoa litzateke (soldata altuak ezartzea, kapital inbertsioa areagotu behar izateko). 1980an, zona ekonomiko bereziak ireki ziren atzerriko inbertsioa erakartzeko; izan ere, atzerriko inbertsio horren bitartez, transferentzia teknologikoa, dibisak jasotzea eta enpresak administratzeko eta antolatzeko modu modernoak praktikan jartzea lortuko zen. Landa eremuko soberako eskulana «herriko eta hiriko enpresa» izenekoetan txertatu zen; hain zuzen ere, enpresa horiei esker, ekonomia dinamizatzea lortu zen. Exodo horrek hirigintzako eta lurralde antolakuntzako zenbait prozesu martxan jartzeko beharra ekarri zuen eta, hala, Txina tradizionalaren itxura aldatzen hasi zen. Aipatzekoa da 1988ko Enpresa Legeak nolabaiteko autonomia eman ziela enpresei, esaterako kontratazioetan eta kaleratzeetan. Horrekin batera, «lana janariaren truk» programa sortu zen, landa eremutik zetorren soberako eskulana xurgatzeko eta, era horretan, askotariko azpiegiturak eraikitzeko eskulana izateko. Liberalizazio prozesuak murriztu egin zuen «burdinazko arroz katilu»[1] izenez ezaguna zen babes sozialeko sarea (prestazio sozialak, etxebizitzarako laguntzak, etab.).

Aurrerago, 1990ko hamarkadan, erreforma ekonomikoko prozesuarekin jarraitu zuten, finantza sektorean azpimarra jarrita. Estatu enpresa ugari pribatizatu, itxi edo fusionatu egin ziren. Prozesu horren bitartez, mugak ireki zituzten, kanpoko inbertsio handiagoak jaso ahal izateko; besteak beste, joint venture izenekoak –Txinako eta atzerriko kapitaldun enpresa egiturak– sortzeko aukera ireki zen. Dena dela, kreditua beti egon da Estatuaren kontrolpean, neurri handi batean; hala, Estatuak mailegu merkeak eskaini izan dizkie Txinako talde industrial handiei, besteak beste azpiegituren arlokoei, higiezinen sustatzaileei eta probintzia zein udalerrietako gobernuei (azken aldian higiezinen burbuilarekin izandako arazoak ulertzen lagun diezaguke horrek). Urte horietan, aldaketa bat hautematen hasi zen politika ekonomikoan: balio erantsi txikiko merkantziak esportatzen zituen ekonomia bat izatetik, teknologia modu intentsiboan erabiltzen zuen ekonomia bat izatera igaro zen. Hala ere, hamarkada luzez kanpoko eskarian izandako aldaketen aurrean oso aldakorra izan da. Herrialde esportatzailea zen heinean, atzerriko herrialdeek krisiak izatean murriztu egiten zuten produktuen erosketa; hori konpentsatzeko, inbertsioak egin ziren azpiegituretan eta etxebizitzetan. 

2000. urtean, Txina Munduko Merkataritza Antolakundean (MMA) sartu zen; ordurako, gainditua zuen merkataritza defizita. Yuana debaluatzeko (hari balioa galarazteko) politika bat aplikatu zen, Txinako salgaiak gainerakoak baino merkeagoak izan zitezen (bitartean, industriaren produktibitateak hazten jarraitzen zuen); horri esker, esportazioak asko handitu ziren. 1978 eta 2005 artean, batez besteko hazkunde tasa % 9,7koa izan zen, inoiz ikusitako hazkunderik txundigarrienetakoa[2].

Ekonomia irekitzeko prozesuarekin batera, hainbat erreforma egin ziren, bai Estatuan, bai Alderdian. 1978 aurretik, administrazioa eta Alderdia bat ziren, funtsean; alabaina, erreforma administratiboak bereizi egin zituen, administrazioaren eraginkortasuna hobetzeko helburuz. 1978. urtetik aurrera, administrazioko langileak hautatzeko prozesua profesionalizatu egin zen eta, egun, 50 milioi kide inguru ditu. Erreforma administratibo horiek erakundeak modernizatu zituzten; horren adierazle da 1992an unibertsitate ikasketak zituzten funtzionarioak % 30 izatetik 2007an % 86 izatera igaro izana. Administrazioan gora egiteko prozesua irizpide meritukratikoetan oinarritzen da; hau da, beharrezkoa da oinarrizko postuan esperientzia zabala eta emaitza onak izatea postuz igo ahal izateko (kontaktuak ere lagungarriak dira). 

Gizartearen hezurdura osatzen zuten printzipio sozialistak baztertuta, Alderdiaren zilegitasun iturri nagusia desarrollismoa eta modernizazioa bihurtu dira; hau da, aberastasuna sortzeko eta bizi kalitatea hobetzeko gaitasuna, izaera nazionalistako beste aldarrikapen eta eskakizun batzuekin batera. Esanguratsua da Txinako Alderdi Komunistak ia ez duela klase borroka aipatzen azken hamarkadetako dokumentuetan; hain zuzen ere, dokumentu zaharragoetan baino ezin ditugu aipamen horiek aurkitu. Horrek espezializazio maila altua ekarri du eta, horrekin, instituzioen despolitizazio nabarmena gertatu da. Bereizketak bereizketa, Alderdiak koadroak gainbegiratzen jarraitzen du, eta erabaki handiak haren esku daude. 

1982an onartu zen Konstituzioak aldaketa handia ekarri zuen, honako hauek ezartzen baitzuen: greba egiteko eta dazibao izeneko kartelak erabiliz Alderdia kritikatzeko debekua (Iraultza Kulturalean ohikoak ziren kartel handiak ziren), sezesio debekua, goi karguen agintaldia mugatzea, jabetza pribatua eskubide gisa ezartzea (jabetza indibidual gisa definitu arren), eta merkatua liberalizatzeko politikei atea irekitzea. Aldaketa ekonomikoek aldaketa politikoak eta teorikoak ekarri zituzten, Jiang Zeminen (1993-2003) ordezkaritza hirukoitzaren politikak erakusten duen moduan. Teoria horren arabera, Txinako Alderdi Komunistaren teoria, lerroa, programa, jarraibideak, politikak eta lana bat etorri behar dira, ahaleginaren bitartez, ekoizpen indarren garapenerako arauekin; izan ere, garapen horrekin, etengabe hobetuko da Txinako herriaren bizi maila. Bestalde, beharrezkoa da kultura sozialista nazional, zientifiko eta herrikoi bat garatzea, modernizazioari, munduari eta etorkizunari begiratzen diona. Bukatzeko, herriaren oinarrizko interesak aintzat hartu behar dira, abiapuntu eta helmuga baitira, eta Txinako herriari aukera eman behar zaio etengabe onura ekonomiko, politiko eta kulturalak lortzeko, gizartearen etengabeko garapena eta aurrerapena oinarri hartuta. 

Norabide horrek atea ireki zuen enpresariek eta gerenteek eztabaidarako eta kritikarako tokia izan zezaten Estatuaren barruan, betiere Alderdiaren zentraltasuna onartzen bazuten. Txinako Alderdi Komunistak ezarri zuen enpresari pribatuak ere langileak zirela eta, beraz, Alderdiko kide izan zitezkeela. Horri esker, teknologia enpresetako buru batzuk Herri Batzar Nazionaleko kide dira (Txinako Parlamentuko kide, alegia), hala nola Xiaomi enpresako buru Lei Jun, eta beste batzuk, hala nola Alibaba enpresaren fundatzaile Jack Ma, Alderdiko kide dira. 2013an, Txinako enpresarien % 40 inguru Alderdiko kide ziren; hala ere, militantziako kideak nagusiki erdiko klasekoak dira.

Deng Xiaopingek hasitako erreforma politika, dengismo izenez ezaguna, agorpen zantzuak agertzen hasi zen; beharrezkoa zen kontsumoaren kaltetan gaininbertsioan oinarritzen zen eredua aldatzen hastea. Bukatua zen irekitze eta modernizazio fasea. «Garai berrian» sartzeko unea zen. Orduan agertu zen Xi Jinping.

2) XI JINPINGEN TXINA

Ulertu behar dugu Txinako Alderdi komunista ez dela erakunde estanko, monolitiko eta guztiz hermetiko bat; alderantziz, bere barnean hainbat fakzio aurki ditzakegu, ikuspegi eta posizio politiko desberdinekin. Erreformei bidea ireki zitzaienetik, hiru fakzio nagusi aipa daitezke:

Alde batetik, Shanghaiko taldea, Jiang Zeminen figurari lotua. Talde hori elitistatzat hartua da. Beste alde batetik, Hu Jintaorekin (XX. kongresuan kanporatua izan zen) bat datozen gazte komunisten lerroa dugu. Bukatzeko, Xi Jinpingen presio-talde politikoa dugu, Jiang Zemini estuki lotua, egungo idazkari nagusia babestu baitzuen.

2012an Xi boterera iristeak aldaketa handia eragin zuen: erreforma eta irekitze fasea bukatu, eta «garai berria» hasi zen. Zenbait pertsona aberastu ondoren, hazkundearen onurarik jaso ez duten sektoreak kontuan hartzeko garaia iritsi zen. Alderdiak izan beharreko rolaren gaineko zalantzen aurrean, Xik bere rola (eta idazkari nagusiarena) indartu du Estatuko politikaren ardatz nagusi gisa. Alderdiaren gaur egungo rol nagusia herrialdeari egonkortasun politikoa eta soziala ematean datza. Kide bakoitzak organo legegilean eta exekutiboan zer kargu izango duen erabakitzeko eskumena dauka. Hala ere, eztabaida eta gidalerroen aplikazio asko estatu organoetan gauzatzen dira. Alderdiaren Komite Zentralaren osaera argazki argigarria izan daiteke sektore bakoitzak Alderdiaren politiketan duen pisua zein den jakiteko. Alderdiak 376 kide ditu: 205 titularrak dira, eta 171 ordezkoak. Titularren artean, honako hau da osaera: % 12, Alderdiko goi kargudunak; % 28 Gobernuko kideak; % 8 estatu enpresa handiak; % 20, Askapenerako Herri Armadako kideak; eta % 30 probintzia administrazioetako liderrak.



65c0ddd974452.1.png


Organo exekutiboak aurrean dituen arazo nagusiak honako hauek dira: eraginkorra ez den garapen ekonomikoa, ingurumen inpaktua eta gizarte zerbitzu desegokiak. Hazkunde azkarrak desparekotasun handiak eragin ditu herritarren artean, baita landa eremuaren eta hirien artean ere. Herrialdeko % 1 aberatsena aberastasun osoaren % 30 ingururen jabe da; duela zenbait urte, % 20 ingururen jabe zen. Hala ere, egindako aurrerapenak aipagarriak dira: Credit Suisseren 2022ko txostenaren arabera, Txinako batez besteko herritarra Europako batez besteko herritarra baino aberatsagoa zen 2021ean[2]. 

Kanpaina arrakastatsuenetariko bat ustelkeriaren kontrakoa izan da; horren bitartez, herritarrek instituzioetan duten konfiantza hobetu da eta, aldi berean, Xik paretik kendu ditu balizko arerio politikoak. Beste kanpaina handi bat muturreko pobrezia desagerrarazteko kanpaina izan da; Hamahirugarren Bosturteko Planean, tresna anitz txertatu zituen pobrezia desagerrarazteko. Kanpaina sorta horren emaitza ikusgarria izan da: Txinak 700 milioi pertsona pobreziatik ateratzea lortu du. Maila guztietan nahikoa oparoa den ekonomia bat (xiokang gizartea) izateko helburua lortuta, orain herrialde sozialista moderno bat lortzeko garaia da, desparekotasunak murriztuta (baina ez desagerrarazita).

Helburuak lortzearekin batera, normalean, kanpaina ideologiko eta kulturalak ere martxan jartzen dira, instituzioekiko konfiantza eta, bereziki, Alderdiarekikoa, sendotzeko, politikaren ardatz nagusi gisa. Leloak eta kanpainak erabiltzea Txinako tradizio politikoaren parte izan da eta, azken hamarkadetan, printzipio sozialistak alde batera uztean, kohesio sozialerako eta egonkortasunerako elementu gisa balio izan dute. 2020tik hona aukeratutako leloa «oparotasun komuna» izan da; estatu komunikabideen arabera, helburua pastelaren tamaina handitzea da, gerora, instituzio arrazionalen bitartez, modu egokian banatzeko. Guztiz definituta dagoen bide orri bat ez bada ere, honako atal hauetan bana dezakegu:

1. Zerbitzuak hobetzea, batez ere hezkuntzari, etxebizitzari eta osasun arretari loturikoak.

2. Gutxien dutenen erosahalmena handitzea, erdiko klase indartsu bat eraikitzeko

3. Aberastasuna hobeto banatzea lurraldeen artean.

Hori guztia garapen orokorra bilatzen duen estrategiaren barruan kokatu behar dugu; hala, xedea da erdiko klase kontsumista handiago bat izatea eta, aldi berean, giza kapitala hobetzea, balio erantsi handiagoa duten salgaien ekoizpenean oinarritutako garapen ekonomikoa lortzeko. Oliba formako hazkundea deritzo horri (pobre gutxi, erdiko klase handia eta aberats gutxi). Helburu horrekin, herrialdeak mende hasieratik batez beste % 16 handitu du I+G-ko inbertsioa dirua; zehazki, inbertsio hori BPGaren % 2,44 izatera iritsi zen 2021ean. I+G-ko inbertsioaren zatirik handiena, % 75 inguru, izaera pribatukoa da. Horrekin batera, ezin ahatz dezakegu 500 milioi pertsonak baino gehiagok landa eremuan bizitzen jarraitzen dutela eta hori erronka handia dela herrialdea modernizatzeko. Hori dela-eta, baliabide ekonomiko handiak inbertitu dira merkataritza elektroniko digitalean, ekoizpenaren mekanizazioan eta landa eremuko turismoaren sustapenean, besteak beste. 

Oliba formako hazkundea deritzo horri (pobre gutxi, erdiko klase handia eta aberats gutxi)

Bestalde, Txina beste sektore baten buru jartzen ari da: eraldaketa ekologikoa. 2012ko Alderdiaren kongresuan, garapen ekologikoa txinatar erako sozialismoaren bost zutabeetako bat izendatu zuten; horrek argi uzten du apustua benetan serioa dela. 2020an, herrialdeak kontsumitzen duen energiaren % 28,8 iturri berriztagarrietatik etorri zen. Helburua da 2025ean % 33ra iristea. Herrialdearen apustu energetikoaren beste zutabe bat energia nuklearra da; hain zuzen ere, % 500 hazi da energia mota hori 2010etik. Txina buru jarri da auto elektrikoen ekoizpenean (mundu osoko salmenta guztien erdia baino gehiago) eta litiozko baterien ekoizpenean (munduko ekoizpenaren % 74). Horregatik du hainbesteko garrantzia lur arraroen sektoreak (hala deitzen zaio eraldaketa digital eta berderako ezinbestekoak diren 17 elementu kimikoen sektoreari); Txinak % 50-60ko merkatu kuota lortu du meatzaritzan, eta % 80koa prozesamenduan. Aldaketa berde hori ekoizpen sektoretik haratago hedatzen da; hala, asmoa da dimentsio ekologikoa bizitzaren ia esparru guztietan integratzea. Horretarako, martxan jarri dira basoberritzeko proiektu masiboak (Gobiko basamortu inguruan, esaterako), baita hiri belakien proiektuak ere (hezeguneak eta urari eutsi eta ura gordetzen duten materialak ezartzea). 

Egungo Txinari buruzko ideia orokor bat egin ondoren, azter dezagun sakonago bere ekonomiak nola funtzionatzen duen.

2.1 Asiako erraldoiaren motorra

Atal honetan, Txinako ekonomiaren funtsezko zenbait kontu azalduko dira, hala nola Estatuak ekonomiari dagokionez duen rola eta ikuskera , bai eta bertan eragiteko eta hura zuzentzeko mekanismo nagusiak ere. Halaber aztertuko dira estatu sektorearen garrantzia eta ekoizpen unitateetan eragiteko erabiltzen dituen mekanismoak. Bukatzeko, eskulana sektoreka nola banatzen den eta enplegurik gabeko eskulanaren egoera eta bilakaera aztertuko dira.

2.1.1 Alderdia, Estatua eta norabide ekonomikoa

Alderdiak eta Estatuak merkatuarekin eta enpresekin duten harremana konplexua da, baina Xiren adierazpen honek argi laburbiltzen du haren ikuspuntua:

«Aztertu behar dugu nola jar dezakegun praktikan Kapitalaren rol positiboa merkatu ekonomia sozialista baten baldintzetan, eta, bitartean, kapitalaren rol negatiboa eraginkorki kontrolatu. Ezin diegu kapitalaren harrapakariei ausarkeriaz jokatzen utzi, baina, aldi berean, aukera guztiak eskaini behar dizkiogu Kapitalak ekoizpen faktore gisa duen funtzioari».

Horretarako, Estatuak zuzendari ekonomikoaren funtzioa betetzen du. Aitortzen den arren azken hamarkadetan sektore publikoaren parte hartzea murriztu egin dela –kualitatiboki eta kuantitatiboki–, eragile nagusia izaten jarraitzen du aldagai askotan, izan zuzenean –jabetzaren bitartez–, izan zeharka –pizgarrien edo finantzaketaren bitartez, funtsezko hornitzaile eta/edo bezero bilakatuta, politika fiskalen bidez eta abar–. Hala ere, sektore publikoaren garrantzia ez da soilik kualitatiboa; izan ere, hainbat autorek adierazten dute sektore publikoaren parte hartze txiki batek ere aukera ematen diola Estatuari (nagusiki kapital pribatua duen) enpresa bat kontrolatzeko. Hau da, sektore pribatuak, oso dinamikoa eta esanguratsua izan arren, jabetza publikoaren eta Estatuaren politika ugarien eragina jasaten du –nagusiki, finantzaketan eta dibisetarako sarbidean–; gainera, haren egitura korporatiboan eta erabakiak hartzeko unean ere hautematen da eragin hori. Horri Alderdiaren rola gehitu behar zaio. Enpresa gehienen barruan, Alderdi Komunistaren zelula bat dago, baita txinatarrak ez diren subsidiarioetan ere. Lehenago esan dudanez, exekutibo asko Alderdiko kideak dira, hala estatu enpresetan nola bestelakoetan. Curtis J. Milhaupt eta Wenton Zheng juristek emandako datuen arabera (189 P), 100 enpresa pribatu nagusitatik 95etan, eta Interneteko 10 enpresa nagusietatik 8tan, fundatzaileak edo kontrolatzaileak Alderdi Estatuko erakunde zentraletako edo toki erakundeetako kide dira edo izan dira. Horrek argi erakusten du zer saretze zabala dagoen indarrean Estatuak eta, haren atzean, Alderdiak, prozesu ekonomikoen gainean nolabaiteko kontrola izateko[3].

Enpresa gehienen barruan, Alderdi Komunistaren zelula bat dago, baita txinatarrak ez diren subsidiarioetan ere

Txinako garapenaren tresna nagusienetako bat bosturteko planak izan dira. 1953an hasi ziren Txinako bosturteko plan horiek hainbat mugimendu ekonomiko eta sozialen oinarriak jarri dituzte, hala nola Aurrerako Jauzi Handia, Iraultza Kulturala eta Mao ondorengo «erreforma eta irekiera» garaia». Plan horiek, egun «plan ildoak»» (guihuagangyao) izenez deituak, ez dira nahitaez aplikatzen, baizik eta Txinako Gobernuaren ustez orientazio gisa balio dute eta etorkizuneko hazkunde eta garapenerako esanguratsuak diren arazo sozial eta ekonomikoak identifikatzen laguntzen dute. Hau da, Gobernuak aplikatu nahi dituen politiken gida moduan funtzionatzen dute. Adibiderik esanguratsuena BPGaren hazkundeari dagokiona da: Gobernu zentralak urte hasieran ezartzen du, helburu sozial eta politiko batzuk oinarri hartuta. Horrek inbertsio eredu arriskutsua sortu du; izan ere, garrantzia duena ez da zertan inbertitzen den, baizik eta inbertsio horiek hazkunde kuotak betetzeko balio ote duten. Tokiko gobernuek pizgarri hori jasotzen dute eta, hala, estatu bankuek azpiegitura, industria eta eraikuntzako proiektuak finantzatzen dituzte, maila horretara iristeko helburuarekin soil-soilik.

Jarraian ageri den taulak azken bi planen alderdi orokorrak laburbiltzen ditu (hurrengoa martxan dago jada), tresna hauen eraginkortasuna hobeto ulertze aldera[4].

65c0ddd976004.2.png


2.1.2 Enpresa sektorearen bilakaera eta egungo egoera

Orokorrean Estatuak ekonomian jokatzen duen rola ikusi ondoren, arretaz aztertu behar dugu Estatuak nola zuzentzen eta orientatzen dituen enpresak , bai bere kontrol zuzenaren pean dauden enpresen kasuan, bai haietan eragiteko zeharkako neurriak erabiltzen dituenean. Jarraian ageri den grafikoak modu sintetikoan laburtzen ditu estatu enpresen sektoreko erreformak.


65c0ddd976ef0.3.png


2003an, Estatuaren aktiboak gainbegiratu eta administratzeko estatu batzordea (SASAC) sortu zen, Estatuaren izenean jarduteko, eta Estatuaren enpresa ez finantzarioak finantzatu eta arautzeko. 2006an, Txinaren lidertzak hiru multzotan bereizi zituen industria estrategikoak, eta Estatuaren aktiboen esleipena egokitu zuen. Horren atzean zegoen ideia zen Estatuak kontrol osoa izan behar zuela segurtasun nazionalerako eta ekonomia nazionalaren muinerako funtsezkoak diren industria giltzarrien gainean, ekonomiaren zutabe diren eta garapen ekonomiko nazionalarekin lotura estrategikoak dituzten industrietan kontrol zorrotza mantendu ahal izateko eta gainerako industrietan beharrezko eragina edukitzen jarraitzeko[5].

1) Industria giltzarriak: defentsa, elektrizitatea, petrolioa, gasa, telekomunikazioak, ikatza, itsasoko garraioa, aireko garraioa eta trenbideak.

2) Industria zutabeak: automobilgintza, industria kimikoa, eraikuntza, elektronika, ekipoen fabrikazioa, metal ez ferrosoak, prospekzioa, altzairua eta teknologia.

3) Industria arruntak: nekazaritza, sendagaiak, higiezinak, turismoa, inbertsioa, zerbitzu profesionalak, merkataritza orokorra eta manufaktura orokorra.

Txinako enpresak hiru talde handitan sailkatzen dira: Txinan fundatutako enpresak, Hong Kong, Macao eta Taiwango inbertsioak dituzten enpresak, eta atzerriko inbertsioak dituzten enpresak. Estatu enpresak gobernu zentral batek sorturiko enpresak dira; hala ere, estatu enpresek barne hartzen dituzte, halaber, tokiko gobernuek kontrolatzen dituzten edo tokiko gobernuen inbertsioak dituzten enpresak. Oro har, hiru estatu enpresa mota daude:

a) Oso-osorik Estatuaren jabetzakoak diren enpresak (state owned enterprises, SOE) edo sektore publikoak % 100ean finantzatuak, zeinetan aktiboen % 100 Estatuaren jabetzakoak diren. Oro har, trenbideak, ura, gasa, elektrizitatea eta aireportuak kontrolatzen dituzten sektoreetan.

b) Estatuaren holdingak. Enpresa horietan, sektore publikoa da akzioen gehiengoaren jabea. Ondorioz, Estatuak eskubidea du erabaki garrantzitsuak kontrolatu eta/edo kudeatzeko. Besteak beste, baliabide naturalen, elektronikaren eta automobilen sektoreak daude talde honetan.

c) Estatuaren jabetzakoak diren akzioak dituzten enpresak, zeinetan sektore publikoak formalki ez duen erabakimenik.

Jarraian ageri den taula Txinako Gobernuak argitaratzen duen txostenetik (statistical yearbook) aterata dago. Txosten horretan, herrialdearen gizarteari eta ekonomiari buruzko datu ugari ageri dira; taula honetan, zehazki, 2017an erregistroan inskribatuta zeuden enpresen kopurua eta mota adierazten da[6].


65c0ddd97831d.4.png


Pribatu gisa ezagutzen den sektorean (horrek ez du esan nahi beste sektore batzuetan kapital pribaturik ez dagoenik) inskribatutako enpresen kopuru osoa aztertuz gero, ikusiko dugu osotasunaren zatirik handiena hartzen dutela enpresa horiek, hain zuzen ere, % 79 inguru. Horrek ez du esan nahi sektore pribatua sektorerik garrantzitsuena denik; izan ere, gorago esan dudanez, sektore estrategiko ugari SASACen kontrolpean daude. 2022an, sektore publikoaren jabetza PBGaren % 40 ingurukoa zen, beheranzko joera batekin. Guztiz publikoak diren enpresak (state owned enterprises) guztizkoaren % 0,007 dira –Hong Kong, Macao eta Taiwango funtsak eta atzerriko funtsak dituzten enpresen antzeko ehunekoa–. Gainera, bazkide nagusia Estatua den enpresak (state holding) enpresa guztien % 0,18 dira. Estatu sektoreak oraindik ere pisu handia du BPGarekiko, baina sektore pribatua da enplegatzaile nagusia. 2018an, hiriguneetan, enpresa pribatuek 383 milioi langile zituzten; aldiz, enpresa «ez pribatuek” (non private) 168 milioi langile izan zituzten. Aldaketa argia izan da: Txina gai izan da egiten zituen inportazioak ordezteko egokiak ziren herrialdeko hornitzaileetan inbertsio handia eginez; horri esker, atzerriko herrialdeekiko mendekotasuna murriztu du, eta ekonomia nazional indartsua garatu.

Txinako Alderdi Komunistaren XIX. Kongresu Nazionalean, Xik erreforma berriak hitzeman zituen, estatu enpresak «indartsuagoak, hobeak eta handiagoak» izan zitezen eta «mundu mailan lehiatzeko gai ziren enpresa global» bilaka zitezen. 2018an, 48 enpresa nazional Global Fortune 500 zerrendan, hots, munduko 500 enpresa garrantzitsuenen zerrendan, agertu ziren; hau da, 2017an beste, baina 2003an baino sei gehiago. Hori lortzeko, Gobernua estatu sektorea pixkanaka erreformatzeko neurri sorta bat sustatzen ari da, esaterako «Acción 200» izenekoa. Helburua ez da soilik teknologia ekoizle handia izatea, baizik eta lehen indar gisa kokatzea, teknologia berriak patentatuz eta enpresa gehienak mugituko diren estandar eta irizpide teknikoak eta zientifikoak ezarriz, adibidez, 6G sektorean.

2018an, 48 enpresa nazional Global Fortune 500 zerrendan, hots, munduko 500 enpresa garrantzitsuenen zerrendan, agertu ziren

2.1.3 Ekoizpen egitura eta enplegua

Bukatzeko, beharrezkoa da Txinako ekonomiaren sektore nagusiak ezagutzea, bai eta sektoreok izan duten bilakaera ezagutzea ere. Azpimarratu beharra dago landa eremuak izugarrizko garrantzia izaten jarraitzen duela: 2018an, eskuragarri zegoen eskulanaren % 44 inguru enplegatu zuen; hau da, 341 milioi langile inguru. Jarraian ageri den grafikoak ekonomiaren hiru sektoreen bilakaera erakusten du. ­BPGa etengabe hazi da, sektore industrialak % 40tik gorako pisua izaten jarraitu du, nekazaritza sektoreak murriztu egin du BPGarekiko zuen pisua, eta zerbitzuen sektoreak hazten jarraitu du, bai eta sektore industriala gainditu ere. Ondorioz, ikus dezakegunez, Txinak ekonomia garatuen oso antzeko egitura du, bai sektoreei dagokienez, bai enpleguari dagokionez, jarraian ikusiko dugun eran.


65c0ddd978f4d.5.png

65c0ddd979ae0.6.png


Bestalde, langabeziari erreparatzen badiogu, aldaketa nabarmen bat hautemango dugu. Sozialismoaren pean ohikoa zen bizi osorako enpleguaren ikuspegia errotik aldatu da. Gaur egun, produktibitateari eta lehiari loturiko irizpideak dira nagusi. Eskulan merkeak (nahiz eta kostuak gora egin duen) oraindik ere aukera ematen dio lan soberakin handiak harrapatu eta landa eremuko enpresetako eta estatu enpresetako biztanleria desplazatuari lana eskaintzeko, bai eta urtez urte lan merkatuan txertatzen den lan indar geroz eta handiagoari lana eskaintzeko ere[7].

Langabeziari erreparatzen badiogu, aldaketa nabarmen bat hautemango dugu

2.2 Egitura militarra

2015etik aurrera, Txinak hainbat erreforma gauzatu ditu egitura militarra aldatu eta egungo erronketara egokitzeko. Ikusi besterik ez dago gastu militarra bikoiztu egin dela 2012tik 2021era; hala, 670 milioi yuanekoa izatetik 1350 milioi yuanekoa izatera igaro da. Lehenago aipatu den ustelkeriaren aurkako kanpainak eragin aipagarria izan zuen armadan; hain zuzen ere, legez kanpoko praktikak ezabatu ziren, eta Xirengandik hurbil zeuden sektoreak indartu. Erreformen helburuak argiak dira: Alderdiak Askapenerako Herri Armadaren gainean duen kontrola indartzea eta armada modernizatzea, lekuan bertan batailak irabazteko. Edozein unetan estatu kolpe bat edo koloretako iraultza bat gerta litekeen usteak Alderdia armada motzean lotuta eduki nahi izatera bultzatzen du. Horrekin batera, mundu mailako tentsio militarraren gorakadaren eraginez, Txinak garrantzi handia ematen dio arlo militarrari; horren adierazle da 2020ko Komite Zentralean arlo militarra ezarri izana egiturazko ardatz gisa, ia-ia Estatuaren eta Alderdiaren maila berean. 2035erako, defentsa nazionalaren eta Indar Armatuen modernizazioa burututa izan nahi dute; hau da, «Askapenerako Herri Armada guztiz eraldatu, mundu mailako gudaroste bat izan dadin XXI. mende erdialderako»[8].

2035erako, defentsa nazionalaren eta Indar Armatuen modernizazioa burututa izan nahi dute; hau da, «Askapenerako Herri Armada guztiz eraldatu, mundu mailako gudaroste bat izan dadin XXI. mende erdialderako»

2.3 Lurraldearen arloko erronkak

Politika deszentralizatu batetik joera zentralizatzaileago batera igarotzeak hainbat barne arazo eragin ditu, Txina herrialde zabala eta konplexua baita. Txinako politika estuki lotuta egon da handitasun historikoaren ideiarekin, zeina mende batez lapurtua izan baitzen, Opioaren Gerretan izandako porrotaren eta Japoniaren okupazioaren eraginez. Horren ondorioz, errelato horrek ez du funtzio kohesionatzaile hutsa izan, baizik eta barne politikaren gidari ere izan da beste etnia eta mugimendu sezesionista batzuen aurrean. Honela banatzen da herrialdea administratiboki: 22 probintzia, 5 eskualde autonomo, 4 munizipalitate eta 2 administrazio berezi (ikus mapa). Horiek autonomia maila desberdina dute, betiere «Txina bakarraren» ideiaren pean. Gaur egun, Alderdiarekiko eta estatu instituzioekiko dagoen konfiantza murriztu lezaketen erronka sorta zabala du aurrean. Ondorioz, funtsezkotzat jotzen da guztiak modu egokian kudeatzea. Atal honetan, kasurik nagusienak aipatuko ditut, labur, kasu bakoitza azaltzeak dudana baino toki handiagoa hartuko bailuke[8].


65c0ddd97a6cb.7.png


2.3.1 Taiwan

2012an, Xi boterera iritsi zenean, harremanak unerik onenetako batean zeuden, 1992ko adostasunaren bidetik. Kontuan hartu beharra dago nazioarteko norgehiagoka baten aurrean gaudela, non benetako Txina gisa aitortua izatea borrokatzen duen herrialdeak. Alde batetik, Txinako Herri Errepublika (Txina kontinentala) dago, eta, bestetik, Txinako Errepublika (Taiwan). Balantza argi eta garbi Txina kontinentalaren aldera lerratu da; izan ere, 2022an 181 herrialdek aitortzen zuten Herri Errepublika, Taiwan aitortzen zuten 14 herrialdeen aldean. Gauzak aldatuz joan dira; gizartea gero eta gehiago identifikatzen da «soilik taiwandar» gisa (% 60 baino gehiago 2021ean) eta, horrek, Alderdi Progresista Demokratikoaren gorakada ekarri du. Dena dela, independentzia aldarrikatzearen aldekoak % 25 ingurukoak dira; beste sektore batzuek status quoa era mugagabean luzatzea proposatzen dute, eta beste batzuk aurrerago erabakitzearen alde ageri dira. Horrek estutasunak ekarri dizkio Gobernuari, 2049rako herrialdea bateratuta egongo zela ezarri baitzuen (iraultza sozialistaren mendeurrenaren urtea), hori baita «amets txinatarra» betetzeko urtea. Helburu hori marra gorria da; izan ere, umiliazioz beteriko mende baten ondoren, aldarrikapen nagusietakoak lurralderik ez galtzea eta «Txina bakarraren» inguruko batasuna dira. Helburu hori ez lortzeak Alderdiak ezarritako helburu nagusietako bati uko egitea esan nahiko luke; ez dirudi hori onartzeko prest dagoenik, biztanleriaren zati handi baten babesa galtzea ekarriko bailuke. Gainera, kontuan hartu beharra dago Taiwan erdieroaleen munduko ekoizlerik handienetako bat dela; horrek berebiziko garrantzia du gaur egungo munduan. Helburua da atxikitzea bide baketsuen bitartez gauzatzea; izan ere, inbasio militar batek barne arazo larriak eragin ditzake. Hala ere, independentzia aldarrikatuz gero, Txinak argi utzi du tropak bidaltzeko prest dagoela. Horri AEBren balizko esku hartzea gehitu behar zaio, babes finantzario eta militar zabala eskaini baitio Taiwani 1949ko gerra zibilean Kuomitang garaitua izan zenetik eta uhartean ezartzea erabaki zuenetik. Esku-hartze hori ez da ideia zoroa; Biden presidenteak berak adierazi zuen horretarako prest zegoela. Datorren urtean hauteskundeak egongo dira uhartean; ondorioz, aukera asko daude gatazka hau berriz ere lehen planoan agertzeko.

2.3.2 Hong Kong

Taiwan bezalaxe, Hong Kong «herrialde bat, bi sistema» ereduaren parte da, zeinetan kapitalismoa toki zehatz batzuetan martxan dagoen baina gainerako guztia sozialismo gisa definitzen den. Gobernu ereduaren oinarrian autogobernurako gaitasun handia dago, eta horren erakusle da erakunde, konstituzio, moneta, lege sistema edota pasaporte propioak dituztela. Hala ere, Konstituzioaren 45. eta 68. artikuluek arazo handiak eragin dituzte; artikulu horiek, hain zuzen ere, Legegintza Kontseiluaren eta buru exekutiboaren hautaketa nola egin behar den zehazten dute, sufragio unibertsalaren bidez. Eztabaida negoziaziotik inposiziora igaro da; izan ere, huts egin zuen 2017ko Pekineko erreformak aukera emango luke Gobernu zentralaren kontrako hautagaiak kentzeko. Hain zuzen ere, hor dago eztabaida: Pekinen aldeko sektoreek Hong Kongen gaineko nolabaiteko kontrola izaten jarraitu nahi duten bitartean, «demokrata» gisa izendatzen den sektoreak sufragio unibertsal bidezko hautaketa Gobernu zentralaren injerentziarik gabe gauza dadila nahi du. Horrek eta hiriak bizi duen krisi sozialak testuinguru arriskutsua sortu dute. Bizitzaren kostu altuak –batez ere etxebizitzarenak–, lan baldintza txarrek eta soldatak izozteak atsekabe giroa eragin dute. Elementu horiek guztiek sektore demokrata erradikalizatzea ekarri dute; sektore horren barruan, indarkeriarik ezaren kontrako eta autodeterminazioaren aldeko posturak dituen korronte lokalistak indarra hartu du. 2019an, Estradizio Legea ezartzea proposatu zenean, protestek joera erradikalagoa hartu zuten eta mobilizazio sozial handia egon zen; horren ondorioz, Gobernu zentralak atzera egin zuen. Pandemia betean, Gobernuak Segurtasun Lege berria onetsi zuen; lege horrek barne hartzen zituen, besteak beste, terrorismoa, sezesioa, subertsioa eta atzerriko indarrekin kolusioa. Horrekin batera, Gobernu zentralari eskumena ematen zitzaion zenbait kasuren gaineko jurisdikzioa bere egiteko, tokiko auzitegien gainetik. Gobernuak, bere estrategiari jarraikiz, beste urrats bat egitea eta beste hauteskunde lege bat ezartzea erabaki zuen, « Hong Kong abertzaleek gobernatzen dutela» bermatzeko.

2.3.3 Tibet

Lurralde hau eta Xinjiang, besteak beste, herrialdetik deskonektatuta egon dira, eta horrek, historikoki, nolabaiteko autonomia eman die gobernu forma desberdinak ezartzeko. Landa eremuko komunak desagertu zirenean –komunak eskualde horren batasun ekonomiko eta sozialaren zutabea ziren–, jende asko langabezia kronikoan harrapatuta geratu zen 1978tik aurrera. Deszentralizazio politikarekin, Gobernu komunistaren aurka altxatu ziren zenbait sektore (lamak, Tibeten, edo mulak, Xinjiangen) berriz ere boterean jarri ziren, hau da, aristokrazia feudala berriz ere boterera itzuli zen. Aldaketa horren eraginez, partikulartasun etnikoa klase elkartasunari gailendu zitzaion berriz ere. Separatismoaren beldurra monje budisten monasterioetatik dator; hala ere, gaur egungo dalai lamak (lamaisten edo Tibeteko budisten figura nagusia) Txina barruan autonomia gehiago izatea proposatzen du. Hala ere, disidentzia adierazpenak ez dira askotan sinetsarazi nahi izaten diguten bezain handiak. Fenomenorik aipagarriena monjeen immolazioa da; 2008 eta 2018 artean, 155 monje immolatu dira, gehienak gizarte maila apaletakoak. Gazteen artean etorkizun espektatiba txikiak izateak monasterioko bizitza besarkatzera bultzatu ditu haietako asko, familientzat karga ez izate aldera. Gobernu zentralak zenbait neurri jarri ditu martxan egoera ekonomikoa eta soziala hobetzeko, eta, hala eskualdea egonkortzeko. Horrekin bat, ezin dugu alde batera utzi lurralde honek ur hornidurarako duen garrantzia; hain zuzen ere, ura funtsezkoa da bai energiaren sektorerako, bai kontsumorako. Lurralde honen gaineko kontrolak posizio hidrohegemonikoan kokatzen du Txina zona horretan; izan ere, Asiako ibaien iturburu nagusiak kontrolatzen ditu.

2.3.4 Xinjiang

Txinako eskualderik handiena da, eta herrialdearen ipar-ekialdean dago kokatuta. Biztanleriaren gehiengoa (% 45 inguru) uigur etniakoa da, eta biztanleriaren % 40 inguru, berriz, han etniakoa, Txinan nagusi den etniakoa, alegia. 1930 eta 1940ko hamarkadetan gatazken eta sezesio saiakeren foku izan zen eskualde hau Xinjiango Uigur Eskualde Autonomo izendatu zuten 1949an komunistek gairatu zutenean. Txinari dakarkion balizko arriskua ulertzeko elementu giltzarrietako bat mugimendu islamista erradikala da: 1989an, uigur fundamentalistek Ekialdeko Turkestango Mugimendu Islamikoa sortu zuten, Xinjiang eta inguruko herrialdeak barne hartuko zituen estatu islamiko bat sortzeko helburuz. Bitxia da NBEk erakunde terrorista gisa sailkatu zuela 2020an, baina AEBk izaera hori kendu zion. AEBren txotxongiloek Txinak gauzatu dituen terrorismoaren aurkako politikak erabili dituzte Txinaren izen ona zikintzeko arma gisa, hala nola kontrol polizial eta soziala edo hezkuntza eta enplegua sustatzeko programak. Apustua argia izan da: Txina uigurren aurkako genozidioa gauzatzen ari dela sinestaraztea, adibidez adierazita esterilizazio politikak sustatzen ari zirela, nahiz eta seme-alaba bakarraren politika ez zaien aplikatu Txinako 55 etnia minoritarioei.

2.4 Zero COVID politika

Zero COVID politikaren helburua birusari hedatzen ez uztea zen; izan ere, egoera deskontrolatuz gero, osasun sistema kolapsatu egingo zen. Osasun Batzorde Nazionalak emandako datuen arabera, pandemiaren lehen bi urteetan, mundu osoan egon diren kutsatzeen % 0,1 soilik jakinarazi ditu Txinak, nahiz eta bertako biztanleria mundu osokoaren % 20 izan. Txinako BPGaren hazkunde tasa % 2,3koa izan zen 2020an, eta % 8,1ekoa 2021ean. Orain arte, COVID-19aren aurkako gerra Xiren Gobernuaren zutabeetako bat eta harrotasun nazionalerako arrazoi izan da; ondorioz, birusarekin bizitzera igarotzea trantsizio konplexua da. Egon litezkeen agerraldiak erronka handia dira, eta hori modu egokian ez kudeatzeak herritarrek Txinako Alderdi Komunistarengan duten konfiantza higatu dezake.

ONDORIOAK

Guztiak oso polita dirudi Txinari buruz hitz egiten denean: itxuraz mugarik ez duen hazkundea, muturreko pobrezia desagerraraztea, win-win kontzeptuan oinarritutako kanpo politika, hegemonista ez den pentsamoldea... Niri zertxobait eszeptikoagoa izatea tokatzen zait; izan ere, beti da errazagoa onbera izatea kontuak nahiko ondo doazen eta ekonomiak hazten jarraitzen duen bitartean, baina hori aldatu egin daiteke datozen urteetan. Harry, X. Wu ekonomialariaren esanetan, Txinaren produktibitatea ez da 1990ko hamarkadatik hobetu. Hazkundea makinen eta langileek kopurua handitzean oinarritu da, gauza gehiago ekoitzi ahal izateko –hazkunde estentsiboan, alegia–. Baina dagoeneko trabak aurkitzen ari da lanaren indar produktiboa areagotzeko, hau da, lan gutxiagorekin gehiago ekoizteko. Hori da ekonomia nagusiek, garapen maila jakin batera iristean, pairatzen duten gaitzetako bat eta, dirudienez, Txina ez da salbuespena. Horrek eta azken urteotan izugarri handitu den zorrak arazo larriak eragin ditzakete herrialdearen ekonomian eta gizartean. Jaiotza tasaren beherakada edo gazteen langabezia prozesu horren adierazle dira. Oraingoz ez du lortu bere hazkundea barne kontsumoan oinarritzea, nahiz eta hori aldatzen saiatzen ari den. Hala ere, era horretako aldaketek zailtasun handiak dakartzate; izan ere, askorentzat onuragarria den eredu batean aldaketa instituzionalak egitea eskatzen dute[9]. Hazkundea motelduko balitz, (hori iragartzen du Nazioarteko Diru Funtsak) edo atzeraldi bat egongo balitz, murriztu egingo lirateke hobekuntzak bizi kalitatean, eta garapena frenatuko litzateke; horrek barne politika astindu lezake. Hori gertatuko balitz, baliteke jarrera agresiboago bat ikustea (nahiz eta, batzuen ustez, Txinaren pentsamolde politikoa horrelakoa ez izan) bere barne politikan (Taiwanekiko, esaterako) eta bere kanpo politikan (mundu mailako tentsio militarraren gorakadari dagokionez). Adi egon beharko dugu.

ERREFERENTZIAK

[1] Barros, M. & Garcia, J.R. (2003). El área económica china

[2] Claudio, G. (2009). China, 30 años de crecimiento económico

[3] García, J.A. (2022). China. Amenaza o esperanza. Akal

[3] Milhaupt, C. & Wenton, Z. (2015). Beyond Ownership: State Capitalism and Chinese Firm.

[4] Beltrán, L. (2020). China tecnológica. Del atraso a la vanguardia

[5] Zhang, Y. (2019) China y la reforma de las empresas estatales. Obtenido de: https://www.china-briefing.com/news/china-y-las-reformas-de-las-empresas-estatales-que-significa-la-ultima-ronda-de-reformas-para-el-mercado/ 

[6] China Stadistical Yearbook 2019. Obtenido de: http://www.stats.gov.cn/tjsj/ndsj/2019/indexeh.htm 

[7] Dussel, E. (2022). La «omnipresencia» del sector público de China y su relación con América Latina y el Caribe

[8] Sierra, A. & Marrades, A. (1997). La nueva era de China. Descifrando la guerra

[9] Pettis, M. & Klein, M. (2021). Las guerras comerciales son guerras de clases. Capitan Swing


EZ DAGO IRUZKINIK