Iraultza Kulturala prozesu jarraitu eta etengabetzat jotzen da Txinako Iraultzaren tradizio maoistan, iraultzaren fase jakin batzuk bete ondoren ere, iraultza bere premisa eta dinamika kontserbadoreetan itotzen utzi ez zuen mugimendu moduan. Ulerkera horren funtsa da uneko egoerak etengabe berrikusia eta eztabaidatua izan behar duela, klase zapaltzaile izandakoek eragin-posizioak berreskuratzea ekiditeko. Aipatutako helburua klase borrokan egindako mugimendu errepikatuek eta zuzenketa-mugimenduen bitartez kontzientziak eraldatzeko politikek ahalbidetuko lukete. Garrantzitsua da aipatzea txinerazko kulturaren kontzeptuak (Wenhua, 文) esanahi zabalagoa duela Mendebaldekoak baino, eta zibilizaziozko kontzeptu baten parekoa dela.
IRAULTZA KULTURAL PROLETARIO HANDIA (IKPH)
Ideia horrek, Txinako Iraultzan zehar, berebiziko influentzia izan zuen Mao Alderdi Komunistaren buru izan zenetik, 1949ko iraultzaren garaipenaren aurretik zein ondoren. Hainbat adibide aipa daitezke: 30eko hamarraldiko Lurraren Aitortzarako Mugimendua, zeinetan nekazaritzako erreforma, neurri politiko eta ekonomiko moduan ez ezik, nekazarien hezkuntza-prozesu moduan ere ulertzen baitzuten; 40ko hamarraldiko hastapenetan Alderdiko koadroen artean abiarazi zen Zuzenketa Kanpaina; 1950ean intelektualen artean bultzatu zen Pentsamenduaren Erreformarako Kanpaina; Hiru Antien Kanpaina, 1951an abiarazia Alderdiko koadroen artean ustelkeriaren, xahuketaren eta burokraziaren aurka; Bost Antien Kanpaina, 1952an abiarazia eroskeriaren, iruzurraren, gobernuaren jabetzen lapurretaren aurka eta oraindik modu erdi autonomoan funtzionatzen zuten enpresetako merkatariek zein industrialek Estatuari sekretu ekonomikoak lapurtzearen aurka; edo Zuzenketa Berrirako Kanpaina 1957an, Alderdiko koadroen zein Estatuaren joera burokratikoen aurka martxan jarria[1].
Kanpaina horien oinarrizko xedea berbera zen funtsean: masen balio, ideia eta motibazioak faktore erabakigarriak direla gizartearen funtzionamenduan, eta iraultzaren arrakastarako ez direla nahikoa iraultza politikoa gauzatzea eta Estatuko boterea hartzea, eta iraultza ekonomikoaren bitartez oinarrizko produkzio bitartekoak jabetza kolektibo bihurtzea, baldin eta iraultza horrek mundua zein gizakia aldi berean eraldatzen ez baditu. Era horretan uler daiteke kanpainon helburua moral berri bat eraikitzea zela, giza jokabiderako arau multzo berri bat, gizarte sozialista berriarekin bat zetorrena eta proletariotzaren diktaduran oinarritua. Baiezta daiteke kapitalismotik komunismorako trantsizio fasean, moral zaharra jabetza pribatuan oinarritutako gizarte burges zaharretik eratortzen dela, eta haren tasunik behinena norbanakoaren interes pribatua zela. Moral berriak gizarte sozialistarekin loturan behar zuen, eta haren oinarrizko elementua interes kolektiboa interes pribatuari eta balio proletarioak balio burgesei gainjartzea zen. Maok esaten zuen ideia zaharrak ez zirela berez desagertuko, berariaz kanporatu behar zirela beste berri batzuk sarrarazteko. Iraultza kulturala ez zen salbuespena: bere ezberdintasun kualitatiboa ez zegoen intentsitatean eta operazio eskalan, ez baitzen intelektualen edo Alderdiko koadroen moduko talde hautatuetara mugatu; kontrara, gauzen egoera irauli eta transformatzera bideratu zen. Horrenbestez, iraultza tradizio baten jarraipentzat jo daiteke (zuzenketa-mugimendu fokalizatuak), baina, aldi berean, aurreko saiakeren haustura da; ez, zen, ordea, saiakera horien gailurra izan, datorren belaunaldi bakoitzarentzat beharrezko prozesu jarraitua baizik, etorkizuneko komunisten orientazio ideologiko zuzena ziurtatzeko bidean.
Iraultzaren arrakastarako ez direla nahikoa iraultza politikoa gauzatzea eta Estatuko boterea hartzea, eta iraultza ekonomikoaren bitartez oinarrizko produkzio bitartekoak jabetza kolektibo bihurtzea, baldin eta iraultza horrek mundua zein gizakia aldi berean eraldatzen ez baditu
Bestalde, Iraultza Kulturala Maoren gidaritzapeko Alderdi Komunistaren irakaspen onenen eta tradizioen artean presente egon zen arren, hura piztu zuen faktore garrantzitsu bat zera izan zen: SESBen txinatarren ustetan «errebisionista» zen joera bat agertu zela. Maok bere idatzietan azpimarratu zuen sozialismoaren pean ere klaseek existitzen jarraitzen zutela, eta hala segiko zutela, harik eta klaserik gabeko gizarte komunista lortu, eta eskulanaren zein lan intelektual espezifikoaren arteko kontraesana ezabatzen zen arte. Klaseen inguruan ez da ari zentzu marxista zaharrean, hots, lur-jabe, kapitalista, langile eta nekazarien zentzuan. Kontrara, juridikoki modu pribatuan produkzio bitartekoen titularrak izan ez arren, funtzionalak ziren rol batzuk betetzen dituztenez ari zen: langileak, zuzendariak, nekazariak, Alderdiko eta Estatuko koadroak, intelektualak, akademikoak eta beste langile intelektual batzuk, soldaduak, etab. Jabetzaren eta egiazko sozializazioaren artekoa zen trantsizio garaiko kontraesan nagusia. Klaseen arteko kontraesanek hor zirauten, eta antagonismo zorrotz bihur zitezkeen kontuz tratatzen ez baziren. Maorentzat bereziki kontraesan arriskutsua zegoen masen eta haien gaineko autoritate posizioak zeuzkatenen artean, hau da, alde batean, nekazariak eta langileak egongo ziren, eta, bestean, gerenteak, administratzaileak, Estatuko eta Alderdiko koadroak eta hezkuntza instituzio kulturalen arduradunak. Ez baziren prebentzio neurri indartsuak hartzen, kontraesan hori gobernatuen eta gobernatzaileen arteko oinarrizko antagonismo bihur zitekeen, eta horrek bide emango zion klase burokratiko eta teknokratiko pribilegiatu baten sorrerari. Aipatu klaseak herriarekiko (Txinako proletariotza eta nekazalgoa) dibergenteak ziren interes propioak izango zituen. Hori gertatzea onartzen bazen, eta bereziki klase horrek gizarte burges zaharreko ideologiaren hondarrak gordetzen bazituen, agertokia prest egongo zen errebisionismoarentzat, hau da, horrek sozialismo iraultzailearen oinarrizko printzipio marxista-leninisten errebisioari ateak zabalduko zizkion, barne mailan zein kanpo mailan inperialistekin loturan. Horrenbestez, botere posizioak betetzen dituztenak interesatuago zeudekeen status quoa mantetzen –kanpo zein barne mailan– estatuaren barnean zein nazioarteko eskalan iraultza proletarioaren garapen iraultzailea bultzatzen baino.
Maok bere idatzietan azpimarratu zuen sozialismoaren pean ere klaseek existitzen jarraitzen zutela, eta hala segiko zutela, harik eta klaserik gabeko gizarte komunista lortu, eta eskulanaren zein lan intelektual espezifikoaren arteko kontraesana ezabatzen zen arte
Aurrekoarekin lotuta, esanguratsuak dira bi jazoera garrantzitsu Iraultza Kulturalaren sarrera ulertzeko: Komite Zentralaren 1966ko maiatzaren 16ko oharraren alde Txinako Alderdi Komunistaren gailurrean aurrera emandako borroka, eta Komite Zentralaren Komite Iraunkorrean eta 1966an geroago Komite Zentralean bertan ere izandako botere-oreka. Emaitza Komite Zentralaren Hamasei Puntuko Programa izan zen, 1966ko abuztuaren 8an; une hartan gutxiengo baten txostena zen. 1960-1964ko Politika Ekonomiko Berriaren ondorioz, hazi egin zen fabriketako zuzendarien eta teknokraten estratu pribilegiatua, non probientzietako Alderdiko komiteekin hertsiki lotutako jendea baitzegoen. Estratu horiek tradizio burgesean koka zitezkeen eta Mendebalderanzko nolabaiteko joera zuten interes kulturalak zituen intelektual multzo zabal batek babesten zituen. Interes kolektiboak asebete beharrean, nekazaritza-merkatuetan eta handizkako salmentetan jarri zen arreta, eta, segidan, botere politikoa Mao Zedongen aurka jarri zen. Lider politiko batzuek, «erreinu feudal» erdiautonomoak eratzeaz gain, Mao Zedongen arerioak babestu zituzten Alderdiaren Komite Zentralean: Deng Xiaoping, Liu Shaoqi eta Peng Zhen. Babes hori eman zuten liderren artean zeuden Tao Zhu –Hego Zentroko eskualdeko (200 milioi herritar txinatar hartzen zituen) ofizinako lehen idazkari ohia–, edo Li Ching-chuan –«abertzale lokala», Szechuan probintzia zinez aberats eta boteretsuko liderra–. Pekinen, prentsaren eta Alderdi Zentralaren aparatuko Propaganda Departamentuaren gaineko kontrolak aukera eman zien Maoren aurkariei haiei buruzko kritikak publikatzeari uko egiteko edo Maoren beraren obren inprimatze eta banaketa murrizteko –horren adibide da, adibidez, Maoren aipuen «liburu gorri txikia» masiboki zabaldu izana behin Iraultza Kulturala hasita–. Txinako Iraultzaren ideologia ofizialak maoista izaten jarraitu zuen, baina Estatu mailako antolakundeek beste arau eta balio batzuk zituzten. Funtsean, Alderdiaren eta Burokraziaren bi alderen arteko borroka zegoen, Maok ordezkatzen zuen sekzioa batetik, eta Liu Shaoqi y Deng Xiaopingek ordezkatzen zutena bestetik –Estatuko administrazio postuetan zeuden gerente eta koadroen sekzioa ordezkatuz–.
IRAULTZA KULTURALAREN HASIERA
Iraultza kulturalaren hastapenaren ezaugarri nagusiak masen ekintzen eta Estatuaren kontrol interbentzionistaren arteko kontraesanak eta tentsio altuak izan ziren. Iraultza Kulturalaren garapenean bi fase daude, elkarlotuak baina bereiziak: aurrenekoan Iraultza Kulturala hasi zen masen mugimendu espantsibo gisara (korrelatu berritzaile batekin: pluralizatu egin ziren masa-mugimenduak berak garatutako antolakunde politikoak), eta, bigarrengoak oinarri izan zituen fakzioen arteko gerra, Estatu-Alderdia berreraikitzea eta deuseztapen logikaren nagusitasuna.
Mugimenduaren lehenengo fasea masa-mugimenduaren hedapenak markatu zuen. Hedapen hori Guardia Gorrien bitartez gertatu zen, eta Alderdi Estatuaren beraren gaitasun operatiboetatik kanpo. Alderdi barruko borrokatik hasi zen, baina ikasleengan eta, ondoren, hiriko langile klasearengan izandako eraginak lurrikara izugarria eragin zuen Estatu zaharraren eta Alderdiaren egituretan, borroka ez baitzen soilik boterea lortzera mugatzen. Prozesu sozialista iraultzailearen beraren izaeragatiko borroka izan zen, masen eta abangoardien artekoa, erlazio komunisten ezarpenari buruzkoa. Politikari buruzko diferentzia –Alderdiko «bi lerroei» buruzkoa– berehala bihurtu zen «bi bideren» artean aukeratu beharrari buruzko borroka: kapitalismoa edo komunismoa.
Alderdi barruko borrokatik hasi zen, baina ikasleengan eta, ondoren, hiriko langile klasearengan izandako eraginak lurrikara izugarria eragin zuen Estatu zaharraren eta Alderdiaren egituretan, borroka ez baitzen soilik boterea lortzera mugatzen. Prozesu sozialista iraultzailearen beraren izaeragatiko borroka izan zen, masen eta abangoardien artekoa, erlazio komunisten ezarpenari buruzkoa
Mugimenduaren bigarren fasea Iraultza kulturalaren bidez masa-mugimendua berbideratzea eta Estatu zahar eraitsia birsortzeko lana izan zen. Alderdi Estatuaren aparatu zaharra berrantolatzeko egitura nagusia Askapenerako Herri Armada izan zen, aliantza hirukoitzeko Komite Iraultzaileekin batera. Fakzioen eta lerro ezberdinen arteko talkak ekarri zuen Iraultza Kulturalaren amaiera, ondoren ezkerreko lerroak izan zuen porrota eta 1976ko kontrairaultzaren behin betiko garaipena.
Iraultza kulturala hasiko zuen lehenbiziko erasoa –1965ko azaroaren eta 1966ko maiatzaren artean– Wu Hanek[2] idatzitako Hai Ruiren kargugabetzea opera-lanaren kritika izan zen. Peng Zhen alkate eskuindarraren sektore artistiko eta literarioaren buru izan zen Wu Han. Obrak goretsi eta aldarrikatu egiten zituen komunista eredugarriren adibide ziren «funtzionario onak», eta eraso egiten zien iritzi maoista erradikalei eta Aurrerako Jauzi Handia plangintzaren oinordetzari. Argitalpen hark eztabaida publiko sutsua piztu zuen hiru alde hauen artean: Wu eta haren aldekoak –kargu garrantzitsuak zituzten Estatuaren eta Alderdi Komunistaren aparatu kulturalean–; Mao Zedong eta Yao Wenyuan idazle komunista[3]; eta, azkenik, polemikan parte hartu zuten unibertsitateko akademikoak –posizio positiboago edo negatiboagoak izan zituzten obraren funtzioari eta edukiari buruz–. Obraren balorazioari dagokionez sortu zen zatiketa nabarmenaren eta posizio desberdinen eta obrak Txinaren historia iraultzailea faltsutzeko erabiltzen zituen elementuen eraginez, Maoren lerroak erasora jotzea erabaki zuen. Supererstrukturaren iraultza lortzeko helburuz, Maok hasierako fronte kulturalaren borroka erabili zuen Estatuaren aparatu kulturalen aurka eraso egiteko. Polemika erabili zuen propaganda-instituzioei eta Estatuaren hezkuntzari erronka botatzeko tresna moduan, Iraultza Kulturala abiarazteko xedez. Horrenbestez, Iraultza Kulturalaren lehenbiziko jo-puntua Txinako Herri Errepublikaren estatu-aparatu ideologikoaren gailurra izan zen: unibertsitate sistema. Maoismoaren helburua gainegituran borroka bat abiaraztea zen, hala ekoizpen harremanen erreprodukzioaren kontrol komunistari eusteko eta hura berbideratzeko.
Iraultza Kulturalaren lehenbiziko jo-puntua Txinako Herri Errepublikaren estatu-aparatu ideologikoaren gailurra izan zen: unibertsitate sistema. Maoismoaren helburua gainegituran borroka bat abiaraztea zen, hala ekoizpen harremanen erreprodukzioaren kontrol komunistari eusteko eta hura berbideratzeko
Borroka kulturalaren aldi berean, Iraultza Kulturala Alderdiaren gailurrean izan zen botere-borroka baten bidez hasi zen. Maok Txinako Alderdi Komunistaren figuren artean purga zehatza abiatu zuen Iraultza Kulturala abiarazteko gai izango zen aparatu bat bermatzeko. Mugimendu bakoitzak bere esanahia zuen:
Lehenbizikoa dagoeneko aipatu dugu: Wu Hanen aurkako polemika zabaldu nahi zen (Peng Zhen Pekingo alkate eta Komite Zentraleko kide esanguratsuaren laguntzailea). Horrez gain, Peng Alderdiaren propaganda-aparatuaz ere arduratzen zen. Aparatu hori ahultzea bilakatu zen helburu nagusi 1965eko azaroaren eta 1966ko maiatzaren artean.
Eztabaida aurrea zihoan neurrian, bigarren helburua bere segurtasun taldeko kideak hautatzea izan zen. Pekinen Txinaren Askapenerako Herri Armadaren eta polizia armatuaren konfiantzazko eliteko unitateak zabaldu zituen segurtasuna indartzeko etor zitekeen deskontrolaren aurrean, baita Iraultza Kulturala aurrera joan ahala hari aurka egiten ahalegintzen zirenei aurrea hartzeko ere.
Jarraian, Luo Ruiqingen aurka egin zuen, zeina Gai Militarretako Batzordeko funtzionarioa baitzen (azken buruan Maok gidatzen zuen Batzorde hori); izan ere, bera zen Alderdiaren eta Askapenerako Herri Armadaren arteko lotura instituzionala. Horrek Alderdiaren gainerakoen eta Askapenerako Herri Armadaren arteko lotura eten zuen. Horrez gain, Komite Zentralaren informazio-fluxua kontrolatu nahian, Yang Shangkun Komite Zentraleko Bulego Orokorreko burua kargugabetu zuen. Maoren ustez, helburu argi bat zuen: alderdiko goi-karguen informazioaren joan-etorria zorrotz-zorrotz kontrolatzea.
Mugimendu horiek guztiak hasierako borroka-formak izan ziren, lerro maoistak Iraultza Kulturala prestatzeko eta hari eusteko gai izango zen aparatu zentral bat bermatzeko erabili zituenak. Aparatu horren barnean nabarmentzekoa da Iraultza Kulturalaren Talde Arduraduna izeneko erakundea, Txinako Alderdi Komunistaren Komite Zentrala ordezkatuko zuena. Iraultza Kulturalaren Talde Arduraduna, beraz, Maok Estatuari eta Alderdiari zuzenean eraso egiteko erabili zuen erakundea izan zen; talde horrek bete zuen gerora sortu ziren erakunde errebeldeekin lotura egiteko funtzioa. Gainera, Iraultza Kultural Proletario Handiaren masa-faseak iraun bitartean eta gutxienez 1969an Alderdiaren IX. Kongresua egin zen arte, bera izan zen Txinako Alderdi Komunistaren zuzendaritza-organoa, de facto. Alabaina, esan dugun moduan, 1966aren lehenbiziko erdian egin zituzten mugimendu horien ondoren, garrantzizkoena zera zen: Iraultza Kulturala hasia zela.
Jarraian, Maiatzaren 16ko Oharra izenekoa argitaratu zen. Dokumentu hori IKPHaren hasieratzat hartzen da, haren bidez borroka azkar hasi baitzen Alderdiaren goi-karguetatik kanpora hedatzen[4]. Iraultza Kulturalaren Talde Arduradunak borroka kulturalak jendaurrean gertatzen ari ziren eskualdeetara joan ziren, haietan esku hartuz borroka horien gidaritza eta kontrola eskuratzeko. Horrela, mugimenduak Txina osoko parte hartze zabala lortu nahi zuen lerro maoistak.
Maiatzaren 25ean, Pekineko Beida Unibertsitatearen jangelaren erdiko paretan, karaktere handiko kartel bat agertu zen (dazibao estilokoa). Kartelaren egilea Nie Yuanzi zen, 45 urteko Alderdiko funtzionarioa eta unibertsitateko filosofia saileko kidea, eta unibertsitateko autoritateak kritikatzen zituen (Lu Pingek zuzentzen zituen autoritate horiek), baita aparatu kultural zentrala ere, Hai Ruiren kargugabetzea operaren bueltan zertu zen eztabaida bortitza erreprimitzea eta desitxuratzea leporatuta. Hurrengo goizaldean, Pekineko Unibertsitateko paretak kartel handiz josita agertu ziren, eta, handik gutxira, baita Txina osoko milaka ikastetxe eta hezigune ere. Nieren ekintzak Pekineko unibertsitateetako ikasle mugimenduaren eta Guardia Gorrien sorrera ekarri zuen. Guardia Gorriak ikasle gazteen antolakunde klandestinoak ziren; bateraezinak iruditzen zitzaizkien beren heziketan jaso zituzten sozialismoaren printzipioak jasotzen ari ziren hezkuntzaren printzipio eta praktikekin eta Txinako gizartean oraindik ere bazeuden desparekotasun sozialekin. Lehenbiziko taldea Tsinghuako Unibertsitatearen filiala zen bigarren hezkuntzako ikastetxe batean sortu zen. Pekineko Unibertsitatean zen eferbeszentziak eraginda, maoista errebeldeek talde bat osatu zuten, eta «Guardia Gorri» izena eman zioten beren buruari (izen hori 1926an, Iraultzaren lehenengo egunetan, Hunan probintzian sortu zen erakunde zibil batetik hartu zuten). Haren pareko taldeak sortu beste ikastetxe eta unibertsitate batzuetan, lehenbizi Pekinen ingurumarian, eta, gerora, alboko hirietan, hala nola Tiensinen. Hasieran «klandestinoak» izan ziren hilabete batzuez, baina mugarri izan zen Maok Tiananmen Plazako manifestazio batean publikoki haiei babesa eskatu izana. Ordutik aurrera, aparra bezala zabaldu zen mugimendua Txina osora. Hiru hilabeteko epean, dagoeneko 15 eta 20 milioi gazte bat eginak ziren Guardia Gorriekin, nor bere hezkuntza-instituzioetako unitateetan antolatuta; nagusiki erdi- eta goi-mailako ikasketetako ikasleak ziren, hamar eta hogei urte bitartekoak, baina bazeuden irakasle gazte batzuk ere. Guardietako kide izateko baldintza bakarrak Maoren Iraultza Kultural Proletarioa militantziaz babestea eta jatorri proletarioa izatea zen –besteak beste langileen, nekazarien edota Askapenerako Herri Armadako soldaduen familietatik etortzea[5]–.
Guardia Gorriak ikasle gazteen antolakunde klandestinoak ziren; bateraezinak iruditzen zitzaizkien beren heziketan jaso zituzten sozialismoaren printzipioak jasotzen ari ziren hezkuntzaren printzipio eta praktikekin eta Txinako gizartean oraindik ere bazeuden desparekotasun sozialekin
Armadari eta segurtasun indarrei ez esku hartzeko agindu zitzaien, eta, kasu batzuetan, talde erradikal emergenteei laguntza materiala emateko.
Alderdiak, hasieran, aurreko mobilizazio kanpainen lerro bereko ekintzatzat hartu zuen lerro maoistak fronte kulturalaren aurka abiarazitako erasoaldia. Aurreko kanpaina horiek nagusiki «susmagarrien» jazarpenean oinarritzen ziren. Ez zuten ulertzen Maoren helburua Burokrazia bera izatea. Beraz, erreakzio moduan, Alderdiko kideek erresistentzia handia erakutsi zuten mugimendu berriaren aurrean; ondorioz, lanerako ekipoak bidali zituzten zenbait ikastetxe eta institututara. Ekipo horiek alderdiaren koadroak ziren, eta zailtasunak zeuden uneetan «arazoak ebazteaz» arduratzen ziren. Ordea, Iraultza Kulturalak egoera berri bat sortu zuen, eta ekipoak ez zeuden ohituta heziguneetan aritzera, mugimendu berritzaile haren garrantzia gutxietsi zuten, eta ikasleen mugimenduaren aurrean hezkuntza-aparatu ideologikoekin bat egin zuten. Horiek horrela, matxinatuak kontrolatzen eta haien jarduna mugatzen ahalegindu ziren, eta, kasu batzuetan, beste talde batzuk ere xaxatu zituzten haien aurka jar zitezen. 1966ko udan, «berrogeita hamar egunak» izenez ezagutzen den aldi hartan, Pekineko unibertsitateko ikasleak eta lanerako ekipoak aurrez aurre borrokatu ziren loratzen hasia zen masa-mugimendu haren zuzendaritza nork hartuko. Ikasleek manifestazioak, kritika publikoak eta eztabaidak antolatu zituzten, eta talde propioak osatu. Lanerako ekipoek Iraultza Kulturalaren kontrol hertsia izatea izan zuten helburu. Handik gutxira, ikasleen independentziaren aldeko borroka sortu zen, eta kanpainaren helburuak aukeratzen hasi ziren. Lanerako ekipoak hura geldiarazten eta mugatzen ahalegindu ziren, baina ikasleek presioa egin zuten oztoporik gabe lan egin zezaten. Ia bi hilabetez tira-biren intentsitatea handitu ondoren, lanerako ekipoak, herritarren babesik ez zutenak, erretiratu egin ziren uztailaren amaieran, Maoren aginduz.
Mugimendu berri haren aurkako oposizioak, zeinak errebisionismoaren krisi politikoa erakusten baitzuen, Txinako Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren Hamaikagarren Osoko Bilkura egitea ekarri zuen. Bertan, abuztuaren 8ko Iraultza Kulturalari buruzko erabaki bat hartu zen, Hamasei Puntuko Programa[6] izenez ezaguna; haren erredakzioa aurrez aurre gidatu zuen Maok berak. Puntu horietan hau egitera bultzatu zituzten maila desberdinetako koadroak: guztiaren gainetik zuhurtziaz jokatzea, karaktere handiko kartelak eta eztabaida handiak egin zitezela babestea, masetan konfiantza izatea eta haiengan babestea, haien ekimena errespetatzea, eta haiek animatzea ardura-karguetan daudenen lanaren hutsuneak eta erroreak kritika zitzaten. Puntuetan agindu zenez, Iraultza Kulturalean, metodo bakarra masek beren burua libratzea zen, eta ez zen inolako metodorik erabili behar haien protagonismoa ordezteko. Erabaki horretan, hau zehaztu zuten: «Gaur egun, geure helburua da kapitalismoaren bideari jarraitzen dioten autoritateen aurka borrokatzea eta haiek kargutik kentzea; «autoritate» akademiko burges erreakzionarioak, burgesiaren ideologia eta beste klase esplotatzaile guztiak kritikatzea eta gutxiestea; eta hezkuntza, literatura, artea eta oinarri ekonomiko sozialistari erantzuten ez dioten gainegiturako gainerako atal guztiak eraldatzea, hala sistema sozialista sendotu eta garatu dadin»[7].
Hamasei puntu horiek erabakitzeak baimen ofiziala eman zien estatu osoan Guardia Gorrien mugimendua sortu eta ugaldu zedin. Hilabete gutxitan, presentzia hartu zuten Txinako ia gune guztietan. Hori dela eta, fase horretan, masa gero eta handiagoak batzen hasi zen mugimendura, (gehienbat iraultzaren indar intelektualak zituen gidari); Txinako Alderdi Komunistan paralizatuta eta parasitatuta zeuden egiturak dinamizatzea eta berriztatzea lortu nahi zuen elementu gisa jokatu zuen, eta de facto Estatuaren aparatu administratibo kudeatzaile bihurtu zen. Hala eta guztiz ere, hain azkar zabaldu eta ugaritu izanak masa-antolakunde plural ugari sortu zituen, eta horiek guztiek Alderdi Komunista ordeztu zuten, zeina ordura arte sozialismoaren eraikuntzaren eta komunismo iraultzailearen motor bakar modura ulertzen baitzen; izan ere, Alderdi Komunistaren zuzendaritza proletalgoaren diktadura bermatzeko elementutzat hartzen zen.
Iraultzaren garai horretan, Guardia Gorriek Iraultza Kulturaleko ideiak transmititzen zituen langile klasearen eta nekazalgoaren artean, Alderdiaren aparatuaren kritika benetako erronka bilaka zedin. Antolakuntza burokratikoaren ordez, antolakunde demokratikoago bat ezarri zen, eta horrek helburu zabalagoak eta zuzendaritza hobea izateko aukera ematen zuen. Guardia Gorriek propaganda eta esku-lanak egiten zituzten herrietan, eta ibilbideen eraikuntza-lanetan aritzen ziren, bereziki Iraultzaren historian esanguratsuak izanak ziren ibilbideetan. Lehenbiziko etapetan, uztailean eta abuztuan, izan zen biolentziarik. «Kapitalismoaren bideari jarraitzeagatik» susmagarri zirenen etxeak arpilatu egin zituzten, eta erlijioari eta kultuari lotutako leku batzuk profanatu. Gorabehera horiek iraultzaileen masa-lerroei zehaztugabetasuna sortzen zien antolakunde ugaritako masak konkistatzeko.
1966KO UDAZKENA ETA 1967KO URTARRILEKO EKAITZA
Guardia Gorriek Txina osoan izandako aparteko hedapenak, hurrengo urrats gisa, Txinako langileen mobilizazioa bilatu zuen. Atzerabiderik gabeko mugimendu batean, maoisten asmo horiek, hots, kultur iraultza eskoletara edo Estatuko kultur aparatuetara mugatuta gera zedila, berehala deskontrolatu ziren. 1966ko udazkenak, zalantzarik gabe, ikasleen agitazioa lantokietara zabaldu zuen.
Shanghaiko Iraultza Kulturalean, proletarioek protagonismo berezia izan zuten, eta estatu mailako mugimenduan aldaketa erabakigarria ekarri zuen horrek. Hainbat hilabetez, ikasleen, udal gobernuaren eta langile-talde aurkarien arteko liskarrek egoera kaotikoa sortu zuten, eta tokiko agintariek ezin izan zuten kontrolatu. Alderdiaren Shanghaiko barne-gatazkek gobernuaren kolapsoa ekarri zuten 1967. urterako. Langile-mugimenduarentzat (masa-fasean haiek egin zuten ekarpenik handiena politika erradikal komunistan), Shanghaiko Komuna izan zen iraultzaren unerik gorena (1966-1967ko abendu-urtarrileko “Urtarrileko Tormentu” izenekotik sortua). Bertan, langile eta ikaslez osatutako Guardia Gorrien koalizio zabal batek masak astindu zituen, burokraziaren barneko erradikalekin aliatuta, konkista politiko eta ekonomikoak lortzeko helburuz aurka eginez langile-antolakunde arerio «kontserbadoreei» eta Alderdiko udal agintariei. Azkenean, Parisko komuneroek hasitako egitura politikoan nabarmen inspiratutako elkarketa baten bitartez hartu zuten boterea.
Klase-gatazka proletarioen eta burgesiaren arteko hil edo biziko borroka gisa hedatu zen. Maila eta etapa berri horren ondoren, Shanghain iraultzaren fase kualitatibo berri bat hasi zen. Alderdiaren zentroak (Iraultza Kulturalaren taldea, Pekineko Komite Zentralaren mendekoa) Komunaren tankerako botere-organoak proposatu zituen hirietan eta probintzietan. Bere programa Harbinen eta Shanghain jarri zen abian 1967ko urtarrilean. Helburua jada ez zen Parisko Komunako akats nagusia errepikatzea, alegia, burgesen estatu-makineria suntsitu gabe berenganatzea.
Proletalgoaren klase-borroka iraultzailearen lehen fasea Estatuaren boterea konkistatzeko zen; aldiz, Shanghaiko Komunak arazo iraultzaile bat izan zuen trantsizio-aldian: Estatuak nolakoa izan behar ote zuen fase gorenago batean eta bere behin betiko desagerpenera bidean[8].
1967ko urtarrilaren 5ean, «Shanghaiko biztanle guztientzako mezu bat» argitaratu zuten Wenhui Bao egunkarian. Honakoa irakur zitekeen bertan: «Guk, talde errebelde iraultzaileok, argi eta garbi ulertzen dugu iraultza proletario handia gauzatzen ez bada, ekoizpenean dugun orientazioa galduko dugula eta atzera egingo dugula kapitalismoaren norabidera... Guk, talde errebelde iraultzaileko langileok, eredu bihurtu behar dugu ‘iraultzari tinko eusteko eta ekoizpena sustatzeko’ orduan”[9]. «Larrialdi-abisu» bat etorri zen horren ondoren: Langile Errebelde Iraultzaileen Kuartel Nagusiak eta beste 31 antolakunde iraultzailek ohar bat bidali zieten Shangaiko herritar guztiei, 1967ko urtarrilaren 9an.
«Larrialdi-abisuak» jarraitzaileei agintzen zien galaraz zezatela fabriketako nagusiek bat-batean primak ordaintzea, metodo horren bidez nagusiek babesa lortu nahi zutela uste baitzuten; fabriketako aktibo guztiak izozteko agindua ere ematen zuen oharrak. Bidaiatzeko zorian zeuden pertsona guztiei dei egin, eta lanera itzultzeko agindu zien. Kapitalista guztien ondasunak konfiskatzeko agindua eman zuen, baina baimenik gabeko konfiskatzeak debekatu zituen. Eta Alderdiaren Udal Batzordeak boterea hartuko zuela iragarri zuen. Iraultzaileek, orduan, «demokrazia proletario hedakorra» edo masa-batzarren bidezko gobernua ezarri zuten administrazioko organoetan eta lantegietan. Beste probintzia eta hiriburu batzuek Shanghaiko ereduari jarraitu zioten, Pekinek eta Taiyuanek kasu, eta komunak sortu zituzten.
Shanghaiko Komunaren aldarrikapenetik, asko larriagotu zen tentsio-gorakada: beste hiri batzuetako botere-hartzeak Alderdi Estatuaren jarduna etetea eta ia kolapsoa eragin zuen. Banan-banan, boteretik kendu zituzten tokian tokiko alderdiak. Hala ere, botere-hartze guztiak ez ziren matxinada herrikoien ondorio izan. Errebeldeen koalizio asko alderdietako buruzagiek osatutakoak ziren, Estatua boterea hartzeko egiten ari zen deiei erantzunez eginak; funtsean, beren burua salbatzeko eta aurkariek boterea hartzea saihesteko helburua zuten. Zentzu horretan, estatu-aparatu diziplinatu baten testuinguruan istilu masiboak sor zitezen presioa egiteko saiakerek ustekabeko ondorioak eragin zituzten. Ondorio horiek zuzentzen saiatu zen Alderdiaren zentroa, militarren esku-hartze selektiboek lagunduta. Ezker maoistak, baita Maok berak ere, masa iraultzaileen bultzadaren aurrean, Shanghaiko Komunak irekitako bidea ixtea erabaki zuen, Armadarekiko konpromiso-politika bat lortzearen alde hilabeteko ibilbidea egin ondoren[10].
Masa iraultzaileen sormena, baina baita Iraultza Kulturaletik eratorritako energia suntsitzaileak ere, maoistek espero edo nahi zutena baino askoz ere harago joan ziren. Beren antolakundeen pluraltasunak bide bat irekitzen zuen txinatarrak Alderdiaren hierarkiatik kanpo antola zitezen hainbat arazori aurre egiteko, hala nola ustelkeria ofizialari, desberdintasun sozioekonomikoei eta kexa politikoei. Adierazteko eta elkartzeko askatasuna inoiz iritsi gabeko mailatara iritsi ziren 1949. urteaz geroztik, baina ez arriskurik gabe. Hala ere, 1966aren amaieran eta 1967aren hasieran, ezegonkortze orokorra eta Alderdi Estatu zibilaren kolapsoa etorri ziren aldi berean. Koadroen barne-mailako botere-hartzeak izan ziren kolapso horren indar eragilea (gerora sarritan botere-hartze «faltsutzat» jo ziren). Iraultzaileek antolakunde politiko autonomoen gorakada eta protesta masiboak baliatu zituzten. Baina, hala ere, matxinada neurrigabe eta zatikatu horrek ez zuen Alderdiarekiko independentzia eta bere botere propio berria modu korrelatiboan finkatu. Aurki, gero eta suntsitzaileagoa eta despolitizatuagoa bilakatu zen fakzioen arteko talkak hartu zuen iniziatiba iraultzaileak izandako lekua[11].
1967ko lehen hilabeteetan, ia eskola, lantegi eta bulego guztiak bitan banatuta zeuden. Txinako gizartea gelditu egin zen manifestazio, liskar eta borroka armatuen ondorioz. 1967aren lehen erdian, Alderdi Estatuaren goi-mailetako fakzioak gidaritza eskuratzeko norgehiagokan murgilduta zeuden. Masa-mugimenduaren aurkako ikuspegia hartu zuten beren politikak, hainbat alditan militarki esku hartzen baitzuen eta beste batzuetan Guardia Gorriei babesa adierazten baitzien. Ezker maoistaren seinale zalantzatiek (beti ahulak eta gutxiengoa ziren) Alderdiko autoritateak izaera aldakor eta anbibalentea izatea eragin zuen, batez ere borroka intraburokratikoaren ondorioz. Askatasunerako Herri Armadak (bera ere fakzio ezberdinen arteko talkak zeharkatuta), kasu batzuetan agintari nazionalen eta besteetan tokiko agintarien esanetara jardun zuen, nahiz eta hasieran ikasleen eta langileen antolakuntzan ez esku hartzeko agindua zuen. «Ezkerra babesteko» kanpaina, hain zuzen, aipatutako botere-hartze «faltsuak» zuzentzeko modu gisa aurkeztu zen. Baina, kasu askotan, lortu nahi zenaren kontrakoa eragin zuen parte-hartze militarrak: indarkeria murriztu beharrean, areagotu egin zuen.
Masa-mugimenduaren hedapena berehala bihurtu zen Guardia Gorrien arteko barne-borroken zurrunbilo, eta aurkako fakzioek elkar suntsitzea eragin zuen. Masa-mugimenduaren irismena handitu ahala, kideak onartzeko klase-irizpideak lausotu egin ziren, eta gizarte-ingurune ez hain «puruetatik» zetozen pertsonak ere mugimenduan parte hartzen hasi ziren. 1967an, pluralizatze-prozesu sortzaile hori Guardia Gorrien eta langileen arteko barne-borroka basati bihurtu zen, eta fakzioen arteko gerra-fase luze bati eman zion bide. Ildo eskuindarrak kontraerasoa jo zien osaera sozial berdin-berdin zuten masa-erakundeei. Horrek klaseari edo statu quoari buruzko jarrera politikoen arabera deszifratu ezin zitekeen gatazka batera eraman zituen masak. Iraultza Kulturalaren fase gorena masa-erakunde pluralen beharrak markatu bazuen ere, aurrerantzean, «deuseztapena» izan zen nagusi. Kontua ez zen jada ikasle talde independenteak egotea, baizik eta etsaia deuseztatzea, eta helburu hori oinarrian interes politikorik ez zuen «boterea hartzeko» obsesio batek gidatzen zuen. Kasu gehienetan, eskolak, fabrikak eta bulegoak «bertikalki» banatu ziren «horizontalki» banatu beharrean; horrek esan nahi du klase-osaeraren zentzuaren aurka ari zirela, eta ez harekin. Ia fakzio guztiek Mao Zedongen pentsamenduaren arabera jarduten zuten, eta, ondorioz, elkarren aurkako bandoak izanagatik ere, kritika, akusazio eta gida-lerro antzekoak zituzten. Maoren irudia jaurtitzeko arma gisa erabiltzen zuten eskuineko zein ezkerreko lerroek.
Fakzioen arteko indarkeriak eta masen haserreak eragindako tentsioa puntu kritiko batera iritsi zen 1967ko uztailean, Wuhan hiriko armadak haustura ia hilgarria izan zuenean. Eskuineko lerroaren aldeko komandanteek ez zuten bete tokiko koalizio komunista babesteko agindu zentrala, eta, horren ordez, masa-antolakunde kontserbadoreak babestu zituzten. Wuhango Eskualde Militarra gerra ireki baterantz zihoan, eta horrek agerian utzi zuen Herri Askapenerako Armada objektiboki masekiko ezein loturatatik bereizitako antolakundea zela. «Wuhango gertakaria» inflexio-puntu izan zen Maoren Iraultza Kulturalaren garaiko politikagintzan. Iraultza Kulturala Askapenerako Herri Armadari esker sortu eta hil zen. Maok Iraultza Kultural Proletario Handiaren aurreko hilabeteetan Alderdiari kanpotik erasotzeko erabili zuen tresna nagusia izan zen, eta, paradoxikoki, 1966-1968ko istiluen ondoren ordena berrezartzeko tresna nagusia ere izan zen. Une horretan, Maoren aurkako estatu-kolpe militar bat benetako aukera bihurtu zen. Maoisten lerroak ordenara itzultzeko bidea hartu zuen aurrerantzean, iraultzaren garaipena gerrak ekarriko ez zuelakoan.
KOMITE IRAULTZAILEAK ETA IRAULTZA KULTURALAREN PIXKANAKAKO DESAKTIBAZIOA
1967ko udaren ondoren, Maok, berak deitutako masa-mugimenduaren deuseztapena martxan jartzeko, behartuta ikusi zuen bere burua ordura arte ia ukigabe zegoen Estatuaren zutabe bakarrera jotzera: armadara. Gerra zibil ireki baten mehatxuaren aurrean, jarrera zentrista hartu zuen Zhou En Lairekin batera, Alderdi Estatua berreraikitzen saiatzeko. Horretarako, adiskidetzearen aldeko bide bat hartu zuen, baina, era berean, Iraultza Kulturalaren borroka zenbait frontetan mantentzea ahalbidetuko zuena. Bide hori koadro iraultzaileen, masen ordezkarien eta armadako ofizialen aliantza hirukoitzean oinarritutako komite iraultzaileek gorpuztu zuten. Hala ere, zona askotan, batzorde horiek militarrek menperatu zituzten. Komite iraultzaileak berehala hasi ziren Estatuaren planak betetzen, «iraultza ulertzen eta ekoizpena sustatzen», eta pizgarri ekonomikoak pizgarri moralekin ordezkatzen; langileentzako prestakuntza-saioak fabriketako bizitzaren parte bihurtu ziren[12].
1967ko udaren ondoren, Maok, berak deitutako masa-mugimenduaren deuseztapena martxan jartzeko, behartuta ikusi zuen bere burua ordura arte ia ukigabe zegoen Estatuaren zutabe bakarrera jotzera: armadara
Iraultza Kulturalaren konkistak gorabehera, 1968tik aurrera, lehenago matxinadan jarritako grabitate-zentroa ikasleen eta gazteen rola ahultzera eta politika eraikitzailean zentratzera igaro zen. Borroka-kritika-eraldaketaren garaia jarri zen abian, non langile-klaseari gero eta zeregin handiagoa eman baitzitzaion berrantolaketa politikoan eta ekoizpenaren kudeaketan.
Borroka-kritika-eraldaketa ideia 1968ko iraileko «azken agindu» batean laburtu zuten. «Fabrika batean, Borroka-kritika-eraldaketa, oro har, honako etapa hauetan egin behar da da: ‘Hiru batean’ konbinazioan oinarritutako komite iraultzaile baten ezarpena, kritika eta gaitzespen masiboak, klase-lerroen purifikazioa, Alderdiaren antolaketa-eredua berbideratzea, antolaketa-egituraren sinplifikazioa, arau eta arautegi irrazionalak aldatzea eta bulegoetan lan egiten duten pertsonak oinarrizko mailetara bidaltzea»[13].
Bazirudien Borroka-kritika-eraldaketa-ren helburua bikoitza zela. Lehenik eta behin, ‘Hiru batean’ Komite iraultzaileen boterea sendotzea, eta berrestea prestakuntza-saioen metodo egokia zela ‘Niaren aurka borrokatu, errebisionismoa arbuiatu’ agindua praktikan jartzeko. Bigarrenik, Maok 1968aren hasieran emandako agindua betetzea («Estatuko organoak erreformatzeko printzipiorik garrantzitsuena haiek masarekin harremana izatea da»), baita aurreko agindua ere («Iraultza ulertu eta ekoizpena sustatu»). Borroka-kritika-eraldaketa, nolabait esateko, Iraultza Kulturalaren lehen amorrua agortu ondorengo «egonkortze aldirako» taktika zen, eta 1966ko abuztuko lehen «egonkortze aldiari» eta Hamasei Puntuko Programari zor zien jatorri teorikoa. Izan ere, Borroka-kritika-eraldaketak «oinarri ekonomiko sozialistarekin bat ez zetozen» gainegituraren zati guztiak eraldatzea zuen helburu, baita oinarri ekonomiko hori sendotzea ere, jarrera eta joera kapitalistak geldiaraziz.
«Langile-klasearen gidaritzan» enfasia jartzearekin batera, Txinako probintzia guztietako komite iraultzaileen ezarpen-prozesuak azken etapan zeuden. Honako hau argudiatu zen: «Borroka-kritika-eraldaketarako lana zientzia oinarri hartuta eta denborarik galdu gabe egiteko, nahitaezkoa da langile-klasearen lidergoari eustea»[14].
Maok beste «azken agindu» batzuk eman zituen. Lehenengoaren bidez, 1968ko abuztuan, txinatar iraultzaileei exijitu zien «Iraultza Kultural handian eta lan-eremu guztietan, langile-klasearen gidaritza erabat jokoan jartzeko»; gaineratu zuenez, «borrokaren bidean, langile-klaseak beti handitu behar du kontzientzia politikoa». Urriaren 15ean beste agindu bat aldarrikatu zuen: «Gure boterea, nork ematen digu? Langile-klaseak ematen digu, nekazari pobre eta ertain-baxuek ematen digute, biztanleriaren % 90 baino gehiago osatzen duen langile-masak»[15].
Bi agindu horien esanahia zen Iraultza Kulturalean ikasleei eta gazteei emandako zeregina murriztu behar zela, eta matxinatzetik egiturak finkatzera igaro behar zutela; hor, arreta berezia jarri zion ekoizpena sustatzeari, Estatuko organoak erreformatzeari eta ekoizpenaren antolakuntza proletario diziplinatuari. Nabaria izan zen hori 1968ko irailean emandako aginduan: «Hezkuntzan Iraultza Kulturala gauzatzeko, funtsezkoa da zuzendaritza langile-klaseak izatea... Langileen propaganda-taldeek eskoletan jarraitu behar dute, eta kritika-lanak bete behar dituzte»[16].
Agindu horiek aldaketa handia ekarri zuten ikasleen nahia matxinadarantz beharrean diziplinaratz bideratzeko (lehenago bezala). Iraultza Kulturala hoztu egin zen, eta bide eman zion berreraikitze estatista bati. Nahiz eta milioika pertsonak parte hartu zuten probintzietako agintarien, fabrika-zuzendarien, teknokraten, «despota akademikoen» eta «intelektual burgesen» gobernua boteretik kentzean, indar maoistek kanporatu egin zituzten iraultza amaieraraino eramatearen aldeko korronte ultraezkertiarrak[17] zein «eskuindarrak» edo «bide kapitalistaren jarraitzaileak». Lerro maoistak sormen askea azpimarratzetik «diziplina iraultzailea eta herriaren, Alderdiaren eta nazioaren interesak mespretxatzen dituzten» horien aurkako erreferentzia etengabeetara igaro zen, eta disidenteei abisu eman zitzaien: «joera anarkistak jarraitzen badu, diktadura proletarioak hainbeste ahulduko dira, non ekoizpenak eta iraultzak atzera egingo baitute»[18].
1969tik aurrera, Alderdiaren IX. Kongresuak Iraultza Kulturala garaipentzat jo zuen[19]. Hala ere, adierazpen horrek ezkutatu egiten zuen Guardia Gorrien eta mugimendu iraultzailearen porrota. Mugimendu horretako talde bakarra geratzen zen ordurako: «Lauen Banda». Une horretatik aurrera, Lin Biaoren eta Askapenerako Herri Armadaren boterea nabarmen handitu izanak markatu zuen aldi hori. Alderdiaren maila gorenetan zeuden gainerako erradikalak, berriz, burokrataz betetako aparatu batean harrapatutako errebeldeak baino ez ziren. Ondorengo «inbertsio estatista» IKPHren lehen urteen eranskin zabal bat izan zen. Gutxienez beste bi alditan bana daiteke aldi hori, 1971ean Lin Biaoren heriotza tartean. Lehenengo aldiaren ezaugarri nagusiak (gutxi gorabehera 1969tik 1971ra) estatuko eta tokiko gaietako protagonismo militarra eta Maoren «nortasunaren kultu» gehiegizkoa izan ziren. Horrek masa-mugimenduaren pluraltasun mugagabea eta bat-batekotasun iraultzailea ordezkatu zituen. Elkarren arerio ziren fakzio burokratikoak boterea lortzeko lehiari ekitean agertu ziren berriz purgak, eta, azkenerako, estatu-makineria kontserbadorea nagusitu zen. Lin hil ondoren, armada, pixkanaka, galtzen joan zen esku-hartzearen ondoren lortutako nagusitasun nazionala. Linen erorketaren ondoren, Estatu zaharra berreraikitzearekin batera, eskuineranzko joera hartu zen kanpo-politikan. Txinak Amerikako Estatu Batuen proposamen diplomatikoak onartu zituen (Richard Nixon buru), eta Augusto Pinochet diktadore txiletarra zoriondu zuen 1973an Txilen emandako estatu-kolpea zela-eta.
1969tik aurrera, Alderdiaren IX. Kongresuak Iraultza Kulturala garaipentzat jo zuen. Hala ere, adierazpen horrek ezkutatu egiten zuen Guardia Gorrien eta mugimendu iraultzailearen porrota. Mugimendu horretako talde bakarra geratzen zen ordurako: «Lauen Banda»
Ezker maoista programa propio baten eta mugimendu politiko garrantzitsuen bitartez maila ekonomikoan bereizi ezinik geratuta (aparatu ideologiko eta kulturalen gaineko kontrola baino ez baitzuten izan), IKPHren fase erradikalenean baztertutako koadro kontserbadore asko lehengo posizioetara itzuli ziren pixkanaka. Ezkerreko fakzio erradikalak ez zuenez, Maoz aparte, izaera teknokratikoko koadro erradikalik eta Deng Xiaopingek eskuineko lerroentzat zuen adinako babesa zuten koadro estrategikorik Maok, zalantza handiz, erbestealdi politikotik atera zuen Deng, azken Iraultza Kulturaleko aldi labur baterako. Mao hil baino lehen, baina, berriz kargugabetu zuten denbora labur batez. Aldi horretan, Maoren ekinbide nagusia Alderdi Estatuaren posizioa eta azpiegitura ekonomikoa egonkortzen saiatzea zen, lehen urteetako kolapso partzialak kalte larriak eragin baitzizkion. Hala eta guztiz ere, Iraultza Kulturalaren proiektua osotasunean eztabaidatzeko presioa egiten saiatu zen, baina koadro eskuindarrek ez zuten hori onartzeko asmorik[19]. Azken fasean, 1976an Mao hil aurreko urteetakoan, geldialdiak eta higadurazko gerra burokratikoak izan ziren nagusi.
Laburbilduz, Iraultza Kulturalaren fase aktiboko masa-mugimenduak porrot egin eta kolapsatu ondoren, herrietatik erdigunera lekualdatu zen fakzioen arteko borroka. 1969ko kongresuaren ondoren, hiru fakzio nagusi bereizi ziren: erradikalak, burokrata kontserbadoreak eta Askapenerako Herri Armadako ofizialak.
Askatasunerako Herri Armadako ofizialak, Lin Biaoren heriotzaren (1971ko iraila) gertaera tamalgarriaren ondoren, kanporatuak izan ziren. Gertakari hori aitzakiatzat hartuta, Iraultza Kulturalaren fase aktiboa amaitu ondoren pisua hartu zuten ofizialak estatu-aparatutik kanporatu zituzten Maok eta bere aliatuek. Estatu-aparatu zibilean armadako elitea indargabetuta, erradikal zibilek («Lauen Bandak» ordezkatuak: Zhang Chunqiao, Jiang Qing, Yao Wenyuan eta Wang Hongwen) aurre egin zioten Zhou Enlai buru zuen burokrazia kontserbadoreari.
Fakzio bakoitza saiatu zen, Maoren aurrean, posizio onuragarri bat lortzen Alderdian. Barne-borroka izoztuek eta Iraultza Kulturalak Txinako Alderdi utzitako oinordetzari buruzko eztabaida esoterikoek ezaugarritu zuten garai hori. Baina, bitartean, bizitza arrunta lehengora itzultzen joan zen berriro.
Aldi horretan guztian, fakzioen arteko oreka bilatzen saiatzea izan zen Maoren zeregina, baita inor indartsuegi bihur zedila saihestea ere, beldur baitzen ez ote zen egoera erabat ezegonkortuko edo proletarioen diktadura suntsituko. Baina denbora amaitzen ari zitzaion: parkinsona zeukan. Mao hil zenean, geratzen ziren bi fakzioek, kontserbadoreek eta erradikalek, tximista liskar bat izan zuten. Kontserbadoreek irabazi zuten eta Maoren proiektuak lurra jo zuen. Burokrata erradikalek IKPHaren lehen fasean jasandako kolpe latza tarteko, Dengen erreformek ez zuten apenas erresistentziarik izan aurrean.
Mao hil zenean, geratzen ziren bi fakzioek, kontserbadoreek eta erradikalek, tximista liskar bat izan zuten. Kontserbadoreek irabazi zuten eta Maoren proiektuak lurra jo zuen
IRAULTZA KULTURALAREN KRONOLOGIA
LEHEN FASEA[20]
1965eko azaroaren 10a-1966ko apirila
1966ko apirila-ekaina
1966ko ekaina-uztaila
1966ko abuztuaren 1a- abuztuaren 12a
BIGARREN FASEA
1966ko abuztua-iraila
1966ko urria-abendua
HIRUGARREN FASEA
1967ko urtarrila-otsaila
1967ko otsaila-martxoa
1967ko martxoaren amaiera-apirila
1967ko maiatzaren 1a-ekainaren 15a
1967ko uztaila-abuztua
1967ko iraila
LAUGARREN FASEA
1967ko iraila- 1968ko otsaila
BOSGARREN FASEA
1968ko otsaila- apirila
1968ko apirila-uztaila
1968ko uztaila-urria
SEIGARREN FASEA
1968ko urria-1969ko apirila
1969ko apirila
ERREFERENTZIAK
[1] Mugimenduon informazio gehiagorako, ikus Jacques Guillermazen Historia del Partido Comunista Chino bi liburukiak.
[2] Wu Han Mingen garaiari buruzko intelektual burges nabarmena izan zen, eta Peng Zhenen (Pekingo alkate eskuindar boteretsuenetakoa) gizonetako bat.
[3] Maoren lerroa ez zen obra horren erasoez bakarrik aritu, ezpada arteari buruzkoez, oro har.
[4] Maiatzaren 16ko Oharrak, «Bosten Taldeak» idatzitako «otsaileko zirriborroa» dokumentua baliogabetu zuen ad hoc. Dokumentu hori Pengen lerroko kideek Peng bera buru zutela idatzi zuten Iraultza Kulturala eteteko helburuz bi urte lehenago. Maiatzaren 16ko Oharrak figura horien guztien eta haien diputatu batzuen ezabapena eta kondena ezarri zuen.
[5] Informazio gehiagorako, irakurri K.S.Karolen La segunda revolución china.
[6] Informazio zehatzagoa jakiteko, irakurri Chinese Road to Socialism, Wheelright&MacFarlane, 100.or.
[7] Ikerketa sakonago bat irakurri nahi izanez gero, irakurri Hongsheng Jian idazlearen The Paris Commune in Shanghai: The Masses, the State, and Dynamics of `Continuous Revolution.
[8] Urgent Notice, “The Great Proletarian Cultural Revolution in China” 10, 13-19.or.
[9] Maurice Meisner, Mao’s China and after, 348.or.
[10] Yiching, Cultural Revolution at the margins, 126-127.or.
[11] Fabrikei eragin zieten aldaketei eta lanaren banaketari egindako erasoei buruzko analisi sakonago bat irakurri nahi izanez gero, irakurri Charles Bettelheimen Revolución Cultural y Organización Industrial.
[12] Chinese Road to Socialism, 124.or
[13] Yao Wen-Yuan, La clase obrera debe ejercer el liderazgo en todo, Pekin Review, 1968ko abuztuaren 30a, 30.or.
[14] Hupeh Daily, 1968ko otsailaren 13a.
[15] Along the Socialist or the Capitalist Road, Peking, 1968.
[16] Sheng-wu-lian, “Whither China”.
[17] Berrezarkuntza kapitalistaren garaiari buruzko analisi zehatzagorako, ikus Charles Bettelheimen China después de la muerte de Mao.
[18] Lin Piao, “Bederatzigarren Txostena Txinako Alderdi Komunistaren Kongresu Nazionalari”, Documentos importantes sobre la Gran Revolución Cultural Proletaria.
[19] Gai honi buruzko azterlan sakonago bat nahi izanez gero, irakurri La última revolución de Mao.
[20] Koadro kronologikoa Jean Daubierren Historial de la revolución Cultural Proletaria en China lanetik atera da.
HEMEN ARGITARATUA