Prozesu sozialistaren zailtasunak agerikoak dira XX. mendeko esperientziei begiratzen badiegu. Eta ez soilik, ezta bereziki ere, mugimenduaren izaera praktikoak muga praktikoak aurkitzen dituelako gainditu nahi duen gizarte kapitalistan eta bere indar antolatuetan. Kontrara, prozesuaren beraren ulerkeran aurkitu ditu zailtasunik handienak, hau da, mugimendu praktikoak bere buruaz sortu duen ideian. Izan ere, ezintasun praktikoa muga fisiko agerikoa bada ere, muga hori gainditzea ezinezko egiten da mugimenduarekiko dugun ideia okerra bada.
Hori agerikoa da askok joan den mendeko esperientziak kategoria desberdinen arabera errefusatzen dituztenean: burokratikoa eta autoritarioa batzuek, beste batzuek zuzenean ez-komunista edota modernizazio atzeratu gisa definitu dute Urriko Iraultzarekin hasitako ibilbidea. Asko liburuetan babestu dira prozesu politiko bati kategoria teoriko desberdinen arabera uko egiteko; jantzia omen den horrek, oparoa eta anitza izan zen prozesua teoriaren ulerkera sinplista batekin ezabatzen du historiatik, jakin gabe bere burua eta esku artean duen teoria hori direla euren burua historiatik kanpo utzi dutenak.
Jakina, garrantzitsua da (ez hain) iraganeko prozesuen porrota aztertzea. Baina porrotaren ulerkerak berak eraman gaitzake oraindik ere porrotean murgilduta egotera. Bada dioenik prozesu horiek langile klasearen subjektu iraultzaile izaera faltsua agerian utzi zutela, hor nonbait langile klasea sistema kapitalista erreproduzitzeko gai baino ez zelako izan. Eta hori partzialki zuzena bada ere, langile klasea ez baita ezinbestean iraultzaile, klase borroka estrategia komunistaren garapenerako bitarteko gisa eta langile klasea subjektu komunistaren gorputz sozial gisa ukatzera daramaten ondorioak erabat apolitikoak eta indargabeak dira.
Garrantzitsua da (ez hain) iraganeko prozesuen porrota aztertzea. Baina porrotaren ulerkerak berak eraman gaitzake oraindik ere porrotean murgilduta egotera
Ondorio horiek modernizazio atzeratuaren teoriari dagozkio, zeina prozesuen azken emaitzan sostengatzen den, ebidentzian, alegia, prozesu politikoaren nondik norakoak aztertzeari uko eginez. Hain zuzen ere, huts egin zutelako ondorioztatzen dira kapital metaketa prozesu gisa. Baina halakorik ebazten duenak porrotean sakontzen du, prozesu politikoaren hausnarketa bertan behera uzten duelako, sozialismoaren aldeko borroka ezinezko eginez edo berau Kapitalaren gaineko langile kontrol soilera kondenatuz. Kontua ez da, beraz, gertatu zena soilik, baizik eta gertatutakotik ondorio politikoak ateratzea, prozesu sozialista indartzeko edo bere aurka egiteko.
Azken batean, teoria horien arabera ezin da sozialismoaren eraikuntzaren porrotaz hitz egin, ez zelako sozialismoa eraiki. Alegia, porrotaz hitz egiteko saiakera bat egon behar da, baina saiakera bera analisitik kanpo uzten da, azken emaitzak determinatzen omen baitu hasierako borondatea: ez zen sozialismoa eraiki = ez zen sozialismoa eraiki nahi. Horregatik, ez dira irakaskuntza positiboa dakarten esperientzia historikoak, bazterrean utzi beharreko esperientziak baizik, komunismoaren historiari lotuta ez egoteagatik, antza.
Edonola ere, ekuazioaren lehenengo aldea −ez zen sozialismoa eraiki− gatazkatsua da. Izan ere, berdindu egiten du sozialismoaren eraikuntza eza sistema kapitalistaren biziraupenarekin. Prozesu sozialistaz ari garenean, baina, sinplekeria hori saihesteaz ere ari gara. Izan ere, sozialismoa = komunismoa ulerkera ontzat ematen badugu, prozesu sozialista = proletalgoaren diktadura = trantsizio fasea ez-sozialistatzat edo ez-komunistatzat jotzea okerra da; are gehiago, sozialismoaren eraikuntza gisa ez ulertzea okerra da. Alta, sistema kapitalista bere oinarrietatik ezabatu ez izanak ez du prozesuaren izaera sozialista ukatzen, ezinbestean. Hala balitz, sozialismoaren eraikuntza ez litzateke klase borrokaren emaitza, gatazkarena, positiboki ematen den errezeta baten sukalde lana baizik, zeina politikatik harago legokeen. Horretara dator hain justu langile klasea subjektu iraultzailearen gorputz sozial gisa ukatzea, zeina politikaren ukazioaren adierazpena baino ez den.
Sistema kapitalistaren biziraupenak XX. mendeko prozesu iraultzaileen oztopoak eta kontraesanak azaltzen ditu, baita gizarte horietan izaten ziren gatazkak ere. Baina biziraupen horrek eta sortutako gatazka politikoek agerian uzten dute prozesu sozialistaren hedapena. Azken batean, gizarte kapitalistaren biziraupenaren (ekonomikoa) eta estrategia sozialistaren (politikoa) arteko gatazkak eta banaketak/autonomiak ezaugarritzen dute XX. mendeko prozesu sozialista (eta bere azken porrota).
Elkarri sinetsarazi nahi izan dioten printzipio kooperatibista ez datza inolako balore etiko gorenetan. Kontrara, ekoizpen praktika kapitalistari, berau eztitzeko asmoz atxikitutako trikimailu ideologikoa da printzipio kooperatibista, eta bere benetako funtzioarekin egin du talka orain
Politikaren eta ekonomiaren arteko banatze gatazkatsu hori gaur egun ere baliagarria da guretzat, iraultza eta bere zereginak ezaugarritzeko. Banaketa, ordea, porrota gertatu denean soilik burutzen da. Izan ere, une horretan, politika iraultzaileak galdu du bere justifikazioa. Jada ez da mundua eraldatzeko politika, bere eraldatze ezaren hilotza baizik.
Banaketa analitiko horren emaitza dira, alde batetik, XX. mendeko prozesuak iraultza politiko gisa ezaugarritzea eta, bestetik, ondorioztatzea hori horrela izan zela herrialde horietan ez zelako sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa gauzatu. Alabaina, aipatu bezala, banaketa analitiko hori gertatu zen prozesu erreal baten ondorioa da (eta komuniston ikuspegitik gertatzen da; izan ere, banatu zirenak ekoizpen modu kapitalista eta berau gainditzeko aukerak, hots, estrategia sozialista, izan ziren); ez, ordea, eraikuntza ekonomikoa eta politikaren artean dagoen banaketa errealaren emaitza.
Bestela esanda, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa estrategia sozialistaren oinarria da. Bere garapenak gaitasun politikoen garapena esan nahi du, izan ere, subjektu komunistaren eraikuntza eraikuntza ekonomikoa da. Biak gauza bera dira, eta haien arteko banaketa, politikaren eta ekonomiaren (sistemaren) artekoa, soilik da posible bien arteko izaera antagonikoa gertatzen bada, politika sozialista eta ekoizpen modu kapitalista (potentzia politiko antolatu gisa) badira aurrez aurre borrokan ari direnak.
Sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa estrategia sozialistaren oinarria da. Bere garapenak gaitasun politikoen garapena esan nahi du, izan ere, subjektu komunistaren eraikuntza eraikuntza ekonomikoa da
Hala, ekoizpen-harreman kapitalistekin amaitu ez izanak, hau da, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa eskala jakin batean hedatu eta finkatu ez izanak, ez du esan nahi prozesu horiek sozialistak ez zirenik ezta epai zalantzagarrien bidez komunisten analisitik kanpo kokatuak izan behar direnik ere.
Aipatutakoengatik, zenbaki honetan Txinako prozesuaren azterketa egitea izan dugu helburu, txikia izanagatik ere, hainbat esparru lantzen dituena. Azterketa horrek, baina, estrategia politikoa du erdigunean. Izan ere, prozesu politikoen analisiaz gaindi, estrategia ekonomikoak agerian uzten duena Txinaren eta Alderdi Komunistaren izaera politikoa da. Azken batean, analisi ekonomikoak subjektu-formaren analisia dakar berekin, hau da, subjektu hori potentzia politiko gisa ekoizten duten zimenduen analisia, baita helburu duen eraikuntza sozialarena ere.
Ez da nahikoa Txinan ekonomia kapitalistak bizirauten duela esatearekin. Prozesu sozialistaren subjektua aztertzea ere beharrezkoa da, bere estrategia eta ikuspegi politikoak ebazteko. Horretarako, bere programa aztertu behar da, baina baita bere garapen historikoa ere. Horrek ahalbidetuko digu, existitzen denaz gaindi, existiarazi nahi dena ulertzea. Ez baikaitu komunista egiten dagoeneko eginda dagoenak, egin nahi dugunak baizik. Hots, emaitza ez da borondatea determinatzen duena, ezta norbera definitzen duena ere; kontrara, emaitzarekiko dugun jarrerak eta gure egiten dugun estrategiak egiten du hori.
HEMEN ARGITARATUA