Joan den 2022ko urrian, Txinako Alderdi Komunistak bere XX. Kongresu Nazionala egin zuen, Xi Jinpingen hirugarren agintaldia berresteko helburuz. Horrek Txinako agintari lider nagusiari Alderdiko idazkari nagusi moduan bere agintaldia luzatzea ahalbidetu dio. Tradizioz, Mao Zedong hil ondoren Alderdia berregituratu zenetik, kargu hori bete izan dutenek bi agintaldi egin dituzte. Barne-mailako berregituraketa egiteko ez ezik, Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresuak balio izan du agintari txinatar gorenek Txinak potentzia moduan, Estatu Batuekin lehiatuz, mundu mailako hegemonia geopolitikoa lortzera bidean bete beharreko estrategia definitzeko ere. Kontuan hartu behar da 2022an bertan Txina «erronka sistemiko» moduan definitu zuela NATOk. Xi Jinpingek markatutako estrategiaren oinarriak hauek dira: eredu ekonomikoa aldatzea, ez dadin soilik esportazioetan oinarritu eta herrialdeak barne kontsumoa areagotu dezan; giltzarri izan daitezkeen teknologien (5G) ekoizpenaren eta sorreraren gaineko kontrola; eta bere eraginpean dagoen Pazifikoko eremurik hurbilenaren gaineko kontrol militarra, lehen mailako itsas potentzia bilakatzeko aukera emango dion neurrian.
Txinaren gorakadak dakartzan galdera eta inkognitak asko diren arren, badira bereziki nabarmentzen diren bi: gai izango al Txina da munduko hegemonia nagusiaren rola jokatzeko, krisian dagoen kapitalismo globala egonkortuz eta metaketa-ziklo berri baten zabalpena gidatuz? Eta, bestalde, Txinak mundu mailako hegemoniarantz hartutako bidean, aukerarik egongo al da eskala handiko gerra bat ekiditeko Txinaren eta Estatu Batuek ordezten duten eta dekadentzian dagoen potentzia inperialista hegemonikoaren aurka?
XX. mendea bere iragan inperialistan izandakoaren itzalpean hasi zuen Txinak; garai hartan, Txinak «Erdiguneko Inperio» moduan izendatzen zuen bere burua. Mendebaldeko historiografiaren baitan kontakizun historiko menderatzaileak duen joera eurozentrikoa gorabehera, Txina lur- eta merkantzia-esparruetan lehen mailako potentzia izan zen XVIII. mendera arte. XIX. mende erdialdetik aurrera eta 1945eko Japoniaren kanporaketara arte hala izan zen, harik eta, Txinako historiografian «Umiliazioaren Mende» izenez ezaguna den horretan, Txina Mendebaldeko modernitate kapitalistaren bigarren mailako rolera baztertu zuten arte. Mendebaldeko potentziek haren portu eta lehengaien gaineko kontrol komertziala eurenganatu zuten, eta haren «anaia nagusiak» (Japoniak) ere inbaditu zuen lurraldea.
Hala ere, Bigarren Mundu Gerraren amaieran japoniarrak behin-betiko kanporatzearekin batera, loraldi garai berri bat hasi zen Asiako erraldoiaren historian. Berpizkunde nazional horretan eginkizun garrantzitsua izan du Txinako Alderdi Komunistak. Bera izan zen japoniarren kontrako garaipen militarreko aktore nagusia, eta gerra zibil arrakastatsua gidatu zuen Txinako nazionalista burgesen aurka. Horrela ezarri zen Txinako Herri Errepublika 1949an, joera marxista-leninistakoa eta Mao Zedong lider komunistaren ideietan oinarritutakoa.
Oso aldakorrak izan ziren Maoren zuzendaritzapean igaro ziren lehen urteak, errepublikak estilo sobietarreko estatu-sozialismoaren alde apustu egitea erabaki baitzuen. Txinak SEBSek eman ziezaiokeen laguntza ekonomiko-militar guztia galdu zuen 50eko hamarkadaren amaiera baino lehen, errebisionismo akusazioak eta elkarri buruz zuten errezelo geopolitikoa medio. Laguntza hori erabakigarria zen garai hartan oraindik nekazaritzan oinarritzen zen herrialde batentzat. Hala ere, Maok industrializazio-zantzu batzuk lortu zituen herrialdean, eta, gerora, 1978tik aurrera, Deng Xiaopingen bira kapitalista izango zenaren oinarriak ezarri zituen. Dengek (Txinaren zuzendaritza hartu zuen Maoren ondorengoa) ekonomiaren liberalizazio kapitalista ahalbidetu zuen. Horrela, herrialdea atzerriko inbertsioei ireki zien eta fabrika industrial ugari pribatizatu zituen, lur komunalak kasu. Modu horretan bihurtu zen Txina erakargarri Mendebaldeko kapitalentzat: esku-lan merkea zuen eta estatu-errepresioa gogorra erabiltzen zuen sindikalismoaren edozein zantzuren aurrean.
2001ean, munduko kapitalismoaren sareetara sartzea ziurtatu zuen Txinak, Munduko Merkataritza Antolakundean onartuta. Horrek aukera eman zion Txinari lan-indar merkearen bidez ekoitzitako merkantziak Mendebaldeko gainerako herrialdeetara esportatzeko, baina baita garapen kapitalistaren eredu berri bat sortzeko ere. Hala, munduko bigarren potentzia ekonomiko bihurtu zen 2010erako. Azken 30 urteetan, % 10 ingurukoak edo altuagoak izan dira bere BPGaren hazkunde-tasak; datu horiek Mendebaldeko erdiguneko herrialdeen garapen kapitalistaren hasieran baino ez dira ikusi. Denbora-tarte horretan bertan, 740 milioi lagun baino gehiago atera dira pobreziatik, Munduko Bankuaren arabera[1].
2001ean, munduko kapitalismoaren sareetara sartzea ziurtatu zuen Txinak, Munduko Merkataritza Antolakundean onartuta. Horrek aukera eman zion Txinari lan-indar merkearen bidez ekoitzitako merkantziak Mendebaldeko gainerako herrialdeetara esportatzeko, baina baita garapen kapitalistaren eredu berri bat sortzeko ere
Xi Jinping, handik gutxira, 2012. urtearen hasieran, Txinako Alderdi Komunistaren botere gorenera iritsi zen, helburu argi batzuekin: ekonomiaren nolabaiteko liberalizazioa leheneratzea eta Estatuaren bidez sektore ekonomiko giltzarriak berriro kontrolatzea, munduko lehen potentzia ekonomiko bihurtzeko; bera buru izanda Alderdi Estatuaren ereduak indarrean jarraitzen duela ziurtatzea; eta, azkenik, Txina militarki modernizatzea, Taiwanen berrintegrazioarekin bateratzeko eta Estatu Batuen aurkako munduko nagusitasun geopolitikoaren lehiarako prestatzeko.
1978: PARADIGMA ALDAKETA
Deng Xiaoping boterera iritsi zenean, Txinak ekonomia liberalizatzeko bideari ekin zion, eta atzerriko inbertsioari ateak ireki zizkion. Hala ere, Txinako hazkundea, munduko bigarren potentzia ekonomiko bihurtzeraino gora egitea ahalbidetu ziona, ez zen zutabe guztiz sendoetan oinarritu, bere eredua atzerriko kapitalen inbertsioaren eta merkantzien esportazioaren oso mendekoa baitzen. Hau da, modernizazio kapitalistaren lehen etapa batean, Txina, Deng Xiaoping Alderdi Komunistaren agintean zela, ez zen gehiegi arduratu herrialde barruan klase ertainak sortzeaz, beren kontsumoaren bidez ekoizpen nazionalari eutsiko ziotenak, baizik eta dena jokatu zuen erdi-periferiako herrialde gisa mundu-sistema kapitalistan txertatzearen alde, ondoren lehen mailako herrialde zentral izatera igarotzeko.
1971n Estatu Batuek Txina Asia-Pazifikoko eszenatokiko aktore garrantzitsu gisa onartu zutenetik, Nixon presidenteak SESB ahultzeko gidatutako estrategia gisa, Txina produkzio-kate globaletan txertatu zen, mendeko moduan; horretarako, lan-kostu txikiko eredu bat bultzatu zuen, eta horrek merkataritza-superabitak bata bestearen atzetik metatzea ahalbidetu dio, esportazioak hain merkeak direlako. Hazkunde-estrategia horrek ziurtatu zuen industriako soldatak produktibitatearen hobekuntzen oso azpitik egongo zirela beti, eta aukera eman zuen kanpoko lehiakortasuna etengabe hobetzeko.
Zentzu horretan, landa-eremuaren deskolektibizazioa funtsezkoa izan zen, milaka txinatarrek kostaldeko hiri industrialetara joan behar izan baitzuten. Horrek lan-indar debaluatua etengabe laneratzea ekarri du, eta industriako soldatak oso baxu mantentzea. Azken 30 urteotan, landa-eremuko biztanleen % 50ek baino gehiagok beren etxea utzi dute hiri nagusiren batera joateko, eta horri esker, Txinako Herri Bankuaren (hango Banku Zentrala) datuetan oinarritutako Ricardo Molero Simarro[2] ekonomialariaren kalkuluen arabera, 1990eko hamarkadaren hasieratik 2008ko finantza-krisia piztu arte, industriaren eta zerbitzuen sektoreko produktibitatea urteko batez besteko %14,1eko erritmoan hazi zen; soldata errealak, aldiz, % 5,4ko hazkundea besterik ez zuen izan.
Hala ere, Adam Tooze eta Michael Pettis[3] ekonomialari sinologoek diotenez, Txinaren hazkundeak beti izan zuen oztopo bat: oinarrizko produktuen eta bitarteko osagaien inportazioekiko eta Mendebaldeko teknologia eta makineria aurreratuarekiko gehiegizko menpekotasuna. Horrek sortzen zuen hazkunde-ereduan, Txina Estatu Batuek beren enpresak Txinara ekoizpen-adarrak deslokalizatzea ahalbidetzearen mende zegoen. Gainera, bere merkataritza-defizitak finantzatuak izan ziren, Txina AEBetako zorraren erosle nagusietako bat bihurtu zelako. Horrela, osagarritasun ekonomikoko harreman bat sortu zen, eta, horren ondorioz, Txina zen, bitxia bada ere, AEBetako defiziten finantzatzaile nagusia. Estatu Batuek egoera hori kontrolpean izango zutela uste zuten, eta Txina beti menpeko rol batean izango zutela.
Txinaren hazkundeak beti izan zuen oztopo bat: oinarrizko produktuen eta bitarteko osagaien inportazioekiko eta Mendebaldeko teknologia eta makineria aurreratuarekiko gehiegizko menpekotasuna zuen
Txinako agintariak, hazkunde-eredu horren ahuleziez ohartu ziren 2008ko krisiaren hasierarekin; hain zuzen, paradigma hori sakonki aldatu zen Xi Jinping boterera iritsi zenean. Izan ere, krisi ekonomikoaren lehen bi urteetan, Txinako esportazioak Estatu Batuekiko eta Europarekiko % 13 eta % 23 jaitsi ziren, hurrenez hurren, eta horrek merkataritza-defizita eragin zuen Txinako merkataritza-balantzan. Alderdi Komunistak orduz geroztik hartutako estrategia balio erantsi handiko prozesu industrial teknologikoetan inbertitzea izan da. Horregatik, Txinako Gobernuak, gaur egun, barne-inbertsio propioa bultzatzearen alde egiten du. Baina finantza-krisiari eman zitzaion berehalako erantzuna azpiegitura- eta etxebizitza-inbertsioaren bultzada masiboa izan zen, atzerriko inbertsioaren murrizketa konpentsatzeko, eta hori, gaur egun, Txinan higiezinen eta finantzen burbuila bat lehertzeko arriskua sortzen ari da.
XI JINPING BOTERERA IRISTEA
Ez da pentsatu behar Txinako Alderdi Komunista erakunde monolitiko eta erabat kohesionatua denik lidergo baten eta haren politburoaren inguruan. Aitzitik, Alderdi Komunista dimentsio izugarrietako Alderdia da: ia 100 milioi militante ditu, eta mailaz igotzea eta Alderdian eragin handiagoa izatea bilatzen duten hainbat presio-talde burokratikok osatzen dute. Izan ere, Txinako ereduaren ezaugarri nagusia Alderdi Estatu bat izatea da[4], hau da, Alderdiko erantzukizun politikoko karguak Estatuko botere politikoko karguetan islatzen dira, eta Txinako Gobernuan ezin da goi-politikariaren kategoria izan Alderdi Komunistako botere-postu gorenetatik igaro gabe.
Ez da pentsatu behar Txinako Alderdi Komunista erakunde monolitiko eta erabat kohesionatua denik lidergo baten eta haren politburoaren inguruan. Aitzitik, Alderdi Komunista dimentsio izugarrietako Alderdia da: ia 100 milioi militante ditu, eta mailaz igotzea eta Alderdian eragin handiagoa izatea bilatzen duten hainbat presio-talde burokratikok osatzen dute
Hiru dira Alderdi Komunista osatzen duten boteredun presio-talde nagusiak: elite ekonomiko kapitalistenei lotutakoa, Shanghaiko presio-talde politiko gisa ezagutzen dena; populista, gastu eta zorpetze publikoko politika handiagoak sartu nahi dituena, baina baita enpresa-liberalizazio handiagoa ere (Hu Jintao Txinako aurreko agintaria ildo honetakoa zen); eta, azkenik, egungo idazkari nagusi Xi Jinpingen presio-talde politikoa, Alderdi Estatuaren eskuetan botere politiko eta ekonomikoa gehiago zentralizatzeko joera duena.
Xi Jinping Shanghaiko burgesia esportatzailea ordezkatzen duen presio-talde politikoaren babesean hazi zen, baina Alderdiaren eta Estatuaren botere gorenera iristeko talde horrek dituen zenbait ikuspegi problematikotatik emantzipatu behar zela ulertu zuen. Izan ere, Xi Jinpingek ulertu zuen 2010eko hamarkadak, krisi ekonomikoaren hedapenarekin, ez ziola uzten Txinari aurreko 30 urteetako hazkunde-ereduarekin jarraitzen, ezta Mendebaldearen aurrean jarrera geopolitiko neutrala izaten ere. Xi Jinping Alderdi Komunistaren botere gorenera iritsi zen 2012an, jakinda beharrezkoak zituela kapital txinatarra berriz estatalizatzea eta proiektu militar bat, Asiako potentzia Estatu Batuekiko zuzeneko edo zeharkako balizko liskar militar baterako prestatuko duena.
Xi Jinping Alderdi Komunistaren botere gorenera iritsi zen 2012an, jakinda beharrezkoak zituela kapital txinatarra berriz estatalizatzea eta proiektu militar bat, Asiako potentzia Estatu Batuekiko zuzeneko edo zeharkako balizko liskar militar baterako prestatuko duena
Horrela, Xi Jinpingen agintaldia hainbat frakzioren arteko botere-orekan oinarritzen da, eta buruzagitza mantentzea ahalbidetzen diote, betiere Txinak munduko hegemoniarantz igotzen jarraitzen badu. Zentzu horretan, Xiren agintaldian, enpresa kapitalista nagusiek arazoak izan dituzte birrestatalizazio-proiektuaren ondorioz. Adibidez, 2020ko bigarren erdian, Alderdi Komunistak blokeatu egin zuen Ant Group enpresa burtsara ateratzea, Alibaba talde txinatarreko afiliatua, eta irteera horrekin 30.000 milioi dolar baino gehiago bildu nahi zituen. Kasualitatez, enpresa horretako inbertitzaile handienetako batzuek lotura dute Shanghaiko presio-taldeko politikariekin, eta, beraz, politikoki arriskutsua zen Xiren ildokoentzat.
Txinako zenbait enpresaren estatu-zentralizazioa ez dator bat sobietar estiloko estatu-sozialismoaren aginduetara itzultzearekin. Kontrakoa, datozen borroka geopolitikoko garaietan interes ekonomikoak Alderdi Komunistarekin berriz lerraratzeko mekanismoa da, baina enpresa publikoen barruan lehiaren eta lan-antolamenduaren arau kapitalista eta langileen babes gutxikoak mantentzen dira. Hala ere, Txinako enpresa publikoen birzentralizazioa eta botere-igoera argia da mundu osoan, gaur egun Fortune Globale 500en munduko enpresa aberatsenen rankingean agertzen diren 102 enpresa publikoetatik 75 txinatarrak baitira. Enpresa-ehunaren zati handi baten gaineko kontrol zuzen horrek plangintza-elementu estrategiko bat ematen dio Txinako Estatuari, Mendebaldeko herrialdeek ez dutena.
Zalantzarik gabe, Xi Jinpingen plan handia, eta ia agintaldiaren hasieratik gauzatzen ari dena, Zetaren Ibilbide Berriarena da (BRI ere esaten zaio ingelesezko siglengatik). Ekimena 2013ko irailean aurkeztu zen, eta bere helburu nagusia Eurasia osoan zehar, Pekinetik Lisboaraino, loturak ehuntzea da, izan ekonomikoak, garraioari dagozkionak zein kulturalak. Plan handi horren bidez, Txinak bere eragin-eremua ziurtatu nahi du, eta behin betiko urratsa eman, «munduaren fabrika» izateari uzteko eta ekoizpen teknologikoan munduko liderra izateko, eta mundu mailako bizitza- eta politika-estandarretan eragiteko gai izateko.
Zalantzarik gabe, Xi Jinpingen plan handia, eta ia agintaldiaren hasieratik gauzatzen ari dena, Zetaren Ibilbide Berriarena da (BRI ere esaten zaio ingelesezko siglengatik). Ekimena 2013ko irailean aurkeztu zen, eta bere helburu nagusia Eurasia osoan zehar, Pekinetik Lisboaraino, loturak ehuntzea da, izan ekonomikoak, garraioari dagozkionak zein kulturalak. Plan handi horren bidez, Txinak bere eragin-eremua ziurtatu nahi du
Proiektuak hainbat azpiegitura zabaldu ditu 140 herrialdetan zehar, eta Latinoamerikara ere egin du jauzi. 2019an argitaratutako ikerketetan, kalkulatu zen proiektuaren inbertsio osoa 2030era arte 26 trilioi dolarrera iritsiko zela, eta parte hartzen duten enpresez gain, Txinako Estatuak horietako trilioi bat inbertitzeko konpromisoa hartzeko prest zegoela[5]. Baliabideen hedapen horrek lau helburu argi ditu Pekinentzat:
Lehen helburua, Asiako erraldoia bizitzen ari den dezelerazio ekonomikoa iraultzea eta nazioarteko sistema ekonomikoaren funtsezko eragile bihurtzea da. Estatu kapitalista guztiei bezala, Txinari ere iristen ari zaio bere heltze-garaia, eta dagoeneko kapital-gainmetaketaren nolabaiteko krisia pairatzen ari da. Horrela, Zetaren Ibilbide Berria funtsezkoa da merkantzia txinatarrak itsasoko eta lehorreko ibilbideen bidez esportatzeko, baita balio erantsi industrial txikiagoko adarrak lan-kostu txikiagoko herrialdeetara deslokalizatzeko ere; Txinak, bitartean, aukera du balio erantsi handiko merkantzietan espezializatzeko, hala nola mikrotxipetan, erdieroaleetan, auto elektrikoetan edo robotikan.
Ildo horretan, Txinarentzat funtsezkoa da Europar Batasuna bazkide komertzial nagusiaren posizioari eustea, Estatu Batuek zigorrak eta gerra komertziala erabiliz egin nahi duten bereizketaren kontrara. Txina eta EBren arteko interdependentzia bi norabidetakoa da, eta Alemaniak Txinarekiko esportazioekiko eta inportazioekiko duen mendekotasun berezian argi gelditzen da hori. Adibidez, 2020an, COVID-19aren pandemia betean, Txinaren susperraldi azkarrak eta Alemaniako BMW eta Daimler enpresei piezak eta autoak erosten jarraitu izanari esker, enpresa horiek ez zuten galerarik izan, Europan mugikortasun txikieneko urteetako bat izan bazen ere.
Bigarren helburua, Asia erdialdeko eta Asia-Pazifikoko lurraldeetan ekonomia- eta segurtasun-eremu bat ezartzea da, hau da, bloke ekonomiko bat sortzea bere lehorreko zein itsasoko muga hurbilenen inguruan, Estatu Batuek Txina ekonomikoki zein militarki inguratu ez dezaten. Izan ere, «inguratzea» da SESBen edo Errusiaren eraginari aurre egiteko Estatu Batuek historikoki erabili izan duten euste-estrategia nagusietakoa. Ildo horretan, ez da baztertzen Txinak bere mugetatik kanpo itsas base militarrak ezartzea bultza dezakeenik, hala nola Gwadarreko Arabiar Itsasoaren gainean dagoen ur sakonetako portuan (Pakistango Balutxistan probintzia), zeina dagoeneko Overseas Port Holding Company Txinako estatuko enpresaren parte baita.
Hirugarren helburua Txinaren aldeko iritzi publikoa sortzea da, batez ere munduko hegoaldeko herrialdeetan edo periferikoetan. Txinak «inperialismo bigun» moduko bat ezarri nahi du; horretarako, kontrol militar edo ekonomiko zuzenaren bidez hirugarren herrialdeen leialtasuna ziurtatu beharrean, herrialde periferiko horietako elite politikoen leialtasuna erosi nahi du inbertsioaren eta azpiegituren garapenaren truke. Inbertsio horrek Pekini bere makineria industriala indarrean mantentzeko behar dituen baliabide naturalen eta lehengaien kopuru izugarria eskuratzea bermatzen dio.
Laugarren eta azken helburua potentzia arauemaile bihurtzea da, hau da, bere printzipio politikoek eta balioek munduan zehar influentzia irabaztea. Adibidez, Made in China 2025 proiektuarekin, Txinak balio handiagoko produktuak eta zerbitzuak ekoitzi nahi ditu, hala nola aeroespazialak edo erdieroaleak, produktu eta zerbitzu horietan atzerriko hornitzaileekiko independentzia lortzeko; bada, Standards 2035 proiektuaren bidez, arau teknologikoak eta kontrol informatikokoak birdefinitu nahi ditu.
Ildo beretik, Txinak «trantsizio ekologikoa» deiturikoaren buru jarri nahi du, Mendebaldeko potentziek trantsizio horren zentzua ezartzea galaraziz, eta bere bizitza- eta ekoizpen-estandar «berde» propioak sortuz. Kontuan izan behar da Txina liderra dela «teknologia berdeen» ekoizpenean; izan ere, munduko automobil elektrikoetarako baterien bi heren inguru eta eguzki-modulu guztien ia hiru laurdenak Txinako lantegietan ekoizten dira gaur egun[6].
MUNDUKO HEGEMONIA LORTZEKO ERRONKAK
Txinak ekonomikoki ez ezik, militarki eta politikoki ere azken hamarkadan bereganatu duen boterea gorabehera, oraindik ez dago argi Estatu Batuen lekukoa hartuko ote duen munduko kapitalismoaren jomugak zuzentzeko gai den munduko lehen potentzia gisa. Ildo horretan, Xi Jinpingek Alderdi Komunistaren buru izateko hirugarren agintaldirako ezarri dituen erronkak lau puntutan laburbil daitezke: Txinako klase ertaina sendotzea, ekoizpen nazionalerako kontsumo-oinarri izan dadin, are gehiago gerra komertzialak intentsitatea handitzera joko duen eta eredu esportatzaile txinatarra ahuldu daitekeen garai honetan; Europar Batasunarekiko harreman ekonomiko eta politikoak sendotzen saiatzea, nahiz eta Estatu Batuak EB Txinaren zirkuitutik isolatzen saiatuko den; dibisa txinatarraren, yuanaren edo renminbiaren nazioarteko garrantzia handitzea; eta, azkenik, itsas potentzia bihurtzea, Indo-Pazifikoko ibilbideen eta Hego Txinako Itsasoaren kontrol militar eta komertzial handiagoaren bidez.
Credit Suisse Wealth Report erakundearen 2018ko urteko txostenaren arabera, pandemiaren krisia hasi baino bi urte lehenago, Txinak munduko klase ertaintzat jotzen denaren ia erdia biltzen zuen (txostenaren arabera, 10.000 eta 100.000 dolar arteko ondare garbia zuen biztanleria horrek). Horrek esan nahi du Txinak erosteko nolabaiteko ahalmena duten 641 milioi kontsumitzaile inguru dituela dagoeneko. Hori oinarrizko giltzarri bat da Txinak nahi duen ekoizpen-eredura aldatzeko, esportazioen menpe egoteari uzteko, batez ere Estatu Batuen menpe egoteari uzteko bi potentzien arteko merkataritza-gerra deklaratu dionetik.
Hala ere, Txinako hazkunde-ereduan oraindik desberdintasun handiak daude, eta, itxura guztien arabera, klase ertainetan sar daitekeen langile-biztanleriaren proportzioa bere goia jotzen ari da, eta horrek landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko desberdintasuna areagotzen du. Baina, era berean, hiri-konurbazio handiak (Hong Kong, esaterako) pobrezia-masa zabalen kontzentratzaile bihurtu dira; izan ere, hango bost pertsonatik bat, biztanleriaren ia % 20, 500 dolar estatubatuar baino gutxiagorekin bizi da hilean. Shanghain edo Pekinen, esaterako, familien urteko batez besteko diru-sarrera 6.800 dolarrekoa da, Credit Suissek klase ertainaren diru-sarreratzat jotzen duen hori baino askoz ere txikiagoa.
Horren aurrean, Xi Jinpingen gobernuak «oparotasun komuna» izeneko plan ekonomikoa abiarazi zuen 2017an, Alderdiaren Komite Zentralaren XIX. Kongresuaren atarian. Plan horren helburua da Txinako eremu geografikoen arteko desberdintasunak murriztea, baina baita klase ertain baten pixkanakako hazkundea bermatzea ere. Azken helburua biztanleriaren eros-ahalmena handitzeko pobrezia-mailak murriztea da, eta, horrela, barne-kontsumoan oinarritutako ekonomiaren hazkundea bermatzea, non zerbitzuen sektoreak eta goi-teknologiako industriak gero eta pisu handiagoa izango duten. Alabaina, Txinak gero eta zor publiko handiagoa ekarriko dion arazo batekin egingo du topo, eta zor horren egonkortasuna ez dago ziurtatuta epe ertaineko etorkizunean.
Txinak gero eta zor publiko handiagoa ekarriko dion arazo batekin egingo du topo, eta zor horren egonkortasuna ez dago ziurtatuta epe ertaineko etorkizunean
Gainera, Txinak produkzio-eredua aldatu nahi badu ere, horrek ez du esan nahi bere esportazio-potentzialari uko egin nahi dionik. Aitzitik, Txina Asia-Pazifikoko zonaldean bere eragin ekonomikoaren pean dagoen eremu bat sortzen saiatzen ari da. Eskualdeko Ekonomia Integralerako Elkartea (RCEP ingelesezko sigletan) Asia-Pazifikoko hamabost estaturen arteko merkataritza askeko hitzarmena da, eta horien artean, Txinaz gain, Australia, Hego Korea edo Japonia bezalako potentzia ekonomikoak nabarmentzen dira. Txinak estatu horietan duen eragin esportatzailea gero eta handiagoa da.
Horri erantzunez, Amerikako Estatu Batuek atzean utzi dute Trumpen Administrazioak egindako politika orokorra, hau da, Txinako esportazioak muga-zergekin masiboki trabatzea; izan ere, ohartu dira hori kaltegarria dela beren kapital nazionalarentzat. Bidenen presidentetzarekin, gerra komertzialaren tentsioak gora egiten jarraituko du, baina orain Txinaren urruntze selektiboa izango da, eta Txinako goi-teknologiei egingo die kalte. Horrela, Txinako langileen soldata igoerekin batera, atzerriko goi-teknologiako enpresentzat, gero eta zailagoa da Txinan ekoizteko eredua errepikatzen jarraitzea eta ondoren merkantzia horiek munduko gainerako herrialdeetara esportatzea[7].
Ildo horretan, EBrekiko etorkizuneko harremanak funtsezkoak dira Txinarentzat. EB eta Txina merkataritza-bazkide garrantzitsuak dira: 2021ean, Txina EBren hirugarren merkataritza-bazkide garrantzitsuena izan zen salgaien esportazioei dagokienez (kopuru osoaren % 10,2), eta EBren bazkide nagusia inportazioei dagokienez ( % 22,4). Baina, egia esan, EBn gero eta deserosoago sentitzen dira Txinako inportazioekiko «gehiegizko mendekotasun» moduan ulertzen duten horrekin, batez ere intsumo kritikoei dagokienez. Hori da, argi eta garbi, eguzki-panelen edo bateria elektrikoetarako material kritikoen kasua.
Hori aprobetxatzen ari dira Estatu Batuak, EBren eta Txinaren arteko bereizketa handiagoa bultzatzen saiatzen ari baitira, EBren norabidea berriz ere AEBen mendekotasun ekonomikora bideratzeko. Horretarako, Estatu Batuak karta militarra erabiltzen ari dira, eta Ukrainako gerra Europar Batasuna eta Txina gero eta gehiago lotzen zituen integrazio ekonomiko euroasiatikoa oztopatzeko aukera bat da. Horrela, AEBek bilatzen dute Txina gero eta gehiago inplikatzea Errusiari laguntzeko, EBk Pekinekiko dituen zigorren eta harremanen hausturaren politika handiagoa justifikatzeko. Horregatik, Txinako Kanpo Harremanetarako Ministerioak, Municheko azken Segurtasun Konferentzian, 2023ko otsailean, Ukrainarako su-etenerako proposamen bat argitaratu zuen, herrialde guztien subiranotasuna eta lurralde-integritatea errespetatuz, Txinari ez baitzaio interesatzen Ukrainan iraupen luzeko gerra bat izatea.
Estatu Batuak karta militarra erabiltzen ari dira, eta Ukrainako gerra Europar Batasuna eta Txina gero eta gehiago lotzen zituen integrazio ekonomiko euroasiatikoa oztopatzeko aukera bat da. Horrela, AEBek bilatzen dute Txina gero eta gehiago inplikatzea Errusiari laguntzeko, EBk Pekinekiko dituen zigorren eta harremanen hausturaren politika handiagoa justifikatzeko
Merkataritza-nagusitasunari estuki lotuta dago dibisaren nagusitasuna edo monetak nazioarteko ordainketa-sisteman duen garrantzia. Merkantzia gehienak erosteko erabiltzen den ordainketa-moneta kontrolatzen duenak eta bankuen erreserba gehienak mantentzen dituenak bere barne-defizitak kontrola ditzake, eta zorra gehiago jaulkitzeko aukera izan. Gaur egun, hori da dolarraren eta Estatu Batuen kasua. Hala ere, apurka-apurka hazten ari den arren, Txinako monetaren, yuanaren edo renminbi ere deiturikoaren erabilera oraindik nahiko mugatua da, eta trukerako bosgarren moneta da mundu mailan, dolarraren eta euroaren atzetik ez ezik, liberaren eta yen japoniarraren atzetik dago.
Xi Jinpingen plana dolarraren hegemonia hori ahultzen hastean datza, ziur aski jakinda Txinak munduko lehen potentzia ekonomikoaren postua artean dolarrari dibisen hegemonia kendu gabe lortuko duela. Horretarako, ezinbestekoa da dolarrari lehentasuna kentzea hidrokarburoen merkataritzan, eta, bereziki, petrolioaren salerosketan. Horretarako, Txinako Gobernuak petrolioa yuanetan erosten hasteko akordioa sinatu zuen 2017an, Errusiarekin.
Putinek agindutako Ukrainako esku-hartze militarraren ondoren, eta Errusiari ezarritako zigorren ondoren, hala nola bere aktiboak dolarretan edo eurotan izoztea, akordioa indartsuago bihurtu da, eta Errusiak yuan kopuru handiagoa eskuratu du Mendebaldeko zigorrak saihesteko. Gainera, 2022ko abenduan Txinako agintariek Golkoko Estatu Arabiarrentzako Kooperazio Kontseiluko kideekin izandako bileraren ondoren, akordio hori Saudi Arabiara eta petrolioa esportatzen duten beste monarkia batzuetara hedatu da, eta gero eta petrolio kopuru handiagoak saltzen hasiko dira Txinari yuanetan, kontuan izanda Txina dela munduan hidrokarburo gehien inportatzen duen herrialdea[8].
Dena den, AEBek dolarraren nagusitasunari eusten diote beren potentzia militar osoak babestuta, eta ahalmen hori berdintzetik urrun dago oraindik Txina. Horregatik, Xi Jinping Askapenerako Herri Armada berregituratzen eta modernizatzen ari da, 2049an (Txinako Herri Errepublikaren ezarpenaren mendeurrena) munduko lehen mailako potentzia militar bihurtzeko helburuarekin. Horretarako, itsas armadari eta Hego Txinako Itsasoaren kontrolari garrantzi berezia eman nahi zaie, itsas potentzia bihurtzeko helburuarekin.
Xi Jinping Askapenerako Herri Armada berregituratzen eta modernizatzen ari da, 2049an (Txinako Herri Errepublikaren ezarpenaren mendeurrena) munduko lehen mailako potentzia militar bihurtzeko helburuarekin. Horretarako, itsas armadari eta Hego Txinako Itsasoaren kontrolari garrantzi berezia eman nahi zaie, itsas potentzia bihurtzeko helburuarekin
Munduko kapitalismoaren hegemonia ziklo guztietan, sistema mundu-mailan erregulatzeko boterea izan duen potentzia beti izan da itsas potentzia bat lehorreko potentzia baten aurka (adibidez, Estatu Batuak SESBren aurka XX. mendeko zikloan; Errusia lurreko potentzia bat baita, itsaso bero eta nabigagarrietarako irteera eskasagatik)[9]. Gaur egun, Asiako erraldoiaren armadak 350 borroka-ontzi inguru ditu –hegazkin-ontziak, destruktoreak eta fragatak–, baina Txinak zifra hori 460ra igotzeko asmoa du 2030erako.
Txinako itsas garapen osoa eragotzi duena inguruan duen uharte-kate zabala izan da. Gaur egun, uharte horien kontrola ziurtatzea eta Malakako itsasarteraino doan bidea, Malaysia eta Singapur artean, de facto kontrolatzea eskatzen du Pekinen planak, munduko itsas merkataritzaren %60 inguru handik igarotzen baita. Hori dela eta, Txinak bere kostaldetik hurbilen dauden uharteen lehen katean defentsa-gerriko bat ezarri nahi du, bere kostaldean ekonomikoki aurreratuenak diren lurraldeak babestu ahal izateko eta balizko gerra-gatazka batean merkataritza-bideen kontrola mantendu ahal izateko.
Txinak bere kostaldetik hurbilen dauden uharteen lehen katean defentsa-gerriko bat ezarri nahi du, bere kostaldean ekonomikoki aurreratuenak diren lurraldeak babestu ahal izateko eta balizko gerra-gatazka batean merkataritza-bideen kontrola mantendu ahal izateko
Baina Txinako agintari gorenek beren boterea uharteen lehen katetik harago proiektatu eta Ozeano Barean kontrol handiagoa lortu ahal izango duen itsas armada bat nahi dute, sakontasun estrategikoa irabazteko eta lehen alerta sistema azkar bat izateko Txinako lurretara egindako edozein itsas erasoren aurrean. Horretarako, ezinbestekoa da Txinak bere lurraldea erabat bateratzea, eta Taiwan Txinako Herri Errepublikara itzularaztea. Taiwanek uharte bat eskainiko lioke Txinako Gobernuari Indo-Pazifikora proiektatutako portu militar zabalak jartzeko. Modu horretan, lurraldeko lehen potentzia militar eztabaidaezin bihurtuko litzateke. Baina Estatu Batuak horren jakitun dira, eta ziurrenik ez dute Taiwanen eta Txinaren arteko bateratzerik onartuko aldez aurretik eskala kalkulaezineko gatazka beliko bat sortu gabe.
ONDORIOAK
Azken batean, Txinak eta Xi Jinpingen agindupeko Txinako Alderdi Komunistak aukera historikoa dute munduko hegemonia kapitalista Mendebaldetik Asiarantz biraratzeko. Txinako hazkunde ekonomikoaren proiekzioa, nahiz eta BPGren %5 inguruko hazkunde-tasetara murriztu den 2023tik aurrera, oraindik ere Mendebaldeko Estatu gehienetakoaren bikoitza edo hirukoitza da. Gainera, konparazioan, abantaila handiak ditu ekoizpen-eredua goi-teknologiak eta birmoldaketa «berdea» deritzonak gidatutakora izatera bidean; izan ere, mundu osoko industriak kontsumitzen dituen lur arraroetako mineralen % 80 inguru ekoizten ditu, zeinak auto elektrikoen motorrak, turbina eolikoak, telefono mugikorrak edo mikrotxipen zati handi bat fabrikatzeko erabiltzen diren.
Txinako agintarien arazoa zera da, Asiako erraldoiak bere heltze ekonomikoa beste potentzia hegemonikoei iritsi zaiena baino lehenago irits dakiokeen zantzuak erakusten dituela. Horiek arautzen dituen potentzia hegemoniko bati lotutako ziklo ekonomikoen teorizazioan[10], potentzia jakin baten hegemoniaren amaitzera doala iragartzen duen zantzua haren ekonomiaren finantzarizazioa da. Hain zuzen, Txinak dagoeneko erakusten ditu finantzarizazio horren zantzuak: 2020ko bigarren hiruhilekoan, COVID-19aren pandemiaren hasierarekin batera, zorpetze publikoa, pribatua eta Txinako familiena BPGaren % 280ra iritsi zen. Gaur egun lehertzen ari den higiezinen burbuila hasiberrian islatzen da hori, zeinak ia porrotera eraman baitzuen Txinako bigarren higiezinen sustatzaile handiena: Evergrande.
Horregatik, autore marxista txinatarrek, Li Minqi[11] ekonomialariak esaterako, argudiatzen dute Txinak Estatu Batuak ordezkatzeko gaitasun osoa ez duen arren, beste potentziek are aukera gutxiago dituztela. Agian, mundu-sistema kapitalistak botere hegemoniko berri bat sortuz bere burua berritzen jarraitu ezin duen puntura iritsi gara, eta nagusitasun argirik gabeko multipolaritaterako bide ezezagun bat ireki da. Izan ere, zalantzazkoa da Txina gai ote den barne-kontsumoko botere ekonomikoa eta kanpo-kontroleko botere militarra garatzeko, zeina beharrezkoa baita Estatu Batuek izan dutenaren moduko mundu-mailako hegemonia lortzeko.
Hori esanda, nahiz eta Txinak, munduko merkatuetan integratuta zibilizazio-eredu kapitalistaren edo burgesaren barruan jarduten duen –balioaren legea onartuz eta bere langile-klasearen lan-baldintzak debaluatuz–, kontrol sozialeko praktika batzuk esportatzen eta geopolitikoki legitimatzen ari da, eta Mendebaldeko eliteak berehala hasi dira kopiatzen. Are gehiago COVID-19aren pandemiaren eta Txinan probatutako konfinamendu handien ondoren. Mendebaldeko agintariek ondo ikasi dituzte Txinako Alderdi Komunistak ezarritako teknikak, eta martxan jarri dituzte, esaterako, aurpegi-ezagutzaren bidezko kontrola, telefono mugikorren bidezko geolokalizazioa edo joan-etorrien murrizketa.
Alabaina, zalantzarik gabe, Txina mundu-mailako boterera igotzearekin gizateriari agertzen zaion arriskurik handiena suntsipen masiboa da, zeina Estatu Batuekin eskala handiko borroka militar baten ondorioz gerta baitaiteke. Gaur egun, aurrez aurre dauden bloke geopolitikoen dinamika bat zehazten ari da: Errusia eta Txina AEBen eta NATOren blokearen aurka. Oraingoz gerra lokalizatuak edo delegaziozkoak izan diren arren, Ukrainakoa kasu, ezin da baztertu geopolitikan «Tuzididesen tranpa» izenez ezagutzen dena betetzea eta mundu-mailako hegemoniaren aldaketa gainbeheran dauden eta goranzko joera duten potentzien arteko eskala handiko gerra bihurtzea. Argi dagoena da Xi Jinpingek munduko kapitalismoa balio txinatarrekin gobernatu nahi duela, baina ez izaera sozialistako zibilizazio-alternatiba bat eskainiz, hau da, ez komunista txinatarrek beren hastapenetan eta boterera igotzean egin zuten moduan.
Gaur egun, aurrez aurre dauden bloke geopolitikoen dinamika bat zehazten ari da: Errusia eta Txina AEBen eta NATOren blokearen aurka
Oraingoz gerra lokalizatuak edo delegaziozkoak izan diren arren, Ukrainakoa kasu, ezin da baztertu geopolitikan «Tuzididesen tranpa» izenez ezagutzen dena betetzea eta mundu-mailako hegemoniaren aldaketa gainbeheran dauden eta goranzko joera duten potentzien arteko eskala handiko gerra bihurtzea
OHARRAK
[1] Txinako pobreziaren bilakaerari buruz, Four Decades of Poverty Reduction in China izeneko Munduko Bankuaren azken txostena kontsulta daiteke.
[2] Landa-eremuko hiri-exodoaren eta Deng Xiaopingen igoeraren ondoren txinatar hazkunde-ereduaren datuak sakon aztertzen dira Molero Simarro, R. (2015): «Desigualdad social, complementaridad con EE.UU. y contradicciones frente a la crisis: los límites del modelo chino de crecimiento», Mateo, J. P. ed., Capitalismo en recesión. La crisis en el centro y la periferia de la economía mundial, Maia Ediciones, Madrid,183-203 or.
[3] Adam Toozeren liburu hauetan kontsulta daitezke Txinari buruzko kapitulu interesgarriak: Crash: cómo una década de crisis financiera ha cambiado el mundo (2018) edo El apagón: cómo el coronavirus sacudió la economía mundial (2021). Michael Pettisi dagokionez, bere lan nagusia, Txinak 2008ko krisia inpaktu txikiagoarekin nola saihesten duen zehatz-mehatz aztertzen duena, Matthew C.Kleinekin batera idatzitakoa da: Trade Wars Are Class Wars (2020).
[4] Alderdi Estatua esamoldea iruditzen zait egokiena Txinako eredu politikoa izendatzeko; maileguan hartu diet geopolitikan espezializatutako Descifrando la guerra komunikabidearen bi egileri (gaztelaniaz erabiltzen dute: «Partido-Estado»). Sierra, A. y Marrades, A. (2022): La nueva era de China: La gran estrategia para el sueño de Xi Jinping, Valencia, Fuera de Ruta.
[5] Txinako Gobernuak Zetaren Ibilbide Berriari buruz ematen duen informazio guztia Belt and Road Portal izeneko web atari ofizialean kontsulta daiteke.
[6] Teknologia «berdearen» mendekotasunari dagokionez, Ameriketako Estatu Batuek teknologia horiek ekoizteko beharrezkoa den bitarteko produktu oro muga-zergen bidez trabatzeko asmoa dute. Sakontzeko, Financial Timesen artikulu hau kontsulta daiteke, Derek Browerrek eta Amanda Chuk idatzia, 2023ko otsailaren 15ean: «The US plan to become the world ‘s cleantech superpower».
[7] Atzerriko goi-teknologiako enpresek Txinako lurzoruan dituzten zailtasunen adibide Kyocera goi-teknologiako osagaien enpresa japoniarra izan daiteke, bere produkzioaren zati bat Asiako hego-ekialdeko herrialdeetara deslokalizatzen ari baita, Txinan garestiago ateratzen baitzaio bere produktuak ekoiztea eta esportatzea. Horri dagokionez, Financial Times-ek argitaratutako «China no longer viable as world ‘s factory, says Kyocera» erreportajea irakur daiteke, Eri Sugiurak idatzia 2023ko otsailaren 20an.
[8] Michael Pettis Txinako geoekonomiako adituak, adibidez, argudiatzen du yuan txinatarrak ez duela AEBetako dolarra ordezkatuko epe labur edo ertainean munduko dibisa hegemoniko gisa. Izan ere, yuana ez da oraindik dibisa erakargarria nazioarteko inbertitzaile gehienentzat, zaila baita beste moneta batera bihurtzea eta Txinako Gobernuak kapital-kontrolak egiten baititu. Pettis, M. (2022): «Will the Chinese renminbi replace the US dollar?», Review of Keynesian Economics, 10(4), 499–512. orr.
[9] Lehorreko potentzia kontrolatzen duen itsas potentziaren ideia hau etengabe errepikatzen da Geopolitikaren klasikoetan. Mackinder, H. J. (2010): «El pivote geográfico de la historia”. Geopolítica(s). Revista de estudios sobre espacio y poder, 1(2), 301-319. orr.
[10] Arrighi, G. (2014): El largo siglo XX. Dinero y poder en los orígenes de nuestra época, Akal, Madrid.
[11] Minqi, L. (2008): The Rise of China and the Demise of the Capitalist World Economy, New York, Monthly Review Press.
HEMEN ARGITARATUA