ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Joanex Artola
2025/12/03

Mundua polarizatzen ari da. Gerrek, genozidioek, zigor ekonomikoek eta abarrek irekitzen dituzte egunkarietako azalak. Krisia hemen daukagu, eta geratzeko etorri da. Inpotentzia dario Mendebaldeko oligarkiari, ez baita ekonomia kapitalista zuzentzeko gai, ezta mundua kontrolpean mantentzeko ere, eta esku artetik ihes egiten dion oro kontrolatzen ahalegintzen da. Bistan denez, saiakera hori ez doa norabide emantzipatzailean, ezpada kontrakoan. Eta kontrako norabidea, faxismoa da. Sistema kapitalistan egon daiteken agerpen bortitzena ordezkatzen du faxismoak, jakina da.

Diskurtso horiek elikatzeko testuingurua ez da hutsetik sortzen. Garaia muturreko egoerara heldu ahala, muturreraino darama baita ere diskurtsoa: erreakzioa erradikalizatzen da, eta faxismoak, oharkabean baina etengabe, lekua hartzen du espazio publikoan. Ez da kasualitatea gero eta normalizatuagoak egotea etorkinen aurkako iruzkinak, matxismoaren auzia zalantzan jartzen duten planteamenduak, edo pobrezia ez dela egiturazko arazo bat baizik eta norberaren “inbertsio falta” omen den ustea. Horiek guztiak badira dagoeneko antolatuta dagoen bloke faxista bati arnasa, diskurtsoa eta legitimazioa ematen dizkioten elementuak.

Baina azaltzen gabiltzana ezin da ulertu elementu horiek elkarreragin dinamiko batean jarri gabe: gazteen bizi-baldintzen okertzea, instituzioen krisia, desilusio politiko orokortua eta mezu erreakzionarioen sinpletasuna. Horiek batzean, hain zuzen ere, koktel egokia sortzen baita erreakzioa errotzeko.

Mendebaldeko oligarkiaren programa politikoa programa faxistaren aldeko apustua da. Bestela esanda, Mendebaldeko oligarkia bultzatzen ari den politika nagusia faxismoaren aldekoa da: ekonomikoki, inperialismo basatienak ordezkatuta; eta, politikoki, estatuaren biraketa autoritarioak. Funtsean, programa faxistaren aldeko hautua bloke inperialista hegemonikoaren kolapsoaren ondorio da.

Alde batetik, ezinean datorren sistema kapitalistaren krisi historikoan kokatu behar dugu marko orokorra. Hamarkadak dira kapitala ezinean dabilela bere balorizazio prozesuari dagokionez. Esan nahi baita, ez du akumulazio ziklo berri eta fidagarri bat irekitzea lortzen. Hori dela-eta, klase ertaina proletarizatzen ari da; hura osatzen duten mailak pobretzen ari dira, eta horrek beren bizi maila integrala okertzea dakar. Izan ere, kapitalak ez du aski baliabide ekonomiko gizarte burgesa gaur egun ezagutzen dugun moduan mantentzeko: osasungintza, garraioa eta prestazio publikoak dira horren adibide. Azken finean, ongizate-estatuaren desegiteaz ari gara. Errentagarria ez den instituzio oro apurka-apurka desegiten edo gutxienez, prekarizatzen ari da oligarkia. Eta testuinguru horretan, sozialdemokrazia, haustura mugimendu izan beharrean, oligarkiaren politikak aplikatu eta onartzen ari da. Egitate horrek urte luzez sozialdemokraziak gazteengan izan duen atxikimendua gutxitu du. Hala, gazte askoren despolitizazioa eta politika profesionalarekiko urruntzea eragin du. Azken urteetan gazteen despolitizazio prozesu nabarmena gertatu den zantzua hauteskundeetan ageri da, non gazte langileon parte-hartze datuak oso baxuak baitira.

Faxismoak, gazteria langileak bizi duen ziurgabetasun eta despolitizazio egoera nolabait probestu nahi duenez, proposamen itxuraz erradikalak egiten baditu ere, ez du gaur egungo baldintza sozial eta ideologikoetan proposamenok modu kolektibo eta kontzientean artikulatzeko tresnarik. Horixe da despolitizazioaren funtzio historikoa: klase subjektua desegituratzea eta norbanakoa isolatzea, Kapitalaren krisi estrukturalak sortzen dituen arazoei izaera pertsonal eta psikologikoa emanez. Ez da despolitizazio pasiboa; aitzitik, despolitizazio aktibo bat da, klase antagonismoa ezkutatzeko helburua duena. Marxek berak zioen moduan: klase dominatzaileak ez du soilik produkzioaren kontrola, kontzientziaren produkzioaren kontrola ere badu.

Elite politiko eta ekonomikoek dinamizatzen duten errealitatearen interpretazio ofizialak —segurtasunaren diskurtsoa, lehiakortasunaren mito meritokratikoa, feminismoaren kriminalizazioa edo migrazioaren demonizazioa— gazteria langilearen eguneroko noraezari erantzun faltsu eta toxiko bat ematen dio

Era berean, elite politiko eta ekonomikoek dinamizatzen duten errealitatearen interpretazio ofizialak —segurtasunaren diskurtsoa, lehiakortasunaren mito meritokratikoa, feminismoaren kriminalizazioa edo migrazioaren demonizazioa— gazteria langilearen eguneroko noraezari erantzun faltsu eta toxiko bat ematen dio. Horrela funtzionatzen du hegemonia ultraeskuindarrak: pertsonen arazo sistemikoak arazo indibidualtzat hartzeko baldintzak jartzen ditu, eta horrela, erreakzio autoritarioa aukera “natural” gisa agertzen da.

Horrela funtzionatzen du hegemonia ultraeskuindarrak: pertsonen arazo sistemikoak arazo indibidualtzat hartzeko baldintzak jartzen ditu, eta horrela, erreakzio autoritarioa aukera “natural” gisa agertzen da

Beste alde batetik, krisi kapitalistari aurre egiteko ezkerreko alderdi burgesen proposamenek porrot egin dute. Ongizate-estatua mantentzeko ahaleginak huts egin du eta ezkerreko gobernuetatik martxan jarritako politika askok eta askok langileriaren geruza zabalen pobretzea eragin dute, eros-ahalmena nabarmenki galdu baitugu langileok.

Testuinguru horretan kokatuko dugu egingo dugun hausnarketa politikoa. Garrantzitsua da krisiaren teoriatik eta Mendebaldeko bloke kapitalistaren eta inperialistaren desegitearen markotik hitz egitea, bai eta erreakzio edo kontratendentziak bertan kokatzea. Izan ere, badago irakurketa desegoki bat zeinak politikoen edo eliteen izaera ankerra jartzen duten desastre sozialen erdigunean —nahiz eta oligarkek izaera ankerra duten, psikopata kutsu handiarekin batera—. Irakurketa horrek ezkutatzen duena, batetik, eta bilatu nahi duena, bestetik, zera da: politikoen aldaketa instituzionalaren bidez errealitate sozial kapitalista alda daitekeela pentsaraztea. Alegia, Trump jarri beharrean Kamala Harris jarriko balute, arazoa gaindituko litzatekeela. Aspaldian entzuten den kontua izan arren, oraindik gaurkotasuna duen irakurketa sozialdemokrata horrek ez du egungo testuingurua ulertzeko balio. Laburbilduz, faxismoaren gorakadaz hitz egiteko krisi kapitalistaz hitz egin behar dugu gaur-gaurkoz; ezin gara politika instituzionalera mugatu.

Gazteak, eta gazte langileak batez ere, umezurtz gaude egungo abagune historikoan. Politikoki erreferentzia iraultzaile eta emantzipatzailerik gabe, eta, gainera, ezker burgesaren politikek porrot eginda. Horiek horrela, talde faxistak antolatzen hasi dira. Eta horietako batzuk modu trebean. Hain zuzen, egoera nahasia denean, eta erreferentzia politikorik ez dagoenean, baldintzak sortzen dira talde faxistak antolakuntza popular gisa aldarrikatzeko, masa antolakunde moduan. Noraez ideologiko eta politiko horretan talde faxistak VOX gisako plataforma elektoral handien babesean jarduteko gaitasuna irabazi dute, programa atzerakoi eta erreakzionarioak garatu dituzten heinean. Gazte andana hasi da ideologikoki eta organizatiboki taldeotan lanean.

Ildo horretatik, bi dira faxismoak gazteak erakartzeko dituen baliabide ideologiko nagusiak. Batetik, erro soziala eta ekonomiko duen arazo oro afera indibidual gisa aurkezten dute. Horrela uler daiteke filosofia estoikoaren gorazarrea, besteak beste. “Zure bizitza miserablea bada, zure errua da” lemarekin kapitalismoak sortzen dituen hamaika miseria ezkutatzen dituzte faxistek. “Lanik ez baduzu, nahikoa saiatu ez zarelako da”. Horrelakoek beti jartzen dute langileria jo puntuan, faxismoak pobreena, gizarte-dinamikatik kanporatua dena, baitu beti jo puntuan. Eta ez da harritzekoa faxista berriek mantra liberal handienak erosi izana, azken finean marko ideologiko bera partekatzen dute-eta, kontrakoa erakutsi nahi badute ere.

Era berean, faxismoa baztertzailea da, predikatzen duen nazionalismoa erabat supremazista baita. Nazioaren supremazismoa aldarrikatzen du, nazioaren kide askoren kontra jota, langileria migrantearen eta antolakunde iraultzaileen kontra, batik bat. Alegia, nazioa barneko kideen kontrako etsaitasun bilatzen du. Hala, supremazismoaren aldeko jarrera mantentzen du: norberaren kultura eta zibilizazio eredua besteen gainetik kokatu, eta horren parte ez direnen aurka bortxaz jokatzen du. Horren adibide da etorkinen, komunisten, LGTB kolektiboko kideen eta abarren kontrako kale ehizak.

Bestetik, irrazionalismoaren doktrina dago erdigunean. Politika egiteko filosofia irrazionalista darabilte une oro; gazteak talde faxistetara gerturatzeko erabiltzen duten irrazionalismo horrek logika, argudio eta jokabideei egiten die erreferentzia, baita oinarrian dagoen premisa filosofikoari ere. Horrek guztiak eztabaida politikoen arrazionaltasuna sistematikoki ukatzea du helburu, ad hominem falaziak, sentsazionalismoa eta gezurrak erabiliz.  Halaber, oligarkiarenak diren plataforma digitalak erabiltzen dituzte irrazionalismoa sustatzeko, esate baterako X edo Twitter. Elon Musken jabetza denetik, ez dago eztabaida arrazionalerako tarterik. Eta sare guztia buloz eta gorroto mezuez bete da.

Politika egiteko filosofia irrazionalista darabilte faxistek une oro. (...) Eztabaida politikoen arrazionaltasuna sistematikoki ukatzea dute helburu, "ad hominem" falaziak, sentsazionalismoa eta gezurrak erabiliz

Irrazionalismoari dagokionez, zentzu nagusi batean uler daiteke: eztabaida politikoan faxistek hartzen duten jarrera, gezurretan, idealismoan eta kean baino ez dena oinarritzen. Horregatik, ez diote errealitateari erreparatzen eta erabat populistak dira, zentzu txarrenean. Adibidez, etorkinak seinalatzen dituztenean segurtasun arazoaren aitzakiapean, edota mugak ixteko eskatzen dutenean, bideraezinak diren proposamenak izaki, ez dute bilatzen arazo konkretu bati erantzuna ematea, baizik eta sentsazionalismoa eta gorrotoa zabaltzea. Finean, ez dute esaten dutenaren ardurarik hartzen, ez baitituzte ondorioak onartzeko ez gaitasunik, ezta konpromisorik ere. Eta hor egundoko diferentzia dago haien eta gure artean: guk egiarekiko konpromisoa dugun heinean ez dugu buloa edo gezurra erabiliko gure tesi politikoak zabaltzeko; faxistek, bai. Ez baitute ardurarik, ez eta ondoriorik ere pairatzen.

Orain arte forma fenomeniko gisan mintzatu gara faxismoaz; baina, garrantzitsua da —garrantzitsuagoa agian— faxismoari aurre egiteko estrategiaz hitz egitea. Ildo horretan, bi antifaxismo eredu garatu daitezkeela ikusten dugu: antifaxismo instituzionala eta antifaxismo militantea edo kalekoa.

Antifaxismo instituzionalak, bere burua demokraziaren azken babes-horma gisa aurkezten duen arren, karikatura arin eta despolitizatu bihurtu du faxismoaren aurkako borroka, sistemaren egonkortasuna zaintzeko erabiltzen den moralismo burokratiko hutsa

Alde batetik, antifaxismo instituzionalak, bere burua demokraziaren azken babes-horma gisa aurkezten duen arren, karikatura arin eta despolitizatu bihurtu du faxismoaren aurkako borroka, sistemaren egonkortasuna zaintzeko erabiltzen den moralismo burokratiko hutsa. Estatu burgesak —bere funts autoritarioa ezkutatu nahian— faxismoa arazo estetiko, kultural edo koiuntural gisa definitzen du, eta ez du sekula aitortzen haren benetako erro materiala: Kapitalaren krisi historikoa eta oligarkiaren programa politikoaren zati organikoa da faxismoa.

Estatu burgesak —bere funts autoritarioa ezkutatu nahian— faxismoa arazo estetiko, kultural edo koiuntural gisa definitzen du, eta ez du sekula aitortzen haren benetako erro materiala: Kapitalaren krisi historikoa eta oligarkiaren programa politikoaren zati organikoa da faxismoa

Horregatik, antifaxismo instituzionalak bi funtzio betetzen ditu: alde batetik, gazteria eta langile klasea desmobilizatzea, faxismoaren aurkako borroka “adituen” esparru tekniko eta legal batera mugatuz; eta bestetik, borroka erreal eta erradikal oro kriminalizatzea, faxismoa eta antifaxismo militantea parekatuz, biak “bi mutur arriskutsu” gisa aurkeztuz, eta horrela, borroka antikapitalista neutralizatzen du. Bere diskurtsoa faltsua da: faxismoa “gorrotoari lotutako afera” edo “tolerantzia faltaren ondorioa” balitz bezala tratatzen du, eta ez klase-borrokaren produktu historiko eta Kapitalaren erreakzio politiko zuzen gisa. Horrela, antifaxismo instituzionalak, irabazi duen posizio burokratikoari eusteko, gazteriari probokazioetan ez erortzeko eta eredugarria izateko eskatzen dio, mobilizazio autonomoa eta antolakuntza komunistaren aukerak zapuzteko, batik bat. Faxismoaren aurka oldartzen dela dioen bitartean, berez, kapitalaren ordena politiko eta soziala zuritzen du: autoritarismoa “segurtasun demokratiko” bihurtzen du, polizia-estatuaren hedapena “defentsa antifaxista”, eta errepresioa “gizartea babesteko neurri”.

Hori dela eta, bizi garen testuinguru historikoan behar-beharrezkoa da antifaxismo militantea gazte langileon artean joera politiko-kultural hegemoniko bilakatzea. Horretarako hainbat gaitasun artikulatu behar ditugu.

Hegemonia kulturalaren ikuspegitik, antifaxismoa nagusi bihurtzeko, beharrezkoa da gazteen artean antolakunde eta diskurtso politiko independente bat, non faxismoa ez den aurkezten “muturreko eskuina” edo “arrisku demokratiko” gisa soilik, baizik eta kapitalaren proiektu politiko koordinatu gisa: kontrol sozialera, proletarizazio prozesuan sakontzera eta langileriaren antolakuntza lurperatzera bideratutako mekanismo historiko gisa. Bide horretan, gazte langileon antolakunde komunistak, eta gazte langileok oro har, indar erabakigarria gara belaunaldi berriak faxismoaren kontrakotasunean hezteko. Balio eta jarrera antifaxista kontsekuentea izateko, hain zuzen ere. Sozialdemokraziak gazteria botoak irabazteko eta hartzaile pasibo izateko nahi duen bitartean, antolakunde komunistetako kideok lehen lerroan egon behar dugu. Eta espazio guztietan borrokatu behar dugu faxismoa: kaleetan, sareetan, eskoletan, unibertsitateetan…

Horregatik, antifaxismoa ezin da soilik erantzun defentsibo bat izan; gazteen artean proiektu politiko ofentsibo eta emantzipatzaile bihurtu behar da. Hari horri tiraka, antifaxismo militantea kapitalismoaren aurkako borrokan integratzeko beharra seinalatzea dagokigu, faxismoari ideologikoki nahiz kulturalki ere aurre egin behar baitzaio. Eta horrek berekin dakar ezinbestean faxismoa sostengatu eta finantzatzen duen gizarte eredua deuseztatzea.

Antifaxismoa ezin da soilik erantzun defentsibo bat izan; gazteen artean proiektu politiko ofentsibo eta emantzipatzaile bihurtu behar da

Gazte langileok ez dugu soilik faxismoaren aurka altxatu behar; ordena sozial kapitalistari aurre egiteko antolatu behar gara. Antifaxismoak gazteak subjektu politiko gisa berreraikitzeko balio behar du, antolakuntza komunistaren egitura berritzeko, auzo- eta lantoki-borrokak aktibatzeko, eta batez ere, gazteen artean antifaxismoa eta komunismoa tendentzia politiko-kultural hegemoniko bilakatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK