Jon Larrabide
2025/11/04

Kapitalista handiak, jaun feudala balitz bezala, lurraldearen eta jendearen gainean agintzen du. Harentzat, askatasunaren kontzeptuak guztiz bestelako esanahia du. Ez du Estatuko agintarien inolako beldurrik. (...) Harentzat, "askatasuna" agitatzaileek haren menpekoak, langileak, matxinada batera bultzatzeko aukera mugagabea da. Horregatik, kapitalista moderno handia gero eta eszeptikoago bihurtu da askatasunaren eta eskubide konstituzionalen balioari dagokionez. Orain, Estatu indartsu bat eskatzen du, masen gainean autoritate eraginkorra gauzatuko duen estatu bat.

‒ Arthur Rosenberg

Kontua zera da (...): matxinadaren diktaduraren eta Gobernuaren diktaduraren artean aukeratzea; (...) sastakaiaren diktaduraren eta sablearen diktaduraren artean; nik sablearen diktadura aukeratu dut, zintzoagoa baita.

‒ Donoso Cortés

Patuak geldialdi honetara ekarri nahi izan gaitu: Francoren heriotzaren 50. urteurrenera. Aukera paregabea hitz egin behar denaz hitz egiteko! Beraz, apeta horretaz baliatu eta fenomeno frankistari argi historiko pixka bat eman nahi diogu, zeharka bada ere, gure oraina argitzeko balio dezan.

Frankismoaren korapiloa askatzen saiatzeko, lehenik eta behin, honako hau ulertu behar dugu: fenomeno historiko oro nahasten eta batera jarduten duten hainbat faktoreren elkarketa dela. Frankismoa interpretatzeko, beraz, faktore horietako bakoitzaren edukia edo esanahia zehazten duen osotasun jakin hori ulertu behar dugu lehendabizi. Bestalde, analisi historikoari dagokionez, faktoreen ordenak produktua aldatzen duela baietsi behar dugu, eta, era berean, faktore horiek bi perspektibatatik aztertu behar ditugu; hots, bi ardatz izan behar ditugu kontuan. Alde batetik, tokian tokiko ardatza edo autoktonoa, esperientzia eta gertaera partikularretan oinarritzen dena. Ardatz lokal horrek panorama espezifiko bat osatzen du, teilakatutako eragile jakinek osatutako fenomeno historiko konkretuak garatzea dakarrena: kontakizuna osatzen du. Beste aldetik, berriz, ardatz orokorrari erreparatu behar diogu, nazioarteko eta garaiko prozesuetatik abiatuta taxutzen dena. Bigarren ardatz horrek kontakizun partikular oro zeharkatu, eta zentzu transzendentalagoa ematen dio, tonua, hain zuzen ere. Gure gaurko trama bi maila horietan garatuko da, eta, horretan, baldintzatua eta baldintzatzailea da aldi berean. 

Frankismoak, esperientzia historiko gisa, Gerra Zibilean izan zuen, funtsean, hasiera. 1936ko uztailaren 17an abiarazi zen estatu mailako operazio militarra, Errepublikaren aurka zeuden zenbait goi-kargudun militarrek hilabeteetan zehar prestatua. Hasiera batean arrakasta erlatiboa izan zuen arren, operazio horrek garaipen militarra eta lurraldearen kontrola nahiko azkar lortzea proiekta­tzen baitzuen, Estatuko hainbat eremu matxinatuen kontrolpean erori ziren. Horietan hasi zuen bere ibilbidea frankismoaren esperimentuak, oraindik ere gerra gauzatzean eta garaitzean buru-­belarri zebilela. Gerra bizitza sozialaren ardatz ­bihurtu zen, zentzu guztietan: gerra frontean etsaia garaitzeko, eta gerra lurralde okupatuetan etsaia suntsitzeko. Xede horrek gizarteko eremu guztiak azpiratzen edo determinatzen zituen: gerra-ekonomia, justizia militarra, aginte politiko militarizatua.

Gerra bizitza sozialaren ardatz bihurtu zen, zentzu guztietan: gerra frontean etsaia garaitzeko, eta gerra lurralde okupatuetan etsaia suntsitzeko

Aipaturiko guztiak gobernu frankistaren profil formala mugatu, eta jardunbide frankistaren oinarriak zirriborratzen ditu. Era berean, eta bide batez, Erregimenaren izaeraz eta agertoki historikoan duen kokapenaz jabetzeko balio digu, bai estatuan, bai nazioartean. Izan ere, Espainiako Gerra Zibilak eta ondorengo erregimen frankistak argiki erakusten dute zein den historiaren joko-zelaian hartutako posizioa: eta, jarrera hartze ororen antzera, aldekoa eta kontrakoa ordezkatzen dute. Baina, horri buruz argi hitz egiteko, hamarkada batzuk atzera eta gora jo behar dugu.

Espainia egitura sozial eta ekonomiko zaharkituarekin sartu zen XX. mendean. Kontinente zaharraren ildo eta proiekzio orokorrei erantzun nahi zieten hainbat saiakera eta gertaera historiko izan baziren ere, XIX. mendeak eta bere berrikuntzek ez zuten ia arrastorik utzi Espainian. Garapen historikoa, edonola ere, berezitasunekiko sentikorra da: horiek onartu arren bultza egiten du, eta bere bilakaera orokorra jarraitzen du. Hala ere, zereginak ganbaran ezkutatzeagatik ez dira desagertzen: atzeratu eta pilatu egiten dira, harik eta, lekurik ez dagoen unean, ebatzi behar izaten diren arte. XX. mende hasierarako, beraz, estatuaren krisia askotarikoa zen, eta modu kritikoan agertu zen: Estatu Batuen aurkako gerra-porrotak ozeanoz haraindiko azken koloniak galtzea ekarri zuen, eta, ondorioz, Espainiako Estatuak zituen arazo larriak agerian utzi eta sakondu egin zituen. Krisi ekonomikoa, fiskala, politikoa eta soziala bizi zituen aldi berean Erregimenak. Ekonomikoa, egitura ekonomikoak zaharkiturik zeudelako: antzinako jabetza-erregimenean oinarritzen ziren, Estatuko zenbait eremutan industrializazioa oraindik burutu gabe zegoen, eta hori guztia merkatu kolonialen galerak larriagotu egin zuen. Krisi fiskala, diru-sarreren galerak eta gerraren gastuei aurre egiteko beharrak areagotua. Krisi politikoa, boterea txandakatzen zuten alderdiek herritarrak ordezkatzeko autoritate oro galdu zutelako, nahiz eta, geroago ikusiko dugun bezala, horrek patroi orokorrago batzuei erantzuten dien. Azkenik, krisi soziala zegoen, gizartearen atzerapen ekonomiko eta kulturalak aktore politiko antagonista edo, gutxienez, menderakaitzekin topo egin izanaren ondorio. XX. mendearen lehen hamarkadak desoreka horri guztiari aurre egiteko saiakera-bilduma bat izan ziren. Mendearen hasiera ahalegin horiez beteta egon zen, baina urteetan zeharreko birsortze- edo modernizatze-borondatearen iraunkortasunak berak agerian uzten du aipatu zeregina burutzeko zailtasuna, bai eta kanpaina horien arrakasta eskasa ere. Hain zuzen ere, saiakera horietan hiru buruko erresistentziarekin topatu ziren (batzuk parez pare, beste batzuk ez horrenbeste); hots, kontakizun honen zeharkako ardatz batekin egin zuten topo, zeina oligarkia espainiar sortu berritik (ez, ordea, ehuneko ehunean), Elizatik eta Armadatik abiatuta osatu baitzen. Bien bitartean, Espainiako krisia larriagotzen ari zen, eta egitura ekonomiko eta politikoek bertako burgesiaren boterea eta atzerriko kapitala ezartzearen eta indartzearen alde egiten zuten.

XX. mende hasierarako, beraz, estatuaren krisia askotarikoa zen, eta modu kritikoan agertu zen: Estatu Batuen aurkako gerra-porrotak ozeanoz haraindiko azken koloniak galtzea ekarri zuen, eta, ondorioz, Espainiako Estatuak zituen arazo larriak agerian utzi eta sakondu egin zituen

Nolanahi ere, ondoren etorritako prozesuak azkartu zituen paradigma-aldaketa, nazioarteko paradigma-aldaketa orokor batetik zetorren. Gizartea eta bere oinarriak aldaturik zeuden jada, baita bere protagonistak ere, eta hori argitara ateratzea denbora kontua baino ez zen. Hala, gizarte kapitalistaren ezarpenak inplikazio handiak izan zituen esparru sozial eta politikoan. Nolabait esateko, ekoizpen-dinamika kapitalistekin korrelazioan sortutako gizarte berri horrek hizkuntza berri bat hitz egiten zuen. Hizkuntza horrek forma politiko aristokratikoak zaharkituta utzi zituen azkenean, eta gramatika politiko berri horretan masek beren lekua egin nahi zuten. Paradigma-aldaketa horrek, hala ere, nazioartean eman zituen lehen kolpeak. Lehen adierazpenak, dagoeneko umotuak, Urriko Iraultzan eta Italiako faxisten botere-hartzean ikus ditzakegu. Biak ala biak hainbat esperientziaren erreferentzia politiko izan ziren, geroago berrikusiko dugun bezala.

Ekoizpen-dinamika kapitalistekin korrelazioan sortutako gizarte berri horrek hizkuntza berri bat hitz egiten zuen. Hizkuntza horrek forma politiko aristokratikoak zaharkituta utzi zituen azkenean.

Paradigma-aldaketa hori Espainian ere nabaritu zen; hasiera batean, elite politikoekiko urruntzean eta horien autoritate-galeran. Prozesu horrekin batera, langile-erakunde asko sortu ziren estatuko hainbat tokitan, baita erakunde nazionalistak ere. Indar politiko horiek kementsu zeuden garai horretan, eta hainbat manifestazio egin zituzten; hala, ordena politikoaren ezegonkortasuna elikatu zuten, zeina egunez egun erasokorrago eta kriminalago bihurtzen ari baitzen, inguratutako animalia baten antzera. 1917ko abuztuaren 13ko grebaren ondorioz lehertu zen Espainiako Estatuan ezegonkortasun politiko sakon eta luzeari hasiera eman zion garaia, eta Primo de Riveraren diktadura izan zen hura egonkortzeko lehen ahalegin irmoa. Gertakari horren analisia interesgarria izanik ere –aztergai dugun gaiari testuingurua eta zenbait elementu eransteko besterik ez bada ere–, daukadan espazio txikiak, jorratu beharreko gaiaren hedadurak eta haren zokoguneek horretan pausatzea eragozten didate. Esango dudan bakarra zera da: Primo de Riveraren diktadurak lehengo aldiz erabili zuen “burdinazko eskua” Espainia bi norabide nagusitan egonkortzeko. Lehenengoa, Espainiak zekar­tzan eragozpen historikoak modernizatzea edo gainditzea, ezegonkortasun soziala betikotzen eta areagotzen zuten eta. Bigarrena, egonkortasun hori bermatzeko errepresioa erabiltzea eta etsaia ezabatzea. Bestalde, gerora erregimen frankistan bere lekua egin eta garatu ziren beste elementu batzuk ere begizta ditzakegu. Hala ere, esan gabe doa esperimentu horrek porrot egin zuela bi helburuei dagokienez. Egindako proposamenek ez zioten heldu aipatutako arazoen muinari: egitura zaharren aldaketa ez zen agenda politikoan sartzen, industrializazio-prozesuak orokortu gabe jarraitzen zuen eta oligarkia minoritario batek eta atzerriko kapitalaren eragin izugarriak kontrolatzen zuten. Hortaz, jabetza-erregimena ez zen funtsean aldatu. Gelditasun horrek oposizioaren hazkundea ekarri zuen Erregimenaren azken urteetan, eta, hain zuzen ere, utzikeria hutsagatik agortu zen. Eta, momentu horretan, II. Errepublika iritsi zen (dictablandaren impasse laburraren ondoren).

II. Errepublika, beraz, ebatzi gabeko estatu-mailako betebeharrekin eta nazioarteko testuinguru korapilatsu batekin topatu zen; alegia, krisi ekonomiko betearekin. Egoerak ordura arteko berdina izaten jarraitzen zuen: eredu sozio-ekonomiko ­zaharkituaren gainbehera eta eredu horren oinarriak aldatzeko beharra. Lehen aipatutako oztopo horien halabeharrezko sintesiak Errepublika eta bere garapena modu zorigaitzean determinatu zituen. Gurpil zoro bat zen. Espainiako gizartea modernizatu behar zen, bai bere egitura sozioekonomikoa eta politikoa atzean utz zezan, bai alternatiba eraginkor eta egonkor gisa finka zedin (bere kontzeptuaren garapena bermatzeko sine qua non baldintza). Baina, beste alde batetik, Espainiaren modernizazio-lanei ekiteko beharrarekin batera, ezinbestekoak ziren zeregin hori ziurtatuko ­zuten oinarri sozialak eta indar politikoak ere. Hori guztia, klase interesekiko zeharo zatituta zegoen gizarte batean. Izan ere, Espainia trantsizio-etapa bete-betean zegoen: trantsizio berantiarra kontinente zaharreko beste leku batzuekin alderatuta, baina trantsizioa edonola ere. Eta horrelakoek arazo politiko handiak ekarri izan dituzte historikoki: askotariko borondate eta aldarrikapenen existen­tziak klase-programa iragazi, eta hura praktikan egikaritzea galarazten du. Horra hor Sobietar Batasuna! Izan ere, zibilizazio-ereduen arteko tran­tsizioa, historikoki, tentsioaren, indarkeriaren eta inposaketaren bidez gertatu da.

Gurpil zoro bat zen. Espainiako gizartea modernizatu behar zen, alternatiba eraginkor eta egonkor gisa finka zedin. Baina Espainiaren modernizazio-lanei ekiteko beharrarekin batera, ezinbestekoak ziren zeregin hori ziurtatuko zuten indar politikoak.

Kasu honetan ere, ez gara gehiegi luzatuko Errepublikako politikei dagokienez, lehen aipatutako arrazoiengatik. Hala ere, horiei buruzko hiru puntu bai azpimarratu nahi nituzke, lotura zuzena baitute altxamenduari bide eman zion eta geroago frankismoan gorpuztu zen borondatearekin. Areago, hiru puntuok oraindik eta garrantzi handiagoa hartzen dute geroago ikusiko dugun panorama historiko orokorraren argitan.

Lehenik eta behin, itzul gaitezen gizarte-ereduen arteko trantsizioaren puntura. Historian ­zehar, gizarte-eredu guztiak gizarte-posizio erabat kontrajarriak eta, ondorioz, interes objektibo antagonikoak dituzten gizarte-taldeen existentzian oinarritu dira. Beraz, gizarte-talde guztien interesak asetzea objektiboki ezinezkoa da. Hori da klase-borrokaren oinarria, eta funts hori are konplexuagoa bihurtzen da trantsizio-garaietan, gizarte-osaera heterogeneoagoa eta zatikatuagoa izaten baita garai horietan. Hori izan zen lehen Damoklesen Ezpata Errepublikaren buru gainean. Araquistáinen hitzetan: “Hauxe izan zen Azañaren akatsa, bere utopia errepublikano ederra: pentsatzea posible zela klase-estatua ez zen estatu bat eraikitzea eta gidatzea, eta (...) klase-borroka eta gerra sozialerako sena maila guztietan gainditzea”. Ildo politiko horren garapenaren ondorioz, Errepublikak gizarteko ia sektore guztien etsaitasuna lortu zuen, eta horrek gatazka eta ezegonkortasun politiko handia ekarri zituen.

Araquistáinen hitzetan: "Hauxe izan zen Azañaren akatsa, bere utopia errepublikano ederra: pentsatzea posible zela klase-estatua ez zen estatu bat eraikitzea eta gidatzea"

Bigarrenik, gobernuaren osaera zegoen. Garaian garai, II. Errepublika kolore desberdinetako gobernuetan gorpuztu zen, baina horiek guztiak lehenago ikusitako paradigma orokorraren aldaketaren isla baino ez ziren izan. Gramatika politikoa berria zen jada, eta horrek txandakako politikarien klase-izaerari ez ezik, haien politiken orientazioari ere eragin zion. Horrekin, ez dut esan nahi alderdi edo erakundeen orientazio politikoak borondate iraultzailea zuenik, ez gaizki ulertu. Aitzitik, politika pentsatzeko eta gauzatzeko orduan masa-faktoreak funtsezko garrantzia hartu zuela diot. Norekin egin politika, horra hor kontua.

Hirugarrenik eta azkenik, bere programa. Ez dut aztertuko Bigarren Errepublikak abian jarritako programaren klase-izaera. Lehenik eta behin, ez delako hain erraza hura marraztea: haren une eta etapak bereiztea lausoegia da, eta azterketa eta azalpen sakon eta zabala beharko lituzke. Eta bigarrenik, ez delako testuak proposatzen duen zereginera egokitzen. Horren ordez, Errepublikak arlo ekonomiko eta sozialean eraldaketa sakona egiteko aukera zabaldu zuela ikusira mugatuko gara. Espainiako egitura ekonomiko eta politiko zaharrak ezabatzeko aukera, eta, horren ordez, ekida berri bat zerotik hastekoa. Forma errepublikanoa, nekazaritza-erreforma, hezkuntza-erreforma, erreforma militarra, Estatuaren laikotze-prozesua... Erreforma horiek guztiek Espainiako formazio sozialeko egiturazko nukleoan eragina izateko potentzialtasuna zuten.

Lehen adierazi dudan bezala, nolanahi ere, testuinguru historiko orokorrak elementu horietako bakoitza norabide jakin batean hezurmamitzen du, eta esanahi historikoa ematen dio. Eta zein zen, bada, nazioarteko testuingurua garai hartan? Nik esango nuke historia garaikidearen inflexio-puntua, aztergai dugun garaira arte behintzat, Urriko Iraultza dela. Xehetasunetan sartu gabe, Urriko Iraultzarekin hasitako iraultza sozialistak gizarte modernoa zeharkatzen zuen gatazka politikoa birdefinitu eta zehaztu, eta fase berri batera eraman zuen. Azpimarratzekoa da gertaera hark izan zuen dimentsio transzendentala; bere eragina ez baita mugatzen munduko proletariotzan izan zuen ­oihartzunera, ezta hari jarraitu zioten iraultza guztietara ere. Aitzitik, gatazka politikoa gauzatzeko eremuak definitzerakoan izan zuen inpaktua nabarmendu nahi dut, eta, modu horretan, garaiko tonua finkatzeko izan zuen gaitasuna. Carl Schmittek bereizketa politiko espezifikoa deitzen zuenaren –hau da, “lagun-etsai” bereizketaren– definizio heldua. Bestela esanda, azken muturrera eraman zuen bi borondate politiko antitetikoen arteko gatazka, halako moldez non garapen historikoa gai existentzial bihurtu eta gertaera edo prozesu historiko bakoitza gatazka horren barruan kokatu zuen.

Urriko Iraultzarekin hasitako iraultza sozialistak gizarte modernoa zeharkatzen zuen gatazka politikoa birdefinitu eta zehaztu, eta fase berri batera eraman zuen

Urriko Iraultza, nolanahi ere, Lehen Mundu Gerrako isurietako bat baino ez zen izan. Hori dela eta, garaiaren zentzu orokorrari buruz hitz egiteaz gain, gerrarteko garaiaren testuinguru politiko bereziaz hitz egin behar dugu. Izan ere, mundu gerrak arrasto latza utzi zuen garaipenaz gozatzera iritsi ez ziren herrialdeetan: Austria-Hungariako Inperioa txikitu egin zuten, eta kaiserraren Alemaniako gobernua Weimarko Errepublikan amildu zen, biak ala biak gerra galtzearen ondorio. Bestalde, Italiako kasua berezia izan zen; izan ere, izatez irabazlearen bandoan egon arren, bakearen antolaketak porrot-sentimendu ikaragarriarekin utzi zuen Italiako gizartea. Espainiaren kasuan, neutraltasunetik bake-garaietako ekonomiarako trantsizioa garesti atera zitzaion, eta horrek hainbat zailtasun sortu zituen. Hala, horiek guztiek osatzen dute gerran galdu zutenen bandoa.

Elementu horiek guztiek erregimen frankista –haren kontzeptua, hobeto esanda– hobetoxeago kokatzen laguntzen digute. Izan ere, bere protagonistetatik, adierazpen partikularretatik eta mutazioetatik harago, frankismoa, azken batean, kontzeptu bat, proiektu bat gauzatzea da: Espainiako boterearen egiturak bidegurutze historiko bati emandako erantzun partikularra. Hamarkadaz hamarkada luzatzen eta sakontzen ari zen krisiari irtenbidea emateko birkonfigurazio-plan bat. Hurrengo lerroetan, ikuspegi kronologikoago batera itzultzeko asmoa dut.

Izan ere, bere protagonistetatik, adierazpen partikularretatik eta mutazioetatik harago, frankismoa, azken batean, kontzeptu bat, proiektu bat gauzatzea da: Espainiako boterearen egiturak bidegurutze historiko bati emandako erantzun partikularra

Bada, 1936ko hauteskundeak bide horien guztien bidegurutzea izan ziren Espainian. Errepublika Biurteko Kontserbadore edo Erradikal-Cedista izenekotik zetorren. Azken horretan, herrialdeko aberats handiek gobernuaren gidaritza hartu zuten berriz ere, gobernuaren politiketan biraketa bat egin eta aurreko gobernuak hasitako bideak desegiteko asmoz. Biurtekoan aurrera egin ahala, botere-hartze horrek gora egin zuen. Bestalde, gatazka sozial eta indarkeria politiko handiko garaia izan zen: langileen mugimenduaren bultzadak eta bere benetako antagonista berriaren garapenak (Falange Española alderdi faxista eta eskuadristak) ­eraginda, batez ere, baina baita gobernuaren errepresio kronifikatuak ere. Eta garai hartako gatazka-mailaren eta ezegonkortasun politikoaren gailurra izan ziren, hain zuzen ere, 34ko maiatzeko nekazarien greba orokorra eta, batez ere, urte bereko urriko mugimendua, Asturiasko Iraultzan amaitu zena. Izan ere, azken horretako talka politikoen ondorioz ia 2.000 pertsona hil ziren (gehienak langile-mugimendukoak). Garaia mota guztietako mehatxu eta planez josia zegoen: matxinada iraultzaile eta kontrairaultzaileen mehatxuak, batetik, eta (jada hasiak zeuden) kolpe militarrerako planak, bestetik. Horiek guztiek osatzen zuten Espainiako politikaren esparru orokorra. Nazioartean Bigarren Mundu Gerraren atarian zeuden, bete-betean. Momentu hartan, Espainiako eskuineko hainbat sektorek denbora zeramaten hurbilketak egiten (gobernu mailakoak ere) Salazarren erregimenarekiko, Italia faxistarekiko eta Alemania naziarekiko. Hilabete batzuk geroago, hiru horiek Gerra Zibilean izan zuten inplikazioa erabakigarria izan zen. Hauteskundeetako emaitzek orain arte deskribatu dugun egoera modu paregabean erakusten dute: %70etik gorako partaidetza egon zen, eta portzentajezko alde txikia zegoen aurrez aurre zeuden bi bloke handien artean, sekulakoa “zentroko” alderdiekiko atxikimendu ziztrinaren aldean. Hala, Fronte Popularraren gobernua eratu zen. Nolanahi ere, demokrazia abstraktuaren euste-horma delakoa ez zen nahikoa izan masen grin iraultzailea baretzeko. Landako proletarioek beraien kabuz ekin zioten Nekazaritza Erreformaren konkistari: lurrak okupatu, eta grebak egin zituzten bata bestearen atzetik, kapitalen ihesari eta enpresariek ezarritako neurri murriztaileei erantzuteko. Dena aurrera zihoan, harik eta 1936ko uztailaren 17an altxamendu militarra gauzatu zen arte.

Frankismoa eraldaketa-prozesu bat izan zen, eta horretarako, beharrezkoa zen garbiketa eta modelatze politikoko prozesu bat aurrera eramatea, herritartasunaren kontzeptu berri bat sortzea. Indarrez.

Gerra Zibilak frankismoaren hasiera ekarri zuen, baina ez bakarrik aurretiaz adierazitako zergatiaren ondorioz. Gatazkaren hastapenetik eta horretan zehar okupatutako lurraldeek, hasieratik, matxinatuen parametro politikoen arabera fun­tzionatzen zuten. Gerrari azpiraturik egonik ere, gobernu frankista eratzen hasi ziren, eta lan-ildo jakin batzuk ezarri zituzten, erregimen helduago baten aurretiazko irudia marraztu zutenak. Horrez guztiaz gain, esan behar da Gerra Zibilak funtzio zentral bat bete zuela frankismoaren kontzeptuari dagokionez, eta, beraz, frankismoaren beharrezko unea izan zela. Ezaugarri eta bilakaera konkretuko erregimen politikoa izateaz gain, frankismoa eraldaketa-prozesu bat izan zen. Krisiari erantzuteko berregituraketa-proposamen bat, bi maila nagusitan garatu zen prozesua. Batetik, Espainiako egitura ekonomikoa parametro kapitalistetan garatzen lagunduko zuen diseinua proiektatu eta burutu zuen. Eta horretarako, beharrezkoa zen garbiketa eta modelatze politikoko prozesu bat aurrera eramatea, herritartasunaren kontzeptu berri bat sor­tzea. Indarrez. Ildo horretan, bai borroka-frontean bai erretagoardian, Gerra Zibila trauma bat izan zen (modelatze-lan horietarako erabilitako buztinetako bat); baina, batez ere, etsaia guztiz ezabatzea lortu zuen dispositibo eraginkorra izan zen. Frankismoa, beraz, dimentsio positibo eta funtsezko batetik abiatuta osatu zen, baina baita dimentsio negatibotik ere, hori ere funtsezkoa. Biak ala biak, unitate beraren poloak ziren. Bigarren dimentsio hori, era berean, ez zen Erregimenaren lehen urteetako erabateko errepresiora mugatu, nahiz eta, jakina, funtsezko zeregina betetzen duten. Egin dezagun kontu frankismoaren lehen etapan 200.000 inguru eraildako egon zirela, frankismoaren gailur edo emaitza esplizituena, baina baita tortura sistematikoa, atxiloketak eta gainerako errepresio-tresnak ere, ehundaka milaka erbesteratu zenbatu gabe. Prozesu luze eta konplexua izan zen eta da, denboran zehar garatu eta gaur egun arte iritsi dena; izan ere, prozesuak frankismoa bera (garai historiko gisa) transzenditzen duen helburu bati erantzuten dio.

Frankismoaren lehen urteetan, matxinatuen bandoa programa frankistaren bueltan finkatu zen, etsai komun batenganako gorrotoak elkartu zituen erakunde eta joeren multzoa izateraino

Era berean, etapa honek lagun-etsai bereizketaren definizio espezifikoa zehaztu, eta modu erradikalean ezarri zuen. Matxinatuen bandoa programa frankistaren bueltan finkatu zen, etsai komun batenganako gorrotoak elkartu zituen erakunde eta joeren multzoa izateraino. Salamancako artzapezpiku Enrique Pla y Denielek esan zuen bezala, falangistak, tradizionalistak, monarkikoak eta katolikoak zeuden, bandera beraren pean, erlijioaren, aberriaren eta zibilizazioaren gurutzadan, eta komunismoaren aurkakoan. Beren albo banatan, botere lurtarra, Armada; eta botere zerutiarra, Eliza Katolikoa: funtsezko zutabeak Francoren erregimenari dagokionez. Testuaren tesi nagusiari dagokionez, lekukotzarik argigarriena dimentsio hori maila internazionalean aztertzea dugu. Frankismoak lehen urteetan izandako sinpatiak garaiko gobernu faxistetatik edo suzedaneo kontrairaul­tzaileetatik zetozen arren, Bigarren Mundu ­Gerran interes inperialista partikularrak ezabatzeak argitara atera zituen bai egiazko etsaitasunak, baita oinarriko gatazka politikoa ere. Demokraziak, beste behin ere, jantzi bat besterik ez dela erakutsi zuen, klima berotzen hasten denean kentzen dena. Ezkutuan egonik ere, Espainiako Gerra Zibilaren hasieratik bertatik ikus daiteke hori, potentzia aliatuek gatazkan esku hartzeari emandako ezezkoan, eta eragile horiek guztiek Erregimenarekin zituzten harreman komertzial eta diplomatikoetan eta horietako batzuek egindako adierazpen konkretuetan. 

Komunismoaren aurkako gurutzadan, falangistak, tradizionalistak, monarkikoak eta katolikoak beren albo banatan zituzten, botere lurtarra, Armada; eta botere zerutiarra, Eliza Katolikoa

Armada prozesu frankistaren nukleo gogorra izan zen. Errepublikaren aurreko Espainiatik jasotako egitura militarra zen, bi ezaugarri nagusik hauspotua: batetik, izpiritu inperial eta abenturazaleak, eta, bestetik, beraiek “abandonatu” izana eta bigarren mailako rol batera kondenatu izana leporatzen zioten egitura politiko batekiko gorroto sendoa. Hala, Azañak proposatutako erreforma militarrak ez zuen lortu armada behar bezala garbi­tzea eta bertako militar eta goi-kargudunen interes partikularrak eta ameskeriak ezabatzea (argi eta garbi, ez gara armada osoaz ari, garai hartan bitan zatiturik zegoen eta). Lehen aipatu bezala, Espainia salbatzeko borondatea bideratu zuen gorpu­tza izan zen, baita hori egiteko prozesua katalizatu zuena ere. Une horretatik aurrera, armadak eginkizun erabakigarria bete zuen Erregimenari forma eta sostengua emateko orduan, Espainiako egitura politiko eta estatalean funtsezko lekua berreskuratzearen truke.

Eliza Katolikoa (ez bere osotasunean, esan beharra dago) berehala lerrokatu zen alderdi frankistarekin: izaera zirkunstantzialeko zenbait elementurekin bat egin zuten (irakur bedi Errepublikaren laikotasun-norabidea, edo kultu-lekuak eta elizaren jabetzak erre izana, herriaren gorrotoaren ondorioz), baina batez ere egiturazko elementuekin eta politikoekin lerrokatu zen Eliza. Arestian azaldutako gurutzadan parte hartu zuen, eta funtzio bikoitza izan zuen: legitimitatea eta babesa ematea Erregimenari, Eliza oinarrizko erakunde bihurtu zedin, bai Erregimenari oinarri soziala emateko, bai esparru politiko-erlijiosoa aitortzeko ere, aro aurregaraikideko oihartzunak zituen teologia politiko berri bat berreskuratzeko. Horrela, Frankismoa Estatu katoliko gisa eratu zen, bere oinarria haraindikotasun erlijiosoan aurkitzen zuen forma politiko gisa.

Alderdi Bakarra zegoen: Falangea. Mugimendu bakar hori erregimenaren oskola zen, bai maila sozialean, bai politikoan; eta, horrela, Erregimenaren oinarrizko egitura osatzen zuen. Bere eginkizuna ordena bideratzea zen, kaos soziala antolatzea. Horretarako, herritarra birdefinitzetik hasi zen, eta herritarraren kontzeptu orok bezala, norbere burua bestetasunaren bidez definitzen zuen. Helburua: doktrina politikoa kondentsatzea eta kode ideologiko eta jokabide jakin batean sartzea, ondoren masa-erakunde batean kokatzeko. Esamoldea zilegi bazait, Espainiaren berrezarkuntza berrezartzeko ahalegina ikus dezakegu Falangean: canovismoa koska bat estutzeko eta masen politika-garaira egokitzeko forma berria. Horrek guztiak gaitasunez hornitzen du erregimen politiko berria: batetik, herritar kontzeptutik kanpoko hondakinak edo elementuak ezabatzeko ahalmena; eta, bestetik eta, are garrantzitsuago, masak programa edo proiektu politiko batean integratzeko aukera, edukiagatik eta formagatik arrotza eta aurkakoa zaion proiektuan, hain zuzen ere.

Esamoldea zilegi bazait, Espainiaren berrezarkuntza berrezartzeko ahalegina ikus dezakegu Falangean: canovismoa koska bat estutzeko eta masen politika-garaira egokitzeko forma berria

Frankismoa gerren arteko krisiari erantzuteko Espainiako formula partikularra izan zen. Krisia sistemikoa zen, gizartearen maila guztietara hedatu eta oso modu esplizituan eta oldarkorrean adierazi zena, garaiko koordenatu historiko orokorrez gain (impasse larri hori bere programa inposatzeko aprobetxatzen saiatzen diren bi borondate antagonikoren arteko aurrez aurreko talka). Espainiako Estatuaren kasuan, horri beste elementu batzuk gehitu zitzaizkion, egitura ekonomiko, politiko eta sozialen anakronismo sakonetik eratorriak. Frankismoaren edukia, beraz, orduko Espainia eta gaur egungoa lotzen dituen programa bat izan zen, parametro kapitalista batzuetan modernizatu zuena. Era berean, Espainiako gizartearen berezitasunei eta garaiko koordenatu politiko orokorrei eran­tzun zien, eta marko politiko baztertzailea (baita sarraskitzailea ere) eta masazkoa sortu zuen, egitura ekonomiko eta sozial berri horren garapena eta egonkortzea ahalbidetu zuena eta horrek denboran irauteko baldintzak bete zituena.

EZ DAGO IRUZKINIK