1944ko maiatza zen Winston Churchillek Espainia frankistaren neutralitatea goraipatu zuenean Komunen Ganberan emandako hitzaldi batean. Lehen ministro britaniarrak interbentzio ezaren politika berretsi zuen, eta “Franco doan iraintzea akatsa zela” ere adierazi zuen. 1945 hurbiltzen zen heinean, geroz eta argiago zegoen Bigarren Mundu Gerraren amaieran nor aterako zen garaile, eta Francok, gerran izandako jarrera aldakorrarekin jarraituz, Espainiako Estatuaren neutraltasuna berretsi zuen, aurreko hiru urteetan izandako jarrera ez beligerantea baztertuz. Mundu gerraren irteerara bidean, argi zegoen erregimen frankistaren helburu nagusia ez zela garaipena, teknikoki ez baitzuen gatazkan parte hartu. Frankismoaren jomuga biziraupena zen. Eta, historiak emandako perspektibatik, esan dezakegu helburu politiko hura lortu egin zuela.
Mundu gerraren irteerara bidean, argi zegoen erregimen frankistaren helburu nagusia ez zela garaipena, teknikoki ez baitzuen gatazkan parte hartu. Frankismoaren jomuga biziraupena zen.
Salbuespenaren diskurtsoetan erori gabe, aitortu behar da beste erregimen faxista garaikideek izan ez zuten bereizgarri bat izan zuela frankismoak: aparteko iraupena. Lau hamarkada luzez, frankismoak bere itzalpean izan zuen Espainiako Estatua, eta urteetan zehar biztanleriak jasandako errepresioa biziraupen horren sostengu izan zen arren, ez du irudi osoa bere kabuz azaltzen. Fenomeno hori azaltzeko arrazoiak askotarikoak dira, eta sakon arakatu dira azken hamarkadetako produkzio historiografikoan: Erregimenaren “euskarri sozialak” edo estatu frankistak sustatutako “kontsensuaren politikak” dira gertakari poliedriko honen adibide. Frankismoaren iraupena ulertzeko, funtsezkoa izango da, halaber, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako nazioarteko paradigma berria azaltzea, hortxe baitago frankismoaren kontsolidazioaren eta normalizazioaren gakoa, mundu gerraren osteko lehen urteetako isolamendutik Gerra Hotzaren eszenatokiko integraziorako trantsizioa ahalbideratu baitzuen.
FRANKISMOA GERRATE INTERNAZIONALEAN: NEUTRALITATEA ZALANTZAN
Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen urteetan, Espainiako Estatua ez zen gerran sartu. Ofizialki behintzat, ez. Gatazkaren aurrean, estatu frankistaren jarrera nazioarteko neutralitate ofizialaren eta egoera ez beligerantearen artean mugitu zen. Horrek, dena dela, ez du inolaz ere esan nahi Erregimenaren jarrera neutrala izan zenik gatazkan osoan: 1939 eta 1945 tartean, Francoren nazioarteko politikak pragmatismoa eta oportunismoa izan zituen ezaugarri, Ardatzari hurbilduz arrazoi ideologikoengatik, baina baita Erregimenari ekar ziezazkiokeen onurengatik ere, eta, Aliatuen garaipena saihetsezin ikusi zuenean, haiekin bat egiten saiatuz.
Estatu frankistaren partaidetza-eza azaltzen duten arrazoien artean, postura hori gehien baldintzatu zuena, agian, Estatuaren beraren egoera ekonomiko latza izan zen. Autarkiaren urteetan –Gerra Zibila amaitzetik 1959eko Egonkortasun Planera arte–, frankismoak eraiki nahi zuen estatu berri horren ekonomia kontrolatzeko zenbait neurri jarri zituen abian, bereziki nekazaritzako eta industriako produkzioa kudeatzera bideratuak. Gariaren Zerbitzu Nazionalaren eta antzeko beste erakunde batzuen bitartez, produkzioaren kontrol zorrotza ezartzen zen. Erakunde frankistek ekoizpena bildu eta haren banaketa erabakitzen zuten, nahikoa ez zen errazionamendu baten bidez. Produkzioaren zati bat, gainera, Alemaniara bidaltzen zen, merkatuetara ailegatzeko aukera izan baino lehen, Gerra Zibilean emandako laguntzaren truke frankismoak erregimen naziarekin zituen zorrak ordaintzeko.
1940ko hamarkadaren izendatzaile komuna miseria izan zen
Autarkiak gogor jo zuen ekonomia estatu mailan, baina bereziki biztanleriaren egunerokoan sentitu zen eta, are gehiago, bai hirietako langileengan bai espoliatua izaten ari zen landa-eremuko langileriarengan. 1940ko hamarkadaren izendatzaile komuna miseria izan zen: goseari langabezia gehitu zitzaizkion, baita errepresioa ere, momentu hartan bere espresio gogorrenean agertzen baitzen. Errazionamendu kartillek ematen ez zutena konpentsatzeko, askok merkatu beltzera jo behar izaten zuten, non hilabeteko soldataren erdia erabili behar zuten lau pertsonako familia baten gosaria ordaintzeko. Ogia, olioa edo azukrea luxuzko produktu bilakatu ziren merkatu irregular horretan.
Ogia, olioa edo azukrea luxuzko produktu bilakatu ziren merkatu beltzean
Merkatu beltzaren prezio puztuei aurre egin ezin izatekotan, asko ziren “ebasketa famelikoak” deiturikoetara edo Erregimenaren beraren karitate erakundeetara jo behar izaten zutenak, hala nola Auxilio Social-era edo Falangearen Emakume Atalera. Erakunde horien laguntza, jakina, Erregimenaren idealei atxikitzearen baldintzapean zegoen, batez ere Emakume Atalak ematen zuena.
Eta batzuek gosetea sufritzen zuten bitartean, beste batzuek negozioa egin zuten miseriaren kontura: autarkiaren urteetan estraperloak irabazi handiak ekarri zizkion gutxiengo bati. Gehiengoaren gosearekin jolastuz, kupula frankistetan mugitzen ziren hainbat enpresari handik etekin ekonomiko galanta atera zuten 1940ko hamarkadan. Jakinda autoritate frankistek beste aldera begiratuko zutela, inportatutako produktuak salerosten zituzten, baina baita errazionamendutik ihes egiten zuen ekoizpena ere.
Egoera ekonomiko larria, gosete orokorra eta Erregimeneko “familien” arteko borrokak gorabehera, Estatu Berriaren egonkortasuna oraindik ere erdi ezarrita zegoela, Espainiak ez zuen berehala baztertu Mundu Gerran esku hartzeko aukera. Hitlerrek eta Francok 1940ean Hendaian izandako elkarrizketa Ardatz faxistaren negoziazioen testigantza da. Urte hartan bertan, ekainean, estatu frankistak bere neutraltasun ofiziala alde batera utzi zuen eta ez beligerante deklaratu zuen bere burua, alemaniarrak Frantzian egiten ari ziren aurrerapen militar azkarrak animatuta. Ez beligerantzia estatusa beligerantzia ofizialaren aurreko pauso bat besterik ez zen, eta postura horren bitartez balizko neutraltasunarekin apurtzen zuen Espainiako Estatuak, gerran nolabaiteko partaidetza izateko, Mussolinik 1939an deklaratutako aurrebeligerantziaren antzera.
Erabaki horretan, Alemania naziaren aurrerapenez gain, Francoren gurari inperialistek ere eragin zuten, baita Serrano Suñerren eraginak ere (Serrano Suñer Kanpo Arazoetako ministroa zen, germanofiloa, eta diktadorearen koinatua). Serrano Suñer bera izan zen gosetearen punturik larrienean, goseak zuzenean edo zeharka eragindako heriotzak kotarik altuenetan zeudenean, Estatu Batuetako Gurutze Gorriak esne hautsezko kaxak bidaltzeko egindako saiakerari uko egin ziona. Serrano Suñer Kanpo Arazoetako ministroa nazien aldekoa zen, Espainiako Estatua gerran sartzea nahi zuen, eta AEBko Gurutze Gorriaren laguntza jasotzeak sarrera hori oztopatu zezakeen. 1942an, Francisco Gómez-Jordanak Serrano Suñer ordezkatu zuen ministro postuan; ministro berria anglofiloa eta interbentzio ezaren aldekoa zen.
Azkenean, estatu frankistaren behar militarrak eta, bereziki, ekonomikoak gehiegizkoak izango ziren gerran ofizialki parte hartzeko, Ardatzeko potentzien laguntza izanda ere. Frankismoaren barneko “familien” artean ere bazeuden interbentzioaren aurka zeudenak, hala nola, Eliza katolikoa, zeinak mesfidantzaz ikusten baitzuen Falangeak esparru politiko, sozializatzaile eta ideologikoen kontrola hartzea. Aurka zegoen, halaber, Juan March, enpresari famatua eta 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpea finantzatu zuenetako bat, Erresuma Batuak babestutako eroskeria batean aritu zena goi agintari militar frankistak konbentzitzeko gerran ofizialki sartzea saihestu behar zela.
Hala ere, nahiz eta estatu frankistak Bigarren Mundu Gerran izan zuen parte hartzea ez zen inoiz ofiziala izan, frankismoaren neutraltasuna gezurtatu egiten da Ardatzeko potentziekin izan zuen harremanari arreta jartzen zaionean, bai politikari dagokionez, bai merkataritzari dagokionez; izan ere, Espainiako Estatua wolframio (edo tungsteno) hornitzaile nagusietako bat bihurtu zen Alemaniarentzat, arma-industriarako mineral estrategiko hori erregimen naziari saldu baitzion. Erregimenaren partzialtasun nabarmenaren lekuko da, halaber, sobietar frontean Dibisio Urdinarekin borrokatzera boluntarioak (eta “boluntario” behartuak) bidaltzea, Espainiako Estatua gerratean de facto beligerante bihurtuz.
Gerraren amaierako neutraltasun ofizialaren aldeko biraketa ez zen aldaketa ideologiko bat izan, Francok Ardatzaren ezinbesteko porrotaren aurrean kalkulatutako biziraupen estrategia bat baizik. Aldaketa hori bultzatu zuen faktore nagusia Aliatuen presio ekonomikoa izan zen, bereziki wolframioaren merkataritzari zegokionez. Aliatuek petrolioa enbargatzearekin mehatxatu zuten Espainia, Estatu Batuen aldetik, bai eta balizko blokeo batekin ere, herritarrek etsi-etsian behar zituzten oinarrizko produktuen, hala nola gariaren, bidalketan.
1944ko maiatzean, Churchillek bere hitzaldia ematen zuen bitartean, Francok akordio bat sinatu zuen Aliatuekin, besteak beste wolframioaren esportazioak Alemaniara nabarmen murriztea, sobietar fronteko Dibisio Urdinetik geratzen zena erretiratzea, Alemaniako agenteak kanporatzea, Bretton Woodseko Akordioak aplikatzea eta Espainiako portuetan errefuxiatutako ontzi italiarrak Aliatuei entregatzea onartuz. Erregimenak, gainera, antikomunismoa ustiatuz “irudi garbiketa” bat egiteko aprobetxatu zuen, eta horrek aparteko garrantzia hartu zuen Gerra Hotza hastearekin batera. Bastioi antikomunista bihurtu zen Espainia eta, hala, Europan komunismoari eusteko aliatu potentzial gisa agertu zen Franco, nahiz eta, aldi berean, kriminal naziei harrera egiten jarraitu eta Espainiara eta Latinoamerikara ihes egitea erraztu. Aliatuenganako bira hori maniobra pragmatiko eta zinikoa izan zen, eta Francori aukera eman zion gerraren ondoren Aliatuen esku-hartze bat saihesteko, haren erregimen isolazionista eta autarkikoa salbatzeko eta Estatu Batuekiko etorkizuneko harremanerako oinarriak ezartzeko (1953ko Itunetan aurreratuko zen oinarri hori).
Ardatzaren porrotak eta gerra garaian taularen kontrako aldean egon zirenengana hurbiltzeko asmo berriek ez zuten inolaz ere Espainia ideia nazional-katolikoetatik erabat urruntzea ekarri, nahiz eta, apurka-apurka, Erregimenaren ezaugarri faxistenak indarra galtzen joan ziren, nazioarteko borrokaren ondoren sortutako mundura hobeto egokituko zen izaera berri baten mesedetan
Ardatzaren porrotak eta gerra garaian taularen kontrako aldean egon zirenengana hurbiltzeko asmo berriek ez zuten inolaz ere Espainia ideia nazional-katolikoetatik erabat urruntzea ekarri, nahiz eta, apurka-apurka, Erregimenaren ezaugarri faxistenak indarra galtzen joan ziren, nazioarteko borrokaren ondoren sortutako mundura hobeto egokituko zen izaera berri baten mesedetan. Baina, nahiz eta epe luzera erregimen frankistaren biziraupena sendotu (bereziki Estatu Batuekiko harremanaren bidez), nazioarteko isolamenduak markatu zituen gerraosteko lehen urteak.
BIGARREN MUNDU GERRAREN GERRAOSTE LUZEA, ISOLAMENDUA ETA NORMALIZAZIOA
1936eko udan, Gerra Zibilak eztanda egin eta tropa frankistek errepresio makineria martxan jartzen zuten bitartean, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako eta Alemaniako ordezkariak Londresen bildu ziren Ez Interbentzioko Hitzarmena sinatzeko. Hitzarmenaren helburu nagusia Gerra Zibilaren internazionalizazioa etetea zen, Europan demokrazia liberalen eta diktadura faxisten arteko tentsioa areagotzen ari zen momentu batean. Alabaina, hurrengo hiru urteetan Italiak eta Alemaniak hitzartutakoa hautsi zuten, eta alderdi faxistaren alde egin. Hitzarmena sinatu zuten gainerako herrialdeek eskurik ez hartzeko eman zuten hitza gorde zuten arren, haien gelditasunak ere lagundu zuen matxinatuen garaipenean.
Erresuma Batuak eta Frantziak Espainian eskurik ez hartzeko eman zuten hitza gorde zuten arren, haien gelditasunak ere lagundu zuen matxinatuen garaipenean
Hori ez zen izan faxismoaren aurkako europar borroka gidatu omen zuten potentzien esku-hartze ezak erregimen frankistari bere boterea sendotzeko behar zuen laguntza ekarri zion aldi bakarra.
Nazioarteko esparrutik, frankismoaren aurkako keinu gehienak diplomatikoak izan ziren kasurik onenean, eta sinbolikoak okerrenean. Frankismoaren aurkako erresistentziatik geratzen zenak, gerrilla edo militantzia klandestino moduan, Aliatuen esku-hartze militarra edo, gutxienez, gobernu demokratiko baterako trantsizioa espero zuen bitartean, potentzia aliatuek Espainia frankista Nazio Batuen Erakundetik kanpo utzi zuten, besteak beste; halaxe hitzartu zuten 1945eko udaberrian, San Frantziskon egin zen bileran.
Nazioarteko esparrutik, frankismoaren aurkako keinu gehienak diplomatikoak izan ziren kasurik onenean, eta sinbolikoak okerrenean
Potsdameko Batzarrean, Stalinek Espainiarekin harremanak hautsi eta Francoren aurkako indar demokratikoei babesa emateko egindako proposamenaren aurrean, Churchill eta Truman Francoren Gobernuaren aurkako adierazpenak sinatzera mugatu ziren, britaniarrek eta estatubatuarrek Espainian ez interbenitzeko jarrerari eutsita. Inpartzialtasunaren eta indiferentziaren artean, Frantzia ere interbentzio ezera batu zen. Sobietar Batasuna, hasiera batean frankismoaren aurkako saiakera hura egin ondoren, potentzia Aliatuak Europako Mendebaldean egiten ari zirenari ezikusiarena egitearekin konformatu zen, betiere Ekialdeko Europan antzera jardun ahal bazuen.
Nazioarteko isolamendu diplomatikoarekin batera, zehapenak ere ezarri ziren, bereziki 1945etik 1953rako tartean, eta neurri askok izaera erreala baino sinbolikoa izan arren, ondorioak ez ziren soilik erregimen frankistaren kanpo- eta barne-politikan sentitu; berez hondoratuta zegoen ekonomian ere izan zuen eragina, eta, beraz, gerrak, errepresioak eta miseriak kolpatutako biztanleriak ere hauteman zituen. Autarkia ekonomiarako oztopo izan zen arren, neurri batean, Espainiako Estatuak jasan zuen blokeo ekonomikoak hura erraztu zuen. Lehen urteetako isolamendu diplomatiko eta ekonomikoen ondorioz, estatu frankista Marshall Planetik kanpo gelditu zen 1947an, baita Ekonomia Lankidetzarako Europako Erakundetik ere urtebete beranduago. Bi erakunde horiek posible egin zuten AEBk Europari emandako laguntza instituzionalizatzea. 1949ean, NATOtik kanpo gelditu zen, baita Europako Kontseilutik ere, eta 1951. urtean ez zen sartu Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoan. Horrela, blokeoaren ondorioz, Espainiak ezin izan zuen parte hartu Bigarren Mundu Gerraren amaieran Nazio Batuen (FMI) eta GATTen (nazioarteko merkataritzako lankidetza) inguruan diseinatzen joan zen nazioarteko ordena ekonomiko berriaren sorreran.
Nahiz eta Espainiako Estatua XX. mendearen erdialdean sortutako nazioarteko erakundeetatik kanpo geratu zen (hala nola Mendebaldeko Europako Batasuna 1956ean, Europako Ekonomia Erkidegoa eta Euroatom 1957an, edo Europako Merkataritza Libreko Elkartea 1960ean), garai hartan bizitako isolamendua ezin da aurreko hamarkadakoarekin alderatu eta, 1953etik aurrera, berriz abiarazi zen Espainia frankista nazioarteko harremanetan integratzeko prozesua. Horren erakusle izango dira Espainiako Estatuaren eta Egoitza Santuaren arteko konkordatua eta, batez ere, 1953ko Madrilgo Itunak, AEBko Gobernuarekin sinatu zirenak.
“INTERNAZIONAL KOMUNISTAREN MEHATXUA”
1940ko hamarkadan, Espainiako Estatuko biztanleria autarkiaren ondorio larrienak sufritzen ari zen bitartean, eta Francoren eta Ardatzaren arteko harreman estua agerian uzten zuten Berlinen aurkitutako dokumentuen argitalpenak isolamendua indartzen zuen bitartean, Gobernu frankista joera politiko bat eraikitzen ari zen, Francori askoz baliagarriagoa eta errentagarriagoa izango zitzaiona Bigarren Mundu Gerraren amaieratik sortu zen botereen oreka berrian. Jarrera hori antikomunismoa zen. Estrategia politiko hori hasieratik egon zen frankismoaren muinean, baina, 1945etik aurrera, nazioarteko erlazioen esparruan askoz erabilgarriagoa izan zitzaion. Frankismoaren konbikzio antikomunista ideologikoa zen, baina baita estrategikoa ere.
Aliatuen arteko barne tentsioak gerra amaitu baino lehen hasi ziren handitzen, eta are gehiago teinkatu zen egoera gerraosteko Europaren politiken gaineko kontrolaren, jada hasita zegoen armamentu norgehiagokaren eta sobietar espantsionismoaren beldurraren eraginez. Eta 1946. eta 1947. urteetan agertuz joan ziren mesfidantzei 1947ko Truman Doktrinak gogor markatutako AEBko politikan joera berri bat agertu izana gehitu zitzaien, kutsu antikomunista eta interbentzionista argia zuena. Hasierako eztanda handirik gabe, ia une historikoaren inertziengatik, hasi zen Gerra Hotza.
Testuinguru berri horretan, Francok trebetasunez maniobratu zuen: Kanpo Arazoetako ministro berria izendatu zuen eta “Espainiarren Forua”, herritarren eskubide eta askatasunen gutun gisa nekez defini daitekeena, arautu zuen, baita Erreferendumaren Legea ere. Helburua, nolabait, frankismoaren barnean elkarrekin bizi ziren osagarri faxistenak (hots, falangismoa) ezkutatu, kamuflatu edo baztertzea zen. Erregimenaren izaera faxista hutsa erabat desagertzen ez bazen ere, frankismoaren koalizioaren barruan zuen boterea arindu egiten zen. Horrela, beste ezaugarri batzuek distira handiagoa izan zezaketen testuinguru berri batean, non komunismoaren gaitzespenak edo kapitalismoaren babesak ekarpen handiagoa egingo lioketen frankismoaren biziraupenari.
Une horretan, taula gaineko piezak mugitzen hasi ziren, Espainia frankistaren aldeko nazioarteko politiketan aldaketa errazteko. Bereziki garrantzitsua izan zen AEBko indar armatuen zeregina, herrialde hartako presidenteak ustezko arrisku sobietarrari aurre egiteko antolatu nahi zuten defentsa-lerroan diktadura frankista sartzea ahalbidetzeko.
Mundu Gerraren ondorengo nazioarteko harremanen behin betiko haustura-puntua Berlinen banaketak eta 1949an SESBek bonba atomikoa garatzeak markatu zuten, eta horiei Txinako komunistek Chiang Kai-shek garaitu izana gehitu zitzaien. Tentsioak gora egin zuen hurrengo urtean Koreako Gerra hasi zenean, Gerra Hotzeko proxy gatazka ugarietako bat, eta horrek erabateko aldaketa eragin zuen Mendebaldeko potentziek Espainiari buruz zuten pertzepzioan. Egoera berri horretan aldatu zuen Truman presidenteak bere politika, eta prozesu bat hasi zen, Eisenhower presidentearen agindupean, 1953an Espainiaren eta Estatu Batuen arteko itun militarrak sinatzean amaitu zena. Urte horretan bertan konkordatua sinatu zen Vatikanoarekin eta, 1955ean, Espainia NBEn onartua izan zen; horrekin, nazioarteko isolamenduaren ilunabarrera iritsi zen estatu franquista.
Francoren erregimenarentzat, lorpen horiek garaipen pertsonalak izan ziren. 1945ean biztanleriari isolamendua jasatea besterik gomendatu ez zitzaion bitartean, orain komunismoaren aurkako borroka globalean aitzindari gisa aurkezten zuen Francok bere burua, eta bere irudi politikoa erabat errebindikatuta sentitzen zuen. Izan ere, 1939ko martxoaren 27an batu zen Franco Antikomintern Itunera, “Internazional Komunistaren mehatxuaren” aurka borrokatzeko.
Francoren erregimenarentzat, NBEn sartzea eta Vatikanoarekin eta AEBrekin itunak sinatzea garaipen pertsonalak izan ziren. 1945ean biztanleriari isolamendua jasatea besterik gomendatu ez zitzaion bitartean, orain komunismoaren aurkako borroka globalean aitzindari gisa aurkezten zuen Francok bere burua, eta bere irudi politikoa erabat errebindikatuta sentitzen zuen.
Espainiako Gerra Zibilak eragin luzea izan zuen Erregimenaren kanpo politikan, zeinaren amaierak alderdi frankistari mesede egin baitzion, neurri batean Erresuma Batuak eta beste potentzia batzuek 1936an ezarritako interbentzio ezaren politikaren ondorioz. Gatazkaren ondoren, Espainiak Bigarren Mundu Gerran parte hartu nahi izan zuen, Ardatzarekin zuen kidetasun ideologikoak eraginda, baina baita oportunismo geopolitiko argiak bultzatuta ere. Hala ere, Ardatzarekiko aliantza estu hori 1944tik aurrera pitzatu egin zen, mundu gatazka beste aldera lerratzen hasi zenean. Orduan, Erregimenak beste bira pragmatiko bat eman zuen, urruntze hori kapitalizatu nahian, Aliatuen mesedea lortzeko. Estrategia hori ez zen guztiz arrakastatsua izan, eta Espainiako Estatua zehapen diplomatikoekin eta nazioarteko erakundeetatik kanpo uztearekin zigortu zuten. Aitzitik, frankismoaren biziraupena bera ez zen inoiz benetako arriskuan egon, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek bultzatutako eta Frantziak konbentzimendu gutxiagorekin babestutako interbentzio ezaren forma berri bati esker, SESBek abstentzio estrategikoaren aldeko jarrera hartzen zuen bitartean. Gerra Hotzaren hasierak Espainia frankista Mendebaldeko Blokean pixkanaka integratzea ahalbidetu zuen. Europako demokraziek mesfidantzak azaleratu zituzten arren, integrazio hori Estatu Batuekin egindako defentsa-itun antisobietarraren bidez gauzatu zen azkenean, eta, betoa jarri eta hamarkada batera, estatu frankista NBEn sartu zen.
Interbentzio ezaren politikak frankismoaren biziraupena ahalbidetu zuen, Espainiako Estatuaren mugen barruan sendotzeko adina, makien erresistentzia armatuaren azken txingarrak itzaliz 1950eko hamarkadan. Baina, aldi berean, nazioarteko panoraman animoak baretzea ere ahalbidetu zuen, eta, mundu mailako paradigma berri baten etorrerarekin, erregimen frankistaren posizioa beste behin ere aldatu egin zen. Horrela azaldu zen Gerra Zibilaren ondoriorik iraunkorrena: Francoren erregimenaren iraupena eta sendotzea, bere garaipenetik ia berrogei urtera.
Interbentzio ezaren politikak frankismoaren biziraupena ahalbidetu zuen, Espainiako Estatuaren mugen barruan sendotzeko adina, makien erresistentzia armatuaren azken txingarrak itzaliz 1950eko hamarkadan
ONGI ETORRI, MISTER MARSHALL
Espainiako Estatuaren eta Estatu Batuen arteko aldebiko harremana, diktadura frankistan, Espainiako kanpo politikaren ardatz nagusi bihurtu zen 1953ko akordioetatik aurrera, eta horrela mantendu zen Erregimena amaitu arte. Harreman horren funtsa bi herrialdeek zituzten interesak izan ziren. Alde batetik, Estatu Batuek Iberiar penintsulan base militarrak ezartzeko zuten interes estrategikoa aurkitzen dugu. Nahi hori agintari frankistek onartu egin zuten, Mendebaldeko lehen potentziaren babesak ematen zien nazioarteko zilegitasun eta errespetagarritasunaren truke; izan ere, babes hori bereziki garrantzitsua zen mundua Gerra Hotzaren eskema bipolarrean bete-betean sartu zenean.
Elkarte horrek, funtsean bi aldeentzat onuragarria izan arren, Espainiako Estatuaren eta AEBren arteko harreman erabat desorekatua izan zuen atze-oihal bezala, lehenengoa bigarrenaren helburu politiko, ekonomiko eta militarren mende zegoelako. Estatu Batuek ez zuten Espainia faxismotik askatzeko inongo prozesutan parte hartu, Sobietar Batasunak Gerra Zibilean parte hartzeko aukera mahai gainean jarri zuenean aukera hura babestu ez zuen bezala. Bigarren Mundu Gerran berandu sartu ondoren faxismoaren aurkako borrokan bere burua lider gisa aurkeztu arren, gerraosteko aldian ez zuen laguntza ekonomikoa eskuratzea erraztu. Hala ere, iparramerikarren eta sobietarren arteko gatazka agerikoa izaten hasi zenean, Gobernu frankistak bere burua ur gainean mantentzeko aukera ikusi zuen, AEB bere kanpo politikaren erdigunean jarriz: 1953an Vatikanoarekin eta Etxe Zuriarekin egindako akordioak nazioarteko isolamenduaren lehen pitzadura izan ziren, eta gogoan izan behar dugu isolamendu hori izan zela diktaduraren gainean eroritako benetako zigor bakarra. AEBk, bere aldetik, jarrera pragmatikoa hartu zuen, base militarrak jartzean adierazitako interes estrategikoei lehentasuna emanez, demokrazia liberal bati aurresuposatu beharreko ardura ideologikoen gainetik.
1953ko itunak, negoziazio prozesu konplexu batean sortuak, hiru hitzarmen publiko izan ziren: defentsako bat, elkarrekiko defentsarako laguntzako bat eta laguntza ekonomikoko bat. Itunek Washingtonentzat oso onuragarriak ziren eranskin sekretu batzuk ere jasotzen zituzten, Estatu Batuei ia erabateko askatasuna ematen zietenak base militarrak erabiltzeko “eraso komunista nabarmen” baten kasuan, bai eta estatutu juridiko pribilegiatu bat euren langileentzat eta salbuespen fiskalak ere, besteak beste. Horren truke, Espainiak Europako beste herrialde batzuek Marshall Planaren bidez lortutakoa baino askoz ere laguntza ekonomiko eta militar txikiagoa jasoko zuen. Laguntza hori, funtsean, base militarren eraginkortasuna bermatzera bideratuta zegoen, eta ez herrialdearen garapen integralera.
Hurrengo bi hamarkadetan, erregimen frankista alferrik saiatu zen harreman asimetriko hori berriz negoziatzen, elkarren defentsarako bermea, laguntza militar modernoa eta Europan integratzeko babesa bilatuz. Hala ere, maniobratzeko tarte txikia zuenez eta Washingtonek instalazio militarretarako etengabeko sarbidea mantentzeko erabateko lehentasuna zuenez, aurrerapenak oso txikiak izan ziren. Estatu Batuetako presentzia militarrak, 1966an Palomaresen gertatutakoarekin eta antzeko gertakariekin, gero eta antiamerikanismo handiagoa sortu zuen Espainiako Estatuko biztanleriaren hainbat sektoretan, Estatu Batuak diktaduraren babesarekin lotzen baitzuten.
Harreman horren ondorioek, gainera, gizarte- eta kultura-eremuan ere isla izan zuten, garrantzi handiko faktorea izan baitzen Gerra Hotzaren propaganda-logikaren barruan. Esate baterako, Espainiako Estatuko eliteak AEBn trebatzera bideratutako hezkuntza-trukeko programak abian jarri ziren, edo american way of life deritzona irratiaren eta beste komunikabide batzuen bitartez hedatzen ahalegindu ziren, horretarako AEBko irratiei espazioak eta frekuentziak lagata; gainera, mobilizazio-agente gisa jarduten zuten, irrati klandestinoen emisioak oztopatzeko.
Mister Marshallen etorrerak, Europa mendebaldeko beste herrialde batzuekin alderatuta atzeratu bazen ere, ondorioak izan zituen, halaber, Espainia frankistan. Harreman diplomatiko, ekonomiko eta militar hori asimetrikoa izan zen beti, eta, batez ere, komenientziazkoa. Alde batetik, Francoren erregimena sendotu zuen, eta Estatu Batuetako Gobernuari subiranotasuna lagatzea ekarri zuen, diktadura Mendebaldeko Blokearekin lerrokatuz, Gerra Hotzaren mundu bipolarrean. Aliantzak elementu modernizatzaileak ere sartu zituen, bereziki diktaduraren ekonomia geldian, baina biztanleriak “lagun amerikarra” ez zuen demokraziaren bermatzaile gisa ikusi, diktaduraren euskarri gisa baizik; ondorioz, antiamerikanismoa handitu egin zen frankismo berantiarreko mugimendu sozialetan.
Nolanahi ere, AEBko Gobernuak diktadurari laguntzeko balio izan bazuen ere, ez zion eutsi erori zenean. Frankismoaren aldi baterako izaeraz jabetuta, harreman hori “etorkizunerako inbertsio” gisa ikusi zuten, frankismo osteko liderrekin harremanak lantzeko, trantsizio politiko saihetsezinaren ondoren Espainiako Estatuan zituzten interes estrategikoen jarraipena ziurtatzeko azken helburuarekin.
Autarkiaren eta nazioarteko isolamenduaren amaierari erregimen baten eraldaketak jarraitu zion, zeinak, bere izaera diktatorialari uko egin gabe, nazioarteko egoera berrian kokatzeko maniobrak egin baitzituen
Autarkiaren eta nazioarteko isolamenduaren amaierari erregimen baten eraldaketak jarraitu zion, zeinak, bere izaera diktatorialari uko egin gabe, nazioarteko egoera berrian kokatzeko maniobrak egin baitzituen. Franco, Gerra Zibilean boterera bultzatu zuen fakzio falangista alde batera utzita, hurrengo hamarkadetan kapitalismoa besarkatzen zuten sektore teknokratetara hurbildu zen, etorkizun hurbil eta urrunean Erregimenaren biziraupena bermatze aldera. Une horren ondoren diktadurak iraun zituen hamarkadak eta 1975a eta gero diktadurak utzi zuen herentzia estrategia horren eraginkortasunaren lekuko dira.
HEMEN ARGITARATUA