ARGAZKIA / Josu Etxarri
Andoni Zabalza
2025/12/02

Hego Euskal Herrian, gero eta murriztaileagoa da alokairuko etxebizitza eskuratzeko prozesua. Prezioek gora egiten dute, eskaintzak behera, eta eskuragarri dagoen apartamentu bakoitzeko lehia areagotu egiten da. Baina, dinamika ekonomiko horietatik haratago, isileko praktika multzo bat dago, eta horiek zehazten dute nork aloka dezakeen eta nori ukatzen zaion, sistematikoki, etxebizitza-merkaturako sarbidea. Muga horiek ez dira beti iragarkietan eta kontratuetan agertzen, baina beste modu batean azaleratzen dira: itzuli gabeko deiak, azken orduan bertan behera utzitako bisitak edota modu selektiboan gogortutako baldintzak.

Zenbait gizarte erakundek eta datu instituzionalek urteak daramatzate lurralde osoan errepikatzen den patroia seinalatzen: pertsona migratuek eta/edo arrazializatuek oztopo eta susmo handiagoei aurre egin behar diete, ateak ixten dizkiete, eta telefonoak eseki. Alokairu merkatuan ez dute soilik diru sarrerek edo lan egonkortasunak eragiten; irizpide informalak, aurreiritziak eta arrisku-pertzepzioak ere badaude tarteko, eta horiek jatorriaren, azentuaren edo larruazalaren kolorearen arabera aktibatzen dira.

Higiezinen arloko arrazakeria deitu izan zaion fenomeno hori etxebizitza bat eskuratzeko bazterketa-mekanismo indartsuenetako bat bihurtu da. Bere indarra, hain zuzen ere, diskrezioan datza: inoiz gutxi formulatzen da modu argian, baina presente dago uneoro. Gaur egun nola jarduten duen ulertzeko, komeni da haren engranajeak xehatzea eta ikustea nola elkarreragiten duen merkatuaren egiturarekin eta biztanleriaren sektore zabalen prekarietatearekin.

HIGIEZINEN ARLOKO ARRAZAKERIAREN FUNTSA GAUR EGUN

Esan bezala, higiezinen arloko arrazakeria, oro har, fenomeno sotila da eta, hortaz, zaila identifikatzen, frogatzen eta borrokatzen. Pertsona migratu eta/edo arrazializatuak etxebizitza edo logela bat alokatzeko higiezinen agentziekin edo partikularrekin harremanetan jartzean gertatzen da; alegia, pertsona horiek jasotzen duten ezezko esplizituan edo ez hain esplizituan azaleratzen da, azalpenik eta ageriko arrazoirik gabeko ezezko horretan. Hala ere, hori ez da sustrai sakonagoak dituen fenomenoaren momentu bat baino.

Etxebizitzaren merkatuan, jabeek mekanismo ugari erabiltzen dituzte irabaziak ziurtatzeko eta arriskuak gutxitzeko. Baldintza horiei eusteko, langile klaseari zenbait betekizun exijitzen dizkiote, eta horiek, askotan, oztopo bihurtzen dira bizitoki bat eskuratzeko. Baldintza horien artean daude gutxieneko diru sarrera eta fidantza handiak, kontratu mugagabeak edo lortzen zaila den dokumentazio osagarria eskatzea. Ohikoa da, halaber, zenbait hilabeteko errenta aldez aurretik eskatzea edo erroldatzeko aukera ukatzea. Gainera, kasu batzuetan, pertsonaren profilaren arabera, etxebizitzak erakusteko modua aldatu egiten da, bisitak segmentatzen baitituzte edota higiezin jakin batzuk erakutsi ez. Laneko behin-behinekotasunak, kontratuaren ezegonkortasunak edo administrazio oztopoek eragina izan ohi dute hautaketa-prozesuetan, baita hizkuntzaren ezagutzak, azentuak edo azalaren koloreak ere.

Etxebizitzaren merkatuan, jabeek mekanismo ugari erabiltzen dituzte irabaziak ziurtatzeko eta arriskuak gutxitzeko. Baldintza horiei eusteko, langile klaseari zenbait betekizun exijitzen dizkiote, eta horiek, askotan, oztopo bihurtzen dira bizitoki bat eskuratzeko

Alokairuaren merkatuan, zeinetan etxebizitza erabilgarri baino hautagai gehiago baitaude, jabeek baldintzak ezar ditzakete ondorio esanguratsurik jasan gabe. Erabaki horietan eragina dute, irizpide ekonomikoek ez ezik, baita mehatxuaren pertzepzio lausoa eratzen duten aurreiritziek, buloek eta zurrumurruek ere. Ildo horretan, paradigmatikoa da inquiokuparen figuraren sorrera aski berria: kategoria estigmatizatzailea eta ideologikoa da, oinarri juridikorik gabea, unean uneko ez-ordaintzeak edo kontratu gatazkak usurpazioarekin berdindu nahi dituena, alokairuaren arloko ohiko egoerak ustezko delitu-jokabide bihurtuz. Zaugarritasun ekonomikoa kriminalizatu egin da; ondorioz, gero eta gehiago inbertitzen da segurtasun pribatuan, eta alokairuarekin lotutako gatazketan judizioz kanpoko esku-hartzeetan aritzen diren desokupazio enpresak ugaritu egin dira. Horretarako faktoreetako bat izan da, hain zuzen ere, ahultasun ekonomikoaren kriminalizazioa. Esku-hartzeen artean daude aurrez aurreko bisitak, etengabeko komunikazioak eta bestelako hainbat presio modu, maizterrek etxebizitza utz dezaten edo beren kontratu egoera alda dezaten.

Testuinguru horretan, migratutako eta/edo arrazializatutako langile klasea desabantaila-egoeran dago merkatu librean eta, ondorioz, alokairuko gelak, etxebizitza partekatuak edo prestazio mugatuak dituzten higiezinak bilatzen dituzte, irtenbide gisa. Horrelako alternatibarik ere ez dagoenean, infraetxeetan bizi behar izatea edo etxebizitza egonkorrik ez izatea —modu erabatekoan edo aldizkakoan— izan daitezke ondorio. Aldi berean, dinamika horiek eremu periferikoetara edo bizitegi eskaintza txikiagoa duten eremuetara bultzatzen dituzte sektore pobretuenak, eta giza talde bakoitzari modu desberdinean eragiten dieten espazio banaketaren patroiak eratzen dira.

Azken batean, logika horiek ez dute soilik determinatzen nor sartzen den etxebizitza batean, baizik eta baita hiriak nola ordenatzen diren eta zein posizio hartzen duen talde bakoitzak horien barruan ere. Horrela, higiezinen arloko arrazakeriak, itxuraz arruntak eta puntualak diren erabakietatik abiatuta, bizi ibilbideak eta hirien konfigurazioak moldatzen ditu. Mekanismo horiek seinalatzeak eta aztertzeak ahalbidetzen du horiei eusten dien egitura hobeto ulertzea, eta aukera ematen du etxebizitzaren merkatua ikusteko eguneroko gizarte prozesu zabalagoak azaleratzen diren espazio gisa.

HIGIEZINEN ARLOKO ARRAZAKERIA HEGO EUSKAL HERRIAN: GERTURAPEN BAT

Hego Euskal Herriko mapari Kapitalaren betaurrekoetatik begiratuz gero, ez da auzorik edo giza komunitaterik ikusten, higiezin-aktiboen, errenta fluxuen eta balorizazio aukeren sare erraldoia baino. Etxeak ez dira bizitoki, irabaziak eskuratzeko merkantzia baizik. Eta, egoera horretan, jabearen figurak posizio pribilegiatua du: ondasun urri bat du bere eskuetan, nori eskaintzen dion erabaki dezake, bai eta zein baldintzatan eskaitzen duen ere. Gaitasun diskrezional horretan sortzen eta ugaltzen da higiezinen arloko arrazakeria.

Hego Euskal Herriko mapari Kapitalaren betaurrekoetatik begiratuz gero, ez da auzorik edo giza komunitaterik ikusten, higiezin-aktiboen, errenta fluxuen eta balorizazio aukeren sare erraldoia baino

Marko orokor horretatik abiatuta, zentzuzkoa da biztanleria sozialki nola banatzen den ikustea, merkatu egitura horretan gertatzen baitira klase desberdintasunak eta arraza bereizkeria. EAEn, 2024ko urtarrilaren 1ean, atzerrian jaiotako 298.422 pertsona bizi ziren, biztanleria osoaren %13,5. Nafarroan, INEren datuekin egindako serie ofizialen arabera, atzerrian jaiotako biztanleak %17,9 ziren 2023an (120.316 pertsona), Estatuko batez bestekoaren (%17,1) gainetik. Hau da, jatorri aniztasuna ez da salbuespen marjinala: Estatutik kanpo jaio da Nafarroan bizi direnen bostena eta EAEko zortzi pertsonatik bat baino gehiago. Hala ere, zifra horiek benetako paisaiaren zati bat baino ez dute erakusten. Hego Euskal Herriko populazio arrazializatua handiagoa da estatistika ofizialetan agertzen dena baino; izan ere, datuek atzerrian jaio direnak bakarrik biltzen dituzte, baina ez hemen jaiotako seme-alabak, ezta nazionalitatea lortu dutenak ere. Bigarren belaunaldiak —Bilbo, Donostia, Gasteiz edo Iruñeko auzoetan hazi diren gazteak— susmagarritzat tratatzen ditu oraindik alokairuaren merkatuaren zati handi batek. Eta gauza bera gertatzen da hirugarren belaunaldiekin; izan ere, azken hamarkadetan gizarte sarearen parte dira, baina beren aitona-amonek jasandako arraza-iragazki berberei aurre egiten jarraitzen dute. Nazionalitatea ere ez da babes iturri: milaka pertsonak lortu du Espainiako NANa azken urteotan, baina horrek ez du eragotzi etxebizitza ukatzen jarraitzea abizenagatik, fenotipoagatik edo familia azentuagatik. Horren ondorioz, higiezinen arloko arrazakeriaren eragina jasaten duen populazio arrazializatuaren benetako pisua ehuneko ofizialek iradokitzen dutena baino askoz handiagoa da, nahiz eta sistema estatistikoak “atzerrian jaiotakoen” kategoria administratibora murrizten jarraitzen duen. Hemen, merkatuan nor sartzen den eta nor ez bereizten duen lerroa ez du dokumentu batek marrazten, begirada batek baizik. Hortik abiatuta, alokairu merkatuaren analisiak aukera ematen du ikusteko nola egitura ekonomiko hori praktika jakin batzuetan islatzen den, zeinak modu desberdinean eragiten baitio talde bakoitzari.

Nafarroako alokairuaren merkatuak jokalekuaren irudi argia eskaintzen du. 2025. urtearen hasieran, 25.278 etxebizitza alokatu zenbatu ziren —soilik kontuan hartuta jabetzat pertsona fisikoak dituztela aitortzen dutenak, eta, beraz, kanpo utzita aitortu gabeko alokairuak eta jabetzat pertsona juridikoak dituztenak—, eta hileko batez besteko prezioa 582,2 eurokoa zen, aurreko urtean baino %7,5 gehiago. Metro koadroko batez besteko prezioa 6,7 eurokoa zen, aurreko urtean baino ia %10 gehiago. Datu horiek grafikoko goranzko kurba bat baino gehiago dira: horrek esan nahi du langile klasearen soldataren zati gorakor bat gutxiengoa den jabedunek osatutako kolektibo baten errenta erreproduzitzeko erabiltzen dela. EAEn ere hazi egin da alokairu merkatua: 2024an, %5,5eko igoera izan da ohiko etxebizitzaren kontratuetan, eta prezioak maila altuetan finkatu dira, bereziki metropoli eremuetan, besteak beste Bilbon edo Donostian. Dinamika horrek zentzu osoa du ikustean nor gelditzen den harrapatuta gero eta handiagoa den presio horren pean.

Dakigunez, alokairuko etxebizitza langileriari soldataren gaineko errenta ateratzeko mekanismoa da. Errenta hori ez da, baina, zuzenean biziraupen biologikora bideratzen den soldata zatiaren gainekoa, lan indarraren erreprodukzio sozialari dagokiona baizik. Zentzu horretan, higiezinen arloko arrazakeria errenta hori kudeatzeko teknologia da: erabakitzen du nork pairatuko dituen baldintza txarrenak, nor kanporatuko duen merkatu libretik, nork ordaintzen duen gehiago gutxiagogatik, eta nor betirako kondenatu aukeratzera infraetxe baten edo etxebizitzarik ezaren artean. EAEko bizitegi bazterketari buruzko datuek argi eta garbi erakusten dute haustura hori. Bizitegi Bazterkeriaren II. Euskal Estrategiak adierazi zuen 2022ko zenbaketan 3.380 pertsona zeudela etxebizitzarik gabeko egoeran —kalean, aterpetxeetan eta beste baliabide batzuetan zeudenak batuta—, eta hiru hiriburuetan etxerik gabe zeudenen artean atzerritar jatorriko pertsonen ehunekoa %63tik (2016) %78ra (2022) igo zela. Eta EAEn bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko VII. azterlaneko (2024) azken datuei erreparatuz gero, joera are nabarmenagoa da. Kalean lo egiten dutenen artean, %86 atzerritarra da EAE osoan, eta gaua aterpetxeetan edo gaueko harrera zentroetan igarotzen dutenen artean, berriz, %70. Hori guztia kokatu behar dugu, lehen adierazi bezala, atzerrian jaiotako pertsonak biztanleria osoaren %13,5 baino ez diren autonomia erkidegoan.

Higiezinen arloko arrazakeria lan indarraren erreprodukzio sozialari dagokion soldata zatiaren gaineko errenta kudeatzeko teknologia da: erabakitzen du nork pairatuko dituen baldintza txarrenak, nor kanporatuko duen merkatu libretik, nork ordaintzen duen gehiago gutxiagogatik, eta nor betirako kondenatu aukeratzera infaetxe baten edo etxebizitzarik ezaren artean

2024ko azterlan horrek, gainera, eguneratutako zifra orokorra eskaintzen du: 4.326 pertsona etxerik gabe EAEn, gau berean 30 udalerritan egindako zenbaketaren arabera. Zenbatutako pertsonen %83 atzerrian jaiotakoak ziren —gehienak magrebtarrak—, eta txostenak berak ohartarazten du atzerritar jatorrikoak ez diren pertsonak, proportzioan, oso gutxi direla. Desoreka hain da handia, ezen hori okerreko erabaki indibidualei egoztea funtsik gabekoa baita: biztanleria talde jakin batzuei presio handiagoa eragiten dien sistemaren emaitza metatua da.

Egoera antzekoa da eskala lokaletara jaitsi eta bazterketa hori egunerokoan nola gertatzen den ikustean. Gipuzkoako Caritasek fenomenoaren hurbilagoko erretratua egiten du. 2025eko urtarrila eta iraila bitartean, erakundeak etxerik gabeko 1.216 pertsona lagundu zituen lurralde horretan. %93 atzerritarrak ziren, %90 gizonezkoak, eta gehienak 18-44 urteko gazteak. %78,8k ez zuen ostaturik artatu zituztenean, eta, hona garrantzitsuena, %70 baino gehiago ez zegoen inon erroldatuta. Erroldatuta ez egotea ez da soilik datu administratibo bat: oinarrizko gizarte eskubideen —besteak beste, etxebizitza laguntzak jasotzeko edo gizarte zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko aukera— bazterketa dakar. Erakundeak dio erroldatzea bihurtu dela traba nagusietako bat; helbiderik gabe, ez dago erroldarik, eta erroldarik gabe, ez dago pertsona horien existentzia sozialaren onarpen instituzionalik.

Donostiako kaleetan lo egiten dutenen %95 atzerritarrak dira, bizitegi bazterketaren inguruko zenbaketen arabera. Bilbon, aldiz, %84 dira atzerritarrak. Egoitza-marjinazio muturrekoena ez dagokio, modu abstraktuan, “euskal gizarteari”, baizik eta langile klasearen segmentu oso zehatz bati: gazte migratzaileak, gehienak gizonak, lan gogorrak eta soldata txarrak dituztenak edo asilo- eta atzerritartasun-burokraziaren tolesturetan harrapatuta geratu direnak.

Datuen eskuragarritasunagatik EAEn fokua jarri ohi den arren, Nafarroan logika alderagarria da eta hainbat baztertze mekanismo aurkezten ditu, halaber. Zenbait gizarte kolektibok ohartarazi dute etxerik gabeko pertsonen kopuruak gora egin duela Iruñean, eta gehienak atzerritar jatorrikoak direla azpimarratu dute. Testuinguru horretan, erroldatu ahal izatea muga administratibo erabakigarria da Nafarroan.

Nafarroako SOS Arrazakeriaren 2024ko Urteko Txostenaren arabera, errolda soziala eskubideen ohiko urraketa-gune bihurtu da. Erakundeak dokumentatu ahal izan ditu erantzunen justifikaziorik gabeko atzerapenak, Administrazioaren isiltasun positiboa ez aplikatzea, nahiz eskaerak berriro aurkezteko eskakizunak —zeinek, kasu batzuetan, hamar hilabete arteko itxaronaldiak eragin baitituzte ebazpena lortzeko—. Era berean, udalerrian benetan bizi direla egiaztatzeko hiru hilabeteko azterketa aldia oro har aplikatzen dela eta hamabost egunean behin udal bulegoetan agertzeko konpromisoak sinatu behar izaten direla salatu du. Baldintza horiek ez zaizkie herritar guztiei eskatzen. Horrela, paperaren gainean izapide ia automatikoa dena, praktikan, mekanismo selektibo bihurtzen da: sistematik kanpo geratzeko askozaz arrisku handiagoa du egoera prekarioan dagoenak, kontraturik gabeko gela batean bizi denak edo etxebizitza pilaketa-baldintzetan partekatzen duenak. Eta Nafarroan, hain zuzen ere, hainbat foru prestazio eskuratzea —alokairurako laguntzak edo etxebizitzarako programa espezifikoak barne— erregistro horren araberakoa da.

Ustez eskubideak bermatzen dituen egitura instituzionalak berak sozializatzen du, selektiboki, miseria: egoera ezegonkorrenean dagoen langile klasearen zatia babes sareetatik kanpo geratzen da, sarbide unibertsala duen gizarte babeseko sistemaren fikzioak dirauen bitartean

Horrek esan nahi du ustez eskubideak bermatzen dituen egitura instituzionalak berak sozializatzen duela, selektiboki, miseria: egoera ezegonkorrenean dagoen langile klasearen zatia babes sareetatik kanpo geratzen da, sarbide unibertsala duen gizarte babeseko sistemaren fikzioak dirauen bitartean. Higiezinen arloko arrazakeria Atzerritarrei buruzko Legearekin eta errolden tokiko kudeaketarekin korapilatzen da hemen: paperik ez duena, alokairu kontraturik frogatu ezin duena edo espazio informaletan bizi dena arerioatzat hartzen da, eta mesfidatza hori oinarrizko eskubideak ukatzeko aitzakia bihurtzen da. Kapitalak gainesplotatutako lan indar hori behar du, baina herritartasunaren erabateko onarpena ukatzen dio, eta ukazio horren funtsezko palanka bihurtzen da etxebizitza.

Kapitalak gainesplotatutako lan indarra behar du, baina herritartasunaren erabateko onarpena ukatzen dio, eta ukazio horren funtsezko palanka bihurtzen da etxebizitza

Diskriminazioa ez da soilik mutureko kasuetan, hau da, etxebizitza-gabezia kasuetan, azaleratzen. Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak, euskal biztanleek hainbat arlotako diskriminazioari buruz dituzten pertzepzioak aztertu ditu. 2024ko Euskadiko biztanleek diskriminarioaren inguruan dituzten pertzeptzioei eta jarrerei buruzko inkestan (EPADE) adierazten denez, etxebizitza eskuratzeko diskriminazioan eragin handiena duten ezaugarriak dira baliabide ekonomiko txikiak izatea (%66,3) eta atzerritar jatorrikoak izatea –ijitoak izatearekin batera–, eta ezaugarri horiek etxebizitzaren eremuan tratu desorekatua jasotzeari estuki lotuta daude. Adierazgarria da pobreziaren eta jatorriaren arteko konbinazioa bazterketarako nukleo gogorra izatea. Baina ez dago sorpresarik: arraza –edo, hobeto esanda, arrazakeria– langile klasearen barruan segmentuak markatu eta bereizteko modu espezifikoa da, eta arrisku handiagoa egozten die kapitalak lan merkatuko maila baxuenetara bultzatu dituenei.

EAEko etxebizitzaren paisaiari erreparatzen badiogu, etxebizitza publikoaren eta merkatu pribatuaren arteko kontrasteak ere klase irakurketa du. Alokabidek jakinarazi zuen alokairu babestuaren eskaintza kudeatutako 16.600 etxebizitzatik gorakoa izan zela 2024an, eta alokairuko etxebizitza babestuen parkea eta gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko zenbait programa –besteak beste, Gaztelagun– indartu zirela. Etxebizitza babestuak, etxebizitza eskuratzeko irizpide arautuak dituenez, jabe indibidualak diskriminatzeko duen gaitasuna formalki murrizten du; baina programa horietarako sarrera ez da neutroa. Berriz ere errolda izatea eskatzen du, bai eta nolabaiteko egonkortasun ekonomikoa izatea eta, kasu askotan, administrazio egoera erregularra izatea ere. Alokairu zirkuitu formaletik kanporatu dutena, erroldatzeko oztopoak izan dituena edo Atzerritarrei buruzko Legeak harrapatuta dagoena nekez iritsiko da ustez berdintasunetik gertuago dagoen ate horretara.

Nafarroan, errenta bermatuak zailtasunez eusten dio hazten ari den familia migratuen kopuruari, zeinek diru sarrera txikiei, enplegu ezegonkorrari eta pobrezia tasa handiagoei aurre egin behar dieten. Hala ere, babes ekonomiko horrek ez dakar, automatikoki, etxebizitza eskuratzea. Nasuvinsaren David eta Emanzipa programak —beste zenbaiten artean— alokairu eskuragarriak errazteko pentsatuta dauden arren, familia horietako asko kanpoan geratzen dira, baldintza formalak —kaudimen egiaztagarria, diru sarrera erregularrak, lan kontratu egonkorrak, errenta topeak edo etxebizitza babestuaren erroldan aldez aurretik inskribatu izana— ez datozelako bat errenta bermatua jasotzen duten familia gehienen lan ibilbide prekarioekin. Gainera, eskatutako egoitza epeek, etengabe erroldatuta egotearen beharrak eta beharezko dokumentazioaren kargak are gehiago mugatzen dituzte etxebizitza eskuratzeko aukerak. Bazterketa hori larriagotu egiten da, merkatu pribatuak ere iragazki gisa jokatzen duelako: biztanleria migratzaileak aurre egin behar die gero eta arbuio esplizitu gehiagori, berme eskakizun handiagoei eta ezkutuko murrizketei, hots, higiezinen arloko arrazakeriaren askotariko adierazpenei. Horrela, beren eguneroko bizitzari eusteko errenta bermatuaren mende dauden sektoreak harrapatuta daude diskriminatzen dituen eskaintza pribatuaren eta lortzen zaila den eskaintza publikoaren artean; horrek bazterketa-zirkulua indartzen du, zeinetan diru sarrera bermatuak izatea ez baita nahikoa kalitatezko etxebizitza ziurtatzeko.

Bien bitartean, higiezinen arloko arrazakeriaren makineria pribatuak funtzionatzen jarraitzen du kasik frenorik gabe, jabearen diskrezionalitateak babestuta. Estatu mailan, Provivienda elkartearen “Arrazakeria eta etxebizitzaren alokairuaren segregazioa” txostenak agerian utzi zuen Madrilgo higiezinen agentzien %99k inolako eragozpenik gabe onartzen zutela migratzaileen aurkako eskakizun diskriminatzaileak aplikatzea: etxebizitza libre egoteari buruzko gezurrak, espresuki atzerritarrei eskatutako berme gehigarriak, edo “etorkinei ez alokatzeko” jarraibide esplizituak onartzea. Eta hori ez da Espainiako Estatuko hiriburuan gertatzen den fenomeno isolatua, baizik eta Hego Euskal Herrian gertatzen denaren adierazpen gordina, modu diskretuagoan baina guztiz errealean gertatzen bada ere: kontratu mugagabeak eskatzea era horretako lan kontratuak ia inoiz ez dituzten sektoreei, atzerritarren kontra modu selektiboan erabiltzen diren ez ordaintzeen aurkako aseguruak edo, zuzenean, hitzezko ezetza, bidegabea baina frogatzen zaila, aurrez aurre edo telefonoz, izan azal koloreagatik, izenagatik edo azentuagatik.

Madrilgo higiezinen agentzien %99k inolako eragozpenik gabe onartzen dute migratzaileen aurkako eskakizun diskriminatzaileak aplikatzea. (...) Eta hori ez da Espainiako Estatuko hiriburuan gertatzen den fenomeno isolatua, baizik eta Hego Euskal Herrian gertatzen denaren adierazpen gordina

Degradatutako etxebizitza forma horiek errentagarriak dira, hain zuzen ere, alternatiba gutxiko biztanleari aplikatzen zaizkiolako. Hemen, tokiko kapital txiki baten gisa jokatzen du jabetzak, zeinak sektore ahulenen aterpe premia larritik ateratzen baitu gainerrenta. INEren 2024ko bizi baldintzei buruzko inkestak adierazten du estatu mailan 1,4 milioi pertsona baino gehiago diskriminatuta sentitzen direla etxebizitza eskuratzerako orduan, eta diskriminazio horren atzeko arrazoi nagusia jatorri etnikoa edo migratzaile izaera dela. Datu horiek erkidegoka banakatuta ez badaude ere, EAEn eta NFKn ere hautematen den zerbait erakusten dute: alokairuaren merkatuak arrazakeria funtzionala baliatzen du espekulaziorako eta errenten maximizaziorako.

Azkenean, irekitzen edo ixten den ate bakoitzaren atzean, bizi aukerak modu desorekatuan banatzen dituen sistema bat dago. Higiezinen arloko arrazakeria ez da keinu puntuala, higiezinen merkatuaren arkitektura zeharkatzen duen logika baizik, erabakitzen duena nor gera daitekeen, nor joan behar den eta nor, zuzenean, kanpoan geratzen den. Kartografia desorekatu horretan, etxebizitzarena da garaiko gizarte mugak hobekien marrazten diren esparruetako bat.

INSTITUZIOEN JARDUNA: DISKURTSOAK, FILTROAK ETA LEGEAK

Erakundeen erantzuna tentsio etengabean mugitzen da. Alde batetik, etxebizitza sozialen parkea azpimarratzen da, bizitegi bazterketaren aurkako estrategiak lantzen dira eta etxebizitza eskubidea aipatzen da. Bestetik, herritar migratzaileek eskubide horiek eskuratzea oztopatzen duten lege eta praktika administratiboak mantentzen eta aplikatzen dira: egoera administratibo erregularrean egoteko eskakizunak, errebokatu daitezkeen erroldak, betetzeko zailak diren errotze baldintzak. Emaitza, gorago esan bezala, diskurtso bikoitza da: unibertsaltasuna aldarrikatzen da, baina iragazkiz jositako egitura bat antolatzen da, lan indarraren zatirik prekarizatuenak periferian jarraitzea bermatzen duena, betiere eskuragarri erabili eta botatzeko eskulan merkea behar duten sektoreentzat; erreserbako industria armada bat.

Izan ere, etxebizitzaren arloko azken lege aldaketek patroi komuna erakusten dute Nafarroan eta EAEn: neurri gehienek klase ertainari mesede egitea dute helburu, hau da, arau aldaketa horiek bultzatzen dituzten alderdien hauteskunde oinarririk handienari. Bien bitartean, sektore proletarizatuenak —horien artean biztanleria migratuak pisu handia izanik— bigarren mailan geratzen dira, edo zuzenean ukatu egiten zaizkie etxebizitza kalitatezko baldintzetan eskuratzeko aukerak. Nahikoa da neurri berri horietako batzuen letra txikia lupaz begiratzea patroi hori ikusteko.

Etxebizitzaren arloko neurri gehienek klase ertainari mesede egitea dute helburu, hau da, arau aldaketa horiek bultzatzen dituzten alderdien hauteskunde oinarririk handienari. Bien bitartean, sektore proletarizatuenak bigarren mailan geratzen dira

Legeen zioan bertan iradokitzen da etxebizitza-politika publikoak gehiegi zentratu direla biztanleriaren sektore pobretuenetan, eta, beraz, politika horiek modu nabarmenagoan bideratu beharko liratekeela klase ertainetara. Hori mantra arrazista honen bertsio edulkoratua izango litzateke. “kanpokoek eramaten dituzte babes ofizialeko etxeak”. Horren adibide on bat da Eusko Legebiltzak 2025. urtearen amaieran onartutako Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea. Zuzenketen fasean, Eudeleko presidente Esther Apraizek (EAJ), legearen bultzatzaile izanik, etxebizitza babestuen sustapena handitzeko beharra azpimarratu zuen, “behar dutenei begira, baina baita euskal klase ertainei begira ere”, eta nabarmendu zuen ezin dela pentsatu “pertsona zaurgarrien premietan eta errealitatean soilik, eta gizartearen gehiengoa —hots, klase ertainak— alde batera utzi”.

Horrelako diskurtsoetatik jaiotzen da etxebizitza eskuragarria izeneko formula, gaur egun alderdi politiko guztien ahotan dabilena. Erakundeen ahaleginen zati handi bat alokairuko etxebizitza babestuen modalitatera bideratzen da, helburu izanik kaudimen handiagoko biztanleriaren sektoreei estaldura ematea. Horren erakusgarri da, EAEn, era horretako etxebizitzak eskuratzeko baldintzetako bat urtean 21.000 eta 39.000 euro arteko diru sarrerak izatea. Nafarroaren kasuan, diru sarrera horiek 28.000 eta 50.400 euro artekoak izan behar dute, gutxi gorabehera.

Etxebizitza babestua eskuratzeko orduan erroldatuta egoteko betekizunak norabide berdina markatzen du. EAEn, Etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak presaz aldatzeko dekretuak honako irizpide hau gehitu du: Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean hiru urtez erroldatuta egotea alokairuko babes ofizialeko etxebizitza bat esleitzeko prozeduran parte hartu ahal izateko. Nafarroan, bestalde, 20/2022 Foru Legeak, Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroako Foru Komunitatean sustatzekoak, berriro sartu zuen erroldatzeagatiko puntuazioa babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko prozeduretan, hain zuzen ere 2016an irizpide hori ezabatu ondoren. 2016ko erabaki hori justifikatzeko, honakoa argudiatu zuten: “orain arte etxebizitza babestuen esleipenean gertatu den egoera bidegabe eta diskriminatzailearekin amaitzea; alegia, NFKko udalerriren batean erroldatuta egondako urteen araberako puntuazioarekin. Etxebizitza izateko eskubidea eskubide konstituzionala da, eta bermatu egin behar da kontuan izan gabe leku jakin batean bizitzen emandako urte kopurua; hala, Nafarroan erroldatutako pertsona guztiak berdintasunez tratatu behar direla uste da”. Puntuazio hori 2022an berriro ezarri zenean, ez zen horri buruzko aipamenik egin legearen zioen azalpenean, agian jarrera aldaketa horren arrazoiak esplizituki onartzeak talka egingo lukeelako erakundeek saldu nahi duten kontakizun integratzailearekin.

Foru komunitatetik atera gabe, duela gutxiko 9/2025 Foru Legeak, Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzkoak, zozketa sistema ezarri du alokairuko eta alokairu eskuragarriko babes ofizialeko etxebizitzen esleipenetan, aurreko puntuazio sistema ordezkatzeko, eta, beraz, “etxebizitza-premia egiaztatua” izatea ez da kontuan hartzen etxebizitza babestuak esleitzerakoan. Aldi berean, eta erreserba bereziak alde batera utzita —familia ugarientzat, desgaitasunen bat duten pertsonentzat, genero-indarkeriaren biktimentzat eta abarrentzat—, %40ko erreserbak ezartzen dira “sustapena eraikiko den udalerrian gutxienez bi urteko antzinatasunez eta etenik gabe benetako bizilekua duten” erroldatuentzat. Aldaketa horiek gorago deskribatutako patroian koka daitezke: sektore kaudimendunen sarbidea lehenestea babes publikoko araubideari lotutako etxebizitzetan.

Azkenik, ez dira alde batera utzi behar biztanleriaren sektore proletarizatuenei eragiten dieten murrizketa zuzenak. Lehen aipatu ditugu errolda eskuratzeko gero eta oztopo handiagoak, baina murrizketa horien beste adibide argi bat diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) erreforma da, zeina lehenago ere aipatu dugun EAEko premiazko neurriei buruzko legearen bidez sartu baita indarrean. Lege horrek ezartzen duenez, DSBEa kobratu ahal izateko, bizi garen etxebizitzaren edo bizitokiaren “legezko titulu balioduna” egiaztatu beharko da. Hau da, ez dute prestazio hori jasotzeko aukerarik izango kontraturik gabe, legez kanpoko azpierrentamenduetan, okupazioan edo antzeko egoeretan bizi diren pertsonek. Kolpe bakar batez, sinesgarritasuna ematen zaie gizarte prestazioei eta etxebizitza eskuratzeari buruzko zenbait diskurtsori, izan proletarioen aurkakoak edo zuzenean arrazistak, eta, aldi berean, are oztopo gehiago jartzen zaizkie populazio proletarizatuenaren bizitzei, neurri handi batean atzerritar jatorrikoak direnei; horrek haien bazterketa eta estigmatizazioa areagotzen du, bai eta diskurtso arrazistak babestu ere.

Kolpe bakar batez, sinesgarritasuna ematen zaie gizarte prestazioei eta etxebizitza eskuratzeari buruzko zenbait diskurtsori, izan proletarioen aurkakoak edo zuzenean arrazistak, eta, aldi berean, are oztopo gehiago jartzen zaizkie populazio proletarizatuenaren bizitzei, neurri handi batean atzerritar jatorrikoak direnei

ONDORIO GISA

Puntu honetara iritsita, pentsa liteke arazo bakarra dela higiezinen agentzietako eta udal bulegoetako sentsibilitate falta edo prestakuntza eskasa. Irakurketa moralizatzaile hori, ordea, lausoa da. Hego Euskal Herrian, higiezinen arloko arrazakeria ez da sistemaren akats puntuala, haren bektore nagusietako bat baino. Alokairua garestitzearen, espekulazioaren eta etxebizitza finantziazioaren testuinguruan, jabeek –errentatzaile txikitik hasi eta edukitzaile handi zein inbertsio funtsetaraino– arraza eta jatorria erabiltzen dituzte irizpide informal gisa, bai arriskua kudeatzeko, bai bazterketa legitimatzeko, baita beren mozkin tasa defendatzeko ere. Estatu autonomikoa, subiranotasun muga argiekin eta Espainiako eta Europako araubide juridikoan txertatuta, desoreka horiek partzialki zuzentzearen eta Atzerritarrei buruzko Legearen, mugak kontrolatzeko politiken eta iragazki instituzionalen bidez desoreka horiek erreproduzitzearen artean mugitzen da.

Horren guztiaren aurrean, EAEn eta NFKn higiezinen arloko arrazakeriaz hitz egitea ez da zuzentasun politiko kontua, analisi materialista baten emaitza baizik. Datuen arabera, atzerritar jatorriko pertsonen gehiegizko erepresentazio bortitza dago erabateko etxebizitza gabezian, erroldatzeari eta etxebizitzari lotutako eskubideen urraketengatik salaketak gero eta gehiago dira, eta gizarte pertzepzio hedatua dago dioena atzerritar jatorria, pobreziarekin batera, aterpea eskuratzeko diskriminazioa eragiten duten faktoreetako bat dela.

Hego Euskal Herrian higiezinen arloko arrazakeria, etxebizitzaren eremuan, menderatze logika zabalagoaren adierazpena da: jabetza pribatua, klase hierarkiak eta arrazializazio-gailuak konbinatzen ditu, pertsona bakoitza non eta zein baldintzatan bizi daitekeen erabakitzeko

Hego Euskal Herrian higiezinen arloko arrazakeria, etxebizitzaren eremuan, menderatze logika zabalagoaren adierazpena da: jabetza pribatua, klase hierarkiak eta arrazializazio-gailuak konbinatzen ditu, pertsona bakoitza non eta zein baldintzatan bizi daitekeen erabakitzeko. Ez da nahikoa iragarki diskriminatzaileak salatzea edo partikularrei eta higiezinen agentziei sentsibilitate handiagoa eskatzea. Arazoari benetan aurre egin nahi bazaio, zalantzan jarri beharko dira etxebizitza merkantzia bihurtzen duen logika, biztanleria eskubide osoko subjektuetan eta soberan daudenetan bereizten duen geruza juridikoa, eta klase arrazializatua baztertzeko ekintza jabeen erabaki arrazionaltzat aurkezten duen ideologia.

EZ DAGO IRUZKINIK