ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Leire Laborda
2025/11/06

Francoren diktadurak gaztelera ez beste hizkuntzak jazarri zituela egia ezaguna da. Gutxiago hitz egin izan da, ordea, frankisten barruan egon zen erregionalismoaz. Frankismoaren eta falangismoaren oinarrian dagoen espainiar nazionalismoak nazio zapalduen hizkuntza gutxituak erasotu zituen. Interesgarria zaigu, halaber, diktadurako azken garaietan hizkuntzekiko jarrera nola eta zergatik aldatu zen ulertzea. Lerro hauetan, frankismo garaiko hizkuntza politika aztertuko dugu, bereziki, euskarari eta katalanari begiratuta.

FRANKISMOA BAINO LEHEN

Frankismo garaiko hizkuntza politikan sartu aurretik, kontuan izan beharrekoa da hizkuntza gutxituen aurkako neurriak ez zirela frankismoarekin hasi. Euskararen kasua hartuta, historia aurrekapitalistan, euskararen aurkako hainbat neurriren adibideak dauzkagu, askotariko arrazoiak direla eta: 1239an Ojacastron (Errioxan) eta 1349an Huescan ezarri ziren euskara hitz egiteko debekuak, esaterako.

Dena den, kapitalismoaren sorrerarekin batera nazio-estatu modernoak jaio ahala, kapitala metatzeko merkatu eta estatu nazional handi bakarra inposatzeko prozesua azkartu zen, nazio zapalduen hizkuntzak zokoratzea barne: 1776an Arandako kondeak euskarazko liburuak debekatu izana, 1857an Moyano Legeak ezarritako ikasgeletan gaztelera erabiltzeko agindua, 1862an (gaurdaino indarrean dagoena) dokumentu publiko guztiak gazteleraz idazteko derrigortasuna, 1867an Isabel II.ak agindutako euskarazko antzezlanen debekua, eta abar.

Frankismoa hasi baino urte batzuk lehenago, Bigarren Errepublika garaian, idatzi zen Espainiako Konstituzio berria (1931an); bertan, tokiko ­hizkuntzak hitz egiteko eta irakasteko eskubidea aitortzen zen, baina gaztelania izanik Espainiako Estatuko hizkuntza nagusia: 

Gaztelania Errepublikako hizkuntza ofiziala da. Espainiar orok du hura jakiteko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea, Estatuko legeek probintzietako edo eskualdeetako hizkuntzei aitortzen dizkieten eskubideei kalterik egin gabe. Lege berezituetan zehaztu ezean, inor ezingo da behartu tokiko ezein hizkuntza ikasi edo erabiltzera. (Konstituzioko 4. artikulua)

Hezkuntza arloari dagokionez zehaztapen hauek egiten zituen:

Autonomia-erkidegoek beren hizkuntzetan antola dezakete irakaskuntza, estatutuetan ematen zaizkien ahalmenen arabera. Gaztelania nahitaez ikasi behar da, eta autonomia-erkidegoetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietan erabiliko da. Estatuak gradu guztietako irakaskuntza-erakundeak mantendu edo sortu ahal izango ditu haietan, Errepublikako hizkuntza ofizialean. (Konstituzioko 50. artikulua)

Bestalde, garai horretakoak dira eskualdeen autonomia estatutuen ezagupenak, Katalunian 1932an eta Euskal Herrian 1936an. 1936an Galiziako autonomia estatutua idatzi zen, baina, ez zen aplikatua izatera iritsi, hiru aste geroago lehertu baitzen Gerra Zibila. Galizia nazionalen eskuetan erori, eta estatutua guztiz baztertuta gelditu zen. 1939an, frankisten garaipenak Errepublika abolitu zuen eta Konstituzioak onartutako autonomia estatutuak bertan behera geratu ziren.

FRANKISMOKO LEHEN URTEAK

Falange Española alderdia nazionalismo espainolaren zimenduak eratu nahian zebilen, eta kasu askotan, tokiko hizkuntzen eta erresistentzia errepublikanoarekin lotuta zetozen tokiko kulturen aurka jo zuen modu bortitzean, separatismoa ­arrazoitzat harturik. Falangearen 1934ko programak argi adierazten du separatismoaren aurkako ­gurutzada: “edozein separatismo delitu bat da, eta inoiz ez dugu barkatuko”.

Hala ere, deigarria da Falangeak, Katalunia konkistatzera zihoanean, katalanez zeuzkala prest esku-orriak eta propaganda, autoritate militarrak banatzen utzi ez zizkienak. Ramiro Ledesmak berak, faxismoaren teoriko nagusienetakoa izan zenak, kultura eta katolizismoa jartzen zituen nazio espainolaren oinarri eta zutabe gisa, ez arraza, ezta hizkuntza ere. Izan ere, frankisten artean, ­batzuek eskualde bakoitzeko hizkuntzak eta kulturak harro egoteko zerbait bezala ulertzen zituzten, Espainiaren berezko aberastasun bezala, betiere modu folklorikoan. Bartzelonako Mateu i Pla alkate frankistak honela definitzen ditu 1939an: “Ohitura eta usadio sakratuekiko atxikimendu zintzo eta nobleak, espainiar abertzaletasunaren funtsa izan zirenak beti”. Gerra Zibila amaitzean, Serrano Súñer politikari frankistak honela zioen: “Hizkuntza katalana? Zergatik ez? Katalana separatismoaren tresna bada, horren aurka borrokatuko gara. Demagun gaztelania –nahiz eta hori ezin den gertatu– noizbait Espainiaren handitasunaren kontrako faktorea izatera iristen dela. Ez al genioke aurre egin beharko? Katalana Espainiaren handitasunaren osagaia bada, zergatik ez errespetatu?”.

Badirudi, hortaz, hasiera batean, Falangearen baitan bazegoela ikuspegi bat eskualde bakoitzeko hizkuntza eta kulturak espainoltasunaren barrenean ulertu eta aitortzen zituena. Ordea, beste ikuspegiak ere indar handia zeukan. Azken horren isla izan daitezke Donostiako Domingo egunkarian 1937an argitaratutako adierazpen hauek: “Hemen (Euskadi) eta Mediterraneoko itsasertzean (...) euskalkiak izurrite baten baziloak balira bezala lantzen ziren, eta izurrite horrekin, betidanik, gure nazio-zentzu sendoa kutsatzeko asmoa zuten. Morbo separatistari ondo zihoakion euskalkien giroa. (...) Zalantzarik gabe, bere birulentzia aprobetxatuagatik, espainol onaren ezein belarrik ezin du Espainiako dialektoetan esandako hitzik agindu tinpano-ikararik gabe, ­hitzok entzuten dituen horren nazionalismoaren aurkako erasotzat joz, jakina, bere borondatearen aurka. (...) Hizkuntza bakarra Espainia bakarrean”.

Badirudi, hasiera batean, Falangearen baitan bazegoela ikuspegi bat eskualde bakoitzeko hizkuntza eta kulturak espainoltasunaren barrenean ulertu eta aitortzen zituena. Ordea, beste ikuspegiak ere indar handia zeukan.

Franco bera modu honetan mintzo zen: “Espainia kontzeptu totalitario zabal batean antolatzen da, bere batasuna eta jarraitutasuna bermatuko duten erakunde nazionalen bitartez. Eskualde bakoitzaren izaera errespetatu egingo da, baina batasun nazionalari kalterik egin gabe, erabateko batasuna nahi baitugu, hizkuntza bakarrarekin, gaztelaniarekin, eta nortasun bakarrarekin, espainiarrarekin”. Hauxe zen Espainiako lema ezaguna: “Una, Grande y Libre”. Eta honelako mezuak zabaltzen ziren: “Kamarada! Judaismoa, masoneria, marxismoa eta separatismoa jazartzeko betebeharra duzu. Suntsitu eta erre beren egunkariak, beren liburuak, beren aldizkariak, beren propaganda.”

Hauxe zen Espainiako lema ezagunetako bat: “Kamarada! Judaismoa, masoneria, marxismoa eta separatismoa jazartzeko betebeharra duzu. Suntsitu eta erre beren egunkariak, beren liburuak, beren aldizkariak, beren propaganda”

Agintari frankistek euskara erabiltzea debekatu zuten Gipuzkoako hiriburuan: “Gaztelaniaz besteko hizkuntzak eta dialektoak hitz egiteko debekuari buruz xedatutakoa urratzen duen oro salatuko da”, agindu zuen Donostiako komandantzia militarrak 1937ko maiatzaren 29an. Tokiko hizkuntzen erabilera isunez zigor zitekeen, publikoan eta baita pribatuan ere. Ikasgeletan, erregela batez jo eta gogor zigortzen zituzten espainieraz mintzo ez ziren umeak. Kalean eta hezkuntzan ez ezik, mezetan ere debekatu zuten euskara. Bizkaiko Gobernu Zibilaren 1949ko azaroko aginduak euskarazko idazkiak hilobietatik kentzeko agindu zuen. Euskaraz idatzitako hilarriak zementuz estali zituzten; isunak eta erregistroak iritsi zaizkigu horren lekuko.

Tokiko hizkuntzen erabilera isunez zigor zitekeen, publikoan eta baita pribatuan ere. Ikasgeletan, erregela batez jo eta gogor zigortzen zituzten espainieraz mintzo ez ziren umeak.

Jose Antonio Agirrek UNESCOri 1952an bidalitako mezuan, Espainian gertatzen ari zen ­hizkuntzen zapalkuntzaren berri eman zuen, eta euskal unibertsitatearen itxiera, armadak okupatutako elkarte sozial eta kulturalak, euskarazko liburuen erretze masiboa, eta eskoletatik, bilkura publikoetatik, irrati programetatik, egunkarietatik eta aldizkarietatik euskara desagerrarazi izana aipatu zituen, besteak beste.

Ildo beretik, katalana eremu publikotik desagerrarazteko hartutako neurrien hainbat adibide dauzkagu. 1939ko martxoan Bartzelonako El Noticiero Universal egunkarian honela irakur zitekeen: “Oso estimagarria da katalana etxeko eta familiako giroan: oso estimagarria da, halaber, tradizioaren ikur gisa”. Egunkari berean, 1939ko apirilean, berriz, “Espainiaren handitasunaren kontrako faktorea” izendatzen zen katalana. Katalanez ziren antzezlanak debekatu egin ziren. Administrazioan, funtzionario postu asko katalana ez zekitenei eman zizkieten. Hezkuntzan ere, beste eskualdeetatik etorritako irakasleak izendatu ziren: “Estatuaren zerbitzariek, zerbitzu-egintzetan, hizkuntza ofiziala ez ezagutzea edo erabili ohi ez izatea nahiko arrazoi justifikatua izan behar da Estatuko funtzionario izaera guztiz baliogabetzeko eta funtzio publikoetan jarduteko ezgaitzeko”.

1939ko martxoan Bartzelonako El Noticiero Universal egunkarian honela irakur zitekeen: “Oso estimagarria da katalana etxeko eta familiako giroan: oso estimagarria da, halaber, tradizioaren ikur gisa”. Egunkari berean, 1939ko apirilean, berriz, “Espainiaren handitasunaren kontrako faktorea” izendatzen zen katalana.

Neurri horiez gain, Bartzelonako lehenengo gobernadore zibila izan zenak 1940an funtzionario guztiei katalanez hitz egitea debekatzen zien zirkular bat atera zuen. Ezin zezaketen katalana erabili, ez erabiltzaileekin, ezta beren artean ere. “Datorren abuztuaren lehenengo egunetik aurrera, probintzia honetako probintzietako eta udal-korporazioetako bitarteko funtzionario guztiak, edozein kategoriatakoak direla ere, zerbitzu-egintzan, eraikin ofizialen barruan edo kanpoan, ofiziala ez den beste hizkuntza batean hitz egiten badute, kargugabetuta geratuko dira, ondorengo errekurtsorik gabe.”

Plazen eta kaleen izenetatik kendu zen katalana, plakak aldatuz: Plaça de Catalunya “Plaza del Ejército Espanol“ bihurtu zen, Passeig de Gràcia “Paseo General Mola”, Diagonal, “Avenida del Generalísimo”, etab. Hiri eta herrien izenak espainoldu eta historian arrastoa utzitako katalanen estatuak suntsitu egin ziren. Komertzio ororen jabeek gaztelerara aldatu behar zituzten beren idatziak. Hori egin ezean jasoko zituzten zigorrak zabaltzen zituen prentsak: isun altuak, baina baita espetxe zigorrak ere.

Debekuak soilik ez, propaganda izugarria egin zen gaztelaniaren alde eta beste hizkuntzen aurka. Espainia osoan zehar, kartelek eta kamioiek honelako mezuak zeramatzaten: “no ladres, habla la lengua del imperio”, “Si eres español habla español”, “Habla en cristiano”, “Sea caballero, hable en castellano”. Eskualde elebidun guztiak estali zituzten propagandaz, eta ez bakarrik euskaraz, katalanez, valentzieraz eta galizieraz hitz egiten zen lekuetan; astur-leoneraz, aragoieraz, eta okzitanieraz mintzo ziren eskualdeak ere bai.

Horrek guztiak, noski, prestigio soziala gaztelerarekin lotzea zekarren. Horri lotuta, gutxitutako ­hizkuntzetako hiztunengan nolabaiteko auto-gorroto baten garapena aipatzen da. Oroitaraz dezagun, frankismoaren aurreko urteetan, Kataluniako Renaixença izendaturiko katalanaren aldeko berpizkunde kulturalaren parekoa sortu zela Euskal Herrian (Euskal Pizkundea literatur mugimendua, lehen ikastolak, euskarazko aldizkariak, ­Euskaltzaindiaren sorrera...). Frankismoak eten egin zituen mugimenduok, eta mugimendu haietako hainbat kide fusilatu zituen (Lauaxeta eta Aitzol kasu) edota beste askok atzerrira joan behar izan ziren ihesi. Ezin zaizkigu ordea ahaztu, hizkuntza horien egoeran eragin nabarmena izan zuten bestelako faktoreak: industrializazioaren eta hirien garapena, klase ertain baten zabalpena, hedabide handien sorrera, eskola orokortzea... Dena den, frankismoko azken hamarkadetan, berpiztu egin zen hizkuntza ­berreskuratzeko borroka.

FRANKISMOAREN AZKENENGO HAMARKADAK

1950eko hamarkada inguruan, malgutze bat ageri da hizkuntzekiko jazarpenean. Hizkuntza katalanaren kasuan, lehenago eta modu agerikoagoan gertatu zen, jarraian emango diren adibideok erakusten diguten bezala. 1944an, filologia erromanikoko fakultateetan, legez beharrezko bihurtu zen filologia katalaneko ikasgaia ematea. 1945ean, gobernuak babestuta eta haien dirulaguntzarekin, katalan literaturako figura handienetako bat izandako Mossèn Cinto Verdagueren mendeurrena ospatu zen. 1946an, Salvador Espríu poeta katalanez ­publikatzen hasi zen. 1946an, katalanezko antzerkia legezko bihurtu zen. Liburuen edizioa ere baimendu zen, baina liburu klasikoetara edo folklore liburuetara mugatuta. 1951n eta 1952an bi gramatika historiko katalan publikatu ziren. 1947an Joanot Martorell eleberri-saria eman zitzaion katalanez idatzitako lan bati. 1949an Víctor Català ipuin-eleberri saria sortu zen, baita Aedos biografia sariketak ere. 1951n, katalanezko poesiari estatu mailako sari bat eman zitzaion, espainolezkoaren pareko diru-kopuruarekin. Urte berean sortu zen katalanez idatzitako obretarako Ediciones Selecta, eta Josep Plak El carrer estret lanagatik Joanot Martorell saria jaso zuen.

1950eko hamarkada inguruan, malgutze bat ageri da hizkuntzekiko jazarpenean. Hizkuntza katalanaren kasuan, lehenago eta modu agerikoagoan gertatu zen.

Euskarari dagokionez, jarrera aldaketa mugatuagoa eta berantiarragoa izan zen. Horren arrazoia, euskal kulturaren eta oposizio politikoaren arteko harremana da, garai horretan indartzen ari zena. 1959an sortu zen Euskadi Ta Askatasuna erakunde armatua. Erregimen frankistak zenbait ekimen kultural ez politizatu baimendu zituen, baina gehienbat elizaren barruan edo gune folkloriko edo iniziatiba pribatu oso zainduetan. Obra filologiko “zientifiko” gutxi batzuk argitaratzea baimendu zen; esaterako, 1943an Luis Villasanteren Gramática Vasca eta 1947 eta 1958 urteen artean Manuel Larramendiren lan historikoak, “folklore” edo “eskualdeko hizkuntza” etiketen pean. Obren argitalpena onartzeko arrazoia beti zen “interes filologiko, historiko edo erlijiosoa”. Euskarazko aldizkari kulturalak ez ziren debekatu, baina betiere, behaketa zorrotzaren pean jardun behar zuten. Eusko-Jakintza (1947-1953), aldizkari zientifiko eta filologikoa, eduki politikorik ez zuelako baimendu zen. Egan (1950etik aurrera) Gipuzkoako Diputazioak argitaratua, erdi-ofiziala zen, euskaraz idatzia, baina oso kontrolatua. Zeruko Argia (60ko hamarkadan), aldizkari erlijiosoa zela-eta, prentsa katolikoaren markoan baimendu zen. Ezin genezake pentsa, ordea, aipatutako hizkuntzekiko jarrera aldaketa, inondik ere, erabatekoa izan zenik. Horren adibide izan daiteke 1965ean Loiolako irratia ixtea agindu zutela programa gehiegi zituelako euskaraz.

Katalanarekin alderatuta, jarrera aldaketa mugatuagoa eta berantiarragoa izan zen euskararena. Horren arrazoia, euskal kulturaren eta oposizio politikoaren arteko harremana da, garai horretan indartzen ari zena. 1959an sortu zen Euskadi Ta Askatasuna erakunde armatua.

Baina hizkuntzaren aldeko mugimendua ­indartsu zegoen, ikastolak sortzen hasi ziren berriro, frankismo aurreko bideari jarraipena emanez. 1960ko hamarkada hasieratik gau eskolak antolatzen ziren, helduek euskara ikasteko. Hainbat aldizkari klandestino ere ematen ziren argitara. Mugimendu kultural indartsuak ari ziren sortzen hizkuntza horien inguruan. Katalunian Omnium Cultural eratu zen 1961ean, eta Nova Cançó kantagintza arloko mugimendua. Euskal Herrian, Kataluniatik zetorren haize berri hari oihartzun eginez, Euskal Kantagintza Berria sortu zen, eta nola ez, horren baitan, Ez Dok Amairu mugimendua (1965).

1964an, TVE telebista espainolean emititu zen katalanezko lehen telebista programa, eta bertatik igaroko ziren, besteak beste, Nova Cançó mugimenduko artista ugari. 1966an, Tarragona irratia katalanezko irakaskuntzari buruzko programa bat ­emititzen hasi zen, probintziako Informazio eta Turismo Ministerioak babesturik. 1967an, Bartzelonako Diputazioak katalanezko klaseak ematea adostu zuen, bere meneko zentro kultural guztietan, eta Sant Cugat (Bartzelona) teologiako fakultatean Hizkuntza Katalaneko katedra sortu zuen.

1970ean, hezkuntzako lege orokorraren eskutik, hizkuntza “natiboak” baimendu ziren hezkuntzan. Hasieran mugatuta, baina 1975ean, Francok berak izenpeturik, gaztelania ez beste hizkuntzak erabili zitezkeela ezarri zen, haren hitzetan “hezkuntzako maila guztietan”, baina batxilergoan ezetz zehaztu zen. Urte berean, beste dekretu bat argitaratu zen, “hizkuntza horien ezagutza eta erabilera Estatuaren ekintzaren bidez babestuko da” zioena, eta “ahozko eta idatzizko hitza hedatzeko bitarteko guztiak” erabiltzea baimentzen zuen, baina gaztelania mantenduz “nazioaren hizkuntza ofizial eta espainiar guztien komunikazio-bide gisa”, “Estatuko goi-organoen, Administrazio Publikoaren, Justizia Administrazioaren, toki-erakundeen eta zuzenbide publikoko gainerako korporazioen jarduera guztietan” erabiltzeko. Era berean, xedatu zen gaztelania “erabiliko dela horiei [erakunde publikoei] ­zuzentzen zaizkien edo haietatik sortzen diren idazki edo eskaeretan”. Horrekin, diktaduraren ia berrogei urteetan indarrean egon ziren hizkuntza periferikoei lotutako erabilera publikoaren debekuak ofizialki eta formalki altxatu ziren, baina gaztelania hizkuntza ofizial bakar gisa berretsi zen administrazio publikoaren edozein maila edo adierazpenetan.

1975eko dekretu baten eskutik, diktaduraren ia berrogei urteetan indarrean egon ziren hizkuntza periferikoei lotutako erabilera publikoaren debekuak ofizialki eta formalki altxatu ziren, baina gaztelania hizkuntza ofizial bakar gisa berretsi zen administrazio publikoaren edozein maila edo adierazpenetan

Hil hurren zen erregimenaren irekiera politika euste- eta kontzesio-politikaren testuinguruan ulertu beharra dago. 1945etik aurrera, autoritarismo burokratiko, nazional katolizismo eta teknokrazia ekonomiko baterantz lekualdatuz joan zen erregimena. Falange ortodoxoaren gainbeheraz hitz egin daiteke. Falange ideologikoak pisua galdu zuen eta, erabakiak hartzerako orduan, haren elebakartasun erradikalaren ideiak zentrala izateari utzi zion.

Izan ere, erregimenak bere kanpo irudia hobetu beharra zeukan. Demokrazia europarrek elementu autoritariotzat zuten errepresio linguistikoa. Nazioarteko legitimazio beharrari lotuta, irekiera kultural mugatu hura Espainia moderno eta tolerante bat erakusteko ahalegina zen. Opus Deiko ministro berri teknokratek herrialdea modernizatzeko plana zeukaten. Haien helburua ekonomia zen, ez uniformetasun kulturala. Hori dela eta, politika pragmatikoago bat bultzatu zuten: lekuko kulturak turismoa erakartzen edo egonkortasun soziala lortzen ­laguntzen bazuen, ez zen arazo.

Erregimenak ulertu zuen errepresio kultural agerikoak gero eta gehiago elika zezakeela mugimendu sozialen, nazionalismoen eta borroka armatuaren indarra

Aldi berean, presio kultural eta soziala zegoen, aipatu gisan, Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian berpizkunde kulturalak gertatzen ari baitziren. Katolizismoaren barrenean ere, tokiko hizkuntzen erabilera indartu egin zen. 60ko hamarkada langile greben, ikasle mugimenduen, euskal eta katalan nazionalismo berrituen eta borroka armatuaren testuingurua zen. Erregimenak ulertu zuen errepresio kultural agerikoak gero eta gehiago elika zezakeela mugimenduon indarra. Zentsuratu arren, ezin zituen guztiz erasan mugimenduok, kostu politikorik jasan gabe. Kalkulu politikoa hauxe zen, beraz: kontrolatzea, gatazka gehiago sortu gabe. Adierazpen folkloriko edo kulturalak baimendu zituen erregimenak, guztia politiza zedila saihesteko.

Adierazpen folkloriko edo kulturalak baimendu zituen erregimenak, guztia politiza zedila saihesteko

Ahaztu ezinekoa da, halaber, Katalunian eta Euskal Herrian, bereziki, frankismoa burgesia industrial oso garrantzitsuei lotuta zegoela. Elite horiek, kontserbadoreak eta gehienean ez nazionalistak izan arren, tokiko kulturarekiko sentsibilitatea zeukaten. Eta Francok haien kolaborazioa beharrezkoa zuen bere garapen ekonomiko eta bake sozialerako. Subertsibotzat ikusiak ez zeuden adierazpen kulturalekiko tolerantzia selektiboa aplikatu zuten.

Dena den, hori guztia, deskonposizio fasean zegoen erregimen frankistaren irekieraren aldeko eta aurkako ikuspegien barne-tentsio horretan kokatu beharra dago, hilzorian zegoen erregimenari jarraipena emateko nahi etsi batean.

ONDORIOAK

Hasiera batean, Falange Española alderdian tokiko hizkuntzak eta kulturak espainol nortasunaren parte eta Espainiaren aberastasun gisa ­kokatzeko ikuspegi bat egon bazen ere, separatismoaren aurkako gurutzada bortitzaren testuinguruan, propaganda eta debekuen bidez, gaztelania ez beste hizkuntzen aurkako hizkuntza-politika bortitza aurrera eraman zuen frankismoak.

1950az geroztik egondako hizkuntza-politiken aldaketa pragmatismo politikoaren testuinguruan ulertu beharra dago, kanpo legitimazio, oposizioarekiko kalkulu, kudeaketa sozial, eta tokiko eliteekiko paktuari lotuta; baina, batez ere, hizkuntzen zapalkuntza politizaziorako aukera bihur zedin ekiditea zuten helburu, beste borrokekin bateratu ez zedin erregimen aldaketa integral baten alde

1950eko hamarkadatik aurrera, ordea, ­hizkuntza politikan aldaketa bat ageri da. Era mugatu eta kontrolatuan, eta interes zientifiko, erlijioso edo folkloriko hutsari lotuta, tokiko hizkuntzetako argitalpen eta ekimen batzuk baimentzen hasi ziren. Hori pragmatismo politikoaren testuinguruan ulertu beharra dago, kanpo legitimazio, oposizioarekiko kalkulu, kudeaketa sozial, eta tokiko eliteekiko paktuari lotuta; baina, batez ere, hizkuntzen ­zapalkuntza politizaziorako aukera bihur zedin ekiditea zuten helburu, beste borrokekin bateratu ez zedin erregimen aldaketa integral baten alde.

EZ DAGO IRUZKINIK