ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2025/12/01

Botere jakin baten kontsolidazioak eta esklerotizazioak nahitaez behar du kanpo-etsai artifizioso baten sorrera, neurri handiagoan edo txikiagoan. Halaxe ikusi dugu, esaterako, porrot egin duten edo aurrera egin ezinik gelditu diren prozesu iraultzaileetan: etsai inperialistaren identifikaziora jo dute, barne kontraesanen gaineko autokritika saihesteko bitarteko gisa, kontraesan horiek identifikatu beharrean errealitate inperialistari modu intrintsekoan lotuta dauden elementu gisa, haren barne adierazpen gisa.

Eta joera hori bereziki ikusten dugu burgesiaren botere kapitalista kontsolidatzeko prozesu erreakzionarioetan; izan ere, hura krisian erori eta deskonposatu heinean, ezinbesteko zaio pagaburu bat eraikitzea bere filak unifikatu eta bere boterea gotortzeko. XX. mendearen ezaugarri nagusietako bat , hortaz, polarizazio sozialean datza; lehenik eta behin, arraza-polarizazioan, Mundu Gerraren testuinguruan, eta gerora, gerraostean, bi potentziaren arteko polarizazio politikoan, zeinek jada ez zuten proposamen zibilizatorio antagonikorik aurkezten, baizik eta kapitalismo globalaren kontrapisu-elementu gisa aurkezten ziren, botereari eta mundu mailako egonkortasunari begira.

XX. mendearen ezaugarri nagusietako bat , hortaz, polarizazio sozialean datza; lehenik eta behin, arraza-polarizazioan, Mundu Gerraren testuinguruan, eta gerora, gerraostean, bi potentziaren arteko polarizazio politikoan, zeinek jada ez zuten proposamen zibilizatorio antagonikorik aurkezten

Ohikoak dira arrazakeriak langile klasearen baitan duen funtzio desintegratzaileari buruzko analisiak, baita gure jarduera politikoaren esparruan ere. Alabaina, horrekin batera komenigarria da azpimarratzea arrazakeriak zer rol betetzen duen subjektu kapitalista, burgesia eta haren inguruan pibotatzen duten klase dirudunetako estratu guztiak unifikatzeko. Krisi kapitalista garaikidean, arrazakeria klase burgesak darabilen estrategia politiko, ideologiko eta kulturala da, helburu izanik bere boterea eraiki eta gotortzea; ez da prozesu sozialaren hondar soila, baizik eta prozesu horren adierazpen kontzientea, haren aurrelaria, eta Europako bloke inperialistako krisi kapitalistan aurkitzen du bere funts soziala.

Krisi kapitalista garaikidean, arrazakeria klase burgesak darabilen estrategia politiko, ideologiko eta kulturala da, helburu izanik bere boterea eraiki eta gotortzea; ez da prozesu sozialaren hondar soila, baizik eta prozesu horren adierazpen kontzientea, haren aurrelaria

Klase burgesaren subjektu erreakzionario eta faxistaren kontsolidazioak kanpo-etsai baten artikulazioan aurkitzen du bere funtsa. Ondorioz, migrazio krisia, milioika gizakiren lekualdatze behartua, ez dira ikusten gizarte kapitalistaren eta gure errealitate sozialaren berezko arazo gisa; aitzitik, kapitalaren dinamika globaletik kanpo dauden herrialdeen esportaziotzat jotzen dira. Hala, nahiz eta kasurik onenetan zenbait erreakzionario gai diren migrazioa arazo kapitalista gisa identifikatzeko, ez dute kapitalismoaren dinamikari berezko zaion arazo gisa identifikatzen, baizik eta kapitalistek beren onurarako sorturiko kanpoko arazo gisa. Era horretan, zentro inperialistan, migrazioa kapitalaren interesen onurarako sortuko litzateke, eta posizio antikapitalista bat izateak migratzaileei ateak ixtea esan nahiko luke.

Analisi hori, ordea, sakonki arazotsua da. Baliteke kapitalisten sektore jakin batzuek eskulan merkea inportatzeko interesa izatea —aldizkari honen aurreko zenbaki batean aipatu genuen eran, a priori ideia hori gatazkatsua eta arrazista da, migratzaileak naturaz eskulan merkeagotzat jotzen baititu eta, ondorioz, baztertu egiten da haiek zentro inperialistako borroka sozial eta politikoetan integratzea—; alabaina, hori ez da kapitalisten interes orokorra, sobera dagoen eskulan asko izateak kapitalari gastu handiagoa baitakarkio, eta, ondorioz, ezin da poltika burgesaren eta haren mundu ideologiko eta kulturalaren funtsezko elementutzat jo. Guztiz kontrara, burgesiaren interes nagusia bere botere ekonomikoa kontsolidatzea da, eta horretarako eskulan merkea modu subordinatuan erakarri behar du, bai eta bere botere politikoa kontsolidatzea ere, horretarako subjektu kultural erreakzionario bat eratuta; subjektu horrek bi esferotan irmotuko du burgesiaren boterea: esfera ekonomikoan, eskulanaren kostua merkatzea ahalbidetzen duelako, eta esfera politikoan, subjektu sozial zabala eratzen duelako, geruza erreakzionario handiak integratuta, burgesiaren boterearen zilegiztatzaile.

Burgesiaren interes nagusia bere botere ekonomikoa kontsolidatzea da, eta horretarako eskulan merkea modu subordinatuan erakarri behar du, bai eta bere botere politikoa kontsolidatzea ere, horretarako subjektu kultural erreakzionario bat eratuta, zeinak burgesiaren boterea irmotuko duen

Hala, arrazakeriak, politika antikapitalistaz mozorrotuta, gizarte kapitalista kontsolidatzeko funtzioa betetzen du, ez soilik modu negatiboan, hau da, proletariotzaren klase batasuna suntsituta, baizik eta baita modu positiboan ere, lehen elementu kontzientea baita politika burgesa gizartean errotuta dagoen eta botere sozial handia duen politika izan dadin; alegia, erreakzioaren aurrelaria da arrazakeria.

Hona hemen adibide bat, horren erakusgarri: II. Mundu Gerran, mundu mailako krisialdi betean, “juduen arazoak” Europako potentzia kapitalista guztiak kezkatzen zituen. Juduen kanporatzeak eta haien kontrako politika arrazistak ezarri ziren hainbat herrialde europarretan. Zalantzarik gabe, maila sozialean, juduak pagaburu ziren, Europako burgesiek beren boterea gotortu ahal izateko —maila politikoan komunismoarekin gertatzen zen hein berean—. Subjektu burges erreakzionarioaren bateratzeak, gerraren eta suntsiketaren bitartez modu gatazkatsuan gauzatu zenak, funtsezko elementutzat izan zituen arraza-gorrotoa eta juduen sarraskia, era horretako politikak modu kontziente eta orokortuan ageri zirelarik nazismoaren estrategia politikoan. Europako masa zabalek nazismoa babestu bazuten, hori izan zen, besteak beste, krisi kapitalistari erantzun bat ematen asmatu zuelako, potentzia bakoitzaren barne arazoak juduen bizkar utziz eta, komeni zenaren arabera, juduak orain kapitalista eta aberats gisa aurkeztuz, orain komunistatzat akusatuz.

Elementu kontingente bat edo burutik gaixo zeudenei egotzi beharreko elementu bat izatetik haratago, juduen sarraskiak burgesiaren boterea gotortzeari subordinatutako funtzio bat betetzen zuen, eta nazismoa gizartean zilegiztatzea ahalbidetu zuen. Gaur egun ere, arrazismoak, antikapitalista itxura hartzen duenak ere, burgesiari aukera ematen dio ez soilik eskulana inportatzeko, baizik eta baita eskulan hori merkea dela bermatzeko eta, gainera, klase ertainaren erreakzio itxuraz antikapitalista hauspotzeko ere, nahiz eta erreakzio horrek ez duen kapitalisten boterea indartu besterik egiten.

EZ DAGO IRUZKINIK