ARGAZKIA / Amaiur Ruiz
Leire Andino
2025/11/05

Espainiako XX. mendearen lehen erdia gatazka sozial eta politiko sakonez markatuta egon zen, eta 1936ko uztai­leko altxamendu militarrak inflexio puntua ekarri zuen. II. Errepublikaren aurkako kolpeak ez zuen soilik botere politikoaren aldaketa inposatu; gizartearen egitura ekonomiko eta soziala bortizki berregituratu zuen, bereziki langile klasearen antolaketa historikoa oztopatzeko helburuarekin. Espainiako Gerra Zibila (1936–1939) gatazka sozial eta politiko horien muturreko adierazpena izan zen, eta haren ondorengo garaipena erregimen autoritario berri baten oinarria bihurtu zen. Francoren diktadurak “obedientzia, lan-diziplina eta nazioaren batasuna” printzipioetan oinarritutako ordena ezarri zuen, non Estatua militarrek, Elizak eta enpresariek osatutako aliantzan finkatu zen. Horren bidez artikulatu zen gizartearen kontrol politiko eta ekonomikoa, eta langile klasearen antolaketa independente oro desagerrarazi zen, lanaren esfera osoa Estatuaren menpe geratu baitzen. 

II. Errepublikaren aurkako kolpeak ez zuen soilik botere politikoaren aldaketa inposatu; gizartearen egitura ekonomiko eta soziala bortizki berregituratu zuen, bereziki langile klasearen antolaketa historikoa oztopatzeko helburuarekin

Testuinguru horretan, frankismoaren lehen hamarkadak funtzio ekonomiko propioa izan zuen: gerraosteko suntsipen egoeran kapitala berreraikitzeko eta merkatu nazional egonkortua antola­tzeko baldintzak sortzea. Gerraosteko autarkia ez zen isolamendu ekonomiko hutsa; Estatuaren kontrol zorrotza ezarri zen ekoizpenean, prezioetan eta ­banaketan, eta horrek ahalbidetu zuen sektore ekonomiko jakin batzuk berrindartzea, batez ere oligarkia tradizionalarekin eta Erregimenarekiko fideltasuna erakutsi zuten taldeekin lotutako enpresen kasuan. Soldaten izoztea, errazionamendua eta lan-eskubideen murrizketa erabakigarriak izan ziren ekoizpenaren berreraiketa lehenesteko eta kapital pilaketa bizkortzeko, langileen bizi-baldintzak sistematikoki okertzen ziren bitartean.

Errepresioak funtzio ekonomiko garbia izan zuen lehen fase horretan: lan esparruen edo bortxazko lanen erabilera masiboak eta sindikatu autonomoen deuseztatzeak lan-indar merke eta diziplinatua sortu zuten. Estatuaren eta enpresa pribatuen arteko harreman estuak indartu ziren: greben debekua, lan-gatazken kriminalizazioa eta kontrol polizial iraunkorra ezinbesteko tresna izan ziren lan-diziplina zorrotza ezartzeko eta industria zein azpiegitura estrategikoak berreraikitzeko.

Azken batean, erregimen frankista kapitalaren metaketa egonkortzeko eta merkatu nazional modernizatua antolatzeko egitura autoritario eraginkorra izan zen. Diktadurak lan-indar diziplinatua, Estatuaren interbentzio zuzendua eta oposizio politikoaren kontrol zorrotza uztartu zituen. Horrek asko erraztu zuen ondorengo hamarkadetan garatuko zen eredu ekonomiko kapitalistaren oinarrizko egitura sendotzea. Hurrengo lerroetan, beraz, kapitalismoaren modernizazio eta finkapenerako emandako aldaketa ekonomiko nagusietan zentratuko gara bereziki eta, horretarako, hamarkadaz hamarkada jazo ziren aldaketa nagusiak aletuko ditugu. 

Erregimen frankista kapitalaren metaketa egonkortzeko eta merkatu nazional modernizatua antolatzeko egitura autoritario eraginkorra izan zen. Diktadurak lan-indar diziplinatua, Estatuaren interbentzio zuzendua eta oposizio politikoaren kontrol zorrotza uztartu zituen.

Gerra garaian, 1936 eta 1939 artean, Espainiako ekoizpen nazionala %30 baino gehiago jaitsi zen, eta industria astuna zein nekazaritza izan ziren kaltetu nagusiak. Milaka langile lanik gabe geratu ziren, eta beste askok erbesterako bidea hartu zuten. Altxatuen bandoan, 1937tik aurrera batasuna nagusi izan zen. Francoren figura indartuta eta Falange Española y de las JONS inspirazio nazi-faxistako partiduaren oinarrietatik abiatuta. Interbentzionismo ekonomikoaren maila altua izan zen gerra irabazteko beharrezkoak ziren baliabideen kudeaketan; horrek gerra inflazio handirik gabe finantzatzea ahalbidetu zuen. Kontrara, alde errepublikazalean gerra finantzatzeko gehiegizko diru-jaulkitzearen ondorioz, prezioak asko igo ziren, eta pezetaren balioak galera handia izan zuen (estatu berean, balio ezberdineko bi pezeta egon ziren urte haietan merkatuan). 

Gerran azpiegitura publikoen zati handi bat —trenbideak, portuak eta lantegiak— suntsituta geratu ziren, eta herrialdea hondamendi ekonomikoan murgildu zen. Gosea, inflazioa eta oinarrizko baliabideen eskasia bihurtu ziren eguneroko errealitate. Alderdi faxistak, enpresari eta lur-jabe handiekin batera, aurreko garaietako langile klase antolatuaren lorpenak deuseztatzea izan zuen helburu (desjabetutako lurren eta enpresen itzulera aurreko jabeei, kolektibizazio ekintzetan parte hartu zuten langileen aurkako errepresioa, lan eskubideen deuseztapenak…).

Gerra garaian eta haren ostean, errepresio ekonomikoa gizartearen kontrolerako tresna eraginkorra bihurtu zen: “depurazio ekonomikoak” sistematikoki ezarri ziren enpresetan, eta “susmagarri politiko” izate hutsagatik lanpostuak galtzea ohiko bihurtu zen. 

Autarkiaren politikak ez zuen hazkunde ekonomikoa bilatzen, botere-egitura berri baten ­eraikuntza baizik. Erregimena Gerra Zibileko krisi ekonomiko eta sozialaz baliatu zen merkatu nazional itxi bat sortzeko. Kanpoko lehiarik gabe, kapital pribatu espainiarrak, ahulduta zegoen arren, berriz ere boterea pilatzeko aukera izan zuen. Autarkia, funtsean, kapital metaketa berraktibatzeko babesleku izan zen.

Baina politika itxi hark beste funtzio bat ere izan zuen: frankisten barne aliantzak kohesionatzea. Armadak, lur-jabe handiek, industria oligarkikoek eta Falangeak autarkian aurkitu zuten interesak lerrokatzeko esparrua. Nekazaritzak prezio babestuak izan zituen, industriak merkatu segurua, eta estatu aparatuak kontrol osoa. Ekonomia, beraz, botere bloke berriaren eraikuntza-tresna bihurtu zen. Langile klasearen diziplinamendu zorrotzak osatu zuen birkokapen hori. Gerra Zibilaren ondoren sindikatuak desegin, soldatak mugatu eta lan merkatuaren militarizazioa ezarri zen. Lan indar merkea eta kontrolatua izan zen kapitalismo frankistaren berreraikuntzaren oinarri nagusietako bat. Horrela ezarri ziren gerora hazkunde miragarriaren oinarriak.

Pobrezia eta gabezia “sakrifizio nazional” gisa aurkeztu zituen erregimen frankistak, eta diskurtso horrek eguneroko miseria zilegiztatu zuen

Eta, bitartean, pobrezia eta gabezia “sakrifizio nazional” gisa aurkeztu zituen erregimen frankistak, eta diskurtso horrek eguneroko miseria zilegiztatu zuen. Herrialdearen sufrimendua ez zen politika baten porrot moduan adierazten, baizik eta etorkizun oparo baten prezio gisa.

695feb8bce990.Taula.png

Horrela ulertuta, autarkia ez da modernizazioaren aurkako parentesi bat, baizik eta frankismoak modernizazioa prestatzeko behar izan zuen funtsezko aurrefasea. 1959ko irekiera ekonomikoa ez zen hutsetik sortuko: autarkiak eraiki zituen kapitalaren egitura berriak, botere bloke egonkortua, lan merkatuko diziplina eta nazioaren izenean ekonomia zentralizatzeko logika. Gerora etorriko zen modernizazioa autarkiaren azpiegitura sozial eta politikorik gabe ezinezkoa zatekeen.

Bizitzaren zirrikitu guztietan esku hartzeko gaitasuna garatzea zuen helburu Estatuak. Eta interbentzionismo hori modu askotan garatu zen, lanaren kontrola eta errepresioa izanik zutarri garrantzitsuenetarikoak. 1938an, Gerra Zibila amaitu aurretik, Lanaren Forua onartu zen, erregimen frankistaren lan araubidearen oinarria bihurtuko zena. Foruaren arabera, greba egitea debekatua zegoen, negoziazio kolektiborik ez zen onartzen, eta sindikatu guztiak Falange Española Tradicionalista y de las JONS alderdi bakarrari lotutako sindikatu bertikalean integratu ziren. Teorian, “langile eta enpresariaren arteko elkartasuna” zen helburua; praktikan, kontrol sozial eta politikorako mekanismo zentralizatua izan zen sindikatu hori. Boterea enpresaburuen eta funtzionario frankisten esku geratu zen, eta langileek ez zuten ordezkaritza errealik. Soldatak “oinarrizko soldata” izeneko gutxieneko kopurura mugatu ziren, eta ordainsari txiki horiek “aberriaren aldeko sakrifizioaren” diskurtso moralaren bidez justifikatu ziren. Enpresariak eta langileak erakunde berean nahastuta, “familia bat” zen enpresaren barruan langileek ez zuten ordezkaritza kolektibo bat izateko eskubiderik eta, hala, langileen esplotazioari alfonbra gorria ezarri zitzaion.

Enpresariak eta langileak erakunde berean nahastuta (sindikatu bertikalean, alegia), “familia bat” zen enpresaren barruan langileek ez zuten ordezkaritza kolektibo bat izateko eskubiderik eta, hala, langileen esplotazioari alfonbra gorria ezarri zitzaion

Autarkia garaian, merkatu beltzak edo estraperloak hartu zuen ekonomiaren oinarri ezkutua. Estatuaren kontrol mekanismoetatik kanpo, auzoko eta senideen arteko sare informalek ahalbidetu zuten biziraupena, eta truke sareen bitartez komunitatearen egonkortasuna bermatu zen. Horrelako sareak, legez kanpokoak izan arren, biziraupenaren giltza izan ziren, eta askotan emakumeek osatu zituzten. Era horretako jarduerekiko tolerantzia egon zen; hainbat funtzionarioren konplizitatearekin egiten zen, hein batean errentagarria zelako, besteak beste, behar beharrezko kontsumo produktuekin (gariarekin, esaterako, garai horretan merkaturagarria zen gariaren %50 estraperlora bideratu zela kalkulatzen baita) merkataritzan ibiltzen zirenentzat. 

Bestalde, preso politikoen bortxazko lana Erregimenaren berreraikuntza ekonomikoaren tresna nagusi bihurtu zen: 1940ko hamarkadaren erdialdean 100.000 preso baino gehiago aritu ziren bortxazko lanetan, ia soldatarik gabe eta baldintza inhumanoetan. Francoren Gobernuak “zigorraren ordain” gisa aurkeztu zituen lan horiek, baina praktikan lan esklaboaren forma sistematikoa ziren. Lan horretaz baliatu ziren, besteak beste, Estatua eta enpresariak, ia doako lan indarra eskuratzeko.

Frankismoaren lehen urteetan emakumeen posizio soziala errotik aldatu zen. II. Errepublikan lortutako eskubide politiko eta ekonomikoak ezabatu ziren, eta emakumea “ama eta emazte eredugarri” gisa definitu zen. Lan merkatura sartzea ez zen onartzen, eta etxea bihurtu zen haien jarduera-esparru nagusia. Hala ere, pobrezia orokorrak emakume asko lanera behartu zituen, bereziki merkatu beltzean, familia askoren biziraupena ­bermatzeko bide bakarra baitzen. Eliza katolikoak legitimatu zuen moraltasun sistema hori, ­obedientzia, apaltasuna eta isiltasuna balio nagusi gisa ezarriz. Hezkuntza eta komunikabideak zentsuraren bidez kontrolatu ziren, eta emakumeen autonomia ekonomikoa guztiz mugatu zen.

Estatuaren jardunbidearen elementu nagusietako bat ekonomian izan zuen parte hartze zuzena izan zen. Estatua enpresari handi bihurtu zen.

Estatuaren jardunbidearen elementu nagusietako bat ekonomian izan zuen parte hartze zuzena izan zen. Estatua enpresari handi bihurtu zen. Enpresa publikoak aurretik existitzen baziren ere, garai horretan garrantzi handia hartu zuten, eta ikur nagusienetariko bat 1941ean sortu zen ­Instituto Nacional de Industria (INI) izan zen. Italiako ereduari (Istituto per la Ricostruzione Industriale) jarraituz, Estatuak bere gain hartu zituen industria estrategikoak –siderurgia, armagintza, trenbideak eta energia–, autarkia sendotzeko asmoz. Helburua “independentzia ekonomikoa” lor­tzea zen, baina proiektu gehienak errentagarritasunik gabeak izan ziren. Lan baldintzak gogorrak eta soldatak baxuak izan ziren, eta Estatuaren menpeko enpleguak diziplina eta kontrol sozialaren ikur bihurtu ziren. Produktibitatea txikia zen, eta ustelkeria zabala, eta Espainiak, isolamendu diplomatikoan, ez zuen nazioarteko dirulaguntzarik jaso­tzen. Frankismoaren lehen urteetan, aurrekontuen %40 interes militarretara bideratu zen. 1940ko hamarkadan INIk eratutako enpresa gehienek Espainiaren autonomia militarra eta energetikoa ziurtatzeko helburua zuten (itsasontziak, erregaiak…) Modernizazio teknologikoa atzeratu zen, industria astunaren aldeko apustu zalantzagarriak egin ziren eta haietako asko hamarraldi horretan ez ziren errentagarriak izan. Adibide xume bat jartzearren, arbeletik petroleoaren ordezko bat lortzeko neurrigabeko gastua egin zuten, ondoren bertan behera utzi behar izan zena, eta horrela, etengabeko apustu antzuen adibide zerrenda luzea egin genezake.

Politika horrek oinarrizko ondasunen ekoizpe­na baztertzea ekarri zuen eta herrialdeak pobrezian murgilduta jarraitu zuen. Edonola ere, ­interbentzionismoa ez zen hor amaitzen; izan ere, hainbat legeren bidez, industriako hainbat sektore interes militarraren arabera klasifikatzen ziren. Hala, “babesa” eskaintzearen truke, hau da, ­laguntza, fabore eta pribilegiozko tratuaren truke, Estatuak industria sektore estrategikoen gaineko kontrol handiagoa eskuratu zuen.

Hala, politika interbentzionistaren pean, “babesa” eskaintzearen truke, hau da, laguntza, fabore eta pribilegiozko tratuaren truke, Estatuak industria sektore estrategikoen gaineko kontrol handiagoa eskuratu zuen 

Logika horrek langileen oinarrizko beharrizanak baztertzea zekarren: ez ziren lehenesten ez nekazaritzako produktuak (elikagai nagusien eta xaboiaren errazionamendu kartillak baldintzatuta), ez kontsumo ondasunak, ez lehengaiak, ezta energia ere. Bereziki azpimarragarria da elektrizitatearen kasua, industriarako energia merkea bermatzeko helburuarekin, elektrizitatearen prezioa tasatu zuen Estatuak. Erreakzio gisa, XXI. mendeko elektrizitate konpainien jarreratik ez oso urrun, orduko elektrizitate konpainiek inbertsioa murriztu edo gelditu egin zuten. Guztien beharrak asetzetik urrun, 1944tik aurrera eta 1950eko hamarkadaren erdialdera arte, elektrizitate etendurak oso ohikoak bihurtu ziren.

Elikadurari dagokionez, azpielikaduraz hitz egin beharko genuke. Espainiako nekazaritzak ez zuen biztanleria osoa ondo elikatzeko gaitasunik: kalitate eskaseko elikagaiak, gosea eta horiekin lotutako gaixotasunak ugaritu egin ziren. Historialari ekonomikoen artean zerealaren ekoizpena aztertu da nagusiki, gosete garaian oinarrizko elikagai ­bihurtu baitzen. Estatuak, Servicio Nacional del Trigo delakoarekin (SNT, 1937an sortua), merkatua interbenitu eta hainbat neurri jarri zituen martxan: gariaren prezioa tasatu zuen eta merkaturatu zitekeen zereal guztia erosten hasi zen, gero berak saltzeko irin fabrikei. Neurri horien isla izan zen ogi beltzaren fenomenoa, hau da, kalitate txarrekoa, interbentzio maila altuaren aurrean ogi zuria egiteko irina merkatu beltzerako gordetzen baitzen. Beranduago, SNTek garitik haratago beste produktu batzuen erosketa monopolizatzeko jauzia egin zuen, merkatua orokorrean kontrolatzeko.

Nekazaritzan egindako inbertsioa hutsaren hurrena izan zen. Urtegien eraikuntzen hasieraz hitz egin genezake, baina oraindik ez zeuden martxan eta ez zen beste neurri eraginkorrik hartu. Lur-jabeak ere nekazarien soldata baxuez probestu ziren, lurrak berreskuratu zituzten askok ordurarteko maizterrak bota eta jornalariak kontratatu zituzten, eta ez zuten mekanizazio, ongarri edo bestelako aurrerapenetan inbertitu; produktibitatea maldan behera zihoan. 

Gobernu frankistak bideak ireki zizkion klase ertainaren aberaste progresibo bati: lurren berreskurapena, prezioen egonkortzea eta estraperloa erabiltzeko aukera. Aliantza horretatik indartu ziren iparraldeko jabe txiki zein landa enpresari handiak. Alabaina, irabazi horiek ez ziren musutruk, Estatuak probetxua ateratzen zuen; izan ere, irabazi horiek landako aurrezki kutxetara bideratzera behartzen zituen, eta aurrezki horiek inbertsio industrialaren finantziazio izan ziren hurrengo hamarkadan. 

Estatuaren gastuaren hazkundea, hasieran, barne-zorra handitzearen kontura egin zen eta, ondoren, inflazioaren bitartez (besteak beste, bankuei Estatuaren zorra erostea ahalbidetu zieten, eta ondoren horiek zor hori Espainiako Bankuan diru likidoagatik aldatzen zuten; horrek, noski, inflazioa are eta gehiago handitu zuen). Autarkia-garaia autarkia errealetik urrun gelditu zen. Estatua sorgin-gurpilean murgildu zen eta, ironikoki, politika ekonomikoak aurrera eramateko finantzazio ezintasuna izan zen porrotaren oinarrietako bat.

Autarkia-garaia autarkia errealetik urrun gelditu zen. Estatua sorgin-gurpilean murgildu zen eta, ironikoki, politika ekonomikoak aurrera eramateko finantzazio ezintasuna izan zen porrotaren oinarrietako bat.

1950. hamarkada hasieran, Bigarren Mundu Gerraren ondoren eta NATOren sorreratik urtebetera, mundua bi bloke politiko-ideologikotan banatuta zegoen eta Espainiak egoki bilatu zuen testuinguru berri horretan bere tokia. Herrialde nazi eta faxisten lagun izatetik, antikomunismoaren babestoki izatera igaro zen, eta Estatu Batuek begi onez ikusi zuten bilakaera hori. Hala iritsi zen “Madrilgo Itunak” deritzona, Espainia eta Estatu Batuen arteko akordioa, alegia. Espainian base militar egonkorrak ezartzearen truke, Estatu Batuek dirulagun­tzak eman zizkion Espainiari, 500 milio dolar baino ­gehiago, eta dirulaguntza horiek hurrrengo urteetan ere jarraitu zuten, 1959. urtera arte. Dirulaguntza horiek baliagarriak izan ziren autarkia garaitik Estatuak arrastaka zeraman atzeraldiari aurre egiteko, teknologia berria, lehengai estrategikoak edota makineria inportatzeko erabili baitzen diru hori. Itomenari aurre egin eta berreskurapen ekonomikoari ekin zitzaion 1959. urteko Egonkortze Planaren bitartez.

Politika ekonomiko autarkiko eta interbentzionista mantendu bazen ere, kontrola arindu egin zuen Estatuak. Irekiera erlatibo hori nekazaritzan adierazgarria izan zen, SNTek hainbat produkturen kontrola izateari utzi baitzion, eta horrek hein batean zerealen ekoizpena handitzea bultzatu zuen. Hamarkada horretako ureztatze politikak garrantzitsuak izan ziren nekazaritzarako. Apustu nagusiena urtegien eraikuntza izan zen; ohiko irudi bilakatu zen Franco horietako bat inaugura­tzen ikustea. Urtegien edukiera 3.600 milioi m³-koa izatetik (1940), 36.900 milioi m³-koa izatera igaro zen (1970), eta gehienak 1950. hamarkadatik aurrera eraiki ziren. Nekazaritzaren berreskurapenak azpielikaduratik ateratzeko baldintzak ezarri zituen poliki-poliki. Errazionamenduarekin bukatu zen, eta elikadura eta elektrizitate kontsumoaren gaineko kontrolak ahultzen joan ziren (kontuan hartu kartillapean egon zirela 1950. hamarkada hasieran oraindik hornigai nagusiak, ogia, esaterako). Lur-jabeentzat, 1950eko hamarraldia nekazaritza tradizionalaren urrezko aroa izan zela defendatzen dute zenbait historialarik: gizarte bake inposatua, Estatuaren protekzionismoa zerealgintzan, eta mekanizazioaren eta ongarrien erabileraren normalizazioa izan zituzten eskura. Eta nekazarien soldata baxu mantenduz, nekazaritza-sektorea errentagarriagoa bilakatu zen.

Hala eta guztiz ere, autarkia garaiko politiken ondorioz, industria Espainiako sektore nagusia bilakatu zen nekazaritzaren gainetik. 1950eko hamarraldian, INIk bere hasierako militarismoa alde batera utzi bazuen ere, energiaren sektorean kon­tzentratu zuen jarduna, batez ere hidrokarburoetan (Encaso, Repesa) eta elektrizitatean (Endesa, ENHER), energia-hornikuntzako arazoak arintzeko. Aldi berean, sektore metalurgikoa handitu zuen (Ensidesa sortuz) eta autogintzaren industria bul­tzatu (Seat, ENASA). Espainiako industrializazioa “heldutasunaren” atarian gelditu zen, kontsumo- eta ekipo-ondasunen sektoreen arteko oreka gertu batean. Inportazioa ordezteko helburuarekin aurrera eramandako industrializazio ereduaren adibidea zen. 

Estatua gastua handitzen hasi zen halaber, ekonomiara eta alor sozialera bideratzeko, oraindik miseria nagusi zen arren. Muturreko bizi baldintzen adibide ziren garai hartan hirien inguruan hazten joan ziren etxebizitza arazoak eta txabolismoaren fenomenoa. 1939 eta 1954 artean, Espainian etxebizitza sozialen eraikuntza oso txikia izan zen. Estatuko erakunde nagusia zen Obra Sindical del Hogar-ek (OSH) apenas eraiki zituen 10.000 etxebizitza Espainia osoan; hori, beharrizanen aldean, kopuru hutsala da.

Bien bitartean, hirietako populazioa azkar hazten ari zen. 1940 eta 1960 artean Espainiako biztanleria zazpi milioi pertsonatan handitu zen, eta, aldi berean, lau milioitik gora pertsonak landa-eremua utzi zuten hirietara joateko. Etxebizitza- eta ­hiri-planifikaziorik ez egoteak txabolismoa bihurtu zuen familia askoren “larrialdi-irtenbidea”.

Landa-eremutik hirietarako exodoaren aurrean etxebizitza- eta hiri-planifikaziorik ez egoteak txabolismoa bihurtu zuen familia askoren “larrialdi-irtenbidea”

1950eko eta 1960ko hamarkadetako landa-exodoa XX. mendean Espainian gertatutako prozesu sozial handienetako bat izan zen. 1950 eta 1975 artean, sei milioitik gora pertsonak probintziaz aldatu zuten lana bilatzeko. Aldi horretan, industria-hiriek inoizko hazkunderik handienak bizi izan zituzten: Bilbo, esaterako, 1940an 195.000 biztanle izatetik 1970ean 410.000tik gora izatera izatera igaro zen (hiri-nukleoa kontuan hartuta), eta Bilbo Handiak 750.000 biztanle baino gehiago izan zituen. Hazkunde hori, ordea, askoz handiagoa izan zen etxebizitza erregulatuaren eraikuntza-gaitasuna baino.

Estatuak txabolismoa baimendu zuen, funtzio ekonomiko garrantzitsua betetzen zuelako, industrietatik gertu lan indar merkea bermatzen baitzen. Bilboren adibidearekin jarraituz, 1957an 7.200 txabola zeuden gutxienez.

1950eko hamarkadaren amaiera mugarri izan zen frankismoaren historian. Hamarkada luzeko isolamendu eta autarkia politiken emaitzak agerian utzita, Erregimenak ezinbestean onartu behar izan zuen bere eredua agortuta zegoela: inflazio altuak, ekoizpen eskasak eta baliabide ekonomikoen urritasunak erakutsi zuten sistema itxian aldaketak egin behar zirela. Espainiako ekonomiaren aldaketa ezinbestekoa zen, eta nazioarteko testuinguru berriak —Gerra Hotzaren dinamika, Estatu Batuen interes estrategikoa eta nazioarteko merkatuen irekiera progresiboa— aukera berri baten atea ireki zion Erregimenari. Hala, hazkunde ekonomikoak oraindik zituen mugak eta barne tentsioen presioak (miseria orokortua zen eta gizarte gatazkak azaleratzen hasi ziren: 1951 eta 1956ko grebak, ETAren sorrera, ikasle mugimenduak…) kontuan hartuta, erabaki zuten politika ekonomikoa aldatzea eta liberalizazio prozesu baten bidez sistema egonkor­tzen saiatzea.

Egonkortze Planaren sorrerak markatu zuen norabide berria. Helburua argia zen: autarkia ekonomikoaren porrotari aurre egitea eta Espainia atzerriko kapital eta merkatuetara irekitzea, kontrol politikoa galdu gabe. Horretarako, Erregimenak teknokraten talde bati eman zion ardura ekonomikoa; gehienak Opus Deiko kideak ziren, eta haien ikuspegia merkatuaren eraginkortasuna eta moral katolikoa uztartzeko saiakeran ­oinarritu zen. ­Francok, oraindik botere osoa mantenduta, eguneroko kudeaketa teknokraten esku utzi zuen, eta teknokrata horiek liberalizazio ekonomikoaren lehen faseak bideratu zituzten. Egonkortze Planak hiru zutabe nagusi izan zituen: moneta egonkortzea, gastu publikoa murriztea eta atzerriko inbertsioa sustatzea. 1960tik aurrera, ekonomiak hazkunde azkarra izan zuen, barne produktu gordina urte askoan %7 inguruan hazi baitzen. Herrialdea modernizazio prozesu batean murgildu zen eta soldata baxuek bere horretan jarraitzeak, lan diziplina zorrotzagoek eta sindikatu askatasunik ezak osatu zuten “mirari ekonomikoaren” oinarria. Plana Nazioarteko Diru Funtsaren eta Ekonomia Lankide­tzarako Europako Erakundearen gomendioarekin egin zen, eta ondoren laguntza gehienak haien eskutik eta AEBko banka pribatutik jaso ziren.

Industrializazio bizkor horrek aldaketa sozial sakonak ekarri zituen. Automobilgintza, siderurgia eta eraikuntzaren sektoreek izan zuten hazkunderik handiena, eta milaka langilek aurkitu zuten bertan lana. Aldi berean, landa-eremuetako pobreziak eta nekazaritzaren mekanizazioak milioika pertsona hirietara emigratzera bultzatu zituen. Espainiako barne-migrazioak dimentsio erraldoia hartu zuen: 1950 eta 1975 artean zazpi milioi pertsona inguruk landatik hirira egin zuten salto, eta horrek hiri-egitura erabat aldatu zuen. Landa-gizarte tradizionala desegin egin zen, eta hiri industrializatuetan klase ertain berri bat agertu zen, langile masa zabal baten esplotazioaren kontura. Auzo berri proletarioak sortu ziren, azpiegitura eskas eta bizi-baldintza zailak zituztenak, baina bertan eraiki ziren langile antolakuntza berpizteko aukerak.

Landa-gizarte tradizionala desegin egin zen, eta hiri industrializatuetan klase ertain berri bat agertu zen, langile masa zabal baten esplotazioaren kontura. Auzo berri proletarioak sortu ziren, azpiegitura eskas eta bizi-baldintza zailak zituztenak, baina bertan eraiki ziren langile antolakuntza berpizteko aukerak.

1950eko hamarkadaren amaieran, Gasteiz bihurtu zen industrializazio berriaren esperimentu paradigmatikoa. Arabako Garapen Industrialerako Plana (1957) izeneko ekimenak ez zuen garapen ekonomikoaren ikuspegitik berrikuntza handirik ekarri, baina frankismoaren egitura ekonomikoaren erreprodukzio zehatza izan zen. 

Gamarra, Ali eta Betoño inguruko industrialdeak ez ziren merkatuaren dinamika naturalaren ondorioz sortu; Estatuaren eta banku pribatuen arteko sare korporatiboaren emaitza izan ziren, tokiko elite ekonomiko eta erlijiosoen babespean. Goi burgesiak, elizgizon garrantzitsuek eta udal agintari frankistek osatzen zuten interesen aliantza horrek industriaren garapena baldintzatu zuen eta, modernizazioaren diskurtsoaren atzean, klientelismoa eta ustelkeria eguneroko praktika bihurtu ziren. Enpresa askok –Michelin, MEVOSA, Forjas Alavesas– lur merkeak eta zerga salbuespenak lortu zituzten kontaktu pertsonal eta politikoen bidez.

Gamarra, Ali eta Betoño inguruko industrialdeak ez ziren merkatuaren dinamika naturalaren ondorioz sortu; Estatuaren eta banku pribatuen arteko sare korporatiboaren emaitza izan ziren, tokiko elite ekonomiko eta erlijiosoen babespean

Horren guztiaren atzean, frankismoaren logika sozial eta politikoa mantendu zen: lanaren diziplina zorrotza, poliziaren presentzia iraunkorra eta sindikatu bertikalaren ordezkarien kontrola langileen batzordeetan. Gasteizko industrializazioa izan zen frankismoaren modernizazio teknokratikoaren adierazpenik garbiena: itxuraz aurrerakoia eta efizientziaz jantzia, baina oinarrian kontrol sozial zaharrean eta botere ekonomikoaren sare korporatiboan errotua. Garapen ekonomikoaren diskurtsoaren azpian, gizartearen egitura autoritarioak iraun zuen, eta Euskal Herriko industrializazio prozesuak erakutsi zuen nola modernizazioa eta zapalkuntza soziala eskutik joan ziren diktadura garaian.

Egonkortze Planaren testuinguruan (1959-1961) hazkunde ekonomikoa ekoizpen kostuak murriztuz eta produktibitatea handituz gauzatu zen; horretarako, besteak beste, lan-intentsitatea handitu zen eta lan baldintzak okertu ziren –soldatak jaitsiz (%40, kasu batzuetan) edo aparteko orduen aukera ezabatuz–. 1961ko Lan Harremanen Legeak kalera­tzeak erraztu zituen, eta langile askok bigarren lanak behar izan zituzten, askotan legez kanpokoak, familiaren oinarrizko beharrak asetzeko. Aldi berean, soldatak osatze aldera, nabarmen handitu zen emakumeen parte-hartzea ekonomian, nahiz eta askotan ezkutuan gelditu: joskintzan edo garbiketan, lanaldi luze eta ordainsari eskasekin. Francoren erregimenak moralki gaitzetsi zuen emakumearen lan publikoa, baina sistema ekonomikoak berak behartu zuen emakumea merkatu paraleloetan sar­tzera; hala, emakumeen lana biziraupenerako beharrezko pieza bilakatu zen.

Langile gazteen belaunaldi berriak ez zuen sinesten “elkarlan bertikalaren” diskurtsoan

Sindikatu bertikala, oraindik ere, lanaren kudeaketa ofizialaren tresna zen, baina 1960ko hamarkadaren erdialdean bere eraginkortasuna eta zilegitasuna ahultzen hasi ziren. Langile gazteen belaunaldi berriak ez zuen sinesten “elkarlan bertikalaren” diskurtsoan, eta fabriketan estrategia sotilak erabiltzen hasi ziren, hala nola greba isilak, lanuzteak eta produktibitate txikia. Estatuak grebak legez kanpo mantentzen zituen, baina isilpeko mobilizazioak gero eta ohikoago bihurtu ziren, eta langileen desobedientzia-ekintzak Erregimenaren oinarri sozialak higatzen hasi ziren. Hala ere, kontrol politikoa zorrotza zen: atxiloketak, kaleratzeak eta disidentzia isilarazteko neurriak etengabeak ziren.

Estatuak grebak legez kanpo mantentzen zituen, baina isilpeko mobilizazioak gero eta ohikoago bihurtu ziren, eta langileen desobedientzia-ekintzak Erregimenaren oinarri sozialak higatzen hasi ziren

1960ko hamarkada garai berri baten hasiera izan zen Espainian. 1959ko Egonkortze Planarekin, Francoren erregimenak autarkia zorrotzari uko egin, eta nazioarteko ekonomiara ireki zen. Erabaki hark abiarazi zuen desarrollismoaren garaia, non hazkunde ekonomiko ikusgarria eta modernizazio azkarra bateratu ziren, desoreka sozialak handi­tzearekin batera. Hurrengo bi hamarkadek Espainia XX. mendeko Europako industrializazio berantiarren adibide klasiko bihurtu zuten. 1960tik 1975era arte, Espainiako ekonomia hirukoiztu egin zen eta per capita errenta bikoiztu baino gehiago egin zen. Garapenaren abiadura bortitza izan zen, eta Espainia Mendebaldeko Europako herrialdeen garapen mailara gerturatu zen. Jada ez zen garapen-bidean zegoen edozein herrialde; izan ere, bere industrializazio berantiarra azkartu zuen nazioarteko kapitalaren, eskulan merke eta ugariaren eta kontsumo masiboaren sakabanatze progresiboaren bidez.

Hazkundearen motorrik indartsuena industria izan zen. Gobernuak 1964tik aurrera abiarazitako garapen plan nazionalek norabidea planifikatu zuten. Helburua argia zen: industria astun, kimiko eta mekanikoan oinarritutako ekonomiara igarotzea.

Polo industrialak sortu ziren Burgosen, Huelvan, Vigon, Zaragozan, Sevillan eta Galiziako eta Andaluziako beste puntu batzuetan. Industria-guneen sare hori ez zen ausazko estrategia: Estatuak fiskalki babestu zituen sektore estrategikoak, eta, aldi berean, multinazionalek —bereziki automobilgin­tzakoek— produkzioa Espainian kokatzeko aukera ikusi zuten: eskulan merkea, lurraren prezio baxua eta merkatu asegabea. Renault, Chrysler, Ford eta Seat bera modernizazioaren ikono bihurtu ziren. 1950eko hamarkadaren amaieratik aurrera, automobilgintza bihurtu zen ekonomiaren sinbolo berria. Seaten sorrera (Sociedad Española de Automóviles de Turismo) izan zen garai hartako proiektu industrialik indartsuena. Arrakasta lortzeko Estatuaren dirulaguntzak, atzerriko patenteen erabilera (FIATen bidez) eta kontrol burokratikoaren malgutasuna izan ziren giltza. Bartzelonako eta haren inguruko industrialdeetan milaka langile sartu ziren lantegietan, eta lehen greba eta lanuzte koordinatuak ere han sortu ziren 1960ko hamarkadaren hasieran. Seatek eta antzeko enpresek lanaren diziplina zorrotza ezarri zuten, baina, era berean, langile-mugimendu berrien laborategi bilakatu ziren, non obedientziaren eta duintasunaren arteko tentsioa gero eta agerikoagoa zen.

Bartzelonako eta haren inguruko industrialdeetan milaka langile sartu ziren lantegietan, eta lehen greba eta lanuzte koordinatuak ere han sortu ziren 1960ko hamarkadaren hasieran. Seatek eta antzeko enpresek lanaren diziplina zorrotza ezarri zuten, baina, era berean, langile-mugimendu berrien laborategi bilakatu ziren.

Eraikuntza-sektorearen hazkundeak ere eztanda egin zuen, hiritartze prozesu azkarraren eta turismoaren eskari ikaragarriaren ondorioz. Hamarkada gutxiren buruan, Espainiako hiri handiak eraikun­tza-kontsumoaren erakuslehio bihurtu ziren: auzo berriak blokeka hazten ziren. Urbanizazio bizkorrak eta kalitate txarrekoak azpiegitura-gabezia handiak ekarri zituen. Estatuak ez zuen baliabiderik herritarren oinarrizko premiak asetzeko, eta horrek auzoetako bizilagunak autogestiora bultzatu zituen. Hornidura-sareak, ur eta argi konexioak, eta eskola zein elkarteen sorrerak askotan langile sareen antolakuntza bidez gauzatu ziren.

Energia eta eraikuntza sektoreetan garatu zen oligopolio sistema izan zen frankismoaren ekonomiaren zutabe ilunetako bat. Petrolioaren eta ­elektrizitatearen banaketa enpresa eta familia ­zehatz batzuen esku utzi zen: CAMPSAk, Iberduerok edo Hidroeléctrica Españolak monopolio pribilegioak jaso zituzten, beste enpresa batzuekin batera, Erregimenarekiko leialtasunaren truke. Eliza, armada eta elite frankistak elkarri lotzen zituen interes-sare horrek klientelismoaren kultura finkatu zuen. Eraikuntza-sektorean, gerraosteko suntsipenak sortutako premiek ustelkeria orokortua ekarri zuten: etxebizitza sozialaren planak eta azpiegitura lan handiak “emakida zuzena” sistemaren bidez esleitzen ziren, lehiarik gabe, eta kontratu publikoen atzean sarritan ordain politikoak edo konplizitate ekonomikoak egoten ziren.

Automobilgintzaren gorakadak eta INIren bidezko inbertsio publikoak aberastasuna sortu zuten, baina aldi berean klientelismo teknokratikoa ere areagotu zen. Estatuaren goi-kargu askok konpainia pribatuen kontseiluetan parte hartzen zuten, eta baliabide publikoak interes pribatuetara bideratzen zituzten. Enpresari frankista asko merkatu librearen diskurtsoaz baliatu ziren eta Estatuarekin elkarlan estua egin zuten. Horrela sortu zen hamarkadetan iraun duen Espainiako kapitalismoa: Estatuaren babesean oinarritutako ekonomia pribatuaren eta merkatuaren irudi faltsuaren arteko nahasketa. Frankismoan ustelkeria ez zen istripua, baizik eta sistemaren logika beraren adierazpena. Klientelismo politiko eta ekonomikoak egitura instituzional osoa zeharkatzen zuen. Enpresa handiak Estatuaren babespean aberasten ziren, eta trukean leialtasun politikoa eskaintzen zuten. “Konfiantzazko harremanak” bihurtu ziren kontratazio publikoaren eta laguntza ekonomikoen baldintza. 

Frankismoan ustelkeria ez zen istripua, baizik eta sistemaren logika beraren adierazpena. Klientelismo politiko eta ekonomikoak egitura instituzional osoa zeharkatzen zuen. Enpresa handiak Estatuaren babespean aberasten ziren, eta trukean leialtasun politikoa eskaintzen zuten.

Nekazaritza Espainiako ekonomia-egituraren zutabe historikoa izan bazen ere, 1960ko hamarkadan errotik aldatu zen. Mekanizazioak, ureztapenaren zabalkundeak, ongarrien masibotasunak eta hazi hibridoen erabilerak produktibitatea igo zuten, baina modernizazio horrek murrizketa ikaragarria ekarri zuen eskulanean. Hori guztia “iraultza berdea” izenez ezagutu zen. Emaitza dramatikoa izan zen landa-eremu askotan: milioika pertsona hirietara abiatu ziren lan bila; 1960 eta 1975 artean bi milioi lagun baino gehiagok utzi zuten landa-mundua. Prozesu horrek “Espainia hutsa” izeneko fenomenoaren lehen oinarriak jarri zituen. Exodo hark industriaren hazkundea elikatu zuen eskulan merkea eskainiz, baina hiritartze bortitz eta kaotikoa ere ekarri zuen: auzo pobreak, etxebizitza falta eta azpiegitura ahulak.

Egonkortze Planak merkataritza eta merkatuaren mugimendua zabaldu zituen. Nahiz eta Espainiak makina eta petrolio asko inportatu behar izan, esportazioak ere gora egin zuten: altzairua, ehungintza, zapatak eta itsasontziak, batez ere. Sostengu nagusiak hiru izan ziren:

  1. Turismoaren hedapena: 1960an hiru milioi turista; 1975ean, 30 milioi. Mediterraneoko kostaldea, aurrez arrantzaleen eta nekazarien lurralde izandakoa, bigarren etxebizitzaz, hotelez eta azpiegitura erraldoiz betetako eremu turistiko bilakatu zen. Diru-sarrera handiak ekarri zituen, baina baita ingurumenaren suntsipena ere.
  2. Emigrazioaren diru-bidalketak: langabeziaren areagotzeak 1960ko hamarkada osoan zehar emigrazio masiboa eragin zuen, eta bereziki Europako herrialde industrializatuak izan ziren helmuga. 1970ko hamarkada hasierara arte, gutxi gorabehera, Alemaniara, Suitzara, Belgikara eta Frantziara joandako ia bi milioi espainiarrek bidalitako dirua funtsezkoa izan zen. Familiei laguntzeaz gain, Estatuari dibisa freskoa ekartzen zioten; askotan, industriaren finantzaketa horri esker ordaindu zen.
  3. Inbertsio atzerritarrak: multinazionalen presentzia masiboa 1960ko hamarkadan orokortu zen. Teknologia modernoa ekarri zuten, baina Espainiak mendekotasun tekniko eta estrategikoa ere garatu zuen.

Prezioak etengabe igo ziren, garaiko Mendebaldeko beste herrialde askotan baino gehiago. Azpiegitura publikoak eskasak ziren: osasungin­tza, hezkuntza eta babes soziala atzeratuak zeuden. Espainiako gizartea kontsumoaren aro batera igaro zen, baina ongizate estatuaren oinarriak ia ez ziren existitzen. Gainera, lan gatazkak handitzen hasi ziren. 1960ko hamarkadaren erdialdean, langile mugimendua berriro aktibatu zen, nahiz eta ­oraindik ilegala izan. Comisiones Obreras mugimenduaren sorrera izan zen adierazgarriena: langile mugimendu kristauaren eta alderdi komunisten arteko aliantza baten ondorioz jaio zen, eta fabriketan asanblada-sistemaren bidez antolatu zen. Ordezkaritza hautatuak, lan baldintzen negoziazio informalak eta greba orokorren prestaketak ohiko bihurtu ziren. UGT eta CNT erakunde historikoak oraindik legez kanpo zeuden, beste erakunde ba­tzuekin batera, baina haien kide askok parte hartu zuten CCOOren egituretan. Asturias eta Bizkaiko 1962ko grebak mugarri bihurtu ziren: milaka langilek parte hartu zuten eta Erregimenak ezin izan zuen guztia isilarazi. Lanaren bidezko obedientzia zena, pixkanaka, borrokarako arrazoi bihurtu zen, eta hori izan zen frankismoaren egonkortasunaren lehen haustura soziala.

Lanaren bidezko obedientzia zena, pixkanaka, borrokarako arrazoi bihurtu zen, eta hori izan zen frankismoaren egonkortasunaren lehen haustura soziala

Desarrollismoa Espainiaren historiako modernizazio azkarrenetako bat izan zen. Herrialdea industrializatu, hiritartu, nazioartekotu eta kontsumo gizarte moderno bihurtu zuen. Baina prozesuak ­itzalak ere utzi zituen: mendekotasun teknologikoa, energia-arintasunik ez izatea, ongizate estatuaren gabezia, lurralde desorekak eta industria txiki ahulak. 1973ko petrolioaren krisiak eta Carrero Blancoren heriotzak ereduaren mugak eta barne ten­tsioak azaleratu zituen, eta 1970eko hamarkadaren amaieran, Francoren heriotzarekin batera, Espainia eraldaketa politiko eta ekonomiko sakon baterantz abiatu zen, oraindik desarrollismoaren arrastoak sorbaldetan zituela.

Erregimen frankistak ezarri zuen bultzada ekonomikoak Espainiako kapitalismoaren egitura sendotu zuen, eta harreman publiko-pribatuen antolaketa jakin bat normalizatu zuen. Industria-hazkundea, atzerriko inbertsioaren gorakada eta obra publiko handiak izan ziren garai hartako ezaugarri nagusiak, eta horien inguruan sortu ziren sare politiko eta ekonomikoek eragin nabarmena izan zuten ondorengo hamarkadetako garapenean.

Trantsizioak marko politiko berria ekarri bazuen ere, hainbat dinamika historikok denboran zehar jarraitutasuna izan zutela azpimarratzen dute ikerketek. Administrazioaren eta sektore ekonomiko jakin batzuen arteko loturen eboluzioan, kontratazio publikoaren konfigurazioan edo eragin-sareen presentzian, desarrollismoaren garaiko egiturek nolabaiteko oihartzuna izan dute. Horrelaxe erakusten du erreportaje honek ere: iragana ez da desagertu, forma berrietan txertatuta iraun du.

EZ DAGO IRUZKINIK