Adam Laamirni
2025/12/04

Arrazakeriaren gorakada betea bizi dugu gure gizarteetan. Arrazakeria hainbat mailatan azaleratzen ari da, baina ez zaio esklusiboki bere eroale nagusiari, hots, eskuin muturrari, lotzen. Era berean, arrazakeriak modalitate ugari ditu eta hainbat modutara argudiatzen dira postura arrazistak. Testu honetan, arrazismoren inguruko zenbait gakori begiratuko diegu, Europako eta Estatuko alderdien posizioak analizatuko ditugu, eta bulo arrazista nagusietako batzuk aztertu eta kontrastatuko ditugu.

ARRAZAKERIAREN ETA ARRAZA-ZAPALKUNTZAREN INGURUKO PUNTU BATZUK

Arrazakeria, fenomeno moderno gisa, kapitalismoaren hastapenekin lotu beharra dago ezinbestean; zehazki, kolonialismoarekin eta ondorengo fase inperialistarekin.. Kapitalaren abangoardia ziren Europako herrialdeek munduko gainontzeko lurraldeak azpiratu zituzten, eta bertako biztanleei menpeko posizioa bat inposatu. Horrela, arraza-zapalkuntza kapitalismoko dominazio forma gisa gorpuzten joan da.

Fase kolonialista amaitu eta periferien gaineko kontrol politiko zuzena galdu arren, inperialismoaren garaiko potentziek periferien menpekotasuna erreproduzitzen jarraitu dute. Hau da, potentzia inperialistek, nagusitasun industrial eta finantzarioa medio, Hegoalde globala haien mesedetara moldatu dute. Bestek beste, lehengaien ustiapenera, laborantzara edota kualifikazio gutxiko industria sinpleetara bideratzen dituzte herrialdeok, zorraren bidez itotzen dituzten bitartean. Horrela, potentzia kapitalistak aberastasuna metatzen joan dira periferien kontura. 

Lehengaien ustiapenera, laborantzara edota kualifikazio gutxiko industria sinpleetara bideratzen dituzte periferiako herrialdeak, zorraren bidez itotzen dituzten bitartean. Horrela, potentzia kapitalistak aberastasuna metatzen joan dira periferien kontura

Aipatutakoaren haritik, arraza-zapalkuntzak hiru aspektu orokor barnebiltzen dituela esango nuke. Batetik, arrazaren araberako lan banaketa: horren bidez, periferietako langileak gizarteko estratu bajuenetan mantentzen diren, lan esplotazioko erregimen gordinenak jasatera eta biziraupen hutsera kondenatuta. Haien patua pobrezia kronikoa, esklabutza eta heriotza izan dira.

Bestetik, lan banaketa hori bermatzeko dominazio forma partikularrak ditugu, finean langile horien eskubideak partzialki edo osoki ezabatzean oinarritzen direnak. Apartheid sistema edo segregazio legeak, kontrol eta errepresio mekanismo espezifikoak, erregimen diktatorialak, lintxamenduak etab. dira forma partikular horien adibide. Guztiak dira arrazaren araberako lan banaketa eta berarekin dakarren esplotazio gordina betikotzeko tresna politikoak.

Azkenik, ideologia arrazista dugu, arraza-zapalkuntzaren adierazpen ideologikoa, alegia. Beste modu batera esanda, arraza-zapalkuntza justifikatu, normalizatu eta sistematizatzen duen marko ideologikoa. Periferietako langileen zapalkuntza naturalizatzeko funtzioa betetzen du.

Horretarako, ideologia arrazisten adierazpen biologizistak garatu ziren, langileen zenbait ezaugarri biologiko aurkeztuz menpekotasuna justifikatzeko arrazoitzat. Ezaugarri fisikoak bihurtu dira bereizketa arraziala gauzatzeko mekanismorik efektiboenetakoak: besteak beste, azalaren kolorea ezarri da arraza-zapalkuntzarako markagailu. Hala ere, badira ezaugarri fisiko edo biologikoen araberako justifikazioa zailtzen duten testuinguruak; horrela, argudio biologizistak erabiltzetik interpretazio etnizistei pisu gehiago ematera pasa dira, ezberdintasun kultural edo erlijiosoak jarriz erdigunean.

Egungo egoerara gerturapena

Arraza-zapalkuntza eta ideologia arrazistak burgesiaren boterea mantentzeko tresna dira, eta, ondorioz, bereziki langile arrazializatuei zuzendu arren, langile guztion aurkako eraso bat da. Langileon arteko fragmentazioa eragiten du, eta esplotazio ekonomikoa gordindu; hala, burgesiaren posizio dominantea indartzen du, langileona ahultzen duen bitartean. Arrazakeria, beraz, egiturazko zapalkuntza gisa, burgesiaren dominazio sistemaren atal bat da, bereziki oligarkia inperialistarena.

Europaren kasuan, bertako oligarkia finantzarioaren akumulazio dinamikak dira, momentuko beharren arabera, arraza-zapalkuntzaren konfigurazio konkretua zehazten dutenak. Langile arrazializatuei zuzendutako neurriak aktualizatuz doaz, kanpora zein barrura begira. Kanpora begira, neurri horiek periferiako esplotazioan eta dominazioan zentratzen dira. Barrura begira, berriz, pertsona migratuetan eta langile arrazializatu autoktonoetan zentratzen dira, hau da, zentro inperialistako lan prozesuetan txertatuko diren langileetan.

Artikulu honetan, migrazioen alderditik eutsiko diot gaiari, alderdi horren bueltan gertatu baita ideologia arrazisten gorakada nabarmena. Izan ere, migrazioaren inguruko politikak eta diskurtsoak ez dira modu abstraktuan zuzentzen kanpotik datorren pertsona ororen aurka. Kontrara, periferietako langile arrazializatuei zuzenduak daude bereziki; ikusi besterik ez dago Ukrainako errefuxiatuekin edo inbertsore handiekin ez dela inongo polemikarik sortzen. Hala, migrazio politikak arraza-zapalkuntzaren adierazle gisa ulertu beharko genituzke, arrazaren araberako lan banaketan eta eskubideen suntsipenean oinarritzen baitira.

Migrazio politikak arraza-zapalkuntzaren adierazle gisa ulertu beharko genituzke, arrazaren araberako lan banaketan eta eskubideen suntsipenean oinarritzen baitira

Azkenik, kontuan izan behar dugu migrazioen bueltako ideologia arrazistek interbentzio inperialistetarako edo barneko langile arrazializatuen aurka joateko baldintzak ere sortzen dituztela.

EUROPAKO TESTUINGURUA

Estatuko eta Euskal Herriko egoeran lurreratu aurretik, Europak auzi honetan duen proiekzioa identifikatu beharra dago.

Europak 1950eko hamarkadatik aurrera modu egonkorrean integratu ditu periferietako langileak haren ekonomian, zati esanguratsu bihurtzera iritsi arte, eta are garrantzitsuagoak bihurtu dira, gainera, Europako joera demografiko negatiboengatik. Hala ere, faxistek diotenaren kontrara, ez dago muga irekirik, ezta eredu migratorio permisiborik ere. 1990eko hamarkadaz geroztik, migrazio fluxuak mugatu eta kontrolatzeko neurriak hartzen joan dira Europako estatuak. Jarraian, gaur egungo testuinguruaren deskripzio orokorra egiten saiatuko naiz, azaletik bada ere.

Europako ekonomiak ez dira errekuperatu 2008ko krisiaren ondorioetatik, eta zorpetzeak, produktibitate galerak edo krisi politikoek jarraitu egiten dute. Egoera horri azken labankada eman dio potentzia inperialisten artean Europak galdu duen posizioak, besteak beste Errusiarekin edo AEBrekin izandako tirabirek hauspotuta. Egia da Europako ekonomiak migranteak behar dituela, baina kontua da ekonomia honen etorkizuna bera nahiko ezegonkorra dela. Bestetik, mundu mailako krisiak eta pobreziak migrazio fluxu handiak eragingo dituztela ondo funtsatutako ustea da. Siriako gerraren ostean gorakada handia egon zen pertsona migratuen kopuruan, eta horrek errealitate gordin baten aurka jarri zituen Europako herrialdeak. Inperialismoak eragindako guden eta miserien ondorioak eskuetan lehertu zitzaizkien herrialdeoi, milioi erdi migranteren formapean.

Ondorioz, Europaren perspektiba testuinguru honetara egokitzen ari da, zentroko ekonomietan migranteen gaineko esplotazioa mantendu (eta gordindu) behar den arren, haiek kontrolatzeko mekanismoak ere gogortu behar dira. Egungo egoera honela laburbildu daiteke: migranteak bai, kolpatutako ekonomia baterako; baina migrante potentzial gehiegi, kolpatutako ekonomia baterako.

Asilo eta migrazio paktu berria

Europako migrazio politikek migrazio fluxuen kontrolean eta gestioan jarri dute enfasia. Asilo paktu berria da horren adibide nagusia, eta bertan aurki daiteke Europako hurrengo urteetarako proiekzioa. Hiru aspektu aipatuko ditut:

Asilo politiken aldaketa eta migranteen kanporatze azkarra

Migrante irregularrak azkarrago kanporatzeko neurriak hartu dituzte, bereziki asiloaren figura erasotuz. Kontuan izan behar dugu migrante irregularren %20-40k hartzen duela asiloaren bidea (Espainian, %40-50ek). Arlo honetan egindako aldaketek, besteak beste, asilo eskubidea ukatu ahal izateko bitarteko handiagoak eskaintzen dituzte. Adibide gisa, hirugarren herrialde seguruen zerrenda zabaldu dute (tartean, Kolonbia edo Maroko sartu dituzte), era horretan bertatik pasatzen diren migrante guztiei asilo eskaera automatikoki ukatzeko eskumena jasoz. Neurri horiek, gainera, estatuen bortizkeria jada errealitate bat den testuinguruan iritsi dira; ondorioz, era horretako jokabide bortitzek lege estaldura handiagoa lortu dute (adibidez, “push-back” edo “devolucion en caliente” deituriko kasuetan).

Migrante irregularrak azkarrago kanporatzeko neurriak hartu dituzte hainbat herrialdek, bereziki asiloaren figura erasotuz. Kontuan izan behar dugu migrante irregularren %20-40k hartzen duela asiloaren bidea

Kontrol bitartekoak indartzea

Kontrol teknologia berrietan eta mugen militarizazioan sakontzen du. Batetik, Frontex eta antzeko segurtasunerako antolakunde militarrak indartzen dira. Bestetik, industria teknologiko militarrak etekin izugarriak ateratzen ditu kontrol bitartekoak indartzea helburu duten planetatik, migrazio politiken sustatzaile eta onuradunak direlarik.

Kanpora ateratzeko politikak

Mugen militarizazioaren adarretako bat dira migratzaileen kontrola kanpora atzeratzeko politikak, azken finean migrazio bideen gaineko kontrola areagotzeko saiakera bat baitira. Adibidez, Europako eremutik kanpo migranteen kartzela eta kontrol zentroak eraikitzeko apustuak aurki ditzakegu. Bestalde, azpimarratu beharra dago era horretako zentroetan migranteen aurkako eraso jarraituak eman ohi direla; besteak beste, torturak, bortxaketak edo erdiesklabutza.

Arrazakeriaren egungo koordenatuak: islamofobia

Migrazio politikek, beraz, arrazismoa Europako egungo beharretara egokitzen dute. Horri dagokionez, aipatu beharra dago migrazio politiken xede diren langileak Ekialdetik edo Afrikatik datozela bereziki. Joera hori argi ikusten da teknologia militarra eta biolentzia zein eremuetan hedatu den erreparatzen badugu. Hala, migrazio politikekin erreproduzitzen den arrazakeria bereziki beltzen, ekialdetarren eta arabiarren zein magrebtarren aurkakoa da; hala, arrazakeria islamofobiaren forma hartzen joan da. Horrek ez du esan nahi beste sektore arrazializatuek politika hauek jasaten ez dituztenik, baina gaur-gaurkoz fokua ez dago zehazki beste sektore horien gainean jarrita.

ESTATUKO POSIZIO POLITIKOAK

Bloke politiko nagusia (PP eta PSOE)

Espainiako Estatuan, arraza-zapalkuntzarako politika honen eroale diren alderdien abaniko zabala aurkitzen dugu, haietako bakoitzak klase interes jakin batzuk errepresentatzen dituelarik. Desberdintasunak egon arren, guztiek pibotatzen dute Europako agendaren inguruan, Europaren posizioa inperialista sostengu duten heinean.

Espainiako Estatuan, Trantsizioaz geroztik bi estatu-alderdik gobernatu dute txandaka; alderdi horiek, aldi berean, Europako oreka politikoaren bi bloke nagusietan txertatuta daude. Beraz, esan daiteke PP eta PSOE Estatuko burgesia eta klase ertainaren alderdi nagusiak direla, biak ala biak Europako oligarkiarekin sintonian eta hari subordinatuta.

Alderdi Popularrari dagokionez, zera azpimarratu beharra dago: bere talde europarra izan da azken 20 urteetan Europako Batzordeko presidentetza mantendu duena. Beste hitz batzuekin esateko, Alderdi Popularra Europako burgesiaren talde politiko nagusiaren parte da (Alemaniako CDU izanik buru).

Horrela, lehen aipatutako bi ardatzen bueltan dabil Alderdi Popularraren posizioa. Aurkeztu zuen proposamena postura horren adibide da: migratzaileen esplotazio ekonomikoa beharrezkoa dela aitortzen dute, eta horretarako migratzaileen eskubideak murriztu eta haien gaineko kontrola areagotu behar dela aldarrikatzen dute. Besteak beste, errotze sistemaren amaiera, ezohiko erregularizazioen ezabapena edo puntukako mailakatzea proposatu dituzte. Errentagarritasun ekonomikoa da irizpide bakarra. Alemaniaren eta Europaren sintonia berean kokatzen dira: kontrola eskubideen gainetik.

PSOEk ere estela berberari jarraitzen dio: migratzaileen erabilera ekonomikoa, baina geroz eta muga eta baldintza gehiagorekin, gainera. Sanchezen Gobernuak eta sozialista europarrek EBko agenda babestu eta aplikatzen dute; are gehiago, Europako talde sozialistako zenbait alderdi izan dira migranteen aurkako legeetan pauso esanguratsuak egin dituztenak.

Hala ere, Estatuko politikan badira PSOEk interes partikularren arabera egindako zenbait keinu engainagarri; besteak beste, ezohiko erregularizazioa eta ezezko bozketa asilo paktuaren inguruko azken akordioan. Kasu bietan, PSOEk migratzaileen aldeko erreferentzia gisa azaldu nahi izan du bere burua, Europako biraketa erreakzionarioaren aurrean. Baina adibide horien atzean ez da posizio antiarrazista errealik aurkitzen, bestelako interesak baizik.

Erregularizazioaren auzia, estatuko polarizazio egoera baliatuta, ezkerreko errebindikazioen banderadun gisa aurkezteko antzezlan bat izan da, ezkerreko alderdi txikiak fagozitatu eta haien bozkatzaileen babesa metatzeko. Errealki, ezohiko erregularizazioa kaxoi batean gordeta utzi dute Atzerritartasun Legearen erreforma batekin ordezkatuta, zeinak asiloaren bideari oztopoak gehitzen dizkion, gainera (Europako asiloaren paktuaren sintonia berean eta Espainia izanik asilo gehien ukatzen dituen herrialdea).

Ezezko bozketaren kasuan ere, kontua ez da alderdi sozialista paktuaren aurka egotea, kontrara, paktuaren defentsa zurruna egiten du. Auzia zera da: bazitekeen azken bozketa horretan proposatzen ziren aldaketek Espainiari konkretuki kalte eragitea. Azken batean, paktuaren aplikazioan ahalik eta kalte gutxien jasateko ahalegina besterik ez da izan kontrako bozka hori. Presio migratorio handienetarikoa duen estatuko presidentea izanik, mugimendu hori europarrekin diru partidak regateatu eta babesa jasotzeko maniobra bat besterik ez da izan.

Baina hainbeste trilero joko eta mozorroren atzea ez dago karnabalik, baizik eta balak. Argudio humanistak erabili zituen Marlaskak ezezkoa justifikatzeko, baina bere ministerioak hilabete batzuk lehenago ireki zituen Mauritanian migranteen kontrolerako kartzelak, bai eta CIE erraldoi bat ere Algecirasen. Izan ere, hori da PSOEren politiketan ezkutatzen dena; hau da, PPren joera berdina. Oligarkia europarraren programa, baina hitz politez jantzia.

PSOEren politiketan ezkutatzen dena, PPren joera berdina da: oligarkia europarraren programa, baina hitz politez jantzia

Zentroko alderdi guztiek Europa inperialistaren egungo erronkei egokitutako agenda arrazista sostengatzen dute. PP eta PSOE dira, beraz, Europako oligarkiak ezartzen duen arrazakeria estrukturalaren ordezkari nagusiak Espainian. EAJ edo Junts ere koordenada horietan aurki ditzakegu. Azken aldiko zenbait proposamen dira horren adibide: bi alderdi autonomistak migranteen erabilera ekonomikorako eta kontrolerako konpetentzia zein diru partidak negoziatzen ibili dira.

Bloke nagusiko bazkide berria: faxismoa (VOX, Alianca Catalana etab.)

Baina bada kontrolean enfasi handiagoa egiteko beste arrazoi bat, faxismo berriaren hazkundea eta eragina. Ukaezina da faxismoa panorama politikoaren zati geroz eta handiagoa hartzen joan dela.

Faxismoan proletarizatzen ari den klase ertainaren eta burgesiako zenbait kaparen desesperazioa kanalizatzen ari da. Hain zuzen ere, Europaren gainbehera inperialistaren aurrean, kapa horiek, beren pribilejio nazionalak mantendu nahian, gotortze nazionalista eta erreakzionarioaren alde egiten dute. Horrela, faxismo berriaren funtzio nagusietakoa deriba erreakzionarioa hauspotu eta kanalizatzea da, Europako agenda autoritarioa bizkortzeko.

Hala, korronte horiek arrazismoaren bertsio erradikalena gorpuzten dute. Neurri gogorrenak bultzatu, bulo arrazistak etentabe hedatu eta kale mobilizazioa hauspotzen dituzte. Vox eta haren homologo europear eta estatalak, bakoitza bere estiloan, migrazioaren gaineko ikuspegi supremazista zabaltzen saiatzen dira, islamofobia ardatz duena bereziki.

Eskuin muturra ez da kanpotik eragiten duen lobby bat, Europako proiekzio estrategikoan guztiz txertatuta dagoen indar bat baizik. Izan ere, Europako eskuin muturreko alderdiak biltzen dituzten bi talde nagusiak (ECR eta Patriots for Europe) Europako Parlamentuko hirugarren eta laugarren indarrak dira eta are estatu batzuetako Gobernuan daude (adibidez, Polonian edo Hungarian). Meloniren kasuan ere argi ikusten da, rara avis bat baino, Europako dinamikan integratutako figura inportantea dela, are gehiago Trumpekin duen elkartasunari esker.

Hori da panorama orokorra, beraz, zirkulua ixten doa. PPk eta PSOEk, alderdi nagusiak diren heinean, Europako oligarkiaren programa aplikatzen dute, zeinetan migranteen erabilera ekonomikoa eta kontrola orekatzen diren, enfasia edo balantza bigarreneraren alde inklinatuz. Balantzaren inklinazioa faxismoak errepresentatzen du, eta hori ez da soilik estrategia edo propaganda elektoralisten ondorio. Gizartearen poliziarizazioak polizia gehiago inkorporatzea dakarren moduan, irtenbide autoritarioa orokortzeak faxista gehiago jartzen ditu boterean.

Bloke nagusitik kanpo dauden bigarren mailako bazkideak (Podemos, Sumar, EH Bildu, ERC, etab.)

Azkenik, ezker erreformistan koka daitezkeen alderdiak aurkituko genituzke. Haien ustez, arrazismoaren auzia nagusiki eskubide zibilen aferara eta diskurtso arrazistetara mugatzen da; horrela, asko jota, erreformak proposatu eta diskurtso arrazistak seinalatzen dituzte. Baina, arraza-zapalkuntzaren oinarrian aurkitzen den Europako posizio inperialista ez dute ezbaian jartzen, hain zuzen ere hori delako haien programa interklasista aplikatzeko marko posiblea. Ondorioz, ez dute arrazaren araberako lan banaketa eta dominazioa gainditzeko programarik, eta arrazakeria kolatzen zaie modu batean edo bestean.

Ondorioz, geroz eta kanporago daude ixten doan aginteko bloke politikotik, haien programa erreformistak aplikatzeko markoa EBren eta estatuen posizio inperialista den heinean, geroz eta marjina gutxiago dutelako ekintzarako. Kapitalismo inklusibo baten ametsak geroz eta urriagoak dira. Horrela, bi tendentzia nagusiren aurrean aurki daitezke alderdi horiek:

Batetik, estatuen agenda autoritarioak eta klase ertaineko base sozialak erreakzioranzko joera hartzen duten heinean, ezker erreformistako alderdiak korronte orokorrera batzen dira, lekuz kanpo ez geratzeko. Horrela, sortzen ari den zentzu komun arrazistarekin bat egin eta migratzaileen aurkako Europako agendarekin sintonian jartzeko joera egon daiteke. ERCrena da joera horren adibide garbi bat, migranteen aurkako agenda justifikatzen duten zenbait eslogan bere egin dituelarik (adibidez, migrazioa intseguritatearekin lotzea).

Bestetik, kontraesanak areagotzen doazen heinean, alderdi horien oinarri sozialaren zati bat geroz eta mesfidatiago ager daiteke erreformismoaren fartsarekiko, hala nola migranteen elkarteetako edo arreta sozialeko zenbait langile  –finean, konpromiso antiarrazista kontsekuente bat duten sektoreak–. Ondorioz, bozkatzaile masa horiek mantendu edo lortzeko erradikal itxura emateko saiakerak ere egin dituzte alderdiok, arrazismoaren gaineko kezka kapitalizatu nahian. Horren adibidea Podemosen daukagu.

Azkenik, tarteko posizioak ditugu; adibidez, EH Bilduk errepresentatzen duena. Zenbait topiko arrazista erreproduzitzearekin batera (Otegi etorkinek bigarren mailako lanak egin behar dituztela esaten, kasurako), antiarrazista-plantak egiten ere saiatzen dira. Azken batean, haien proiektu gaurkotua EAJrekiko lehian oinarritzen denez, zabaldu diren diskurtso erreakzionario batzuk bere egingo dituzte. Eta, aldi berean, haien kontroletik at dauden ezkerreko sektore iraultzaileen (hots, Mugimendu Sozialistaren) hedapena blokeatzeko erradikal itxurak egiten ere saiatzen dira. Arrazakeriaren gaineko postura guztiz elektoralista da alderdi honena, eta unean-unean komeni zaienaren arabera inklinatzen dira alde batera edo bestera. Hori kontuan harturik, EH Bilduk arrazismoaren inguruko jarrera nahiko apala hartuko duela iruditzen zait. Beste modu batera esanda, dimentsio handiko gatazkak sortu ezean, bigarren plano batean kokatzen ahaleginduko dira, eta egoerak goia jotzen duenean, inprobisatzen saiatu.

IDEOLOGIA ETA ZENTZU KOMUN ARRAZISTA

Testuinguru honek bere isla du Mendebaldeko ideologian eta kulturan. Ez da kasualitatea Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) edo Euskobarometroak egindako azken inkestetan immigrazioaren gaineko kezka soziala handitu izana. Baina horrek ez du esan nahi kezka hori induzitua izan ez denik. Izan ere, politikarien adierazpenak, komunikabideen bonbardaketa, sare sozialetako zurrunbilo erreakzionarioa eta mugimendu faxistak izan dira migranteen aurkako neurriak justifikatzen dituzten topiko, bulo eta estereotipoak zabaltzen ibili direnak. Horrela, zentzu komun arrazistaren aktualizazio eta hedapen garai batean gaude egun. Baina ez dezagun ahaztu prozesu hau ez dela soilik plan diskurtsibo hutsa, baizik eta egiturazkoa den tendentzia bati akoplatzen zaion ideologia.

Politikarien adierazpenak, komunikabideen bonbardaketa, sare sozialetako zurrunbilo erreakzionarioa eta mugimendu faxistak izan dira migranteen aurkako neurriak justifikatzen dituzten topiko, bulo eta estereotipoak zabaltzen ibili direnak

Jarraian, zentzu komun arrazistaren zenbait topiko eta bulo aztertu, eta ikuspegi komunista batetik konfrontatzen saiatuko naiz.

“Aprobetxatzera datoz”

 Lehenik eta behin, hau azpimarratu beharra dago: gizarte kapitalistak eta potentzia inperialistek eragiten dituzte migrazioak. Ez lirateke migrazio fluxu hauek gertatuko aberastasuna zentroetan metatuko ez balitz eta periferian pobrezia, ezegonkortasuna, gerrak edo krisi klimatikoak eragingo ez balira. Gainera, migratzera behartuak diren milioika langiletik portzentai oso txiki bat iristen da bere kontinentetik kanpoko desplazamenduak egitera. Hau da, oso gutxi dira (dagoen behar handirako) Europaz aprobetxatzeko aukera dutenak.

Europar Batasuneko politikek, justuki, alor hau indartzeko lanean dihardute; esan nahi baita, migranteak irizpide ekonomiko zurrunetara azpiratzeko lanean. Hain zuzen ere, ez migranteak Europako ekonomiaz aprobetxatzea, baizik eta burgesia izateko migranteez aprobetxatzen dena. Eta errealki horrela ari da izaten, migranteek estatuko lanpostu berrien %40 betetzen dituzten bitartean, soilik %11k jasotzen ditu laguntza sozialak (kontuan hartuta biztanleriaren %18 inguru direla, nazionalizatuak barne). Gainera, egoera irregularrean daudenek, zuzenean, ez dute laguntza askotarako sarbiderik ere.

Bestetik, kontuan izan behar da tasa handiagoa duten kasuetan, orokorrean pobrezia maila altuagoak dituzten sektoreak direlako izan ohi dela, ez faxistek dioten moduan migranteak izateagatik bakarrik. Are gehiago, jasotzen dituzten laguntza gehienak kontributiboak izaten dira (hau da, aurretiaz kotizatutako lanagatik jasotakoak).

Azkenik, soldaten eta baldintzen beherakada eragiten dutela diotenen aurrean, aipatu beharra dago jada prekarietate altua duten lanetan sartzen direla. Kontua ez da migranteen presentziak sektore horiek kaskartu dituela, alderantziz baizik: sektore horietako baldintza kaskarrak dira migranteak bertara bideratzeko arrazoia. Hau da, migranteak aprobetxatzera etorri eta ekonomia nazionalaren okertzea eragin beharrean, kapitalisten irizpideetara subordinatuta daude.

Bulo hau baliagarria da klase ertainaren proletarizazioak eta soldaten beherakadak sortutako ezinegona kanalizatzeko. Hain zuzen ere, ikuspegi honetatik begiratuta, egoera ekonomiko kaskarraren kausa ez da krisia, eta erantzuleak ez dira kapitalistak eta politikariak, baizik eta migranteak. Esan genezake azken urteetako gotortze nazionalista dela bulo arrazista hau erreforzatzen duena. Azken finean azpimarratzen dutena zera da, migranteak ez daitezela ekonomia nazionaletik onuradun atera, jarrai dezatela eskubiderik gabeko pobreak izaten.

Migranteak “aprobetxatzera” datozela zabaltzea baliagarria da klase ertainaren proletarizazioak eta soldaten beherakadak sortutako ezinegona kanalizatzeko. Hain zuzen ere, ikuspegi honetatik begiratuta, egoera ekonomiko kaskarraren kausa ez da krisia, eta erantzuleak ez dira kapitalistak eta politikariak, baizik eta migranteak

Proletariotza iraultzailearen ikuspegitik, soldaten beherakada edo zerbitzu zein prestazio sozialen kaskartzea burgesiaren ofentsiba ekonomikoaren baitan identifikatzen ditugu,. Besteak beste, krisiak eragindako austeritate politikak edo inflazioaren bidezko prezioen igoera dira egoera hau eragin duteak. Horregatik, beharrezkoa da langileon batasuna hauspotzea (bertakoen eta migranteen artekoa, alegia) ofentsiba honen adierazpen ororen aurka borroka efektiboak antolatu ahal izateko. Klase ertainaren posizio erreakzionarioek, aldiz, klase hori pribilejio nazionalen defentsan eta migranteen aurka lerratzea dakarte eta, ondorioz, langileok fragmentatuta mantendu eta burgesiaren konplize bilakatzera garamatzate. Erreakzioaren lerroak bete edo komunismoaren sugarra zabaldu, hor dago doakoa.

“Delinkuentzia eta segurtasunik eza eragiten dute”

Segurtasunik ezaren mamua puzteko telebista-elkarrizketetan zein Interneteko argitalpen erreakzionarioetan askotan errepikatzen da honako hau: “Barkatuko didazue, baina beti berdinak dira”. Sortzen ari den zentzu komunaren adierazpen ona dela iruditzen zait. Nik modu honetan itzultzen dut: “Barkatu (arrazista izatea), baina gaizkile guztiak migranteak dira”. Ez dute baieztatzen migrante guztiak gaizkileak direnik, baina bai gaizkile guztiak ziurrenik migranteak direla.

Hori gezur galanta da, eta datuek ere horixe adierazten dute (gutxi gorabehera, bertakoek delituen %70 gauzatzen dituzte). Bestetik, jakin badakigu delinkuentziaren oinarrian kapitalak sortutako pobrezia, desberdintasun sozialak eta bazterketa-egoerak daudela, eta ez migranteen jatorria edo kultura. Hau da, diskurtso hauetatik seinalatzen diren delitu gehienak, hala nola, lapurretak edo okupazioak, hertsiki lotuta daude behar ekonomikoekin. Kontrara, ez da modu berean hitz egiten burgesiaz eta haren aliatu diren politikari eta mafiosoez, nahiz eta haiek izan langileriaren aurkako krimenik handienak burutzen dituztenak.

Jakin badakigu delinkuentziaren oinarrian kapitalak sortutako pobrezia, desberdintasun sozialak eta bazterketa-egoerak daudela, eta ez migranteen jatorria edo kultura

Horregatik seinalatzen dugu migranteek delitu tasa altuagoa duten kasuetan, delitu horiek egiteko arrazoi nagusiak pairatzen duten bazterketa eta pobrezia izan ohi direla. Izan ere, migranteak lan tasa altuagoa izan arren, pobrezia eta langabezia tasa altuagoak ere badituzte. Arrazaren araberako lanaren banaketaren ondorioz, postu baxuenetan, lan informaletan eta behin-behinekotasun tasa handiekin aurkitzen dira; ondorioz pobrezian bukatzeko aukera handiagoa dute.

Bestetik, estatuko aparatu errepresiboen izaera arrazista ere aipatu beharra dago. Migranteei zuzendutako erregelamendu espezifikoek (CIEak, kanporatze legeak, etab.) eta aipatutako pobrezia-

tasek haien kontrako jazarpena hauspotzen dute. Indar polizialen begietara, migranteak gaizkile potentzial bilakatzen dira, eta ikerketa askoren bidez aski frogatuta dago arraza-profilaren araberako identifikazioak gauzatzen dituztela. Horrez gain, aparatu judizialetan ere nabarmena da migranteen jazarpen espezifikoa; adibidez, migranteek dute erregimen prebentiboan kartzelaratutako biztanleriaren portzentajerik altuetan, nahiz eta berrerortze tasa baxuagoa eduki.

Hala ere, esandako honek ez dezala hasieran aipatutakoa tapatu. Gaizkileen gehiengoa ez da migrantea; are gehiago, askoren egoera irregularrak delituak saihestera bultzatzen ditu, erregularizaziorako aukerak izateko. Horrez gain, delitu tasa inoiz baina baxuagoa dela diote datuek; hau da, faxistek diotenaren kontrara, migrante kopuru handienetako garai honetan, delinkuentzia konbentzionalaren tasa baxuenetarikoa da (nahiz eta egia den delitu batzuek gorakada izan dutela).

Diskurtso hau, azken batean, migranteen gaineko errepresioa eta kontrola justifikatzeko bitartekoa da: (potentzian) gaizkileak direlako daude kontrolatuta edo kartzelan. Bestalde, segurtasunik ezaren diskurtsoak langile guztion aurkako neurriak justifikatzen ditu, hala nola kontrol soziala areagotzea eta kaleak poliziaz betetzea.

“Kultura erreakzionario baten parte dira”

Hemen azpimarratu behar den lehen elementua honako hau da: gaur egun, adierazpen kultural edo etniko oro dago logika kapitalistari azpiratuta eta, ondorioz, kapitalisten eta klase ertainen mesedera moldatuta. Beraz, ez du zentzurik kultura nazional baten gorazarre abstraktua egiteak edota batzuk esentzian besteak baino erreakzionarioagoak direla esateak. Ikuspegi komunista batetik, espresio kulturalen gaineko posizio politikoa da hartu behar duguna, kultura-adierazpen bakoitzak dituen elementu kapitalista eta erreakzionarioak konfrontatuz eta bestelako ezaugarriak mantenduz. Hala, komunistok, desberdintasun kulturalen gainetik, langile batasunaren aldeko apustua egiten dugu.

Bulo honen edukian zentratuta, nagusiki esaten da musulmanak erreakzionarioagoak direla. Biztanle musulmanei leporatzen zaizkien jarrerak, ordea, ez dira musulmanak izateagatik berezkoak zaizkienak. Are gehiago, ustezko izaera erreakzionario hori demostratzeko normalean korronte fundamentalisten adierazpenak jartzen dituzte. Fundamentalismoaren indartzea, baina, ez da inondik inora langile musulmanen apustua, kontrara baizik, langile horiek zapaltzeko tresna izaten ari baita. Gainera, hein handi batean, Mendebaldeko inperialismoak hauspotutako korronteak izan dira, periferien gaineko kontrola lortzeko (adibide garbienetako bat Afganistanen kasua da).

Beraz, mundu mailako erreakzioak herrialde musulmanetan ere bere adierazpena aurkitzen duen arren, erreakzioa ez da herrialde horien elementu esklusibo bat. Are gehiago, Mendebaldeko erreakzionarioak eta faxistak dira etengabean biztanle musulmanei jarrera matxistak esleitzen dizkietenak, nahiz eta beraiek izan erreakzioaren bertsio europarra (matxista eta misoginoa) indar betez bultzatzen ari direnak. Edo, migranteek gauzatutako sexu erasoak arrazismoa zabaltzeko erabiltzen dituzten bitartean, indar polizialetako erasotzaile tasen aurrean isilik gelditzen dira. Lehen aipatu bezala, komunistok jarrera erreakzionario oro borrokatzen dugu, datorren lekutik datorrela ere.

Mundu mailako erreakzioak herrialde musulmanetan ere bere adierazpena aurkitzen duen arren, erreakzioa ez da herrialde horien elementu esklusibo bat. Are gehiago, Mendebaldeko erreakzionarioak eta faxistak dira etengabean biztanle musulmanei jarrera matxistak esleitzen dizkietenak, nahiz eta beraiek izan erreakzioaren bertsio europarra

Bulo honek beste urrats bat gehiago dakar migrateen eta, bereziki, langile musulmanen disziplinamentuan, irizpide ekonomikoez gain, irizpide kulturalak ere (esplizituki arrazistak) ezartzen baitira pertsona horien bazterketa justifikatzeko.

Amaitzeko, ulertzen dugu kultura nazionalak ez direla bere horretan homogeneoak; alegia, hainbat kulturaren arteko harremanen produktu izan direla. Ondorioz, jatorri ezberdineko langileen batasunak dibertsitate kulturala errespetatu eta elikatzeko bitartekoa izan beharko luke, baita gurea bezalako kultura minorizatu baten kasuan ere. Azken finean, printzipio komunistak dira horretarako alternatiba bakarra, logika kapitalistatik beti erabiliko baitira ezberdintasun kulturalak langileon arteko etsaitasunak sortzeko.

Arrazismotik supremazismora

Bulo hauen bitartez ematen zaio forma egungo zentzu komun arrazistari; beraz, egungo ideologia arrazistaren osagai nagusienetakoak dira. Horrela justifikatzen da dena: aprobetxatzera datozenez, pobrezian mantendu behar dira; gaizkileak direnez, erreprimituta mantendu behar ditugu, eta kultura erreakzionario baten parte direnez, urruti mantendu behar ditugu. Zentzu komun horren fruituak, beraz, argiak dira: bigarren mailakoak izan edo, bestela, joan daitezela haien herrialdeetara. Mugaren alde batean edo bestean patua bera da: pobrezia, lanik okerrenak, kartzela edo heriotza.

Oharpen bat egin nahiko nuke auzi honi dagokionez. Zentzu komun arrazista hedatzen den heinean, ikuspegi supremazistek geroz eta oihartzun handiagoa izango dute. Orain arteko ikuspegitik, migranteak errespetatuak izan daitezke menpeko sujetu bezala mantentzen badira (migrante zintzoak badira); posizio supremazistetatik, aldiz, zuzenean etsai gisa identifikatzen dira eta gorroto irrazionalez puzten dute panorama. Menpeko mantendu baino, zuzenean suntsitu egin behar dira langileriaren sektore hauek. Posizio horietatik, beraz, migranteen aurkako erasoak hauspotu egiten dira.

Horregatik iruditzen zait arreta jarri beharreko auzia dela, ideia supremazistak ez baitira ideia soilak, inplikazio praktikoak dituzte. Horrela, gizarte zibileko sektoreak jarrera aktiboagoa izatera bultzatzen dituzten ideiak dira, eta horrek bidea irekitzen dio eskuadristen edo progromoen fenomenoari. Are gehiago, langile arrazializatuen defentsa egiten duten pertsonak ere jopuntuan jartzen dituzte pixkanaka (besteak beste, militante antifaxista eta komunistak). Posizio arrazisten erradikalizazio bat dakar supremazismoak; beraz, langileen fragmentazioaren eta kapitalismoko hierarkia sozialaren defentsa sutsua egitea.

PROPOSAMEN IRAULTZAILEA

Panorama honen aurrean, arraza-zapalkuntzaren eta arrazismoaren auzian ere alternatiba komunista gorpuzten joateko zenbait hausnarketa plazaratu nahiko nituzke.

Aipatutakoaren haritik, arrazakeriarekin amaitzeko ezinbestekoa da kapitalismoa eta haren ordena inperialista suntsitzea helburu duen estrategia iraultzailea artikulatzea. Proposamen interklasisten sostengua Europako posizio inperialista den heinean, posizio hori bere horretan mantentzean oinarritzen dira eta, beraz, arraza-zapalkuntza betikotzean. Gutxirako balio dute erreformismoaren ezkerreko adierazpen erradikalek, are gutxiago gainbehera inperialistaren ondorioz erreformak gauzatzeko marjina izugarri murriztu den honetan. Soilik proletariotza iraultzaileak du gizarte hau eta bertako zapalkuntzak gainditzeko potentzia politikoa eta programa historikoa. Hori kontuan harturik, independentzia politikoa da arraza-zapalkuntza gainditzeko bide bakarra.

Norabide horretan, beharrezkoa da estatu eta alderdiekiko independentea den antolakuntza iraultzailea artikulatzea. Hau da, alderdi komunista eraikitzea, bai eta proletarioen artean komunismoa hegemoniko bilakatzea ere. Alderdi komunistak ikuspegi internazional batetik jokatzen du ezinbestean, munduko langileon batasuna baita bere jardunaren printzipioetako bat. Beraz, beharrezkoa da langileon antolakuntza independentea hedatzea kapa proletario guztietan, haren jatorria edo kultura edozein dela ere. Klase ertainak ordezkatzen duen nazionalismoa alboratu eta zentzu internazionalista batean jokatzea.

Batasun iraultzailea beharrezkoa bada arraza-zapalkuntza gainditzeko, arraza-zapalkuntzaren aurkako borroka artikulatzea ere ezinbestekoa da batasun hori lortzeko. Hau da, langileon fragmentazioa sakontzen duten dominazio adar guztiak konfrontatu behar ditugu, nahiz eta momentuko indarrek baldintzatu horretarako gaitasun zehatza. Beraz, testuan aipatu ditudan zenbait elementu izan beharko genituzke jopuntuan. Batetik, estatuen politika inperialistak salatu eta konfrontatu behar ditugu, eta periferietako langileen borrokak babestu. Adibide on bat Palestinaren aldeko azken urteetako borroka izan da. Bestetik, migranteen aurkako neurri eta bitartekoen kontra jardun behar dugu. Horrela, pairatzen duten arrazan oinarritutako lan banaketaren eta eskubide faltaren aurka egin behar dugu; hau da, autodefentsa sozialista artikulatzen joan behar dugu, langileria osoaren eskubideen zein bizi baldintzen alde, tartean migranteenak. Azkenik diskurtso arrazisten aurkako lan ideologikoa egin beharra daukagu (datorren lekutik datorrela) eta diskurtso horren muturreko adierazpenen, hots, faxismoaren, aurkako borroka indartu behar dugu.

Programa komunistaren potentzial askatzailean berresteko, Harry Haywood militante afroamerikarraren hitza hauekin bukatuko dut artikulua: “Dagoeneko munduaren seiren batean, Sobietar Batasunean, alegia, langileek eta nekazariek beren gobernu propioa ezarri dute. Tsarren azotepean ahuenka ari ziren nazionalitate zapaldu guztiak askatu dituzte. Egun, Sobietar Batasunean, elkar gorrotatzen edo elkarrekiko mesfidati izaten ikasi zuten 132 herri elkarlanean ari dira, berdintasun politiko eta sozial osoz, gizarte sozialista bat eraikitzeko. Han, langileek suntsitu egin dute 'arraza-gorrotoaren' eta 'arraza-gutxiagotasunaren' gezur kapitalista. Pozoi kapitalista horren zantzurik txikiena erakusten duen langile oro fabriketatik kanporatzen dute, bi ingeniari estatubatuarrek duela gutxi ikasi duten eran. Langile sobietarrek primerako adibidea eta benetako bidea erakutsi ditute langile estatubatuarroi, beltz zein zuri izan”.

EZ DAGO IRUZKINIK