ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Alex Fernández
2024/04/02

Gure jarduera legezko eta parlamentarioaren atzean ez badago langile-klasearen biolentzia, beti behar den unean ekintzara pasatzeko prest, sozialdemokraziaren ekintza parlamentarioa denbora-pasa espirituala bihurtzen da, ura iragazki batez ateratzen saiatzea bezainbeste” - Rosa Luxemburg

Teoria politikoak beti egin izan ditu metafora organizistak. Bereziki sozialismo zientifikoak, zeinaren ikuspuntuak, Marxen arabera, “prozesu historiko natural moduan” ulertzen baitu “formazio ekonomiko sozialaren garapena” [1]. Ez da harritzekoa langile-klasearen alderdi iraultzailea maiz ulertu izana gaixotasunen mehatxupean garatu den organismo bizi bat balitz bezala. Marxek, Engelsek eta Leninek “kretinismoan” eta “ezkerkeriaren infantilismoan” identifikatu zituzten langile-klasearen garapena oztopatu zezaketen gaixotasunak, haien ustez, korronpitu egiten baitzuten langile-klaseak parlamentarismoarekin –ekintza politikorako forma nagusia gizarte modernoaren sorreratik– duen harremana. Artikulu honen helburua, hain justu, arlo horretako hiru aukera nagusien edukia eta diferentziak kontzeptualki bereiztea da. Hauek dira hiru aukera horiek: erreformen alderdi demokratikoaren oportunismo sozialdemokrata eta haren “kretinismo parlamentarioa”; alderdi blanquistaren ezkerkeria anarkizatzailea eta haren “infantilismoa”; eta boltxebismoaren masa-alderdi komunista eta haren “parlamentarismo iraultzailea”. Hiru lerro politiko horiek sintetizatzen dute esperientzia politikoaren eta eztabaida ideologikoaren hamarkaden joana, eta, testu honetan, haien printzipio eta ondorio nagusiak plazaratuko ditugu.

ESTATUA, DEMOKRAZIA, PARLAMENTARISMOA

Estatua, hau da, Kapitalaren dominaziorako organo politikoa ulertzeko jarrerak inplizituki jasotzen du iraultzaranzko joera politikoa. Estatuaren aurreko jarreran komunismoa eta oportunismoa bereizten dituen amildegi politikoa ikus daiteke, hau da, bakoitzaren printzipioen antagonismo adiskidetu ezina. Antagonismo horretatik abiatuta, gainera, ondorioztatzeko modukoa da bi joera horietako bakoitzak zer jarrera duen demokraziaren aurrean –erregimen politiko moduan–, bai eta parlamentarismoaren aurrean ere –instituzio eta ekintza politikoko forma moduan–. Artikulu honen helburua parlamentarismoaren arloko jarreren arteko talka ulertzea denez, beharrezkoa da estatuari eta demokraziari buruzko kontzeptu orokor batzuk argitzea, haietan sostengatzen baitira hemengo tesiak.

Estatua, hau da, Kapitalaren dominaziorako organo politikoa ulertzeko jarrerak inplizituki jasotzen du iraultzaranzko joera politikoa

Estatu kapitalista modernoa, Europako monarkia absolutisten gainean eraikia, gizarte zibiletik bereizirik eta haren gainetik eraikitako gobernu-aparatu bat da. Haren ezinbesteko organo bakarra botere exekutiboa da –horrek bereizten du haren definizioa gainerako instituzio sozialenetik–, eta organo horrek bere borondatea inposatzeko gaitasuna ematen dio, azken buruan indar fisikoaren aplikazioan babesturik. Leninek, Marxen eta Engelsen testuetan oinarrituta, Estatua eta Iraultza lanean ematen duen formulazioaren arabera, estatua nagusiki gizaki armatuen aparatu berezi bati aginduak ematen dizkion burokrazia da. “Estatua” eta “makina burokratiko-militarra”, beraz, termino trukagarriak dira [2]. Burokrazia diogunean hau esan nahi dugu: “masetatik dibortziaturiko eta haien gainetik kokaturiko pertsona pribilegiatu batzuek osatutako antolakuntza-sistema” [3]. Burokraziaren aginte-katean, aginduak goitik behera ematen dira eta haien arrazoiak ez dira erabakitzeko prozesu kolektibo baten ondorio; aginduok ematen dituzten norbanako edo organo kolegiatuak ez dira aukeratzen eta kontrolatzen, eta haien karguak ez dira ezeztagarriak; inola ere, aparatu horrek hartzen dituen erabakiak aplikatzen zaizkien norbanakoek ez dute aukerarik erabakion forma eta edukia zalantzan jartzeko. Burokraziaren funtzioa da ordenari eta segurtasunari eustea eta jabetza pribatua errespetatzen dela ziurtatzea.

Demokrazia, jatorrizko esanahian, burokraziaren kontrako norabidean bultza egiten duen herri-mugimendua da: helburu du gobernuaren botere arbitrarioari kontrola eta mugak ezartzea, boterea ez dadin gauzatu gobernatzaileen apetaren arabera. Bestela esanda, demokraziaren oinarria behetik gora doan bulkada baten atzeko indar politikoa da. Elkartzeko, manifestatzeko eta prentsarako eskubidea eskubide demokratikoen eremukoak dira. Orobat, eremu horretakoak dira sufragio unibertsala eta haren bidez parlamentuan adierazten den nahia, eta gero parlamentuak ahalmena izatea lege batzuk ezartzeko, guztioi berdin eragiten digutenak, estatuaren gobernuari barne. Parlamentu demokratiko bat existitzeak estatua Kapital osoaren interesen arabera jardutera behartzen du, eta ez jabe handien mesedetan bakarrik.

Hala, estatu kapitalista modernoak eta bere botere-banaketak pisu eta kontrapisuen sistema bat haragiztatzen du. Sistema horrek aldi berean ordezkatzen eta subordinatzen ditu gizarte zibileko indar biziak, halako moldez, non gizarte horren interesen arteko tentsioak osotasuna modu ordenatuan erreproduzitzen baitu, eta ez, aldiz, hura klaseen arteko talka ireki batean disgregatzen. Parlamentua da ordezkatzearen eta subordinatzearen logika hori ondoen irudikatzen duen erakundea; izan ere, parlamentua existitzeak berak aurrez kanporaturiko gizarte-geruzen inklusio politikoa zuen helburu –lehenengo jabe kapitalisten eta gero proletario desjabetuen inklusioa–. Sufragio unibertsala ezartzearekin batera iritsi zen gorenera gizarte zibila osorik ordezkatzearen prozesu hori, eta horrek albo-kalte bat ekarri zion botere kapitalistari, Marxek honela laburbildua: Forma errepublikarrak bere dominazio politikoa agortzen duenean ere (eta hari itxura arrotz oro kentzen dionean ere), aldi berean ahuldu egiten du bere oinarri soziala, orain klase zapalduei egin behar baitiete aurre, eta haiekin konpondu behar baitu ezein mediaziorik gabe [4].

Beste alde batetik, Estatuaren forma parlamentarioak aukera ematen du Kapitalak osotasun moduan dituen interesak baieztatzeko, haren ezein fakzioren interesak lehenetsi gabe –proletariotzak, lan-indarra merkantziaren jabea den aldetik, fakzio horietako bat ordezkatzen du langile-aristokraziaren figuran–. Bestalde, hala ere, logika parlamentarioak modua ematen du gizarte zibila itzalpean urratzen duten klase-gatazkak lehenengo aldiz erabateko gardentasunez azaleratzeko. Lehenengo aldiz, parlamentua gizarteko kide guztiak ordezkatuz apaltzen ahalegintzen den klaseen arteko gatazka publikoki aitor daiteke parlamentuaren barrenetik. Alderdi proletarioari dagokio, beraz, demokrazia burgesaren paradoxa hori esplotatu eta eskubide eta askatasun burgesen bidez klase-borroka esplizitu egitea, eta, gainera, hori herriaren borondatearen gordailu den organoan egitea. Parlamentuak proletariotza militanteari klase politiko eta independente moduan garatzeko tresna bat ematen dio [5]. Nagusiki hiru moduren bidez laguntzen dio garatzen: lehenbizi, botoen bidez haren indarra neurtuz. Indar horren gaineko kontzientzia, berez, morala handitzen duen estimulu bat da. Bigarren modua agitazioa eta propaganda da: askotariko gai politikoei buruz ikuspuntu independentea hedatzea. Hirugarrena klaseen arteko indar-korrelazioa aldatzen duten lege eta erreformak sustatzea da; horrek, era berean, proletariotza bere azken interesak lortzeko hezten du. Alabaina, tresna hori ez bada iraultzaren zerbitzura jartzen, litekeena da perbertitzea. Hain justu, horixe gertatzen zaie oportunismoari eta kretinismo parlamentarioari.

Logika parlamentarioak modua ematen du gizarte zibila itzalpean urratzen duten klase-gatazkak lehenengo aldiz erabateko gardentasunez azaleratzeko

OPORTUNISMOA ETA KRETINISMO PARLAMENTARIOA

Estatuaren ulerkera marxistaren distortsio oportunista tesi honetara mugatzen da: ez da beharrezkoa iraultza baten bidez Estatua deuseztatu eta indar proletarioko organoen bidez ordeztea. Oportunismoaren ustez, Estatua, forma demokratikoa duenez, tresna neutro eta historikoki behin betikoa da, eta, beraz, lortu beharreko helburua gehiengo parlamentarioak parlamentua proletariotzaren eskuetan uztea da [6]. Kapitalaren erakunde politikoak era horretan naturalizatzearen arrazoia da oportunismoak ez duela ezagutzen boterearen egiazko jatorria, eta, hala, boterea ganbera parlamentarioaren lau pareten artean giltzapetzen duela. Kapitala bortxaz inposatzen badute hura ordezkatzen duten parlamentariek, sozialismoaren ekintza politikoa parlamentu horren barruan ahal besteko indarra lortzera mugatzen da. Horixe da Marxek “kretinismo parlamentario” izendaturiko horren esentzia: gaixotasun politiko horrek kutsatuta, langile-klasearen ordezkariek baloratzen dute klase-borroka jarduera parlamentarioaren esparruan ebazten dela. Kretinismo parlamentarioaren barrenean inplizituki dator jarduera politikoaren ulerkera oso bat, “demokrazia arruntaren” ulerkera, helburu bakartzat Kapitalaren instituzioak pixkanaka demokratizatzea duena. Demokrazia arrunta da, preseski, ikusmiratik galtzen duelako organo politikoei indarra ematen dien funts sozial edo materiala, eta, harekin batera, baita organo horiek iraultzaren bidez deuseztatzeko ikuspegia ere.

Demokrata burges-txikien izaera zinez erreakzionarioa Europako sozialdemokraziaren eskuin hegalaren 1914ko traizioan gelditu zen agerian; ekidistantziazko koldarkeriaz, aukera izan zuenean, iraultza sozialari uko egin ez ezik, aurre ere egin zion, arma bidez egin ere. Demokrazia kapitalistaren eta botere sobietarraren arteko kontraste irekiak metodo parlamentarioaren absolutizaziotik ondorioztatzen den politika erreakzionarioa baieztatzen du; absolutizazio horren atzean botere kapitalistaren organo politikoranzko zurikeria izugarria dago, baita ordena kapitalista iraultzeko helburuari uko egitea ere. Karl Kautskyk, postura horren defendatzailerik sutsuenak, hala, “demokrazia oro har” erabili zuen hura sostengatzeko, klaseen arteko harremanetatik aparteko antolakuntza politikoko printzipio moduan. Ez zen nolanahikoa izan haren etsai izatera igaro zirenek, klase-gorrotoz suturik, eman zioten erantzuna; haren adibide dira Leon Trotskyren Terrorismoa eta komunismoa eta Vladimir Leninen Iraultza proletarioa eta Kautsky arnegaria.

Sozialistek Estatuaren instituzioetan baldintzarik gabe eta printzipio hutsez parte hartzearen problema da Estatuak, demokratikoa izanagatik, ez duela burokratismoaren zantzuei ihes egiteko ahalmenik. Burokratismoak, hain justu, nolabaiteko bereizketa sortzen du gorputz politikoaren buruzagitzaren eta masen artean –bigarrena lehenengoaren erretagoardia pasiboa da, politikoki azpiratua–. Masa proletarioaren aktibazio politiko erabatekoak botere exekutiboaren subordinazio demokratikoa dakar berekin, eta estatuburuak eta masak fusionatzea funtzio legegilea eta exekutiboa aldi berean gauzatzen dituen botere-organo bakarrean [7]. Ordea, fusio hori ezinezkoa da ordezkaritzako demokrazia baten bidez, bereizi egiten baititu estatuburuak eta masak, eta, era berean, baita Estatuaren barneko botereak ere. Botere sobietarraren bidez soilik fusiona daitezke gizartea eta bere organo politikoak autogobernuko aparatu legegile eta exekutiboetan, hau da, aparatu burokratiko-militarra suntsituz eta kontseilu bidezko demokrazia bat ezarriz. Estatu kapitalistaren demokratizazioa –oportunismoaren xedea– ilusio bat da: alde batetik parlamentarismoa naturalizatu egiten du historikoki behin betikoa den erakunde moduan, bitarteko huts izan behar duena helburutzat hartuz; bestetik, ekintza politikoaren formarik desiragarriena balitz bezala aurkezten du, eta, horrekin batera, masak eta haien borrokak parlamentutik kanporatzen eta bigarren-mailako rol guztiz subordinatu batera baztertzen ditu.

 Labur esanda, kretinismo parlamentarioaren ezaugarri nagusia parlamentarismoa modu burokratikoan erabiltzea da. Parlamentuko jarduera politikoki independentea den alderdi baten garapenera subordinatu beharrean –parlamentutik kanpoko masa mobilizatu batek sostengaturiko alderdi bat, eta, beraz, zentzu proletario eta erradikalean demokratikoa litzatekeen alderdi batera–, klaseen arteko gatazka arintzeko bitarteko moduan erabiltzen du parlamentua, hau da, desmobilizaziorako bitarteko moduan, proletariotza Estatu burgesaren lege eta instituzioekiko errespetuan heziz. Mugimendu proletarioa erreformen alderdi demokratikoaren helburu immediatoetara subordinatzen du, eta, horren bidez, jendeari hezurretaraino sartzen dio Estatua gatazka guztiak konpontzeko gai dela dioen fede superstizioso bat, hauteskundeetako emaitza immediatoa absolutizatzen du printzipio oro eta epe luzeko helburuak sakrifikatuz, eta, azken buruan, proletariotzari konfiantza urritzen dio klase moduan duen boterearen indarrari dagokionez –botere oro derrigor antolatu behar da parlamentuak ezarritako mugetatik at–.

EZKERKERIA ETA ANTIPARLAMENTARISMOA

Oportunismoak marxismo iraultzailearen oinarrizko egia hau ukatzen du: kapitalismoak eta haren erakunde ekonomiko eta politikoak historikoki iraungita daude. Egia hori komunismoaren printzipioetan dator adierazita; printzipio horien arabera, beharrezkoa da estatu kapitalista suntsituko duen eta proletariotzaren diktadura ezarriko duen iraultza politiko bat gertatzea. Oportunismoaren kasuan ez bezala, “ezkerkeria” etiketaren pean bil daitezkeen joeren multzoa marxismo iraultzailearen printzipioetara atxikitzen da. Aitortu egiten dute Estatua abolitzeko eta proletariotzaren diktadura ezartzeko beharra eta, beraz, iraultzaren esparruan eta oportunismoarekiko aurrez aurre kokatzen dira modu argian. Hala ere, ezkerkeriak modu abstraktuan baino ez ditu onartzen printzipio horiek, hausnartu gabe zein maniobra zehatz behar diren printzipio horiek praktikan gauzatzeko. Xedeak bilatzen ditu bitartekoak ezarri gabe. Leninen hitzak gogora ekarriz, ezkerkeria “komunismoaren gaitz infantil” bat da, proletariotzaren alderdia eramaten duena printzipio horiek hausnarketarik gabe eta modu zurrun eta dogmatikoan defendatzera. Defentsa horrek grina nerabe oraindik ere diziplinatu gabe baten sintomak arrastatzen ditu, eta hori pazientzia, pertseberantzia eta konstantzia falta gisa islatzen da.

Gaitz infantil hori argi eta garbi ageri da ezkerkeriak parlamentarismoari dagokionez duen jarreran. Parlamentua erakunde erreakzionarioa eta historikoki iraungia dela aitzakiatzat hartuta, ezkerkeriak guztiz baztertzen du bertan esku hartzeko era oro. Uko egite horren arrazoia honako uste faltsu hau da: posible da komunismoaren printzipioek ezarritako xedeak erdiestea baldintza koiunturalak gorabehera eta horretarako dagoen indarra edonolakoa izanik ere, hau da, xedea erdiesteko beharrezkoak diren bitartekoak kontuan hartu gabe. Ezkerkeriak, gure aldi historikoarekin kontsekuentea den gobernu-forma botere sobietarra dela uste izanda, uko egiten dio indarrean den errealitate politikoaren barruan maniobratzeari. Uko egiten dio kapitalismoak sorturiko armak haren kontra erabiltzeari. Uko egiten dio, beraz, burgesiaren instituzioetan komunismoaren kontsignak eta komunismoak zenbait gairen inguruan duen ikuspuntua zabaltzeari; ondorioz, alderdi iraultzaile baten absentzian, gai horiek soilik Kapitalaren alderdietako ordezkarien artean jorratuko lirateke, posizio antagoniko eta independente batean inspiratutako ahots kritiko bat aurrez aurre izan gabe.

Parlamentarismoari dagokionez, ezkerkeriak ez du onartzen parlamentutik kanpoko indarra parlamentu barruko jardueraren bitartez ere konkista daitekeenik

Ezkerkeriak nahastu egiten du proletariotzaren ordezkari kontzienteenen nahia langile-klasearen benetako kontzientziarekin. Bigarrena kontuan hartu gabe lehena berresten saiatzeak areagotu egiten du isolamendua, are gehiago desegiten ditu abangoardia iraultzaileak proletarioen masarekin dituen lotura objektiboak. Komunismoaren printzipioak modu abstraktuan berrestearen eraginez, ezkerkeria ez da gai proletariotza osoarekin fusionatzeko, ez eta interes historikoei buruzko kontzientzia politikoa sorrarazteko ere. Ondorioz, langile-klasea oportunismoaren eta burgesiaren gainerako alderdien eraginaren mende uzten du. Inteligentzia politiko nahikorik ez izateak eragotzi egiten dio defendatzen dituen kontsignak modu maximalista eta intrantsigentean aplikatzeko behar adinako indarra konkistatzea. Beste modu batera esanda, alde batera uzten du ideia hau: ekintzarako edozein dei edo edozein erabaki politiko aplikatzeko beharrezkoa dela indar soziala metatzea. Babes masiborik gabe, aurretiaz konbentzituta zeudenen babesa baino ez du edukiko; aitzitik, politika iraultzailearen helburua da, hain zuzen ere, lokartuta, kontzientziarik gabe eta pasibo dauden, beren interesen aldeko borroka arrotz zaien edo gehienez ere haienak izatetik oso urrun dauden klase-interesen arabera mobilizatzen diren langileen masak mobilizatu, inspiratu eta heztea. Parlamentarismoari dagokionez, ezkerkeriak ez du onartzen parlamentutik kanpoko indarra parlamentu barruko jardueraren bitartez ere konkista daitekeenik. Era honetan laburtu zuen Leninek bere Ezkerkeria lan klasikoan:

Hain zuzen ere langileen eta, are gehiago, nekazari txikien masa atzeratuek aurreiritzi demokratiko-burgesak eta parlamentarioak barneratuago dituztelako Mendebaldeko Europan Errusian baino, hain zuzen ere horrexegatik, soilik erakundeetan gauza dezakete eta gauzatu behar dute komunistek –hala nola parlamentu burgesetan– borroka luze eta nekaezin bat, inongo zailtasunen aurrean atzera egin gabe, aurreiritzi horiek salatu, desegin eta gainditzeko. [8]

BOLTXEBISMOA ETA PARLAMENTARISMO IRAULTZAILEA

Boltxebismoak proposatzen duen masen alderdi iraultzaileak honela ulertzen du komunismoa: klase osoa modu aktiboan barne hartu behar duen prozesua. Horrek zorrotz jarraitzen dio alderdia kontzientzia sozialistaren eta proletariotzaren arteko fusioa dela dioen Marx eta Engelsen ideiari. Masen alderdi iraultzailearen esentzia era honetan laburbildu daiteke: burgesiaren aurkako azken bataila, iraultza, ekintza erabakigarria da eta langile-klasearen gehiengoaren babesa izan behar du; babes hori konkistatzeko, ezinbestekoa da haren kontzientzia politikoa denbora luzez heztea agitazioaren, propagandaren eta antolakuntzaren bitartez. Misio hori erdiesteko gai den Alderdi Boltxebikearen eredua printzipio komunistekiko fideltasun osoa duten militante diziplinatuen antolakunde bat da, eta haren lana proletarioen masa zabalekin lotura solidoak ezartzea da. Soilik masa horiek printzipio komunisten praktikarekin konbentzituta daudenean, soilik boterea hartzeko eta diktadura ezartzeko prest daudenean esan daiteke printzipio horiek oraingoz soilik teorian irudikatzen duten klase-independentzia hori benetan gorpuzten dutela.

Printzipioak aldarrikatzearen eta printzipio horiek benetan gauzatzearen arteko prozesuan, borrokarako bitarteko askotarikoak erabili behar dira, hain zuzen ere komunismo iraultzaileak masengan duen eragina hedatzea eta masa horiek oportunismoaren eraginpetik askatzea ahalbidetuko duten bitarteko guztiak. Hori, gorago esan den moduan, sozialismoa eta proletariotzaren mugimendua fusionatzeko prozesu bat da. Alabaina, fusio hori, zeina adierazten baita proletarioen masak modu aktiboan politika iraultzailean parte hartzean, ez da prozesu historikoaren premisa bat, baizik eta hura burura eramatearen emaitza. Alderdi iraultzaileak egiten dituen maniobrak arduratzen dira, hain zuzen ere, kasuan kasu komunismoak duen eraginaren eremua hedatzeaz, masak bere printzipioetan heziz eta erakunde kapitalisten iraungipen historikoa efektibo bilakatuz politikoki.

Programa komunista hedatzeko plataformen artean aurki dezakegu, noski, parlamentua. Eta boltxebikeek parlamentuan esku hartzeko duten modua parlamentarismo iraultzailea da [9]. Parlamentarismo iraultzailea masa-alderdi komunistaren ekintza mota bat da, ordena kapitalistari eta haren erakundeei kontrajartzen zaien alternatiba komunista politikoki hedatzeko bitarteko bat. Honako hau da funtsezko ideia: parlamentua agitaziorako eta propagandarako plataforma gisa erabil daiteke, errealitate sozialaren ikuspegi marxista ezagutarazteko espazio gisa, batez ere klase-borrokak mahai gainean jartzen dituen auzi politikoei dagokienez. Parlamentarismo iraultzailea, parlamentarismo oportunista ez bezala, osotasun gisa ulertzen den alderdi komunistaren jarduerara subordinatuta dago, gizarteko esparru guztietan gauzatzen den mobilizazioaren eta borrokaren gainean eraikitako mugimendua baita alderdi komunista. Parlamentutik kanpoko indar horri erantzun behar diote uneoro alderdi komunistako hautetsiek; hori da independentzia politikoaren eta komunismoaren printzipioekiko eta azken xedeekiko errespetu zorrotza izateko bermea. Alderdiak masen mugimendu antolatu gisa duen indarrari esker, saihestu egiten da interes propioei jarraikiz jarduten duten diputatuen presio-talde burokratikoak sortzea; izan ere, halako taldeek langile-klasearen programa historikoa galbidera eramango lukete.

Parlamentarismo iraultzailea, parlamentarismo oportunista ez bezala, osotasun gisa ulertzen den alderdi komunistaren jarduerara subordinatuta dago, gizarteko esparru guztietan gauzatzen den mobilizazioaren eta borrokaren gainean eraikitako mugimendua baita alderdi komunista

Doktrina boltxebikearentzat, parlamentua espazio garrantzitsua da, nahiz eta indar soziala metatzeko esku har daitekeen beste espazio askoren artean bat baino ez izan. Hona hemen parlamentuan parte hartzeko oinarrizko bi argudio: 

Lehenik eta behin, mugimenduaren azken xedea estatu burgesarekin eta parlamentarismoarekin berarekin bukatzea da [10]. Ideia horrek kretinismo parlamentarioa saihestu behar du. Bigarrenik, helburu hori erdiesteko, beharrezkoa da borroka-metodoak ahalik eta malguenak izatea; hala, mugimendua prest egon behar da proletarioen kontzientzian eragiteko balia daitekeen edozein plataformatan parte hartzeko. Bigarren ideia horrek ezkerkeriazko intrantsigentzia saihestu behar du.

Beste era batean esanda, boltxebismoa ezkerraren eta eskuinaren doktrinarismoaren kontra dago eta, horren aurrean, konbinatu egiten du printzipioak zorrotz defendatzea eta malgutasun erabatekoz jardutea taktika aplikatzerakoan. Ikuspuntu horretatik, ezkerkeriaren eta eskuinkeriaren akatsa taktika parlamentarista jakin bat goraipatzea da, zeina baldintzarik gabeko printzipioaren mailaraino igotzen baitu dogmatikoki, gainerako guztiak bazter uzten diren bitartean. Doktrinarismo horren ondorioa da proletarioen alderdiaren eskuak eta oinak lotuta gelditzen direla eta, beraz, ezin duela ekin egoerak bere doktrinaren aurreiritzi dogmatikoekin bat ez datorren esku-hartze mota bat eskatzen duenean. Laburbilduz, boltxebismoarentzat, parlamentarismoa bitarteko bat da, iraultzaren zerbitzura dagoen organo edo tresna bat proletariotzak gauzatuko duen bataila erabakigarrian; alabaina, proletariotzak bataila hori soilik gauzatu ahal izango du bere borrokarako gaitasuna Kapitalaren gobernu-aparatua suntsitzeko eta bere erregimen politikoa ezartzeko bezainbeste garatu duenean. Balirudike hori argumentu minimalista bat dela, politika iraultzailearen garapena atzeratu egiten duela eta, horren ordez, zain egoteko politika bat defendatzen duela; guztiz kontrakoa da, ordea: komunismoak onartu egiten du gaurdanik hasi behar dela langile-klasearen kontzientzia hezten eta lan hori gaitasuna duen espazio guztietan egin behar duela. Horrela, parlamentarismoak otzantze-bitarteko izateari uzten dio, eta proletariotza Estatuaren boterea (haren burokrazia eta indar errepresiboa) zein haren inguruko erakundeen –hala nola, parlamentua– boterea suntsitzeko beharrean hezteko bitarteko bilakatzen da.

ERREFERENTZIAK

[1] Marx, K. (2000). El Capital. Akal

[2] Marx, K. (2015). El dieciocho de Brumario de Luis Bonaparte. Alianza Editorial

[3] Lenin, V. (1975). El Estado y la revolución. Editorial Ayuso

[4] Marx, K. (2015). El dieciocho de Brumario de Luis Bonaparte. Alianza Editorial

[5] “Ikusi zen burgesiaren menderakuntza antolatzen zen estatu-instituzioek aukera berriak ematen zizkiotela langile-klaseari instituzio horiei beraiei aurre egiteko”. Marx, K. (2015). El dieciocho de Brumario de Luis Bonaparte. Alianza Editorial

[6] “Egiazko erregimen parlamentario bat berdin izan daiteke proletariotzaren diktadurarako tresna edo burgesiaren diktadurarakoa”. Kautsky, K., Ed. Ben Lewis (2020) Karl Kautsky on Democracy and Republicanism. Brill

[7] “Ordezkaritzako erakundeek bizirik irauten dute, baina desagertu egin da parlamentarismoa sistema berezi moduan, lan legislatiboaren eta exekutiboaren arteko banaketa moduan, diputatuen egoera pribilejiatu moduan”. Lenin, V. (1975) El estado y la revolución. Editorial Ayuso

[8] Lenin, V. (2021). La enfermedad infantil del izquierdismo en el comunismo. Akal

[9] Hauteskunde-estrategia marxista-boltxebikea sakonako aztertzeko, ikusi Nimtz, A. (2014). Lenin´s Electoral Strategy From Marx and Engels Through the Revolution of 1905

[10] “Parlamentarismotik ezin da ihes egin, jakina, ordezkaritza-erakundeak eta hautatze-prozesuak deuseztatuz, baizik eta ordezkaritza-erakunde eleketari hutsak ‘lan-korporazio’ bilakatuz”. Lenin, V. (1975) El estado y la revolución. Editorial Ayuso

EZ DAGO IRUZKINIK