Mikel Kaltzakorta
2024/04/03

EAEko eta Europako hauteskundeak kapitalismoaren fase beherakor batean datoz. Estatu- eta nazio-parlamentuak boterez husten hasiak dira; sektore aurrerakoienen banaketa-politikek birbanaketarako marjina geroz eta txikiagoa dute eta, Ongizate Estatuen gainbeherarekin batera, gizartearen parte handi bat produkzioan eta banaketan zuen parte-hartzea galtzen ari da. Krisi kapitalista hauteskunde-ziklo guztien atze-oihala da eta, beraz, ezkerreko eta eskuineko politikek egoera berri honetara moldatutako itun sozial berri bat erdietsi behar dute. Kapitalaren metaketa beharrentzat geroz eta handiagoa da inproduktiboa den lan-indarra, eta politikarientzat geroz eta zailagoa da irabazien birbanaketaren bidez langileriari bizi-baldintza oparoak eskaintzea. Horregatik, burgesiaren eta proletalgoaren arteko bake-itun baten posibilitatea urrun dago. Izan ere, alderdi guztien programetan egingarriak ez diren politika sozialetarako proposamen hutsalak eta autoritarismoa indartzeko erreformak barne hartzen dira beti; ezberdintasunak, ordea, bi elementu horien arteko proportzioan kokatzen dira.

Alderdi guztien programetan egingarriak ez diren politika sozialetarako proposamen hutsalak eta autoritarismoa indartzeko erreformak barne hartzen dira beti; ezberdintasunak, ordea, bi elementu horien arteko proportzioan kokatzen dira

Hauteskundeetan, lau urtean behin, herriaren ahotsa entzunarazi eta, politikarien bidez, erabakiak hartzeko espazioetan gizarte-ordezkaritza bat lortzen omen da. Bozkatzea ariketa demokratiko bat ei da, baina itxurakeria hutsa besterik ez da hori; hauteskundeak eta demokrazia liberala, beren osotasunean, sakonki antidemokratikoak baitira. Izaera hori izan dute beti, gorabeherekin, baina nabarmenduz doa azkenaldian: hasteko, boterearen zentralizazio-prozesu bat gertatzen ari da maila globalean; gainera, aniztasunaren defendatzaile gisa aurkezten diren alderdi politikoen atzean interes berdinen defentsarako programa bakarra dago (oligarkiarena) eta, azkenik, gizartearen masa zabalenaren (proletalgoaren) interesak ez daude ordezkatuta ez proposamen politikoetan, ez alderdietan, ez eta parlamentuan ere.

BOTEREAREN ZENTRALIZAZIOA OLIGARKIAREN MESEDETAN

Gizartearen parte-hartze kuotekin batera, botereen banaketa ere izan da estatugintza demokratiko modernoen zutabeetako bat. Botere betearazle, legegile eta judizialaren banaketa jakin bat diseinatu zen demokraziaren babesle gisa, funtsean, interes partikularren kontrolerako proposamena zena. Botere-banaketa, ordea, itxurakeria baino ez da; izan ere, horien arteko sinbiosia etengabekoa izan da hasiera-hasieratik; are gehiago muturreko krisi-testuinguruetan, non itxurakeria hori guztia gainditu eta osoko zentralizazioa gertatzen den botere betearazlearen baitan. Horrela ikusi ahal izan genuen Espainiako Estatuan pandemiaren gestioarekin, eta horixe ari gara ikusten Frantziako Estatuan dekretu bidezko legea etengabe onartzea normalizatzen ari den honetan. Baina, boterearen zentralizazioaz ari garenean, hortik haratagoko zerbaiti buruz ari gara, itxurazko banaketaren gaindipenaz haratago doana: estatuen eta beren baitako erkidegoen autonomia- eta botere-galeraz ari gara, oligarkia finantzarioen eta estatuz gaindiko instituzioen mesedetan.

Gaur-gaurkoz, Europar Batasuneko (EB) eta NATOko estatu kideen erabakitzeko eskumen kuota handiak estatuz gaindiko markoetan kokatzen dira; Europan eta, kasu batzuetan, AEBetan. Europari munduko merkatuan modu bateratuan jardutea interesatzen zaio, eta, horretarako, EBren parte diren estatu guztien politika monetarioetan esku-hartze zuzenerako konpetentzia du. Europako hauteskundeen atarian gauden honetan, pentsa genezake, beraz, hauteskunde horietan dagoela gure parte-hartze kualitatiborako aukera, baina ez da horrela. Europako Batzordeak bereganatzen ditu iniziatiba legegilea eta botere betearazle osoa. Hortaz, bertan daude legeak proposatzeko, erabaki betearazleak aplikatzeko zein Europako administrazioaren zuzendaritza orokorrerarako eskumenak. Ordezkatzen dituen gobernuekiko independenteki jarduten du Batzordeak, eta bere funtzioa EBren interesak defendatzea da. Baina zein dira EBren interesak? Oligarkia finantzarioarenak, noski. Europako erabaki estrategikoak hartzen dituen erabakigune horrek ez du kontrol demokratikorako mekanismo minimorik. Botere-instantzia horiek zein antidemokratikoak diren erakusteko, adibide bakar bat: Ursula Von der Leyen, Europa osoa gerrara eramatea erabakitzen ari den buruzagietako bat, Angela Merkel kantzilerrak berak izendatu zuen Europako Batzordeko presidente; noski, Europako Parlamentuak boto bidez antzeztu zuen bere kargu-hartzea. Orain, ultraeskuineko emakume hori izango da oligarkiaren beso betearazlea Europan, eta ia oposiziorik gabe hautatuko dute berriro Europako Batzordearen gidaritzarako. Beste erabaki-organo batzuek, esaterako EBko Kontseiluak, Batzordearen gaineko gainbegiratze-gaitasuna dute. Hala ere, Kontseiluaren edozein erabakiri betoa jartzeko eskubidea du Batzordeak. Europako hauteskundeetan Europako Parlamentua da hautatzen dena, alegia, botere legegile eta betearazle errealik ez duen organoa. Biztanleriaren gehiengoak ez du, beraz, erabakitzeko eskumenik hauteskunde horietan.

Baina hortik haratago, estatuetako parlamentuak boterez husten ari dira, eta Europan zentralizatzen, eta bi arrazoi nagusirengatik diot hori. Batetik, aipatu dugun Europako Batzordeak estatu kideen gaineko botere koertzitiboa duelako, batez ere, aurrekontu nazionalei edo zorren kudeaketari lotutako auziei dagokienez. Bigarrenik, merkatu nazionalen konpetentzia ezak behartu egiten ditu herrialdeak moneta-, ekonomia- eta segurtasun-politika bateratuak egitera mundu mailan potentzia lehiakorrak izateko (herrialdeen barne- zein kanpo-mailan). Hori horrela, eta kontuan izanda burgesiaren alderdien politikak, soziademokraziatik hasi eta liberalenetaraino, politika ekonomikoetan oinarritzen direla, argi dago nork duen erabakitzeko eskumena: finantziazio-iturria duen horrek. Hala, boterea oligarkia finantzarioetan zentralizatzen ari da, politiken finantziazio-iturri pribatu gisa. Horrek, eliteen botere ekonomikoa handitzeaz gain, beren botere politikoa ere handitzen du. Testuinguruari erreparatzen badiogu, gainera, austeritate eta testuinguru beliko gorakor baten garaia izanik, are erabakitzeko ahalmen handiagoa zentralizatzen dute EBk eta elite finantzarioek. Krisi-garaira egokitzeko finantzatzaileek diseinatzen dituzten estatuz gaindiko austeritate-politikek muga estruktural bat dakarte politika nazionala eta estatukoa garatzeko, eta maniobrarako marjina oso mugatuta uzten die alderdiei politika ekonomikoak egiteko. Hala ere, mugatutako espazio horrek eskaintzen dituen marjinetatik urruti kokatzen ditu bere politikak ezkerrak, eta egin daitekeena baino are gutxiago egiten du. Hautesleak, orokorrean, eskumara desplazatu dira, eta hala egin dute alderdi guztiek ere, alderdiok masa-gizartearen zati batzuk ordezkatzen baitituzte. Hala, garai bateko alderdi ezkertiarren birbanaketaren aldeko erreforma-programak guztiz zaharkituta gelditu dira, beren garapenerako testuinguru ekonomiko eta kultural aproposik gabe.

HAUTESKUNDE-KANPAINA ETENGABEA

Horrekin guztiarekin azaldu nahi dena zera da: hauteskunde-kanpainak, demokraziaren adierazle izatetik urrun, propaganda-kanpainak besterik ez direla. Hautesle-masa interpelatzeko eta mobilizatzeko dinamikak dira hauteskunde-kanpainak, finean, ordena kapitalista legitimatzeko mekanismoak. Hauteskunde-kanpainetan aurkaritzan dauden proposamen programatiko gisa aurkezten dizkiguten horien atzean, banaketa-modu ezberdinak, botere kuoten banaketak eta esplotazio-modalitateen arteko desadostasunak daude. Beraien arteko etsaitasuna, beraz, alderdien arteko talka hutsa da. Ez da programen arteko talka errealik. Beste modu batera esanda, alderdiak Estatuaren kudeaketagatik lehiatzen diren enpresa-egitura konplexuak dira, kudea dezaketen estatuaren helburuak eta noranzkoak jada erabakita daudelarik.

Alderdiak Estatuaren kudeaketagatik lehiatzen diren enpresa-egitura konplexuak dira, kudea dezaketen estatuaren helburuak eta noranzkoak jada erabakita daudelarik

EAEko kasura etorrita, adibidez, beste hainbat tokitan bezala, bi alderdi handiren arteko talkan gertatzen da hegemoniaren aldeko borroka. Espainiako Estatuko hauteskundeetan ez bezala, EAEko hauteskundeetan ez dago ultraeskuinaren susperraldirako mehatxu errealik, eta, beraz, alderdi bakoitzak dituen proposamen ekonomiko eta politikoak dira kanpainan talkan jarri daitezkeen elementuak. Gaur-gaurkoz, EH Bildu eta EAJren arteko hauteskunde-gatazka inoiz baino berdinduago dago. Hamarkada luzeetako EAJren agintaldiaren ostean, EH Bilduren garaipenak ilusioa pizten die batzuei. Baina benetan al dakarte proposamen berri bat? Kontuan hartzen baldin baditugu azkenaldian garatutako proposamen politikoak, hartutako erabakiak eta posizioak, aho batez esan daiteke ezetz. Ezberdintasunetako asko hauteskunde-kanpainarako propio antzeztuak direla ikus dezakegu; adibidez, EH Bilduk ez du arazorik izan EAJren ildo beretik jarduteko bai Nafarroako koalizio-gobernuan bai Eusko Jaurlaritzan funtsezkoak diren legeen onarpenean (Trantsizio Energetikorako Legea, kasu). Beste lege batzuen kasuan, Hezkuntza Legean esaterako, argi dago EAEko alderdi nagusien neurrira egindako proposamen bat dela, azken unean hauteskunde-interesengatik EH Bilduk parlamentuan babestu ez duen arren. Horrekin batera, biak Espainiako Estatuan guztiz integratutako alderdiak diren heinean, bertako parlamentuan ere funtzio berdintsua jokatzen dute: lobby autonomistarena eta PSOEren sostengua den gobernu-blokearena. Izan ere, botere-kuota autonomikoak transferitzeko etengabeko saiakerak egiten dituzte, Espainiako Gobernuaren bideragarritasuna bermatzearen eta austeritate- zein gerra-aurrekontuak onartzearen truke. Eta Espainiako Estatuan ez ezik, hainbat udaletan ere kudeaketa berdintsuak dituzte. Zer aldaketa izan da EH Bilduk hamarkada batez gobernatu dituen udalerrietako proletalgoaren bizitzetan? Instituzioen maniobrarako marjina txikia dela esan dugu, baina horren barruan har zitezkeen neurriak ere ez ditu hartu.

Parlamentuan parte hartzeak eragin handia du alderdi politikoengan, are gehiago masa-mugimendu izatetik datozenetan. Alde batetik, indar instituzional bilakatzeak diskurtsoa eta formak moderatzea dakarrelako, eta hori kasu askotan masa-mugimenduaren neutralizazioarekin batera dator. Paradigmatikoak izan daitezke EH Bilduren kasua Euskal Nazio Askapen Mugimenduarekin (ENAM) edo Podemosen kasua M-15 mugimenduarekin. Beste alde batetik, instituzio kapitalisten kudeaketak burgesiaren joko-zelaian jardutea eskatzen du, bere arau eta betebeharrekin, eta horrek higadura handia eragiten die alderdiei; higadurak eta kontraesanak. EH Bilduk kontraesan horiek naturalki asumitzen ditu, eta, etengabean bi diskurtso kontrajartzen, kontraesanak neutralizatzen ahalegintzen da. Bere baitako antolakundeen artean funtzio-banaketa bat garatu du, erdi-mailako klase nazionalaren hegemonia bere aniztasunean bereganatzeko. Adibidez, bere kargu instituzionalak polizia autonomikoaren omenaldietara doazen bitartean, gazte antolakundearen bidez horien aurkako kanpaina abiarazten du; edo gerra-aurrekontuak eta militarizazioaren aldeko aurrekontuak onartzen dituen bitartean, gerraren aurkako mobilizazio jakin bat hauspotzen du. Horrela, ENAMetik datorren oinarri sozialaren eta gazteriaren egonezinak asetzen ditu eta, era berean, EAJren oinarri sozialetik elikatzen jarraitzeko baldintzak eraikitzen ditu. EH Bildurentzat geroz eta estrategikoagoa da bigarren masa horretara iristea eta hura bereganatzea; horregatik, gero eta gehiago aurkezten du bere burua instituzioen kudeatzaile on bezala eta gero eta kontzesio gutxiago egiten dizkie sektore ezkertiarrei.

Ezkerretik eskuinera, proposamen politikoen oinarriak berak dira. Denek onartzen dute burgesiaren antolaketa-modua: haren estatu-aparatuen onarpena erabatekoa da, jabetza pribatuaren aldeko defentsa ere irmoa da, eta denek onartzen dute esplotazioan oinarritutako gizarte-eredua. Are gehiago, irabazi kapitalisten zati txiki batean oinarrituz diseinatzen dituzte beren politikak, irabazi kapitalista bera zalantzan jarri gabe. Horrek antolaketa politiko independenteari legitimitatea kentzea eta klase desjabetu oso baten existentziaren betikotzea dakartza, finean, klase-gizartearen defentsa egiten baitute guztiek. Iritzi eta ikuspuntu desberdinak dituzten alderdiek aniztasuna isla dezakete, baina beti pentsamendu berdinaren baitan. Hori da euren demokrazia, hori da euren aukera-aniztasuna.

Parlamentarismoaren izaeraren ondorioz, baina baita krisi-testuinguruak eragindako muga estrukturalak azaleratzen joan direlako ere, alderdiek gizarteko sektore ezberdinak ordezkatzeko zuten gaitasuna murriztuz joan da. Batetik, aipatu den bezala, proletalgoak ez duelako hautesle-masaren izaerarik, instituzioekiko desatxikimendu gero eta handiagoaren ondorioz; eta, bestetik, krisi-garaian finantziazio txikiagoa geratu delako Ongizate Estatuan jasotzen zituen onuretarako. Alderdi gehienek ez dute proletalgoaren ordezkatze instituzionala bilatzen, jada ez baitago gizarte-sektore hori itun sozialean modu baketsuan eta onurekin integratzerik, eta bide posible bakarra bazterketa eta autoritarismoa direlako. Hortik kanpo, alderdi bakoitzak bere hartzaile potentziala ondo zehaztuta du. Oparotasun garaian barne har dezakeen hartzailea zabalagoa da, politika egiteko duen marjina ere handiagoa delako. Hala ere, proletalgoa ez da inoiz izan hauteskunde-hartzaile potentziala burgesiaren alderdiarentzat. Izan dituen onurak erdi-mailako klasearentzat diseinatutako politiken ondorio izan dira, edo instituzioetatik kanpoko langile-mugimendu indartsu batek presiorako izandako gaitasunaren ondorio. Beste kasu batzuetan, mugimendu indartsuak asimilatu eta horiek integratzearen truke egindako kontzesio puntualak ere izan dira.

Alderdi gehienek ez dute proletalgoaren ordezkatze instituzionala bilatzen, jada ez baitago gizarte-sektore hori itun sozialean modu baketsuan eta onurekin integratzerik, eta bide posible bakarra bazterketa eta autoritarismoa direlako

Espainiako Estatuko kasua aztergai hartuta, azken urteetako “gobernurik aurrerakoiak” erdi-mailako klase gero eta murritzago bat babesteko neurriak hartu ditu. Langileriaren sumisioa izan da kasu honetan bidesaria; batik bat, Euskal Herrian nagusi izan zen borroka-zikloa itzaltzea eta 15-M bezalako mugimenduen asimilazioa. Espainiako Gobernuaren kasuan, neurri sozialen onarpena edo eragina baino gehiago horien inguruko propaganda izan da oihartzunik handiena izan duena. Bizi-baldintzak nabarmen okertzen diren neurri berean saltzen dizkigute hobekuntza “historikoak”. Paradoxikoa dirudien arren, bere burua faxismoaren alternatibatzat aurkezten duen gobernua indarrean dagoen bitartean, ideologia faxistak modu azeleratuan ari dira zabaltzen. Gobernu honek, izan ere, lan-erreforma zein zigor kodearen erreforma atzerakoiak onartu ditu, edota inpaktu erreala baino propaganda izaera duten legeak onartu ditu, etxegabetzeen moratoria edo lan-erreforma kasu. Gainera, talde mertzenario faxistei, desokupei kasu, bidea libre uzten die gobernuak, proletalgo zaurgarrienaren aurka jazarpena eta intimidazioa erabili eta erasoak gauza ditzaten. Amildegi izugarria dago esaten dutenetik errealitatera. Langileriarentzat estatu soziala baino, kapitalen metaketa optimoa bermatu duen gobernua izan da PSOE eta Podemosena. Horren adierazle dira enpresa handiak izaten ari diren irabazi-tasa historikoak eta, bitartean, gobernuak miseria kudeatzeko eta bake soziala bermatzeko izan duen gaitasuna.

LANGILE-BOTEREA ERAIKITZEKO BEHARRAZ

Burgesiak bere aurpegirik demokratikoena goraldi ekonomikoko garaietan aurkeztu izan du, politika sozial zabalagoak, Ongizate Estatuak zein Eskubide Estatuak sortu ahal izan dituen garaietan. Garai horietan langile-alderdi zein sindikatuak bere instituzioetan txertatzea lortu izan du burgesiak, kontzesio politiko eta sozial batzuen truke, eta horrek, luzera, burgesia demokratizatzea eta zuritzea dakar. Ordea, egindako kontzesio ekonomiko zein politikoak ez dira burgesiaren borondatearen ondorio, ezta langileen interesak burgesiarenera subordinatu eta sisteman integratu izanaren ondorio ere, baizik eta langile-alderdi eta antolakunde iraultzaileek indartsu borrokatu eta burgesia horretara derrigortu izanaren ondorio. Langileen bizi-baldintzetan izandako hobekuntza denak horrela lortu dira eta horrela ulertu behar ditugu, hau da, langileria iraultzailearen garaipen moduan, eta ez erreformismo parlamentarioaren pragmatismoaren ondorio gisa. Ordea, langile-mugimendu independenteak desagertu ahala, burgesia agerian uzten joan da bere aurpegirik autoritarioena, eta, hala, gizartearen ordezkaritzaren sinbolo izatetik zuzenean klase-dominaziorako tresna dela ezkutatzeari utzi dio.

Krisian dagoen sistema kapitalistaren joerei erreparatuz, ordea, esan dezakegu azken hamarkadetan izan dituen erronkarik handienen aurrean aurkitzen dela gizateria: gerra global baten mehatxua gero eta errealagoa da, langileriaren pobretzea etengabea, natur baliabideeen suntsipena muturrera heltzen ari dela dirudi eta estatu burgesak gero eta errepresio gehiago eta zerbitzu gutxiago du proletalgoari eskaintzeko. Abagune historiko honetan, gainera, orain arte azaldu dugunez, burgesiaren alderdi guztiek errezeta bakarra eskaintzen diote proletalgoari: subordinazio politikoa eta miseria.

Testuinguru honek aukera historiko bat eskaintzen digu Mugimendu Sozialista indartsu bat berregituratzeko; aipaturiko auzi gako horien aurka, oligarkia internazionalaren programa bakarraren aurka, alternatiba erreala izango den proposamen komunista indartsua egikaritzeko. Hau da, alternatiba politiko sozialista indartsu bat eraikitzea, fronte guztietan erreferentzialtasun politikoa irabazteko aukera emango diguna.

Prozesu horrek arrakasta izango badu, komunismoak imajinario politiko hegemonikoaren mugak gaindituko dituelako izango da. Burgesiak eskaintzen dizkigun etorkizun distopikoen artean aukeratzera mugatu ordez, askatasuna eta justizia oinarri izango dituen etorkizun bat gorpuztu behar dugu. Horretarako, funtsezkoa da politika instituzio burgesen kudeaketa zuzenarekin lotzen duen zentzu komunarekin haustea. Izan ere, horrek posible diren aukera politiko guztiak irabazien birbanaketara zedarritzea eragiten du, eta, hortaz, politika ororen funtsa Kapitala betikotzera mugatzen du. Horren ordez, jopuntuan irabazi kapitalista osoaren espropiazioa jarriz gero, hots, langileriak berak sortzen duen aberastasunaren gaineko kontrol demokratikoa ziurtatzea badugu helburutzat, orduan agertuko zaizkigu aukera gisa kalitatezko eta doako zerbitzu unibertsalak. Era berean, irabaziena ez ezik, produkzioaren eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoan kontrola ere ortzi-mugan jarriz gero, eta gizartearen beharrizanei lotutako produkzio-sistema bat kontrajartzen badiogu merkatuaren beharrizen arabera antolatutako ereduari, posible izango da planetaren suntsipena etetea. Unibertsalak eta internazionalak diren proletalgoaren beharrak lehen lerrora ekarriz gero, gai izango gara mundua pikutara bidal dezakeen eskalada belikoari etena jartzeko. Premisa argi bat dago horretarako: iraultza sozialista antolatu behar da.

Burgesiak eskaintzen dizkigun etorkizun distopikoen artean aukeratzera mugatu ordez, askatasuna eta justizia oinarri izango dituen etorkizun bat gorpuztu behar dugu

Norabide horretan lehen urrats gisa beharrezkoa zaigu nazioartean militante komunista sare indartsu bat sortzea eta proletalgoak egun dituen erronka nagusiei erantzuteko programa komunista eguneratua osatzea. Hori txoko guztietako komunisten arteko eztabaida diziplinatu eta arrazional baten bitartez baino ez da posible izango. Bi mendetako langileriaren historiari erreparatu eta egindako hutsegiteak eta asmatutakoak behatu eta eguneratu behar ditugu. Era berean, mundu mailako fenomeno politikoak, ekonomikoak eta sozialak ulertu eta problematika horiei erantzuna emateko gai den pentsamendu-sistema oso bat eraikitzeari eta hegemonizatzeari ekin behar diogu.

Horretarako, ezinbestekoa da gaur egun alderdiek ordezkatzen duten burokraten plantillari kontrajartzeko gai izango den borondate anitzen hari gorri berri bat. Soldatak eta ospeak mugitutako goranahien ordez, diziplinan eta konpromisoan oinarritutako masa militante oso bat. Izan ere, burgesiaren alderdi instituzionalek babesa bilatzen badute konpromisorik eta erantzukizunik gabeko hauteskunde-masan, proletalgo antolatuaren eta iraultzailearen egituratzeak dira alderdi komunistak. Finean, parte-hartze aktiboan eta ahalduntze politikoan oinarritutako egitura militanteak.

Burgesiak azken hamarkadetan izan duen garaipen handienetako bat izan da gure anbizioa mugatzea, gure askatasunaren proiekzioa mutilatzea. Hauteskundeek horretan guztian funtsezko rola jokatzen dute, itxurazko alternatiba ezberdinak baino ez direnen artean hautatzeko aukera soilik ematen baitigute. Irabazten duenak irabazten duela, betikoek irabaziko dute. Hainbat hamarkadaz hedatu den demokrazia eta askatasun liberalari kontrajarri behar dizkiogu errealak izango diren proletalgoaren demokrazia eta askatasuna. Asko dugu irabazteko.

EZ DAGO IRUZKINIK