ARGAZKIA / Amaiur Santxoierto
2024/04/04

Inozoak izango gara espero badugu boltxebikeek gehiengo ‘formal’ bat eskuratuko dutela (…) Ezein iraultzak ez du espero halakorik" - Lenin, 1917ko irailaren 13ko gutuna Komite Zentralari

Egia da botere politikoa bereganatu zuten mundu osoko alderdi komunistak hauteskundeetara aurkeztu zirela batzuetan, hau da, taktika parlamentarioak garatu zituztela une jakin batzuetan. Edonola ere, geure buruari galdetu beharko genioke ea hauteskundeetara aurkeztea sine qua non baldintza izan ote zen iraultza sozialistarako, edo, kontrakoa, proletariotzak botere politikoa eskuratzea antolakuntza-mailaren garapen hedatuago baten emaitza izan ote zen. 

Hori aztertzeko, botere politikoa hartzeari eta Proletariotzaren Diktadurari buruz teoria marxistak emandako oinarrizko nozio teoriko batzuk hartuko ditugu abiapuntutzat. Ondoren, XX. mendean izandako Errusiako Iraultzaren dimentsio kuantitatiboa aztertuko dugu. Amaitzeko, modu enpirikoan egiaztatuko dugu noraino iritsi ziren Mendebaldeko alderdi komunista batzuk hauteskundeei eta militantziari dagokionez, eta arreta berezia jarriko diogu Italiako Alderdi Komunistari.

ESTATUARI ETA BOTERE POLITIKOARI BURUZKO TEORIA MARXISTA OROKORRA: PROLETARIOTZAREN DIKTADURA

Teoria marxistaren arabera, estatua emandako gizartearen klase menderatzailearen interesen araberako instituzio bat da. Karl Marxek estatua gizarte kapitalistetako burgesiaren “batzorde betearazle” edo “administrazio-kontseilu” izenekin deskribatu zuen, hau da, argudiatu zuen estatua arduratzen dela babesteaz eta sustatzeaz klase menderatzaileak une historiko bakoitzean dituen interesak, zeinak gizarte kapitalistan burgesiaren interesak baitira. Marxek, Friedrich Engels adiskideak bezala, esaten zuen azken buruan estatua biolentzian eta hertsaduran oinarritzen dela ordena soziala ezartzeko eta klase menderatzailearen interesak babesteko. Interes objektibo horiek legeen aplikazioan, sistema judizialean eta estatuak jabetza pribatuaren eta uneko klase-egituraren defentsan indar antolatuaren monopolioa erabiltzeko duen gaitasunean azaleratzen dira.

Estatuaren ulerkera klasista horretatik, Marxek eta Engelsek ondorioztatu zuten estatua desagertu edo “agortu” egingo dela gizarte komunista batean, hots, klaserik gabeko gizarte batean. Ordea, egoera horretara iristeko, proposatu zuten historikoki premiazkoa zela “Proletariotzaren Diktadura”, hau da, aldi baterako garai bat, non proletariotzak estatuaren kontrola hartzen duen botere burgesa suntsitzeko, ekoizpen-harremanak eraldatzeko eta komunismorantz aurrera egiteko.

Ordea, egoera horretara iristeko, proposatu zuten historikoki premiazkoa zela “Proletariotzaren Diktadura”, hau da, aldi baterako garai bat, non proletariotzak estatuaren kontrola hartzen duen botere burgesa suntsitzeko, ekoizpen-harremanak eraldatzeko eta komunismorantz aurrera egiteko

Ondorioz, Marxek eta Engelsek demokrazia burgesa desestali zuten, esan baitzuten Kapitalak masa desjabetuen gainean aplikatzen duen diktadura ideologiaz eta politikaz mozorrotzen duen ameskeria dela demokrazia burgesa. Estatuaren azpiko egitura sozioekonomikoak klase menderatzaileak kontrolatzen dituela sinetsirik, uste zuten demokrazia burgesa ezin zela izan, haiek zioten bezala, “herritarren borondatea”, “borondate orokorra” eta “subiranotasun nazionala” islatzen dituen egiazko adierazle bat.

Norabide berean, Vladimir Illich Ulianov Leninek estatua “klase menderakuntzarako tresnatzat” hartu zuen. Estatua eta Iraultza lanean defendatu zuenez, iraultza proletarioak estatu-aparatua osorik suntsitzea ekarri behar du, eta ez besterik gabe instituzioen kontrola hartzea. Ondorioz, langile-kontseiluetan (sobietak) oinarritutako estatu mota berri bat sortzea proposatu zuen, demokrazia/diktadura proletarioaren formarik egiazkoena eta garatuena.

BOTERE POLITIKOA HARTZEARI BURUZKO DOKTRINA MARXISTA

Aurreko lerroetan zirriborratu den teoria orokorrari galdera hau dario: nola? Doktrina marxista klasikoa ahalegindu zen argitzen ea zein indarren bermea eduki behar duten proletarioek zehazki, eta ea nola prestatuta egon behar duten indar horiek botere politikoa hartzeko zereginari ekiteko. Zientzia subertsibo horren arloan, bereziki garrantzitsuak izan ziren masak mobilizatzeko zenbait moduren, propagandaren funtzioaren, eta, batez ere, antolaketa-elementuaren esperimentazioaren bitartez egindako aurkikuntzak –azken horrek Alderdiaren forma orokorrari buruzko teoria eta antolaketa-teknika zehatzenak biltzen zituen bere barnean–.

Komunismo modernoaren aitek era sakonean aztertu zituzten iraultza eta biolentzia eredu zehatz batzuk baztertzeko, baina ez zuten matxinada modu sistematikoan eta positiboan teorizatu. Hori bai, ideia orokor batzuk zirriborratu zituzten. Boltxebikeek bereganatu eta modu zabalagoan garatu zituzten ideia horietako batzuk: dimentsio politikoaren, sozialaren eta militarraren batasuna; borroka iraultzaileko indar-

harremanen eta baldintza objektiboen ebaluazioa; prozesu subertsibo baten ondoz ondoko urratsen azterketa; Burgesiaren Armadaren gainbehera moralaren eta materialaren faktorea; eta milizia proletarioko ofizialen zuzendaritzapean herri xehearen armatzea eta heziketa. [1] Alemanian 1848an eta 1849an izandako esperientzia iraultzaileak eman zituen ikasgaiak kontuan hartuta, Engelsek adierazi zuen “matxinada gerra bezalako artea zela”, eta, hortaz, “prozedura-arau jakin batzuk” bete behar zituela. Oinarrizko aholkua zen “ez hastea matxinada antolakunde iraultzailea matxinadaren ondorio guztiei aurre egiteko erabat prestatuta egon arte”, eta, matxinada hasitakoan, ezinbestekoa zen erasoaldiari eustea kosta ahala kosta [2]. 

Ideia horien eta, geroago, Errusian egindako zehaztapen teoriko politikoaren argitara, Urriko Iraultza Sozialista Handiak Europa osoa eta mundu osoa astindu zituen, eta erakutsi zuen sozialismora iristeko bide iraultzaileak gaurkotasun osoa zuela. Boltxebikeen antolakuntza-makineria izan zen, praktikan eta matxinadari buruz era argianformulatutako doktrina jarraituz boterea bereganatu zuen alderdi politiko bakarrenetako bat. Horrela, estatua hartzeko modu bortitzari buruzko teoria marxista gaurkotu eta zehaztu zuen, eta antolaketa-gorputza eman zion [3]. 

Boltxebikeen antolakuntza-makineria izan zen, praktikan eta matxinadari buruz era argian formulatutako doktrina jarraituz boterea bereganatu zuen alderdi politiko bakarrenetako bat. Horrela, estatua hartzeko modu bortitzari buruzko teoria marxista gaurkotu eta zehaztu zuen, eta antolaketa-gorputza eman zion

Leninek beste maila bat eman zion Marxen eta Engelsen iraultza “arte” gisa ulertzeko ikusmoldeari, eta honako printzipio hau baieztatu zuen: “Ezinezkoa da marxismoari eta iraultzari leialtasunez eustea matxinada artetzat hartzen ez bada” [4]. Hortaz, matxinadaren ideia boltxebikea masa-mugimenduei lotutako egoera iraultzaileen kate luze bateko kate-begi gisa ulertzen zen. 1915eko Bigarren Internazionalaren Porrota liburuxkan, lider iraultzaileak hiru zantzu edo baldintza ezarri zituen egoera historiko bat “aurre-iraultzaile” gisa definitzeko[5]:

  1. Klase agintariaren barne-krisia.
  2. Klase menderatuen oinazeak eta gabeziak ezohiko eran larritzea.
  3. Aurreko egoeren eraginagatik, masen jarduera modu nabarmenean handitzea.

Hala ere, Leninek beti nabarmendu zuen “egoera iraultzaile guztiek ez dutela nahitaez iraultza bat sortzen”. Hain zuzen ere, “iraultza gerta dadin, aurreko hiru faktoreei faktore subjektiboa gehitu behar zaie, hau da, klase iraultzailearen gaitasuna, zeinak lehengo gobernua apurtzeko edo pitzatzeko behar bezain indartsua izan behar baitu; izan ere, lehengo gobernua krisi betean egonda ere, “ez da eroriko erorarazten ez bada” [6]. 

Internazional Komunistaren buruek Matxinada armatua obran gogorarazten duten bezala, Leninek ez zuen inoiz matxinada ekintza isolatu gisa ulertu, klase-borrokaren beste une estrategikoekin harremanik gabekoa balitz bezala. “Matxinada prestatzen da herri bateko klase-borroka guztiekin batera; borroka horien jarraipen organikoa besterik ez da” [7], azpimarratu zuten. Are gehiago, honako hau uste zuten, are argitasun kontzeptual handiagoarekin: “Alderdi iraultzailearen jarduera guztia, tartean bakearen aldeko borroka, esku-

hartze inperialistaren kontrakoa (Txinan, SESBen eta abarretan), prestatzen ari diren gerra inperialisten kontrakoa (Europan, Amerikan eta abarretan), arrazionalizazio kapitalistaren kontrakoa, soldata igoeraren aldekoa, aseguru sozial orokorren aldekoa, proletarioen bizi-maila handiagotzearen aldekoa, lurraren nazionalizazioaren aldekoa, borroka parlamentarioa, eta abar; hori guztia bideratu behar da masak prestatzera eta mobilizatzerairaultza-prozesuaren borroka-maila goragoko baterako, matxinadarako”[8]. 

Hala eta guztiz ere, matxinadaren arrakastarako ezinbesteko baldintzak teorian definituta dauden arren, praktikan oso zaila izan da historian zehar egoera iraultzaileak zer heldutasun-maila duen antzematea, eta, ondorioz, matxinada hasteko une egokia zein den erabakitzea. “Matxinada hasteko dataren arazoak berebiziko garrantzia dauka”, onartzen zuten Internazional Komunistaren buruzagiek [9]. Eta ez da gutxiagorako, dataren arazoa izan baita iraultza arrakastatsuen eta porrot egin dutenen arteko aldea markatu duen faktore garrantzitsuenetako bat. Jarraian, 1917ko Urriko Iraultza Sozialista Handia behatzeari ekingo diogu, eta arreta bereziarekin erreparatuko diegu boltxebikeek botere politikoa hartzeko bilbatu zuen prozesuari eta horretarako izan zituzten giza baliabideei.

URRIKO IRAULTZA (1917)

Boltxebikeek, Leninen gidaritzapean, Estatuko Dumarako (Errusiako Parlamentua) hauteskunde batzuetan eta Batzar Konstituziogileko hauteskundeetan parte hartu zuten 1917ko Urriko Iraultzaren ondoren. Ordea, boltxebikeek Errusia iraultzailean hartu zuten taktika elektoral “baketsuak” gutxi iraun zuen, eta ez zen inoiz egon beste lehentasun estrategikoen gainetik, hala nola sobietetan (langileen kontseilu independenteak) parte hartzearen edo matxinada prestatzearen gainetik.

Ez da ahaztu behar Errusian botere dual argia zegoela Otsaileko Iraultzaren ondoren: langileen kontseiluen boterea eta estatu post-tsaristaren aparatu ofizialarena. Testuinguru horretan Oskar Anweilerrek gogora ekartzen du Sobietak Errusian obran nola boltxebikeek norabide dualari jarraitu zioten boterera iritsi aurretik: “Alde batetik, sobietean gehiengoa lortzeko, programa propioa hedatzen eta behin-behineko gobernuaren aurkako borroka errukigabean jarduten zuten; eta, beste alde batetik, kontseilu sozialista moderatuek boterea hartzea exijitzen zuten” [10]. Taktika horrek logika argi bati erantzuten zion; izan ere, boltxebikeen buruzagiek bazekiten sozialista moderatuek gobernua hartzen bazuten ez zutela beteko masa zabalek eskatzen zuten minimoen programa ere. Ezohiko egoera objektiboki iraultzaile hartan, uste zuten sobietetan (ez Duman) gehiengoa izateko bidea erraztuko zietela fronteko soldaduen bake nahiak, nekazarien goseak eta langileek zuten asaldurak, eta gehiengo horrekin sozialista moderatuen behin-behineko gobernua kargugabetzera ere iritsiko zirela. Plan horrek, Iosif Stalinek gogora ekartzen zuenez, “ez zuen, jakina, Proletariotzaren Diktadura berez ezartzen, baina ezbairik gabe erraztu egiten zuen diktadura bermatzeko behar ziren baldintzak sortzea. Izan ere, planak mentxebikeak eta sozio-iraultzaileak boterean jartzen zituen, eta haien programa antiiraultzailea praxian gauzatzera behartzen zituen, eta horrek azkartu egingo zuen alderdi horien benetako errealitatea agerian uztea; haien isolamendua, haien masekiko atxikimendu falta” [11].

Taktika horrek ez zuen esan nahi, inondik inora, iraultzaren izaera bortitzari buruzko funtsezko uste boltxebikeei uko egiten zitzaienik, baizik eta une jakin batean zera pentsatu zutela: proletariotza iraultzailearen Alderdia jada independentzia politikorako bidean egonda eta masen bultzada indartsu batekin, matxinada bat egin beharrik gabe agintera iristeko abagune berezia sortuko zela. Berehala egiaztatu ahal izan zuten ez zela posible izan, eta ez ziren tematu taktika hori gehiago luzatzen. Horrela, Anweilerrek gogora ekartzen du “hori Leninek aholkatu eta hedatu zuela soilik Errusian 1917ko udaberrian gertatu ziren baldintza berezietan” [12]. Gainerakoan, lider boltxebikeak argi utzi zuen gerra zibila zela iraultza sozialistara iristeko bide arrunta, eta “bide baketsua” salbuespena baino ez zela [13]. Bestalde, boltxebikeen botere-hartze baketsuaren hipotesiak ere ez zituen inoiz baztertu beharrezko neurri errepresiboak klase etsaien eta traidoreen aurka. 

Gainerakoan, lider boltxebikeak argi utzi zuen gerra zibila zela iraultza sozialistara iristeko bide arrunta, eta “bide baketsua” salbuespena baino ez zela

Iraultzaren unean boltxebikeek zeukaten antolatzeko indarraren dimentsio kuantitatiboari dagokionez, aipa daiteke 1917ko abuztura arte gutxiengo batek baino ez zuela bat egiten boltxebikeekin Errusian. Are gehiago, Anweilerrek adierazten du “talderik txikiena zela hiru alderdi sozialista handienen artean”, bai sobietetan zuten ordezkaritzan, bai hiri-eta landa-parlamentu ofizialetako ordezkaritzan” [14]. Urriko Iraultza baino sei hilabete lehenago, 1917ko apirilean, Leninek zuzentzen zuen alderdiko kideak 80.000 inguru ziren (garai hartako Errusiako populazio osoaren %0,06), eta, abuztuan, boterea hartzeko bi hilabete baino falta ez zirela, harritzeko moduko kopurura iritsi ziren, 240.000 militante izatera; hala ere, kantitate hori Errusiako populazioaren %0,18 baino ez zen [15]. Handik gutxira, Alderdi Boltxebikearen Batzorde Zentralaren bilera-akta batean jasota dagoenaren arabera [16], 1917ko urriko hilean bertantxe, gutxienez 400.000 kide zituen Alderdi Boltxebikeak; hau da, Leninek eta bere kamaradek boterea hartzeko Errusiako Inperioko populazioaren zati baten babes zuzena, aktibatua eta antolatua izan zuten, baina populazio zati horren portzentajea ez zen izan %0,3koa baino askoz handiagoa.

1917ko urriko hilean bertantxe, gutxienez 400.000 kide zituen Alderdi Boltxebikeak; hau da, Leninek eta bere kamaradek boterea hartzeko Errusiako Inperioko populazioaren zati baten babes zuzena, aktibatua eta antolatua izan zuten, baina populazio zati horren portzentajea ez zen izan %0,3koa baino askoz handiagoa

Beraz, lehen erakutsitako baldintza historikoak eta gutxieneko faktore kuantitatibo absolutua soilik ez badira nahikoa botere politikoaren konkista azaltzeko, zein beste elementuk egin zuten boltxebikeen arrakastaren alde? Indar militantearen antolaketa estrategikoa eta kualitatiboak eta jarraitzaileen sarearen hedapenak lagun diezagukete ideia bat egiten. Alde batetik, aipatzekoa da militanteen sare horren indartzea eta boltxebikeen ospea bereziki landa-guneetako eta hiriburuetako zona industrializatuenetan gertatu zirela, batez ere industria-proletarioen artean. Beste alde batetik, boltxebikeek zuten babesa handitu egin zen behin-behineko gobernuak bere gaitasun eta borondate eza erakusten zituen heinean. Izan ere, argi erakusten zuen ez zeukala ez gaitasunik ez borondaterik bere gain hartzeko Errusiako Inperioaren hondakinen azpian sarraskitutako eta menperatutako masa gosetuak laguntzeko zereginik beharrezkoenak. Ordurako ezin zitzaion botereari eutsi gogorkeria erabilita; are gehiago, Kornilov jeneralak 1917ko uztailean emandako estatu-kolpearen aurrean boltxebikeek aurrera eraman zuten erresistentzia sendoak komunisten itzala handitu baino ez zuen egin. Erresistentzia horrekin batera, boltxebikeek “bakea, lurra eta ogia” aldarrikatu zuten. Horrela, 1917ko abuztuaren amaieraren eta irailaren hasieraren artean, boltxebismoa masa-mugimendu handi bihurtu zen. Anweilerrek Alderdi Boltxebikeko jarraitzaile taldearen estimazio batekin azaltzen du: “Militante boltxebike bakoitzarekin 20, 30 edota 50 ‘boltxebike’ ere elkartzen ziren, eta kide horiek ez ziren alderdiko kideak, jarraitzaileak baizik” [17]. Horrek esan nahi du, alderdi-kide bakoitzeko 20 jarraitzaileren erreferentzia apala erreferentziatzat hartuta, 1917ko urrian gutxienez 8 milioi pertsonak babesten zituztela boltxebikeak, eta, hortaz, oinarri sozial bat izan zezaketela, pertsona horiek guztiak kide organikoak ez baziren ere. Hori orduko Errusiako populazioaren %6 zen. Gogora dezagun, populazioaren %6 hori Errusiako garapen kapitalistarako garrantzi estrategikoa zeukaten posizio geografiko, ekonomiko eta sozialetan kokatuta zegoen. Anweilerrek xehetasun gehiago ematen ditu gaiari buruz:

“Fabriketako batzorde gehienak boltxebikeak ziren Petersburgon eta Moskun, Uralen eta Donec haranean 1917ko udaz geroztik. Eta baita sindikatuak ere, zeinak Iraultzaren lehen hilabeteetan mentxebikeen menpekoak baitziren, udazkenean urratsez urrats pasatu ziren boltxebikeen eraginpera. Errusia osoko biltzar sindikalistan (1917ko ekaina) boltxebikeek delegatuen %36,4 besterik ez zituzten euren alde 117 delegatu sindikalisten artean, eta, iraileko Biltzar Demokratikoan, aldiz, %58 ziren boltxebikeak eta %38,4 mentxebikeak eta eskuineko sozio-iraultzaileak. Urriaren bezperan, industria-hiri handietako ia sindikatu guztiak Leninen alderdiarekin zeuden, salbu eta trenbide elkarte garrantzitsua, posta-sindikatuak, telegrafoak eta inprimatzaileak” [18].

Militante boltxebike bakoitzarekin 20, 30 edota 50 ‘boltxebike’ ere elkartzen ziren, eta kide horiek ez ziren alderdiko kideak, jarraitzaileak baizik

Testuinguru hartan, Leninek ebaluatuak zituen Errusiako barne-krisia eta nazioarteko egoera, eta ondorioztatua zuen egoera nahikoa heldua zegoela boltxebikeek berehala boterea har zezaten. Une historiko berezi haren garrantzi handiaren ikuspegi argi eta kontzientea izanda, konbentzituta zegoen matxinada politikoki beharrezkoa zela, eta berehalako prestaketa praktikoa behar zuela. Horretarako, baina, oztopoak aurkitu zituen, baita Alderdi Boltxebikearen Batzorde Zentralean bertan ere. Aurka zeudenak isolatuz eta zalantzan zeudenak erakarriz gainditu behar izan zituen oztopo horiek.

Irailaren 13an Batzorde Zentralari Marxismoa eta altxamendua izenburuarekin idatzitako gutunean, Leninek oportunistak izatea leporatu zien baldintza objektibo egokietan matxinada artetzat hartzeari muzin egiten ziotenei. Prestatutako altxamenduaren alderdi teknikoan erabat zentratuta zegoen, eta beldur zen beranduegi izango ote zen. Une hartantxe ez zion garrantziarik ematen Iraultzaren gehiengo demokratikoari buruzko ikerketari, eta altxamendua legezkoa izateak ala ez izateak ez zion batere axolarik. Altxamenduak ezin zuen itxaron, ezta Errusia osoko sobieten II. Biltzarraren bilera egin arte ere; “katastrofikotzat” jotzen zuen ordura arte atzeratzea. Alderdiari idatzitako gutun gogor batean zain egotearen jarrera “erabateko ergelkeriatzat edo erabateko traiziotzat” jotzera iritsi zen: baldintzak ezarrita zeuden, lehenik Kerenskiren behin-behineko gobernua zapaldu behar zen, eta gero Sobieten Kongresurako deia egin behar zen.

Leninentzat, une hartan, organo sobietar gorenak ez ziren erabakigarriak, eta kontseiluak altxamendurako organoak zirelako bere antzinako ideia berrartu zuen. Botere osoa sobietentzat eslogana zen, une hartan eta inoiz baino gehiago, matxinadarako deia. Bazekien kontseiluek eginkizun praktikoa bete behar zutela altxamenduan, baina kontseiluetako gehiengoaren izaera likidoa zela eta, Leninek defendatzen zuen Alderdi Boltxebikeak era independentean zuzendu behar zuela altxamenduaren prestaketa praktikoa, hain zuzen ere, sobietetan indartsuenak ziren une zehatzean. Oro har, urriko altxamendurako Leninen ulerkerak esan nahi zuen Alderdi Boltxebikeak burutuko zuela matxinada, eta kontseiluek berretsiko zutela botere-hartze hori.

“Botere osoa sobietentzat” eslogana zen, une hartan eta inoiz baino gehiago, matxinadarako deia. Bazekien kontseiluek eginkizun praktikoa bete behar zutela altxamenduan, baina kontseiluetako gehiengoaren izaera likidoa zela eta, Leninek defendatzen zuen Alderdi Boltxebikeak era independentean zuzendu behar zuela altxamenduaren prestaketa praktikoa, hain zuzen ere, sobietetan indartsuenak ziren une zehatzean

Horren guztiaren ondoren, ulertzen has gaitezke zergatik burgesiaren hauteskundeetan gehiengo formala izatea bera ere ez zen ezinbesteko elementua boltxebikeek boterea lor zezaten. Datuei lotuz, Urriko Iraultzaren ondorengo Batzar Konstituziogilerako egin ziren bozketetan, emaitzak honela banatu ziren botoetan eta eserlekuetan [20]:


Sozio-iraultzaile errusiarrak15.848.004
Sozio-iraultzaile ukrainiarrak1.286.157

Sozialista ukainiarren koalizioa

Sozio-iraultzaileak eta jarraitzaileak osotara

3.556.581

20.690.742

Boltxebikeak9.844.637
Mentxebikeak1.364.826
Beste sozialista batzuk601.707
Demokrata konstituzionalak1.986.601
Talde kontserbadore errusiarrak1.262.418
Talde nazionalistak2.620.967

1. taula: Urriko Iraultzaren ondoren Errusian Batzar Konstituziogilerako egin ziren hauteskundeen emaitzak, bototan

Sozio-iraultzaile errusiarrak299
Sozio-iraultzaile ukrainiarrak81
Eskerreko sozio-iraultzaileak39
Boltxebikeak168
Mentxebikeak18
Beste sozialista batzuk4
Demokrata konstituzionalak15
Kontserbadoreak2
Talde nazionalistak77

2. taula: Urriko Iraultzaren ondoren Errusian Batzar Konstituziogilerako egin ziren hauteskundeen emaitzak, eserlekutan


Batzar Konstituziogilerako hauteskundeetan boltxebikeek ez zituzten lortu esperotako botoak: hori bai, %23,9 lortu zituzten, bigarren alderdirik indartsuena izan ziren, eta hauteskunde haietan boltxebikeen boto-emaileen kopurua alderdian afiliatuen kopurua baino 24 aldiz handiagoa izan zen, Errusiako populazioaren gehiengoa izan ez arren. Txanponaren beste aldean, hauteskunde haiek agerian utzi zuten boltxebikeek taktika parlamentarioaren alde egitearen kausa ulertzen laguntzen duen egoera bat: Errusiako herritar gehienek begiko zuten sozialismoa, alderdi sozialista desberdinak hauteskundeetara aurkeztuak ziren, eta, hain zuzen ere, biztanleriaren 4/5en babesa lortua zuten. Horien artean, boltxebikeek gutxi gorabehera botoen laurden bat baino ez zuten lortu maila nazionalean, baina babes horren dimentsio kualitatiboak errealitate desberdin eta erabakigarri bat utzi zuen agerian klaseen arteko borrokan indar orokorren korrelaziorako (ez hauteskundeetan). Boltxebikeek gehiengo erlatiboa edo absolutua lortu zuten hiri handietan, ingurabide industrialetan eta herrialdearen barrualdeko garnizio militarretan –hirugarren hori bereziki garrantzitsua da–. Horrez gain, eragin handia zuten iparraldeko frontean, ipar-mendebaldean eta Baltikoko flotan. Armadaren boto osoaren %41 lortu zuten [21], eta hori ez da huskeria, oso ageriko esanahia baitu. Hori bai, gogoan izan behar da armada garaikideak ez bezala 1917ko Errusiako armada ez zela profesionala: %85 ofizialordeak eta soldadu xeheak ziren [22], eta jatorriz nagusiki proletarioak edota nekazari pobreak. Euren gotorlekutik kanpo, boltxebikeek eragina izan zuten erdialdeko lurraldeetan, ipar-mendebaldekoetan, eta baita Errusia zurian bizi ziren nekazari batzuen artean ere.

Batzar Konstituziogilerako hauteskundeetan boltxebikeek ez zituzten lortu esperotako botoak: hori bai, %23,9 lortu zituzten, bigarren alderdirik indartsuena izan ziren, eta hauteskunde haietan boltxebikeen boto-emaileen kopurua alderdian afiliatuen kopurua baino 24 aldiz handiagoa izan zen

Hauteskundeetako emaitzen eta tokiko sobietetan alderdiek zuten indarraren arteko korrelazioak adierazten zuen lotura argia zuela hirietako langileen eta soldaduen kontseiluetako gehiengoaren artean. Aitzitik, nekazarien erakundeetako sozio-iraultzaileen nagusitasuna hauteskundeetan nekazaritza-eremuetan zeukaten arrakastan islatzen zen. Anweilerrek ondorioztatzen du, funtsean, hauteskundeetako emaitzek eratzen ari zen gerra zibileko indarren kokapen geografikoa aurreratzen zutela: “Boltxebikeek erdigunea okupatzen zuten, eta oposiziogileek periferiatik jardun behar zuten” [24].

Jarraian, boltxebikeek Batzar Konstituziogilea desegin zuten, eta Sobieten Kongresua eratu zuten. Era horretan, erakutsi zuten paradoxikoki neurri berekoa dela iraultza bat “parlamentutik” planteatzeko behar den indarra eta hura desegiteko behar dena. Horrela, trantsizio fasea amaitu zen, 1917ko urrian boltxebikeek boterea hartu zutenetik estatu-ordena berria sendotu arteko fasea: demokrazia burgesak porrot egin zuen proletariotza iraultzailearen aurrean. Gainera, oso protesta gutxi egon zen boltxebikeek hartu zituzten lehen neurrien aurka. Izan ere, nekazari- eta langile-masek, zeinentzat Batzorde Konstituziogilea beti erakunde urrun eta abstraktua izan baitzen, hobeto onartu zituzten gobernu iraultzailearen neurri praktiko zehatzak benetako eraginik gabeko Batzorde Konstituziogilearen erabaki teorikoak baino [25].

Leninentzat eta boltxebikeentzat, beraz, Batzorde Konstituziogilean faktore erabakigarria beti izan zen ea nork ordezkatzen zuen benetako indar politikoa, indar politiko erreala. Hau da, ez zenbat boto zituen, ezpada zer zegoen boto horien atzean, zer bitarteko zeuzkan bere atzean. “Batzorde Konstituziogilearen auzia burgesiaren eta proletariotzaren arteko klase-borrokaren auzia da; hau da, bi horien arteko borrokaren garapenaren eta emaitzaren mende dago”, zioen Leninek 1917ko uztailaren amaierako idatzi batean [26]. Garaiko liburuxka boltxebike oso ezagun batek are argiago azaldu zuen: “Batzorde Konstituziogileak Petersburgon elkartu behar du, herri iraultzaileak eta, batez ere, tropa iraultzaileek kontrolpean izan dezaten, eta harengan presioa egin ahal izan dezaten” [28]. 

MATXINADA-SAIAKERA

Errusiako Urriko Iraultza Handiak oihartzun handia izan zuen Europan eta mundu osoan, eta katalizatzaile moduan funtzionatu zuen leku guztietan artikulatzen ari ziren mugimendu iraultzaileentzat. Une aproposa sortu zen agitaziorako eta aldaketa erradikalak bilatzeko, hau baitzen testuingurua: Lehenengo Mundu Gerrak hondamena utzi zuen, erregimen autoritarioak desegonkor zeuden, eta langile-klaseak instituzio burgesekiko deskonfiantza eta atsekabea zituen. Orduan, Internazional Komunistak iraultza Europan azkar heda zedila proposatu zuen; proletarioen zenbait altxamendu armatu izan ziren, eta lehenengo alderdi komunistak artikulatu ziren. Hauteskundeei dagokienez, XX. mendearen lehenengo iraultza-aldian, komunistak oso epe laburretan aurkeztu ziren hauteskundeetara, hura tresna moduan erabiliz eta beti oso baldintza zorrotzen pean; helburuak ondo zehaztuta, altxamendurako aukera inoiz baztertu gabe, eta, beraz, altxamendurako aukera hori prestatzen zuten bitartean. 

Proletarioen altxamendu armatuek, berriz, langileen babes nabarmena zuten tokian toki, erraz lortzen zuten ordena burgesaren indarrak garaitzea, baita matxinoak askoz ere kopuru txikiagoa izanik ere

Proletarioen altxamendu armatuek, berriz, langileen babes nabarmena zuten tokian toki, erraz lortzen zuten ordena burgesaren indarrak garaitzea, baita matxinoak askoz ere kopuru txikiagoa izanik ere. Alabaina, garapen txikiagoa zuten estatu modernoek ere matxinadak itotzen zituzten armadaren laguntzaz, antolakunde iraultzaileak ez baziren ekintza-batasunez aritzen edo ez bazuten langile-biztanleriaren babesik. Europa mendebaldeko iraultza-saiakerek porrot egin izanagatik, borroka-ziklo hura baliagarria izan zen Europako lehenengo alderdi komunisten militantzia-oinarria eratzeko.


ALDERDIAURTEAAFILIATUAK
Alemaniako Alderdi Komunista (KPD)1918106.656
Austriako Alderdi Komunista (KPÖ)
19183.000
Belgikako Alderdi Komunista 
1921517
Txekoslovakiako Alderdi Komunista (KSC)
1921170.000
Danimarkako Alderdi Komunista (DKP)
192025.000
Espainiako Alderdi Komunista (PCE)
19191.000
Finlandiako Alderdi Sozialista Langilea (SSTP)
19202.500
Frantziako Alderdi Komunista (PCF)
1920109.000
Britainia Handiko Alderdi Komunista (CPGB)
19203.000
Italiako Alderdi Komunista (PCI) 
192170.000
Luxenburgoko Alderdi Komunista (CPL)
1921500
Norvegiako Alderdi Komunista (NKP)
192316.000
Holandako Alderdi Komunista (CPH)
19181.799
Errumaniako Alderdi Komunista (PCR)
19212.000
Suediako Alderdi Komunista (SKP) 
192114.000
Greziako Alderdi Sozialista Langilea-Alderdi Komunista (SEKE-K) 
19201.320

3. taula: Europako alderdi komunista batzuen sorrera-uneko afiliatuen zifrak [29].


SABAI PARLAMENTARIOA

Mendearen hasierako iraultza-erasoaldiaren amaieran, III. Internazionalak ondorioztatu zuen Mendebaldea jada ez zegoela iraultza-egoera objektibo batean, eta, beraz, posizio defentsiboa hartu beharrean zela. Testuinguru horretan, eta masek bizkar emango zien beldur, komunistak, beste gauza batzuen artean, taktika parlamentarioaren aldeko apustua egiten hasi ziren.

Oro har, gerraosteko aldi hartan, alderdi komunistek inoiz baino babes handiagoa izan zuten hauteskundeetan, eta gerraren aurretik izandako militante kopurua handitu zuten. Kasurik onenean, botoen herena lortu zuten, eta ia gobernua lortu. Ordea, AEBek eta Europako burgesiak ito egin zuten aukera hori, xantaia finantzarioa, propaganda antikomunista masiboa eta terrorismo-kanpainak erabiliz, baita batzuetan haiek legez kanpo utziz ere

Bigarren Mundu Gerran militantzia komunistak milizia antifaxistetan egin zuen alimaleko esfortzuaren ondoren, alderdi komunistek hain zuten ospe ona Europan, ezen III. Internazionalak interpretatu baitzuen posible zela hauteskundeen bidez boterea eskuratzea. Oro har, gerraosteko aldi hartan, alderdi komunistek inoiz baino babes handiagoa izan zuten hauteskundeetan, eta gerraren aurretik izandako militante kopurua handitu zuten. Kasurik onenean, botoen herena lortu zuten, eta ia gobernua lortu. Ordea, AEBek eta Europako burgesiak ito egin zuten aukera hori, xantaia finantzarioa, propaganda antikomunista masiboa eta terrorismo-kanpainak erabiliz, baita batzuetan haiek legez kanpo utziz ere. Frantziako Alderdi Komunistari (PCF), adibidez, nahiz eta berak lortu zuen boto gehien 1946ko hauteskundeetan, betoa jarri zioten gobernuan sar ez zedin, eta Alemaniako KPD legez kanpo utzi zuten 1956an.


HERRIALDEAHAUTESKUNDE-URTEABOTOEN EHUNEKOA
Austria19455,4%
Belgika194612,7%
Txekoslovakia194637,9%
Danimarka194512,5%
Finlandia194523,5%
Frantzia194628,26%
Hungria194516,9%
Islandia194619,5%
Italia194619,0%
Luxemburgo194513,5%
Norvegia194511,9%
Herbehereak194610,6%
Alemaniako Errepublika Federala19495,7%
Suedia194410,3%
Suitza19475,1%

4. taula: Alderdi komunistek gerraosteko lehenengo hauteskundeetan lorturiko botoen ehunekoa [30].


Ikus daitekeenez, alderdi komunista batzuek, boltxebikeek 1917an lorturiko emaitzak baino hobeak lortuta ere, ez zuten lortu boterera iristea ez bide “demokratikotik” ezta matxinada bidez ere. Taktika parlamentarioa, ordea, urte luzez erabili zuten Gerra Hotzean zehar, baina ez zuen aurreikusitako helbururik eman, eta higadura handia eragin zuen alderdi komunistetan. Italiako Alderdi Komunista izan zen gerraostean hauteskunde-indarrari eutsi zion bakarra, eta, are, hura gainditzea lortu zuena. Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta Europa mendebaldeko alderdi komunistarik indartsuena izan, hauteskundeetan gora egiteak ez zuen sendotu maila sozialean eta militantziari dagokionez, baizik eta kontrakoa: printzipioak eta kideak etengabe galdu zituen, harik eta desegin zen arte. Gainerako masa-alderdi komunistek –Italiakoa baino askoz ere ahulagoak– bide bertsua urratu zuten: beren kapital politiko eta giza kapital osoa integratu eta irentsi zuten estatu burgesek. Boltxebismoaren oinordeko zuzenak ziren horiek; borroka partisanoan sekulako ahalegina egin zutenak gerran bertan eta klandestinitatean; milioika proletario beren lerroetan antolatu zituztenak muturreko egoeretan, eta dozenaka gobernu ataka estuan jarri zituzten horiek, ez zioten eutsi elektoralismoari.

Alderdi komunista batzuek, boltxebikeek 1917an lorturiko emaitzak baino hobeak lortuta ere, ez zuten lortu boterera iristea ez bide “demokratikotik” ezta matxinada bidez ere. Taktika parlamentarioa, ordea, urte luzez erabili zuten Gerra Hotzean zehar, baina ez zuen aurreikusitako helbururik eman, eta higadura handia eragin zuen alderdi komunistetan

XX. mendeko historiak erakusten duenez, baliteke hauteskundeetako parte-hartzeak aukera irekitzea (edo oportunismoa, hobeto esanda) printzipio ideologiko batzuetan beheratzeko, helburu taktizista batekin: antolakunde komunistek nozitzen duten hauteskunde-blokeoa apurtzea. Gauzak horrela, helburu zena (iraultza) plano estetikora baztertuta gelditzen da, eta, aldiz, bitartekoak izan beharko liratekeenak (hauteskundeak) beren horretan helburu izatera igarotzen dira. Alderdiok hauteskunde-zikloak lehentasun moduan eta era mugagabean erabiltzen hasten direnean, horrek militantzia baldintzatzen du, bai hazkundeari dagokionez (kuantitaboa eta kualitatiboa), baita haren aplikazio politikoari dagokionez ere.

Gainera, hain da tranpatia demokrazia burgesaren hauteskunde-jokoa, ezen alderdi komunistek gehiengoa lortzen dutenean ere –konstituzioaren joko-arauak errespetatuz, beren ekintza-esparrua mugatuz eta batzuetan baita erreformismoarekin koalizioan aurkeztuz ere–, burgesiaren botereak (egiazko botereak) maniobra antidemokratikoak egiten baititu komunistak gobernuetatik kanporatzeko, izan beto edo presio bidez gerraosteko Europan gertatu zen moduan, izan estatu-kolpeen bidez, edo izan antolakunde iraultzaileen aurkako sarraskien bidez, Txilen eta Indonesian gertatu zen bezala. Bestela esanda, XX. mende luzeko esperientziak erakutsi du sozialismora bide demokratiko-burgesetatik iristea sinpleki ezinezkoa dela.

ONDORIOAK

Ondorio modura, iraultza-prozesuen azterlan historiko kuantitatibo baterako hurbilpen honetan argi ikusi da alderdi komunistetako kideen kantitate erlatiboa ez dela botere politikoa eskuratzeko elementu erabakigarria; edo, gutxienez, ez erreformismoak planteatzen duen moduan, indar politiko hegemonikoa eraikitzeko ezinbesteko baldintzatzat jotzen baitu “%99” edo “gehiengoa” lortzea. Komunismoaren historian adibide enpirikoetan ikus daiteke ez dela beharrezkoa hauteskunde burgesetan botoen gehiengoa eskuratzea iraultza sozialista gauzatzeko, eta haren garaipena ez dagoela boto kopuruaren mende. Kontrara, ikusi dugu iraultzaren dimentsio kuantitatiboa ez duela arautzen edo markatzen parlamentarismoak, baizik eta Alderdi Komunistako proletariotzaren antolakuntza-teknikak. Horrek argi erakusten du oportunista dela aurreiritziz esatea hauteskundeak “indarrak neurtzeko tresna” direla, edo “iraultza egiteko beharrezkoa” dela “gehiengoa lortzea hauteskundeetan”.

Komunismoaren historian adibide enpirikoetan ikus daiteke ez dela beharrezkoa hauteskunde burgesetan botoen gehiengoa eskuratzea iraultza sozialista gauzatzeko, eta haren garaipena ez dagoela boto kopuruaren mende

Ezin daiteke esan alderdi komunistek lortu zuten babes eta antolakuntza-maila handia alderdiok hauteskundeetan parte hartzearen ondorio izan zirenik; heziketa politikoari, agitazioari eta borrokari loturiko bestelako lan batzuen ondorio izan ziren, kontzientzia sozialistaren argitasun teoriko eta koiunturalez gauzatu baitzituzten lan horiek. Esanguratsua da, Europan alderdi komunisten antolakuntzaren goren unea hauteskunderik ez zuten diktadura faxisten pean gertatu izana; eta, Europatik kanpo, alderdi komunistak indartu izana, nagusiki, borroka antikolonialen eta estatu inperialisten eta haien lekuko txotxongiloen aurkako gerra zibilen testuinguruan, Txinaren kasuan ikus daitekeenez.

ERREFERENTZIAK

[1] González Calleja, E. (2017) Asalto al poder, La violencia política organizada y las ciencias sociales. Siglo XXI de España Editores, Madril, 239. or.

[2] Ibidem

[3] Korabliov, Y. (2023) Lenin, Fundador de las fuerzas armadas de la URSS y creador de la ciencia militar soviética. Ediciones Uno en dos, Madril, 17-28. or.

[4] Ulianov, V.I. El marxismo y la insurrección, carta al Comité Central del POSDR [b], 1917ko maiatzaren 13a eta 14a

[5] Neueberg, A. (2013) La insurrección armada. Boltxe Liburuak, 46. or.

[6] Neueberg, A. (2013) La insurrección armada. Boltxe Liburuak, 46. or. jatorrizko aipamena: V.I. Lenin eta G. Zinoiev: Contra la corriente, I. liburukia. 

148-149. or. Bureau d’Editions, Paris

[7] Neueberg, A. (2013) La insurrección armada. Boltxe Liburuak, 47. or.

[8] Ibidem

[9] Neueberg, A. (2013) La insurrección armada. Boltxe Liburuak, 49. or.

[10] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 154. or.

[11] Ibidem

[12] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 154. or.

[13] Lenin, V.I. (2023) Sämtliche Werke X, 124. or, XIX, 280. or. jatorrizko aipamena: Anweiler, O. Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 154-155. or.

[14] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 164. or.

[15] Jarovslavskij E. (2023) Istorija VKP [b] IV Moscu-Leningrado 1930, 166. or. jatorrizko aipamena: Anweiler, O. Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 164. or.

[16] Los bolcheviques y la revolución de octubre, Actas del CC del POSDR [b], (1917ko abuztua - 1918ko otsaila). Ediciones Uno en dos, Madril, 118. or.

[17] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 164. or.

[18] Ibidem

[19] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 70-71. or.

[20] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 192. or.

[21] Mawdsley, E. (2017) Blancos contra rojos, la Guerra Civil rusa. Desperta Ferro Ediciones SLNE, Madril, 6. or.

[22] Mawdsley, E. (2017) Blancos contra rojos, la Guerra Civil rusa. Desperta Ferro Ediciones SLNE, Madril, 5. or.

[23] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 192. or.

[24] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 193. or.

[25] Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 200. or.

[26] Lenin, V.I. (2023) Sämtliche Werke XXI, 62 or. jatorrizko aipamena: Anweiler, O. Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 194. or.

[27] Stalin, J. (2023) Werke III, 142. or. jatorrizko aipamena: Anweiler, O. Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 194. or.

[28] M. Ol’minskij (2023) Ob ucreditel’nom sobranii Petersburg 1917 10. or. jatorrizko aipamena: Anweiler, O. Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril, 194. or.

[29] Iturria: Eley, G. (2003) Un mundo que ganar. Crítica, Bartzelona, 180. or.

[30] Iturria: Eley, G. (2003) Un mundo que ganar. Crítica, Bartzelona, 291. or.

BIBLIOGRAFIA

Anweiler, O. (2023) Los soviets en Rusia 1905-1921. Ediciones Uno en dos, Madril

González Calleja, E. (2017) Asalto al poder, La violencia política organizada y las ciencias sociales. Siglo XXI de España Editores, Madril

Mawdsley, E. (2017) Blancos contra rojos, la Guerra Civil rusa. Desperta Ferro Ediciones SLNE, Madril

Lenin, V.I. (2009) El Estado y la revolución. Públlico, Madril

Los bolcheviques y la revolución de octubre, Actas del CC del POSDR (b), (1917ko abuztua - 1918ko otsaila). Ediciones Uno en dos, Madril, 2023 

Neueberg, A. (2003) La insurrección armada. Boltxe Liburuak

Korabliov, Y. (2023) Lenin, Fundador de las fuerzas armadas de la URSS y creador de la ciencia militar soviética. Ediciones Uno en dos, Madril


EZ DAGO IRUZKINIK