Badator apirila eta apirilarekin Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak. Lau urterik behingo erriturako dekoratua enkargatuta dago aspalditik. Kaleak bete dira kartelez, non dena delako hautagaia irribarre txiki batekin ageri den foku zuripean. Serio bestela, konfiantza transmititzen, badaki zer egiten ari den. Jende artean agian, hurbiltasuna. Azpian, letra aratzez, “aldaketaren garaia”, “ziklo berria”, “herria”, “etorkizuna”, “orain”, lehenengo pertsona pluraleko aditzen bat. Berdin dio zein alderdi politiko, denek darabilte hiztegi bera. Sareak bete dira mitin zatiz, beteko omen dituzten promesez, jada bete omen dituzten promesez (etxegabetzeak gelditu!). Teleberriak bete dira batera eta bestera egindako bisitaz, bostekoz, irribarre faltsuz, elkarri sutsuki aurpegiratutakoez. Hauteskunde kanpaina baino ez. Hauteskunde kanpaina, beste ezer ez. Antzerkia, bere buruaren parodia kasi. Marketina, botoen merkatua, erridikulu nabarmena.
Badator apirila eta apirilarekin Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak. Igande sakratua igandetan. Demokraziaren festa, denon ahotsa entzungo duten eguna, erabakitzeko aukera. Tira, aukera, eta, betebeharra. Edo hori dirudi. Nik behintzat askotan entzun behar izan dut: “Botorik ez baduzu ematen, gero ezin zara kexatu”. Beste bertsio bat: “Botorik ez baduzu ematen, gero ez larritu faxismoaren gorakadarekin. Nahiago al duzu Vox?”. Are, afixetan irakurri dugu: “Abstente tú, que ya decido yo. Bozkatzen ez baduzu haiek irabaziko dute.” edo “Que hable la mayoría, vota”.
Erabaki. Hitz polita da, esanahi are politagoa. Askatasunean egiten den ekintza, heldutasunaren dohain eta madarikazio behinena. Zaila da hauteskunde kanpainaren ingurumarian hitz hori sinestea baina. Erabaki mota jakin batzuk onartzen baitira soilik. Bati edo besteari botoa ematea, hori da erabaki posible bakarra. Hau da, botorik ez ematea arduragabekeria hutsa da, zilegi ez den erabakia, erabakia ere ez. Eta botorik eman ezean, zer eta inori norberaren izenean hitz egiteko (erabakitzeko!) baimena ematen ari omen zara. Eta ondoren agintariek egiten dituztenak kritikatuz gero, txar guztien erantzulea zeu: ahal izan zenuenean –apirilaren 21ean, kasu– ez zenuen ezer egin. Badakizu, gauzak aldatuko badira, botoa eman edo ez eman, hori da gakoa.
Eta ezin okerrago egon, baina hori beste gai bat da. Hain hedatuta dagoen pentsamendu honek salatzen duena nahikoa interesgarria da bere horretan. Zorrotz marrazten ditu egin daitezkeenaren mugak eta zeintzuk diren politikan parte hartzeko formak, forma zilegiak eta forma posibleak. Botoa ematea, hauteskundetara aurkeztea, nahi dena: fartsan parte hartzea eta hura zilegiztatzea. Hori da norberaren erantzunkizun politikoaren adierazpen gorena –eman botoa, jokatu erantzunkizunez–. Hortik kanpo, ezer ez. Beste alde batetik, halako nagusikeria moral bat ere badario botorik eman ez duenarekiko – alferkeriarik ez–. Batzuetan badirudi botorik ematen ez duenak inozentziaz-edo ez duela ematen botorik, ez dakit, ez delako enteratu-edo. Baten batek hauteskundeak zer diren eta bere iritzia ematea zein garrantzitsua den xehe-xehe azaltzea falta izan duela dirudi. Gauzak esateko modu bakarra “EHBildu” edo “PNV” kristalezko kutxatila batean sartzea balitz bezala. Langile kapa zabalen politika parlamentarioarekiko erabateko indiferentziak ezer ez balio bezala. Falta diren botoen oihu ozena entzun izan ez balute bezala.
Helduko da apirilaren 22a eta hasiko da enegarren “aldaketaren garaia”, “ziklo berria”, “etorkizuna”, “orain”txe bertan. Izenaren eta izanaren arteko amildegian jarraituko du egunerokoak orain arteko bide berberetik. Izan ere, norabide berean doazen bi bidezidorren artean erabakitzea bezalakoak dira hauteskundeak. Bide gurutze bat dirudite, batzuk aldapan gora eta besteak behera, baina sasi artean oraindik ikusi ez arren, 100 metro aurrerago bildu egiten dira berriro.
Eskerrak beste bide batzuk zabaltzea erabaki dugun. Kosta behar zaie entzungor egitea.
HEMEN ARGITARATUA