Ohikoa den bezala, efemerideak mota askotako ospakizunetan eta aldarrikapenetan egikaritzen dira, baina oso gutxitan eramaten dute gertakari horien azterketara eta azalekoa ez den birjabetzera; hau da, estetika bat aldarrikatzea helburu ez duen birjabetzea, edo orokortze hutsagatik aukera bat deuseztatzea –iraultza sozialistaren gaurkotasuna ukatzen dutenek ere Komuna aldarrikatzen badute, ez ote da izango garrantzirik ez duelako?–, baizik eta indarrean dagoenarekiko posizio erreala hartzea.
Komunistontzat, Parisko Komuna ez da ospatu beharreko gertakari bat, gure pentsamenduaren ezkutuko leku batean aurkitzen den jazoera historiko bat, egoera iragankorrak hala eskatzen duenean, eta soilik eskatzen badu, eskura duguna. Komuna proletalgoaren esperientzia bizi bat da komunistontzat, jatorri eta helburu zituen prozesu historikoa gauzatzearen zentzuan aldarrikatu behar dena, eta ez eskuragarri ez ditugun iragandako garaien oroitzapen soil gisa.
Parisko Komuna ez da gure pentsamenduaren ezkutuko leku batean aurkitzen den jazoera historiko bat, egoera iragankorrak hala eskatzen duenean eskura duguna. Komuna proletalgoaren esperientzia bizi bat da komunistontzat, jatorri eta helburu zituen prozesu historikoa gauzatzearen zentzuan aldarrikatu behar dena
Askotan, jazoera historiko baten oroitzapena haren gaurkotasuna deuseztatzean datza, hain zuzen ere. Horretarako, nahikoa da historikoki determinatuta dagoen bere beharrezkotasun objektibotik deskonektatzea, eta ausardiaren adibide gisa aurkeztea, baita borondate- eta konpromiso-dosi handien, guztiak ere balio ahistorikoak, adibide gisa ere, betiere kasualitatezko baldintza-multzo batetik eratorritako kasualitatearekin lotuta. Azken finean, beharrezkotasuna kasualitate bihurtzean datza gertakaria, eta hori langile klasearen emantzipaziorako antolakuntza alferrikako edo erlatibo bilakatzea da. Horrela sortzen da epika, gertakari historikoak azaletik aldarrikatzen dituen erreakzionario handi hori, eta, horrekin batera, horien beharra ukatzen duena, historikoki determinatutako jazoerak diren aldetik, ez baitira sortzen parte hartzaileen balio abstraktuetatik, baizik eta lehertu egiten baitira sistema kapitalistaren barne-kontraesan inmanente gisa.
Horregatik, ez da harritzekoa sozialdemokrazia Parisko Komuna aldarrikatzen ikustea, iraganarekiko adeitasunez, eta gertatutakoa ezin delako ezabatu, baina, agian, bai ezkutatu, eta horretarako beharrezkoa da aldarrikatzea. Era berean, ez da harritzekoa sozialdemokraziak sindikatuaren atzean ezkutatuta aldarrikatzea Komuna, nahiz eta Komunaren ikaspenen kalterako izan. Erreformismo obreristaren froga ukaezina da langile klasearen emantzipazio prozesu politiko bat aldarrikatzen duena sindikatua izatea. Erreformismo horrek partzialki baino ez du klasea ulertzen, eta erabat mutilatuta dago lanpostuan; horrela, gizarte-bizitzaren ekoizpen-subjektu ez izatera kondenatzen du, hau da, subjektu iraultzaile ez izatera, baizik eta besteren botere bitartekaritzaren objektu, esplotatutako subjektu.
Erreformismo obreristaren froga ukaezina da langile klasearen emantzipazio prozesu politiko bat aldarrikatzen duena sindikatua izatea. Erreformismo horrek partzialki baino ez du klasea ulertzen, eta erabat mutilatuta dago lanpostuan
Azaleko ikuskera horretatik ihes egiten saiatuko gara; izan ere, langile klasearekin identifikatzen du Komuna, antolatu zutenak langileak zirelako. Are, Komunan parte hartu zutenak ez ziren langileak soilik izan, eta, beraz, identifikazio hori gertatzen da egitateek haien irakurleei ezartzen dieten beharretik, posizioa hartzeko eta, errealitatea desitxuratuz, euren burua definitzeko. Era berean, langile klasearen idealizazio oro saihestu behar dugu. Estrategia bat «langilea» da, eta langile klaseari berezkoa, baldin eta ekoizpen sozialaren prozesu orokorrean duen egoera objektibotik abiatzen bada, eta baldintza hori bere egiten badu. Baina, aldi berean, iraultza sozialista ahalbidetzen duen baldintza objektibo hori ez da berez positiboa, ezta hitzaren zentzu komunean ere. Langile klasea, bere egoera objektiboa dela eta, ekoizpen sozialaren baldintza guztiak birjabetu eta kontzienteki antola ditzakeena, subjektu gisa sozialki mutilatuta dagoen izaki bat da egun, baina, aldiz, kontzientea eta ekoizpenaren antolatzailea da Kapitalaren ekoizpen-unitate bakoitzean, baita kapitalisten kontu komunen administratzaile ere estatuan. Hau da, gizarte-prozesu kapitalistaren berehalako zuzendaritza-funtzioak langile klase osoari dagozkio, langileria hori behartuta baitago administratzera besteren boterea edo kapitalaren ekoizpena ahalbidetzeko. Ezin gara baldintza horren idealizazioan erori, hain zuzen, bere ukazioa gauzatzeko baldintza baita, hau da, hura gainditu behar duen iraultza sozialista. Bestela, indarrean dagoena iraunarazten duen erreformismoan erortzen da, langileria idealizatzen duena existitzen den guztiaren ekoizle bezala, Kapitalak langileria eraiki duen gisara.
Parisko Komuna garrantzitsua da, batez ere, langileria bera zalantzan jartzen duelako. Langileen Nazioarteko Erakundearen (LNE) hitzetan, Komuna «bere baitan lanaren emantzipazio ekonomikoa gauzatzeko forma politikoa da, azkenik aurkitzen dena», hau da, komunismoan klase sozialen abolizioak hartu behar duen forma. Baina forma hori ez da horrelakoa langileek garatzen dutelako, baizik eta langileek garatzen dute haien emantzipazioa gauzatzeko forma bakarra delako. Ezberdintasuna funtsezkoa da: langileriak egiten duen guztiak ez du bere emantzipaziora eramaten, eta bere borroka epiko guztien bitartekoa ez da kontzientzia iraultzailea. Era berean, Komuna emantzipazioak hartu behar duen forma da, baina baliteke bere ahalmen guztiak beharrezkotasunez ez hedatzea eta porrot egitea, bere edukia, hau da, hartutako neurri politikoak, bere zeregin historikoarekin bat ez etortzeagatik. Beraz, Komuna ez da ideal bat ere, lanaren emantzipazioak hartu behar duen forma da, eta, beraz, hari dagozkion potentzia politikoak neurri horretan hedatu behar ditu. LNEk egindako irakurketan jasotzen da hori, non Komunaren zuzendaritza politikoaren gabeziak aipatzen diren, nagusiki, burges txikiek, proudhonistek eta blankistek osatua, baina Komuna bera kapitalismoa gainditzeko gizarte-antolaketa forma beharrezko modura defendatzen den.
Langileriak egiten duen guztiak ez du bere emantzipaziora eramaten, eta bere borroka epiko guztien bitartekoa ez da kontzientzia iraultzailea
Komunaren beharra ekoizpen harreman kapitalistak gainditzeko beharrarekin bat dator. Hau da, Komuna, eskala desberdinetan artikulatutako antolaketa sozial kontzientea, Kapitalaren potentzia sozialen abolizioa da, merkataritza-ekoizpenaren edo ekoizpen pribatuaren abolizioa, eta ekoizpenaren berehalako egikaritze soziala. Horrenbestez, Kapitalaren pertsonifikazioa gorpuzten duten figura sozial eta politikoak ezeztatu behar ditu, alferreko eta anakroniko bihurtzeagatik: burokrazia, polizia eta armada iraunkorra, ahalmen sozialak merkantzian besterenduz sortzen diren hiru instantzia. Horiek betikotzea da harreman sozial kapitalisten betikotzearen eta Komunaren, hau da, gure potentzia sozial emantzipatzailearen porrotaren ageriko froga.
Komunaren beharra ekoizpen harreman kapitalistak gainditzeko beharrarekin bat dator
Beraz, Komunaren aldarrikapena atzeranzko museo-begiradatik harago doa, iraultza sozialistaren aldarrikapen bihurtzeko. Komuna ez zen zehazki Parisen kokatutako borroka bat izan, guda franko-prusiarra bezalako egoera historiko berezi eta errepikaezin batek eragindako eztanda gisa sortu zena. Sobietar Iraultza ere ezin da azaldu I. Mundu Gerraren emaitza modura. Horrek agian lagundu dezake proletalgoaren potentzia sozialak hedatzeko egoera politiko mesedegarri bat sortzen. Baina potentziak hor daude, Kapitalean objektiboki determinatuta, eta Komunaren esperientzia beharrezko egiten jarraitzen dute, baita Munduko Iraultza Sozialista ere, ez esperientzia partikular gisa, langile klasea eta horrekin batera gizateria osoa emantzipatzeko unibertsaltasun beharrezko gisa baizik. Garaiak beste batzuk izango dira, agian, baina horrek estrategia iraultzailea posible egingo duen taktika berritzea baino ez dakar, hau da, langile klasea bere emantzipazioaren aldeko kontzientziarekin bateratuko duten bitartekotza-uneak berritzea.
HEMEN ARGITARATUA