Mendi lasterketetako punta-puntako kirolaria da Irati Zubizarreta beasaindarra. Bost aldiz irabazi du Espainiako Estatuko txapelketa gazteen mailan, eta bi urrezko domina eta brontzezko bat lortu ditu munduko txapelketan. Berekin aritu gara kirol profesionalaz, enpresa babesleez, eliteko kirolaz eta kirolariez, kirol-ekitaldi erraldoiez, kirolaren funtzioez eta kirolak izan ditzakeen balioez eta potentzialaz, besteak beste.
Has gaitezen tartetxo batez zuri buruz hitz egiten. Noiz eta zergatik hasi zinen kirol honetan?
Irati: 2016an hasi nintzen mendi lasterketetan. Atletismoan aritua nintzen aurretik, baina baneukan intuizio bat edo konturatu nintzen atletismoa oso zentratuta dagoela marketan, errendimenduan, kronometroan, eta apur bat nekatu egin nintzen horrekin. Kirola egiteko era osasuntsuago bat aurkitu nuen mendian, edo, behintzat, eguneroko entrenamenduez gehiago disfrutatzeko moduko kirol bat. Gainera, konturatu nintzen gehiago gustatu ahala errazago aritzen nintzela, eta kirol batetik bestera salto egitea erabaki nuen.
Ibilbide horretan, hainbat enpresa, marka eta babeslerekin egon behar izan duzu harremanetan. Nola eragin du horrek zugan?
Hainbat marka eta babeslerekin harremanetan egon naiz, haiek ahalbidetu didatelako kirol-produktuak eskuratzea, bidaiatzea eta zenbait aukera indibidual edukitzea. Baina egia da trukean onartu behar izan dudala nire irudia erabiltzea edo nire irudia esplotatzea ilusio faltsu baten baitan: kirolari egozten zaion askatasun faltsu hori.
Lehia horretan murgilduta zaudenean eta sare sozialek hauspotuta, indibidualismo handi bat eta aske izatearen irudi faltsu bat indartu daitezke, askotan ikusten dena mendiari lotutako jardueretan. Gerta daiteke, orduan, horretan bilatzea askatasuna, eta ez norberaren egoera erreala aldatzean.
Zentzu horretan, kontraesan bat aurkitu izan dut nire barruan. Nik beti disfrutatu izan dut kirolaz, eta iruditzen zait kirolak, modu egoki batean landuta, ekarpena egin diezaiekeela hainbat prozesuri. Pertsonen arteko elkartasuna bultza dezake, naturarekiko harreman bat sor dezake, alderdi horrekiko heziketa bat eman dezake, eta osasuna bera ere bultza dezake. Baina gaur egun daukagun gizarte-ereduan garatzen den moduan, hain zuzen ere, lehiakortasuna bultzatzen du; indibidualismoa, ihes egiteko joera… Eta nik, kirol horren figura publizitario bezala, nire aletxoa jarri dut hori guztia bultzatzen.
Hori da nire barruan askotan sentitu dudan kontraesana. Marka batekiko loturak bai edo bai dakarrelako irudi hori eman behar izatea. Nolabait mugatuta zaude, zure iritzi propioa eta politikoa mugatuta daude.
Zenbaterainoko pisua daukate enpresa horiek goi-mailako kirolean? Hau da, aukerarik ba ote dauka kirolari batek, egunerokotasuneko kirol nolabait informaletik harago joan nahi badu, enpresa horien atzaparretatik ihes egiteko?
Profesionala izateko, gaur-gaurkoz ia derrigorrezkoa da zeure burua marka bati lotzea. Gaur egungo bekak, behintzat nik ezagutzen ditudan alorretakoak, oso txikiak dira, eta atleta ia guztiek daukate enpresa babesleren bat. Soldata era ezberdinetan jasotzen dute kirolariek, izan soldata zuzen modura, material modura, ordaindutako bidaia modura edo bonus soldata modura. Azken hori bakoitzaren errendimenduaren araberakoa da, hau da, emaitza jakin bat lortzean ematen dizute dena delako bonusa. Horrek kirolaria bere produktibitatearen menpeko bihurtzen du.
Orduan, ia derrigorrezkoa da edo behintzat markatzen den bidea da babesletza baten mende jartzea. Horrek berekin dakar kirolari batek ez duela soilik errendimendu altukoa izan behar: agente publizitario ona ere izan behar du. Ez da horren garrantzitsua zer nolako arrakasta lortzen duzun, baizik eta nolako fokua jartzen diozun arrakasta horri. Zure emaitzak saldu behar dituzu, espektakulua sortzen duen soldatapeko langile bilakatzen zara, marka baten luzapen bat. Hori da zure erabilera-balioa, eta alde batera uzten duzu zure nortasuna.
Zure emaitzak saldu behar dituzu, espektakulua sortzen duen soldatapeko langile bilakatzen zara, marka baten luzapen bat. Hori da zure erabilera-balioa
Esan daiteke aipatzen ari garen elementu horiek badaukatela harremana gaur egun kirola ulertzeko dagoen moduarekin edo, bestela esanda, gaur egun kirolak dituen ezaugarriekin eta gizarte honetan duen lekuarekin. Zer funtzio betetzen du kirolak gaur egun? Eta, zehazki, zer funtzio betetzen du eliteko kirolak?
Kirolak gaur egun hartzen duen forma, esan dudan bezala, elkartasunean oinarritzen den kirol-eredu bat izatetik oso urruti dago. Are, zalantzan jarriko nuke askotan mahaigaineratzen den paradigma hori: askok esaten du kirolak berezko balio batzuk dituela, adibidez, taldean jokatzen jakitea. Baina nik uste dut hori gezurra dela hori, gaur egun kirola lehiara bideratuta baitago. Txikitatik bideratzen gaituzte horretara, errendimendura; eta horrek, asoziazionismo bat garatzeko baldintzak jartzetik urrun, edo behintzat langile-klasearen barruko harreman osasuntsu batzuk eta kooperazio bat garatzetik urrun, sekulako atomizazioa, indibidualismoa eta berekoikeria sustatzen ditu.
Horrek bi ondorio ditu langile-klasearengan. Alde batetik, ihes egiteko joera indartzen da. Sozializatzeko beste edozein moduk bezala, kirolak funtzio hori betetzen du: lan-indarraren erreprodukzioan eragiten du, gero lanpostura animotsu joaten laguntzen baitu. Baina kirolak, gaur egun, pisu handia hartzen du horretan. Are gehiago mendiak, aske izatearen irudipen faltsu bat eragiten baitu; zibilizaziotik fisikoki ateratzearen ondorioz, mendia erromantizatzen dute. Eta hori guztia, mendien suntsipena sistema beraren eskutik datorren bitartean.
Baina, beste alde batetik, langile-klasea obsesionatzen ari da kirolarekin. Baita norberaren gorputzarekin ere, eta mendekotasuna sortzen ari da punta-puntako produktuak, zapatilarik onenak eta elikadurarik onena eskaintzen dituen merkatuarekiko. Obsesio bat sortzen ari da horren guztiaren bueltan, eta, aldi berean, nor bere egoan gero eta gehiago murgiltzen ari da.
Langile-klasea obsesionatzen ari da kirolarekin. Baita norberaren gorputzarekin ere, eta mendekotasuna sortzen ari da punta-puntako produktuak, zapatilarik onenak eta elikadurarik onena eskaintzen dituen merkatuarekiko
Horrek guztiak hainbat funtzio betetzen ditu. Lehenik eta behin, errealitatetik aldentzea eta despolitizazioa, bi zentzutan. Alde batetik, norberak kirola egiteak berak errealitatetik aldentzea eragiten du; esaterako, mendira joate hutsak norberaren egoera pertsonaletik eta laboraletik ihes egitea ahalbidetzen du. Baina, bestalde, aldentzea edo deskonektatzea diot, kirolak ikuskizun bat ere badakarrelako, eta kirol-ikuskizuna kontsumitzean, aldendu egiten zarelako errealitatetik. “Herriaren opio” funtzio hori ere betetzen du, hortaz.
Bigarrenik, langile-klasearen frustrazioak kanalizatzen ditu kirolak. Hori oso argi ikusten da, adibidez, futbolaren kasuan. Jokalari bati errua botatzen zaio huts egiten duenean, eta egunerokoan pilatutako frustrazio dena harmailetan askatzen da.
Langile-klaseak garatutako forma ludikoaren ezabapena ere bada gaur egungo kirol-eredua. Kirola langile-klasearen eguneroko bizitzan txertatuta zeuden hainbat jokoren erregularizazioa da; arautze horrek Kapitalaren menpe jarri zuen. Federazioak eta elkarteak sortu ziren, eta langile-klaseak galdu egin zuen bere sozializazioaren gainean zeukan kontrol minimo hori.
Gainera, ezberdintasun sozialak naturalizatu ere egiten dira kirolean. Errendimendua lehen planoan jartzen den heinean eta espektakulua gailentzen den heinean, ikuskizunik handiena eskaintzeko gai diren horiek hobeto baloratzen dira sozialki. Zentzu horretan, naturalizatu egiten da, esate baterako, horrenbesteko prestigiorik ez izatea emakumeen kirol askok, fisikoki muskulatura txikiagoa dutelako, edo aniztasun funtzionaleko pertsonen emaitzek. Eta horrek maila sozialera salto egiten du, gutxiespen sozial jakina naturalizatzen baita gizartean.
Aurrekoari lotuta, diskriminazioa dakar horrek. Kirola errendimendu horretara bideratuta egotearen eraginez, haurtzarotik da elementu diskriminatzaile. Hori garbi ikusten da txikitatik umeek hainbat kiroletan aritzeko egin behar izaten dituzten sarbide-probetan. Probak gainditzen ez dituztenek ezin dute jokatu eta kanporatu egiten dituzte. Kanporatze horren islada ez da kirolera mugatzen, sozialki ere eragina du, estatus sozialean eta abarretan. Orduan, benetako begiratu bat emanez gero, konturatuko gara elite batek soilik parte har dezakeen esfera bezala dagoela antolatuta kirola. Ez dago era demokratiko edo inklusibo batean antolatuta, pertsona batzuentzako soilik dago gordeta. Horri, gainera, klase-esklusioa ere gehitzen zaio, proletalgoak ez baitauka sarbiderik puntako instalazioetara edo teknologiara.
Konturatuko gara elite batek soilik parte har dezakeen esfera bezala dagoela antolatuta kirola. Ez dago era demokratiko edo inklusibo batean antolatuta, pertsona batzuentzako soilik dago gordeta. Horri, gainera, klase-esklusioa ere gehitzen zaio
Eta, azkenik, patriotismoaren indartzea ere oso garbia da niretzat kirolean. Estatu-aparatuek beren eliteko kirolariak erabiltzen dituzte patriotismoa sendotzeko eta “estatua zer ondo doan” antzezteko.
Bai, Eurokoparekin ikusten da hori. Selekzio batek irabazten duenean, kolpean, badirudi inguruko gaitz eta arazo guztiak ahaztu egiten dituela jendeak.
Hori da. Orain Olinpiar Jokoetan ere ikusiko da hori. Espainiako taldea arituko da berriz, eta hori nazio-sentimendu bat indartzeko erabiltzen da, argi eta garbi. Baina nazio-sentimendu hori txalotzen ari garenean, zeharka status quoa ari gara txalotzen.
Eliteko kirolariaren figuran sakontzea ere interesgarria da. Era batean edo bestean, marka baten protagonista izateak funtzio publizitario bat ematen duela aipatu dugu lehen, baina idoloez eta gizarteko erreferentzia zehatz batzuez ere hitz egin genezake.
Gizarte mailan, kirola bere forma amateurrean ikusten da nagusiki. Baina existitu behar dira, eraren batean, jarraitu beharreko eredu batzuk. Hau da, justuki, zenbait balio, guztiz kapitalistak, erreproduzituko direla bermatuko duten eredu horiek: meritua, sakrifizioa, produktibitatea, errendimenduaren maximizazioa… Azken finean, eliteko kirolarien funtzioa hori da: langile-klasearen baitan balio-sistema hori hegemonizatzea edo naturalizatzea, baita kirola era zehatz horretakoa izan behar delako ideia ere.
Zentzu horretan, nire ustez, eliteko kirolarien funtzio nagusia, eta nik kontraesan nagusi bezala sentitu izan dudana, funtzio despolitizatzailea da. Zergatik? Eliteko kirolariak inolako iritzi politikorik gabeko figurak izan ohi direlako. 24 orduz aritzen dira entrenatzen, pentsatzeko ia denborarik gabe, indibidualitatean murgilduta; beren egunerokotasunean, elikaduran, entrenamenduan, atsedenean, psikologoetan, fisioterapeutetan, instalaziorik onenetan eta abar. Dena mugitzen da horren inguruan.
Eta hori despolitizatzailea dela diot, horrelako bizitza-eredu indibidualista bat normalizatzen delako.
Indibidualismo horrek interes kolektibo oro zapuzten du. Langile-klaseko kideak obsesionatuta bagaude gure gorpuzkerarekin, gure entrenamenduekin eta abarrekin, jakina, ez diogu denborarik eskainiko gure indibidualtasun edo ego hori gainditzen duen interes kolektibo bati. Eta hori da egun kirolak betetzen duen funtzio nagusietako bat, sekulako atomizazioa eragiten duela.
Langile-klaseko kideak obsesionatuta bagaude gure gorpuzkerarekin, gure entrenamenduekin eta abarrekin, jakina, ez diogu denborarik eskainiko gure indibidualtasun edo ego hori gainditzen duen interes kolektibo bati
Beste alde batetik, meritokraziaren ideia ere indartzen du eliteko kirolariak. Denok baldintza berdinetan jokatzen dugulako ilusio faltsua hedatzen da; berdin da Hego Amerikakoa edo Norvegiakoa izan, nahiz eta hori ez den inondik inora horrela. Eliteko kirolari izatera heltzeko, baldintza zehatz batzuk bildu behar dira; ekonomikoak, familiari lotutakoak, sozialak… Mila aldagaik etorri behar dute bat kirolean maila goren horretara iristeko, eta, zentzu horretan, aukera-berdintasun faltsu bat irudikatzen saiatzen dira.
Niretzat beti izan da oso adierazgarria munduko txapelketetan, edo behintzat ni aritu izan naizen horietan, gertatzen dena. Nahiz eta, jakina, ezin den konparatu munduko atletismo txapelketan gertatzen denarekin; nirea askoz ere esparru minoritarioagoa da. Baina, adibidez, mendiko lasterketa askotan Mexikoko selekzioa ez da existitzen, edo, agian, atleta bakarra aritzen da, guztia bere poltsikotik ordaindu ondoren. Orduan, zenbateraino hitz egin daiteke aukera-berdintasunaz, txapelketetan parte hartzea ezinezkoa bada hainbatentzat? Periferian bizi den proletalgoak, esaterako, ez dauka aukera-berdintasun errealik elitera heltzeko.
Beraz, errendimendu-maila jakin batera heltzeaz harago, esan dezakegu maila horretara heltzeko eta hori saltzeko moduak ere eragiten duela makineria bera behin eta berriro abiaraztean eta elikatzean. Hitz egin dugu jada kirolaren eta eliteko kirolaren funtzioez, baina beste galdera bati heltzea ondo legoke: nola agertzen dira kirol-munduan horren ohikoak diren tranpak (dopina eta askotariko eskandaluak) eta nola ulertzen dituzu horiek?
Aipatutakoaren ondorio zuzena eta logikoa dira tranpa horiek. Kirol-ikuskizuna etengabeko errendimenduaren maximizazio batean oinarritzen bada, hau da, espektakuluak etengabe jarraitu behar badu, errendimenduak momentutik momentura igotzen jarraitu behar du. Ezin du sorgin-gurpil hori eten. Orduan, marka horiek, era natural batean, gizakiak garen neurrian, ezinezko bilakatzen dira momentu batetik aurrera; ezinezko bihurtzen da hazkunde etengabe hori.
Marka horiek hobetu ahal izateko, hortaz, hiru modu daude. Alde batetik, entrenamendua eta elikadura zientzia bidez hobetzea. Beste alde batetik, eskura ditugun produktuak hobetzea, hala nola zapatiletako karbono-plakak eta halako materialak lortzea, lehen debekatuta zeudenak. Eta, azkenik, dopina.
Produktu asko daude legaltasunaren linboan eta mediku espezializatuak daude leku guztietan. Hori ez da kasualitatea. Dopina beharrezkoa da, kirol-eredu honek behar du; bestela, ikuskizuna hil egingo litzateke.
Dopina beharrezkoa da, kirol-eredu honek behar du; bestela, ikuskizuna hil egingo litzateke
Ez delako bakarrik maila gorenean egotea, baizik eta urtez urte maila hori igotzea, errekorrak apurtzea eta abar, makinak produzitzen segi dezan.
Hori da, bestela, dena erori egiten baita. Dena horretara mugatzen da, denbora guztian: espektakulua, espektakulua… Gainera, alor honetan, badago aipatzeko beste elementu bat. Badirudi askotan harrapatzen dituztela halako tranpetan Etiopiako, Keniako eta abarretako atletak; hau da, zentzu horretan aparatu sendo bat eraikita ez daukaten lurraldeetako pertsonak. Periferiako lurraldeetako kirolariak askoz gehiago jartzen dituzte ikusgai. Horrek kirol-munduko arrazismoan sakontzen du, kanpora begira ematen baitu afrikarrak baino ez direla dopatzen. Gainera, kasu askotan, salbamendu-tiket bat da eliteko kirola haientzat, biziraupen gordina.
Ari gara identifikatzen nola txertatzen den kirola gizarte-eredu zehatz honetan, eta inor harrituko ez bada ere, ustelduta dagoen mundu bat dela hori ere. Lehen aipatu duzu balio-sistema zehatz bat egozten zaiola kirolari berez, eta, ondorioz, ematen duela bultzatu beharreko zerbait dela bere horretan, pertsona-eredu zehatz bat sortzen duelako. Hori horrela al da? Zein da, edozein kasutan, kirolak hedatzen duen balio-sistema edo etika?
Berezko baliorik ez duela esango nuke, hasteko. Sozializatzeko modu bat da, eta momentu historiko konkretu bakoitzean forma bat edo beste hartzen du, gaur egun Kapitalarentzat funtzionala dena, jakina. Nik uste dut, beste forma batean, gorputz-jarduerak badituela onura batzuk; osasuntsua da mugitzea, eta era eraginkor batean antolatzeko bidean (are, Prozesu Sozialista bat elikatzeko bidean), badaude zenbait gako aprobetxa ditzakegunak.
Gorputz-jarduerak badaukalako, alde batetik, aipatutako indibidualismo horrekin hasteko potentzialtasuna. Elkarrekiko harremanetan sakontzeko bitarteko bat izatera hel daiteke, sozializatzeko modu bezala. Sozializatzeko erak sustatu behar ditugu, baina, nire ustez, alor horren kontrola geureganatu egin behar dugu. Hau da, kontua da, berezko balio batzuk baino gehiago, potentzial bat duela kirolak; balio dezake edo ez, baina, beti ere, era jakin batean bideratuta badago eta jomuga jakin bat badu. Ez dakit zer forma zehatz hartu beharko lukeen horrek, baina garbi dago egun ez duela halakorik sustatzen.
Kontua da, berezko balio batzuk baino gehiago, potentzial bat duela kirolak; balio dezake edo ez, baina, beti ere, era jakin batean bideratuta badago eta jomuga jakin bat badu
Sekulako engainua da kirolak berez hainbat balio sustatzen dituela esatea; diziplina, sakrifizioa eta antzekoak. Horrek Kapitalaren mundu-ulerkera naturalizatzen du. Kooperatibotasuna, elkartasuna, talde-lana eta abar aipatzen dira, baina, bereziki, errendimendua. Indibidualtasuna jartzen da lehen mailan, eta hori da naturalizatzen dena. Horri buelta bat eman behar diogu.
Historikoki, horri buruzko eztabaida ezberdinak egon izan dira, interes handikoak. Batzuek defendatu izan dute lehiak indibidualismoa sortzen duela, beste batzuek, ez duela zertan horrela izan, eta ematen zaion norabidearen araberakoa dela harreman hori. Uste dut hor debate handia dagoela, baina, oraingoz, debate esentzialista bati heldu baino eta horrek hartu beharreko forma zehatza zein izango den eztabaidatu baino gehiago, sozializatzeko forma unibertsalista batzuk sortzen hasi behar gara, guk geuk kontrolatuko ditugunak, eta aipatutako elementu horiek desnaturalizatzeari ekin.
Aipatu dituzu kirolak onurak dituela pertsonen osasunean. Eman dezake agerikoa dela osasuntsu egotea ez egotea baino desiragarriagoa dela. Baina, gaur egungo profilak oso muturrekoak direla eta, are, parametro berdinen barruan sar daitezkeela esan daiteke: batetik, erabateko sedentarismoa eta osasunaren edozein noziotatik guztiz aldenduta dagoen bizi-estilo bat dugu, eta, bestetik, osasunaren ikuspegi eta itxura batekiko obsesioa. Zer hausnarketa merezi du horrek?
Kirol-eredu honek sustatzen duena ez da osasuna edo osasuntsu bizitzea, kontrakoa baizik. Eliteko kirolean garbi ikusten da: errendimendua guztiaren gainetik jartzen den momentutik, norberaren osasuna alde batera uzten da. Atleta askoren egoera ikusi dut nik; emakume askok jasan izan dugu hilekoa galtzea, elikadura-nahasmenduak ikusten dira…
Zergatik ikusten ditugu hainbeste psikologo eliteko kirolean? Agian, termino humanoenetan hitz eginda, ez da naturala mailarik altuenean aritu behar izatea hainbat urtez. Eta, gainera, gero zer? Protesi bat jartzea da irtenbidea? Arreta jartzen badugu, eliteko kirolari asko beti daude lesionatuta. Naturala da egun bitik batean lesionatuta egotea? Eliteko kirolean garbi ikusten da dinamika hori, baina gizarte-mailan ere, orokorrean, ez dago orekarik.
Eta nola txertatzen dira zure ustez Olinpiar Jokoak edo Eurokopa eta gisako kirol-ekimenak, hau da, maila goreneko kirol-ekitaldiak, aipatutako horretan guztian? Zer da bilatzen eta lortzen dutena?
Kirol-espektakuluaren parte dira. Errealitatetik aldentzea eta despolitizazioa bilatzen edo sustatzen dituzte halako ekitaldiek; frustazioen kanalizazioa, patriotismoa, eta kirolarekiko obsesioa. Azken finean, zure egunerokotasunean kirolari horien bizitzetan murgilduta baldin bazaude, era konkretu bateko bizi-eredua naturalizatzen duzu eta, gainera, eredu hori erreproduzitzeko joera batean sartzen zara, nahiz eta horrelako bizitza bat izateko baldintza materialik ez izan.
Bestalde, horrelako txapelketek aukera-berdintasunaren irudi faltsuan sakontzen dute. Olinpiar Jokoen mantra ere bide horretatik joan izan da beti: “mundu mailako bakea”, baina bake hori ez da existitzen.
Desertu, miseria eta dekadentzia testuinguru horretan sortzen den oasi moduko bat dira Olinpiar Jokoak. Jendeak horri begiratzen dio bere egunerokotasunetik ihes egiteko, eta bertara heldu nahi du etengabe. Baina, errealitatean, oasi horretako ateak ez dauden edonorentzat irekita.
Bai, gainera, horren guztiaren atzean egoa eta sozialki gora egiteko desira daude. Kirolak meritokraziaren mitoari erantzun izan dio beti, era kamuflatuago batean, arrakasta edozeinen esku dagoela irudikatzen baitu, benetan horrela ez izan arren.
Elkarrizketaren amaierara heltzen ari gara. Apurka-apurka kirolak eman ahalko lukeenaz hausnartzea nahi genuke, nahiz eta zantzu batzuk aipatu dituzun jada. Baiezta dezakegu, askok defendatzen dutenaren aurka, kirola ez dela gizarteko baldintza orokorretatik salbu dagoen alor bat, eta gizartearen despolitizazioari egiten diola mesede egun. Posible ikusten al duzu kontrako norabidean arraun egingo duen planteamendu batean pentsatzea?
Nire ustez bai, posible da. Lehen pausoa da kontzientzia hartzea kirolak gaur egun duen izaera diskriminatzaileaz, osasunarekin duen lotura ezaz eta abarrez. Esan dugun bezala, kirola sozializatzeko modu bat da, eta elkarrekiko harremanak sustatzeko potentzialtasuna dauka. Baina, horretarako, proletalgoak bat eginda egon behar du, ez baitauka gaur egungo federazio, elkarte eta instalazioen gaineko kontrolik.
Gure kontrolpeko formak jorratu beharko genituzke, betiere prozesu politiko bati ekarpen bat egiteko asmoz. Kirolak, berezko helburu baino gehiago, langile-klasearen barruko kooperazioa sustatzeko tresna izan beharko luke. Gure bizitzen gaineko kontrola eskuratu behar dugu bizitzako alderdi guztietan, eta kirola, zentzu horretan, esparru bat gehiago da. Are gehiago egun hartzen ari den protagonismoa edo pisua ikusita.
Gure kontrolpeko formak jorratu beharko genituzke, betiere prozesu politiko bati ekarpen bat egiteko asmoz. Kirolak, berezko helburu baino gehiago, langile-klasearen barruko kooperazioa sustatzeko tresna izan beharko luke. Gure bizitzen gaineko kontrola eskuratu behar dugu bizitzako alderdi guztietan
“Lehia bai/lehia ez” eta bestelako debate asko daude, zinez interesgarriak, baina egin beharreko zerbait da gure kontrolpeko sozializaziorako espazioak sortzen joatea, gizartearen aldaketa integral bat aurrera eramaten lagunduko dutenak.
Nolabait esatearren oso polita da horretan pentsatzea, baina gaur egun nola ekar dezakegu hori praktikara zehazki? Nondik hasi?
Kirola egiteko forma berriekin esperimentatzen hasi beharko genuke, guk araututakoak, nolabait esatearren. Dinamika berriak sortu beharko genituzke, gimnasio propioak adibidez, zeinetan sarbidea unibertsala izango den, doakoa, baina jendeak bere ekarpena egin beharko duen; lan egin, kirol horren parte aktibo izango den heinean. Mila era daude.
Finean, kirola egitea izango litzateke gakoa, baina guk ezarritako parametro batzuetan. Kalitatezko espazio propioak ireki eta garatzea funtsezkoa da, proletalgoak kalitatezko eskaintza bat izan dezan. Egun, proletalgoa horrelako eskaintzetatik kanporatuta dago, izan ez duelako denborarik edo izan ez daukalako ordaintzeko gaitasunik. Beraz, lehen pausoa da, eredu ideal batean pentsatzen hasi aurretik, benetako azpiegitura bat sortzea, gazteak eta orokorrean pertsonak obsesio eta esfera diskriminatzailearen espiral horretatik atera ahal izateko. Eta, ahal den neurrian, jendea Prozesu Sozialistara batzeko ere bai.
Hau da, azpiegitura-oinarri batzuk geureganatu beharko genituzke, eta jendeak beste “arautegi” baten arabera funtzionatuko luke horietan, apurka-apurka, beste balio-sistema bati bide egiteko.
Hori da. Behintzat, aipatutako elementu-sorta erreproduzitzen jarraituko ez duen kirol-eredu bat sortzeko baldintzak jartzea izango litzateke auzia. Kirolak, egun, pertsona-eredu konkretu bat sustatzen du gizarte-eredu zehatz batean. Horri aurre egiteko baldintzak jarriko dituen kirol-eredu bat eraikitzen hasi behar gara. Eta kirola zertarako? Harremantzeko; gure artean, gure buruarekin, naturarekin, baina era osasuntsu batean.
Kirolak, egun, pertsona-eredu konkretu bat sustatzen du gizarte-eredu zehatz batean
HEMEN ARGITARATUA