Bultzada Txuriurdina taldeko bi kide ARGAZKIA / Beñat Etxebarria
2021/07/05

Ehunka milaka pertsona mugitzen dira astebururo haien futbol taldeak animatzera, taldearen koloreak jantzi eta harmailetan gainontzeko zaletuekin taldeari bultzada bat ematera. Haurrak, gazteak, helduak, agureak; denetarik biltzen da zelaian. Hala, zaletuen artean ere badaude taldeak, hintxada ezberdinak, jokalari zein zaletu honen edo bestearen izena daramatenak, bera omentzeko. Ez da txikikeriatzat hartzekoa harmailek duten eragina, ideologia ezberdinen bozgorailu modura. Espainiako Estatuko mugimendu faxistek urte luzez daramate futbol munduan antolaturik, eta ez dira gutxi estatu mailan ideologia horrekin lerratu edo aurkaritza argi bat erakusten ez duten harmailak. Honenbestez, beste zenbaitek ere faxismoari aurre egiteko espazio gisa ulertzen dute harmaila, gizarteko masa zabaletan oinarrizko balore antifaxistak txertatzeko mugimendu modura. Bultzada Txuriurdina Errealeko zaletuen taldeko bi kiderekin izan gara solasean.

Futbol hintxadak bezalako masa mugimenduetan zergatik du garrantzia antifaxismoaren balio politikoak?

Bultzada 1: Nire ustez, langile klaseak oinarrizko ideologia edo balio gisa hartu beharko luke, eta noski, bere egin. Hau da, oinarrizko balore antifaxistak praktikara eramateko aukera ematen digu futbol munduak. Bestalde, belaunaldi berriak balio eta oinarri politiko sendo eta aurrerakoi batzuetan hezteko aukera ematen du eta oso garrantzitsua da, hortaz, faxismoarekiko ukazio bat izango den mugimendu bat gorpuztea.

Bultzada 2: Futbol munduan, alde batetik, harmaila antifaxistak dauden bezala harmaila eta talde faxistak egon badaudelako. Hainbatetan aurre egin behar zaie harmailetan zein kalean. Beste alde batetik, ulertzen dugulako, politikoki orokorrean, ez bakarrik antifaxismoarekin, langile klasea edo orokorrean gizartearen espektro handi bat mugitzen dela joko zelai horretan. Lan politikoa egiteko gaitasuna ematen du joko zelaiak, nahiz eta instituzioek (ligek, taldeek...) oztopatzen gaituzten eta ez diguten uzten nahiko genukeen bezalako lana egiten. Hala ere, baliatu egin behar dugu gure interesetarako. Esate baterako, sozializazio lanak egiteko.

B1: Azken finean pasioa harmailara heltzen da eta aldarrikatzen dugun zapalkuntzarik gabeko gizarte horren isla izan daiteke.

Zertan islatzen da mugimendu antifaxista bat harmaila batean? Zein balio edukiko luke antifaxismoak harmailetan?

B2: Antolakuntza ereduan, erabilitako sinboloen esanahian... Guk argi daukagu zer ez dugun nahi, ostera, zer nahi dugun definitzea da kostatzen zaiguna futbol esparruan. Horrek muga handiak sortzen dizkigu. Kritika nagusia futbol modernoari egiten diogu, eta horrek muga erraldoiak dauzka beste futbol edo kirol eredu bat eraikitzeko orduan oinarri politiko horiek gure gain hartzean.

B1: Balio politikoei dagokienez praktikan jartzen ditugu, eta bozgorailu bat ere bagara horietarako. Arrazismoari, sexismoari, nazio zapalkuntzari... aurre egiten diegu, zabaldutako mezuekin nahiz maila praktikoan. Edozein arraza eta etniatako jendea onartzen da, edozein kulturatakoa, edozein jatorrikoa, edozein generokoa...

B2: Orokorrean, bestelako mugimendu politikoek bezala, hintxadek ere egunerokotasunean egiten dute lan, harmailetan zein kalean, badakigu-eta antifaxismoa antolakuntzaren bidez egikarituko dela, eta kalean edo harmailetan hainbat espresio izango dituela. Mugak eduki arren indartu gaitzakeen mugimendu bat da, eta harengandik apustu egin beharra dago. Azken finean, Espainiako Estatu mailako hintxada gehienak faxistaz josita daude. Gainera, asko era nahiko anbiguoan –faxismoaren aurkako posizionamendu argirik gabe– jarduten dute, eta horri aurre egitea gure lana da.

«Mugak eduki arren indartu gaitzakeen mugimendu bat da, eta harengandik apustu egin beharra dago»

B1: Futbola eta harmailak amesten dugun edo eraikitzen gauden gizarte horren isla izan daitezen saiatzen gara, masa espazio gisa.

Nolako emaitzak nabari dira epe motzean hintxadan bertan? Esate baterako, belaunaldi gazteetan?

B1: Orokorrean, epe motzean pizten da kontzientzia hintxadetan. Gai konkretu batzuen inguruan jendea bildu, jantzi, eta horretan lan egiten hasten dira kideetako asko.

B2: Esango nuke Espainiako Estatu mailan oso politizatuta egon den mugimendua izan dela Europako beste leku batzuekin alderatuta. Behintzat talka askoz handiagoa egon da. Beraz, Euskal Herrian mundu honetara sartzen den gehiengoa kezka politikoekin sartu ohi da eta garapen bat edukitzeko aukera ematen dio, egunerokoan borroka hori txertatzekoa.

B1: Nik uste dut, Euskal Herrian behintzat, historikoki mugimendu iraultzailearekin lotuta egon den adierazpen bat dela, hau da, ez da errealitatetik at dagoen isla bat.

Ez da soilik asteburuetan batu eta partiduetara doan mugimendu bat. Egunerokotasunean antolatutako mugimendu bat da. Futbol talde gehienek dute izaera politiko nahiko markatuagoa. Zein da Euskal Herriko hintxaden izaera? Eta horien artean batera ekiteko zein tresna sortu izan dira?

B1: Futbol talde nagusi guztiek haien hintxada dute; Euskal Herriaren kasuan, guztiak antifaxistak. Historikoki, taldeen arteko koordinazioa bultzatu izan da, izaera eta forma ezberdinarekin, Euskal Herriko hintxak batzeko helburuarekin. Gaur egun, Euskal Zaletuak izenarekin ezagutzen da koordinazio hori.

B2: Marko horretan batez ere nazio mailako ikuspegi batekin erantzuten saiatzen da. Ez da bakoitza bere taldearen interesak defendatzera sartzen. Esate baterako, Euskal Selekzioaren alde egiten da eta Euskal Herrian izan daitezkeen problematika ezberdinen inguruko lanketak aurrera eramaten dira. Modu horretan ulertzen dugu bertan gaudenok espazio hori.

B1: Azken urte honetan Eurocopa Honi Ez plataforman ibili gara murgilduta; 2020an Bilbo egoitzatzat izango zuen makro-ekimen bat zen azken Eurocopa, bereziki Euskal Herriko sektore pobreenak kaltetzen zituena. Horretan eta ofizialtasunaren bidean pausoak ematen ibili gara, denon intereserako koordinazio lanetan, minimo batzuen baitan.

Hitz egin duzue harmaila antifaxistetaz, antifaxismoaz, martxan dauden antolakuntza forma konkretuetaz… Zein gaitasun dute talde faxistek harmailetan antolatzeko eta masetan haien ideologia txertatzeko?

B2: Faxistak antolatzen diren lekuetan, gehienetan, haien kluben babesa izan dute. Eta, noski, Poliziarena. Askotan bertako kideak poliziak dira. Aurpegi garbiketak egin izan dituzte, esate baterako izena aldatuz.

«Faxistak antolatzen diren lekuetan, gehienetan, haien kluben babesa izan dute. Eta, noski, poliziarena. Askotan bertako kideak poliziak dira»

B1: Babes hori interes batzuei lotuta ematen da beti. Horren adibide gisa dugu Jimmy akabatu zuten Frente Atleticoko kideen kasua. Erantzule guztiak geratu dira libre, badirudi hor ez dela ezer gertatu... Oso aurretik datorren gai bat da hau; talde faxisten eta futbol zein estatu-instituzioen arteko erlaziotik, hain zuzen.

B2: Estadio batzuetan zaletuek talde faxistak babestu izan dituzte. Ez da arraroa, esate baterako, talde faxista batean egon gabe, horien bufanda jantzita izatea zaletu batek. Hala ere, badirudi futbol esparruan babes orokor hori gutxitzen ari dela.

B1: Faxistak  Estatuaren errepresio instituzioetatik gertu egoteagatik ezaugarritu izan dira, edota familia boteretsuetakoak izateagatik. Gainera, normalean faxismoaren esparruko pijoak izan dira.

Bada diferentzia nabarmenik harmaila antifaxisten eta faxisten arteko klase konposaketan?

B2: Bai, bada nolabaiteko klase ezberdintasun bat, hintxada antifaxistak, nagusiki, langile klaseko jendeak osatutakoak dira. Horrek ez du esan nahi, masa mugimendu diren heinean, hintxada faxistetan langile klaseko jenderik ez dagoenik. Baina egia da talde faxista nagusietako gidaritzan jende diruduna dagoela, horren adibide argia da Ultra Sur. Epaileekin eta Poliziarekin harremana izan duen talde zehatzen bat ere badago, baita militarrekin izan duenik ere.

B1: Eskuin muturreko taldeek badute kluben laguntza. Adibidez, Jimmy erail zuten enboskadan itzalita zeuden bideokamerak. Neurriak itxurazkoak izaten dira; esaterako, Calderneko Frente Atleticoren pankarta desagertu zen arren, haiek han jarraitzen dute gaur egun ere. Inoiz ez zaie ezer gertatzen.

Futbol taldeen edo enpresen helburu bat da harmaila apolitikoak edukitzea, bakarrik taldearen koloreak ikusten diren harmailak izatea. Zein izango litzake euskal hintxadekiko harremana?

B1: Orokorrean bide berdina hartu dute talde guztiek, nahiz eta klub edo presidenteren batek ezberdin ekin dezakeen: ezin da ikur politikorik sartu harmailetan, ezin da kantuetan ezer politikorik esan... Protokolo bat dago guztiarentzat, uniformetasunerako joera dago.

B2: Aipatzekoa da 19/2007 Legea; kirolean egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkakoa. La Liga antolakundearen lege bat da, zigortzeko eta erreprimitzeko ahala duena eta Zigor Kodearekin harreman zuzena duena. Biolentziaren Aurkako Batzordea da epaitzen duena eta isun ikaragarri handiak jartzen ditu. Hala, dirudunen interesei erantzuten die, oso argi dago zein den legearen asmoa; ezaugarri antzekoak dituzten legeak ari dira aplikatzen Europan, maila desberdinean tokian toki. Gradetako adierazpen ideologikoak jazartzen dituzte, adibidez, zigortu egin zuten Anoeta zelaian estelada bat atera izana.

B1: Espazioan bertan ezartzen duten kontrol soziala ere aipatzekoa da; hala nola, kamerak, guztiz kontrolatuta dauden sarrerak eta irteerak, konpartimentutan banatutako harmailak, eta abar. Hainbat estadiotan kontrol biometrikorako mekanismoak ere ezarri dituzte jada.

Anoetako esteladaren kasuari erreparatuta eta ikusita zaletu taldeen artean faxistak zein antifaxistak daudela, ba al dago ezberdintasunik adierazpen ideologikoak epaitzeko orduan?

B2: Bai, egia da svastika bat ezin dela atera, baina ez da berdina gertatzen bandera frankistarekin edota beste zenbait ikur faxistarekin. Aipatu dugun legea segurtasun arduradun batek interpretatzen du; dokumentu batek esaten dio zer dagoen debekatuta eta zer ez, eta alde berdinera begiratzen dute beti.

B1: Euskal Herrian asko dira zelaietara sartu ezin diren ikurrak, eta 3.000 eurorainoko isunak izan daitezke. Gainera, lege hori errespetatu ezean, kanporatu egiten zaituzte estadiotik. Aspektu askotan, neurri horiek guztiek publizitate- eta enpresa-interesei erantzuten diete.

Zergatik ezartzen da horrenbesteko kontrola?

B1: Mozal Legea sortu aurretik Kirolaren Legea atera zen, esperimentu antzeko bat izan zena. Hori jasan behar izan genuen, eta horren bide beretik etorria da Mozal Legea, baina beste esparru bati begira: kaleko jarduna erreprimitzea. Kontrol sozialak ere garapen berdina izan duela esan dezakegu: hasieran kamerez josi zituzten estadioak eta, ondoren, kaleak. Masak mugitzen diren espazioak izanik, haientzat oso aproposak dira kontrolerako neurri berriak sortzerakoan, laborategi gisa.

«Mozal Legea sortu aurretik Kirolaren Legea atera zen, esperimentu antzeko bat izan zena. (...) [Estadioak] Masak mugitzen diren espazioak izanik, haientzat oso aproposak dira kontrolerako neurri berriak sortzerakoan, laborategi gisa»

EZ DAGO IRUZKINIK