ARGAZKIA / Asier Nuñez eta Lander Moreno
Karla Pisano Berrojalbiz
@PisanoKarla
2022/06/04

«Maheutarren etxean, bigarren blokeko 16. zenbakian, inor ez zen mugitu. Iluntasun gordinak irensten zuen lehen solairuko gela bakarra, han behar zuten izakien loa larrituko balu bezala; pilatuta zeuden denak, ahoa zabalik, nekeak lehertuta. Kanpoan sekulako hotza eginagatik, arraro samarra zen aire hark berotasun bizia zuen berekin, giza abereen usaina duten gelen hats bero hori» — (Germinal. Zola, 2017:24)

Emile Zolak Germinal (1885) eleberri ezaguna argitaratu zuen, Engelsek Etxebizitzaren arazoari ekarpena hiru zatitan idatzi eta hamarkada batera (Engels, 2006). Xehetasun handiz, 1860ko Frantziako langile-klasea aurkezten digu eleberrigileak; bere bizi- eta lan-baldintzak, ohiturak eta pixkanakako politizazio maila. «Giza abereak» ziren, euren aurreko bizimodutik aldentzera behartuak, eta kapitala eskulana eskatzen ari zen produkzio-zentroetan kokatuak.

Engelsek etxebizitzaren gaia jorratu zuen Zolaren eleberri sozialak kontatzen dizkigun baldintza horien analisitik, burgesiaren irtenbide erreformistak auzitan jartzeko helburuz, baita Proudhonen jarraitzaile anarkisten burgesia txikiarekin lotutako posizioak auzitan jartzeko ere. Bere ekarpen nagusia laburbiltzeko erraza da, baina ondorio handiak ditu: etxebizitzaren arazoa ez da nolabaiteko istripu bat, ekoizpen kapitalistaren berezko arazo bat baizik. Funtsean, esplotazio kapitalistaren dinamikak –soldataren debaluazioaren bitartez– etxebizitza eskasia erreproduzitzen du etengabe. Engelsek etxebizitzaren arazoa aztertu zuen milioika pertsona hiriguneetara eramaten zituen prozesu historikoaren ikuspegitik, eta etxebizitzen eskasia –eta horrek eragindako aglomerazioak eta garestitzea– dinamika demografiko sakon baten eskutik zihoan. Dena den, haren oharrak har genitzake gaur egun, eta etxebizitzaren egungo arazoaren analisiari aplikatu.

Etxebizitza, bizirauteko oinarrizko ondasun bat izateaz gain –eta, beraz, langile-klasearen kontsumo-funtsaren zati bat–, aktibo mamitsua da errentak lortzeko. Hiri-errentaren osaera konplexua da, eta testu honen helbururako, plusirabaziek osatzen dutela esatea aski izango da; hau da, gainbalioaren ekoizpenaren mende dago, lurrari aplikatutako kapitalaren mende, edo, beste era batera esanda, espazioaren balorizazio-prozesuaren mende (Harvey, 2007). Etxe batek balio handiagoa hartzen du hara hurbilduko zaituen garraio eroso bat baldin badago, are gehiago haren atzean lorategidun parke bat eraikitzen bada, eta ez dezagun esan ondoan Club Metropolitanek spa eta gimnasio bat ireki berri badituzte. Metatutako lan horrek guztiak eragina du errentan, eta, ondorioz, baita azken prezioan ere. Balorizazio-prozesu horiek –edo desbalorizazio-prozesuak, ingurune degradatuen kasuan– finantza-kapitalaren eta Estatu Burgesaren lan koordinatua behar dute. Lehenengoak, aurreratu beharreko kapital-masa handiak eskuragarri jartzen ditu, eta, bigarrenak, lurzoruaren eta hiri-espazioaren erabilera arautzen du, balorizazio-­beharren arabera. Azken batean, etxebizitza baten jabetza pribatuak errenten zati bat bereganatzeko aukera ematen dio jabeari, higiezina salduz edo alokatuz. Alokairuaren kasuan, jabeek –aurreratutako kapitalaren berehalako ordainketari eta horrekin lotutako irabaziari uko egiteagatik– interesa deritzon prezio handiagoa jasotzen dute, konpentsazio gisa (Astarita, 2010). Azkenik, monopolizatu daitekeen merkantzia bat denez, bere prezioa izugarri igo daiteke, eta errentistek egundoko plusirabaziak lor ditzakete, burges industrial askok «bidegabetzat» joko lituzketenak.

Etxebizitza, ororen gainetik, finantza-balio bat da, hainbesteraino, non Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) kalkulatzean ere ez baita kontuan hartzen. Lehen mailako ondasun bat izan beharrean, zeinaren prezio-igoerak soldataren debaluazioa ekarriko lukeen, ekonomia burgesak ondare-aberastasunaren gorakadaren adierazpentzat hartzen du (Del Rosal, 2022). Ondorioz, higiezinen burbuilak sortzen direnean, inflazioa eta horrek soldatetan duen eragina alde batera uzten dira, aberastasunaren hazkundea ospatzeko. Egia da alokairu-kontratuen prezioa KPIaren arabera arautzen duen klausula bat dagoela, baina, egiari zor, jabearen arbitrariotasuna da nagusi.

Orain arte esandakoak azaltzen du, neurri batean, Engelsek aipatzen zuen etxebizitza eskasia: kapitalistek soldata murrizteko egiten duten presioak, prezioen goranzko joerarekin batera, langile-­klaseak etxebizitza bat eskuratzeko aukera elorri-­alanbrez zeharkatutako bide bihurtzen dute. Hala ere, Engelsek etxebizitzen eskasia oso nabarmena zen testuinguru batetik hitz egiten du, hau da, ez zen behar adina etxebizitza egiten proletario berrien eskarirako, ez zelako batere negozio errentagarria. Egungo erronka etxebizitzaren arazoak oparotasun materialeko testuinguru batean nola dirauen azaltzean datza, hainbat hamarkadaz, langile-klaseko zenbait geruzatan jabetza orokortu ondoren. Artikulu honetan prozesu historiko hori azaltzea izango da nire asmoa, Espainiako Estatuan zentratuz eta etxebizitzaren jabetzaren hiru dimentsio nagusiak paraleloki aztertuz: bizirauteko bitarteko gisa, errentak lortzeko aktibo gisa eta kultura-tresna indartsu gisa. Frankismotik abiatuta, higiezinen azken burbuila sortu eta pitzatu ondorengo krisialdira arteko ibilbidea egingo dut. Jarraian, labur-labur aztertuko ditut «jabeen gizarte» bat ezartzearen eta horren ondoriozko pitzaduraren ondorio kulturalak, eta, azkenik, egungo baldintzen azterketan jarriko dut arreta.

URRITASUNETIK UGARITASUNERA

Historia de una escalera (1949) gerraosteko antzerkiaren adibide klasiko bat da. Antonio Buero Vallejok, pertsonaien koru baten bidez, eraikin berean bildutako hiru belaunaldiren zorigaiztoko bizimodua kontatzen digu. Istorioak aldatu egiten dira, pertsonaiak etorri eta joan egiten dira, baina eskailerak iraun egiten du. Denboran zehar geldirik egon den eskailera hori diktaduraren sinbolo bat da; sozialki hobetzeko ezintasunarena, etsipenarena eta pobrezia orokortuarena. Uste dut 60ko hamarkadako eleberri esperimentala obra horren kontraste garbitzat jo dezakegula. Garapen-aldi betean, Miguel Delibesek Cinco horas con Mario (1966) idatzi zuen, familia burgeseko emakume baten eztabaida existentziala jorratzen duen eleberria. Besteak beste, senarrari aurpegiratzen dio ez duela nahikoa egin etxe handiago bat eta Seat 600 bat erosteko. Delibesek aukera asko dauden mundu baten aurrean klase ertain berri batek dituen asmoei eta konplexuei buruz hitz egiten digu. Pobrezia jada ez da saihestu ezin daitekeen patu hori, alferrik galdutako aukera bat baizik; zilarrezko erretiluan eskaintzen zaiona hartzeko besoa luzatzen ez duen inozo baten ezintasuna. Hori da urritasunetik ugaritasunera igarotzeak sortzen duen isletako bat.

XIX. mendearen zati handi batean, etxebizitzen eraikuntza garestia eta gogaikarria zen. Gutxi batzuk baino ez ziren zeregin horretara mugatzen, eta gehienetan beren irabazien zati bat inbertitzen zuten burgesak izaten ziren,higiezinen mundutik zetozenak. Finantzen garapenarekin, higiezinen negozioa gero eta irabazi handiagoko negozio bihurtu zen, diru kopuru handiak mobiliza zitezkeelako. Etxebizitzen ekoizpen gero eta handiagoari erreferentzia eginez, bai eta jabetza horiek denbora errekorrean balorizatzen dituzten sustatzaile partikular batzuen eskuetan kontzentratzeari ere, Marxek esango luke «gaur egun, eraikuntza-enpresa bat ere ezin dela bizi espekulazioan aritu gabe, eta, gainera, eskala handian» (Marx, 2017). Dena dela, etxebizitzen ekoizpen-kostuek behera egin behar izan zuten, Estatuak hiri-espazioaren arautzaile gisa zuen funtzioa sendotu egin behar izan zuen eta finantza-­kapitala gehiago garatu behar izan zen, sustatzaile partikularrek langileen etxebizitzen eraikuntzan negozio on bat aurkitu aurretik.

Espainiaren kasuan, gerraosteko eta autarkiako urte luzeek inspirazio faxista zuen erregimena nazioarteko isolamendura eraman zuten. Produktuen garestitzea eta hornidura falta ziren egunerokoa, eta kontrabandoa ez zen ur tanta bat baino egarri zen harentzat. 1959tik aurrera, Erregimenaren Egonkortze Planekin, garapen ekonomikoaren garai berri bat hasi zen, masen kontsumoa ekarri zuena. «Espainiako miraria» zeritzona soldata baxuetan oinarritzen zen, zeinak industria garatzea –baita eraikuntzaren sektorea ere– eta turismoa bultzatzea ahalbidetu zuen. Azpiegitura ugari eraikita, lurzoruaren errentek gora egin zuten, eta turismotik eta beste inbertsio batzuetatik etorritako atzerriko dibisei esker, erregimenak urte batzuetako oparotasuna bermatu ahal izan zuen. 60ko hamarkadan, Estatuak babestutako etxebizitzen eraikuntza bultzatu zuen, kredituen eta diru-laguntzen bidez. Etxebizitza Planaren helburu asko bete ez baziren ere, eta etxebizitza babestu asko inoiz eraiki ez baziren ere, plan horren propaganda-balioa ukaezina izan zen. 70eko hamarkadatik aurrera, etxebizitzen eraikuntza ekimen pribatuetatik etorri zen neurri handiagoan, dinamika demografiko berriak asebetetzen zituztelako: landa-eremuko exodoaren ondoriozko eskaria areagotu egin zen, gune turistikoetan bigarren etxebizitzak gero eta gehiago erosi ziren, eta abar.

Etxebizitzarekin lotutako arazoak, ordea, ez ziren hor amaitu, ezta gutxiago ere. Txabolismoa, bizitokietako pilaketak eta etxebizitzen kalitate txarra izan ziren debaluatutako lan-indarraren muturreko esplotazioan oinarritutako garapen ekonomikoa definitzeko faktoreak. Hala ere, langile-­klasearen zati handi batek etxebizitza bat jabetzan hartu izana, ia zorpetu beharrik gabe, ez da hutsala. Hori posible izan zen ekoizpen-kostu txikiei esker, baita Estatuaren esku-hartzeari eta oraindik txikia zan inflazioari esker ere.

Garapen ekonomikoa ez zen denboran mantendu, eta jakina denez, 1973ko krisiak eragin berantiarra baina sakona izan zuen Espainiako Estatuan. Produkzio-sistema ez oso lehiakor baten gabeziei –politika protekzionistetara ohituta zegoena– erakundeen krisia gehitu zitzaien, baita langileen mugimenduen gorakada ere. Orduan, inflazioa sartu zen jokoan; 1977an % 24,5ekoa izatera iritsi zen eta momentuko etsai nagusia bihurtu zen. Patronalaren erantzuna prezioak igotzea izan zen, «soldaten gobernaezintasunari» erantzuteko asmoz (Lopez eta Rodriguez, 2010). Moncloako Itun ospetsuetan (1977), alderdi burges guztiek, enpresaburuen elkarteekin eta gehiengo sindikalaren ordezkaritzarekin batera, «behar zen guztia egitea» (sic.) adostu zuten inflazioaren gaineko kontrola berreskuratzeko. Horrek, finean, soldata-igoerak aurreikusitako inflazioaren mende egon beharko liratekeela esan nahi zuen. Inflazioaz gain, indarrez agertu zen soldatak kontrolatzeko beste mekanismoa: langabezia. Industria birmoldatzeko planek –horien artean PSOEren Birmoldaketa eta Berrindustrializazio Plana nabarmentzen da (1984)– Espainiako produkzio-ehuna nazioarteko eskakizunetara egokitu zuten, eta, espezializazioaren eta modernizazio erlatiboaren ondorioz, erreserbako industria-armada nabarmen handitu zen. Langabezia masiboa izan zen: % 20ra iritsi zen, gazteak kolpatuz, bereziki (Marin, 2006). Hamarkada berri horrek gizartearen polarizazioa, langile-klaseko zenbait geruzaren proletarizazioa eta hirien degradazioa ekarri zituen. Langileen auzoen gainbeheraren garaia da, itxaropenik ezarena eta heroinarena. Baina gizartearen zati batentzat lana izateak amets bat zirudien bitartean, beste batentzat egoera horrek aukera sorta ederra zekarren: demokrazia burges berriak funtzionario saldo berri bat behar zuen, klase ertainaren gozoa dastatuko zuena. Kontrasteen hamarkada da aipatu berri dugun hori, azken batean.

TXANPON BERAREN BI ALDEAK: JABETZAREN SOZIALIZAZIOA ETA SOLDATAREN DEBALUAZIOA

Ez dago kontraste horien testigantza hoberik kinki zinemako zintak baino. Fernando Leon de Aranoak zuzendutako Barrio (1994) filmak etxebizitza sozialen bloke handiz jositako auzo batean bizi diren hiru gazteren istorioa kontatzen du; adreilu iluneko mol handiak, 70eko hamarkadan eraikiak seguruenik. Filma hiru gazteak bidaia-agentzia baten erakusleihoari begira daudela hasten da. Abuztua da, eta jende guztia kanpoan dago, baina haientzat pentsaezina da auzotik ateratzea bera ere. Erakusleihoko idatziak irakurtzen ari dira: «Marokora 48.000 pezetagatik», «Baraderora 70.000 pezetagatik». «Belaunaldi-jauzi» batean kokatzen den belaunaldia dira, zeinak baikortasun garapenzalearen eta 2000. urte inguruko burbuilaren artean dauden: gazte proletarizatuak, hiriko paisaia degradatu batean noraezean dabiltzanak eta koloreztatutako zuri-beltz bateranzko prozesuan daudenak. 2003an estreinatutako Aquí no hay quien viva telesailak umorez laburbiltzen du, behar bada, eraldaketa hori, gris koloreko paisaia horren pigmentazio artifizial hori. Zehazki, pobretutako langile-­klasearen zati bat «jabeen gizartean» sartzeaz ari naiz, eta, beraz, jabetzaren orokortzean eta soldataren debaluazioan oinarrituta, itun soziala finkatzeaz. Telesailean, ia pertsonaia guztiak etxebizitza baten edo gehiagoren jabeak dira. Maila sozioekonomiko altukoak ez izan arren, Barrioko blokeetako biztanleak ere ez dira. Batzuk irakasleak dira, beste batzuk bulegariak, beste batzuek aldi baterako lan ugari dituzte, eta abar. Laburbilduz, pertsonaiek duten jabeen estatus hori ez dator bat haien bizi-­kalitate eskasarekin. Eskaileraren historia horrek jabeen gizarte berria islatzen du, eta Buero Vallejoren obran ez bezala, faktore nagusia aldaketa da: beren posizioa oso hauskorra da, eta, gizartean une batetik bestera egiten da gora nahiz behera.

Estatuaren funtzioa nabarmen aldatu zen. Neoliberalismoak Esku Ikusezinaren ideia alboratu eta zuzeneko esku-hartzea onartu zuen, Margaret Thatcherrekin lehenik, eta Reaganen administraziopean gero. Espainiaren kasuan, behin soldatak kontrolpean zeudenean, higiezinen eta finantzen estrategiaren lehen entsegua hasi zen (1985-1993) (Lopez eta Rodríguez, 2010), eta bi zutabe nagusi izan zituen: finantzarizazioa eta tertziarizazioa. Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zenean, atzerriko inbertsioak gora egin zuen, eta bereziki higiezinen merkatuan zentratu zen. Finantza- eta higiezin-errenta berriek familien aurrezteko gaitasuna handitu zuten, zeina zorpetze pribatuaren gorakada izan zen, egiazki. Bestalde, alferrikako fabrika-ehuna eta horren ondoriozko hiri-paisaia birmoldatu ziren –neurri batean, Europako laguntzei esker–, eta hiri-marka gisa merkaturatu ziren, hau da, nazioarteko merkatuan aurkezten ziren erakargarritasun turistikoko hiri gisa. Prozesu horrek guztiak nabarmen handitu zuen jabeen ehunekoa –% 73ra iritsi zen 1981ean–, baina ez gizarte- eta espazio-kontrasteen hazkunderik ekarri gabe: alde batetik, zerbitzuetako proletariotza berri bat zegoen, gutxieneko soldatekin eta kualifikazio gutxiko lan oso prekarioekin; beste aldetik, klase ertainaren kontsumoa nabarmen handitu zen, zorpetzean oinarritu bazen ere, ordura arte ez baitzuen kalte handirik egin, eta gehienek jabetzak kapitalizatzea lortu zuten.

1995ean, impasse momentu labur baten ondoren, higiezinen ziklo berri bat hasi zen, «Espainiako bigarren miraria» deiturikoa iragarriz. Urteko Barne Produktu Gordina (BPG) % 4ra arte igo zen, langabezia-tasak jaitsi egin ziren eta inflazioa onuragarriak ziren ehunekoetan mantendu zen. Metro koadroaren prezioa 2000. urtean hasi zen igotzen, eta etengabe igo zen 2006. urtera arte. Izan ere, aldi horretako urte bakoitzean, etxebizitza gehiago eraiki ziren Espainiako Estatuan Frantzian, Alemanian eta Italian baino –hirurak elkarrekin hartuta kontuan–, eta kredituetan ematen ziren 100 eurotik 55 kanpotik zetozen (Niño-Becerra: 2020). Azken 70 urteetan Espainiako Estatuan gertatutako boom ekonomiko guztiak, modu batera edo bestera, etxebizitzen eraikuntzarekin lotuta daude, turismoarekin estuki lotutako sektorea baita. Eta ez da kasualitatea, sektorean lehiatzeko abantaila ugari baitzituen: baliabide naturalen eskuragarritasuna, potentzial turistikoa duten enklabe ugari, erraztasun fiskal eta politikoak, soldata baxuak, erreserbako armada handia, eta abar.

Urte horietako hazkundea, berriz ere, finantzarizazioan oinarrituta egon zen, eta horren ondorio zuzena zorpetze pribatuaren orokortzea izan zen. Europatik diru merke asko iristen zen adreiluaren sukarra asetzera, eta prezioen burbuila gero eta handiagoa egin zen. Gainera, inflazioa –arazo kronikoa– berehala agertu zen. Hala ere, jabeen kopuruak gora egin zuen, eta 2007an % 80,1era iritsi zen [1]. Familiek kontsumorako sarbide handiagoa izan zuten kredituen merkatzeari eta beren jabetzetatik lor zezaketen errentagarritasunari esker, zeina prezioen igoeraren ondorio zuzena zen; «etxebizitzaren prezioa ez da inoiz jaisten» zioten. Baina, egiari zor, kontsumitzeko aukera handiago hori soldaten debaluazio geldiezinaren nolabaiteko ilusiozko konpentsazioa baino ez zen izan. Moncloako Itunen eta soldatei eusteko eta moneta-murrizketarako neurrien ondoren, soldata-polarizazioko prozesu bat hasi zen, eta ez zuen ia aurkakotasunik aurkitu bat ere indarrik gabe zegoen langile-mugimendu batean. Metatze eredu horrek zeraman joerarekin jarraitu zuen: produktibitatearen igoera nuluak eta kapitalaren enplegu baxuak ezaugarritzen zuten, lan-indarraren erabilera intentsiboarekin kontrastean. Azken batean, zerbitzuekin, kontsumoaren hazkundearekin eta ondare-burbuilarekin lotutako eredu ekonomikoa zen. «Espainia ondo doa» zioten askok milurtekoaren hasieran; jendea gero eta aberatsagoa zen, eta langabeziak behera egin zuen, baina hori, zor pribatuarekin finantzatzen ziren hainbat jardueratan lanean ari zen biztanleria aktiboa handitu zelako gertatu zen.

2007ko udan krisia piztu zen. BPGaren gaineko zor pribatua 1996ko % 65etik 2007ko % 207ra igaro zen (Niño-Becerra, 2020). Etxebizitzaren prezioa jaitsi egin zen, inbertsioak ere bai, eta ondorioz, familien kontsumoa murriztu egin zen. Ordainketa atzerapenak, ez-ordaintzeak eta hipoteka-gauzatzeak areagotu ziren. Zorpetu ziren familiek ezin izan zioten egoerari eutsi, Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak igo baitzituen –inflazioari aurre egin nahian–, ezin baitzituzten euren jabetzak errentagarri bihurtu –etxebizitzaren prezioaren jaitsieragatik– ; maileguak blokeatuta gelditu ziren eta langabeziak nabarmen egin zuen gora. Haien itzulketa-gaitasun errealetatik oso urrun zeuden kredituekin zorpetu ziren; orduan ikusi genuen lehenengoz proletarizazio-prozesu hura, 70eko hamarkadaz geroztik jada existitzen zen arren. Finantzarizazioak luzatutako kontsumoak ezkutatu zuena atera zen argitara: soldata erreal oso baxuak, lan-prekarietatea eta desegite betean zeuden zeharkako soldatak –errentekin eta zerbitzuekin lotuak– (Rodriguez, 2022).

DESJABETZEAREN KODE KULTURALEN GENESIA

Genesian, Munduaren Sorrera izan zen lehenengoa, gero, Gizakiaren Erorketa eta, ondoren, Uholde Handia. Esan bezala, jabetza ez da errentak lortzeko aktibo bat bakarrik, ezta erreprodukziorako oinarrizkoa den ondasun bat eskuratzeko bide soil bat ere. Etxebizitzaren jabetza kultura-tresna sendo bat ere bada. Lehenik eta behin, etxebizitza baten ordaintzeak soldatapeko lanera lotzen gaitu, eta hari zor diogun diziplina lanpostutik haragokoa bihurtzen du. Bigarrenik, jabetza subjektibazio modu indartsu bat da, jarrera kontserbadoreak sortzen baititu.

Pentsakera patrimonialista, batez ere, diktadura frankistan sortu zen. «Jabeen Espainia nahi dugu, ez proletarioena», zioen Jose Luis Arresek, etxebizitzako lehen ministroak. Honela laburbildu zuen erregimenaren gizarteratze-proiektu nagusia: jabetzak leialtasuna bermatuko zukeen, bai Estatuari, bai soldatapeko erregimenari, eta, gainera, jabeek joera txikiagoa izango zuketen abentura iraultzaileetan murgiltzeko. Lehen hamarkada horietan, helburua etxebizitza ekoiztea zen, eskaria handia baitzen. 80ko hamarkadatik aurrera, ordea, kontua ez zen soilik bizitoki premia asetzea, era guztietako fantasiei bide ematen zieten kontsumoak eskaintzea baizik. 90eko hamarkadako publizitateak ez zuen etxe soil bat eskaintzen, «zure ametsetako etxea» baizik. Higiezinen burbuilaren garapenean erabakigarria izan zen beste faktore kultural bat jabetza balio segurutzat hartzea izan zen. Horri dagokionez, higiezinen merkatua izendatzeko ingelesezko terminoak –Real Estate– familia asko zorpetzera eraman zituen pentsatzeko moduaren inguruko pistaren bat ematen digu: Estate [izaera, jabetza] eta Real [benetakoa, existitzen dena, ukigarria]. Jabetza hori mugiezina, iraunkorra eta bakarra da, eta, beraz, balio-gordailu segurutzat hartzen da.

«Jabeen Espainia nahi dugu, ez proletarioena», zioen Jose Luis Arresek, etxebizitzako lehen ministroak

Esan bezala, jabetza gizarteratzeko mekanismo bat izan zen, bereziki garrantzitsua lanak pisua galtzen zuen testuinguru batean. Izan ere, gizarte industrial tradizionaletan, parte-hartze sozial eta politikorako modua lanaren bidez izan ohi zen. Lanak, formalki, herritar bat eskubideak dituen subjektu bihurtzen zuen. Hori izan zen XIX. mendeko iraultza liberalen ondoren estatu burgesa justifikatzeko eta klase-desberdintasunak ezkutatzeko erabili zen formula. Desjabetutako proletarioa, gutxienez, bere lan-indarraren jabe zen, eta, birtualki, jabeen komunitate bateko herritarra. XX. mendearen bigarren erdian –eta, bereziki, 80ko hamarkadaren amaieran–, lan duin baten ameskeria pitzatu egin zen, eta, langile-klasearen zati handi batentzat, lana jada ez zen bere balio definitzailea. Proletalgoa, de facto, Itun Sozialetik at geratu zen; legez kanpoko subjektu bat izango da eta lerro gaindiezin batek bananduko du etxebizitza baten jabetzatik. Klase ertainarentzat, ordea, jabetzaren eta kredituaren bidezko kontsumorako sarbidea berriro ere gizarteratzeko balio izan zuten bi mekanismo izan ziren, soldata debaluatzen ari zen testuinguru batean. Horrela, etxebizitzaren jabetza klase ertainaren oinarri ideologiko eta materiala izan zen, are gehiago Espainiako Estatuaren kasuan. Jabetzaren sozializazio hori, ostera, ez zen inoiz unibertsala izan, eta ez zen sekula bermatu denentzako kalitatezko etxebizitzarik. Berez, inoiz ez zen izan hori helburua, langile-klaseko zenbait geruzatan eragin zuen jabetzaren sozializazioaren erabilera politikoak –­status gisa– onura nabarmenak ekarri baitzizkion Kapitalari. Bitxia bada ere, mileurista terminoa 2005ean sortu zen, higiezinen burbuilaren gorakada betean, eta horrek erakusten digu zer nolako kontrasteak ikus zitezkeen: kontsumorako sarbide handiagoa zegoen aldi berean, soldaten balioa gutxitzen ari zen.

Proletalgoa, de facto, Itun Sozialetik at geratu zen; legez kanpoko subjektu bat izango da eta lerro gaindiezin batek bananduko du etxebizitza baten jabetzatik

Horregatik, Gizakiaren Erorketa berehala iritsi zen. Jainkoarekiko obedientzia inozo batetik, desobedientzia-egoera batera igaro zen. Izan ere, higiezinen burbuilak eztanda egin ondoren, klase ertainaren bizimodu neurrigabea kritikatzen zuten ahotsak bata bestearen atzetik etorri ziren. «Gure aukeren gainetik bizi gara», errepikatzen zuten. Beste termino paradigmatiko –eta misogino– bat sortu zen: visillera. Aipatu berri duguna familiako emakumeari erreferentzia egiteko erabiltzen zen, zeinaren kezka bakarra bere etxe distiratsuko errezelak jartzea baitzen, hura nola lortu zuen kontuan hartu gabe. Antzeko pertsonaia bat agertzen da Rafael Chirbesen Crematorio eleberrian. Chirbesek 2000ko hamarkadako familia baten istorioa jorratzen du, eta familia aurkezten digu jabetza-baloreak, higiezinen espekulazioa eta negozio zikinak egikaritzeko modu gisa. Baina, zalantzarik gabe, gaitzespen horien isla argienetako bat Deutsche Bankek 2007an argitaratutako etxebizitza-txostenean topa dezakegu, Espainiako kasuari buruzko zatiaren izenburua Living la vida loca baitzen.

Azken batean, gehiegikeriei egindako kritika bat zen. Kontsumoaren gehiegikeriei eta familien zorpetzeari, batetik, eta garapen ekonomiko ezegonkorrari lotutakoei, bestetik. Sozialdemokrazia laster aldendu zen mea culpa horretatik, eta arazoaren iturria hazkunde ekonomikoaren oinarrietan zegoela adierazten hasi zen. Kritiken jomugan jarri zuten jabe handiekin eta funts putreak zeritzenekin lotutako espekulazioa, baita Etxebizitza ministroen ustelkeria kasuak edo turismoan oinarritutako hazkunde ezegonkorra ere. Halaber, kritika horren helburua jabeen gizartea lehengoratzea zen, oinarri sendoagoak ezarriz. Beraz, jarrera kontserbadore batez ari gara, kapitalismoaren «gehiegikeriak» moralki arbuiatzen dituena, eta, aldi berean, erakunde burgesak irmo defendatzen dituena.

Eta desobedientziaren ondoren, Uholde Handia dator. Lur guztia urpean uztea desobedientziaren ondorio zuzena da, baina, batez ere, haren ondorio saihetsezina da. Metaketa kapitalistaren krisia ezinbesteko proletarizazio-prozesu gisa aurkezten zaigu. Hondamendi horretan, itsasontzia estatu burgesa da; hura da erreprodukzio sozialaren berme bakarra, ea konplexurik gabe guztiok salba gaitezkeelako ideia alde batera uzten du. Batzuek iraun egingo dute, eta kontsolamendu hori beste ezer baino gehiago da. Eta kanpoan geratzen diren gaixoentzat –beren gehiegikeria moralgabeen errudun diren horientzat– beti egongo da irauteko modu bat; haien erredentzioa austeritatean dago, bertute bihurtzen den austeritate batean: batu zaitez coliving-era, egin gastu-baraualdiak, gurasoen etxetik alde egin ezin baduzu, bizi adineko pertsonekin zure udalaren emantzipazio plan berriari esker.

EGUNGO EGOERA: MISERIAZKO ETXEBIZITZA-SISTEMA

Kapital-metaketaren krisiaren aurrean, burgesiak klase moduan har dezakeen jarrera bakarra hartzen du: bere irabaziak defendatzea. Horretarako, kapital aldakorrari dagokion zatia murrizten du pixkanaka, soldatak debaluatuz, soberako lan-indarra kanporatuz eta langile-klasearen aurrezkiak arpilatuz. Estatu burgesaren eginkizuna prozesu hori ahalbidetzea da, eta ziurtatzea ez dela oztopo politikorik egongo. Hori sistema parlamentarioaren bidez egiten du, burgesiaren barruan dauden desadostasunak dinamizatuz eta edozein alternatiba politiko eragotziz. Zehazki, 2008ko krisiaren aurrean Europako estatuek hartutako neurri nagusiak gastu publikoaren hazkundea eta lehendik ezagunak ziren keynesiar motako beste neurri batzuk izan ziren. 2012tik aurrera, diru kopuru handiak bideratu ziren EBZren bidez –kontuak bere onera itzul zitezen–, baina aldaketa nagusiak iristeke daude: lehenik eta behin, zor publikoa eta pribatua ezin direla ordaindu onartzea; bigarrenik, soldatak debaluatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea; eta, hirugarrenik, babes sozialeko eredua berrikustea. 2007ko irailean, orduan Frantziako Errepublikako presidente zenak, Nicolas Zarcosy-k, aurreratu zuen «funtzio publikoa birfundatzea» beharrezkoa zela. Krisiaren kudeaketa burgesak etxebizitzaren arazoan duen isla argia da: etxebizitzaren arazoaren okerragotzea alderdi guztietan. Etxegabetzeak, ez ordaintzeak, etxerik gabeko pertsonen kopurua handitzea, pobrezia energetikoa handitzea, bizi-­baldintzen okerragotze orokorra eta abar. Okerragotze hori Euskal Herrian ere ikus daiteke, nahiz eta familia-errentak handiagoak izan eta pisuen jabetza etxebizitza guztien % 88koa izan[2]. Euskal Autonomia Erkidegoko prezioen goranzko joera ikus dezakegu, etxebizitza libre berriek ia % 17 egin baitute gora azken bost urteetan. Babestutako etxebizitzei dagokienez, metro koadroaren prezioak etengabe egin du gora azken urteetan, eta hazkundea % 20koa izan zen 2010 eta 2020 artean [3]. Prezioen igoera eta diru-sarreren murrizketa direla eta, etxebizitza erosteko beharra duten pertsonen % 80k baino gehiagok hipoteka-kreditu baten beharra lukete. Jabetza-erregimena hedatuen dagoen eredua izan arren, EAEn 100.00 pertsona inguruk etxe bat erosi nahi lukete, eta horietatik 80.000 inguruk ez dute horretarako nahikoa baliabiderik[2]. Datu horien arabera, proletarizazio-prozesua ikaragarri bizkorra da, belaunaldi bakarraren joanean ikus daitekeena.

Jabetza-erregimena hedatuen dagoen eredua izan arren, EAEn 100.00 pertsona inguruk etxe bat erosi nahi lukete, eta horietatik 80.000 inguruk ez dute horretarako nahikoa baliabiderik

2013 eta 2021 urteen artean 12.526 kaleratze egin ziren guztira, bide judizialetik gauzatu zirenak bakarrik zenbatuta. Azken urte honetan, etxegabetzeen kopuruak ia % 25 egin du gora Hego Euskal Herrian, 2020aren aldean. 2000. urteaz geroztik, EAEn alokairuetan, hipoteketan, kredituetan edo ordainagirietan atzerapenak edo ez-ordaintzeak izan dituzten pertsonen kopuruak gora egin du etengabe, eta 2018an goia jo zuen, 140.000 pertsona baino gehiago baitzeuden egoera horretan [4]. Gainera, EAEko FOESSA eta Caritas erakundeen 2022ko txostenaren arabera, pertsonen % 8,5 egokia ez den etxebizitza batean bizi dira, 187.000 lagun inguru. Azkenik, gazteen langabezia-tasa handitzen ari denez, Hego Euskal Herrian emantzipatzeko batez besteko adina 30,2 urtekoa da, eta Europako altuenetakoa da hori [2].

Datu horiek lagungarriak dira langile-klasean erosoen dauden geruzak pobretzen ari den proletarizazio-prozesuaren dimentsioaz jabetzeko, eta are gehiago gogortzen dituzte proletarioen bizi-baldintzak. Agian prozesu horren aurpegirik agerikoena, hain zuzen ere, 2008tik aurrera gertatutako hipoteka-exekuzio saldoa izan zen. Dena den, bizi-baldintzen okerragotzea hainbat hamarkadatan egon zen hor, eta benetan, jabeen gizartea salbuespena zen: Buero Vallejoko bizilagunak; Marioren familia apala, bere buruaz lotsatuta zegoena; auzoetako etorkizunik gabeko neska-mutikoak; telebistako-saio ezagun hartan hainbat lan zituen Belen... Guztiak zeuden proletarizazio prozesuaren menpe, eta haren ondorioak jasan zituzten, modu batean edo bestean.

Etxebizitzaren jabetza klase ertaina gizartean integratzeko bitarteko izan da orain arte, baina orain kolokan jartzen ari da hori –ez baita ez posible, ezta beharrezkoa ere–, are gehiago gizarte burgesa zelatatzen duen oposizio politikorik ez dagoen krisi kapitalistaren testuinguruan. Prozesu hori, ordea, motela da, eta baditu bere kontraesanak. Ikusten dugu, adibidez, gaur egungo koalizio-gobernuak jabe txikien interesak defendatzen jarraitzen duela, lobby-ek eraginda eta helburu elektoralistek baldintzatuta. Hala eta guztiz ere, funtsean, higiezinen merkatuan kapitalen kontzentrazioa bultzatuko dute, eta funts putreei alfonbra gorria jarriz, errentari txikien desagerpena ahalbidetuko dute. Horrela, Itun Sozial zaharreko –etxebizitzaren jabetzan eta, oro har, kontsumorako sarbide handiagoan oinarritua– alderdiek zilegitasuna galduko dute klase ertain erasanen artean, eta politika erreakzionarioagoetan hartuko dute babes.

Horrek guztiak eskatzen du Estatuak bere babes sozialeko eredua berrikus dezala eta egoera berrietara egokitu dezala, egungoak ezaugarri baititu langabeziaren gorakada, bizitzaren garestitzea nahiz errenta eta zerbitzuetara bideratutako baliabideen murrizte nabarmena. Testuinguru horretan, Estatuak etxebizitzaren arloan egiten dituen esku-­hartzeak beste miseriazko etxebizitza-sistema bat ezartzera bideratuta daude. Finean, errenta, zerbitzu eta neurri juridiko multzo bat izango da, langile-klaseko zenbait geruzaren kontsumorako sarbidea bermatzeko, eta, batez ere, gizarteko haserrea apaltzeko. Sistema hori deskribatzeko, bi adibide erabiliko ditut: etxegabetzeen luzatzea eta Eusko Jaurlaritzak gazteen alokairurako ematen dituen laguntzak. Alde batetik, luzatze horrek moteldu egin du etxegabetzeen uholdearen eragina, konfinamenduaren ondoren sor zitekeena. Neurri horrek ez ditu etxegabetzeak bertan behera utzi, denboran luzatu baizik. Askok kritikatu dute aldi baterakoa delako –sei hilabeteko denbora-tartean berritu baita–, baina litekeena da salbuespena izateari uztea eta ohiko araudiaren parte izatera pasatzea. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Gaztelagun dirulaguntzen aldaketa onartu berri du. Alokairua ordaintzeko, 275 eurora arteko laguntzak emango zaizkie gazteei –lehen 250 eurokoak ziren–, eta 35 urte bete arte kobratu ahal izango dira –lehen 33 urte bete arte kobratu zitezkeen–. Funtsezko aldaketak dira; izan ere, gazte kopuru handi batentzat, laguntza hori da emantzipatzeko bide bakarra.

Estatuak etxebizitzaren arloan egiten dituen esku-hartzeak beste miseriazko etxebizitza-sistema bat ezartzera bideratuta daude

Zer esaten digu horrek guztiak etxebizitza-sistema berriari buruz? Begi bistakoa dena alde batera utzita –izan ere, garestitze-testuinguru batean diru-laguntzen zenbatekoa handitu egiten da, baina beti ere inflazio errealaren azpitik–, sistema horren oinarri nagusia maizter batzuen kontsumoa diruz laguntzea da. Beste era batera esanda, zorpetze publikoaren bidez ordaintzea etxebizitza-gastuen zati bat, jabeek beren ordainsaria jasotzeari utz ez diezaioten. Zorpetze hori, azken batean, Europatik ezarriko diren murrizketa-politikekiko erabateko subordinazioa da. Beraz, etxebizitzarako diru-laguntzak ez dira laguntza eskaintzen digun esku bat, lepoan jarritako esku bat baizik, epe laburrean jabeak salbatu nahi dituena, eta, epe ertainera, Kapitalaren asmo guztiak aplikatu nahi dituena.

Miseria-sistema berri horretarako, etxegabetzeak, etxerik gabeko pertsonak edo emantzipatu ezin direnak, ororen gainetik, arazo politiko bat dira. Neurri horien benetako irismena oso txikia da –ikusi besterik ez dago zenbat etxegabetze egiten diren luzatze prozesu horietan, edo nola hainbat eta hainbat etxebizitzetarako diru-laguntzen eskaerek ez duten inolako arretarik jasotzen–, haien funtzio nagusia ideologikoa baita. Izan ere, etxebizitzara bideratutako errenta eta zerbitzu horien hedapena zenbait auzik mugatzen dute: mobilizatutako baliabide kopuru txikia, eskuratze-prozesua ezinezko bihurtzen duen burokrazia jasanezina eta laguntza horietako bakoitzarekin batera doazen kontrol-mekanismo gogorrak dira, besteak beste, horietako batzuk. Akats horiek ez dira ezustekoak, nahita egindakoak baizik. Existentzia baldintzak –miserablea, bai, baina, existentzia– birtualki bermatzen dituen bakarra Estatu burgesa izaten jarraitzen duen bitartean, proletalgo guztia saiatuko da bere bidea egiten norabide horretan.

Azaldu dudan prozesu historikoaren bidez, biztanleriaren % 70a baino gehiagok jabetza bat eskuratu duenez, Estatu burgesak langile-klasearen zati bat politikoki berriz bereganatzea lortu du. Mendebaldeko beste herrialde batzuetan, batez ere soldaten igoeratik abiatuta egin zen prozesu hori, baina Espainian etxebizitzaren jabetza sozializatuz lortu zen. Sozializazio horrek, azaldu nahi izan dudan bezala, bi alderdi ilun izan zituen: alde batetik, proletalgoa beti baztertuta egon zen, eta, beste alde batetik, kontsumorako sarbidea zorpetze pribatua handituz lortu zen. Azken batean, 1973ko krisiaz geroztik ate-joka zegoen proletarizazio-prozesua estali zen. Orain, badirudi Estatuak onartzen duela deskalabrua saihetsezina dela, eta etxebizitza baten jabetza bezalako gizarteratze-mekanismoek garrantzia galtzen dute. Gauzak horrela, azken hamar urteetan, jabeen ehunekoa % 5 jaitsi da. Krisiaren kudeaketa burgesaren ondorioen aurrean, Estatua bere babes sozialerako eredua prestatzen ari da, funtsean arazo sozial potentzialaren aurrean burgesia babesteko eredua dena.

Krisiaren kudeaketa burgesaren ondorioen aurrean, Estatua bere babes sozialerako eredua prestatzen ari da, funtsean arazo sozial potentzialaren aurrean burgesia babesteko eredua dena

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

Astarita, Rolando (2010). La cuestión de la vivienda y el marxismo. Hemen kontsultatua: rolandoastarita.blog

Del Rosal, Mario (2022). ¿Para qué sirve la inflación? Kazetaritza alternatiboa. Hemen kontsultatua: nuevarevolucion.es

Engels, Friedrich (2006). Contribución al problema de la vivienda. Friedrich Engels Ikasketa Sozialisten Fundazioa: Madril.

Harvey, David (2007). Espacios del capital: hacia una geografía crítica. Akal: Madril.

López, Isidro y Rodríguez, Emmanuel (2010). Fin de ciclo: Financiarización, territorio y sociedad de propietarios en la onda larga del capitalismo hispano (1959-2010). Amets-trafikatzaileak: Madril.

Marín, José María (2006). La fase dura de la reconversión industrial: 1983-1986. Historia del presente, 8, 61-101.

Marx, Karl (2017). Kapitala. Bigarren liburua. XXI. mendea: Madril.

Niño-Becerra, Santiago (2020). Capitalismo 1679-2065. Ariel: Bartzelona.

Rodríguez, Emmanuel (2022). El efecto clase media. Amets-trafikatzaileak: Madril.

Zola, Émile (2017). Germinal. Akal: Madril.

DATUEN EUSKARRIAK

1 Estatistikako Institutu Nazionala (INE)

2 Euskal Estatistika Erakundea (EUSTAT)

3 Idealista

4 Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia

EZ DAGO IRUZKINIK