Urria gorriz markatutako hilabetea da komunistentzat, gure historiaren zati bat da, non gure ezagutza gehienak kondentsatzen diren. 1917ko urrian, gure egutegiaren arabera, proletalgoaren eta mugimendu komunistaren heldutasun-prozesuan atzeraezinezko etapa bat hasi zen, berehalako balantzeak porrota ondoriozta badezake ere, iraultzarako antolatzen denarentzat eta bere beharraren konbentzimendua duenarentzat, askatasuneranzko bide gogorrean urrats bat baino ez dena.
Errusiako iraultza ondoren etorriko ziren iraultzen pizgarria izan zen. Horietako asko ekialdean eman ziren, non, garapen historiko atzeratuak, nazio zapalduen garapen askea eragozten zuen inperialismoaren uztarri politikotik askatzeko mugimenduak sortarazten zituen. Hein batean, Urriko Zikloan gertatutako iraultza gehienak askapen nazionalari estuki lotuak egoteagatik bereizten dira, baita berezkoa duten klasearteko osagaiagatik eta/edo osagai herrikoiagatik ere, ondoren baldintzatuko zituen ezaugarria, porrotera eraman arte. Gainera, horien guztien izendatzaile komuna da Europatik kanpo garatzen direla, non, a priori, eta subjektibotasun politikoa bigarren maila batean uzten duten formula mekanizista xamarren arabera, iraultzaren baldintza objektiboak onuragarriagoak diren. Hori, hala ere, ezin da ulertu garapen historikoarekin batera subjektuari aukerak irekitzen zaizkiola defendatzen duen kontzepzioarekiko mespretxutzat, politika beti ekonomiaren arrazionaltasun objektiboaren atzetik datorrela eta azken hori gabe dena ezinezkoa dela defendatzen duen kontzepzioarekiko mespretxutzat baizik. Ulertu behar baita ekoizpen-indarren garapenean lanaren indar subjektiboaren garapena eta haren antolaketa politikoa barnebiltzen direla, eta ez dela, beraz, makinariaren teknologia zientifikoaren garapen soila.
Hein batean, Urriko Zikloan gertatutako iraultza gehienak askapen nazionalari estuki lotuak egoteagatik bereizten dira, baita berezkoa duten klasearteko osagaiagatik eta/edo osagai herrikoiagatik ere, ondoren baldintzatuko zituen ezaugarria, porrotera eraman arte
Ekonomiaren bilakaera katastrofistari aurrea hartuz soilik egin dezakegu politika; edo politika arrazionaltasun ekonomikoaren marjinetatik kanpo sortzen dena baino ez da. XX. mendeak zerbait erakusten badu, aurkakotasun horren inguruan ematen den harremana da. Batetik, politikaren beharra, errealitateari aurre egiten dion eta ekonomiaren adierazpen soila izateari uko egiten dion subjektuarena. Bestetik, fikzio politikoaren gainean eratzen den subjektuaren ezintasuna, izan ahal izateko aurkakotzen duen hori izatera kondenatzen duena. Azken batean, boterea hartzeko une politiko gisa ezaugarritzen den iraultza, eta subjektu iraultzailearen oinarri diren aurrekariak eraldatzen dituen indar sozial gisa ezaugarritzen den iraultzaren arteko harremana.
Ekonomiaren bilakaera katastrofistari aurrea hartuz soilik egin dezakegu politika; edo politika arrazionaltasun ekonomikoaren marjinetatik kanpo sortzen dena baino ez da. XX. mendeak zerbait erakusten badu, aurkakotasun horren inguruan ematen den harremana da
Alderdi Boltxebikea, Leninek gidatua, politikaren estratega handi bat izan zen, eta politikaren, hau da, askatasun grinek eragindako bultzada iraultzailearen, nagusitasunaren adibide garbia. Inoiz ez zen baldintzarik gabe garapen ekonomikoaren gertaera objektiboaren mendeko izan, eta beti iraultzaren indar bultzatzaile gisa jardun zuen, gizartearen eraldaketa sozioekonomikoan oinarritutako iraultza soziala gauzatzeko. Horren adibide da nazioen autodeterminazio-eskubidearen auzian defendatutako politika irmoa, zeinaren bidez, beste komunista batzuek egin zuten bezala, lotura nazionalak gero eta estuago bateratzeko joera ekonomikoa ikusle soil bat bezala onartzera etsi beharrean, ekonomizismo horri aurre egin zioten eta proletalgoaren politika abangoardistaren boterea aldarrikatu zuten, bere nazioarteko batasuna ez gertakizun saihestezin bat gisa, baizik eta bereziki, posizio desiragarri bat gisa, ahalbidetuko zuen demokraziaren alde.
Iraultza askatasun-ekintza bat da, non proletalgoak historiaren produktu izateari uzten dion, historiaren produktore bilakatzeko; iraultza politika azaleratu eta objektibotasun sozialaren menderatzaile egiten duen bitartekoa da; politika da historiaren aurka. Iraultzaren eztanda politiko hori gabe, matxinadaren bidez proletalgoak boterea hartu gabe, pentsaezina da iraultza bera. Iraultza politikoaren eta iraultza sozialaren batasun banaezina komunistontzat auzi kardinala izaten jarraitzen du gaur egun ere. Eta, batez ere, iraultza politikoaren nagusitasuna iraultza sozialaren prozesuaren gainean, politikaren baldintza errealitate soziala eraldatzeko.
Iraultza askatasun-ekintza bat da, non proletalgoak historiaren produktu izateari uzten dion, historiaren produktore bilakatzeko; iraultza politika azaleratu eta objektibotasun sozialaren menderatzaile egiten duen bitartekoa da; politika da historiaren aurka. Iraultzaren eztanda politiko hori gabe, matxinadaren bidez proletalgoak boterea hartu gabe, pentsaezina da iraultza bera
Leherketa iraultzailerik gabe eta Alderdi Komunistan eratutako proletalgoaren matxinadarik gabe, ezinezkoa da errealitatea eraldatzea, eta kapitalismoa suntsitzea. XX. mendean gertatutakoarekin bat ez datorren egoera historiko baten suposizioa baliatuta, gaur egun iraultza antolatzeko eta matxinadaren bidez boterea hartzeko beharrari uko egiten diotenak, sozialismoa eta politika baztertzen ari dira, erreformismoaren lerroetan erortzeko.
Errusiako proletalgoaren matxinada ez da munduko gerra-egoerarekin lotutako baldintza historiko berezi bat, burgesiaren diktadura antolatuta dagoen edozein lekutan, proletalgoari, errealitatea eraldatu ahal izateko, inposatzen zaion bidea da. Funtsezko konkista horretatik kanpo planteatzen den jarduera oro ezin da, inola ere, jarduera iraultzailetzat hartu. Izan ere, lurralde baten gaineko kontrol politikoak soilik ahalbidetzen du bertan ordena berri bat ezartzea eta etsaiaren erasoetatik defendatzea.
Errusiako proletalgoaren matxinada ez da munduko gerra-egoerarekin lotutako baldintza historiko berezi bat, burgesiaren diktadura antolatuta dagoen edozein lekutan, proletalgoari, errealitatea eraldatu ahal izateko, inposatzen zaion bidea da
Ezin da, hala ere, subjektu iraultzailea ideologia hutsaren gainean eratu. Bere izaerak objektiboa izaten jarraitzen du, baina orain subjektu horrek du bere existentziaren baldintza objektiboen gainean gobernatzeko ahalmena. Botere hori eraginkor bihurtzea da auzia, eta errealitate soziala iraultzea, hau da, subjektu iraultzailearen existentzia-baldintzak iraultzea, subjektua bera alferrikakoa egiteraino, eta menderatze politikorako indar oro suntsitzeraino. Lehenik, emandako baldintzen aurka ez borrokatzeak subjektua gauzen egungo egoeran berrintegratzen duelako, bere arrazionaltasunean deseginez. Bigarrenik, indarrean den egoera delako azkenean subjektua menderatzen duena, bere baitan integratuz eta politika objektibotasun sozial arrazionalizatuaren mendeko eginez. Azken horren adibide da burokrazia, Alderdian integratzen dena, ekoizpen-esparru desberdinetan zuzendaritza-postuetarako sarbide gisa instrumentalizatuz eta figura hori prozesu sozialaren zuzendaritza objektibo gisa betikotuz, politika gainbalioaren ekoizpen kapitalistaren planifikazioaren kudeaketa burokratikoan desegiteraino.
Bada, urritik bi ikasgai atera nahi genituzke, bata zentzu positiboan, bestea negatiboan:
1) iraultza posible da, 2) hau, ezinbestekoa egiten duten premisak iraultzean datza. Bi alde horiek bildu nahi izan ditugu ale honetan, bai ikuspegi politikoa aztertzen, nazioen autodeterminazio eskubidearen inguruko erreportajearekin, iraultzan sinesten zuten, eta egin daitekeen modu bakarrean -hau da, etsi gabe eta politika egiten- antolatu eta bultzatzen zuten boltxebikeen aktibitate politikoan zentrala izan zena; eta baita ikuspegi soziala aztertuta ere, babes soziala gai duen erreportajean edota lanaren soziologiaren inguruko kolaborazioan jasotzen den bezala.
Bada, urritik bi ikasgai atera nahi genituzke, bata zentzu positiboan, bestea negatiboan: 1) iraultza posible da, 2) hau, ezinbestekoa egiten duten premisak iraultzean datza
HEMEN ARGITARATUA