Artikulu honek ez du Estatu sobietarraren bilakaera historikoaren azterketa historiografiko zehatza egin nahi, iraultza sozialistaren kolapsoa une jakin batean kokatzeko helburuarekin. Hala izanik, ez ditugu boltxebikeek zentzu batean edo bestean hartu zituzten erabaki politikoak eta erabaki horiek eragin zituzten baldintza historiko espezifikoak zehatz-mehatz azalduko; aitzitik, prozesu iraultzaile sozialistak eskatzen dituen premisa historikoak eta antolaketa-modu zehatzak azalduko ditugu, sobietar esperientziaren mugen oinarriak eta bere garapena zentzu orokorrean zapuztu zuten zehaztapenak ulertzen saiatzeko, gure iritziz komunisten arteko eztabaida estrategikoa bideratu beharko luketen funtsezko elementuetako batzuk kokatuz.
Horretarako, gutxienez oinarrizko bi alderdi argitu beharko ditugu, lehendabizi, ulermen-marko orokor bat zehaztu ahal izateko; hau da, aldi horren azterketari ekiteko abiapuntu minimo bat beharko dugu. Alderdi horietako lehena, batzuen harridurarako, honakoa da: sobietar iraultza ez zen iraultza nazional isolatu bat izan, ez edukiari ez eta formari dagokienez, baizik eta mundu mailako iraultza proletarioaren une bat izan zen eta, modu orokorragoan, 1917 eta 1923 artean Europa astindu zuen prozesu iraultzailearen hasiera iragarri zuen pistola-kolpea −1927ra arte hedatu zen Europako mugetatik kanpo−. Horren haritik, gure ustez zinez derrigorrezkoa da azpimarratzea garai hartako Errusiako komunisten helburua, baita edozein marxista iraultzailerena ere, ez zela iraultzaren garaipena lortzea herrialde honetan edo horretan, baizik eta nazioarte mailako proletarioen garaipena lortzea. Nazio mailako garaipenak mundu mailako iraultzaren uneak edo atalak baino ezin ziren izan, eta iraultza horrek gutxienez herrialde aurreratu batzuetan nagusitu behar zuen mundu osoan hedatzen jarraitu ahal izateko [1]. Izan ere, Kapitala globalki artikulatutako gizarte-harreman bat izanik, hau da, guztia bere logiketan subsumitzen duen mundu mailako sistema ekonomiko bat izanik, ezin da planteatu iraultza sozialistarako erabat internazionala eta internazionalista ez den beste forma eta edukirik. Boltxebikeek aspalditik zekiten hori.
Ezin da planteatu iraultza sozialistarako erabat internazionala eta internazionalista ez den beste forma eta edukirik
Bigarrenik, eta, hain zuzen ere, Kapitala harreman sozial bat delako −eta ez bizitza politikotik bereiz dezakegun kanpoko gauza bat−, boltxebikeentzat ez zen sekretua iraultza proletarioa gizarte-harremanen erabateko eraldaketan oinarritu behar dela eta ez dela gobernu-aldaketa edo “estatua hartzeko” ekintza hutsean ere oinarritu behar. Marxen garaitik jakina zen Kapitalaren boterearen funtsa ez dagoela ez parlamentu nazionalean, ez beste ezein erakunde demokratiko burgesetan ere; ez dagoela komunikabideen “adostasunean” ezta aparatu burokratiko-militarraren “bortxan” ere; kontrara, bazekiten boterea nagusiki soziala dela, hau da, klase-harreman batean oinarritzen dela, ekoizpena eta metabolismo soziala osorik antolatzen dituena. Horregatik, nazioartekoa izateaz gain, zuzeneko ekoizleen autoantolaketa masiboko prozesu bat izan behar da iraultza eta, prozesu horren barruan, gizarte-harreman berrien enbrioi-formak hedatu behar dira, hau da, ekoizleen elkartze askea, lan zuzenki soziala garatzeko baldintza gisa. Eta, arrazoi beragatik, iraultza sozialista edo proletarioa egitea proletarioen beraien lana izan behar da, beren ekintza masibo kontziente eta politikoki antolatuarena, eta ez elite edo gutxiengo zuzendari batena. Hori da, diogun bezala, marxismoaren oinarria, pentsamendu politiko boltxebikearen muin teorikoa.
Hori esanda, ezin gaitu harritu Leninek haurren ergelkeriatzat jotzea eta “ideien nahasmen sinestezin eta konponezin” bati lotzea “alderdiaren diktadura” “buruzagien diktaduratzat” (edo gutxiengoaren gobernutzat) saltzeko asmoa, diktadura proletarioarekin (edo masen gobernuarekin) aurkaritzan [2]. Alderdi-forma eta proletarioen botere antolatua bata besteari kontrajartzen saiatu zirenen dikotomia faltsuaren aurka, buruzagi boltxebikeak lehenengoaren behar historikoa azalduko zuen bigarrenaren forma zehatz gisa, esanez gobernu proletarioa (edo sozialista), lehen instantzian, “alderdiaren gobernuaren” baliokidea zela.
Hala ere, eta Leninen iritzia edozein izanik ere, baieztapen horren baliozkotasuna da Alderdia −eta ohartu letra larriaz− ez duela jotzen gutxiengo batek osatutako gidaritza iraultzaile baten antolaketa politikotzat, baizik eta klase-mugimendutzat bere osotasunean, hots, antolatutako eta botere politikoan eratutako proletariotza gisa. Horregatik, letra xehez baino ezin da izan eskuarki “alderdi” deitu izan zaiona, hau da, abangoardiako alderdi proletarioa. Baina hori ez litzateke izan beharko klase-mugimendutik bananduta dagoen edo gehiago edo gutxiago lotuta dagoen gauza desberdin bat. Aitzitik, abangoardiako alderdi proletario batek klase-mugimenduaren oinarrizko elementu gisa bakarrik mereziko luke izen hori, eta zehazkiago, proletarioen autoantolaketa batasunaren adierazpen sintetikoa den aldetik, masa-mugimendu estrategiko eta demokratikoki zentralizatu baten forma politiko kontzentratu gisa. Alderdia letra xehez, modu horretan, ez da “buruzagien alderdia”, ez eta kanpotik eratutako abangoardia dirigista bat ere, baizik eta Iraultzaren Alderdiaren forma laburtua, proletarioen klase-mugimenduaren zuzendaritza politiko-estrategiko bateratua.
Beraz, iraultza sobietarraren muga historikoei, sozialei eta politikoei buruzko eztabaida probetxugarri batek ikusi beharko luke alderdi boltxebikea zein neurritan izan zen “mugimenduaren batasunaren adierazpen sintetikoa”, edo, beharrezkoa bada, zein neurritan ezin izan zen izan, eta ea muga horiek zerikusirik izan zuten noraez burokratikoarekin eta hura “buruzagien alderdi” despotiko bilakatzearekin.
BOTERE PROLETARIOAREN ALDERDI-FORMARI BURUZKO OHARRAK
Hala ere, Alderdi-formaren esperientzia boltxebikea argitzeak −edo, gutxienez, horretarako abiapuntu bat jartzeak−, botere proletarioaren forma trantsizionala den aldetik, bere oinarri unibertsaletako batzuk esplizitatzea eskatzen du. Alde horretatik, lehenik eta behin, gorago aipatu dugun dilema faltsuaren zergatia azaldu behar da. Marxismoarentzat, Alderdiaren diktadura iraultzailearen behar historikoari aurka egiteak esan nahi du proletario guztien autoantolaketa politikoa izan beharko litzatekeela gobernu sozialistaren lehen forma; hau da, Alderdia masa guztien gobernu zuzena izan behar dela, guztiak ere ekoizpen sozialaren administrazio eraginkorrean antolatuta eta politikoki inplikatuta. Hori horrela izanik, proletarioek ezingo lukete beren botere politikoa inposatu eta, ondorioz, ezingo lukete burgesiaren boterea eraitsi, harik eta frakzio proletario guztiak masa-organismoetan sartu eta haietan funtzio politiko eraginkorrak hartu arte. Orduan soilik ahalko litzateke egin benetako iraultza sozialista, benetako masa-gobernua ekarriko lukeena. Horrek, bistakoa denez, esan nahi du proletario guztiak modu bateratu eta independentean antolatu ahalko liratekeela bidean erreakzio burgesik basatiena aurkitu gabe; hau da, autoantolaketa prozesu hori ez litzateke gertatuko klase-borrokaren intentsitatea igoz eta horrek ekarriko lukeen erabateko gerrako agertoki baten bidez. Hala, Alderdi-forma ukatzeak −agente iraultzaile gisa eta, aldi berean, gobernu sozialistaren jatorrizko egitura gisa− iraultza gertaera leherkor baina nagusiki baketsu moduan ulertzen duen tesira garamatza zuzenean, non biztanleriaren % 99 “batera” altxatuko litzatekeen % 1aren aurka.
Horrek, esan bezala, esan nahi du proletarioen autoantolaketa kontzientzia-hartze abstraktu baten bidez gertatzen den zerbait bezala ulertzen dela, eta ez, modu marxistan, gorakorra den klase-borroka prozesu baten bidez, zeinetan proletarioek burgesiari bizi-bitartekoen egiazko kontrola borrokatzen dioten progresiboki. Hala ulertuta, modu marxistan, letra larriz idatzitako Alderdia ezin da izan klasearen autoantolaketa prozesu horren garapen-maila bat besterik; zehazkiago, garapen-maila bat zeinean, heltze-puntu horretara iritsita, saihetsezina izango bailitzateke gerra zibil iraultzaile bat, terminoaren zentzurik indartsuenean eta fatalistenean. Eta, logikoa denez, botere burgesa alboratu den tokiko subjektu gobernaria Alderdian autoeratutako klasearen zatia izan beharko litzateke nahitaez, eta ez, hasieratik, proletario guztien multzoa.
Hala ulertuta, modu marxistan, letra larriz idatzitako Alderdia ezin da izan klasearen autoantolaketa prozesu horren garapen-maila bat besterik; zehazkiago, garapen-maila bat zeinean, heltze-puntu horretara iritsita, saihetsezina izango bailitzateke gerra zibil iraultzaile bat
Hala ere, horrek Iraultzaren Alderdia (edo Alderdi Komunista) botere sozialistaren trantsizio-forma gisa behar historikoa dela baino ez digu adierazten eta, hala izanik, oinarrizko markatzaile batzuk ezartzea ahalbidetzen digu garapen hori sobietar matxinadaren testuinguru historikoan arakatzeko orduan. Hala ere, oraindik argitzeke dago boltxebikeen liderra gehien asaldatzen zuen gaia, hau da: abangoardiako alderdiaren beharra, hemen “letra xeheko alderdia” deitu dioguna. Hori argitzea erraza litzateke, klase-mugimendu estrategikoki zentralizatu batek bere zuzendaritza estrategikoa gauzatzen duen egitura zentralizatzaile bat eskatzen duela ulertzea bezainbeste. Antolaketa modu horri “abangoardiako erakundea”, “koadroen alderdia” edo, nahi izanez gero, “iraultzaile profesionalen taldea” dei geniezaioke, eta izen horien guztien pean ere ez litzateke instantzia bat baino izango, Alderdian eratutako klase-mugimenduaren zati banaezina.
Egitura zentralizatzaile hori, esan bezala, buruzagien autoritarismo eta dirigismo grinaren meneko izatetik urrun, klase-borrokaren garapenak berak ezarritako behar bat baino ez da; izan ere, proletarioen autoantolaketa prozesuak funtzio berezi batzuk betetzea eskatzen du, ez dagozkienak zuzenean fronte edo masa-gune bakoitzaren zeregin partzialei, baizik eta mugimendu osoari, haren orientazio politiko eta estrategiko orokorrari eragiten baitiote. Horregatik, Alderdiak batasuna eta zentzu estrategikoa ematen dizkion bizkarrezur bat eduki behar du, koadroen sistema hedatzen duen barne-egitura bat; hau da, bitartekotza politiko-organizatiborako sare bat behar du, mugimendua modu zentralizatuan artikulatzen duena, harik eta masa-fronteetara eta antolakundeetara, erakunde politikoetara eta botere proletarioaren egituretara iritsi arte, haiek osatzen baitute Alderdiaren oinarria eta indar materiala.
Nolanahi ere, eta Leninek defendatzen zuen eredu unibertsala hori ote zen alde batera utzita, guretzat interesgarriena zera da: Alderdi-forma osatzen duten elementuen zirriborroak iraultza sozialistaren auzi unibertsalen aurrean jartzen gaituela, eta horien inplikazio sakonak esperientzia sobietarraren muga paradigmatiko gisa adierazi zirela. Izan ere, agerikoa denez, funtzio bereziak betetzeko, ikuspegi tekniko-intelektualetik, gaitasun teoriko eta praktiko berezi batzuk behar dira, proletarioek borroka kolektiboaren, antolaketaren eta militantzia politiko iraultzailearen bidez soilik eskura ditzaketenak. Gainera, lanaren banaketa sozialak “talentuen” aniztasun eta aldakortasun handia eragiten du klasearen barruan eta, ondorioz, protelarioen abiapuntuko baldintza objektibo zein subjektiboak erabat desberdinak dira proletariotzako sektore batetik bestera, bai borrokari eta antolakuntzari dagokienez, baita gaitasun berezi horien garapen potentzialari dagokionez ere. Baina, diogun moduan, iraultza sozialista, kontzienteki antolatutako proletariotza –eta ez espezialisten gutxiengo bat– bizitza sozialaren ekoizpen- eta erreprodukzio-bitartekoez jabetzea da. Horrek, beraz, eskatzen du Alderdiaren eraikuntza −eta, ondoren, Estatu sozialistarena− ez dadila mugatu proletarioak klase-erakunde eta klase-organismoetan sartzera haietan parte-hartze formala soilik bermatuz, hau da, funtzio berezien kontrolerako eta jarraipenerako mekanismo demokratikoen bidez parte hartzea; baizik eta nahitaez inplikatzen du prozesu eraginkor baten bidez masak modu eraginkorrean trebatzea. Hain da horrela, ezen Estatu sozialistaren eraikuntza −Alderdiak garatutako oinarrien gainean− eta haren ondorengo desagertzea, trebakuntza masiboko prozesu hori ahalbidetzen duten bitartekaritzen hedapen progresiboaren baliokide baitira, hau da, gizarte osoaren gaitasun indibidualen garapen oso eta askearen baliokide, “lan intelektualaren eta esku-lanaren arteko oposizio esklabizatzailea” [3] zimenduetaraino apurtzearena. Hori da, azken batean, komunismorako trantsizioaren gakoa: zuzeneko ekoizleak giza metabolismo sozialaren kudeaketan eta zuzendaritzan erabat sartzea, edo, bestela esanda, gizabanakoak ekoizpen sozialaren askotariko premietarako erabat prest egotea, non funtzio sozial desberdinak txandakatzen eta ordezten diren [4].
Alderdi-forma osatzen duten elementuen zirriborroak iraultza sozialistaren auzi unibertsalen aurrean jartzen gaituela, eta horien inplikazio sakonak esperientzia sobietarraren muga paradigmatiko gisa adierazi zirela
Beraz, iraultza sozialistaren baldintza historikoen eta sozialen eta forma politiko zehatzen azalpen- eta argipen-puntu honetara iritsita, badugu nahikoa elementu iraultza sobietarra modu ezabaezinean markatu zuten mugen lehen zirriborro bat egiteko.
SOBIETAR ESPERIENTZIAREN MUGEI BURUZKO OHAR BATZUK
Ohiko moduan, azken atal hau oinarrizko bi premisa historiko kokatuz hasiko dugu:
1. 1910eko hamarkadan, Europan, proletariotza Iraultzaren Alderdi gisa eratzeko baldintzak zeuden.
2. Europako proletarioak politikoki artikulatzeko nazioarteko prozesu horren markoan, Errusiako mugimendu proletarioak Alderdiaren sekzio moduan heldutasun politiko eta organizatiboa lortzeko baldintzak ere bazeuden. Hain zuzen ere, nazioarteko prozesu horren partikula gisa garatzean, eta ez modu isolatuan, posible zen Errusiako formazio sozialaren bilakaera historikoak −hainbeste aipatzen den “atzerapen” ekonomiko, politiko eta kulturalak− programa historikoari ezartzen zizkion mugak “gainditzea”.
Dena den, garai hartako Errusiako kapitalismoaren berezitasunen artean, dagoeneko aski ezagunak eta zehaztuak diren ezaugarri edo baldintza “mugatzaileak” ez ezik −hots, nekazaritza-harremanen hedadura, antzinako ekonomia-erregimenaren hondarrak, nekazarien eta landako erdi-proletarioen egoera eta abar−, elementu zinez “aurreratuak” ere badaude, hala nola hauek: herrialdeko zenbait zonatako industria- eta kreditu-kapitalaren hazkunde lokalizatu baina azkarra; garapen horri dagozkion Estatuaren modernizazio eta arrazionalizazio burokratiko eta administratibo beharrezkoak; hamarkada batzuk lehenagotik potentzial iraultzailea erakusten ari zen proletariotza industrialaren ezohiko antolakuntza-indarra; eta Errusiako marxismoak Europako abangoardia sozialista osatzen duen zati gisa zuen bizitasun zorrotza. Baina Errusiako formazio soziala definitzen duten elementuetako bakar bat aukeratu beharko bagenu haren espezifikotasuna eta baldintza historikoak hobeto ulertzeko, 1905eko iraultza liberalaz geroztik erakunde burgesekin modu paraleloan eratutako herri-boterearen egiturak izango lirateke (“botere bikoitzeko egoera” deritzona).
Boltxebikeentzat, sobieten esentzia eta fisionomia iraultza burgesa iraultza sozialistaren forma germinalekin lotzearen emaitza zen, eta, beraz, laster ikusi zuten haietan herri-klaseen eta zapalduen diktadura iraultzailearen enbrioi-forma politikoa. Hori dela eta, boltxebikeen «Botere guztia sobietentzat!» aldarria ez zen desira demokratista inozente bat, ezta beste aukera batzuen artean zegoen hautu politiko bat ere, iraultza proletarioaren behar historikoaren irudikapen zorrotza baizik. Horregatik, Errusiako proletarioen antolaketa-formen garapen konkretua biziki baldintzatu zuten sobietar botere-formen izaera interklasistak, demokratikoak eta herrikoiak. Hala, abangoardiako alderdi proletario bat sortu zen, aspirazioetan eta klase-konposizioan zatiketa sakonak zituena eta masa-mugimenduarekiko erdi-kanpokotasunean kokatzen zena.
Boltxebikeen «Botere guztia sobietentzat!» aldarria ez zen desira demokratista inozente bat, ezta beste aukera batzuen artean zegoen hautu politiko bat ere, iraultza proletarioaren behar historikoaren irudikapen zorrotza baizik
Hala ere, alderdiaren eta masen arteko lotura aldrebesak ez zuen alderdiak Urriko egun iraultzaileetan izan zuen buruzagitza-eginkizuna oztopatu. Aitzitik, guztiz kontrakoa. Egun horietan, alderdi boltxebikearen gidaritzapean, Errusiako proletarioak, fabriketan euren ugazabei espontaneoki nagusitzeaz gain, lortu zituzten garaipen politiko-militarrak defendatu zituzten, sobietetan, herri-milizietan eta gobernu berriaren organoetan izan zuten parte-hartze gero eta handiagoa izanez. Alde horretatik, Urriko prozesu iraultzailearen izaera erabat sozialista ez da zalantzagarria inondik ere, ez baitzuen soilik botere politikoaren egitura berrien inguruko autoantolakuntza proletarioa aurreko ezein esperientziak baino kualitatiboki gradu altuagoan bultzatu, baizik eta bere mugetatik kanpora ere zabaldu baitzuen, kapitalismoaren historian lehen aldiz ateak irekiz mundu mailako iraultza proletario bati.
Eztabaida, beraz, prozesu horren ondorengo baldintza historiko, sozial eta politikoek ardaztu beharko lukete. Iraultza sozialista nahitaez nazioartekoa −eta internazionalista− izan behar bazen, zein izan ziren, orduan, Europako proletarioen porrotaren ondorioak, bakarturik gelditu zen prozesu iraultzaile batentzat, zeina, ekonomikoki, politikoki eta kulturalki “atzeratuta” egoteaz gain, ia hamarkada bat gerran igarotzearen ondorioz erabat suntsituta baitzegoen? Aurreko atalean garatutako auzietatik abiatuta, galdera horri erantzuteko, zalantzan jarri behar dugu egiazki zein izan zen prozesuaren lehen faseetatik haratago boterea bereganatu zuen subjektu politikoa; ea politikoki independentea zen eta estrategikoki zentralizatuta zegoen erakunde proletarioen sarea izan ote zen −hau da, letra larriz idatzitako Alderdia− ala, kontrara, masen autoantolaketa mugimendutik gero eta bananduago zegoen abangoardiako erakunde bat izan zen.
Esan bezala, 1917ko Urritik aurrera piztutako nazioarteko prozesuaren bidez, Europako proletariotza iraultzailearen sekzio nazionalen antolakuntza bateratuak baldintzak zeuzkan, lehen aldiz, klaseen arteko mundu gerran agente politiko modura parte hartzeko gai zen Iraultzaren Alderdia eratzeko; autoeraketa prozesu horren puntu gorena 1919ko III. Internazionala izan zen. Nazioarteko testuinguru horrek ahalbidetu zien boltxebikeei, muturreko isolamendu eta barne-krisi egoera batean, iraultza sobietarraren sugarra piztuta mantentzen, betiere printzipio politiko baten mende egonik: ahal zen moduan irautea nazioarteko proletarioen hurrengo ofentsiba iraultzailera arte. Zentzu horretan, eta Leninek berak iragarri zuen bezala, mundu mailako iraultzaren kolapsoak behin betiko desagerrarazi zuen iraultza sobietarraren jarraipen eraginkorrerako aukera oro, edo, hemen gauza bera dena, kolapso horrek ezintasuna ekarri zion proletariotza sobietarrari autoantolaketa masibo bat bultzatzen jarraitzeko, klase unibertsal bezala botere politiko propio eta benetan independente baten oinarri instituzionalak artikulatzea ahalbidetuko ziona.
Leninek berak iragarri zuen bezala, mundu mailako iraultzaren kolapsoak behin betiko desagerrarazi zuen iraultza sobietarraren jarraipen eraginkorrerako aukera oro
Hala ere, iraultza sobietarraren arrakasta masen autoantolaketa prozesuari jarraipena ematean zetzala esatea ez da inolaz ere postulatu berritzaile bat, baizik eta, esan dugun bezala, komunismoaren programa historiko-unibertsalaren giltzarria. Leninen beraren hitzetan, proletarioen diktaduraren ezinbesteko baldintza zen botere politiko guztiaren oinarri iraunkor eta bakarra masa proletarioen antolaketa izatea. Hori izan behar zen “sobietar boterearen esentzia bakarra” [5], eta boltxebikeek konfiantza zuten prozesu hori Errusian gertatuko zela, Alderdian eratutako nazioarteko proletarioen ofentsiba iraultzailearen itxaropenez. Zeren, errusiarrak ondo zekien moduan, forma sobietarra ez zen “talisman miragarri” bat iraganeko gaitzak gauetik goizera konpon zitzakeena, hala nola analfabetismoa eta kulturarik eza, gerra inperialistaren herentzia edo, oro har, ekoizpen-indarren garapen eskasa [6], eta are gutxiago berak bakarrik munduko kapitalismoaren joera kontrairaultzaileak gaindi zitzakeen formula magiko bat. Are gehiago kontuan hartuta proletariotza erakunde eta administrazio sobietarretara masiboki batzea −masa antolatuek gobernuaren, administrazioaren eta ekoizpenaren zuzendaritza osoa euren gain har zezaten− ez zetzala soilik parte-hartze demokratikorako mekanismo formalak ezartzean, baizik eta, esan bezala, trebakuntza tekniko-intelektuala bultzatzean, zeinak ekoizle zuzenei bizitza sozialaren zuzendaritza- eta administrazio-funtzioetan parte hartzea ahalbidetuko liekeen. Bestela, ezinbestean, burokrata profesionalen gutxiengo baten esku soilik geratuko ziren funtzio horiek.
Ikusi dugun bezala, gai hori ez da mugatu behar gizarte kapitalista jakin bateko langile klasearen batez besteko garapen tekniko-intelektualaren mailara −oso “atzeratua” edo “aurreratua” egonagatik, eta horrek lurralde jakin bateko iraultza-zereginak baldintzatzen baditu ere−; aitzitik, sozialismoa eraikitzeko prozesuaren betebehar unibertsala da, alderdi-aurreko faseetatik hasi eta forma gorenetaraino. Hala eta guztiz ere, problematika tekniko-intelektuala paradigmatikoki agertu zen sobietar esperientzian prozesu iraultzailearen muga gaindiezin gisa. 1919rako, Lenin jada ez zen hain baikorra masak botere sobietarrean integratzeari zegokionez, eta zalantzarik gabe aitortzen zuen iraultzak porrot handia egin zuela proletarioak administrazio publikoko organoetan sartzeko lanean [7].
Esan bezala, kultura-mailaren arazoa ezin zen ezein legeren mende jarri, eta jendeari trebakuntza emateko ezintasun objektiboaren aurrean, tsarren burokrazia zaharrera jotzea zen joera orokorra. Ildo beretik, ez zuen zalantzarik egin esperientzia sobietarraren muga historiko eta politiko nagusia azaltzeko: Estatuaren aparatu zaharra burgesiarengandik oinordetzan jasotzera behartuta egotearen zoritxarra [8]. Aipatu bezala, mundu mailako iraultzaren Alderdiaren oinarri politiko eta antolakuntza-oinarriak abiapuntu hartuta, iraultza boltxebikea garatzeko baldintza historikoek ezinezko egin zuten Estatu burges zaharra ordezka zezakeen estatu-egitura propioa eraikitzea, prozesu iraultzailearen beharren araberakoa. Edonola ere, boltxebikeen praktikak berretsi egin zuen era guztietako oportunistek hainbestetan aipatu gabe utzi zuten tesi marxista zaharra: Estatu burgesa ezin da suntsitu baldin eta botere proletario berriaren organo masiboek errotik eta bortizki ordezkatzen ez badute.
Estatu burgesa ezin da suntsitu baldin eta botere proletario berriaren organo masiboek errotik eta bortizki ordezkatzen ez badute
Nolanahi ere, Estatu kapitalistaren gidaritza berriki hasita zuen agintari talde gero eta txikiago bat egoteak, eta alderdi hori gero eta bereiziago egoteak masen autoantolakuntza-prozesutik −eta horrek ekar zezakeen ezein mekanismo demokratikotatik edo kontuak eskatzeko sistematatik− erabat ireki zizkion ateak alderdi boltxebikearen deriba burokratikoari eta korporatibistari, Kapital nazional sobietarraren joera hedakorrak erabat finkatzeraino. Izan ere, orain arte esan dugun bezala, ez zegoen Alderdirik mundu mailako iraultza proletarioaren fase aurreratu gisara denborarekin Estatu-forma sozialistarantz modu koherentean garatu ahal izango zenik, eta horrek zera ekarri zuen: Estatu kapitalistaren makineria burokratiko-militarraren bidez soilik iraunarazi ahal izatea klase-borrokaren lorpenak eta haiek kristalizatu ziren botere eta gobernu forma proletarioak. Horrek esan nahi du, jakina, burgesia desjabetzea eta ekoizpen-baliabideak bereganatzea Errusian ez zela egingo asoziazio masiboko prozesu baten bidez, non zuzeneko ekoizleek euren ekoizpen-jardueraren baldintza sozialak kontrolatuko zituzten eta, beraz, euren lana ere kontrolatuko zuten; kontrara, prozesu hori titularitate juridikoaren aldaketa baten bidez egin zen, zeinak, langile-masen jabetza eza handitzearekin batera, Kapitala beste gutxiengo berri baten eskuetan zentralizatzea eragin zuen. Estatu kapitalistak laster subsumitu zuen bere gidari berria, boltxebikeen alderdia; eta, alderdi hori erakunde iraultzaile gisa sortua izan bazen ere, laster bihurtu zen burokrazia sobietar hutsa. Horrela, Kapital nazionalak bere pertsonifikazio politiko berria aurkitu zuen estatu-aparatuan.
Bestalde, joera burokratiko eta korporatiboak, nola ez, Kapital sobietarraren alderdiak munduko agertoki geopolitikoan sortutako nazioarteko harremanen bidez ere zabaldu ziren. Izan ere, nazioarteko iraultzaren porrotak Errusiako proletarioen autoantolaketa masiboaren prozesua agortu zuen era berean, iraultza sobietarrak haren partikula gisa atzera egiteak eta kolapsatzeak eta alderdia Estatu burgesaren egituran subsumitzeak ezinezko egin zuten boltxebismoak munduko prozesu iraultzailearen balizko suspertze baten abiarazle gisara jardutea, Kontinente Zaharrean zein kontinente horretatik haratago. Esan dugun bezala, iraultzaren isolamenduaren eta potentzia kapitalisten setioaren aurka boltxebikeek baliatu zuten estrategia ezin zitekeen izan denbora irabazteko ahalegin desesperatu bat besterik, ahal zen moduan eusteko ahalegin bat, harik eta munduko iraultzaren hurrengo eztandak botere berriko organoen eraikuntzaren bueltan proletarioen autoantolaketa masiboaren prozesua suspertu ahal izango zuen arte. Koordenatu horietan kokatu behar dugu boltxebikeek atzera egin izana, batez ere 1921etik aurrera, ekonomia nazionala berehala garatzeari dagokionez herrialdearen barne-egoera egonkortzeko eta alderdiaren zuzendaritzan itxarotea ahalbidetzeko bitarteko gisa. Hala ere, eta Leninek berak bazekien bezala, ekonomia nazionala garatzeak berekin zekarren, edozein izanik ere gobernu boltxebikea Estatuaren bidez ekonomia horretan esku hartzen saiatzen zen modua, Kapitalaren mugimendu automatiko eta autohedakorraren logika itsuak askatzea; azken finean, lokomotora baten bagoira igotzea esan nahi zuen, zeinaren norabidea ezin zezaketen kontrolatu eta geldiarazi, gehienez ere denbora tarte labur batez “zamalkatu” soilik, eta otoitz egitea munduko proletarioen erasoaldi berri batek behin betiko eten zezan.
Ekonomia nazionala garatzeak berekin zekarren, edozein izanik ere gobernu boltxebikea Estatuaren bidez ekonomia horretan esku hartzen saiatzen zen modua, Kapitalaren mugimendu automatiko eta autohedakorraren logika itsuak askatzea
“Sozialismorako bide” berezi horrek, diogun bezala, oso ibilbide laburra zuen baldin eta iraultzak ez bazuen berriro, berehalakoan, eztanda egiten. Bestela, Kapital-metaketa nazionalaren dinamikak berak, kanpora begira interes geopolitiko propioen sorreran eta defentsan adierazitakoak, bere mugen barruko zein kanpoko edozein ahalegin iraultzaile irentsi eta bere logiketara makurtuko luke. Horrela, Sobietar Estatua munduko sistema kapitalistan erabat integratu zen, hauek zirela medio: herrialdearen egonkortasunaren eta susperraldi ekonomikoaren aldeko barne-presioak, herrialde kapitalistekiko merkataritza-harremanak berrezartzea eta hari loturiko mugimendu diplomatikoak abiaraztea. Prozesu hori, hasieratik, proletariotza iraultzailearen interesekin antagonikoa izan zen argi eta garbi.
Sobietar esperientziaren ezaugarrien laburpen hau amaitzeko, ezin dugu aipatu gabe utzi −nahiz eta horrek elementu batzuk erdi itxita eta beste zenbait erdi irekita uztea esan nahi duen− barneko egonkortze eta hazkunde ekonomikoaren beharrak herrialde bakar bateko sozialismoaren teorian aurkituko lukeela bere justifikazio politikorik perfektuena. Teoria hori ofizialtzea mugarri izan zen iraultza proletarioaren estrategia ulertzeko moduan eta mundu erdiko komunisten asmoetan. Ordutik aurrera, ez zen saiatu prozesu iraultzailea aurrera eramaten eta Alderdia mundu mailan lehengoratzeko biderik egokiena sistematikoki aukeratzen. Komunisten ekintza politikoa, orduan, Sobietar Batasunaren inguruko kohesioa handitzeko, Kominterneko zuzendaritzaren menpe jartzeko eta Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren aginduak betetzeko maximaren arabera zuzendu behar zen, baita horrek proletariotza iraultzailearentzat sarraskia zekarrenean ere, askotan gertatu zen bezala. Azken finean, horixe zen “aberri sozialista handia” defendatzeak eskatzen zuen klase-sakrifizioa.
Eta lehengo lepotik burua... Mende bat geroago, komunismoaren mamuak oraindik arrastaka daramatza bere penitentziaren kateak.
Estalinismoa kritikatzea iraultzaren kolapsoaren eta Kapitalaren joera kontrairaultzaileen forma historiko gisa ez da apeta teoriko bat, tradizioaren pisua hausteko beharrezko urrats bat baizik. Hala ere, kritika probetxuzkoa izango da soilik baldin eta iraultza sozialistaren egungo behar estrategikoen inguruko eztabaida zabal baten esparruan hedatzen bada. Hortxe dago, gure oraina isilarazten duten iraganeko aurreiritzien aurka, arrakastaren gakoa.
ERREFERENTZIAK
[1] Stalin, J. (1924). Leninismoaren oinarriak.
[2] Lenin, V. I. (1920). Ezkerkeriaren haur-gaitza komunismoan.
[3] Marx, K. (1875). Kritika Gothako Programari.
[4] Marx, K. (1867). Kapitala (Bol. 1).
[5] Lenin, V. I. (1919). Demokrazia burgesari eta proletariotzaren diktadurari buruzko tesia. III. Internazionaleko I. Kongresuari aurkeztua.
[6] Lenin, V. I. (1890). Zer da botere sobietarra?
[7] Lenin V. I. (1919). Diskurtsoa Errusiako Alderdi Komunistako (b) VIII. Kongresuan. Lenin V.I. bilduman, Masak Estatuko administrazioan sartzeari buruz. Progreso, Mosku.
[8] Lenin, V. I. (1922). Errusiako Iraultzaren bost urte eta mundu mailako iraultzaren ikuspegiak. Internazional Komunistaren IV. Kongresuari aurkeztua.
HEMEN ARGITARATUA