Garaipenek eta porrotek zeharkatzen dute, historikoki, proletalgoak mugimendu politiko gisa izan duen eraketa. Garaipenek gure klaseak mugimendu iraultzaile gisa izan dituen mugarri nagusiak deskribatzen dituzte, bere heldutasun historikoa, ekintzaren sakontasuna; nazio edo kontinente bateko zein besteko porrotek, berriz, klase guztiarentzat, nazio guztietan, balioa duten ikasgaiak eta printzipio teoriko eta praktiko jakin batzuk ematen dizkigute.
XX. mendeak eman ditu proletalgoak askapenerako bide oraindik amaitu gabe den horretan izan dituen lorpenik handienak, baita oztoporik handienak ere. Ordutik hona egindako bide hori aztertu ahal izateko beharrezkoa deritzogu, laburki bada ere, atzera egin eta II. Internazionalaren egitekoari erreparatzeari, historia amaieratik ez hasteko.
II. INTERNAZIONALA (1889-1914): LANGILE-MUGIMENDUAREN SENDOTZEA ETA HAUSTURA
Parisko Komunaren porrotak 1871n eta Langileen Nazioarteko Erakundearen (LNE) desegiteak 1876an garrantzi objektibo zein subjektiboa izan duten bi baldintza garrantzitsu ezarri zituzten langile-mugimenduarentzat: ekoizpen eredu kapitalista bere fase inperialistan sartzea eta milioika langile alderdi sozialdemokratetan antolatzea.
Beste hainbat gertakarik eta faktorek eragin zuten trantsizio horretan: 1) Batetik Amerikako Estatu Batuak bateratu izanak (1861 eta 1875 arteko Sezesio Gerraren ostean) eta bestetik Alemania bateratu izanak (1870eko Gerra Frantses-Prusiarraren ostean) kapitalismoaren garapenerako bi oinarriren sorrera ekarri zuen, baita mundu mailako indar korrelazioen aldaketa ere, Ingalaterraren eta Frantziaren kaltetan; 2) Ekoizpen-indarren garapena, bigarren industria-iraultzaren ondorioz; 3) Gainprodukzioaren krisia, 1873ko depresio handian erabat kristalizatu zena; 4) Protekzionismoaren agerpena, mundu-merkatua estutu izanaren ondoriozkoa; 5) Kapitalen zentralizazioa: monopolio-fenomenoaren agerpena eta konpetentzia askearen ezabapena –ordura arte nagusia zen–; eta 6) Lehengaiak eta mundu-mailako merkatu berriak berenganatzeko potentzia kapitalisten arteko borroka.
1876 eta 1878 artean borroka politikotik aldendu zen Marx (1883an hil zen), eta Engelsen esku utzi zuen eginkizun hori. Engels arduratu zen, beraz, garai horretan marxismoaren barruko polemika garrantzitsuenez. Engelsek langile-mugimenduan marxismoa zabaltzeko egindako lanari esker zenbait figura agertu ziren, hala nola Frantzian Lafargue, Guesde eta Sorel; Alemanian Bebel, Bernstein eta Kautsky eta, geroago, Liebknecht; Errusian Plejanov; eta Italian Labriola.
Garai horretan, Europan, langileen masa-alderdia izan zen antolatzeko modu hobetsia. Era horretako alderdiek milioika langile bildu zituzten, gai izan ziren gizarte burgesarekiko paraleloak ziren erakundeak sortzeko, eta gizarte burgesaren barruan eta harekin batera bizi ziren, baina iraultza egin gabe. Haien barruan garrantzi estrategiko handiko bi auzi nagusi eztabaidatu ziren: erreformaren eta iraultzaren arteko eztabaida batetik (Bernstein eta Rosa Luxemburg aurrez aurre jarri zituen), eta eraso egiteari edo higadurari buruzko eztabaida bestetik (aurrez aurre jarri zituen Kautsky eta Rosa Luxenburg).
II. Internazionala aldibereko eta elkarren aurkako bi kongresuren emaitza izan zen: bata, Frantziako sozialistek antolatua (guesdistak); bestea, blanquistek antolatua (Vaillant). Hala ere, II. Internazionalaren antolamendu-ereduak ez zuen Langileen Nazioarteko Erakudearen lehenengo ereduarekin loturarik. Ez zuen egitura zentralizaturik eta bateraturik, haren lekua estatu mailako alderdien federazio batek hartu baitzuen. Ordezkapen horrek autonomia ekarri zien alderdi horiei, zeintzuek beren auzien forma nazionala lehenetsi zuten erakunde hori gidatu beharko zukeen oinarri internazionalaren aurrean.
Hala ere, II. Internazionalaren antolamendu-ereduak ez zuen Langileen Nazioarteko Erakudearen lehenengo ereduarekin loturarik. Ez zuen egitura zentralizaturik eta bateraturik, haren lekua estatu mailako alderdien federazio batek hartu baitzuen
Horiek izan ziren II. Internazionala astindu zuten auzi garrantzitsuenak: arestian aipatutako erreformaren eta iraultzaren arteko eztabaida; botere politikoa hartzeko erasoaren ala higaduraren bideari buruzkoa; eta nazio-auziaren eta internazionalismoaren arteko harremanari buruzko eztabaida, kolonialismoaren ondorioz azaleratutakoa.
Auzi kolonialari dagokionez, II. Internazionalaren hegal oportunista eta sozialchauvinistak, Vendervelde buru zuela, hauen alde egin zuen apustu: kolonien anexioaren alde (fabianoek Hegoafrika anexionatzearen alde, eta Kongo anexionatzearen alde belgikarrek); potentzia inperialista okupatzailearen menpeko “autonomiaren” figuraren alde (Indiaren kasuan); edo okupazio koloniala ukatzearekin batera koloniei independentzia graduala aitortzea onartzen zuen posizio zentristaren alde (Kautsky Alemanian). Errusiako sozialdemokratak ziren hegal iraultzailearen buru, eta iraultza sozialistaren aldeko borroka kolonien independentziarekin lotzen zuen nazioarteko politika jarri zuten martxan.
Lehen Mundu Gerra hasteak (1914) ekarri zuen II. Internazionalaren erabateko porrota. Izan ere, aipatutako hiru auziez gain, behin betiko haustura ekarri zuen laugarren bat ekarri zuen: gerra inperialista. Alemaniako sozialdemokraziak bere burgesiarengana bilduz erantzun zion egoerari: gerra-kredituen alde bozkatu zuen, zeinek milioika proletario bidali baitzituzten hiltegira. Proletalgo iraultzailearen ikuspegitik, aldiz, gerraren aurrean eduki beharreko jarrera derrotismo iraultzailean zetzan, hau da, kontua ez zen bakarrik gerra horretan norbere burgesiaren porrotaren alde lan egitea, baizik eta gerra inperialista masen gerra iraultzaile bilakatzea, iraultza sozialistaz politikoki irabazteko. Ikuspuntu horren aldekoak ziren boltxebikeak, eta baita Alemanian Rosa Luxenburg eta Karl Liebknecht ere.
Langile-mugimendu sozialistaren haustura orduan burutu zen, eta hala hasi zen proletalgoaren historian inoiz izandako aldi iraultzailerik gailenena. Irlandan, 1913an, greba iraultzaile batek altxamendua eragin zuen Ingalaterrako parlamentuan negoziatzen ari zen nazionalismo atzerakoiaren, nazionalismo errepublikanoaren eta, noski, Ingalaterra potentzia okupatzailearen aurka. Irlandaren askatasunaren aldeko borroka eta kapitalismo inperialistaren garapenaren aurkako borroka ezinbestean lotu zituzten proletalgoa klase bezala askatuko zuen prozesu baten bidez. Hain justu, iraultza sozialistaren bidez soilik izan zezaketen benetako konponbidea nazioari eta nekazaritzari buruzko auziek. Odolez eta suz zanpatutako matxinada horren oihartzuna 1916ko apirilaren 24an agertu zen berriz, Pazko Altxamenduan Ingalaterraren aurka altxatu zenean Irlandako Herritarren Armada, proletarioek osatua (historiako lehen armada gorri gisa izendatu zuen Leninek). Armada hori 1913an sortu zuen James Connollyk, eta bere mugimenduak Irlandaren independentzia aldarrikatu zuen Errepublika sortuz. Lider nagusiak fusilatuz (lehena Connolly bera) eta 4.000 proletarioren aurkako errepresioarekin ito zuten matxinada.
Une horretan, klase-borroka biziko aldi bat hasi zen nazioarteko sozialdemokraziaren barruan ideologiari eta politikari dagokienez (batez ere Europan). Hegal iraultzaileak berriro jarri zuen mahai gainean Internazional berria eratzeko beharra. Zimmerwaldeko eta Kienthaleko konferentziek norabide horretan aurrera egin asmo zuten, baina aurrerapen partzialak baizik ez zituzten adostu, ez baitzen nahikoa esanguratsua nola bereizten zen zentrismoarekin, bakezaletasunarekin, eta, beraz, oportunismoarekin.
Hegal iraultzaileak berriro jarri zuen mahai gainean Internazional berria eratzeko beharra. Zimmerwaldeko eta Kienthaleko konferentziek norabide horretan aurrera egin asmo zuten, baina aurrerapen partzialak baizik ez zituzten adostu, ez baitzen nahikoa esanguratsua nola bereizten zen zentrismoarekin, bakezaletasunarekin, eta, beraz, oportunismoarekin
1917ko urrian, Errusian, alderdi boltxebikeak gidatutako lehen iraultza proletarioa gertatu zen. Errealitate bilakatu zen burgesiarentzat ordura arte utopia barregarria zirudiena, hau da, proletalgo iraultzaileak botere politikoa konkistatzea eta proletalgoaren diktadura ezartzea. Baina ezin zen hain erraza izan; izan ere, urriko matxinadaren ostean ia berehala etorri zen Errusiako gerra zibila, eta, hartan, potentzia inperialista nagusiek aktiboki hartu zuten parte. 1923an amaitu zen gerra zibila, boltxebikeen garaipenarekin, eta, iragarpen guztien kontra, iraun egin zuen lehen iraultza proletario arrakastatsuak.
III. INTERNAZIONALA EDO INTERNAZIONAL KOMUNISTA (1919-1943): MUNDUKO ALDERDI KOMUNISTA
Errusian, 1922an Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun izendatu zuten lurraldean, sozialismoa eraikitzeko bideari ekiteko aukera eman zuen Urriko Iraultzak, baina, horrez gain, iraultzaren sugarrak mundu guztian eta bereziki Europan zabaltzea ekarri zuen. Alemanian Azaroko Iraultza (November Revolution) ekarri zuen 1918an, zeina sozialdemokratek Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht hil zituztenean amaitu baitzen; Finlandiako altxamenduak eta grebak ere izan ziren 1918an; Hungarian iraultza 1919an; eta Italiako iparralde osoan (1919-1920) Biurteko Gorria delakoa (Biennio Rosso) izan zen 1919an eta 1920an, eta fabriken okupazioa eta fabriketako kontseiluen moduko benetako botere-organo proletarioak sortzea ekarri zuen. 1921ean Italiako Alderdi Komunista jaio zen, Italiako Alderdi Sozialista erreformista eta sozialchauvinistarekin hautsi ostean.
1919. urtean sortu zen Internazional Komunista, eta urte hartako martxoaren 2tik 7ra izan zen haren I. Kongresua. Bertan sinatutako adierazpenak dio “elementu sozialtraidoreetatik” erabat bereiziko zen nazioarteko erakunde iraultzaile bat sortu behar zela, eta haren gidaritza eraman behar zuen alderdi nagusia Alderdi Boltxebikea izango zela. Berretsi zen Urriko Iraultza zela norabide egokia botere politikoa konkista zezaten alderdi iraultzaileek (mota berriko abangoardia-alderdiak, desberdinak masa-alderdi sozialdemokraten aldean). Internazional Komunistaren I. Kongresuan, beraz, gai nagusi izan ziren II. Internazionalaren erreformismoa eta kapitalismoa aldi berean eroriko zirela zioen tesia, Mendebaldean iraultza gauzatzeko aukerak eta sozialdemokraziarekiko haustura politiko oraindik bukatugabeak.
Internazional Komunistaren I. Kongresuan, beraz, gai nagusi izan ziren II. Internazionalaren erreformismoa eta kapitalismoa aldi berean eroriko zirela zioen tesia, Mendebaldean iraultza gauzatzeko aukerak eta sozialdemokraziarekiko haustura politiko oraindik bukatugabeak
Olatu iraultzaile betean (1918-1919), iraultza eta matxinada guztiak zapaldu zituen burgesiak, banan-banan. Testuinguru horretan elkartu zen Internazional Komunistaren II. Kongresua, 1920ko uztailaren 21aren eta abuztuaren 6aren artean, proletalgo iraultzailearen bultzadari erantzunez. Antolakuntzako aurrerapen errealei (indar politikoa eta pisu espezifikoa zuten alderdiak sortzea) I. Kongresuan hasitako programaren zehaztapena falta zitzaien, bereziki Leninek “Demokrazia burgesa eta proletalgoaren diktadura” gaiari buruz egindako tesian adierazitakoak. Premiazkoa zen iraultzaren programan homogeneotasuna lortzea, piztutako gar iraultzailea ez galtzeko. Homogeneizazio horren emaitza izan ziren “Internazional Komunistako kide izateko 21 baldintzak”. Baldintza horiek berekin zekarten irmoki onartzea II. Internazionalarekiko errotiko haustura eta mota berriko abangoardia-alderdiaren ikuskera. 1920ko Ekialdeko Herrien Bakuko Kongresua garrantzi handiko gertakaria izan zen, herrialde inperialistetako eta inperialismoak zanpatutako herrialdeetako mundu mailako mugimendu iraultzaileen batasuna ekarri baitzuen.
1921eko martxoan, nazioartean koordinatutako lehen matxinada prestatu zuten (ofentsibari buruzko teoria eta ekintza partzialari buruzko teoria) Alemaniako iraultza komunistarako. Ofentsibari buruzko teoriak matxinada bultzatzen zuen Alemanian, proletarioek borroka iraultzailerako joera “objektiboa” zutela ezartzen baitzuen. Proletario horiek, baina, hamarkada askotan erreformismoaren praktiken eragina jaso ostean eta horretan heziak izan ostean, urrun zeuden klase gisa eta gehiengoz iraultza sozialaren alde egitetik. Influentzia horrek somnifero baten moduan eragiten zuenez, masa horiek mugimenduan jartzeko eta ekintza iraultzaile masibora eramateko beharrezkoa zen, masak alde batera utzita, alderdiaren ekintza independente bat (ekintza partziala) .
Matxinaden porrotak eta hasitako iraultza laburrei tinko eusteko ezintasunak (SESBn izan ezik) Fronte Bakarraren politikarako urratsa ekarri zuten. Internazional Komunistaren III. Kongresuaren (1921eko ekaina) eta IV. Kongresuaren (1922ko azaroa) artean diseinatu zuten hori.
Fronte Bakarraren politika, horregatik, langile-mugimendua ekintza bateratu batera bideratzeko politika bat zen, indar sozialdemokraten aurka borroka egiteari begirakoa. Politika hori aldi baterako atzerapausotzat jotzen zuten, garaipen iraultzailerik ezaren eta erreformismoaren indarra handitu izanaren ondoriotzat, artean erreformismoa ospe txarra izatetik urrun uzten zuena
Kontraesankorrak izan ziren olatu iraultzailearen emaitzak. Alde batetik, Lehen Mundu Gerraren ostean, komunisten erasoei eustea lortu zuen sozialdemokraziak, baita bere klase-posizioa egonkortzea ere; izan ere, haren burokrazia (langile-burokrazia, alderdikoia, sindikala eta parlamentukoa) ez zen hautsi. Ordea, (eta hori zen bere ahulezia), ordurako ez zen eztabaidaezina langile-mugimenduaren barruan zuen hegemoniaren gidaritza. Komunismoari, berriz, nazioarteko iraultza indargabetuta eta itota gelditu zitzaion epe laburrerako. Lezio gogorra zen ikustea kapitalismoa, itxuraz, sistema hauskorra izan zitekeela (zabala, oso konplexua, hainbat akats puntu posiblerekin), baina berrosatzeko eta egokitzeko gaitasun harrigarria zeukala. Lezio positiboa zen, ordea, proletarioen artean prestigio handia zutela komunistek, eta, Europako herrialde gehienetan gutxiengoa izan arren, indartuta atera zirela, baina oraindik langile-klasearen gehiengoa irabazteke zutela. Eta beste zailtasun bat: iraultzarako berehalako aukera espero izatekoa baldin bazen, bere porrotak posizio deserosoago batean jarri zuen proletalgoa, jada borroka ez-ofentsiboetatik abiatu behar baitzuen.
Gertakari horietan oinarrituta, arerioekin, hots, sozialdemokratekin politika bateratua egitea proposatu zuten. Internazional Komunistako Kontseilu Exekutiboaren teoriaren arabera, kapitalismoak aldi baterako egonkortzea lortu zuen, eta komunistek bat egin behar zuten fronte batuekin langile-klasearen barruko indar iraultzaileen gainbehera gelditzeko. Herrialde batzuetan, hala nola Italian, “behetik” sortutako fronte batu gisa ulertu zen tesi hori; hau da, ulertu zen fronte horiek erakunde erreformistetako kideek osatu behar zituztela (baina ez buruzagiak). Beste kasu batzuetan, Britainia Handian kasu, ulertu zuten “goitik” sortutako fronte bat sortu behar zela, buruzagi erreformistak ere bazituena. Sindikatuak izan ziren langile-klasea elkartzeko eta antolatzeko muina, eta Internazional Komunistak uste zuen haietatik elikatzen zela Alderdia etorkizuneko koadro komunistaz. Fronte Bakarraren politika, horregatik, langile-mugimendua ekintza bateratu batera bideratzeko politika bat zen, indar sozialdemokraten aurka borroka egiteari begirakoa. Politika hori aldi baterako atzerapausotzat jotzen zuten, garaipen iraultzailerik ezaren eta erreformismoaren indarra handitu izanaren ondoriotzat, artean erreformismoa ospe txarra izatetik urrun uzten zuena.
Hala ere, Fronte Bakarraren politikaren eragin praktikoak ia deusezak izan ziren. Internazionaleko sozialdemokratekiko konpromiso bat bilatzeko taktika ez zen izan indarrik eta proiekziorik gabeko adierazpen formal bat baino. Are gehiago, handik gutxira, Internazional hori II. Internazionalera itzuli zen. Horren eraginik garrantzitsuenak maila teorikoan izan ziren: planteatu zen ea programa komunista batek nola gida ditzakeen masak berehalako borroketatik boterea lortzeko borrokara. Txertatutako neurriak beti ziren iragankorrak, eta inoiz ez finkoak.
Alemaniako Alderdi Komunistak (KPD) Fronte Bakarraren politika besarkatu zuen, eta hainbat eztabaida sortu ziren “langile-gobernu” bat eratzeari buruz; parlamentuan hegemonia irabazteko aukerari buruz eta hori proletalgoaren diktadurari lotzeari buruz; eta alderdi horrek “trantsizio-tresna” gisa izango zuen eginkizunari buruz. Eztabaida horiek guztiek markatu zuten Internazional Komunistaren IV. Kongresua. Herrialde kapitalista garatuetan, iraultzaren beheraldiak mahaira atera zituen arazoetan ardaztu zen estrategia. Arazo horien artean zeuden langile-mugimenduaren barruko indar errealak; defentsa-borrokak eta horien zeregina; klasearen barruko tradizio parlamentarioa (parte-hartzea, abstentzioa eta boikota); aldarrikapen partzialak eta haien harremana programa komunistarekin; edota sindikatu erreformistetan egin beharreko lana.
1923an, krisi iraultzaile bat izan zen Frantziak Rühr okupatzean. Frantziako komunistek (PCF) eta Lan Bateratuaren Konfederazio Nagusiak bat egin zuten, KPDren fabrika-batzordeekin batera (SPDtik bereizitako alderdia), okupazio hori geratzeko sabotajeen eta greba orokorren bidez; proletarioen eta Polizia burgesaren arteko liskar militarrak izan zituzten borroka horiek ondorio. Geroago, 1923ko urrian, matxinada armatuak piztu ziren Berlinen, Bavarian, Renanian eta Hanburgon (langileek hartu zuten hiria). Burgesiaren indarrek matxinada-saiakerak itzali zituzten langile-batzordeak deseginez. Alemaniako ekintza iraultzaileek jarraipena izan zuten Polonian, Krakoviako hiria hartzearekin; Bulgariako urtebeteko iraultzarekin; edo Estoniako matxinadarekin. Mugimendu horiek guztiak indar bultzatzaile baten eta eredu baten babesean jaio ziren, hain justu, Urriko Iraultzaren babesean, eta horrek teleologia politiko onuragarri bat ahalbidetzen zuen epe motzean, baina arazoak zituen epe luzean; izan ere, haren kontra erabil zitekeen irekiera politikoak sortzen zituzten iraultzaren saihetsezintasunak, sozialismoaren garaipenarekiko fedeak eta kapitalismoaren kontraesanek etengabe aukera politikoak sortzen dituelako konfiantzak. Era berean, Urriko Iraultzak Europako alderdi komunista guztietan (bereziki Alemaniakoan) izan zuen ispiluak modu gordinean erakutsi zituen bere akatsak: sozialdemokrazia kapitalismoaren indar egonkortzailea zen maila ekonomikoan eta politikoan, beste inor ez bezalakoa; bere instituzioek legitimitatea eta tradizio sendoa zituzten langile-mugimenduan, eta, hau da garrantzitsuena, ez zegoen borroka iraultzaileen ondare sendorik Mendebaldean. Elementu horiek guztiak, hain justu, Urriko Iraultzan gertatu zenaren kontrakoak ziren. Hala, Alemaniako 1923ko iraultzaren porrotak itxi egin zituen Errusiako iraultzaren ostean Europan ireki ziren aukera iraultzaileak.
Ondorioz, Internazionalaren eta SESBren politika goitik behera aldatu ziren. SESBn, barne-mailan, “etengabeko iraultza” eta “herrialde bakar bateko sozialismoa” izan ziren hizpide eztabaidetan. Stalin buru zuen azken posizio hori izan zen 1927an garaile atera zena. Iraultzaren beheraldiaren eraginez, aldi baterako neurri gisa, iraultzaren itsasargi modura mantendu zen SESB. Baina hasierako elementu taktiko izatetik, pixkanaka, printzipio estrategiko izatera igaro zen. Horrek eragin zuen SESBk mundu kapitalistarekin harremanak normalizatu nahi izatea, bere barne-garapena jartzea munduko iraultzaren interesen gainetik, eta Internazional Komunistaren zeregina murriztuz joatea, erabat tresna propio bihurtu arte. Egoera hori argi eta garbi ikusi zen Sobietar Batasunaren aldaketan; Britainia Handiarekin harremanak hobetu zituen eta Estatu Batuekiko lotura ekonomikoak indartu, baita Alemaniarekiko elkarrizketak izan ere. Stalin eta Chicherin erlaxatu egin ziren kanpo-merkataritzako monopolioari zegokionez. Nazioarteko egoera eta alderdiaren barruan zegoen gogoa ez ziren jada potentzia kapitalisten kontrako gerra berri bati ekiteko modukoak [1].
Elementu horiekin egin zuten Internazional Komunistaren V. Kongresua (1924), Alderdi Komunisten boltxebizazioa oinarri harturik. Internazional Komunista osatzen zuten partaide ia guztiek onartu zuten hori, Italiako bordigistek izan ezik. Ikuspegi hori kritikatu zuten haiek, alderdi boltxebikearen antolaketa-egitura berdina hartzeagatik, kontuan izan gabe herrialde bakoitzeko proletalgoaren interesei dagozkien ezaugarriak eta berezitasunak. Aldaketa politiko horren norabidean, Bukharin Internazional Komunistaren buru izan zen garaiak etorri ziren. Haren gidaritzan zehar, “klasea klasearen kontra” politika onartu zuten, zeinak sozialdemokrazia seinalatu baitzuen sozialfaxista, sozialchauvinista eta sozialinperialista gisa [2]. Testuinguru horretan, faxismoak Italian izandako gorakada eta garaipena oroitu behar ditugu, baita Alemanian izaten ari zen garapen gero eta kezkagarriagoa ere. SESBren jarrera, une horretan, bi posizioren artean mugitzen zen: gainerako potentzia kapitalistekin bake- eta elkarbizitza-politika bat izatea, baina “etsia hartu eta kapitalismoa onartu gabe” [3]. Internazional Komunistaren politikari begira, horrek 30eko hamarkadaren hasierara arte ikuspegi iraultzaileak desagertzea eta haren sekziorik aurreratuenaren porrot egitea ekarri zituen.
Herrialde kolonialekiko politikari dagokionez, 20ko hamarkadaren hasieratik, zehazki Internazional Komunistaren II. Kongresutik, herrialde kolonial eta atzeratuetan burgesia nazionalarekin aldi baterako aliantzak sortzeko posizioa hartu zen, betiere burgesia horrekin bat ez egiteko eta une oro independentzia politikoa mantentzeko baldintzarekin. Hala ere, egitateetan, orientazio hori desitxuratuz joan zen eta mugimendu nazional burgesen mende jarri ziren alderdi komunistak, Asia osoan gertatu zen bezala. Txinako Alderdi Komunistarena izan zen kasurik mingarriena. Hain justu, 1920ko ia hamarkada osoan zehar, burgesia nazionalistarekiko lankidetza- eta aliantza-taktika baten bidea hasi zuen. Kuomintangek (KMT) gorpuztu zuen hori, Kominternen mundu mailako taktikak markatutako norabidea jarraitu zuzenean. Burgesia nekazariak, landa-eremuko jabetza-harremanak arriskuan jartzen zuen nekazari-borroka gelditzeko saiakeran, aipatutako aliantza probestu zuen Txinako Alderdi Komunista ahultzeko. Horren ondorioz, zuen posizio politikoki independentea galdu zuen Alderdi Komunistak, hots, erreferentziazko posizioa nekazarientzat eta proletarioentzat, eta ildo eskuindar eta bakegile bat hartu behar izan zuen, zeina ez baitzen nahikoa izan, hala ere, Kuomintangentzat. 1927an, Kuomintangek berak erabaki zuen, aldebakartasunez, aliantza hori haustea, eta sistematikoki milaka komunista sarraskitzea landa-eremuan eta hirian. Iraultzaileak atzera egitera behartu zituen horrek, euren alderdia bera suntsituta ikus ez zezaten. 1927ko urtean bertan eman zioten buru tragediari, Kantonen izandako matxinada proletarioa zapaldu zuenean Kuomintangek.
Txinako Alderdi Komunistaren zartada politikoaren eta alderdi horrek Kominternen oposizioaren aurrean KMTrekiko aliantza hautsi ostean, Txinako iraultzaren masa-ildoak erdian jarri zituen nekazari pobreak eta lurrengatik egindako gerren eta masa horien etengabeko matxinaden ondorioz urrutiko lurretan bizi ziren nekazari taldea[4]. Hirietan izan zen proletarioen sarraskia zela-eta Txinako Alderdi Komunistak nekazarien mugimenduan arreta jarrita egindako apustuaren ondorioz, alderdi horrek SESBren eta Internazional Komunistaren estrategiarekin hautsi zuen, hiru puntutan:
1. Kontra egitea Alderdi Komunista Kuomintangen barruan disolbatzeari, eta, Stalinen posizioaren aurka, alderdiaren antolaketa-independentzia aldarrikatzea eta horren alde borroka egitea;
2. Proletalgoa Alderdi Komunistaren bidez gidatzea, iraultza burgesaren fasean barne, Internazional Komunistaren ulerkera mentxebikeekin hautsiz;
3. Herri-gerra bat abiaraztea herrialde erdikolonial eta erdifeudal baterako estrategia iraultzaile gisa, eta, horretarako, oinarri hartzea botere politikoko organo iraultzaileen eraikuntzan eta borroka armatuari ekiteko ildo militar baten zehaztapena, Internazional Komunistaren matxinada-estrategia agortuaren aurka. Aldi berean, borroka ideologikoa eta politikoa hasi zen Txinako Alderdi Komunistaren barruan, hala eskuineko oportunismoari aurre egiteko (Kuomintangarekin eta lurjabeekin lotura estua bilatzea), baita ezkerrekoari ere (nekazari-masen borrokari bizkarra ematen zion matxinada-obrerismoan harrapatua).
Haustura horrek indar iraultzaileak landa-eremuko babes-oinarrietan berreraikitzen hastea ekarri zuen, hots, Martxa Luzea izenez ezagutzen den hori. Hor, Txinako Alderdi Komunistak bere posizio independente eta erreferentziazkoa berreskuratu zuen, eta landa-eremuan irekita zeuden arazoei soluzio iraultzailea emateko indar bakar bilakatu zen, baita iraultza komunista arrakastaz burutzekoa ere. Bereziki 30eko hamarkadatik hasi eta 40ko hamarkadaren amaierara arte baina baita ondoren ere, Txinako iraultzaren ibilbidearen ezaugarri nagusia izan zen Kominternen taktikarekin ados egotea baieztatzen zuela formalki, baina ekintzetan sistematikoki desobeditzen zuela hark zioena. Txinan, Wang Mingen lerroak –defendatzen zuen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistak izan behar zuela gidaritza Kominternen bidez– interes sobietarrak lehenesten zituen Txinako iraultzaren helburuen gainetik; lerro hori pitzatzen joan zen pixkanaka Zheng Fengen Kanpainara bitarte, non Maoren posizioa gailendu zitzaion nabarmen SESBko Alderdi Komunistarenari [5]. Orduan, Internazional Komunistarekiko tentsioak agerian gelditu ziren, eta Txinako Alderdi Komunistako lider gorenek uko egin zioten Sobietar Batasuneko lotura-taldearekin bilerak egiteari, eta Alderdi Komunistako inteligentzia-koadroak, Kang Shengen gidaritzapean, Txinan zeuden sobietar langileak jarraitzen hasi ziren [6]. Aldi berean, utzi egin zioten SESBri Txinako Alderdi Komunistaren barneko auzien berri emateari, eta politika iraultzailea kanpo-injerentzia guztietatik kanpo gelditu zen. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta Txinan Japoniaren inperialismoa gailendu ondotik, gerra zibil irekia hasi zen Kuomintangaren eta Txinako Alderdi Komunistaren artean; azkenean, Alderdi Komunistak irabazi, eta iraultza aldarrikatu zuen 1949an.
Hori herrialde kolonialetan izan zen; aldiz, Europan, 30eko hamarkadara arte ez zen 1920ko hamarkadaren hasierakoa bezalako altxamendu iraultzailerik izan. 1933an, nazien alderdiak boterea eskuratu zuen Alemanian; errepresio izugarria abiarazi zuen langile-mugimenduko erakunde guztien aurka, eta sindikatuak erabat integratu zituen Estatuan. Politika horren eraginez, Europako burgesia auzitan jartzeko mugimendu komunistak zuen zutabe nagusietako bat egonkortu zen. Iraultza-esperientziarik nabarmenena Espainian izan zen, lehenbizi Asturiasko altxamendu proletarioan (1934ko urriaren 5ean), eta, geroago, Espainiako gerra zibilean (1936-1939). Tamaina ikaragarri handiko mugimendu iraultzaile hartan, abangoardiako proletariotza garatu zen, zeina fabrikak okupatzen, ondasunak kolektibizatzen, eta, Aragoiko Kolektibitateen Federazioaren kasuan, dirua deusezten saiatu zen (1937). Faxismoak pizturiko gerra haren eta Internazional Komunistak VII. Kongresuan ezarri zuen subordinazio politikaren eraginez (politika horrek alderdi komunistei agintzen zien herri-fronte antifaxista bat sortu behar zutela burgesia demokratikoarekin faxismoa gerarazteko), edonolako independentzia politikoren guztizko desarmatzea eta edonolako independentzia politikoren heriotza izan zituen ondorio, demokrazia burgesaren edo faxismoaren artean aukeratu beharra baitzekarren. Espainian, horren ondorioz, PCE II. Errepublikako eta Kominternen beso armatu bilakatu zen, eta, gerra irabaztearren, uko egin zion iraultza egiteari. 1939an indar faxisten garaipenarekin batera, 40 urteko diktadura faxista hasi zen.
Bigarren Mundu Gerrak krisi- eta iraultza-sasoi bat ekarri zuen, non Europa goitik behera suntsitu zen, baina iraultzarako aukerak ere sortu ziren. Hain justu, Albaniako komunistek garaipena lortu zuten, lehenbizi faxista italiarren aurka eta gero nazi alemaniarren aurka egindako nazio-askapeneko gerran, eta, gaur egunera arte, bera da Europako historian garaile izan den iraultza proletario bakarra (1946). Albaniako Alderdi Komunistaren ernamuina
1928-1933 aldian sortu zen; garai hartan, komunismoa ikasketa-zirkuluak sortzearen bidez hasi zen hedatzen. Hala, nukleo intelektual bat sortu zen, zenbait zelula komunistari proiekzio handiagoa eman ziena. Behin lehen mugarri hori lortu zutela, 1933-1935 aldian burgesia progresistaren borroka neurrigabea nagusitu zen; Fierren matxinadak eszenifikatu zuen hori (1935) Zog erregearen monarkia feudalista garaitu zuzenean, baina, azkenean, porrot egin zuen. Garai hartan agerian gelditu zen burgesiak berak nolako ezintasuna zuen edonolako iraultza bat gauzatzeko, eta, ondorioz, zeregin eskerga hori proletalgoak bakarrik bukatu zezakeela, aurre eginez iraultza demokratiko-burgesa osatu eta iraultza proletarioa gauzatzeko premiei. Matxinadaren porrotaren segidan eta 1941era arteko garai erabakigarrian, komunistak masa proletarioak bi frontetan konkistatzeko antolatu ziren:
1. Hirietako langile-mugimendua, zuen indar sindikalagatik;
2. Landa-eremuan eta mendietan, nekazari-masak konkistatzeko botere politikoko organoen bidez eta Alderdiaren gerrilla-indarrak prestatzeko bitarteko gisa, iraultzaren lerro militarra garatzearren [7].
1941 urte giltzarria izan zen Albaniako Alderdi Komunistarentzat, batetik SESBk Bigarren Mundu Gerran esku hartzeak eta parte hartzeak (eta bi urte geroago Internazional Komunista desegiteak) eta, bestetik, ez egoteak indar demokratiko burges finkatu eta erroturik Albanian, indartu egin baitzuten alderdi horrek proletalgoaren alderdi moduan zuen indarra. Mugimendu iraultzailearen zuzendaritzarako eta batasunerako zelaia erabat libre zegoen nazio-askapen gerra bat abiarazteko. Gainera, herri-fronte bat sortzearen tesiek ez zuten inolako garrantzirik, okupazio inperialistagatik eta, lehen esan dugun moduan, herrialde semifeudal horretan erabat ahulak baitziren indar sozialdemokratak.
Balkanetan ere nazio-askapenerako mugimendu iraultzaile bat egon zen, Jugoslaviako partisanoek gidatua, eta Bigarren Mundu Gerran zehar faxismoaren eta nazismoaren kontra egin zuen. Jugoslaviako Alderdi Komunistaren bitarteko eta indar propioak izan ziren borroka horren gidari. Alderdi moduan 1919an sortu zen, Belgraden erakunde sozialdemokratek bat egin eta Jugoslaviako Langile Sozialdemokraten Alderdia sortu zutenean. Alderdi hori bizkor atxiki zitzaion Internazional Komunistari, eta proletalgoaren diktadura izatea aldarrikatu zuen helburu moduan. Langile-mugimenduarekin egindako lan politikoa bien bat-egitera bideratuta zegoen, eta 1919an eman zituen fruituak; lehenik eta behin, Langileen Kontseilu Sindikal Zentrala aukeratzearen bidez mugimendu sindikaleko langileak integratzeari esker, eta, gero, emakume sozialisten biltzar bat egiteari esker. Era berean, Zagreben Jugoslaviako Gazte Komunisten Liga eratu zen. 1919a, halaber, Jugoslaviako mugimendu komunistaren historian giltzarri izan zen alderdiaren programa definitu zutelako, eta, 1920an, Jugoslaviako Alderdi Komunista izena edukitzera igaro zelako.
Komunisten hazkundea azkar loratu zen hiri batzuetako udal hauteskundeetan (Belgrad, Osjek, Skopje edo Zagreb hirietan, besteak beste), eta baita sindikatuetan presentzia indartsua zutelako ere (70.000 bat kide osotara) [8]. Emaitza modura, lehenengo ekintza iraultzaileak komunistek eta langileek gidatutako greba orokor segida bat izan zen, burgesiak abiarazitako jazarpenari desafio egin eta harekin amaitzea zuena helburu; izan ere, burgesiak udal hauteskundeak baliogabetu, botere-organo iraultzaileak erreprimitu eta sindikatuen egoitzak desartikulatu zituen, baita lanaren militarizazioaren alde egin ere. Hala ere, Europako langile-mugimenduaren beheraldiak eta Alexander I.aren diktadura monarkikoak eraginda, Alderdiak, errepresioagatik, ez zuen klandestinitatera pasatzea ez zen beste aukerarik izan, desagertu nahi ez bazuen. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Alemaniak, Hungariak, Errumaniak eta Bulgariak inbaditu zuten Jugoslavia. Monarkia erbesteratu egin zen, eta horrek joko-zelai aproposa utzi zien Jugoslaviako komunistei, hamarkadak eman ostean ahul eta politikoki baztertuta. 1941ean hasi eta 1945era bitarte, nazio-askapen mugimenduan 1.200.000 partisano jugoslaviar hil zituzten [9], baina, era berean, Ardatzeko potentziek porrot egin zuten, eta Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista sortu zuen Alderdi Komunistak, Josip Broz Tito buru zuela.
Azkenean, Internazional Komunistaren VII. Kongresua azkeneko kongresua izan zen. Nahiz eta aurreikusten zen VIII. Kongresua egitea, Internazional Komunistak bere burua desegin zuen 1943an bere kideek sinatutako adierazpen baten bitartez. Mundu-mailako iraultzaren gidari izatetik faxismoaren aurkako erresistentzia-bitarteko izatera igaro zen, eta Sobietar Batasunaren kanpo-politikarako tresna; 1930eko hamarkadatik aurrera Ekialdeko eta Europako iraultzak ito zituen. Horiek horrela, denik eta modurik tristeenean amaitu zen proletalgoaren nazioarteko zentrorik handiena: behinola kapitalismoa lurperatzearen alde egin zuen erakunde goren izatetik kapitalismoaren beraren salbatzaile izatera igaro zen. Historiak kapritxosoki modu tragikoan erakutsi digunez, II. Internazionala Lehen Mundu Gerra hastearekin batera erori zen moduan, beste mundu gerra batek behin betiko heriotza ekarri zion geure klaseak inoiz izan duen Internazional boteretsuenari.
Historiak kapritxosoki modu tragikoan erakutsi digunez, II. Internazionala Lehen Mundu Gerra hastearekin batera erori zen moduan, beste mundu gerra batek behin betiko heriotza ekarri zion geure klaseak inoiz izan duen Internazional boteretsuenari
ERREFERENTZIAK
[1] Analisi xeheagoa irakurtzeko, irakurri Reimanen lan hau Estalinismoaren jaiotza: SESB “Bigarren Iraultzaren” bezperan.
[2] “La lucha de clases, la socialdemocracia y el fascismo”, Internazional Komunistaren VI. Kongresua, Cuadernos de Pasado y Presente, 66 zb., 105.or.
[3] “Tesis sobre la lucha contra la guerra imperialista y la tarea de los comunistas”, Internazional Komunistaren VI. Kongresua, 1928, Cuadernos de Pasado y Presente, 66 zb., 157.or.
[4] Ikus Hunaneko nekazari mugimenduaren ikerketa, Mao Zedongek idatzia 1927ko maiatzean.
[5] Maoren testuetan esaten da joera negatiboa 1932an hasi zela, eta ez zela zuzendu 1935eko Zunyiko Biltzarrean, ezta 1938ko Osoko Bilkuran ere. Ez zen guztiz zuzendu Yananneko Mugimendura arte, hots, 1942-1945 aldira arte.
[6] Analisi xeheagoa irakurtzeko, ikus Vladimirov Egunerokoak. Peter Vladimiroven Eguneroko Sekretuak, Mao Zedongen Txinari buruz Bigarren Mundu Gerran.
[7] Albaniako Alderdi Komunistaren eraketari buruzko analisi xeheagoa irakurtzeko, ikus, Albaniako Lanaren Alderdiaren historia, Templando El Acero argitaletxearena.
[8] Yugoslaviako Komunisten Ligaren historia. Communist, 1985.
[9] Informazio xeheagoa nahi izanez gero, irakurri Nikola Grulovíc-en liburu hau Yugoslaviarrak gerran eta Urriko Iraultzan, Rad 1965.
HEMEN ARGITARATUA