ARGAZKIA / Irati Oskoz
Paul Beitia
@PaulBeitia
2025/05/03

Gure gizonik handienetako bat izan zen, iraultzailea izan zelako, iraultzaile sakonki kulturaduna eta gizatiarra, baina osoki iraultzailea, hala ere. Horixe da bere pertsona osoa biltzen duena. Horrexek handiagotuko du haren ospea aurrerantzean.

-E. P. Thompson William Morrisi buruz

Bizia da testamentua.

-Gabriel Aresti

Gabriel Arestiren figurak beti bezain labainkorra eta gatazkatsua izaten jarraitzen du 2025 honetan, haren heriotzatik 50 urte bete direnean. Oraindik ere egia da Joxe Azurmendik 1985erako zioena, ez dagoela Arestiri buruz hitz egiterik norbaiti erantzuten edo polemiketan sartzen ibili gabe. Sarritan badirudi kontraesana berezkoa zaiola Arestiren figurari: hanpaduratik desitxuraketara eta gutxiespenera doa, mitotik ezezagutzara.

Izan ere, Arestiz hitz egitea, lehenik eta behin, hari buruzko ezezagutzaz hitz egitea da. Paradoxikoa dirudi: euskal literatura modernoaren historian, dudarik gabe, bera da idazle ezagunenetarik bat, izenez bada ere. Bere burua “euskal literaturaren urrezko orrialdeetatik” kanpo uzteak ez ziola axola idatzi zuen arren, egun, erabat kontsakratuta dago Aresti XX. mendeko euskarazko idazle inportanteenetako gisa. Edozein oinarrizko eskuliburuk dakar haren izena, institutuetan irakasten da, akademian aipatzen, aitortza etengabea egiten zaio literatur esparrutik, literatur sariak daude haren izenean, elkarteak, euskaltegia, baita kale bat ere, poema ezagun batean “Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati / nire izenik eman diezaiotela” aldarrikatu zuen arren.

Gainera, kontsakratua ez ezik, Aresti idazle popularizatua ere bada. Gutxitan egin ohi dute bat literatur munduko sonak eta errotze herrikoiak, baina Arestiren kasuan hala izan da. Haren zenbait poemak eta kantak lan literarioetatik harago egina dute jauzi. Oskorri taldeak zabaldu ditu haietako asko, jakina, poeta bilbotarraren testuak musikatzen hasi baitzuen bere bidea taldeak: aski ezagunak dira Guretzat, Emazurtz, Gora ta gora beti eta beste hainbat kanta. Are, Arestik idatzitako zenbait kantetan ez da jakiten ohi hark idatziak direnik: Oskorriren horiez gain, Laboaren Egun da Santi Mamiña, Leteren San Simon eta San Juda edo Urkoren Guk euskaraz kanta ezagunen testuak Arestirenak dira. Kantez harago, haren zenbait bertso-lerro irakur daitezke han eta hemen, eta ez dute zertan Arestiren izenari berari lotuak egon: “Poesia mailu bat da” har daiteke literatur jaialdi baten titulutzat, ikusi izan ditugu “inoiz, inola, inon ez naiz isilduko” edo “nire aitaren etxea defendatuko dut” bertsoak kamisetetan edo herriren bateko hormaren batean pintatuta.

Hala, poemek poesia bera gainditu eta kalera eta jendearen aho-memorietara salto egitean, Aresti idazle popularraren goren gradura iristen da ia, herri-kultura anonimora, alegia

Hala, poemek poesia bera gainditu eta kalera eta jendearen aho-memorietara salto egitean, Aresti idazle popularraren goren gradura iristen da ia, herri-kultura anonimora, alegia. Pentsa daiteke, gainera, horixe nahi izango zuela berak: 

Nik egin nahi nikek herrirako poesia bat. Gauza aspergarria duk, nire poesiak burges batzuren dostaketa direla jakitea. Nik ikusten diat Donibaneko deserrian euskaldun burges deserritu eta abertzale bat nola bihurtzen den etxera, eta bertan eguneko lanetik deskantsatzeko, bere whiskia edaten duen bitartean, bere Bachen musika entzuten duen bitartean, Arestiren Bizkaitar bat irakurriko dik. Eta honek, laguna, narda egiten derautak.

Anonimotasun hori ezagutza popularrari dagokio: Arestiren literatura ez da literatur munduaren jabetza soil, kultura popularrean dago. Hala ere, paradoxikoki, popularizazio hori ezezagutzarekin batera ulertu behar da. Azurmendik 1985erako esaten zuena, “Aresti beste inor baino gehiago aipatzen baita, aipatu; baina inor baino gutxiago aztertu”, egia da nolabait oraindik ere. Ezagutu, idazle bilbotarra bera baino gehiago, hartaz egin den irudi murritz bat ezagutzen da, euskara batuari eta literaturaren modernizazioari dagozkien pare bat gauzaz eta beste hiruzpalau aurreiritzi oinarrigabez osatutako irudia. Baina, hortik aurrera, Aresti apenas ezagutzen den. Ez daukagu irudi osaturik eta egiatirik ez haren bizitzaz, ezta haren pentsamenduaz ere.

Arestiren ezezagutzaren arrazoi nagusiak, ordea, ideologikoak dira. Hari buruzko ezezagutzaren arrazoia, funtsean, hura ulertzeko ezintasunean bilatu behar da

Horren arrazoietako bat, nik uste, bibliografikoa da. Aresti ez bada ezagutzen, haren obra osoaren ezagutza eskasagatik da, eta arazoa haren obrarako sarbideari dago lotuta lehenbizi. 2000. urtean Susa argitaletxeak egin zuen Harri eta herriren berredizioaz gain, Arestik bizitzan argitaratu zituen lanak eta liburuak ez daude berreditatuta, eta, beraz, haietara iristea ez da erraza. Euskal Harria edo Harrizko herri hau poemarioak, argitaratu ziren garaian hainbeste irakurriak eta halako eragina izandakoak, liburutegi gutxi batzuetako biltegietan topatu ahal izango dira gehienera, senide zaharren baten apalategietan edo bigarren eskuko dendaren batean zortekoren batek. Gainontzeko argitalpenak antologia eta antzekoetakoak dira, eta horiek ere urriak. 


Idazle bilbotarraren obra osoak biltzeko bi saiakera egon dira: Kriselu argitaletxearen 1976koa eta Susaren 1986koa. Lehenengoa deskatalogatuta dago aspaldidanik, eta bigarrena orduko edizioan gelditu da, eta ez da erabat osatua ere –hala ere, Arestiren ezagutzarako ezinbesteko erreferentzia izaten jarraitzen du, serioa eta txukuna baita, gazte batzuen borondate irmoz behinola aterea–. Bestalde, biografia bakarra daukagu, Angel Zelaietak 1977an argitaratua, hori ere dokumentazio-lan ikaragarriko erreferentziazko liburua, baina halaber izaera profesionalik gabea. Sarbide falta, berrediziorako joerarik eza, argitalpenen izaera militantea eta informala, guztiak dira euskal liburugintzari oro har dagozkion ezaugarriak, eta idazle bilbotarraren obrari ere badagozkio.

Arestiren ezezagutzaren arrazoi nagusiak, ordea, ideologikoak dira. Hari buruzko ezezagutzaren arrazoia, funtsean, hura ulertzeko ezintasunean bilatu behar da. Era guztietako azalpenak entseatu dira, gehienak badaezpadakoak eta partzialak, baina “Arestiren obra, funtsean, jasangaitza zaie piru guztietako espekulatzaileei”, Koldo Izagirrek Harri eta Herriren 2000ko adizioaren hitzaurrean adierazi zuenez. Izan ere, Arestiren pentsamenduak, jarrerak eta obrak ideologia sozialista dute oinarri eta bilgarri, eta hori kontuan hartzen ez duen irakurketa, beraz, beti izango da partziala eta desitxuratua. Hala esan zuen Arestik berak 1960an:

Poetaren sentimentua jentearen gustukoa ezpaldin bada, eta poetak bere sentimentuan eta poetatza gorengoan iraun nahi baldin badu, ezpaldin badu bere sentimenturik ukatzen, orduan izanen da gorrotatuta, arbuiatua, gaitzeritzia eta higuindua. (Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak, Susa, 1986).

Hainbat figura sozialistaren patua izan dira arbuio eta desitxuraketa horiexek. William Morrisekin gertatzen da Ingalaterran, esate baterako, Alfonso Sastrerekin Espainian, Verlaine eta Rimbaudekin Frantzian; hainbat eta hainbat desitxuratu dituzte, eta haien izaera politikoa ezkutatu behar izan da dagokien kultura nazionalean integratuko badira. Oinarrian kultura nazionalaren bazterketa- eta integrazio- dinamikak daude: komunitate nazionala, desberdinen batasunaren fikzioaren azpitik, beti osatzen da modu jakin batean, klase ertain eta burgesia nazionalen kontrolpeko kultura partikular gisa. Posizio sozialistek, dagokien kultura nazionaletan parte hartzen duten hein berean burgesia nazionalen aurka egiten dutenez gero, hautsi egiten dute batasunaren fikzioa. Horregatik, bi aukera egon ohi dira, kontraesankorrak itxuraz, baina dinamika berari bultza egiten diotenak: posizio sozialistak kultura nazionaletik baztertzea edo hartan integratzea posizio hori bera ezkutatuta eta despolitizatuta (bide batez, gai horixe landu zen Artekaren 34. zenbakian, “Hausturak batasunean: kultura nazionalaz eta klase-borrokaz” artikuluan).

Arestiren kasua dinamika horien adibide garbia da. Bizi izan zen aldian bazterketa eta arbuio etengabea jasan behar izan zuen bera eduki politikoz erabat hustuta ageri zaigu gaur egun. Beraz, desitxuraketari eta despolitizazioari estuki lotuta ulertu behar dira orain arte aipatu ditugun ezezagutza eta ulermen falta.

Posizio sozialistek, dagokien kultura nazionaletan parte hartzen duten hein berean burgesia nazionalen aurka egiten dutenez gero, hautsi egiten dute batasunaren fikzioa. Horregatik, bi aukera egon ohi dira: kultura nazionaletik baztertzea edo hartan integratzea posizio hori bera ezkutatuta eta despolitizatuta

Irakurketa partzialak askotarikoak izan dira. Humanista gisa ulertu nahi izan da haren “beti paratuko naiz gizonaren alde” maxima, ulertu gabe Arestirena “gizon konkretua dela”, langile zapaldua, alienazioan eta zapalketan bizi dena, gizagabean murgildua”, Koldo Izagirrek dioskunez. Moralismotzat jo da haren egiagatiko tema, ulertu gabe egia hori ideologia sozialistari lotzen zaiola, langile- klase osoarena dela Arestiren egia, eta etsaiarenari aurre egiten diola: “Nik ere / badut / nire egia, / eta bankero jaunarenak / bezainbat / edo baino gehiago / balio du” (Harri eta herri). Eta bilbotarraren lehenengo pertsonaren erabilera indibidualismotzat ere jo izan da, haren ni poetiko etengabea haren ikuspegi pertsonalari soilik lotuko balitzaio bezala, eta ez beste ezeri. Irakurketa horietako inportanteenetakotzat har daiteke Azurmendik 1985ean eman zuena:

Gabriel “ismo” eta ideologien arabera klasifikatu nahi izaten dutenek, berriro esango dut, izango dituzte zita-mordo batzu, baina seguru asko Gabrielik batere ez. Axalean, Gabrielen instrumentario ideologikoan, itxuraz aldakuntza handiak aurkitu usteko dira, kristautasunetik, Nietzsche, Marx eta Trotzkiganaino. (…) “Ismoek” sekula ez zuten gauza handirik signifikatu Arestirentzat. Konstantea Gabriel da; beste haiek oso aldakorrak dira, eta beti Gabrielen esperientzia txit pertsonalek determinatuak. (“Aresti: sentsibilitate konkretu bat”, Jakin 36, 1985).

Azurmendik ohikoa duen “erredukzionismoaren aurkako” jarrera dario testuari –gutxienez susmagarria da, ordea, “erredukzionismoari” maizenik marxismoa tartean dagoenean egin izan diola aurre Azurmendik–. Irakurketa horren arabera, Arestik landu zituen gaiak “sentsibilitate konkretu” batetik landu zituen, erabat ikuspegi pertsonal batetik, zeina ezin baita makurtu ideologia orohartzaileetara: Arestiren “gizona” izen-abizena zuten inguruko gizakiek osatuko lukete, egia bere-berea litzateke, emandako argudioak eguneroko iritziak, egindako aipuak apeta aldakorrak. Idazlanei begiratu bat ematea nahikoa da, ordea, ohartzeko koherentzia begi-bistakoa dela argudioen, jarreren eta aipuen artean, eta Arestiren irakurketa pertsonalista hori ez dela nahikoa haren figura ulertzeko.

Horretan bat dator Iñaki Aldekoa bere Munduaren neurria (1998) liburuan, Azurmendiren irakurketari murritzegia iritzita. Poesia sozialari dagokion garai konkretuaren eragina aztertzea ezinbestekotzat jotzen du, aldarrikatuz Arestik bere buruari bainoago garaiari erantzuteko idazten zuela. Horrek azalpena zabaltzen du: Arestiren konkretutasuna, izen-abizenak eta gertaera zehatzen aipamenak, iritzi-tonua darion poetika, guztiak dira garaiari erantzuteko interbentzio-teknikak eta, beraz, zentzu politikoa daukate pertsonala baino gehiago. Aldekoak badaki 50eko eta 60eko hamarkadetako poesia sozialaren testuinguruan, Arestiren “ni horrek guren bokazioa daukala”, ahots kolektiboa dela, eta hortik tiraka marxismoari erreparatu beharra ere aipatzen du. Marxismo hori ere, ordea, “kategoriak gainditu eta traszenditzen duen fenomeno gisa” ulertzen du “ideologia”, kristautasunaren eragina azpimarratuta, Aldekoak dioenez. Eragin hori neurriz kanpo aldarrikatzen du, baina; Arestiren obran tradizio biblikoa material erretoriko eta poetiko errekurrentea den arren, haren figura osoa ezin da kristautasunaren ikuspegitik ulertu.

Izan ere, Arestiren figura eta obra sakonki politikoak dira, ideologikoak zentzu politikoan. Alde horretatik ere, hainbat izan dira nazionalismotik haren figura ulertzeko egin diren saiakerak, Arestik euskararen eta Euskal Herriaren askapenaren alde zuen jarreran abertzaletasuna soilik ikusi nahi izan dutenak. Ikuspegi horrek ere, ordea, ezin dezake Aresti bere osotasunean ulertu. Hona hemen zer zioen Koldo Izagirrek gai horri buruz Harri eta Herriren hitzaurrean (Susa, 2000):

Nago “aitaren etxea” hau klase marka kendu zaiolako dela hain nazionala; nekez aurkituko dugu gure literaturan manipulatuagoko testurik, traizionatuagoko espiriturik. Zenbat politikok, abertzaleek bereziki, ez ote dute erabili aitaren etxearena interpretazio partzial eta gezatuan! Ez digute inoiz esaten noren, zeren kontra defendatuko duten aitaren etxea. Izan ere, Arestik garden eta gordin ematen du aditzera “sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra” altxako dela. Eta horixe ezkutatu digute, ahaztu egin zaigu ia, lukurreroen eta sasijustiziaren ordezkariak direlako maiz aitaren etxea ahotan hartzen dutenak.

Ez irakurketa partikularistak, ezta erlijiosoak edo nazionalistak ere, ezin dute Aresti esplikatu, ez dutelako konpartitzen Arestiren ikuspegia bera. Abiapuntutik bertatik daukate ezintasuna. Aresti, oinarrian bertan daukan sozialismoa kontuan hartu ezean, horixe bihurtzen da: norbanako kontraesankor bat, outsider ulergaitz bat, predikatzaile apetatsu bat, bere garaiari estu lotu zitzaion gizon bat, bai, baina behin garai hura igarota modaz pasatuxe gelditu dena. Ideologia sozialistak ematen die koherentzia haren obrari, pentsamenduari eta jarrerari. Ideologia sozialista horretatik bertatik begiratuta soilik ikus daiteke koherentzia hori eta, beraz, irits gaitezke hura ulertzera.

Koherentzia hori, gainera, Arestiren ibilbide osoari dagokio. Idazle bilbotarrak garapen ideologikoa izan zuela, ez zela berdin lehenengoz idazten hasi zenean eta heriotzeko unean, bistakoa da. Ordea, akademian gaur egun erabat finkatuta dagoen denbora- banaketa, Arestik lehenengo fase “sinbolista” bat eta bigarren “sozial” bat izan zuelakoa, okerra edo, gutxienez, garapen ideologiko hori azaltzeko erabat murritza delakoan nago. Banaketa horrek erakutsi lezakeelako Arestiren asmo politikoak eta, beraz, posizio sozialista bigarren faseari bakarrik dagozkiola. Aldiz, hasieratik adierazten ditu molde horretako kezkak eta intuizioak. 1960an Donostian emandako hitzaldia horren adibide:

Gizonek sufritu egiten dute, zerren gizonek animalia bakarra katigatu nahi du. Orduan da momentu lastimagarria eta lotsagarria, zeinean gizonak gizona katigatzen duen. (…) Behekoak bere burrukaldia hasten du goikoaren kontra. Eta goian dagoenean, orduan lehen goian zegoena azpian dago, giza-klase berriak formatzen dirade, eta burrukaldia aurrera doa. (“Poesia eta euskal poesia”, Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, 1986).

Ideologia sozialistak ematen die koherentzia haren obrari, pentsamenduari eta jarrerari. Ideologia sozialista horretatik bertatik begiratuta soilik ikus daiteke koherentzia hori eta, beraz, irits gaitezke hura ulertzera

Politikoki heldugabeak badira ere, Aresti gaztearen intuizioek klase-borrokari buruzko kezka eta konpromisoa adierazten dute hasierako fase “sinbolistan” ere, Maldan behera (1959) liburuaren garaian. Izan ere, fasekako banaketak adierazi lezake Aresti gazteak ez zuela kezka politikorik adierazten, harik eta poesia sozialaren korronteari heldu zion arte. Are, banaketa horren arabera, pentsa liteke Arestiren marxismoa moda estilistikoa dela, poesia sozialaren inperatiboa. Aldiz, Maldan behera liburuan bertan ugariak dira nazioarteko borrokei eta figura iraultzaileei eginiko aipamenak, baita haren posizio politikoak ere: “Nire grazia Aresti da ta orain ez nago ikara / (…) Hamaika neke sufritu nuen hau da bizitza pikara / Bi etsai ditut Hitler da bata bestea Amerika da” (Lehen poesiak, Susa, 1986).

Urteetan zehar garapen ideologikoa izan bazuen ere, hasiera-hasieratik sumatzen dira ideologia sozialistaren oinarriak Arestirengan, harik eta, 1960etatik aurrera, eta haren azken urteetan zer esanik ez, heldutasun politikoa hartu eta posizio komunista oso bat finkatu zuen arte. Horregatik ulertu behar genuke Aresti “alderdirik gabeko komunista” gisa. Izendapen hori gerora Hedoi Etxarteri ere irakurri diodan arren, nik dakidala, Jon Juaristik formulatu zuen lehenengoz 2014an, Karmelo Landarekin Harri eta herri-ri buruzko mahai-inguru batean. Juaristiren posizio erreakzionarioak kontuan harturik, bati baino gehiagori sortuko dio harridura haren izenak, baina bera izan zen Arestiren obraren oinordekoetako bat hura hil ondoren, eta hari buruzko aditu nagusietakoa dugu. “Alderdirik gabeko komunista” izendapenak egoki biltzen du, nik uste, Arestiren politikotasuna. Alde batetik, argitu litzake haren jardun politikoaren izaera eta mugak. Arestik ez zuen jardun politiko organikorik izan, ez zuen “gogoeta operatiborik egiteko parada” izan, hain justu bere bizialdia alderdirik gabe igaro zuelako, “alderdiaren egunkaria izateko alderdia izatea ezinbestekoa” baita, Gabriel Arestiren eta Bertolt Brechten Poema hautatuak biltzen dituen liburuaren hitzaurrean esaten denez (Poema hautatuak, Euskalema, 2012). Horrek argitzen du Arestiren politikotasuna, praktikoa bainoago, polemikoa izan zela. Jarduna gidatuko zion eta bere neurrikoa izango zen alderdi komunista baten faltan, kultur esparrura eta eztabaida ideologikora bideratu zuen ekinbide politikoa Arestik, hau da, posizio komunistei helduta alde batekoekin eta bestekoekin eztabaidatzera.

Maldan behera (1959) liburuaren garaian. Izan ere, fasekako banaketak adierazi lezake Aresti gazteak ez zuela kezka politikorik adierazten, harik eta poesia sozialaren korronteari heldu zion arte. Are, banaketa horren arabera, pentsa liteke Arestiren marxismoa moda estilistikoa dela, poesia sozialaren inperatiboa. Aldiz, Maldan behera liburuan bertan ugariak dira nazioarteko borrokei eta figura iraultzaileei eginiko aipamenak, baita haren posizio politikoak ere: “Nire grazia Aresti da ta orain ez nago ikara / (…) Hamaika neke sufritu nuen hau da bizitza pikara / Bi etsai ditut Hitler da bata bestea Amerika da” (Lehen poesiak, Susa, 1986).

Urteetan zehar garapen ideologikoa izan bazuen ere, hasiera-hasieratik sumatzen dira ideologia sozialistaren oinarriak Arestirengan, harik eta, 1960etatik aurrera, eta haren azken urteetan zer esanik ez, heldutasun politikoa hartu eta posizio komunista oso bat finkatu zuen arte. Horregatik ulertu behar genuke Aresti “alderdirik gabeko komunista” gisa. Izendapen hori gerora Hedoi Etxarteri ere irakurri diodan arren, nik dakidala, Jon Juaristik formulatu zuen lehenengoz 2014an, Karmelo Landarekin Harri eta herri-ri buruzko mahai-inguru batean. Juaristiren posizio erreakzionarioak kontuan harturik, bati baino gehiagori sortuko dio harridura haren izenak, baina bera izan zen Arestiren obraren oinordekoetako bat hura hil ondoren, eta hari buruzko aditu nagusietakoa dugu.

“Alderdirik gabeko komunista” izendapenak egoki biltzen du, nik uste, Arestiren politikotasuna. Alde batetik, argitu litzake haren jardun politikoaren izaera eta mugak. Arestik ez zuen jardun politiko organikorik izan, ez zuen “gogoeta operatiborik egiteko parada” izan, hain justu bere bizialdia alderdirik gabe igaro zuelako, “alderdiaren egunkaria izateko alderdia izatea ezinbestekoa” baita, Gabriel Arestiren eta Bertolt Brechten Poema hautatuak biltzen dituen liburuaren hitzaurrean esaten denez (Poema hautatuak, Euskalema, 2012). Horrek argitzen du Arestiren politikotasuna, praktikoa bainoago, polemikoa izan zela. Jarduna gidatuko zion eta bere neurrikoa izango zen alderdi komunista baten faltan, kultur esparrura eta eztabaida ideologikora bideratu zuen ekinbide politikoa Arestik, hau da, posizio komunistei helduta alde batekoekin eta bestekoekin eztabaidatzera.

“Alderdirik gabeko komunista” izendapenak egoki biltzen du, nik uste, Arestiren politikotasuna

Beste alde batetik, “alderdirik gabeko” izaerak horixe adierazten du: ez zuela bere neurriko proposamen politikorik topatu bere bizialdian. Hauxe esan zuen Xabier Kintanak, Arestiren lagun eta burkideak, hura hil eta gutxira:

Itxuraz, kontraesan handien arteko gizona genuen Gabriel, Treveriskoaren eta euskalduntasunaren bideak elkartu nahirik ibili zena. Horrexegatik, bizi zenean, helburu biok bete ziezazkiokeen alderdirik ezaz, ez zegoen inorekin, independentzia arrabiatu batean baizik. Euskaldunei beren eskuindarkeria aurpegiratzen bazien, ezkertiarrei beren euskaltzaletasunik eza erakusten zien lazki.

Aipuak ezin hobeto adierazten du Arestiren posizio politikoaren izaera: euskaldun marxista izan zen –“Treveriskoa” dioenean, Marxi buruz ari da, jakina–, bizi zen artean eta hil arte, 1972an Baionan emandako hitzaldi batean, haurtzaroko pasadizo baten aitzakian, zin egin zuen bezala. Arestiren pentsamenduaren iturriak bi horiek dira: euskalduntasuna eta marxismoa. Ordea, 50eko eta 60ko hamarkadetako Euskal Herrian, bi iturri horiek modu oso jakinean zeuden gorpuztuak, Arestiri bere neurrirakoak iruditzen ez zitzaizkion modu batean, hain justu. Horregatik, haren iturri izan ziren hein berean, borrokan jardun zuen alde batekoekin eta bestekoekin: PCEko intelektual erdaldunekin, batetik, eta abertzaletasun antifrankista burgesarekin, bestetik.

Marxismora sarbidea poesia sozialaren bueltako poeta eta intelektualen eskutik jaso omen zuen Arestik. Blas de Otero, Gabriel Celaya, Angela Figueroa, guztiak ziren PCEkoak eta erdaldunak, eta Bilboko Concordia kafetegian biltzen ziren. Eztabaida intelektual eta literario haiek eragin handia izan zuten Arestirengan, poesia sozialaren korronte poetikoari lotzera eramateaz gain, literatura politiko marxistarekin kontaktuan jarri baitzuten lehenengoz. Aresti, eztabaidetako gainontzekoak ez bezala, elebiduna zen, eta Euskal Herriko arazo nazionalaren kezka zeukan, baina, hortik aurrera, “ez zuen uste marxismoaz kanpo euskal arazoarentzat soluzio posiblerik zegoenik”, Angel Zelaietaren Gabriel Aresti. Biografia (Susa, 2000) lanean aditzera ematen denez Vidal de Nicolás aipatuz. Eragina nabarmena izan bazen ere, ez zuen bere burua haien artekotzat, seguruenik euskal arazo horren gutxiespenagatik. Oterori berari zuzendutako poema batean argitzen du desberdintasun hori, “Pido la paz y la palabra” poema famatuari buelta emanda:

Hemen hitza

euskal hitza

duzu,

eta galtzarpean dudalarik,

diotsut:

Gerra!

Gordetzen dizut hitza

eta ematen dizut

gerra.

Ene poema guztietarako

lege

bakarra. (Harrizko herri hau)

Horrekin ez genuke, ordea, batzuek sarritan egin bezala, Aresti euskaltzale edo abertzale hustzat jo beharko. Arestik lotura estua izan zuen antifrankismo abertzalearekin, 50eko hamarkadan EGIren bueltan ere ibili zen, baina ez zuen inoiz lotura finkorik egin. Era berean, bete-betean sartu zen orduko euskalgintzan, eta ekarpen handiak egin zituen: hizkuntz esparruan, bera dugu euskara batuaren proiektuaren bultzatzaile eta aitzindari nagusietarik bat eta, literatur esparruan ere, bera izan zen euskarazko literatura hirira eta garai hartako problemetara ekarrita modernizatu zuen idazle nagusietakoa. Jardunbide horretan, etengabe aritu zen elkarlanean beragandik desberdin pentsatzen zutenekin. Ez dago inongo dudarik Aresti euskaltzalea zela, euskararen aurrerabideak kezkatzen zuela, baina hori ez zuen bere posizio komunistatik aparte ulertzen. Euskara estandarra, literatur eta kultur esparru modernoak, guztiak defendatu zituen orduko zenbait euskaldunen posizio erreakzionarioen kontra. Aurreko belaunaldien tradizionalismoa eta apaizkeria kendu eta euskal mundua modernizatzea behar-beharrezkoa zuen “Treveriskoaren eta euskalduntasunaren bideak” elkartuko bazituen.

Dena dela, kultura nazionalaren barruan eginiko ekarpenek eta elkarlanak ez zuten inoiz ere isildu Arestiren posizio komunista. Ondotxo zekien, Franco hil ondoren ere, zinezko aldaketarik eragiten ez bazen, Euskal Herriak berdin jarraituko zuela eta orduan etsaia etxekoa bertakoa izango zela, orduan agertuko zirela “euskal zakurrak eta euzko hienak, eta betiko egoeran jarrikiko diagu”. Horregatik ekin zion etengabe abertzaletasun burgesaren kontra ere, “euskaldun burjesak eta euskaldun proletarioak jo-muga ber-berak ez dituzketela” konprenituta, euskaldun guztien askatasunaren ordez “jabe-aldaketa soil eta huts bat” bilatzen zutenen kontra.

Posizio horrek, gurean ohikoa den bezala, abertzaletasunak hura baztertzea ekarri zuen. Haren “euskalduntasuna publikoki dudan jarri” zutela ere esan zuen, “nortzuk eta, Letek eta Txillardegik berak ere”, eta etengabe defendatu behar izan zuen bere burua bazterketaren kontra, argudio finez defendatu ere:

Españolista omen naiz, eta hori bekatu omen da Euskal-Herrian. Hala baitabiltza Euskal-Herriko asto guztiak arrantzaka: Aresti, puta-seme, españolista, marikoia, marxista, faltsoa! Etiketa polita jarri didate! Digute! Honela, euskaldun irakurleengandik separatu nahi gaituzte. (…) Hoiek, bere mintzaeran, bi hitzak, españolista eta marxista, sinonimo bezala erabiltzen dituzte, eta zertako, eta nola (batez ere nola) esplikatu españolistentzat españolistak ez direla marxista, eta marxistentzat españolistak ez direla marxista?

Euskara estandarra, literatur eta kultur esparru modernoak, guztiak defendatu zituen orduko zenbait euskaldunen posizio erreakzionarioen kontra

Ez zen, ordea, isildu. Une batean baino gehiagotan amore ematekotan egon zela idatzi bazuen ere, etengabe mantendu zuen bere posizio sozialista. Horretan belaunaldi berrien agerpenak lagundu zion: esan liteke 60ko hamarkada amaieran agertu ziren euskaldun gazteengan topatu zuela kasik bere belaunaldia, bere adinkideengan bainoago. Gazte eskolatuak ziren, marxismoari lotuak ideologikoki, eta frankismo amaierako borroka politikoari emanak. Gazte haientzat eman zituen bere sos urriak editorial berrietan literatura marxista argitaratu zezaten, gazte haiek eskatuta euskaratu zuen 1971n Internazionala ereserki sozialista, gazte haien eskutik jardun zuen plazaz plaza antzezlan, errezital eta kontzertuetan.

Gazteekiko harreman horrek zentzu sakonki politikoa zeukan, beraz. 1975ean hil zen Aresti, eta bere bizialdian alderdirik izan ez bazuen, ez dago jakiterik frankismo amaierako jardun politiko oparoan edo geroago bere neurriko proiektu politikorik topatuko ote zuen ala ez. Baina euskaldun gazte marxistek esperantza piztu ziotela dudarik ez dago. Horregatik, amaierako urteetan aritu zen gazte haiekin batera tradizio marxista euskaldun bat osatzeko lanean. Bizitza osoan egin zuena egiten, “klase sozialik gabeko sozietate euskaldun batekin amets egiten”, baina amets hori burura eraman zezakeen indar berriaren esperantzan. Honela zioen Arestik 1972an (Artikuluak, Hitzaldiak, Gutunak. Susa, 1986):

Euskal-Herriarentzat gertatzen baldin ez bada produkziozko medioen sozializazio egiazko eta efikaz bat, propietate pribatuan zoroki irauten baldin badugu, edo harentzat ordegarri faltsoak bilatzen baldin baditugu, kooperatibismoa edo kojestioa diren bezala, herriak enganaturik ikusiko du bere burua; ederki konprenituko du bere burrukarekin jabe-aldaketa bat baizik ez duela lortu. (…) Lan ordaindua guztiz nekeza da; langileak plusbalioa zer den ba daki. Marxek esplikatu zion orain ehun urte. Eta plusbalio hau lan egiten ez duenaren eskuetan gelditzen baldin bada, langileari hesteak eta erraiak erretzen zaizkio. Ez duzue uste, ene euskal-kideok, Euzkadin halakorik gerta ez baledi, zoriontsuagoak izanen ginatekeela euskaldunok?

Arestik euskal munduarentzat eta Euskal Herriarentzat modernitate alternatibo bat proposatu zuen, klaserik gabeko gizartearena, eta hil arte defendatu zuen

Arestirengan daukagu euskaldun marxista bat eta, beraz, burgesiaren proiektu nazionalari men egin ez zion euskaldun bat. Posizio horrek biltzen ditu bere figura eta obra osoak, eta posizio horretatik begiratu, ulertu eta berreskuratu behar dira haietan zerbait baliagarria topatzeko gaurkorako eta biharkorako. Arestik euskal munduarentzat eta Euskal Herriarentzat modernitate alternatibo bat proposatu zuen, klaserik gabeko gizartearena, eta hil arte defendatu zuen. Tradizio bat sortu nahi izan zuen, berak amaitu ezin izan zuena, baina material bizi gisa utzi zuena etorkizunerako, balioko zion indar berriren baten esperantzan. Orain, berrogeita hamar urte iragan orduan ere, etorkizunerako balio digu Arestik batik bat. Haren “oskorriak”, “zoriontasunak”, “libertateak”, “etorkizun gorriak” norabide berean seinalatzen baitute beti: komunismoaren norabidean.