Aurtengo ekainean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti hil zenetik. Efemeride hori aprobetxatu nahi dugu Arestiren figura gogoratu eta aldarrikatzeko, eta ostrazismotik ateratzeko, batzuek hartara kondenatu nahi baitute. Are garrantzitsuagoa da hura krisi-garai hauetan gogoratzea, non Aresti baliozko erreferentzia eta gatazkaren erreferentzia historikoa den, bere irudian eta obran bi mundu antagonikoren arteko haustura irudikatzen baitu. Hain justu, Gabriel Aresti figura aztoragarria da euskal nazionalismoarentzat, batasun nazionalaren mitoaren apurketa haragitzen baitu, burgesiaren eta proletariotzaren interes nazional komunaren apurketa hain zuzen.
Gabriel Aresti beti bizi izan da onarpenaren eta ahanzturaren arteko linboan, asimilazioaren eta abandonuaren artekoan. Izan ere, Aresti, euskal kulturaren erreferente handi eta euskal literaturaren berritzaile garrantzitsuenetakoa den neurrian, beste euskal kultura baten erreferentea da: kultura proletario eta komunista batena. Hori dela eta, euskal kulturaren defendatzaile batek ere ezin dezake haren ekarpena ukatu, baina askok ezin dute aldarrikatu. Izan ere, haren obrak euskal kulturari ekarpena egiten dio, hain justu, proletariotzaren igoera sozial eta politikoari –iraultzaileari– loturiko berrikuntza kultural bat delako. Aresti irudi bizi eta gaurkoa da, halakoxea baita klase-emantzipazioaren eta komunismoaren aldeko borroka ere.
Gabriel Aresti es una figura perturbadora para el nacionalismo vasco; y lo es porque encarna la ruptura del mito de la unidad nacional, del interés nacional en común de burguesía y proletariado
Zentzu horretan, Arestiren ekarpena opari pozoitu moduko bat da nazionalismoak defendatzen duen euskal kultura horrentzat, bere barreneko gatazka baliogabetu egin nahi duen horrentzat. Erloju- bonba bat da kultura oro har aberasten duen ekarpen bati uko egin ezin diotenentzat; ordea, ezin da ahaztu ekarpen hori egiten duela, hain justu, bere garaiari hertsiki lotuta eta harekin konprometiturik jardun zuelako. Euskal kulturarekin apurtzen duen euskal kultura bat da, eta horrexegatik irauten du linboan, bi munduen arteko argi-ilunetan, hiltzen ari den mundu zaharraren eta halako batean agertuko den berriaren artean.
Arestiren figura asaldagarria da, komunista batek kultura nazional bati ekarpena egin diezaiokeela frogatzen baitu; eta, gainera, asaldagarria da ekarpen hori egiteko duen modua ere. Izan ere, zenbat eta ekarpen handiagoa egin kultura proletarioari, klase-emantzipazioaren eta komunismoaren aldeko borrokari, orduan eta sakonagoa da ekarpen horren arrastoa
Arestiren figura asaldagarria da, komunista batek kultura nazional bati ekarpena egin diezaiokeela frogatzen baitu; eta, gainera, asaldagarria da ekarpen hori egiteko duen modua ere. Izan ere, zenbat eta ekarpen handiagoa egin kultura proletarioari, klase-emantzipazioaren eta komunismoaren aldeko borrokari, orduan eta sakonagoa da ekarpen horren arrastoa. Hau da, zenbat eta gehiago hautsi euskal kultura monopolizatu nahi duen nazionalismo horrekin, orduan eta sakonagoa da haren arrastoa.
Horrela, Arestik asaldatu egiten ditu nazionalisten planak, nazionalista izan gabe euskal proletariotzaren erreferente nazionala baita eta euskal herriaren biziraupena bultzatzen baitu; frogatzen du herri baten biziraupena hertsiki loturik dagoela herri horrek bere burua etorkizunean proiektatzeko duen gaitasunarekin, eta horrek esan nahi du etorkizunak gizartearen indar bizietan oinarritu behar duela, iraultza sozialistak antolaturiko proletariotzan, alegia.
Nazionalismoa ukatzen duen komunista bat da Aresti, keinu horren bidez bultza egiten diona proletariotzaren kultura nazionalari, zeina dagoeneko ez baita burgesiarena eta hura babesten duten klaseena, zeinak ez duen isolazionismoa eta nazio- konfrontazio baztertzailea aldarrikatzen, biziraupen- jarrera sakonki erreakzionario bat hartuz. Oso kontrara, Arestik ekarpena egiten dion kultura nazionalak, proletariotzaren klase-kulturarekin eta haren nazioarteko mugimenduarekin duen konexio unibertsalaren bidez, euskal herria etorkizun komunista berri baterantz proiektatzen du, bai eta kontserbatu beharreko ondare gisa biziarazi ere.
Horregatik da Aresti asaldagarria. Haren figura eta oroitzapena existitzeak berak kontraesanak sortzen dizkielako nazionalistei. Nola izan daiteke komunista bat, internazionalista bat, herriaren erreferente kultural? Erantzuna: hain justu horrela. Nola lor daiteke hizkuntza baten eta elkarbizitza- komunitate baten biziraupena uko eginez nazionalismoaren politika baztertzaileari, joera xenofoboei eta arrazistei? Erantzuna: hain justu horrela.
Eta are asaldagarriagoa da haren irudiak eta oroitzapenak gero eta gehiago gorpuzten diren heinean; proletariotzaren emantzipazio-mugimenduak gero eta aurrerapauso handiagoak ematen dituen heinean eta Aresti bera aldarrikatzen duen legatu eta tradizio komunista bat dagoenean. Are gehiago Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak posizio nazionalisten kaltetan ematen dituenean aurrerapausoak eta hori kontsekuenteki egiten duenean: gorantz doan eta bere lurrean sakon errotua dagoen nazioarteko mugimendu gisa.
Aresti eta antzeko figura komunistek erakusten dute norberaren sustraiak eta lurralde eta komunitate batenganako maitasuna sakonagoak direla ez direnean bazterketan oinarritzen, baizik eta proletariotza osoa etorkizun komunista baten, etorkizun libre baten aldeko borrokan integratzean
Izan ere, Aresti eta antzeko figura komunistek erakusten dute norberaren sustraiak eta lurralde eta komunitate batenganako maitasuna sakonagoak direla ez direnean bazterketan oinarritzen, baizik eta proletariotza osoa etorkizun komunista baten, etorkizun libre baten aldeko borrokan integratzean.
HEMEN ARGITARATUA