ARGAZKIA / Manu Akerbeltz
Eli Irazu
2025/05/06

Egun batean, Kristo oraindik jaio gabeko garaian, nekazari batek brontzezko esku bat iltzatu zuen bere atean, jakin gabe 2000 urte beranduago Bulegok kanta bat eskainiko ziola, balizko amuletoa borondate euskaltzale transhistoriko baten eramaile izendatuz. Handik 800 urte baino gehiagora, omeiatarrek Wannaqo Ibn Wannaqo esaten zioten delako bat Iruñeko erresumako errege koroatu zuten; hamabi menderen buruan, Euskal Herriaren burujabetasunaren ikur gisa ere koroatuko zuten, erretroaktiboki.


Gure sorioneko herriaren inguruko istorio hauek ez dira, noski, gauza batere apartekoak. Nazio guztiek dituzte, azken finean, haien mitoak; zaharrak agortzean, beste batzuk sortzen dira, garai berriei hobeto egokituak. Baina –asko sinplifikatuz– logika nazionalistaren funtsezko operazioa berbera da: euskaldun proletarioa eta Eneko Aritza eta bere ama Oneka eta CAFeko presidentea eta Burdin Aroko Sertorioren gerran etxea eta –segur aski– burua galdu zuen nekazari gizajo bat eta Aitor Esteban; hona hemen euskal nazioaren seme-alabak. Hona hemen familia bat, familia guztiek bezala bere gorabeherak dituena, baina beste ezeren gainetik leialtasuna zor zaiona.


Horregatik da guretzat hain interesgarria Arestiren figura: euskal letren eta euskararen beraren modernizazioaren ariete bat izan zenak ez zuelako inolako konplexurik izan nazionalismoaren funtsa den euskaldunen arteko anaitasuna –interklasismoa– gogor kritikatzeko


Batasun interklasista honen ondorioa, noski, langile klasearen zatiketa da. Beste nazioetako proletarioak, edo euskal kulturan asimilatu gabekoak, ez dira subjektu politikoaren parte, kasu onenean; kasu okerrenean, etsaiak edo inbaditzaileak dira. Eta komunistok, berriz, proletariotzaren batasun internazionala aldarrikatzeagatik, traidoreak; gaurko hizkeran, hizkuntza eta kultura lokalei bizkarra ematen diegun globalismo maltzurraren agenteak.

Horregatik da guretzat hain interesgarria Arestiren figura: euskal letren eta euskararen beraren modernizazioaren ariete bat izan zenak ez zuelako inolako konplexurik izan nazionalismoaren funtsa den euskaldunen arteko anaitasuna –interklasismoa– gogor kritikatzeko.


Eta, beraz, 1968an, Arantzazun, Euskaltzaindiaren 50. urteurreneko biltzarrean (zeina, bide batez, euskararen batasunari eskaini zitzaion, Arestiren eskariz), Manuel Lekuona euskaltzainburuak oinaztarren eta ganboatarren ereduari ez jarraitzeko eta euskaldunen batasunari eusteko deia zabaldu zuenean, gure poetak olerki bat idatzi zuen, Erdi Aroko leinu gipuzkoar horien izena zeramana. Eta olerkiak dio:


Bostehun urtean egon

gara justizi-eske

baina sua eta ura

ezin nahas ditezke,

irakin edo amata

ez dago ezer beste,

inork ez dezala esan:

“adiskide zaitezte"