ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Markel Samaniego
2021/05/05

Horretarako, botere komunalaren funtsezko momentu eratzaileei helduko diet, batik bat Marxen, Lissagarayen eta Leninen testuak oinarri hartuta. Forma politikoan fokua jartzeko adinako zehaztasunarekin helduko diet testuinguruko elementuei, eta, horrenbestez, artikulu honen helburuak eskatzen duen sakontasun mailara mugatuko naiz.

Besteren artean esango nuke bost direla Komunan garrantzia handiena duten une politikoak: 1) momentu materiala 2) lehen momentu instituzionala: botere sozialarena 3) ekintza estrategikoaren momentua 4) bigarren momentu instituzionala: botere delegatuarena 5) momentu taktiko operatiboa: antolaketa-teknikena. Momentuen sekuentzia sinpleenetik (1. momentua) konplexuenerakoa (5. momentua) da, eta, beraz, aurrez azaldutakoak aurrejartzen ditu.

Hitz lauz, Komuna, langile botere sozial gisa, esentzian iraultzailea dela defendatzen ahaleginduko naiz, baita bere garapena ere, forma politiko konplexu gisa.

TESTUINGURU HISTORIKOARI BURUZKO ZERTZELADAK

Parisko Komuna krisi ekonomikoak eta Frantziako Bigarren Inperioaren krisiak ezaugarritutako testuinguru historiko iskanbilatsu batean sortzen da. 1870ean Luis Bonapartek Luxenburgo hartzeko saiakera egiten du, Parisko masei hainbesteko gosea eragingo zien gerra franko-prusiarrari hasiera emanez. Bere armadaren gainbeherak eta horren eraginez Bigarren Inperioarenak, Hirugarren Errepublikari ireki zizkien ateak. Azken horrek 1871. urtearen hastapenetan amore eman zuen armada prusiarraren aurrean, eta Guillermo I Alemaniako enperadore izendatu zen Versallesen.

Proletariotza ez zegoen soilik gosez eta armaturik, dagoeneko klase borrokan zaildutako proletariotza zen, borroka tradizio handikoa eta berriki, 1848ko Ekaineko Jardunaldietan, burgesia txikiak traizionatua eta masakratua.

Horrenbestez, krisi ekonomikoari eta Estatuaren krisi politikoari langile mugimenduaren krisia gehitu behar zaio, ezin baitzen burgesia txikiarekin egin zezakeen aliantza hipotetikoaz fidatu makineria burokratiko-militarra eskuratzeko.

PARISKO KOMUNA

1. Komunaren momentu materiala: emantzipazio soziala eta kontsentsua

Komunako momentu eratzaile sinpleena comunnards-en borondate askatzailean datza. Subjektibitate horren eraketa aurreko atalean zehaztutako testuinguruaren elementuen bat-egiteak ahalbidetu zuen; baldintza historiko horiek borondate komunala kohesionatu zuten, bere boterearen sostengu nagusi gisa.

Filosofia politikoko sektore handi batentzat, boterea dominazioa da. Menderatzeko borondateak botere politikoa sostengatzen du harreman sozial modura. Alabaina, komuneroek ez zuten inor menperatu nahi; ez zuten boterea dominazio modura birproduzitu nahi, aitzitik, klase dominazioa bere forma guztietan abolitu nahi zuten. Hala azaltzen zuen Marxek:

Inperioaren antitesi zuzena Komuna zen. Otsaileko iraultzari hasiera emateko Parisko proletariotzak oihukatu zuen «errepublika soziala» aldarriak ez zuen klase menderakuntzaren forma monarkikoarekin soilik amaituko zuen errepublika baten nahia adierazten, klase menderakuntzarekin amaituko zuen batena baizik. Komuna errepublika horren forma positiboa zen(1).

Botere politikoaren forma positiboak edo Parisen eratutako botere politiko positiboak bere oinarria Parisko proletariotzaren borondatean zuen, maila gorenagoko bizi forma bat(2) antolatzeko borondatea, hain zuzen. Hori behin eta berriz azpimarratzen da Guda Zibila Frantzian dokumentuan, Lehenengo Internazionalaren balantzea dena.

Beraz, komuneroen subjektibitate iraultzailea ez zen determinatu gabeko borondate baten parekoa. Oroitu gaitezen Komunan proudhonianoek, blankistek, Marxen eta Engelsen gertuko Lehen Internazionaleko arduradunek eta abarrek hartzen zutela parte. Komuna politikoki askotarikoa zen. Hori dela eta, berau barreiatzen zuen subjektibitatea noranzko berdinean joatea adostu zuten borondate ezberdinen kontsentsuaren fruitu besterik ezin zitekeen izan. Bere izatea determinatu zuten baldintza historikoez gain, komuneroen artean egindako hitzarmen sozialaren ondorio zen Komuna: elkartze horretan zetzan bere boterearen funtsa. Izan ere, oroitu gaitezen borondatea erabakian bilakatzen dela eraginkor, eta kontsentsuaren produktu dela hori. Zentzu horretan, emantzipazio soziala momentu arrazional eta kolektiboa izan zitekeen, Parisko proletariotzaren ekintza batasun gisa gorpuztua.

2. Lehen momentu instituzionala: botere soziala eta forma politikoa

Iradoki den bezala, borondatea boterearen bidez bakarrik gauzatzen da. Eta berehala kontsentsua ezin da gauzatu. Bitartekotzarik gabe, bitartekorik gabe, instituziorik gabe, ahalmenik gabea da borondatea; ez du errealitate bilakatzeko gaitasun edo indarrik.

Era berean, indarra ez da posible berau garatuko duten eta potentzian dauden gaitasunen antolakuntzarik gabe. Burgesiaren indarrak (botere burgesak) balioaren legeak arautzen duen ekoizpen prozesu sozialaren antolaketa kapitalistan du iturburua; kontrara, proletariotzak indar sozial modura duen gaitasuna elkartasun diziplinatuan eta antolatuan datza. Botere burgesak euskarria merkantzia-formaren borondate egoistan eta subjektu juridiko forman du, aldiz, langile botereak lan-prozesuaren norabidetze eta kontrol etengabean du bere oinarria. Azkenik, botere burgesaren euskarria dirua bada, botere proletarioa masen elkartasun- eta emantzipazio-kontzientzian besterik ezin daiteke oinarritu.

Horrenbestez, Parisko masen irrika iraultzailea horren auto-antolakuntzaren bitartez soilik bilakatu zitekeen eraginkorra, momentu instituzionalera eregiz eta langile klasearen grin askatzaileek gidatutako lan-prozesu serio gisa antolatuz. Komuna ororen gainetik langile botere iraultzailea zen, lan-prozesu modura artikulatu zelako.

Parisko masen irrika iraultzailea horren auto-antolakuntzaren bitartez soilik bilakatu zitekeen eraginkorra, momentu instituzionalera eregiz eta langile klasearen grin askatzaileek gidatutako lan-prozesu serio gisa antolatuz

«Soldatak» egon izanak ezin du ezbaian jarri egitate hori. Ordezkariei ordaintzen zitzaizkien soldatak (udal zinegotziak, inspektoreak, kontulariak, hainbat motatako teknikariak…) ez ziren soldatak, hitzaren zentzu kapitalistan, egindako ekarpenari zegozkion ordainsariak(3) baizik.

Egia da Komunak ez zituela dirua eta merkantzia balio-forma gisa ezabatu, eta ondorioz, ezta balioaren legea bera ere. Horiek Komunarekin batera existitu ziren. Haatik, ez zen balioaren legea Komunaren barne-gidalerro operatiboak agintzen zituena. Balioaren legea Komunarekin batera existitu zen, kanpokotasun sozial, kultural, ideologiko, politiko eta geografiko modura. Parisen egon bazegoen merkantzia, bazegoen dirua, bazegoen soldatapeko lana, kapital industriala eta finantzarioa eta abar, baina horiek ez ziren Estatu Burgesean sintetizatzen. Asanblada Nazionalak ihes egin zuen, ez zegoen armadarik, ezta poliziarik edo botere judizialik ere. Eta Komuna aipaturiko kategoria sozial eta politiko horiei guztiei kontrajartzen zitzaien instituzio soziala zen, kategoria horiek gainditzeko eta deuseztatzeko ahalera zuena. Hori guztia posible zen Komuna esentzian balorizazio prozesuarekiko ezberdina zen lan-prozesu bat zelako.

Komunak ez zituen dirua eta merkantzia balio-forma gisa ezabatu, eta ondorioz, ezta balioaren legea bera ere. Horiek Komunarekin batera existitu ziren. Haatik, ez zen balioaren legea Komunaren barne-gidalerro operatiboak agintzen zituena

Baina, horrekin batera, Komunak erregimen burgesa gainditu zezakeen, lan-prozesu modura eginbehar politikoen banaketa bat baitzen.

Komunaren erregimenak ordura arte Estatu parasitoak irensten zituen indar guztiak itzuli zizkion organismo sozialari(4).

Hau da, komuneroen elkartasun antolatuak forma politikoa erdiestea galdegiten zuen etsaiari aurre egiteko eta bizirauteko. Bere egiteko politikoa aldibereko lan-prozesu legegilean eta exekutiboan zetzan.

Komunak ez zuen organismo parlamentario bat izan behar, aldi bereko lan legegilearen eta exekutiboaren korporazio bat baizik.

Parisko proletariotza botere eraginkor modura eratzen hasia zen legegintza-lanetan, lehenago adierazi dudan moduan. Horrela, masen interesak islatzean, haiei eman zitzaien erabakiaren gaineko monopolioa, Parlamentutik Komunara lekualdatuta(5). Handik aurrera, proletariotzak erabakiko du nola gauzatu bere emantzipazioa, eta helburu hori erdiesteko lan banaketa planifikatuko du.

Marxek modu honetan izendatzen du momentu hori: «azkenik aurkitutako forma politikoa bere baitan lanaren emantzipazio ekonomikoa gauzatzeko»(6). Komuna eginbehar politikoen plangintza eta banaketa bat zen; ez zuen klase borroka de facto ezabatzen, baina bere bitartez(7) langileria klaseak deuseztatzen saiatzen zen: medium arrazionala zen honako hori(8).

Historikoki prozesu eratzaile hori osziladorea eta ez lineala izan zen. De Ville hotela, Komunaren zentro fisikoa, Parisko proletariotzak botere politikoaren auzia ebazteko aurre egin behar izan zion konplexutasun historikoaren lekuko izan zen. Guardia Nazionaleko Batzorde Zentralak eta Guardia Nazionalak berak, adibidez, instituzio modura lehen pausoak Komunaren aurretik eman zituzten. Hala ere, behin hauteskundeak eginda, «200.000 [proletario] miserable Hôtel de Ville-ra joan ziren haiek aukeratutako pertsonak han jartzera» eta Batzorde Zentralak bere botereak eman zizkion Komunari. Baina azalpen logikora itzuliz, testu honek ez du izaera konkretuagoa duten elementu horietan sakonduko.

Hala, orain arte esandakoa laburbilduz: Komuna Parisko proletariotzak forma politikoarekin eratutako botere soziala zen, horren baitan beronen borondate soziala gauzatzeko: lanaren emantzipazio ekonomikoa.

3. Ekintza estrategikoaren momentua: Estatuaren suntsipena, diktadura iraultzailea

Orain arte adierazitakotik ondorioztatu daitekeen modura, komuneroen instituzionalizazioa ez zetzan burgesiaren forma politikoa erreproduzitzean. Forma politiko ezberdin bat zen, adierazten zuen boterearekin koherentea zena. Horrexegatik, paradoxa dirudien arren, Komuna bere boterea erabiltzen hasten da etsaiarena suntsituz. Hots: klase menperakuntzaren abolizioa abiatzen du, menperatuz. Honako hau idatzi zuen Marxek:

Komuna bere boterea erabiltzen hasten da etsaiarena suntsituz. Hots: klase menperakuntzaren abolizioa abiatzen du, menperatuz

Lanaren emantzipazioa hasten du –bere helburu nagusia–, Estatuaren bizkarroien lan ez-emankorra eta kaltegarria ezabatuz. Botere politikoa edukitzeko lehen baldintza da funtzionamendu-makineria eraldatzea eta suntsitzea, klasea menderatzeko tresna bat baita(9).

Bestela esanda, lehenengo exekutatzen dituen zereginak (bere lehen lan exekutiboa) dira Estatu Burgesaren botere legegilea, exekutiboa eta judiziala suntsitzea:

- Indar armatuak deuseztatu ziren.
- Poliziari izaera politikoa kendu zitzaion.
- Burokrazia administratzailea gutxienekora murriztu zen.
- Elizari jabetzak eta ezaugarri hezitzaileak kendu zitzaizkion.
- Magistraturari «antzeztutako independentzia» kendu zitzaion.
- Parlamentarismoa abolitu zen.

Beraz, estatu burgesaren suntsipena hartzen du («dagoen estatu-makina hautsi») bere boterea gauzatzeko lehen fase estrategiko modura.

Aitzitik, hemen galdetzea merezi du: nola egiten da hori? Nola suntsitzen da Estatua? Nola gauzatzen du bere boterea Komunak? Leninek zehaztasun gehiagorekin heltzen dio galderari eta galdera horren bidez ebazten du aurrekoa: Nola igaro daiteke biztanleriaren gehiengoa, biztanleria osoa blokean, Estatuaren funtzioak gauzatzera? (10)

Komuna, sufragio unibertsal bidez hautaturiko udal kontseilariez gain, batzorde delegatuek osatzen dute:

- Gerra Batzordea
- Ogasun Batzordea
- Justizia Batzordea
- Segurtasun Orokorreko Batzordea
- Lan eta Truke Batzordea
- Oinarrizko Beharren Batzordea
- Kanpo Harremanen Batzordea
- Zerbitzu Publikoen edo Udal Zerbitzuen Batzordea
- Irakaskuntza Batzordea
- Batzorde Exekutibo Iraunkorra

Batzorde horietaz gain, Komunaren garapenean, Guardia Nazionalaren Batzorde Zentralak operatibo jarraituko du Gerra Batzordearen barruan, Osasun Publikoko Batzorde batek Batzorde Exekutiboa ordezkatuko du, Artilleria Batzorde bat egongo da eta aipatu gabe utzi ditudan beste zenbait zeuden; momentuko beharren arabera hautatu, kontraesanean jausi eta desegin zirenak.

Horrenbestez, honela ebazten da egindako galdera: Komunak bere boterea delegazio politikoekin gauzatzen du, eta ez unean. Batzordeek ikusarazten duten bezala, momentu konplexuena bitartekotza instituzional bikoitza da: delegatuen armada boterea gauzatzeko mekanismo gisa. Hau da: instituzio komunalak instituzio delegatuak behar ditu Estatua suntsitu eta bere lehen fase estrategikoa edukiz betetzeko.

4. Bigarren momentu instituzionala: botere delegatua edo armada delegatua

Instituzio delegatuek Komuna forma politiko modura osatzen dute. Hortaz, Estatuaren suntsipena edo proletariotzaren diktadura iraultzailearen ezarpena ez datza soilik armada iraunkorraren, Estatuaren segurtasun-indarren, Parlamentuaren, auzitegien, kartzeletako funtzionarioen eta abarren ezerezte fisikoan. Era berean, Komunak hasiera ematen dio bere diktadurari Estatu Burgesa antolakuntzaren esparruan suntsituz edo deuseztatuz:

- Bere eskumen politikoak indarrez lortzen ditu (edo botere hutsune bat betetzen du).
- Komunan txertatzen ditu.
- Antolakuntza bitartekotzekin gauzatzen ditu: instituzio delegatuekin.

Esan nahi baita, Komuna klase borrokan eratzen dela burgesiaren boterearen aurka. Honela azaltzen du Marxek:

Frantzia osoa auto-administratutako eta autogobernatutako (selfworking) Komunetan antolatuta [egongo zen], armada iraunkorra herri-miliziek ordezkatuko zuten, Estatuko parasito armada deuseztatuko zen, hierarkia klerikalari eskolako maisuak kenduko zion tokia, Estatuko epailea organo komunaletan bihurtuko zen, ordezkaritza nazionalarentzako sufragioa ez zen gobernu ahalguztidun batentzako esku-joko bat izango, Komuna antolatuen berariazko adierazpen bat baizik, eta Estatuaren funtzioak helburu nazional orokor batzuetarako funtzioetara murriztuko ziren(11).

Lissagarayk ordezkaritza bakoitzaren eskuduntzak azaltzen ditu kronikan, eta Komunak horietako bakoitzarekin aurre egin behar izan zien zailtasunak azaltzen ditu. Zehaztu den legez, testuinguru belikoa zela-eta Komunak egin beharreko lanak, oro har, politikoak ziren; horren harira, Komunak bere gain hartutako funtzio ekonomikoak ezin izan zituen osotasunean garatu, batzordea eratzen zuten sozialista iraultzaileak etengabe saiatu ziren arren. Denbora faltak zeresan handia izan zuen. Lan Batzordeak soldaten gaineko atxikipenen abolizioa agindu zuen dekretuz, baita utzitako tailerrak berreskuratzea ere, langileek administratu zitzaten; helburu gisa zituzten, besteak beste, «egin daitezkeen erreformen ikerketa, izan Komunako zerbitzu publikoetan, langileen arteko harremanetan, emakume eta gizon artekoetan edota haien patroiekin zituztenetan; Merkataritza Kodearen eta ­aduana-tarifen berrikuspena; zerga zuzen eta zeharkako zerga guztien eraldaketa; eta lan-estatistika baten ezarpena»(12). Baina Engelsek 1891an baieztatu zuenez, blankismoa eta proudhonismoa sozialisten artean dotrina nagusiak izan izanak azaltzen du igorritako dekretuen izaera, Frantziako Bankuari buruzko polemika eta, oro har, gauzatzea beharrezkoa ziren zenbait aspektu ekonomiko alboratu izana(13).

Azken finean, Komunaren helburua bizitza antolatzea zen, horren dimentsio guztietan, eta horrek (eginbehar politiko, legegile eta exekutiboetatik haraindi) zeregin industrialak (produktiboak) eta distributiboak bere egin eta garatzeko organo delegatuak sortzea exijitzen du.

Komunaren helburua bizitza antolatzea zen, horren dimentsio guztietan, eta horrek (eginbehar politiko, legegile eta exekutiboetatik haraindi) zeregin industrialak (produktiboak) eta distributiboak bere egin eta garatzeko organo delegatuak sortzea exijitzen du

5. Une operatibo-unitarioa: diktadura gauzatzeko teknikak

Labur esanda, orain arte, lanaren emantzipazioa gauzatzeko botere delegatuen bitartez Estatuaren makineria burokratiko militarra hausten duen instituzioa da Komuna.

Hala ere, arestian azaldu bezala, delegazioen eta Komunaren arteko tentsioa etengabea izan zen iraun zuen denbora guztian. Batzorde Zentralaren eta Komunaren arteko gatazkek argi adierazten digute hori.

Egoera horiei erantzuteko, botereen orekarako mekanismoak sortu zituen egitura komunalak, antolaketa-teknika forma zutenak, Komuna eta delegazioen arteko bereizketa-marjina murrizteko, alde batetik, eta Komunaren eta biztanleriaren artekoa murrizteko, bestetik.

(…) Komunak (…) biztanleriaren ordezkari bakarrak, arduradun bakarrak, momentu hartan botere guztiak xurgatu zituen eta ezin zuen onartu aurretik izandako paperaren nostalgia zuenik bere alboan(14).

Osasun Publikoko Komitea etengabeko ­joan-etorri horien erakusle aproposa da; behin hilabete eta erdiko tartean izendatu ziren bi Batzorde Exekutiboek huts egin zutenean, organo delegatuen eta delegatuen gaineko kontrola sendotzeko sortu zen komite hori. Batzuek «botere indartsu bat» eta «koldar eta traidoreak beldurtu» nahi zituzten; beste batzuek, berriz, aurka bozkatu zuten, batzordeen gainetik -eta, horrenbestez, Komunaren gainetik- ezartzen zen organo diktatorialtzat jotzen baitzuten. Osasun Publikoko Batzordeari eskumenak kendu zitzaizkionean ebatzi zen eztabaida, ezarri eta zortzi egunera, agerian utziz nork zuen autoritate subiranoa.

Azken buruan, organo horrek botere mekanismoen urruntze edo fetitxizazio joeren aurreko erantzun politiko bat besterik ez zuen adierazten. Udal ordezkariak eta batzordeetako delegatuak, organo delegatuak bezalaxe, interes partzialen instrumentalizazioaren objektu izan zitezkeen, honela, haien ardurapean zegoen interes orokorra eroraraziz.

Ez da alferrikakoa gogoan hartzea balioaren legeak ez duela soilik Estatuarekin funtzionatzen, funtzionalak zaizkion ohiturekin, zentzu komunarekin eta bestelako mekanismo ideologiko eta kulturalekin ere egiten du. Horren erauzketak, beraz, mendeak iraun ditzakeen iraultza kultural iraunkor bat behar du. Horrenbestez, interes komunalen hegemonia mantendu eta edozein zeregin delegaturen erabilera egoistaren gainetik jartzeko erreminta nagusiak sufragio unibertsala eta antolakuntza-zentralismoa ziren. Kapitalaren forma ideologikoek, kulturalek eta politikoek ezin zuten egitura komunala zeharkatu, eta neutralizatu egin behar ziren. Horretarako balio zuten tresna horiek: barne-mailako funtzionamendu benetan demokratikoa(15) bermatzeko eta kanpo erasoak neurri diktatorialekin blokeatzeko, modu ziklikoan proletariotzaren interesak erdigunean jarriz.

Komuna sufragio unibertsal bidez hautatutako delegatu komunalez zegoen osatua (…) arduradunak eta uneoro ezeztagarriak zirenak(16).

Hautatutako bakoitza interes orokorraren eroale zen, eta horri erantzun behar zion bere egitekoak. Zeregin bat egiteko eta boterea gauzatzeko hautatzen zen oro, arduraduna zen eta etengabe ken zitekeen kargutik.

Delegatuak, organo instituzionalak, batzordeak, komiteak, hots, botere delegatua, forma politikodun masek eratutako botere sozialaren etengabeko gainbegiratzearen bidez kontrolatzen zen: Komunaren bidez. Zentzu horretan, Osasun Publikoko Batzordearen esperientzia adierazgarria da oso.

Finean, Komunaren boterearen eta horren botere delegatuen bereizketa korrupzioaren momentua izango litzateke. Zatiak ez luke osotasuna islatuko, masen borondatean zegoen boterearen oinarria alderantzikatuko litzateke eta edozein instituzio delegaturen borondate partziala gauzatuko litzateke, boterearen gauzapen despotikoa eraginez. Honela dio Marxek:

Langile klaseak badaki klase borrokako fase ezberdinak gainditu behar dituela berak. Badaki lanaren esklabotzaren baldintza ekonomikoak lan aske eta bazkidearen baldintzengatik aldatzea denboraren egintza progresiboa dela (…) badakite birsorkuntza lan hori ezarritako interesen eta klase berekoikerien erresistentziak moteldu eta galaraziko dutela(17).

Komunak ariketa egolatra eta despotiko hori den gaitzaren aurka borrokatu behar izan zuen, boterearen etekin propiora begira erabiltzearen aurka. Diktadura iraultzailea, beraz, botere sozial eratuaren eta haren armada delegatuaren batasunaren ondorioa bakarrik izan zitekeen; boterea interes orokorraren gidalerro exekutiboen (aginduzko manamendua) subordinazioaren fruitu izanda zen iraultzailea; boterearen gauzatzea iraultzailea zen baldin eta diziplinatua eta esanekoa bazen (Dusselek dixit). Premisa hori gabe, posible ziren korrupzioa eta totalitarismoa eta, horregatik, forma politikoaren osagai guztien batasun politikoa azaldutako teknologien bidez soldatzen zen.

Diktadura iraultzailea, beraz, botere sozial eratuaren eta haren armada delegatuaren batasunaren ondorioa bakarrik izan zitekeen

Azken finean, klase independentziaren mantenurako instrumentuez dihardugu, antolakuntzaren alorrekoaz, espezifikoki. Honela, artikulatutako osotasun sozialaren boterearen organo exekutiboen bereizketak, osotasunaren eta atalaren arteko bereizketak, edo harago, atalak osotasunaren gaineko gailentasuna izateak, dominazio harremanak adierazten ditu, bere burua iraultzailetzat izendatzen duen instituzio batean materializatzen badira ere.

ONDORIOAK

Subjektibitate iraultzailearen auzia landu dugu, bere sorleku den oinarrian sakondu gabe; Komunak botere sozial gisa eta lan-indar solidarioaren planifikazio gisa zuen bizitasuna adierazi dugu; eta azkenik, botere horren forma politikoan sakondu dugu, instituzio delegatuen bidez bere gain hartu eta gauzatzen dituen zeregin politikoak nabarmenduz, horrela estatu burgesa suntsitzen baitu eta bera fetitxe ez bihurtzeko antolakuntza-mekanismoak errazten baititu.

Diktadura/demokrazia binomioan ez dugu sakondu; ezta lan-prozesu berriaren diziplina sozialistan ere. Elementu asko utzi dira baztertuta eta landu gabe analisi honetan. Azaletik, proletariotzaren diktadura iraultzailearen momentu eratzaileei buruz hitz egin dugu, Parisko historia garaikidean adierazi zena lehenengoz. Ildo beretik, diktadurari buruzko kontzeptu bat azaltzen saiatu naiz, Leninek 1919an ezin hobe laburbildu zuena honako honetaz ohartaraztean: «Proletariotzaren diktadura ez da esplotatzaileen gaineko biolentzia soila, areago, izatez ez da nagusiki biolentzia. Biolentzia iraultzaile horren oinarri ekonomikoa, bere bizitasunaren eta arrakastaren bermea, zera da: proletariotzak, kapitalismoaren aldean, lanaren antolakuntza sozialaren mota jasoago bat ordezkatzen eta praktikan jartzen du. Hori da funtsezkoena. Bertan baitaude errotuta komunismoaren indar eta ezinbesteko garaipen osoaren bermea»(18).

Mugimendu Sozialistak ikasbideak atera behar ditu esperientzia garrantzitsu horretatik; garaipenak metatu eta akatsetatik ikasi behar du, antolakuntzan sintetizatu eta lan militante eredu berri batean aurrerapausoak eman. Forma politikodun proletariotzaren botere sozialaren eraikitze progresiboa sortzen ari diren organismo xumeen bidez soilik da posible; kritika elikatuz, militantzia diskretuaren, zintzoaren eta serioaren apologia eginez, bide berriak hasteko beldurrik izango ez duena eta etengabe zuzenduko dena. Komuneroek eta beste milaka sozialista iraultzailek modu desinteresatuan egin zuten bide berbera da, baita Euskal Herrian ere. Programa komunista berraktibatzeko helburuarekin egingo dugun bidea, gizarteak behingoz eta betiko giza-aurrehistoriaren bidexka korritu dezan.

OHARRAK

1 Ferreiro, R. (2005) Extractos de los Borradores de La Guerra Civil en Francia. Boletín Ígneo, nº 5

2 Marx, K. (1871) La Guerra Civil en Francia. Madrid, Fundación Federico Engels, p. 73

3 Lenin, V.I. (1917) El Estado y la Revolución. España: Alianza editorial, p. 101

4 Marx, K. (1871) La Guerra Civil en Francia. Madrid, Fundación Federico Engels, p. 70

5 Salvadori M.L., Magri, L., Foa, L. (1977) Vía parlamentaria o vía consejista. Barcelona, Editorial Anagrama, p.43

6 Marx, K. (1871) La Guerra Civil en Francia. Madrid, Fundación Federico Engels, p. 71

7 Ferreiro, R. (2005) Extractos de los Borradores de La Guerra Civil en Francia. Boletín Ígneo, nº 5

8 Ibíd.

9 Ferreiro, R. (2005) Extractos de los Borradores de La Guerra Civil en Francia. Boletín Ígneo, nº 5

10 Lenin, V.I. (1917) El Estado y la Revolución. España: Alianza editorial, p.93

11 Ferreiro, R. (2005) Extractos de los Borradores de La Guerra Civil en Francia. Boletín Ígneo, nº 5

12 Lissagaray, H.P.O. (1876) Historia de la Comuna de París. Barcelona, Editorial Estela, 1971 p. 98

13 Marx, K. (1871) La Guerra Civil en Francia. Madrid, Fundación Federico Engels, p. 18

14 Lissagaray, H.P.O. (1876) Historia de la Comuna de París. Barcelona, Editorial Estela, 1971 p. 71

15 Marx, K. (1871) La Guerra Civil en Francia. Madrid, Fundación Federico Engels, p. 71

16 Ibíd., p. 67

17 Ferreiro, R. (2005) Extractos de los Borradores de La Guerra Civil en Francia. Boletín Ígneo, nº 5

18 Balibar, E. (1977) Sobre la dictadura del proletariado. Madrid, Siglo XXI España Editores, p.242

EZ DAGO IRUZKINIK