Gutxienez azken mendean, nazio auziak markatu du Espainiako Estatuaren errealitate politikoa. Espainiar nazio-eraikuntzaren prozesua ahula eta osatugabea zen artean, XIX. mendearen amaieran, mugimendu nazionalista periferiko garrantzitsuak sortu ziren, besteak beste, katalana eta euskalduna. Auzi horren agerpenak, aurrekari historikoetatik haratago, Espainiako garapen kapitalistak zituen baldintza jakinetan du muina. Alde batetik, iraultza burgesaren porrotean du oinarria[1], eta, bestetik, periferian kontzentratutako garapen ekonomiko desorekatu batean[2]. Paradoxikoki, nazionalismo zentrala nahiz periferikoak ez dira gai izan euren proiektu nazionalak burutzeko: Espainiakoak, estatu zentralaren indarra berekin izan arren, hegemonia nazional prekarioa izan du, etengabe zalantzan jarri dena; periferikoek, berriz, historiaren trena galdu zuten beren nazioak estatu bilakatzeko. Nazioa eta nazionalismoa nahastu behar ez badira ere, jatorri bera dutela esan daiteke, eta bigarrenaren indar politikoa lehenengoaren garapen-mailaren adierazle gisa erabil dezakegu, batez ere, estaturik gabeko nazioetan.
Baina kontenplazio hutsetik haratago, nazionalismoaren eta nazio zapalkuntzaren aurkako borrokaren monopolioa zalantzan jarri nahi badugu –komunistentzat ezinbestekoa den zeregin politikoa–, ezinbestekoa izango da mugimendu horren ibilbidea aztertzea. Jarraian, euskal abertzaletasun tradizionalaren iturrien, eraginen zein korronteen azaleko errepasoa egingo dugu, eta haren ezaugarri ideologiko batzuei erreparatuko diegu, nahiz eta ez dugun sakonduko horren guztiaren testuinguru historiko eta sozial zabalean. Zerbait berria ez izanagatik, beharrezko ariketa izango da, baldin eta nazionalismoaren nahiz euskal nazio auziaren ondorengo bideak ulertu nahi baditugu.
FORUZALETASUNETIK NAZIONALISMORA
Espainiako bateratze politiko eta ekonomikoaren prozesuan, karlisten porroten ondoren, foruak abolitu ziren: 1841ean Nafarroako Erresuman eta 1876an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horren aurrean, 1876tik aurrera bereziki, hainbat mugimendu eta figura intelektualek foru horiek defendatzeko eta berreskuratzeko aldarria egin zuten. Alde batetik, foru-sistema horrek euskal gizarte tradizionalaren gainegitura juridiko-politikoa osatzen zuen, eta oinarri zituen aldez aurretiko independentzia teoriko bat eta Espainiako monarkiarekin egindako itunean funtsatutako autonomia politikoa. Hori ezabatzeak aldaketa sozioekonomiko handiak eragin zituen. Bestetik, foruzaletasunari dagokionez, zentzu zabalean hartuta eta ikusiko dugun moduan, hainbat eragile eta korrontek nork bere ñabardurekin eskatu zuten foruen berrezarpena deiturikoa –foruen abolizioaren aurreko egoerara itzultzea–, baita nazionalismoak berak ere.
Hainbat eragile eta korrontek nork bere ñabardurekin eskatu zuten 'foruen berrezarpena' deiturikoa, baita nazionalismoak berak ere
Alde batetik, karlismoa[3] zegoen, mugimendu soziopolitiko dinastiko, tradizionalista eta antiliberal indartsua. Karlismoak mende bat baino gehiago iraun zuen eta bi gerra zibilen protagonista izan zen. Mugimendu erabat espainiarra zen, baina Euskal Herrian oso sustraituta zegoen nekazari eta herritar askoren artean. Ez gara fenomeno horren konplexutasuna eta garapena aztertzen hasiko, baina aipatu behar dugu puntu komunak zituela nazionalismoarekin. Biek auzi erlijiosoa eta forala barne hartzen zituzten, baita kontzepzio sozial tradizionalista eta korporatibista ere, baina nork bere erregea eta aberria zituen buruan: Espainiak (edo las Españas) batzuek, Euzkadi besteek. Karlismoaren fakzio integristaren kasuan, alde batera uzten zuen dinastiaren afera, eta horrek lagundu egin zien nazionalismoaren ondorengo doktrina-berrikuntzei.
Gizarte-testuingurua, hala ere, garrantzi handiko ezberdintasuna izango da: gizarte tradizionala bere buruaren biziraupena luzatzen saiatzen zen lekuetan karlismoak irauten zuen; eta, industrializazioak gizarte horren biziraupena krisian jartzen zuen lekuetan, nazionalismoa loratzen zen. Dena dela, biek garai eta espazio bera konpartitu zuten, antzeko oinarri soziala eurenganatzeko norgehiagokan aritu ziren eta haien arteko gorabeherak izan zituzten. Hasieran, euren artean etsaitasuna nagusi bazen ere, 20ko eta 30eko hamarkadetan hainbat aliantza egitera heldu ziren. Azkenik, 36koa paradoxikoa izan zen, elkarri militarki aurre egiten amaitu baitzuten, eta nazionalista asko neutral gisa edo Errekete karlistaren lerroetan agertu ziren, hala bizirauteagatik, nola afinitateagatik.
Abertzaletasunaren aurretik, bereziki foruzalea zen beste alderdi bat agertu zen, karlisten eta liberalen arteko biko banaketa horri hirugarren aukera bilakatzen ahalegindu zena, baina ibilbide labur eta alferrikakoa izan zuen, Nafarroan babes sozial handirik ez zuelako. Garrantzitsua izan zen euskaroen eragin kulturala, eta, bereziki, Arturo Campionen ideologia aldakor eta konplexuarena[4]. Nazionalismo aranistaren aurrekari eta geroagoko garaikide gisa, berriz ere komunikazio-zubiak zein tirabirak izan ziren. Besteak beste, desadostasun horiek Campionek euskarari eta euskararen batasunari emandako garrantzian islatu ziren, Aranak arraza eta garbizalekeria linguistikoa lehenesten zituen bitartean; Euskal Herria Nafarroatik eta ez Bizkaitik pentsatzean, edo nazionalismo erregionalista planteatzean, separatismo sabinistaren ordez.
Inguru foruzale lausotik eta euskal berpizkunde kulturaletik irten gabe, literatura erromantiko historizista ugari egon zen, eta horrek euskal landa-munduaren ikuspegi bukolikoa ekarri zuen. Mugimendu kultural horren barruan figura ezberdin asko ikus zitezkeen, Navarro Villoslada militante karlistatik hasita Agosti Xahora; erromantikoa zen Xaho ere, baina politikoki errepublikarra eta frantses iraultzailea. Garaiko moda literarioaren lizentziez eta bere eragin politikoaz gain, baziren antzinagoko tradizio batean topatu daitezkeen elementuak. Tradisten eta apologisten[5] kasuan, foruen defentsan ideologia oso bat eraikitzen ari ziren, eta aita Larramendi izan zen nabarmendu zen figura bat. Igualitarismoaz ari gara[6], Euskal Herrian berdintasunean eta demokrazian oinarritutako iragan sinesgaitz baten mitifikazioaz. Noblezia unibertsal hori odol-garbitasunarekin, hizkuntzaren mantentzearekin eta erlijio-fedearekin lotuta agertu zen behin eta berriz, eta hori guztia foruetan gorpuztu zen, euskalduntasunaren esentzia gisa, zeinaren defentsa lehen nazionalismoak heredatu zuen.
Ikus dezakegunez, euskal nazionalismoaren esparru ideologikoa nabarmenki erreakzionarioa izan zen, eta ideologia horri estu lotuta agertu zen hasieran. Horrek markatu zuen haren garapena denbora batez.
Euskal nazionalismoa nabarmenki erreakzionarioa izan zen, eta ideologia horri estu lotuta agertu zen hasieran
LEHEN NAZIONALISMO ARANISTA
Sabino Arana, 1895ean Euzko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) sortzailea eta euskal nazionalismoaren aita moduan izendatzen dena, izan zen lehen nazionalismo horri doktrina multzo bat eman ziona. Esan bezala, XIX. mendeko tradizio foruzaletik jasotako zenbait elementu arrazionalizatu zituen, hala nola erlijioa, arraza, hizkuntza –garrantziaren arabera egindako ordena zorrotz horretan– edo foruak. Alabaina, azken elementu horren berrinterpretazioa izan zen gainerakoengandik bereizgarria. Aranarentzat foruak –lege zaharraz ordezkatutako terminoa– jatorrizko independentziaren sinonimo ziren, euskaldunen egoera naturala, urteen joanarekin murriztuz joan zena. Haren iritziz, horiek berrezartzeko eta euskal arraza eta bere fedea salbatzeko modu bakarra –izan ere, jaungoikoa zen bere leloren lehen zatia– Espainiatik esplizituki bereiztea da, aurreko foru-lurraldeen konfederazioaren bidez. Horregatik, nazio-kontzeptualizazio aranistaren –Euzkadi euskaldunen aberria da– etorkizuneko proiektua, hein handi batean, atzera buelta bat izan zen, nazioaren kontzeptu modernotik urrun zegoena.
Pentsamolde hori era nabarmenean markatu zuen klase herrikoi prekapitalista euskaldunek industrializazioarekin sentitu zuten erasoak, klase horiek sozialki desplazatuta baitzeuden beren mundua erortzen ari zela ikusten zuten bitartean. Horregatik, aranismoa, hasieran, Bizkaiko fenomenoa zen, eta, batez ere, Bilbokoa. Gizarte-aldaketa azkarrak aberriaren desnaturalizazio gisa ikusi ziren: iraganean gauzak izateko modua idealizatu zen, nekazal ikuspegiarekin. Eraso horren eragileak klase sozial moderno berriak izan ziren: alde batetik, itsasadarreko oligarkia industriala eta finantzarioa; bestetik, proletalgo etorkina, maketoa, borrokatu beharreko ohitura eta ideologia arrotzak –hau da, espainolizazatzaileak– zekartzatenak, esaterako, liberalismoa, ateismoa edo sozialismoa.
Aranismoaren oinarrizko elementuak ez ziren luzaroan aldatu, bereziki, plano sinbolikoan. Haren aplikazio praktikoa, ordea, beste gauza bat izan zen, oraindik itxaron egin behar izan baitzuten nazionalismoa mugimendu gisa ezar zedin.
Aranismoaren oinarrizko elementuak ez ziren luzaroan aldatu, bereziki, plano sinbolikoan
TENTSIOAK ETA ADISKIDETZEAK
XX. mendean, beste sektore moderatuago bat nazionalismora hurbildu zen, Aranaren separatismo zorrotzarekin kontrastean. Euskalherria Elkarte foruzaletik zetorren sektore hori, eta Ramon de la Sota enpresaria zen buru. Euskalerriakoek foruen irakurketa desberdina egin zuten, eta haien itun izaera nabarmendu zuten. Horrenbestez, termino erregionalistetan –kontzertu ekonomikoaren eta autonomia-estatutuaren aldekoak– mintzatu ziren, ez independentistetan. Horrek oligarkikoa ez zen burgesiaren interesak defendatu zituen, eta bere negozioak dinamizatzeko marko baten defentsan jarri zuten fokua, ordurako burututa zegoen industrializazioaren gaitzespen txiki-burges batean baino gehiago.
Planteamendu horiek, hasieran, gaitzetsi egin zituen Aranak, baina laster elkar ulertu zuten. Une horretatik aurrera, kontziliazio- eta tentsio-joko bikoitz horretan oinarrituta garatu zen nazionalismoa, eta aipatu ditugun klase-interes kontraesankor horiek bigarren maila batean utzi ziren. EAJren hazkundea eta gizarte-sektore zabaletarako hedapena, neurri batean, sektore moderatua sartzeak markatu zuen. Izan ere, sektore moderatuak, alde batetik, dirua ekarri zuen; baina, bestetik, eta ororen gainetik, posibilismoa eta operatibitate praktikoa ekarri zituen. Era horretan, aranistek eta euskalerriakoek bat egin zuten, eta sintesi horren muina ortodoxia ideologiko sabindarra izan zen. Ortodoxia horrek aldaketarik gabe iraun zuen denbora luzez, praktikari zegokion alorra sotismoari uztearen truke.
Une horretatik aurrera, kontziliazio- eta tentsio-joko bikoitz horretan oinarrituta garatu zen nazionalismoa
Ordutik eta gaur arte, azken hori izan zen EAJren sektore hegemonikoa –inoiz auzitan jarri izan bazen, 1921eko zatiketaren momentuan baizik ez zen izan–, eta haren Aranaren osteko erreferentzia nagusia Engracio de Aranzadi Kizkitza izan zen. Urte batzuk geroago, 30eko hamarkadan, sektore horretatik beste lerro bat garatu zen, oraindik ofiziala zen integrismoa zuena abiapuntu, eta bere oinarriak gerora ezagutu zen kristau-demokraziatik gertu jarri zituen. Manuel de Irujo eta, bereziki, Jose Antonio Agirre[7] lehendakaria dira lerro horren aurpegirik ezagunenak.
DISIDENTZIAK: ABERRITARRAK, EKINTZALEAK, MENDIGOIZALEAK, SOLIDARIOAK
Esan dugunez, existitzen zen nazionalismoa aranisten eta sotisten arteko konpromiso baten emaitza zen. Konpromiso hori egonkorra izan zen denbora batez, baina itzaleko tentsio bat ezkutatu zuen, zenbait momentutan eztanda egin zuena.
Lehenengo gertakaria PNV-Aberrirena izan zen 1921ean, Eusko Elkarte Abertzale ofizialarekin hautsi zuenekoa. Zatiketaren xehetasunetatik eta testuingurutik haratago, ikus dezagun bere izaera ideologikoa. Revival moduko bat izan zen, ortodoxia sabindarrari eta separatismo zorrotzari heldu ziena berriro, alderdiaren deriba posibilistaren aurka. Mugimendu horren buru Euzko Gazteditik zetorren Elias Gallastegi Gudari[8] izan zen, eta Luis Aranaren, sortzailearen anaiaren, laguntza izan zuen. Aberriren neoaranismoak aurrekoak mahaigaineratutako elementuei heldu zien berriz ere, berri batzuk gehituta. Sozialki erradikalizatu egin zen, baina kapitalismo baten gehiegikeriak gaitzestera mugatu zen; burges-txikien ulermen markoan eta kanpoko erasotzat hartuta. Dena den, dianan jarri zituen, oligarka handiak ez ezik, burges nazionalistak ere, eta haien moraltasun eza eta aberriaren batasunaren aurkako traizioa salatu zituen. Era berean, begirada zabaldu zuen Marokoko gerraren inguruan interesa jarri zuenean, eta inperialismoaren aurkako terminoetan elkartasuna adierazi zion Rifeko kausari, Espainiaren okupazioaren aurka. Ildo beretik, 1923ko Aliantza Hirukoitzaren bidez galiziar eta kataluniar nazionalistekin elkartzen saiatu zen. Hala eta guztiz ere, eraginik erabakigarriena irlandar errepublikazaletasunak[9] eta 1916ko Pazko Altxamenduko martiriek izango dute. Bigarren hori Britainiaren aldeko Eusko Elkarte Abertzaleak kondenatu egin zuen. Gallastegik Irlandako esperientziaren zati handi bat ekarri zuen, antolaketa-ereduetatik hasi eta aspektu ideologikoetaraino, Independentzia Gerraren epika iraultzailea eta armatua bere eginez, nahiz eta gero aberritarrek sekula praktikan jarri ez.
Aberriren neoaranismoak aurrekoak mahaigaineratutako elementuei heldu zien berriz ere, berri batzuk gehituta
Kontuak kontu, laster abertzaletasunaren bi familien arteko konfluentzia nagusitu zen berriro, 1930ean Aberrik eta Elkarte Nazionalistak EAJ gisa bat eginez. Doktrina-kontzesioak egiteak ekarri zuen aberritarrekiko konpromiso berriaren aurrean, Eusko Elkarte Abertzaletik etorritako sektore batek ordura arte ezagutu gabeko bilakaera ideologiko bati ekin zion, aranismoarekin erabat hautsi zuena. 1930eko Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANV) sorreraz ari gara, nahiz eta aurrekari gisa Landeta eta Ulaziaren Eusko Alderdi Abertzale Errepublikano iragankorra eduki. EAEk berrikuntza garrantzitsuak planteatu zituen[10]. Lehenengoak, akonfesionaltasunak, kausa nazionala eta integrismo erlijiosoa banandu zituen, nahiz eta militante gehienak katolikoak izan. Horrekin batera, nazioaren ikuskera liberal eta errepublikar modernoa hartu zuen. Proiektu boluntarista gisa ulertzen zuen, foru-aldarrikapena lurperatuz eta Euskadiren ikuspegi bateratua ohiko konfederalismoaren lekuan jarriz. Bitxia bada ere, EAEren espiritu liberal eta modernizatzailearekin kontraesanean, Ortueta bezalako figurak egon ziren; eta, foruen oztopoa gainditu nahian, Campionen ondora itzuli eta Nafarroako Erresuma erreferentzia historizista gisa berriz hartu zuen.
EAEk nazioaren ikuskera liberal eta errepublikar modernoa hartu zuen. Proiektu boluntarista gisa ulertzen zuen, foru-aldarrikapena lurperatuz eta Euskadiren ikuspegi bateratua ohiko konfederalismoaren lekuan jarriz
EAE alderdi errepublikar txiki moderatu bat izan zen, Espainiako alderdi ezkertiarrekin aliatzeko joera zuena, bide estatutista aztertzearen aldekoa izaki. Ekintzaleek, bereziki, hiriko klase ertaineko jendea izan zuten inguruan, baina gero eta bertako proletario gehiago batu zitzaizkien, eta lehenbizikoz etorkinei ere ireki zitzaizkien. Minimo errepublikar batzuen baitan, liberalen eta handitzen ari zen langile sektorearen arteko lerro-borroka garatu zen. Lehia horren ostean, fundatzaile askok alderdia utzi zuten. EAEk 1936an programa independentista eta sozialista hartu zuen, baina ez iraultzailea, ezta marxista ere, eta Euskal Alderdi Laborista bihurtzeko proiektua zuen.
EAJn eztabaida piztu zen berriz sabindar ortodoxoekin, eta berriro ere Gallastegiren zuzendaritza pean gertatu zen hori. Orduan, aranistek aberritarren garaian baino indar erlatibo txikiagoa izan zuten, eta nazionalismo ofizialaren aurrean isolatuta geratu ziren, baina 1934an harekiko behin betiko haustura ekarri zuen determinazio handiagoa erakutsi zuten, inoiz alderdi bihurtu ez ziren arren. Bizkaiko Mendigoizale Batza eta sektore horri izena eman zion Jagi-Jagi astekariaren inguruan bildu ziren[11]. Bertan, mendigoizaleek euren tesiak aurkeztu zituzten, eta Aberriren planteamendu kristau sozializatzaileak garatu. Hasiera batean, Gudariren eskutik etorri ziren proposamen horiek, eta beranduago Trifon Etxeberria Etarte-ren[12] edo Manu de la Sota Txanka-ren eskutik, zeina antimaketismoa gainditzeko ahaleginean aritu zen. Beren antiespainolismoarekin koherentzian planteatu zuten berrikuntza estrategikoa euskal indarrek soilik osatutako Fronte Nazional independentista izan zen, behin eta berriz porrot egin zuena.
Doktrinari dagokionean, alde garrantzitsua egon zen errepublikanismo ekintzalearen eta aranismo mendigoizalearen artean, eta, hori, erlijioaren edo nazioaren arloan nabarmendu zen gehienbat. Halaber, biak izan ziren nazionalismoaren oinarrien barruko gizarte-polarizazioaren isla, eta sektore proletarizatuak gailentzen hasi ziren. Jakina, ez zuten jarrera klasistekin egin, jarrera burges-txikiekin baizik. Euren antikapitalismoak klase-borroka gainditu eta harmonizatu nahi izan zuen, eta independentzia nazionala jabetza txikian oinarritutako justizia sozial batekin erlazionatu zuten. Agintari burges nazionalistekiko subordinazio eza Eusko Langileen Elkartasunean (ELA) ere gertatu zen zerbait da –bi prozesuek elkar elikatu zuten–, eta sektore obreristagoak izaera propioa hartzen hasi ziren solidarioen artean[13].
Diferentziak alde batera utzita, antzeko garaian, paraleloki eta ez kasualitatez, beste indar batzuk ibili ziren nazionalismoaren unibertsoaz haratago. Komunismoaren agerpenaz ari gara. Errusiako Iraultzaren garaipena eta boltxebikeek zapaldutako herriak askatu izana faktore erakargarriak izan ziren nazionalista askorentzat, eta, horregatik, ez da zentzugabea eragin nahiko zuzen gisa planteatzea[14]. Beste kontu bat izan zen, euskal nazio auziari zegokionez, langile mugimendu sozialista eta anarkistak zuten sektarismo historikoaren gaindipena –eta horren ifrentzua, aranisten nazionalismoaren antisozialismo erasokorra–, nahiz eta euskal komunismo gaztea aitzindaria izan saiakera horretan, bai teorian, bai praktikan[15]. Hori auzi konplexu eta zirraragarria da inondik ere, baina korronte nazionalista historikoen laburpena xede duen idatzi honetan ez dugu tarterik gai hori jorratzeko.
HAUSTURAK ETA JARRAIKORTASUNAK
Ikusi dugunez, euskal nazionalismoaren historia kontraesankorra da; tentsioen eta adiskidetzeen arteko kontakizun bat, hausturen eta jarraitutasunen artekoa. Dena dela, nazionalismo historikoaren ezaugarria da gauza orok jatorrizko doktrinaren inguruan bueltak ematen dituela, izan onerako ala txarrerako. Dela mugimenduari gorputz ideologikoa emateko; dela doktrina hori beste helburu batzuetarako instrumentalizatzeko; dela behin eta berriz abiapuntura itzultzeko, berrikuntzak berrikuntza; edo, azken buruan, hura gainditzen saiatzeko. Nazionalismoaren joeren bilakaera ideologikoen atzean, jakina, aldaketa sozialak egon ziren. Baina, harrigarria bada ere, hasierako doktrina horren bitartez gertatu ziren ia beti, nahiz eta aldiro momentuko interes partzial jakin batzuetarako balio izan. Anakronikoa dirudien arren, begi bistakoa da ez zela berrikuntza isolatu bat izan, diskurtso igualitaristen edo foruzaleen genealogia luzea ezagututa.
Nazionalismo historikoaren ezaugarria da gauza orok jatorrizko doktrinaren inguruan bueltak ematen dituela, izan onerako ala txarrerako
Espainiako Gerra Zibilak markatu zuen garai horren amaiera, hura euskal lurretara iritsi izanak, zehazki –horri lotutako historiografia guztia ikusi besterik ez dago–. Horrek eten handia ekarri zuen aurreko joerekiko, batez ere, disidentzien kasuan. Izan ere, aurrez ahulak baziren ere, erbesteak eta diktadurak kinka larrian jarri zituen, eta haien garapena eten egin zen. EAJren nazionalismo ofizialaren kasuan, haren antolaketak zuen egonkortasunak eta hegemonia luzeak bermatu zuten jarraipen hori. Egiari zor, hamarkada batzuk geroago ETAk gorpuztuko zuen nazionalismo berriaren agertzea; hein handi batean, hegemonia horren ukazioaren[16] ondorio izango zen. Belaunaldien arteko arrakala eta kontaktu urriak –batzuk egon ziren, Gallastegi eta Etxebarrietaren arteko lotura mitikoa, kasu– ordezkatu egin ziren, erreferentzia berrien bilaketarekin. Horrek, ordea, ez du esan nahi errepikatzen zen elementurik ez zegoenik. Berez, nahiz eta oharkabean izan, hainbat elementu errepikatu ziren. Antolamendua eta ideologia jarraitutasuna, beraz, ez dira sinonimoak.
Disidentzien kasuan, aurrez ahulak baziren ere, erbesteak eta diktadurak kinka larrian jarri zituen, eta haien garapena eten egin zen
Gaur egunera arte jauzi eginez gero, gauza asko gertatu direla ikus daiteke. Zalantzarik gabe, gizartea aldatu egin da eta nazionalismoa ere bai. Nazionalismo iraultzailearen sorrera, garapena eta gainbehera, tarteko. Hori horrela izanagatik, gaur-gaurkoz, diskurtso nazionalistetan –ofizialak nahiz ez oso ofizialak– behin eta berriz azaleratzen diren garai bateko elementuak ikus ditzakegu. Immigrazioaren gaitzespena, historizismora jotzea edo euskal kapitalismo justu baten balizkotasuna dira horietako batzuk. Historiari erreparatzen badiogu, honezkero ia dena asmatuta dagoela konturatuko gara.
BIBLIOGRAFIA
[1] LÍNEA PROLETARIA. «El ciclo político de la revolución burguesa española (1808-1874)». Línea Proletaria (3), 19-44, 2018.
[2] DÍEZ MEDRANO, Juan. Naciones divididas. Clase, política y nacionalismos en el País Vasco y Cataluña. Centro de Investigaciones Sociológicas, Madrid, 1999.
[3] BELTZA. Del carlismo al nacionalismo burgués. Txertoa, Donostia, 1978.
[4] ERIZE ETXEGARAI, Xabier. Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa. 1863-1936. Nafarroako Gobernua, Iruñea, 1997.
[5] MADARIAGA ORBEA, Juan. Apologistas y detractores de la lengua vasca. FEDHAV, Donostia, 2008.
[6] OTAZU LLANA, Alfonso De. El «igualitarismo» vasco: mito y realidad. Txertoa, Donostia, 1973.
[7] GOIOGANA, Iñaki. «¡Por la civilización cristiana! ¡Por la libertad de la patria! ¡Por la justicia social!» Hermes: pentsamendu eta historia aldizkaria (33), 46-59, 2010.
[8] LORENZO DE ESPINOSA, José Mª. Gudari: una pasión útil. Txalaparta, Tafalla, 1992.
[9] LOREZNO DE ESPINOSA, José Mª. «Influencia del nacionalismo irlandés en el nacionalismo vasco. 1916-1936». XI Congreso de Estudios Vascos. Nuevas formulaciones culturales: Euskal Herria y Europa, 239-247, 1991.
[10] RENOBALES, Eduardo. ANV, el otro nacionalismo. Txalaparta, Tafalla, 2005.
[11] RENOBALES, Eduardo. Jagi-Jagi, historia del independentismo vasco. Ahaztuak 1936-1977, Bilbo, 2010.
[12] LORENZO DE ESPINOSA, J.M. y RENOBALES, E.. Trifón Etxebarria ‘Etarte’. 1912-1998. Biografía de un abertzale. Consultado en: https://borrokagaraia.files.wordpress.com/2013/02/etarte-jmle.pdf
[13] ANSEL, Darío. ELA en la Segunda República: evolución sindicalista de una organización obrera. Txalaparta, Tafalla, 2011.
[14] DÍAZ ALONSO, Diego. Disputar las banderas. Los comunistas, España y las cuestiones nacionales (1921-1982). Ediciones Trea, Gijón, 2019.
[15] ELORZA, Antonio. “Cuestión nacional y clase obrera en Euskadi. Análisis de un conflicto histórico”. IPES ikastaroak, formazio koadernoak (1), 45-53, 1980.
[16] BELTZA. El nacionalismo vasco en el exilio. 1937-1960. Txertoa, Donostia, 1977.
BIBLIOGRAFIA OROKORRA
BELTZA. El nacionalismo vasco. 1876-1936. Txertoa, Donostia, 1974.
ELORZA, Antonio. Ideologías del nacionalismo vasco, 1876-1937. De los euskaros a Jagi-Jagi. Haranburu, Donostia, 1978.
IPES. Nacionalismo y socialismo en Euskadi. IPES, Bilbo, 1984.
LETAMENDIA, Francisco. Historia de Euskadi, el nacionalismo vasco y ETA. Ruedo Ibérico, París, 1975.
DE PABLO, S.; DE LA GRANJA, J.L.; MEES, L.; CASQUETE, J. (coord.). Diccionario ilustrado de símbolos del nacionalismo vasco. Tecnos, Madrid, 2012.
HEMEN ARGITARATUA