ARGAZKIA / Laia Blasco
Maitane Urkola
2023/03/04

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldarriak hainbat forma eta norabide politiko eduki ditu historian zehar, modu labur batean azalduz, feminismoaren historia hausturetan oinarritutakoa delako. Hots, feminismoak ez du historia linealik izan, baina feminismoa garai ezberdinetan komunean izandako zenbait elementuk osatzen dutela esan genezake. Horien artean, aipagarrienetako bat interklasismoa da, hau da, emakume guztiek aldarrikapen berak eta interes komunak dauzkatelako ilusioa, betiere klase jabeduneko emakumeei mesede egiten diena. Ikuspegi hori izan da emakume komunistok duela hamarkada askotatik kritikatu izan duguna. Baina testu honen objektua koiunturala denez, errepaso historikoak albo batera utzi eta egun ezagutzen den feminismoaren politikak ezaugarritzen saiatuko naiz.

Hamarkada batzuetatik hona, bai Euskal Herrian, bai Mendebaldeko munduan oro har, gizakiok zapalkuntza anizkoitzak jasaten ditugula esaten duten teoriak indartu dira –intersekzionalitatearen kontzeptupean bildu daitezkeenak–. Teoria horien oinarrian norbanako bakoitza aldi berean zapaltzaile eta zapaldu izan daitekeelako ideia definitzen da. Adibidez, pertsona bat emakume izateagatik zapaldua egon daiteke, eta, era berean, zapaltzaile izan zuria delako. Zapalkuntza horien parekotzat hartzen da klase harremana ere. Modu horretara, emakume langile eta burgesek komunean duten oinarri zapaltzaile bat, eta, ondorioz, helburu eta borroka politiko bat agertzen da, emakume guztiok berdinak bagina eta zapalkuntza modu berean jasango bagenu bezala islatzen duena. Horrek emakume langileok eta burgesak burkide bihurtzen gaitu ahizpatasun terminoaren baitan. Kasu horretan, emakume guztiok norabide politiko berbera izango genuke gure askapenerako borrokan. Ideia horrek, ordea, entzungor egiten die emakume langileok bizi ditugun problematikei, besteak beste, emakume burgesen edo klase ertaineko emakumeen problematikak ez direlako emakume langileon berberak (besteak beste soldata baxuak edukitzea, hilaren amaierara iristeko zailtasunak, instituzioekiko dependentzia ekonomikoa, indarkeriaren normalizazioa eta handitzea, prostituzioa edota zaintza lanen ardura osoa). Azken urteotan ikusi izan dugun moduan, emakumeon antolakuntza unibertsal abstraktuaren baitan, ez dute lekurik emakume langileon aldarrikapenek. Ondorioz, emakume langileok bitarteko propioak behar ditugu gure aldarrikapenak gauzatzeko.

Horrek emakume langileok eta burgesak burkide bihurtzen gaitu ahizpatasun terminoaren baitan. Kasu horretan, emakume guztiok norabide politiko berbera izango genuke gure askapenerako borrokan. Ideia horrek, ordea, entzungor egiten die emakume langileok bizi ditugun problematikei, besteak beste, emakume burgesen edo klase ertaineko emakumeen problematikak ez direlako emakume langileon berberak

Artikulu honetan Euskal Herrian baina bereziki Espainiako Estatuan feminismoak zer forma hartu duen, ideia feministen hazkundeak gizartean zer eragin izan duen eta politika feministek instituzioetan zer hutsune dituzten azaltzen saiatuko naiz.

1. FEMINISMOAREN GORAKADAREN ZENBAIT GAKO

2010. urtearen bueltan, Espainiako Estatua aldaketa sozial eta politiko garai batean zegoen. 2008an hasitako atzeraldi ekonomikoak ondorio gogorrak izan zituen Espainiako Estatuan, eta, gainera, agerian geratu ziren estatuak krisi ekonomiko horri erantzuteko zituen ezintasun ekonomikoak. PP eta PSOEren arteko gobernantzaren alderdi-bitasuna krisi politiko batean sartuta zegoen, ordura arteko gobernu ereduak aurkakotasun handia eragin baitzuen. Testuinguru horretan sortu zen 15-M izenez ezagun egin zen mugimendua, eta, mugimendu entzutetsua izan bazen ere, pixkanaka-pixkanaka itzaltzen joan zen, nahiz eta bertatik mugimendu sozialetako hainbat eragile sortu, Kaleratzeak stop! adibidez. Orokorrean, mugimendu horiek guztiek forma politiko instituzionala hartu zuten. Hasieran eduki zezakeen izaera iraultzailea albo batean utzi, eta zenbaitek programa politiko elektorala sortzeko erabili zuten, geroago Podemosen gorpuztuko zena. Programa feministak[1] zentralitate handia hartu du ordutik alderdi horretan. Garai horretan, Euskal Herrian Ezker Abertzalea estrategia politikoaren aldaketa gorpuzten ari zen, eta instituzioetan indar handiagoa edukitzeko estrategia garatzen. Horretarako, zenbait praktika eta oinarri politiko bazterrera bota zituen, eta, bitartean, kutsu populista zuten beste zenbait hauspotu zituen, hala nola feminismoa, momentu horretan indar handia hartzen ari zen mugimendua baitzen.

Feminismoaren gorakadak hainbat ertz izan ditu, baina artikuluaren helburua momentuko politika feministak aztertzea denez, feminismoaren gorakadari lotutako bi gako aipagarri azalduko ditut: abortu eskubidea defendatzeko mobilizazio jendetsuak eta Martxoaren 8ko greba feministak. Abortu eskubideari dagokionez, 2010ean PPk errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean PSOEren gobernuak onartutako abortuaren legearen[2] proposamenaren aurka. 2011n PPk Espainiako Gobernuko hauteskunde orokorrak irabaztearekin batera, abortuaren legean atzerapausoak zekartzan aurreproiektu bat proposatu zuen. Garai hartan, PPren lege proposamenaren aurrean mobilizazio jendetsuak egin ziren Espainiako Estatuko hiri askotan, eta Euskal Herrian ere garrantzi handia hartu zuten mobilizazio horiek. Presio soziala medio, lege proposamena atzera botatzea lortu zen. Abortua defendatzeko borroka-mobilizazio horien bitartez, handituz joan zen feminismoaren ideiekiko atxikimendua. Testuinguru sozial horretatik tiraka eta munduko hainbat eta hainbat herrialderekin batera, Martxoaren 8ak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, eta urte batzuen buruan greba feministetarako deialdiak egin ziren. Greba feministaren bitartez, emakumeok egiten dugun lan bikoitza –soldatapeko lana eta zaintza lana– seinalatu eta esparru bakoitzeko lan eta bizi baldintza txarrak salatu nahi izan ziren, emakumeok gure jarduna geldituz gero gizartea geratzen dela adieraziz. Mobilizazio edo dinamika politiko horiek eta bestelako gertakari soziopolitiko batzuek eragin handia izan zuten munduko herrialde askotan, baita Euskal Herrian ere. Ordutik, apurka-apurka ideologia feminista zentzuaren parte bilakatzen joan da.

Feminismoaren ideien zabalpenak, era berean, eragina izan du instituzioetan, batetik, feminismoak berak instituzio kapitalistak aldaketarako tresna gisa ulertzen dituelako, eta, bestetik, instituzioek berenganatu ditzaketen aldarrikapenak beren gain hartzen dituztelako. Modu horretan, feminismoaren ideiak zabaldu egin dira zenbait esparrutan: administrazio publikoak, komunikabideak, hezkuntza, alderdi politikoak, enpresak, etab. Bestela esanda, emakumeon zapalkuntza egiturazkoa dela dioen ideia erabili dute, ez zapalkuntza erreproduzitzen duen sistema deseraikitzeko, baizik eta sistemaren esfera guztiak feminismoz bustitzeko. 

Feminismoaren ideien zabalpenak eragina izan du instituzioetan, batetik, feminismoak berak instituzio kapitalistak aldaketarako tresna gisa ulertzen dituelako, eta, bestetik, instituzioek berenganatu ditzaketen aldarrikapenak beren gain hartzen dituztelako

Argi geratu da, aldiz, instituzio horiek guztiek proposatzen dituzten politika horiek bide laburra dutela, bi arrazoi direla medio. Alde batetik, ustez gizartearen gehiengoak ideia matxistak baztertzen baditu ere, errealitatean praktika matxistak erreproduzitzen jarraitzen dute, eta, beste aldetik, nahiz eta politika publiko feminista indartsuagoak egon, emakume langileok zapalduta jarraitzen dugu, bizi dugun krisi testuinguruan are egoera okerragoan, gainera. Instituzioen eta askotariko merkatuen esparruan, feminismoaren aldeko apustua egin da. Horrekin lotuta, aipatzekoa da enpresa askok eta askok feminismoa etekin ekonomikoak handitzeko erabili dutela, berdintasun kuotak betetzeak dakartzan dirulaguntzak jasoz edota, emakumeak kontratatzeak egin beharreko inbertsioetan dirua aurrezteko aukera eman dielako (lan harreman malgu eta merkeagoa garelako, esaterako).

Orain arte esandakoa laburbilduz, feminismoaren mobilizazio-gaitasunak mundu mailan ideia feministak zabaltzea eta atxikipen ideologikoa lortzea eragin du; gainera, horrek feminismoaren instituzionalizazioa erraztu du, eta horren adibide dira politika feministak aplikatzea, salaketa instituzionalak gauzatzea edota kanpaina politiko feministak egitea, besteak beste. Ordea, hori guztia gertatu bitartean emakume langileon egoerak okerrera egin du.

2. ESTRATEGIA FEMINISTAREN OINARRI NAGUSIAK

Azken hamarkadatik hona mugimendu sozialetan feminismoaren aitortza eta borroka erdigunean egon dira, eta, aipatu bezala, feminismoak jendartearen gehiengo baten babesa lortu du. Onarpen sozial hori Martxoaren 8an ikus dezakegu, adibidez. Horrez gain, aldarrikapen feministak mahai gainean jartzeko mobilizazio edota kanpaina politikoak egiten dira: zenbait kasutan problematika koiunturalari erantzuteko (indarkeria matxista kasuak, emakumeon aurkako jazarpen laborala…) eta beste zenbait kasutan, berriz, emakumeon egiturazko problematikei erantzuteko (zaintza lanak, lan prekarioak…). Emakumearen problematiken aurrean politika feministak proposatu dira: zaintza publiko komunitarioa, lan feminizatuen aitortza eta prekarietatearekin amaitzea, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak garatzea, etab. Aldarrikapen horiek eta gehiago egikaritzeko norabide estrategiko bat dute: estatugintza feminista. Gaur egun ezagutzen dugun estatu egituraren eraldaketa feminista proposatzen dute, eta hori lortzeko gobernuko politikek oinarri feministak edukitzea edota emakumeak erabakiguneetan egotea proposatzen dute –«kristalezko sabaia» apurtzea–. Hori ikus dezakegu, esaterako, Emakundek aurtengo Martxoaren 8rako egindako kanpainan: «Emakumeak gora!» lelopean, erabaki postuetan emakume gehiago egon daitezen aldarrikatu du.

Aldarrikapen horiek eta gehiago egikaritzeko norabide estrategiko bat dute: estatugintza feminista. Gaur egun ezagutzen dugun estatu egituraren eraldaketa feminista proposatzen dute, eta hori lortzeko gobernuko politikek oinarri feministak edukitzea edota emakumeak erabakiguneetan egotea proposatzen dute

Estatugintza feministaren bitartez, ezinezkoa da emakume langilea askatzea, baldin eta ez bada gainditzen gizarte kapitalista bere osotasunean eta estatua bera gaur egun ezagutzen dugun logikan. Izan ere, diruak, eta, beraz, elite ekonomikoek baldintzak jartzen dituzten gizarte honetan, ezinezkoa da amaitzea emakumeon salerosketarekin, etxeko langileen edo langile egoiliarren esplotazio basatiarekin, emakumearen sexualizazioarekin eta prostituzioarekin eta zaintzaren ardurarekin. Gizarte kapitalistan erabaki politiko, sozial eta ekonomikoak estatutik harago hartzen dira, estatua eta haren politikak Europako Banku Zentralaren edota oligarkia finantzarioen bidez finantzatzen baitira, eta, ondorioz, diruaren jabe den horrek hartzen baititu erabakiak. Zaintzaren arazoa horren adibideetako bat da; gero eta gizarte zaharrago baten aurrean gaude, eta horrek berarekin dakar zaintza lanen beharra handiagoa izatea. Jadanik, «zilarrezko ekonomia»[3] izenez ezagun egin den merkatu berri bat martxan jarri dute: zaharrak «zaintzeagatik» gero eta diru gehiago ateratzeko merkatu berri bat. Oligarkiak merkatuak gizartearen beharretara egokitzeko derrigortasuna du, eta, momentu honetan, negozio eskola eta enpresari handiak buru-belarri ari dira «zilarrezko ekonomiaren» proiektuan lanean. Beraz, zaintza publikoak ezin du guztiontzat bermatu kalitatezkoa eta doakoa izango den zerbitzurik. Estatuak ez du nahikoa bitartekorik guztiontzat kalitatezko zerbitzuak bermatzeko, besteak beste, haurtzaindegien, jantokien edota osasunaren esparruetan, hau da, nahi izanda ere ezingo luke halakorik bermatu. Estatuak ez du zaintza zerbitzu horietan diru gehiago inbertituko, estatuaren diru-inbertsioa estatua bera kudeatzen duten alderdi eta enpresen klase-posizioa mantentzeko dauden aukeren araberakoa baita. Horregatik, krisi garaian, beharrezkoak dira murrizketa eta pribatizazioak klase jabedunen etekin ekonomikoak mantentzeko.

Ikusi bezala, proposamen feministaren idealismo maila oso handia da. Ideia horri jarraikiz, esan genezake publikoa den hori ez dela agente sozial bat: momentuko finantziazio eta interes politikoen menpeko denez gero, ez dago herritarron mesedera. Norabide berean aztertu genezake ezker mugimenduek eta feminismoak (baita egun gobernuaren parte den Podemosek ere) aldarrikatzen duten zaintza publiko komunitarioa. Proposamen horrek, batetik, zerbitzu publikoak indartzea eskatzen du, eta, bestetik, zaintza lanen birbanaketarako sare herritarrak sortzea, gertuagoko instituzioekin koordinazioa izango luketenak (udalekin, esaterako). Aldiz, bizitzeko beharrezko ditugun zerbitzu horien egiturazko antolaketa aldatu gabe, hau da, gizartea antolatzen duten harreman sozial eta ekonomikoen eraldaketarik gabe, sare herritar horiek administrazioaren hutsuneak betetzera mugatzen dira. Horrela, zaintzaren problematikari ez zaio amaierarik ematen: estatuaren borondate eta gaitasunen araberakoa izango da zerbitzu horien bermea, kalitatea eta langileen egoera. Eta, era berean, sare herritar horiek estatuaren aurpegia garbitzeko balio duten asistentzia-lanetara mugatuko dute beren jarduna, eta agerian dauden sistemaren kontraesanak eta kaleko grina politikoa apalduko ditu.

Estatuaren eraldaketa feministaz gain, herritarron kontzientziazioa eta lan pedagogikoa ere bultzatzen dute proposamenok; Podemosek bere programa politikoan[4] horretarako gakoak ere aurkeztu ditu. Proposamen ideologiko horren helburua, alde batetik, norbanakoa askatasunez garatzeko tresnak eskaintzea da, eta, beste aldetik, matxismoan oinarritutako gizartea gainditzea norbanakoen kontzientziazioaren bitartez: emakumeon ahalduntzea eta gizonen deseraikuntza. Proposamen horrek hutsune batzuk ditu, kontuan hartuta norbanakoaren aldaketa indibiduala erabat lotuta dagoela gizartearen antolaketara, eta, beraz, ezin dugula norbanakoaren eraldaketa bermatu jarrera matxistak erreproduzitzera garamatzaten harreman sozialak gainditu gabe. Hemen aipagarria da gazteon artean biolentzian eta kontrolean oinarritutako harremanak ugaritzen ari direla. Horrez gain, proposamen horrek emakumeon eta gizonen izatea naturalizatzen du, esentzialismora eramanaz, eta emakumeok ditugun balioak, beren horretan, mantendu beharreko eta goretsi beharreko balio moduan lantzen ditu. Horren aurrean, bestelako jokabide politiko askatzaile bat eraiki behar dugu: besteekiko errespetuan oinarritzen dena, guztion ongizatea lehenesten duena, zapalkuntzak onartuko ez dituena, etab. Horretarako, ezinbestekoa izango da oinarri etiko berri batzuk eraikitzea, jarrera horiek guztiak betikotzen dituzten harreman sozialak deseraikitzearekin batera.

3. PROGRAMA FEMINISTA ESTATU KAPITALISTAREN BAITAN

Programa feminista egikaritzeko asmotan dabil Podemos alderdia Espainiako Gobernuan. Behin eta berriro esan dute PSOEk eta Podemosek «inoizko gobernurik aurrerakoiena» osatzen dutela, eta, hori berresteko, legealdi honetan onartutako lege feministak mahaigaineratu dituzte. Programa feministaren aplikazioak bi eginkizun ditu; lehena, beste esparruetan onartzen ari diren lege atzerakoi eta autoritarioak ezkutatzea: Mozal Legea ez ukitzea, lapurretengatik espetxeratzeko aukera eragin duen Zigor Kodearen erreforma onartzea, okupazioa oraindik eta gehiago kriminalizatzea, indar polizial eta militarren soldatak igotzea, etab. Eta, bigarrena, jendearen haserrea eta kaleko mobilizazioak otzantzea hein batean langilearen aurkakoak diren neurri gogorrak ezkutatuz eta ustez emakumeontzat beharrezkoak diren legeak hauspotuz. Baina emakume langileon bizi baldintzak pobretzen ari diren honetan, gure bizi baldintzak kriminalizatzen ari da estatua. Beraz, zein emakumeren interesak ari dira defendatzen? Emakume langileon egoeraz arduratzen al dira?

Era berean, legealdi honetan ikusi dugu, nahiz eta ustez emakume langileon hobekuntza ekarriko zuketen lege proposamenak onartu edo proposatu diren, neurri horiek ezerezean gelditzen direla horien gaineko kontrol erreala aplikatzen ez bada. Adibidez, haurdunaldi subrogatua legez onartuta ez egon arren, Espainiako Estatutik[5] milaka pertsona joaten dira Europa ekialdera, Estatu Batuetara edo beste edozein herrialdetara haur bila. Bizi baldintza txarrak dituzten emakumeen egoeraz baliatzen dira, haurdunaldirako emakume horien gorputza erabiliz eta ondoren haurrak kenduz. Norbanakoaren nahia edo desira ezin dira emakume langileon gorputza esplotatzeko aitzakia izan, inondik inora ezin baita justifikatu emakumeon gorputzak modu horretara zapaltzea. Eta egoera hori bera ikusi da ikasturte honen hasieran onartu den etxeko langileen[6] erreformarekin. Urte askotako borrokaren ostean, etxeko langileen lan erregimena aldatzea lortu da, eta, harekin, etxeko langileen lan erregimena beste langileen lan erregimenarekin parekatu da, gainerako langileen eskubideak izan ditzaten, besteak beste langabezia izateko eskubidea. Legeak berak etxeko langileentzat onura formalak ekarri baditu ere, errealitatea bestelakoa ari da izaten. ATH-ELE elkarteak aurkeztutako 2022ko estatistiketan[7], eurengana jo duten etxeko langileen % 97 ez dira gutxieneko soldatara iristen, erdiek ez dute deskantsurako denborarik izaten, gauean ere lana egin behar izaten baitute, eta, hori gutxi balitz, hamar etxeko langiletik lau paperik gabeak dira, hau da, bizi eta lan baldintza zaurgarriak dituzte. Gainera, langabeziarako eskubidea onartu bazen ere, urtebete atzeratuko zela esan, eta betekizun moduan gizarte segurantzan alta emanda egotea jarri zuten, jakinik legezko paperak eduki gabe hori ezinezkoa dela. Etxeko langileen kasuan, beren lana eta kontratuak kontrolatzea oso zail bihurtzen da, langile asko eta asko egoera zaurgarrian daudelako, oso lan isolatuak direlako eta lan baldintzak ikertzea ia ezinezkoa bihurtzen delako. Beraz, legea bezain garrantzitsua da legea betetzen dela eta etxeko langileen lan baldintzak hobetzen direla bermatzeko mekanismoak jartzea. Baina Espainiako Gobernuak legea bere horretan utzi du, inolako kontrolik gabe, eta hor argi gelditzen da lege horren onarpena gobernuaren aurpegi zuriketarako erabili zela. Emakumeek egoera txarrean lanean jarraitzen duten bitartean, enplegu agentziek gero eta irabazi handiagoak jasotzen jarraitzen dute emakumeak esplotatuz.

Emakumeek egoera txarrean lanean jarraitzen duten bitartean, enplegu agentziek gero eta irabazi handiagoak jasotzen jarraitzen dute emakumeak esplotatuz

Aipatu bezala, koalizio gobernuak proposatu eta onartu dituen legeek muga ekonomiko-politikoak bistarazi dituzte, besteak beste agerian utziz instituzioek proposatzen dituzten politikek ez dutela emakume langileon emantzipazioa ekarriko. Esandako horren arrazoiak hainbat dira: legea jarri edo kentzeko erraztasuna (legea momentuko gobernuaren borondate politikoaren esku dagoenez, gobernu aldaketa batek aurretik onartutako lege bat atzera bota dezake); legearen onarpenak oztopo kulturalak eduki ditzake (legeak paperean aurrerapausoak ekarrita ere, zapaldutako subjektuengan «presio» kulturalak bere horretan jarrai dezake); legearen aurrean emakume guztiok ez ginateke berdinak (dirurik edo paperik eduki gabe, legeak ez dizu inongo mesederik egingo); eta, azkenik, legeak estatuak duen gaitasun ekonomikoaren menpekoak lirateke, eta beraz, onartu nahi diren neurri asko ezinezko bihurtzen dira ekonomikoki.

Otsailean onartutako abortuaren legearekin[8], argi ikus ditzakegu jarraian aipatuko ditugun zenbait puntu. Abortuak zama kultural handia izan du, eta emakumeongan jarri da zama guztia. Nahiz eta 16 urteko neskek beren guraso edo tutoreen onarpenik gabe abortatzeko aukera izatea lortu, abortuaren aurkako jarrera horiek beren horretan jarraitzen dute. Beraz, emakumeok inongo «zama moralik gabe» abortatzeko aukera izatea da lortu behar duguna, eta, horretarako, beharrezkoa da, besteak beste, propaganda antiabortistari aurre egitea, emakumeon aurkako eraso larriak baitira horiek. Horrez gain, lege horrek ez ditu aukera berdinak eskaintzen emakume guztiontzat, osasungintzarako sarbiderik ez duenak abortatzeko eskubiderik ere ez baitu edukiko, eta, hortaz, haien abortatzeko aukera bakarra modu irregularrean eta bizia arriskuan jarriz izango baita. Guztiok abortu doako eta kalitatezkoa edukitzeko bermeak izan arte, ezinezkoa izango da emakume guztiok aborturako aukera erreala edukitzea.

Parlamentuko zirkuaren parte bihurtu dute lege proposamen bakoitza. Eztabaidaren edo kritikaren atzean ez da egon emakume langileon bizi baldintzak hobetzeko nahirik edo interesik. Alderdi politikoen arteko ika-mikara mugatu dira, nork babes sozial handiagoa eskuratu baitzen helburua. «Soilik baietz da baietz»[9] legearekin ikusi dugu alderdi politiko bakoitzak legea kanpaina politikoa egiteko erabili duela, eta horren adibide dugu, presio politiko-sozialaren ondorioz PSOEk «Soilik baietz da baietz» legea aldatzeko hautua egin izana. Lege horren bitartez, indarkeria matxista eguneratu dute, batez ere, gaur egungo indarkeria matxistaren egoera eta kasu berriak txertatuz. Irene Monterok lege horren bitartez emakumearen borondatea jarri nahi izan du zentroan; kultura sexualak onarpenean oinarritua egon behar duela defendatu du, eta onarpen horrek askea eta argi eta garbi adierazia izan behar duela. Horrez gain, sexu-biolentziaren baitan kokatu ditu erasoak. Horrek erasoen aurkako erantzunaren inguruko eztabaida mahaigaineratu du: zigortzailea edo prebentziozkoa. Berdintasun ministroak lan pedagogikoa egitearen hautua egin du, hau da, gizartearen eta norbanakoaren eraldaketan jarri du fokua. Baina gizartean emakumeon gorputza sexualizatu eta forma ezberdinetako indarkeria matxista behin eta berriz erreproduzitzen bada (komunikabideetan, bideojokoetan, telesailetan, realityetan, etab.), nola lortuko dugu erasotzaileak gizarte matxista honetan bergizarteratzea? Alderdi eskuindarrek, berriz, eredu zigortzailearen alde egin dute, erasotzaileak kartzelan egotearen beharra azpimarratuz. Proposamen guztiz klasista da hori; izan ere, zigorraren gogortasuna bakoitzak duen aberastasunaren ondorio izango da, eta dirua duena kartzelatik libratuko da. Alderdi eskuindarrek lege proposamen hori gobernua ahultzeko eta ideia erreakzionarioak zabaltzeko erabili dute. Ordea, zirku mediatikotik harago, beharrezkoa da gaur egunean indarkeria matxistak dituen ezaugarriak ondo identifikatzea, gazteengan indarkeriaren normalizazioa zertan datzan definitzea, erasoa jasan duenari babes emozional, juridiko eta ekonomikoak eskaintzea eta erasotzaileak inpunitaterik ez edukitzea. Eraso bakoitzaren erantzunak hurrengo erasoekiko aurrekari moduan jokatu behar du, eta eraso bakoitzari eta erasotzaile guztiei erantzun behar diegu. Beraz, indarkeria matxista normalizatzen eta betikotzen duten oinarri kultural eta ekonomikoak gainditu behar ditugu, eta horra bidean erasoak gelditzeko bitarteko eraginkorrak sortu.

Azken urteetan pandemiak sortutako testuinguru eta atzeraldi ekonomikoaren aurrean, Espainiako Gobernuak ezintasun nabarmena izan du gizarteko problematikei aurre egiteko, eta gizartean politika instituzionalaren aurkako jarrera orokorra egon da. Hori ikusita, eskuinak babes politikoa irabaz dezake, eta, beraz, datozen hauteskundeetan eskuina, ultraeskuinaren babesarekin, gobernura irits daiteke –Espainiako Gobernuan joera hori ikusi izan dugu, baita Italian eta Frantzian ere–. Gobernu aldaketak atzera bota ditzake orain arte dekretuz onartu diren legeak eta zenbait kasutan aurrerapausoak ekarri dituztenak. Egoeraren analisia egitean, eztabaidaren muinak ezin du izan ezkerreko edo eskuineko gobernu bat eduki behar ote dugun. Aurrerapauso errealak egiteko eta guztion ongizatea bermatuta egongo den eszenatoki bat gorpuzteko gizarte antolaketa berri bat eraiki behar dugu.

Egoeraren analisia egitean, eztabaidaren muinak ezin du izan ezkerreko edo eskuineko gobernu bat eduki behar ote dugun. Aurrerapauso errealak egiteko eta guztion ongizatea bermatuta egongo den eszenatoki bat gorpuzteko gizarte antolaketa berri bat eraiki behar dugu

4. EMAKUME LANGILEON EMANTZIPAZIOA ESTRATEGIA SOZIALISTAREN BAITAN ULERTZEAREN BEHARRA

Krisi testuinguru honetan, non proletarizazio prozesua jasaten ari baikara, guztion bizi baldintzak nabarmen ari dira okertzen. Konkretuki, subjektibitate zapalduak oraindik eta egoera gogorragoak ari gara bizitzen, emakume langileok esaterako: oraindik eta okerragoak bihurtzen ari diren lan baldintzak, biolentziaren normalizazioa eta areagotzea, eskubide politikoen urratzea, emakumeon gorputzak objektu sexual bilakatzea, etab., burgesiak bere irabaziak mantentzeko beharrezkoa baitu ofentsiba ekonomiko- kulturala eta politikoa.

Ikusi dugun bezala, instituzioetatik ezer gutxi espero dezakegu, muga ekonomiko handiak edukitzeaz gain –ez dute gaitasunik errealki langileon bizi baldintzak hobetzeko–, instituzio burgesetan lege edo erreforma bakoitza oso aldagarria baita. Gizarte kapitalistaren baitan emakumeok bigarren mailako subjektua gara eta bizitzako arlo guztietan gaude zapalduak: soldata baxuak eta lan baldintza txarrak ditugu, geure gain erortzen da etxeko lanak egiteko ardura guztia, gure gorputzak objektu sexual moduan sozializatzen dituzte, indarkeria matxista jasaten dugu, etab. Gizarte kapitalistaren dinamika ekonomikoak aurrera jarrai dezan, beharrezkoa da emakume langilea subjektu zapaldua izatea, hala nola estatuarentzat kostu handiak liratekeen zaintza lanak soldata baxuaren truke edo inolako ordainsaririk gabe egiten ditugulako. Horrenbestez, artikuluan zehar aipatu bezala, beharrezkoa da instituzio publikoen eta politikari profesionalen fartsa seinalatzea, nagusiki limosnatxoak ematearen edota lege aurrerakoiak saltzearen bitartez langilea otzantzea nahi baitute. Interes ekonomiko kapitalistetatik at antolatuko den eta esparru ezberdinetan botere propioa eraikiko duen antolakuntza garatu behar dugu.

Gizarte kapitalistaren baitan emakumeok bigarren mailako subjektua gara eta bizitzako arlo guztietan gaude zapalduak

Komunismoaren eraikuntza, hau da, klaserik, eta beraz, zapalkuntzarik izango ez den gizartearen eraikuntza da gure jomuga politikoa. Horrek, alde batetik, interes ekonomikoetan oinarrituriko gizartearekin amaitzea eskatzen du, eta horretarako ekoizpen bitartekoak eskuratzea. Baina, hortik haratago, kontzientziaren garapenerako bitartekoak ere geure eskuetan behar ditugu, jarrera zapaltzaileak ez baitira egun batetik bestera desagerraraziko. Horregatik, beharrezkoa da kapitalismoak sortzen dituen pertsonifikazioen aurrean indarrez erantzutea ahalbidetuko diguten bitarteko politikoak sortzea, hau da, matxismoarekin amaitzeko bitarteko etiko eta politikoak garatu eta egonkortu behar ditugu gaurdanik. Horretarako, egunez egun zapalkuntzak gainditzeko baldintzak jarri behar ditugu, gure antolakuntza politikora gero eta jende gehiago batzearekin batera zapalkuntzei aurre egin eta horiek gainditzeko baldintza politikoak sortu behar baititugu.

Gaitasun politiko integralak irabazteko ezinbestekoa izango da emakume langileok aktibo politiko bilakatzea, emakumeon parte-hartzerik gabe ezinezkoa izango baita estrategia sozialista gauzatzea. Emakumeon frontearen helburu nagusia espazio seguruak eraikiz emakume langileoi politikara batzeko eta parte aktibo bilakatzeko baldintzak sortzea da. Helburu hori lortzeko, emakume frontearen funtzio nagusiak emakume langileok jasaten ditugun zapalkuntzei erantzuteko bitartekoak sortzea eta borroka horien bitartez sozialismoaren eraikuntzan ekarpena egitea dira. Horregatik, garrantzizkoa da argi izatea arazoa ez dela aurrerapen legalak lortzea: gero eta eskubide gehiago bermatu, orduan eta agerikoagoa izan daiteke promesa formalen eta eguneroko errealitatearen arteko aldea. Arazoa lorpen horiek klase kontzientzia areagotzea ahalbidetuko duen antolakuntza bitarteko iraultzailerik gabe egiten direnean sortzen da. Izan ere, kasu horietan, lorpenak gaitasun politikoak handitzeko bitarteko baino gehiago, erosotasunerako bitarteko bilakatzen dira.

Ez dira gutxi mainstream ideologiak ikusarazten ez dituen arazoak, eta beste hainbat problematika komunikabide nagusietan agertzen badira ere, ez da soluziorik proposatzen emakume langileontzat. Zaintza eta garbiketako langileez, prostituzioaz edota trans auziaz ari natzaizue, besteak beste. Sektore horietako asko borrokan ari dira, eta beste hainbatek erremintak behar dituzte aktibo politiko bilakatzeko. Komunistok emakume horien guztien alboan egon behar dugu, haien borroka-grina hauspotuz, testuinguruaz ondo jabetuta eta borroka horiek guztiak sozialismoaren noranzkoan lerratuta. Emakume langileok aktibo politiko sozialista bihurtzea baita emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko berme bakarra..

OHARRAK

1. Podemosen programa feminista: podemos.info

2. PSOEk 2010an onartutako abortuaren legea: boe.es

3. Pertsona helduen zaintza lanetarako proposamen ekonomikoa da «zilarrezko ekonomikoa»: economiaplateada.org

4. Podemosek hezkuntzan lan pedagogiko feminista egiteko proposamen politikoa, besteak beste, feminismoa ikasgaia txertatuz: podemos.info

5. Benitez, I. (2017, iraila). Del “baby boom” al “baby business”. STOP VIENTRES DE ALQUILER

6. Etxeko langileen lan erregimena eta gizarte segurantzako erreforma onarpena: boe.es

7. ATH-ELE elkartearen estadistika 2022

8. Abortuaren legea: boe.es

9. Sexu askatasunerako berme integralerako legea: boe.es

EZ DAGO IRUZKINIK