Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiaren arabera, alderdi politikoen zuzeneko finantziazio publikoa, batez beste, haien guztizko diru-sarreren %80 ingurukoa da gaur egun. Hala ere, alderdi politikoen urteko kontuak fiskalizatzeko txosten baten arabera, Espainiako Estatuko gutxienez bederatzi alderdi politikok "ez zuten beren finantza- eta ondare-egoera modu leialean islatu". Alderdi instituzional horiek, 2018 eta 2019 artean bakarrik, 555 milioi euro jaso zituzten zuzeneko finantziazio publikotik, "talde instituzionalentzako ekarpenen" arloan hauteskundeetan lortzen duten ordezkari publikoen kopuruaren arabera edo "funtzionamendu-gastuetarako urteko dirulaguntzen" bidez.
Baina alderdi politikoen finantziazio publikoa ez da hor gelditzen, zeharka ere finantzatzen baitira funts publikoekin; hautetsiek jasotzen dituzten soldaten zati batekin, esate baterako. Zeharkako finantziazio publiko hori, ordea, terminologikoki ezkutatzen dute alderdiek galerei eta irabaziei buruzko urteko txostenetan, "jatorri pribatuko diru-sarrera" gisa.
Nola gauzatzen da fenomeno hori, zehazki, Eusko Legebiltzarreko bi alderdi nagusietan? Hau da, askotan diogu EAJ eta EH Bildu alderdi milioidunak direla, eta hala dira, baina zenbat irabazten dute zehazki? Nola finantzatzen dira zehazki? Zenbateraino finantzatzen dira diru publikoz? Zenbat diru jasotzen dute iturri pribatuetatik? Nola banatzen dira gastua eta diru-sarrerak bi alderdi horietan? Zer ondare dituzte? Zenbaterainoko etekinak lortzen dituzte jarduera instituzionalagatik? Eta haien parlamentari jakin batzuek? Galdera horiei guztiei erantzuteko, EAJren eta EH Bilduren gastuak eta diru-sarrerak kuantifikatuko ditugu, 2015-2022 aldiko kontabilitate-datuak Oinarritzat hartuta.
METODOLOGIA ETA MARKO KONTZEPTUALA
Aurretik azaldutako galderak argitzen saiatzeko, EAJren eta EH Bilduren galeren eta irabazien urteko dokumentuak edo emaitzen kontuak aztertu dira, 2015-2022 aldikoak, eskuragarri daudenak dagozkien web-orrietako gardentasun-ataletan. "Sarrerak" eta "gastuak" kategoriak bereizi dira, dagozkien azpikategoriekin. Jarraian, azpikategoria bakoitza bere definizioarekin:
1. Diru-sarrerak
1.1. Dirulaguntza publikoak
1.1.1. Funtzionamendu-gastuetarako urteko dirulaguntzak: alderdi politiko instituzionalek urtero jasotzen dituzten ohiko dirulaguntza publiko finkoak.
1.1.2. Legebiltzar-taldeei egindako ekarpenak: alderdiek hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera jasotzen dituzten dirulaguntza publiko aldakorrak.
1.2. Jatorri pribatuko diru-sarrerak
1.2.1. Afiliatuen kuotak: alderdiko militanteek aldiro egiten dituzten ekarpen ekonomikoak.
1.2.2. Kargu publikoen dohaintzak eta ekarpenak: alderdiko hautetsiek euren soldatetatik alderdiari egiten dioten ekarpena, berez zeharkako finantziazio publikoa da.
2. Gastuak
2.1. Liberatuen soldatak: alderdiak soldatapean dituen militanteen ordainsariaren kostua.
2.2. Karga sozialak: liberatuen kotizazioak gizarte-segurantzan. Liberatuen soldatak gehituta, "lan-kostu" deiturikoa osatzen du.
2.3. Kanpo-zerbitzuak: alderdiek beste enpresa batzuei erositako produktuen eta zerbitzuen multzoaren kostua.
3. Emaitzak: kontabilitate-urte batean "irabazitako" edo "galdutako" kantitate garbia erakusten du, diru-sarrerei gastuak kenduta.
Kategoria eta azpikategoria horiek taulatan jarrita, EAJren eta EH Bilduren kontabilitate-urte bakoitzari dagozkien datuak sartu dira estatistika egiteko. Bestalde, datu osagarri batzuk ere ikertu dira, legebiltzarkide batzuen soldata eta ondare pertsonala eta alderdien ondare higiezina kuantifikatzeko. Zifra horiek ezagutzeko, alderdien urteko balantzeetara eta Newtral atariaren Transparentia atalera jo dugu, baita Espainiako Estatuko Diputatuen Kongresuko legebiltzarkideen Interesen Erregistroetara eta Eusko Legebiltzarreko gardentasun-atariak ematen duen informaziora ere. Soldaten eta ondasunen inguruko kopuruak erreportaje honen amaieran daude ikusgai.
DATUEN ANALISIA ETA AZALPENA
1. DIRU-SARRERAK
1.1. Dirulaguntza publikoak
Diru-sarrerei dagokienez, daturik deigarriena da EAJk eta EH Bilduk osotara 107,3 milioi euro jaso dituztela dirulaguntza publiko zuzenetatik 2015 eta 2022 artean. EAJren kasuan, 63,9 milioi euro lortu ditu guztira eta, zazpi urte horietan, %44,7 handitu du iturri horretatik jasotako dirua. EH Bilduren kasuan, guztira 43,4 milioi euro jaso ditu dirulaguntza publiko zuzenen bidez, eta %554,63 gehiago jaso du zuzeneko dirulaguntza publikoetatik 2015 eta 2022 artean.
1.1.1. Funtzionamendu-gastuetarako urteko dirulaguntzak: alderdi politiko instituzionalek urtero jasotzen dituzten ohiko dirulaguntza publiko finkoak
Zuzeneko dirulaguntza horiek bi multzotan sailkatzen dira. Batetik, alderdiek urteko dirulaguntza finkoak jasotzen dituzte funtzionamendu-gastuei aurre egiteko. 2015 eta 2022 artean EAJk 20,5 milioi euro jaso ditu gisa horretako laguntzen bidez. EAJk, gainera, segurtasunera bideratutako beste dirulaguntza bat ere jasotzen du: 317.900 euro osotara zazpi urtean. EH Bilduk 13,1 milioi euro jaso ditu funtzionamendu-gastuei lotutako dirulaguntza publiko zuzenen bitartez.
1.1.2. Legebiltzar-taldeei egindako ekarpenak
Alderdiek hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera jasotzen dituzten dirulaguntza publiko aldakorrak dira hauek. Kasu honetan, 2015 eta 2022 artean, 43,1 milioi euro jaso ditu EAJk eta beste 30,1 milioi euro EH Bilduk. Beraz, bien artean, aparteko 73,2 milioi euro jaso dituzte zuzeneko dirulaguntza publikoetatik, hauteskundeetako emaitzei esker.
1.2. Jatorri "pribatuko" diru-sarrerak
Horri, baina, jatorri "pribatutik" lortutako diru-sarrerak gehitzea dagokio. Izan ere, bi alderdien artean, eta 2015etik 2022ra, 51,5 milioi euro batu dituzte jatorri pribatuko diru-sarreretatik; 36,3 milioi EAJk eta 15,5 EH Bilduk. Hala ere, gogoratu behar da finantziazio "pribatu" horren gehiengoa, paradoxikoki, hautetsien soldatetatik eratorria dela, hots, diru publikotik. Beraz, zehatzagoa da zeharkako finantziazio publiko deitzea. Jarraian ikusiko dugu zenbaterainokoa den.
1.2.1. Afiliatuen kuotak: alderdiko militanteek aldiro egiten dituzten ekarpen ekonomikoak
Jatorri pribatuko diru-sarreren zati bat, txikiena, afiliatuen kuoten bitartez jasotzen da. Horrek erakusten du, besteak beste, alderdiek autofinantzaketarako duten gaitasuna: EAJri dagokionez, 2015ean, bere finantzaketa osoaren %23,18 afiliatuen kuotetatik zetorren, baina 2022rako zifra hori %9,7raino jaitsi zen. EAJk afiliatuen kuoten bidez guztira 9,8 milioi euro bildu bazituen ere, asko jaitsi zen bere autofinantziaziorako gaitasun erlatiboa. 2015ean EAJk zuen diruaren ia laurdena kuoten bidez lortzen zuen, eta, zazpi urte igarota, ez da hamarrenera ere iristen. Horrek guztiak erakusten du alderdiak are menpekotasun handiagoa duela finantzaketa publikoarekiko zein banku-kredituekiko.
Beste aldetik, EH Bildu afiliatuen kuotarik gabeko egoera batetik abiatu zen 2015ean. Diru-sarrera guztiak finantzaketa publikotik edo koalizioa osatzen zuten alderdien ekarpenetatik zetozen. Zazpi urte geroago, ikusten da EH Bilduk afiliatuen kuoten sistema bat ezarri duela. Hala ere, afiliatuen kuotak EH Bilduren diru-sarreren %2,9 baino ez ziren 2022an. Kopuru hori oso txikia izanik, alderdia finantzaketa publikoarekiko menpekotasun ekonomikoko egoera ia erabatekoan dago. 2015 eta 2022 artean, koalizio sozialdemokratak "jatorri pribatutik" lortutako 15,5 milioi euroetatik, afiliatuen kuotetatik lortutako kopurua ez zen 700.000 eurora heltzen. Alegia, deigarria izan badaiteke ere, datuek erakusten dute EH Bilduk EAJk baino menpekotasun handiagoa duela finantziazio publikoarekiko.
Deigarria izan badaiteke ere, datuek erakusten dute EH Bilduk EAJk baino menpekotasun handiagoa duela finantziazio publikoarekiko
1.2.2. Kargu publikoen dohaintzak eta ekarpenak
Jatorri "pribatuko" diru-sarreren beste zatia, esan bezala, alderdietako hautetsiek euren soldataren zati batekin euren alderdiari egiten dizkioten dohaintzetatik jasotakoa da. EAJren guztizko diru-sarreren seirena baino gehiago eta EH Bilduren diru-sarreren laurdena baino gehiago soldata publikoetatik etorritako dohaintza horietatik dator. Zehazki, 2015 eta 2022 artean EAJk izandako diru-sarreren %15,7k ekarpen horietan du jatorria, eta %23,5ek EH Bilduren kasuan. Diru-sarrera horrek soldata publikoetan duenez jatorria, diru pribatua baino gehiago, zeharkako finantziazio publikoa da. Zalantzarik gabe, zeharkako dirulaguntza publiko horiek dira alderdien finantzaketa "pribatuaren" zatirik handiena hartzen dutenak.
EAJren guztizko diru-sarreren seirena baino gehiago eta EH Bilduren diru-sarreren laurdena baino gehiago soldata publikoetatik etorritako dohaintza horietatik dator
Alabaina, proportzioa guztiz desberdina da bi alderdien artean: EAJren diru-sarrera "pribatuen" %43,5 zetorren soldata publikoetatik egindako dohaintzetatik, eta EH Bilduren kasuan, ordea, kargudunen soldatak diru-sarrera "pribatuen" %91 izan dira. EAJk 15,8 milioi batu zituen zeharkako dirulaguntza horien bitartez, hau da, bere diru-sarrera guztien laurdena (%24,7) bere kargudunen soldatetatik jaso zuen. EH Bilduk 13,8 milioi euro batu zituen bere kargudunen soldata publikoen bitartez, alegia, bere diru-sarrera guztien ia herena (%31,8). Bilakaerari erreparatuz gero, 2015 eta 2022 artean, EAJk %73,07 eta EH Bilduk %308,5 handitu dituzte iturri "pribatuko" diru-sarrerak.
EAJk 15,8 milioi batu zituen zeharkako dirulaguntza horien bitartez, hau da, bere diru-sarrera guztien laurdena (%24,7) bere kargudunen soldatetatik jaso zuen. EH Bilduk 13,8 milioi euro batu zituen bere kargudunen soldata publikoen bitartez, alegia, bere diru-sarrera guztien ia herena (%31,8)
2. GASTUAK
2.1. Liberatuen soldatak
EAJk eta EH Bilduk ia 25 milioi euro garbi gastatu dituzte soldatapean dituzten liberatuen ordainsarietan 2015 eta 2022 artean, gizarte-segurantzako kotizazioak kontuan hartu gabe. Alderdika, EAJk 15,9 milioi euro gastatu zituen liberatuetan 2015 eta 2022 artean, hau da, tarte horretan %15,8 handitu zuen liberatuen soldatak ordaintzera bideratutako diru kantitatea, 1.892.184,60 euro baitziren 2015ean eta 2.192.514,41 euro 2022an. Aldi horretan alderdiak egindako gastu guztien barruan, liberatuen soldatetan gastatutakoa %18 da.
EH Bilduk 8,6 milioi euroko gastua egin zuen liberatuen soldatetan, eta %824 hazi zen kostu hori: 2015ean 206.461,1 euro gastatzen zituen, eta, 2022an, aldiz, 1.908.652,13 euro. Beraz, liberatuetara bideratutako dirua alderdiaren gastu guztien %34,5 izan zen 2015 eta 2022 artean.
2.2. Karga sozialak: liberatuen kotizazioak gizarte-segurantzan
Aurrekoa liberatuei ordaintzeko egindako gastu garbia zen, baina, lan-kostu osoa zenbatzeko, gogoan izan behar da gizarte-segurantzako kotizazioen kostua ere, alderdiek ere halakoak ordaintzen baitituzte liberatuen soldatekin batera. Kotizazioak eta liberatuen soldata garbiak zenbatuta, beraz, lan-kostu osoa kalkulatzen da. Karga sozial horiek kontutan hartuta, liberatuen gastuak, guztira, 31 milioi eurotik gorakoak izan dira EAJren eta EH Bilduren artean; 21 milioi euro xahutu zituzten jeltzaleek eta beste 10,5 milioi sozialdemokratek.
2.3. Kanpo-zerbitzuak
Kanpo-zerbitzuak dira alderdiek euren jarduna garatzeko beste enpresa batzuei erosten dizkieten ondasun zein zerbitzuak. Horiek hartu ohi dute alderdien gastuaren zatirik handiena: 2015 eta 2022 artean EAJk 51,3 milioi euro bideratu zituen kontratazioetara, eta %71,4 hazi zen kanpo-zerbitzuetan egindako gastua, 2015ean 4,9 milioi izatetik 2022an 8,4 milioi izatera.
EH Bilduri dagokionez, 13 milioi euro baino gehiago gastatu ditu kontratazioetan, eta %454,4 handitu zen gastu hori 2015 eta 2022 artean: 529.000,14 eurotik 2.932.842,73 eurora. 2024ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen kanpainarako, adibidez, aniztasun funtzionala duten pertsonen lan-indarra esplotatzen duen Gureak enpresaren zerbitzuak kontratatu zituen EH Bilduk. Kontratazioetara bideratzen duten diru-kantitatea gero eta handiagoa dela ikusita, ondorioztatzen da alderdi biek geroz eta neurri handiagoan jotzen dutela zerbitzuak kontratatzera, lan boluntarioaz baliatu beharrean.
Kontratazioetara bideratzen duten diru-kantitatea gero eta handiagoa dela ikusita, ondorioztatzen da alderdi biek geroz eta neurri handiagoan jotzen dutela zerbitzuak kontratatzera, lan boluntarioaz baliatu beharrean
3. EMAITZAK
Emaitzek erakusten dute kontabilitate-urte batean "irabazitako" edo "galdutako" kantitate garbia, diru-sarrerei gastuak kenduta. Kasu honetan, zuzeneko dirulaguntza publikoak zein zeharkakoak hartuta, horiei jatorri pribatuko diru-sarrerak edo afiliatuen kuotak gehituta eta aurreko guztiari gastu osoa kenduta, 2015 eta 2022 artean EAEko bi alderdi nagusiek zenbat diru irabazi zuten estimatu dezakegu. EAJk 100,2 milioiko diru-sarrerak eta 88,4 milioiko gastuak izan zituen; 10.042.285,82 euroko irabazi garbiak, beraz. EH Bilduk denbora-tarte berean 58,6 milioi euroko diru-sarrerak eta 24,6 milioiko gastuak izan zituen, hots, 32.417.658,7 euro garbi irabazi zituen. 42,44 milioi euro garbi baino gehiagoko pagotxa poltsikoratu dute, hortaz, EAJren eta EH Bilduren artean.
Espainiako Kongresuko parlamentarien jabetzak eta soldatak
Espainiako Kongresuko erregistrorik berrienaren arabera, EAJko bost parlamentarien artean hamasei ondasun higiezin dituzte, hau da, parlamentari bakoitzak 3,2 higiezin ditu batez beste. Haietako batek ere ez zuen egiaztatzen etxebizitzak alokatzeagatik errentarik jasotzen zuenik 2023an; hala ere, haietakoren batek "beste errenta motaren bat" edo "lursailengatik jasotako errentak" aitortu zituen, eta beste batek, berriz, ziurtatzen zuen "kapital higiezinetako etekinak" nahiz milaka euro zituela inbertsio-funtsetan inbertituta. Jeltzaleek Madrilen dituzten bost diputatuetatik hiruk pentsio-plan pribatua zuten, gainera. EAJko bost diputatuen diru-gordailu guztien batez besteko saldoa 53.775,09 eurokoa zen, kontu korronteak, inbertsio-funtsak eta pentsio-planak zenbatuta.
EH Bilduk ganberan dituen sei diputatuetatik bik errentak jasotzen ditu ondasun higiezinak alokairuan jartzeagatik, hau da, EH Bilduren Madrilgo parlamentarien heren bat errentatzailea da. Gainera, euskal koalizio sozialdemokratako sei diputatuen artean hemeretzi ondasun higiezin zituzten 2023an,, batez beste 3,1 jabetza baino gehiago pertsonako. Sei diputatuetatik hiruk pentsio-plan pribatua ere badute, eta bik, berriz, inbertsio-funtsak. EH Bilduko sei parlamentarien gordailu guztien batez besteko saldoa 108.583,83 eurokoa zen; hemen ere, kontu korronteak, inbertsio-funtsak eta pentsio-plan pribatuak hartzen dira kontuan. Beraz, harrigarria badirudi ere, datuek diote aberatsagoak direla EH Bilduk Madrilen dituen legebiltzarkideak EAJkoak baino.
EH Bilduk ganberan dituen sei diputatuetatik bik errentak jasotzen ditu ondasun higiezinak alokairuan jartzeagatik, hau da, EH Bilduren Madrilgo parlamentarien heren bat errentatzailea da. Gainera, euskal koalizio sozialdemokratako sei diputatuen artean hemeretzi ondasun higiezin zituzten, batez beste 3,1 jabetza baino gehiago pertsonako. Sei diputatuetatik hiruk pentsio-plan pribatua ere badute, eta bik, berriz, inbertsio-funtsak. EH Bilduko sei parlamentarien gordailu guztien batez besteko saldoa 108.583,83 eurokoa zen
Ondokoak dira Madrilgo bi talde parlamentarioetako kideek jasotzen dituzten soldata zehatzak, Espainiako Estatuko soldata ohikoenarekin (20.579,28 euro) konparatuta:
Guztira, Madrilen diren EH Bilduko parlamentariek 538.903,12 euro jasotzen dituzte urtean. Beraz, EH Bilduk Diputatuen Ganberan dituen sei parlamentariek bakarrik Espainiako Estatuko soldata ohikoena kobratzen duten 26 langilek adina kobratzen dute. Egia da kopuru horiek ez dituztela osorik jasotzen, zati bat alderdiari dohaintzan ematen diotelako, baina EH Bilduk ez du zehazten zenbaterainokoa den kargudunek dohaintzan ematen dutena. Gainera, liberatuen soldaten gastuaren %824ko gorakadarekin ere argi ikusten da kargudunen soldaten dohaintza horiek ez direla nolabaiteko "ongintza-lanetara" bideratzen, liberatuen plantilla zabala handitzera eta militantzia gero eta neurri handiagoan soldatapekotzera baizik.
EH Bilduk Diputatuen Ganberan dituen sei parlamentariek bakarrik Espainiako Estatuko soldata ohikoena kobratzen duten 26 langilek adina kobratzen dute
EAJk Madrilen dituen kargudunen zifrak ere antzekoak dira, eserleku bat gutxiagorekin:
Osotara, EAJren Madrilgo parlamentariek 467.006,12 euro jasotzen dituzte urtean. Hala, bost diputatuen artean bakarrik, estatuko soldata ohikoena kobratzen duten 22 langilek adina irabazten dute.
Eusko Legebiltzarreko parlamentarien soldatak
Aipatzekoa da Eusko Legebiltzarreko gardentasun-atariak ez duela Espainiako Estatuko Kongresuak bezainbesteko xehetasunik ematen hautetsien ondareari buruz, eta, beraz, aurretik aipatutako gaiak misterio hutsa dira EAJk eta EH Bilduk Gasteizen dituzten parlamentarien kasuan: errentak jasotzen dituzten ala ez, zein inbertsio egiten dituzten, zenbat ondasun higiezin dituzten, zenbatekoa den euren kontu guztietako saldoa... Oraingoz ez dago modurik halakorik jakiteko, Eusko Legebiltzarreko gardentasun-atariak arlo honetan ematen duen informazio bakanetarikoa parlamentarien soldata ofiziala baita, jarraian adieraziko duguna.
Eusko Legebiltzarreko diputatu bakoitzak 77.963,48 euro jasotzen ditu urtean, hau da, 2,8 aldiz EAEko urteko soldata gordin ohikoena (27.365 euro/urteko). EAJk 31 eserleku dituenez, 2.416.867 euro jasotzen ditu urtean, eta 1.637.233,08 euro EH Bilduk, bere 21 eserlekuengatik. Beraz, Gasteizko legebiltzarrean eserlekua duten bi alderdi nagusietako 52 politikarien soldaten batura 4.054.100 eurokoa da urtean; EAEko 148 langileren urteko batez besteko soldata gordinaren parekoa. Hau da, EAEn, 2023an, kostu bera izan zuen soldata ohikoenarekin 148 langile kontratatzeak eta Eusko Legebiltzarreko 52 diputaturen soldatak ordaintzeak.
Gasteizko legebiltzarrean eserlekua duten bi alderdi nagusietako 52 politikarien soldaten batura 4.054.100 eurokoa da urtean; EAEko 148 langileren urteko batez besteko soldata gordinaren parekoa
Alderdien jabetzak
EAJren gardentasun-atalaren arabera, Batzoki eta egoitzen artean, 200 higiezin inguru ditu alderdiak. EH Bilduk, aldiz, ez zuen espreski inolako jabetzarik aitortu. Hala ere, haien balantzeetan bai ikusten da sozialdemokratek 1.350.000 euroko inbertsioa egin zutela higiezinetan 2021 eta 2022 artean: EH Bilduk 2021ean zituen jabetzen eta lurren balioa 183.021,44 eurokoa zen, eta 2022an, berriz, 1.535.390,86 eurokoa.
Haien balantzeetan bai ikusten da sozialdemokratek 1.350.000 euroko inbertsioa egin zutela higiezinetan 2021 eta 2022 artean: EH Bilduk 2021ean zituen jabetzen eta lurren balioa 183.021,44 eurokoa zen, eta 2022an, berriz, 1.535.390,86 eurokoa
Alderdien zorrak
EAJren kontuen balantzearen arabera, 2022ko abenduaren 31n, alderdiak 6.796.047,11 euroko zorra zuen hainbat finantza-erakunderekin. Alderdiaren gardentasun-atariak erakusten duenez, 2021ean, 5.549.342,94 euroko zorra zuen Kutxabankekin (zor osoaren %82), 580.177,33 eurokoa Caixarekin (%8,6), 576.635,26 eurokoa Laboral Kutxarekin (%8,6) eta 26.024,51 eurokoa Rural Kutxarekin (%0,4).
EH Bilduk, berriz, finantza-krediturik ez duela aitortzen du. Hala ere, eta EAJk banketxeekin duen zorpetze-mailatik urrun badago ere, ikusten da 2015 eta 2022 artean bankuekin epe laburreko kreditu txikiak erabiltzen hasi zela. Gainera, 2022an, 220.795,47 euroko zorra zuen pilatuta administrazio publikoarekin, EAJk urte berean zuenaren oso antzekoa: 297.008,2 eurokoa.
ONDORIOAK
Jardun parlamentarioak gero eta irabazi handiagoak dakarkizkie bai EAJri, bai EH Bilduri: bien artean, eta soilik bost urteko epean, ehun milioi euro baino gehiago jaso dituzte zuzeneko finantziazio publiko bidez. Gastuaren bolumena ere gero eta handiagoa da bi alderdietan, bai kanpo-enpresei egindako ondasun zein zerbitzuen erosketetan, eta baita liberatuen soldatetan zein higiezinen erosketetan ere.
Euren finantzaketa-eredua oinarritzen da finantzaketa publikoa lehenestean, izan dirulaguntza zuzenen bidez edo izan soldata publikoen ekarpenen bidez egina. Afiliatuen kuoten bitartez lortzen duten autofinantziazioak, berriz, ez du garrantzia handirik. Eredu horrek instituzio publikoekiko menpekotasun ekonomikoa sortzen du, eta, aldi berean, aipatutako kontratazioetako nahiz liberatuen armadako gastu gorakorra mantentzea ahalbidetzen die biei. Jatorri publikoko diru-sarrera milioidun horiek gabe, alderdi politiko profesionalek ezingo lukete liberatuen zein kargu publikodunen soldatapetzean oinarritzen den euren jardun politikoa diruz hornitu, eta, beraz, desagertzeko arrisku larrian egongo lirateke.
Jatorri publikoko diru-sarrera milioidun horiek gabe, alderdi politiko profesionalek ezingo lukete liberatuen zein kargu publikodunen soldatapetzean oinarritzen den euren jardun politikoa diruz hornitu, eta, beraz, desagertzeko arrisku larrian egongo lirateke
Alderdientzako finantzaketa estrategikoa emateaz gain, soldatek badute bestelako funtzio bat alderdien barruan, bereziki kargu publikodun hautetsien kasuan: politikari profesionalen estatus sozioekonomikoa birproduzitzea edo igotzea. Azken hori erraz baieztatzen da zenbait parlamentarik aitortzen dituzten jabetzei eta interesei erreparatuta.
Hala ere, EAJren eta EH Bilduren kontuek ematen dute alderdi-ereduaren inguruko ñabardurarik ere, eta euren historia politikoari buruz ere mintzo dira. EAJren finantzak, bai egitura aldetik bai gastu eta sarreren dimentsio aldetik, erabat profesionalizatutako alderdi bati dagozkionak dira, zeinak instituzioen integrazioan bide luzea egin, metaturiko nahikoa funts izan, eta, ondorioz, zenbait urtean balantze negatiboak izaterik onar baitezake.
EH Bilduren finantzak, aldiz, integrazio instituzionala eta profesionalizazioa berriki baina era oso azkarrean egin dituen alderdi batenak dira. 2015eko kontuen arabera, gastuen eta diru-sarreren dimentsioak nahiko txikiak ziren, eta gastu-egiturak zein diru-sarrerak ez zeuden oso garatuta. Gehiago ziren ezarpen instituzional urriko aldi baterako hauteskunde-koalizio bati zegozkionak. Kontu horiek, ordea, zeharo aldatu dira 2022rako: beste edozein alderdi instituzional handiren pareko gastuen zein diru-sarreren maila eta egiturak zituen, alderdi-aparatu garatuagoa, urteko emaitza postiboak (EAJrenak baino handiagoak) eta etorkizun handiko proiekzio ekonomikoa.
ERREFERENTZIAK
www.eaj-pnv.eus
www.ehbildu.eus
www.congreso.es/es/cem/registro-intereses
https://transparentia.newtral.es/buscador
https://www.legebiltzarra.eus/portal/eu/web/eusko-legebiltzarra/transparencia/informacion-activa
HEMEN ARGITARATUA