«Kapitalaren dominazioak masa honetan egoera komun bat sortu du, interes komun batzuk. Horrela, masa hau klase bat da Kapitalaren aurrean, baina ez bere baitarako klase bat. Borrokan, zeinaren fase batzuk aipatu baititugu dagoeneko, masa horrek bat egiten du, eta bere baitarako klase bilakatzen da. Defendatzen dituzten interesak klase interes bilakatzen dira. Baina klaseen arteko borroka borroka politikoa da».
Karl Marx, Filosofiaren miseria
Langile mugimenduaren esperientzia praktikoetatik irakaspen politiko eta organizatiboak ateratzea ezinbestekoa dugu historiaren norabidea aldatu eta etorkizunean gure bizitzaren kontrola izan nahi badugu. Programa politikoak haien testuinguru historikoan kokatu eta bere garaian aurrera eramateko izandako baldintza objektibo eta subjektiboak ikertu beharko ditugu. Eraldaketa konplexuei erreparatu gabe, ezinezkoa litzateke klase borrokak unean une sortzen dituen aukera iraultzaileak identifikatzea.
Programa politikoak haien testuinguru historikoan kokatu eta bere garaian aurrera eramateko izandako baldintza objektibo eta subjektiboak ikertu beharko ditugu. Eraldaketa konplexuei erreparatu gabe, ezinezkoa litzateke klase borrokak unean une sortzen dituen aukera iraultzaileak identifikatzea
Lehen Mundu Gerraren osteko miseriak ezaugarritutako garaian, Errusiako Iraultzak sortutako testuinguru berriak eta Europaren berregituraketa sakonak sortutako testuinguruan gertatu zen Alemaniako Iraultza deritzona. 102 urte pasatu dira Altxamendu Espartakistaren saiakeraz geroztik eta Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht buru politikoak erail zituztenetik. Langile alderdi tradizionalek langile klasea eta sortzen ari zen mugimendu iraultzailea salduta utzi zuten garai historikoaz ari gara[1].
ALEMANIAKO INPERIOAREN AMAIERA
Alemaniako Inperioa Gerra Franko-Prusiarraren ondoren jaio zen, 1871. urtean. Frantziaren aurkako talka horretan lurralde berriak anexionatu ziren, ordura arte Frantziako Estatuarenak izandakoak. XX. mende amaieran gauzatu zen hedapen inperialistak garai hartako izaera nazionaleko erregimen politiko burgesaren interesei erantzuten zion. Alemaniako Inperioa, I. Mundu Gerraren atarian, Europan ez ezik, Afrikako kontinentean lurralde berrien kontrola izaten saiatu zen, eta baita lortu ere. 1885eko Berlingo Konferentziaz geroztik, Europako potentzien artean konpetentzia areagotu eta hedapen inperialista indartu zen.
Alemaniako Inperioa garai hartan nagusi ziren bi potentziekin (Frantziako eta Britainiako inperioekin) zuzenean lehiatzen hasi eta agente politiko gisa mehatxu bilakatzen hasi zen. I. Mundu Gerrara bideratutako tentsioak garatzen ari ziren; gerra inperialistaren hasierako tentsioak. Gerrako gudu batzuk erabakigarriak izan ziren eraldaketa politikoak emateko prozesuaren sorreran. Botere politiko eta militarraren ahultzearen aurrean, orduko enperadoreak, Gilen II.ak, Inperioaren boterea gainbeheran zihoala, gerra politikaren gidaritza Alemaniako Armadaren goi-agintaritzan zentralizatu zuen.
Erabaki eta botere kontzentrazioak gerraren amaieraren nolakotasunak baldintzatu zituen[2]. 1918ko urrian, Alemaniako Inperioaren porrota hurbil zegoela, goi agintari militarrek 40.000 soldadu inguru mobilizatzea erabaki zuten Britainiako Armadaren aurkako gudu baterako. Erabaki horren aurrean, Alemaniako Estatuaren gerra politiken aurka altxatu ziren soldaduak, baina autoritateek errebolta kontrolatu ahal izan zuten. Handik bi egunera ordea, Alemania kostako Kiel hirian, lehen altxamendua gauzatu zuten. Orduan ere, itsas armada gerra politikaren aurka azaldu zen, eta bi egun lehenago gertaturiko altxamendutik irakaspenak atera zituzten: Alemaniako goi-agintariaren agindu guztiak baliogabetu eta egun horretan bertan langile eta soldaduen lehen kontseilua osatu zuten Kiel hirian.
Hortik aurrera, Estatuaren boterea ahulago zegoen bitartean, babes adierazpenak eta ondorengo matxinadak Alemanian zehar hedatzen joan ziren. Behin Kielen itsas armadako gizonak altxatu zirenean, egoera bera errepikatzen hasi zen beste hiri garrantzitsu batzuetan: Bremen, Dresden, Magdeburg... Kostaldeko herrietan azarotik aurrera milaka itsasgizon alemaniarrek, soldadu eta langileekin batera, instalazio militarrak eta portuak hartu zituzten, euren ofizial eta patroien aurka eginez. Horiek ondoren kontseiluetan antolatu ziren eta estatu inperialaren abolizioa eta langileen eta soldaduen kontseiluen gobernua aldarrikatu zuten.
1918ko urriaren amaieran Kiel altxatu eta astebetera Alemaniako hiri guztietan gertatzen ari zenaren eragina iritsi zen Munichera. Munich Bavarian kokatutako monarkia bat zen; Alemaniako Inperioa, bere osotasunean, monarkia parlamentario bat izan arren.
60.000 pertsona mobilizatu ziren, enperadorearen eta Bavariako erregearen abdikazioa eskatzeko. Proletalgoak bizi zuen miseria eta gosea desagerrarazteko gutxieneko neurrien programa bat ere aurkeztu zuten. Mugimendu hori Kurt Eisner buru sozialdemokratak gidatu zuen eta, Bavariako erregearen ihesaren ondoren, Bavariako langile eta soldaduen kontseiluaren eraketa bideratu zuen. Gerora, Bavariako Errepublika Sozialista eratu zuten.
Alemaniako Inperioaren politikak miseria eta bizi-baldintzen okertze nabarmena eragin zizkien proletalgoari zein klase ertaineko hainbat sektoreri. Krisian zegoen Estatuaren aurrean, beraz, Errepublika Sozialista finkatu zen, kontseiluek ia zazpi hilabetez gobernatu zutena. Bavariako Errepublika Sozialista aldarrikatu ondoren, Berlinen greba orokorra deitu eta 300.000 langile inguru bildu ziren, mobilizatzeko asmoz. Aipatutako gertaera guztiak hasi zirenetik, Alemaniako Estatuaren berregituraketa prozesua martxan jarri zen.
Alemaniako Inperioaren politikak miseria eta bizi-baldintzen okertze nabarmena eragin zizkien proletalgoari zein klase ertaineko hainbat sektoreri. (…) Berlinen greba orokorra deitu eta 300.000 langile inguru bildu ziren
Lehenik, enperadorearen abdikazioa etorri zen. Baina, abdikatu aurretik, Iraultza deuseztatzeko helburuarekin, Von Baden kantzilerra Alemaniako sozialdemokraziaren sektore erreakzionarioarekin hitzartzen saiatu zen. Hain zuzen ere, esku-hartze belikoa babestu zuen sektorearekin. II. Internazionalaren printzipioei traizio egin zieten horiek, Internazional Sozialista gerraren aurka posizionatu baitzen. Bide horretan, Ebert sozialdemokrata izan zen etorriko zen behin-behineko gobernua gidatuko zuena.
ALEMANIAKO ESTATUAREN BERREGITURAKETA PROZESUA
I. Mundu Gerrako armistizioaren ondoren, Internazional Sozialistako militanteak ziren preso politiko gehienak askatu zituzten, Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht barne. Greba orokorra amaitu ondoren normaltasuna berreskuratzea zen Estatuaren helburuetako bat, 1918ko amaieran prozesu iraultzailearen indarra murrizteko. Estatuaren berregituraketan, hainbat lege errepresibo aldatuko ziren langileen mugimenduaren mesedetan. Garai horretan, ordea, Estatuaren berregituraketaren aurrean, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren barneko ikuspegi antagonikoak bistaratzen hasi ziren.
1918 amaieran, Berlinen, Estatuak eta Estatuan integratuta zegoen alderdi sozialdemokrata erreakzionarioak, beste altxamendu bat gertatzeko baldintzen aurrean aurrerapausoak eman zituzten. Alemaniako Estatuarekin amaitzeko egon zitezkeen altxamendurako aukeren aurrean, SPDk, USPDrekin batera (Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata Independentea. SPDren zatitzea, honek I. Mundu Gerran gerra kredituak onartu ondoren) konferentzia bat deitu zuen langileen eta soldaduen kontseiluen errepublika aldarrikatzeko. Errepublika horren definizioa eta sorrera Biltzar Konstituziogilearen deialdiaren zain geratu ziren. Errebisionismoak defendaturiko erreformen eta Estatuaren berrantolaketa baten bitartez, sozialismoaren eraikuntza errealitate burgesaren baitan ahalik eta kalte gutxien eraginez sortzeko ilusioari eutsi zioten.
Alemaniako Estatuarekin amaitzeko egon zitezkeen altxamendurako aukeren aurrean, SPDk, USPDrekin batera (…) konferentzia bat deitu zuen langileen eta soldaduen kontseiluen errepublika aldarrikatzeko. Errepublika horren definizioa eta sorrera Biltzar Konstituziogilearen deialdiaren zain geratu ziren. Errebisionismoak defendaturiko erreformen eta Estatuaren berrantolaketa baten bitartez, sozialismoaren eraikuntza errealitate burgesaren baitan ahalik eta kalte gutxien eraginez sortzeko ilusioari eutsi zioten
SPD eta USPD ados jarri ziren eta Biltzar Konstituziogilea deitu zuten, ondoren Weimarko Errepublika izango zena eratzeko asmoz. Planteamendu horren aurka agertu zen, ordea, USPDrekin batuta zegoen sektore iraultzailea, Espartakisten Liga gisa ezagutzen dena. Oposizioa erabatekoa izan zen. Estatu burgesaren birkonfigurazio mugimendua salatu eta langile klasearen interesen defentsa artikulatzeko beharra azpimarratu zuten. Hortik aurrera, 1919. urte hasieran, Espartakisten Liga III. Internazionalarekin (Intenazional Komunistarekin) batu zen. Eta bere programa politikoa garatu eta bere proiektu politikoa defendatu zuen, SPD eta USPD alderdiek babesten zuten Biltzar Konstituziogilearen aurka. Boikot hori greba orokorrerako deialdi bihurtu zen.
1919ko urtarrilean, Berlinen zeuden kontseiluen barneko indar korrelazioan, Biltzar Konstituziogilearen aldeko jarrera zuen gehiengoak. Egoera hartan jada KPD (Alemaniako Alderdi Komunista, alemanierazko sigletan) zenak, masen mobilizazioa deitzean, Berlinen altxamendua gertatu zen, baina, Freikorps[3] deiturikoek guztiz zapaldu zuten. Horiek botere inperialari leial mantendu ziren eta langileen interesak defendatzen zituen sistema politiko baten eraikuntza eta langileen mugimendua bera zituzten etsaitzat. Ordena burgesaren tresna militarra ziren, urte batzuen ondoren nazien miliziekin bat egingo zutenak.
Berlingo altxamendu saiakeraren ondoren, Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht buruzagien hilketarekin, erabat desegin zen Altxamendu Espartakista. Proletalgoaren abangoardiarekin amaitu zen eta hortik finkatu zen SPDren boterea. Berlinen altxamendua itzalita, Bavariako langile eta soldaduen kontseiluak beren etorkizunaren beldur ziren, eta, horren aurrean, Bavariako Errepublika Sobietarra ezarri zuten. Hura, ordea, Berlinen abangoardia iraultzailea suntsitu zuten berberek zanpatu zuten eta, 1919ko maiatzean Bavariako Errepublika Sobietarreko Levine burua fusilatu zutenean, Alemaniako prozesu iraultzailea desegin zen. Militante komunista ugari erailak izan ziren, langile asko espetxeratu zituzten eta mugimendu iraultzailea suntsitua izan zen. Horren aurrean Weimarko Errepublika Demokratikoa ezarri zen.
II. INTERNAZIONALETIK, INTERNAZIONAL KOMUNISTARA
SPD II. Internazionalaren Alemaniako sekzioa izan zen, langileen nazioarteko mugimendu osoan indartsuenetako bat. Neurri handi batean, hari atxikitako langile kopuruarengatik eta bertako ekoizpen-indarren garapen maila altua zela-eta. Besteak beste, burgesiak abiatutako gerrarekiko azaleratu ziren posizio ezberdinengatik, lehen barne zatiketak hasi ziren nazioarteko sozialdemokrazian eta, zehazki, Alemaniakoan. Internazional Sozialistaren erabakiei traizio egitera eramango zuen prozesua izan zen, hain zuzen ere.
Alemaniako sozialdemokraziaren joera errebisionista garatuek marxismoa eta zientzia proletarioa ukatzen zituzten eta era horretan klase kontzientzia baten eraikuntza oztopatzen zuten. Gizartearen miseria egoeraren aurrean estatu burgesaren erreforma eta ondasunen birbanaketa oinarri hartuta, haien planteamenduekiko paralelo garatzen ari zen mugimendu iraultzailea blokeatzeko oinarri ideologiko eta politikoak finkatu ziren.
Alemaniako sozialdemokraziaren joera errebisionista garatuek marxismoa eta zientzia proletarioa ukatzen zituzten eta era horretan klase kontzientzia baten eraikuntza oztopatzen zuten. Gizartearen miseria egoeraren aurrean estatu burgesaren erreforma eta ondasunen birbanaketa oinarri hartuta, haien planteamenduekiko paralelo garatzen ari zen mugimendu iraultzailea blokeatzeko oinarri ideologiko eta politikoak finkatu ziren
Alemanian, sozialdemokraziaren ildo iraultzaileko lau buruzagi nagusiak izan ziren politika errebisionistaren aurkako borroka ideologikoa hasi zuten lehenak. Alderdi asko Estatuko gobernuetan sartu zirenean azaleratu zen borroka hori. Lau buruzagi horiek Rosa Luxemburg, Karl Liebknecht, Clara Zetkin eta Franz Mehring izan ziren. Sekzio horrek gerrari, burgesiaren tresna gisa, klase borrokan eta herrien arteko anaitasunean oinarritutako nazioarteko perspektibarekin aurre egin behar zitzaiola defendatu zuen. Kapitalaren unibertsaltasunaren aurrean, gizarte osoari forma unibertsalean erantzungo zion antolakuntza politikoa zuen helburu.
1915ean Suitzan egin zen Zimmerwaldeko Konferentzian gerraren aurka zeuden Europako sozialdemokraziaren ordezkari gehienak izan ziren[4]. Alemaniaren kasuan denak ez ziren espartakistak. Handik bi urtera USPD sortu eta SPDrengandik banatuko zen atal bat ere izan zen, Kautskyk zuzendutako lerro erreformista, hain zuzen ere. Gerrak aurrera egin ahala, sektore hori Liga Espartakistak planteatzen zuen haustura iraultzailetik gero eta gehiago urrunduko zen, Kapitalaren diktadurari aurre egiteko premiazkoa zen langileriaren diktaduraren nolakotasunekin ados ez, eta berriro SPDrekin batera lan egitera itzulita.
Liga Espartakistak, bere ibilbidean gerrak hartutako norabidea eta bi alderdiek horretan izandako posizioa ikusita, prozesu iraultzailearen bidez MSPDek[5] gidatutako sozialdemokraziak jarritako oztopoekin apurtzeko, alderdi komunista eraikitzeko erabakia hartu zuen. Alderdia 1918. urte amaieran sortu zuten eta III. Internazionalarekin, Internazional Komunistarekin, bat egin zuen 1919ko urte hasieran.
KPDa altxatu egin zen, baina masek ez zioten jarraitu. SPD onespen sozial handiko alderdia zen; sindikatuan, esaterako, hiru milioi langile biltzen zituen. Alemaniako sozialdemokrazia erreferentea zen nazioartean, eta bertan ez zen barne haustura ideologikorik egon Alemaniak I. Mundu Gerran parte hartu zuen arte, SPDk parlamentuan gerra-kredituen alde bozkatu zuen arte. Horrela, sozialdemokraziaren barruan errotutako errebisionismoaren eta erreformismoaren aurkako eztabaida ideologikoak ibilbide laburra izan zuen, masetan errotu gabe.
Hasieran aipaturiko Marxen Misère de la philosophie (Filosofiaren miseria) liburuko pasarte horretan adierazten den bezala, baldintza objektiboek klase sozialen bere baitako existentzia azaleratzen dute (clase en sí). Horrek ordea, ez darama zuzenean norberarentzako edo norberaren baitako klasearen eraikuntzara[6] (clase para sí), eta beraz, langile klaseak bere betebehar historikoaren kontzientzia izatera eta klase borroka, borroka politiko gisa azken instantziaraino eramatera.
Masa zabalak bere egingo zuen programa komunistaren faltak eta botere politiko indartsua bereganatzen zihoan alderdi sozialdemokrataren ulerkera errebisionistak, prozesu iraultzailea ekintza espontaneo baten ondorioz abiatutako prozesu gradual gisa identifikatzea ekar zezakeen[7], alderdiaren kontzepzio tradizionala gainditzea oztopatzen zuena eta beste hainbat faktorerekin batera altxamendu espartakista amaierara eraman zuena.
OHARRAK
1. Jon Larrabide. Ekarpen (xume) bat langile kontseiluei buruzko eztabaidari.
2. 1918 puñaladas: cien años de la Revolución de noviembre en Alemania.
3. Militar ohiek osatutako talde armatuak. Langile mugimendua eta komunismoa arbuiatzen zituzten paramilitarrak ziren eta nahiz eta gobernuaren aurkakoak izan, Freikorps-ek ez zuten zalantzarik izan Alemaniako armada berriaren tropekin bat egin eta sektore iraultzailearen indarrak zapaltzeko. Haietako askok ondoren 1923ko HItlerren altxamendu saiakeran parte hartu zuten.
4. Rosa Luxemburg. La Crisis de la Socialdemocracia. Rosa Luxemburgek, Nazioarteko sozialdemokraziaren zereginei buruzko Tesiak prestatu zituen ZImmerwaldeko Konferentzian (Suitza) aurkezteko asmoz. Konferentzia honen datari buruzko informazio akats baten ondorioz (1915eko iraila), Luxemburgen kideek ezin izan zuten espetxetik garaiz atera Tesien zirriborroa eta beraz, ez zuten aurkeztu.
5. SPD MSPD izenez ere ezagutzen da, USPDrekiko zatiketa ondoren bereizteko. Mehrheits-SPD-ren laburdura litzateke, gehiengoaren SPD esan nahi duena. USPDek berriz, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata Independentea esan nahi du. Zatiketa hau, 1917an izan zen.
6. Alain Arruti. Kontzientziaz eta unibertsaltasunaz.
7. Raniero Panzieri. Langile kontrolaren auziaren inguruko zazpi tesi.
HEMEN ARGITARATUA