AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Hodei Mendinueta
2020/03/28 18:57

Versión en castellano

Uste dut ekonomia- eta osasun-krisiaren testuinguru honetan premiazko beharra dela inposatu zaigun konfinamendu-aldia aprobetxatzea koiuntura politikoa aztertzeko eta hausnarketak sozializatzeko; ez modu teoriko hutsean, ezpada jardun komunista praktiko baten garapena ahalbidetzeko tresna moduan. Horretarako, ezinbestekoa da identifikatzen saiatzea non azaleratzen diren errealitate burgesaren kontraesanak, haiek seinalatzea, eta eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzen saiatzea. Artikulu honetan, ahalik eta modu sintetikoenean azaltzen ahaleginduko naiz Zuzenbide burgesaren eta arautze proletarioaren auzia, horretarako azalduz, besteren artean, zergatik alarma-egoera salbuespen-egoera den, horrek zein inplikazio politiko dituen proletariotzarengan (eta nola erakusten duen honek sozialdemokraziaren mundu ikuskeraren amaiera) eta nola egin diezaiokegun burgesiari aurre Zuzenbidearen eremuan. Horiek azaltzeko, artikulua bost ataletan egituratu dut. 

1.- Zuzenbide burgesaren itxura.

Kapitalismoan, Zuzenbidea gizakiaren bizitza arautzeko araubide tekniko, betiereko, objektibo eta neutral moduan agertu zaigu. Helburu berbera duten beste araubide batzuen aldean ―moralarenak eta usadio eta ohiturenak― badu ezaugarri bereizgarri bat: koertzioa, arauok betetzearen derrigorrezkotasuna, Estatuen aparatuek bermatzen dutena.

Zuzenbidea funtsezko bi zatitan banatuta dago: Zuzenbide objektiboa edo ordenamendu juridikoa (Estatu osoaren jarduera arautzen duten arauen multzoa) batetik, eta eskubide subjektiboak edo estatuaren mendekoek beren artean dituzten eskubide eta askatasunak bestetik. Bien arteko harremana konplexua da, eta legelariek betidanik galdetu izan diote beren buruari zer dagoen aurretik: eskubide subjektiboak ala Zuzenbide objektiboa. Ikuspegi materialista batetik, ikusiko dugun moduan, esan daiteke lehen-lehenik giza harreman intersubjektiboak daudela, eguneroko ohiko jardunaren ondorioz arau orokor batzuetan kristalizatzen direnak. Edo bestela esanda, kapitalismoan, ordenamendu juridikoa edo Estatua harreman sozial guztien kristalizazioa da; gero, harreman horien errepikatzearen errepikatzez, harreman bakoitzaren ezaugarri bereziak abstraitzeko aukera suertatzen da, eta horrela lege bihurtzen dira.

Lege burgesak «orokortasuna eta abstrakzioa» ditu ezaugarri, estatuaren menpekoen artean zenbait ekintza behin eta berriz errepikatzen direlako, merkantzien trukeak, hain zuzen. Oinarri ekonomiko honen gainean ematen da arautzea. Marxek zionez, kapitalismoko harreman sozialen atzean, jabeek egiten duten merkantzien truke-ekintza bera dago beti: aldatzen direnak norberak trukatzen duen merkantzia motaren arabera janzten dituen «maskarak» dira. Merkantziekin dirua trukatzen bada, salerosketa-ekintza baten aurrean gaude, erosle eta saltzaile batekin. Ordainketa hori denboran aldatzen bada, hartzekodun bati eta zordun bati buruz ari gara. Dirua diruarekin trukatzen bada, mailegu bat da, mailegu-emaile eta mailegu-hartzaile batekin. Kapitala eta lana trukatuz gero: kapitalista eta langilea. Egiten den truke-ekintzaren arabera, beti daude eskubideak eta betebeharrak inplikatutako aldeentzat, parte-hartzaileen askatasunaren, berdintasunaren eta elkarrekikotasunaren printzipioetan oinarrituta.

Hori beteko dela bermatzeko (justizia egingo dela bermatzeko alegia) erabiltzen den logika honakoa da: lehenik, bestearen eskubideak errespetatzea eskatzen da; bigarrenik, maxima hori hausten bada, inork ezin du justizia bere gain hartu. Ulertzen bada ordena hautsi dela, esku-hartze heterokonpositiboko mekanismoetara jo behar da (Estatuak jarritako bitarteko «inpartzial» batera), bai administraziora, bai epaitegi eta auzitegietara, oreka, objektibotasuna eta neutraltasuna bermatzen duten epaile gisa agertzen diren instituzioetara. Beren hitza errespetatzen ez bada, poliziak esku hartzen du. Hirugarren, «ordenamendu juridikoaren bermatzaile» izenez deitu dena dago: Konstituzioa, ordenamenduaren printzipio orokor gidariak, herritarren oinarrizko eskubideak eta estatuko organoen arteko harremanak ezartzen dituena, eta, Espainiaren kasuan, estatu organoen eta autonomia-erkidegoen arteko harremanak ere bai. Konstituzioak berak ezartzen du noiz uzten dion indarrean egoteari: salbuespen-egoeretan (alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak). Egoera horiek ordena mantentzeko egoera kritikoak direnez, berme juridikoak eteten dira eta eskubide subjektiboak mugatzen, hiru botere konstituzionalen arteko konpetentzia ordena alteratuz (ordenamendu juridikoa bera). Konstituzioak bere bermatzaile propioa du, Konstituzio Auzitegia, oinarrizko eskubideen urraketak (babes-errekurtsoa) zein estatuko botereen arteko eskumen-gatazkak epaitzen dituena. Horrela blindatzen da ordenamendu juridikoa.

Arautze momentuari dagokionez, sistema parlamentarioan, egoera normaletan, Parlamentuari dagokio: alderdi politikoz (Kapitalaren intereseko blokez) osatutako organoari, hauteskunde orokorren bitartez gehiengo sozialak hautatu duena islatzen duten talde parlamentariotan jarduten dutenak. Bestela esanda, jendartearen interesen konposizioa Parlamentuaren alderdien konposizioan islatzen da. Parlamentuak mekanismo-multzo bat du ziurtatzeko hartzen dituen erabakiak parlamentarien gehiengoa islatzen duela, eta horrekin jendartearen gehiengoaren interes orokorrak islatzen dituela ulertzen da. Horren ondorioz Parlamentuak sortzen dituen xedapenek lege-indarra, lege-maila eta lege-balioa hartzen dute.

Gobernuak, arautzeko ahalmena duen arren (erregelamenduak egiten ditu), jendartearen gehiengoa islatzen ez duenez, ez du lege-mailako xedapenik ematen: salbuespen-egoeretan baino ez, Parlamentuaren begiradapean.

Honek guztiak harreman ekonomikoen antza handia du; guztia oso abstraktua da, eta itxuran, guztia da harmoniatsu eta orekatua. Zuzenbidearen teoria burgesak klase-borrokaren abstrakzioa egiten du. Sistema juridiko osoa orekatuta egon dadin behar den bakarra da estatuko hiritarrek patrikan dirua izatea. Diruak bere jabeen artean betetzen duen Radical levelleren funtzioa (Marx) da abstrakzioa bermatzen duena. Zuzenbidearen teoriari ez zaio axola dirua nondik eratorria den: edozein merkantziaren salerosketatik, mailegu batetik edo Kapital-Lan harremanetik (Irabazia eta Soldata). Zuzenbidearen teoria, Ekonomiarena bezalaxe, zirkulazio sinplean oinarritzen da ―bertan dena da harmoniatsua―, eta produkzio-esferan gertatzen denaren abstrakzioa egiten du. Baina errealitateak erakusten digu ezin dela borroka politiko nagusiaren edo klase borrokaren abstrakzioa egin: ez normalitate egoeran, ezta salbuespen-egoeretan ere.

2.-Zuzenbide burgesaren esentzia

Itxurazko objektibitate- eta neutraltasun-izaera hori problematizatu egin behar da derrigor. Zehatzago esanda, desestali egin behar da tradizio marxistan «Zuzenbidearen fetitxismo» gisa izendatu den hori. Lanaren produktuen merkantzia-formen eta merkantzien jabeek ezartzen dituzten harreman juridikoen arteko lotura hertsia aztertu zuen Marxek Grundrisse eta das Kapital lanetan, eta besteren artean Evgeny Pashukanis legelari sobietarrak garatu zuen kontzeptualki. Bi-biek defendatzen zuten Zuzenbideak bere jatorria jendartearen oinarri ekonomikoan duela, hots, esplotazioan, eskubide-gabezian. Modu honetan Zuzenbidea lanaren produktu guztiek merkantzia forma hartzen duten jendartearen antolakuntza-formetan (jendarte burgesean) edo forma hori har dezaketen (ala ez) antolakuntza-formetan (Erroma) ageri da. Edonola ere, oinarri ekonomikoak beti agintzen du ordenamendu horren gainean.

Ez dezagun hori determinismoarekin nahas: Zuzenbidea, bizitza sozialaren gainerako esfera guztien moduan, klase-borrokak determinatua da, zeina bi funtsezko norabidetan orientatzen baita: burgesiaren interesen eta proletalgoaren borrokan. Zuzenbide burgesa burgesiaren arautzea da, Kapitalaren jabeena, eta oinarrizko eskubideak bere eskubide subjektiboak dira. Horregatik, indar-korrelazioa erabat burgesiaren aldekoa baldin bada, proletalgoak ez du eskubiderik (kapitalismoaren hastapenetan bezala). Horietara iristeko modu bakarra berak saltzen duen merkantziagatik (lan indarra) eskuratzen diruak (soldata) ematen dio. Proletalgoak eskubideak lortzen baditu, soldataren hobekuntzaren edo bere bizi baldintza materialen aldeko borrokan eskuratzen ditu. Burgesiak, bada, bere Zuzenbidean sartzeko eta bere eskubideak erabiltzeko aukera eman edo aitortzen dio, emandako botere ekonomikoak zorpetzeko aukera eskaintzen baitio. Zuzenbide burgesak barne-bildu egin dezake potentzia proletarioa, betiere bere diktadura ekonomikoa eta politikoa ezartzen jarrai badezake.

Hortxe dago fetitxismoaren auziari erantzuna: Zuzenbide burgesa ez da betierekoa, neutrala ezta objektiboa ere. Proletalgoak bere arautze gaitasuna dauka, borroka politikoaren prozesuan eraikitzen duena, eta beraz, gizarte burgesa eta Zuzenbide burgesa gainditzeko gaitasuna daramana. Proletalgoak burgesiaren eskubideen jokoan erortzeak, kapitalaren beste edozein esparrutan bezalaxe, bere zatikatzea eta ahulezia dakar, burgesiaren mundu ikuskeraren barneratzea bezala.

Hain justu, arrazoi horregatik da garrantzitsua seinalatzea ordenamendu juridikoak erakusten duen itxurazko harmonia ez dela egiazkoa. Carl Schmitt arduratu zen estatu konstituzionalak normaltasun egoeran zuen inkonsistentzia erradikala erakusteaz eta salbuespen egoeraren izatea definitzeaz, eta honakoa esan zuen: «subiranoa da salbuespen-egoeran erabakimena duena». Baiki, klase borroka modu antolatuan agertzen den bakoitzean, zuzenbideak oreka guztia galtzen du eta bera bitartekaritzak aldatzen ditu. Baina bereziki salbuespen egoeretan erakusten du bere buruaren izatea: botere diktatoriala existentzia mistifikatzen duen kontrol sozialerako tresna. Hala, klase dominantearen zein mendekoaren borroka politikoek sortzen dituzten asaldurei so eginez, esan daiteke Zuzenbide burgesaren funtzio behinena bere neutraltasun-forma horren pean asaldura soziala ezkutatzea dela, proletalgoak botere independente moduan antolatutako borroka politikoa ezkutatzea.

Proletalgoak klase-antolakuntzarekin batera garatzen duen botere normatibo independentea duela jabetzeak aukera ematen digu zuzenbide burgesaren mugak zein bere kontraesanak identifikatzeko, eta horien barnean geure boterea geure interesetarako erabiltzeko. Klase-borrokak jendartea antolatzeko bi ereduren borroka inplikatzen du, bi botere normatibo antagonikoren borroka. Bizi dugun eszenatoki hau, salbuespen-egoera, ezin aproposagoa da bi gauza ikusarazteko: batetik, Zuzenbide burgesaren kontraesanak eta berau nola subordinatzen den klase-borrokaren zelai politikora, eta, bestetik, kondizio horien aurka egiteko eta normatibitate proletario bat eratzeko aukera. Zuzenbide burgesak, bada, bi frente biltzen ditu proletagoaren borrokarako: batetik, Estatuaren instituzio publikoen eta pribatuen kontrako borroka, eta bestetik, konpetentziaren harreman sozialen aurkakoa. Zuzenbide objektiboaren eta eskubide subjektiboen aurkako borroka.

2.1-Alarma-egoera, salbuespen-egoeraren modalitate formala

Kartzelaratze orokortuaren garaiotan, zirkulaziorako askatasuna muga larrietara iritsi da. Hain muga larrietara, ezen Espainiako Konstituzioak (EK) (55.1 eta 116.2 artikuluak) eta 4/81 Lege Organikoak jasotakoa gainditzen baitute: alarma-egoera bat izan behar zenak, burgesiaren diktaduraren ezarpena agertarazi du. Diktadura zuzena, hain zuzen, berme juridiko guztiak baliogabetu, Estatuko botereen arteko bitartekaritza guztiak ezabatu eta proletalgoari formalki aitortutako eskubideak desegin direlako. Pablo Casadok ahotan darabilen estatu-hitzarmenak erakusten du egon badagoela burgesiaren fakzio guztien arteko hitzarmen espliziturik Gobernuaren bitartez oligarkia nazionalak zuzenean agindu dezan (ez du beti zertan horrela izan, posible da burgesiaren behe geruzak oligarkiari aurre egitea, baina ez da kasua).

Dekretu bidez langile klaseari egiazko informaziorako (EKren 20.1. artikulua, d atala), bilera eta kale-agerraldietarako (21. art.), eta elkartzeko (EKko 22.1 art.) oinarrizko eskubide burgesetan egindako murrizketa basatiak funts objektibo eta subjektiboa ditu: kapitala balorizatzeko ezintasuna eta kontrol soziala bermatu beharra modurik biolentoenean. Proletalgoari aitortutako eskubide guztiak kentzea, bereak muturreko bortizkeriaz bermatzen dituen bitartean.

Juristarik bizienek diote Gobernua alarma-egoera ezartzea ahalbidetzen duen gertakari bat (osasun-krisia) erabiltzen ari dela salbuespen-egoera ezartzeko[1]. Euren irakurketa azkarra da, politikoa, baina alarma- salbuespen- eta setio-egoeren arteko bereizketa formalismo bat besterik ez dela ulertzea falta zaio. Hiru egoerek komunean duten alderdia (nahiz eta EKko 55.1. artikuluak eta 4/81 LOak xedatu alarma-egoera dekretatuz gero oinarrizko eskubideak ez direla baliogabetzen), «salbuespenezko» egoera horiek zirkulazio-askatasunari eta bertan jarraitzeko eskubideari erreferentzia egiten diotela da. Optika burges merkantiletik ulertuta, zirkulazio-gaitasuna mugimendu-gaitasuna besterik ez da. Mugimendu-askatasun hori ekintza asoziatibo guztien aurrebaldintza da: bilerak egiteko eskubidea, elkartzeko eskubidea eta kale-agerraldiak egiteko eskubidea. Zirkulazio askatasunaren kontzeptu indeterminatuaren edukiaren determinazio politikoan agertzen zaigu zuzenbidearen kontraesan nagusia beraz: proletalgoak ezin du mugitu ez bada burgesiari funtzionala zaion horretarako. Bada, beraz, zirkulaziorako eskubide burges elementalean, mintz bat bide horretatik salbuespenezko egoera formal batetik bestera igarotzeko. Salbuespen egoera bakarra da: diktadura zuzena kontrol sozialerako mekanismo gisa agertzen den unea.

Sozialdemokrazia politikoaren eta errebisionismo teorikoaren ordezkari onenek oraingo egoeraren justifikazioa (burgesiaren botere-erregimenaren arazo guztien gisara) estatuaren organoen administrazio- eta kudeaketa-okerraren akatsean ikusten dute, ordenamendu juridikoaren neurrigabeko erabilpenean. Gizartearen mugimendua arautzen duten legeak ukitu (eta ulertu) gabe zuzendu nahi duten auzi subjektibo edo moral batean. Ortzi-muga estrategiko iraultzaile baten faltan, ez da gai Zuzenbidearen errealitatea begiesteko, hau da, Zuzenbidearen edukiak edo substantziak berak burgesiak proletalgoan ezartzen duen diktadura estrukturalean kokatzen duela bera.

3.-Ordena sozialaren kontrolerako modalitateak: zeharkako diktadura eta diktadura zuzena

Burgesiak bi modutan gauzatzen du proletariotzaren gaineko kontrol soziala: zeharka (normaltasun juridikoko garaietako egoera) eta zuzenean (salbuespen juridikoko edo ordenamendu juridikoaren indargabetzen deneko egoera).

Espainiako Estatuak ezarritako erregimena azkeneko horri dagokio. Bat-batean hauts bihurtu dira gorantz zihoan kapitalismoaren garaian borroken bidez lortu ziren eskubideen aztarnak. Zentro inperialistako proletariotza antolatuta zegoen, eta indartsu zegoen sozialdemokrazia erreformista burgesiari botere-kuotak erauzteko gai zen garai hartan, handitzen ziren soldaten forman. Edo bestela esanda, garai hartan burgesia espainiarra gai zen langile klaseari eskubide zibil, politiko eta sozial bihurtuko zen botere ekonomiko bat emanez bere ordena sozialari eusteko. Emakida formal horien bidez langile klasea Estatuaren aparatuetan integratuko zuen, diktadura burgesaren zeharkako modalitatearen barruan jarduteko. Emandako edo onartutako eskubideekin anestesiatuko zuen proletariotzaren programa iraultzailea, periferiako langile klaseari ateratako gainbalioaren bidez eskuratutako finantzaketarekin, hain zuzen.

Bada, Espainiako Gobernuak herritar guztiak beren etxeetan konfinatzea erabaki du, gainbalioaren ekoizpena ahal den neurrian mantentzen den bitartean, eta irizpide ekonomiko-politiko horri jarraiki hartu da erabaki hori: ordena soziala kosta ahala kosta bermatu behar da. Estatuaren diru-kutxen bidez bake sozialari eusteko ahalmen ekonomikorik ez badago, ezin da Zuzenbidea erabili, eta de facto arautzen da. Gainera, hori gerora ondorio politiko garrantzitsuak eragin nahi dituen erabaki bat da, eta jada hasi gara ondorio horiek berak bizitzen. Izan ere, burgesiaren beheko geruzek aukera eman diote oligarkiari osasun-krisiaren benetako eskakizunei erantzuteko eta guztiz neurrigabeak diren salbuespen-neurri batzuk aktibatzeko. Horrek erdi agerian uzten du bigarren krisi ekonomiko baten leherketa, hau da, ezkutuan (edo agerian) zegoen krisia azkartu egin dela osasun krisiaren iritsierarekin, eta, egiaz, egoera ekonomiko horren gainean erabaki behar dela, nahiz eta horrek muturreko kontrol soziala ekarri duen: horrela erabaki da biztanleriaren konfinamendu orokorra, biztanleriaren % 80k birusaren ondorio larriak jasango ez dituenean, OMEren gomendioen arabera kutsaduraren hedapena gelditzeko neurri horiek beharrezkoak ez direnean, horrek osasun-arazo berriak sortzen dituenean, adinekoak isolatuta hiltzen uzten direnean, etxeko genero-indarkeria ugaritzea ahalbidetzen duenean, poliziaren kontrola areagotzea onartzen denean, kaleen militarizazioa areagotzen denean, txibateo kolaborazionista sustatzen den bitartean. Zuzenbidean bada printzipio bat, «proportzionaltasuna» izenekoa. Horrek agintaria aztertutako aukera bakoitzak dituen arriskuak ebaluatzera behartzen du. Argi dago ordena ekonomiko-politikoa kosta ahala kosta mantentzearen irizpideak irabazi duela, beste aukerarik ez zegoelako.

Ekoizpena mantentzea beharrezkoa da: osasuna produkzioaren menpe dago, gainbalioa sortzen ez bada ez dagoelako soldatarik, ezta ospitaleak handitzeko dirurik ere; horregatik, jasotzen dira dohaintzak hainbesteko ilusioarekin. Ezin dugu ulertu Estatuak kaudimen ekonomikoa edukiko balu, ospitaleak eraiki ahalko zirela, diagnostiko azkarreko testak egin, alokairuak eta hipotekak eten, produkzio-jarduerarekin jarraituko zela langile guztiei NBEak (norberaren babeserako ekipamenduak) emanez, mediku gehiago egongo zirela, herritarrei mugitzeko askatasuna emango zitzaiela eta abar. Espainiar burgesiak irabazi nahikoak izango balitu, neurri horiek edo egun hartu dituenen artean aukeratu ahalko zuen (eta hori bai litzateke auzi morala). Baina kontua da ez dagoela funtsik Estatuaren kutxetan. Gogoratu espainiako Estatuak emango dituen 100.000 milioiko laguntzak abaletan sostengatzen direla. Abalak emateak soilik hondamendia moteltzeko balio du, Kapitala erreskatatzera norbait etorri arte. Ez al zaizue istorio hau ezaguna egiten? Erreskatea, zorra, arrisku-saria, interesak, troika, murrizketak…

Atzeralditik ateratzeko beste bloke inperialista batetik kapitala inportatzea negoziatzen den arte (Txina, Errusia edota AEB) ekoizpena mantenduko da (Italian egin

, unea heltzen denean ezarriko den neurria). Erabaki hori justifikatzeko, krisitik ateratzeko guztion batasunera jo ahal izateko, oro har herritarrek pandemiari aurre egiteko metodorik eraginkorrena zein den ez jakiteaz baliatu da burgesia (informaziorako eskubidea kentzea, alegia): OMEren irizpideak, Hego Koreakoak, Alemaniakoak, Txinakoak, Kubakoak, Venezuelakoak, Irangoak… Emandako eskubide guztiak baliogabetzen dituen klaseko ofentsiba bat egiteko aukerari heldu dio, eta neurri hori ezinbestekotzat aurkeztu digu. Horrela, beharrezkotzat jotzen da proletarioek baldintza are miserableagoetan lan egin behar izatea eta hura politikoki deuseztatzea, batasun nazionalerako mezuak zabaltzen diren bitartean. Ekintza politikorik eza beharrezkotzat hartzen badugu, espero dezakegu etorkizuneko testuinguruak etsaitasun handia eta egitura- eta kultura-aldaketa sakonak ekarriko dizkigula.

4.-Sozialdemokraziaren kosmobisioaren agorpena

Eskubideak eta askatasunak ematea edo ezeztatzea ez da, sozialdemokraziak ulertu nahi duen bezala, soilik subiranoaren borondate onaren edo txarren kontua. Ikusi dugu Zuzenbidea ekoizpenaren eskakizunei eta borroka politikoari lotua dagoela eta horren arabera aldatzen dela. Sozialdemokraziak, bere erarik erradikalenean, krisia kudeatzeko eredu alemana edo frantsesa goraipatzen ditu. Hain erradikalak ez diren alderdiak joko horretatik kanpo daude (ikus Otegik Estatu Ituna gauzatzeko egindako eskaerak). Zuzenbide burgesaren ortzi-muga estuan harrapatuta, zirkulazio-askatasunaren murrizketa gutxiago eta, ondorioz, langileriarentzat oinarrizko eskubide burgesen murrizketa txikiagoak egiten dituzten estatu burgesak goraipatzen dituzte. Ez dira gai berehalakotik harago jarduteko, ez dira gai estatu eta zuzenbide burges oro une historiko zehatz bakoitzean klase borrokaren sintesia dela ikusteko, ez dira gai Kapitalak lan esplotatzean oinarritzen den basakeria kapitalistari alternatiba bat eskaintzeko, ezpada menderakuntzan sakontzeko.

Izan ere, Zuzenbidearen eremuan ere erabakigarriena kapital-metaketaren dinamika da. Kontuan izan behar dugu estatu nazionalek, krisi sozialeko egoera baten aurrean, «bake soziala» mantentzeko eta gainbalioa ekoizteko berme gehiena eskaintzen duten neurriak hartzen dituztela: botere ekonomiko handiagoa dutelako, kontrol soziala eskubideak hainbeste murrizten ez dituzten neurrien bidez bermatzeko aukera ematen duten herrialdeak (Alemanian eta Frantzian kalera ateratzen uzten dute) demokrazia eredu gisa aurkezten dira, eta, Espainiaren edo Italiaren kasuan bezala, beren Kapitala balorizatzeko baliabide nahikorik ez dutenek jasaten duten degradazio-egoeran beste aukerarik ez dutenez, kontrol sozialeko neurri oldarkorragoak aplikatu behar dituzte, eta funtsik ez duten eta izanen ez duten abalen jaulkipenarekin beren buruaz beste egiten dute. Kanpo zorraren kopuruak ikusi besterik ez dago.

Horrenbestez, horrela, Europako iparraldeak eutsi egiten dio momentuz (Alemania eta Frantzia, besteak beste, aipatutako kasuekin jarraitzeagatik), hegoaldeak (Espainiak eta Italiak), bere Kapitala anpliaturiko eskalan erreproduzitzeko gaitasunik ez duenez periferizatzen den bitartean: Europar Batasuna hausteko zorian dago. Estatu nazional bakoitzak ahal duena egiten du.

Panorama arras ezberdina da beste kontinente batzuei erreparatuta. Asiaren kasuan Japoniak, Hego Koreak eta Txinak ere neurri desberdinak erabili dituzte krisiari aurre egiteko: Txina aitzindaria izan da, munduko potentzia bat izan arren, konfinamendu masiboa ezartzen, kontrol sozialerako teknologia aurreratuak erabiltzen, (geolokalizazioa, toki publikoetan tenperatura hartzea…); Hego Korea, berriz, urtarriletik hasi zen diagnostiko azkarreko testak egiten, eta gehiago bermatu ditu bere menpeko herritarren eskubideak. Japoniaren gaixotze kopuruen kurbak ikusi besterik ez daude. Atlantikoaren beste aldean, Estatu Batuek beren herritarrei 2 bilioi dolar, zuzeneko likidezia moduan (txekeak), jaulkitzea onartu dute. Botere erregimen burgesak hainbat alternatiba eskaintzen ditu kontrol soziala bermatzeko dituen bi modalitateen artean. Beti izango da aukeratzerik, baina betiere erabaki hori posible egingo duen egitatezko baldintza bakarra betetzen bada: kapitalaren errebalorizazioa bermatuta izatea.

Espainiako Estatura itzuliz eskenatoki diktatorial honek sindikatu nagusien eta ezkerreko alderdien erabateko onespena izan du. «Etxean geratu» erreformismoaren slogan kutuna bihurtu da. Klase ertaineko bloke politikoak ez du inolako borroka politikorik planteatu; muturreko kasuetan, esparru ekonomikoan aurpegia ematearekin konformatu da: berehalako erosteko ahalmena mantentzearen aldarrikapenekin (soldatak itunduz edo errenta unibertsala eskatuz). Arazoa ez da borroka esparru ekonomikoan gauzatzea: berau borroka duina eta beharrezkoa baita. Arazoa botere politiko antolatuaren garapena ahalbidetuko duen horizonte estrategikorik eza da, berehalakoarekin ez konformatzen lagunduko duena. Berehalakoa baita langile klase osoaren anulazio politikoaren fundamentua. Honekin lotuta ageri da egoeraren behar bezalako azterketa bat egiteko gaitasun eta interes falta, borroka antagonismo politikoaren eremuan ardazteko aukera ezabatzen duena. Ezin da guztien begietara ondo geratu. Ez dago kaferik guztientzat. Sozialdemokraziak eskaera «sozialak» a posteriori baino ez ditu egiten, ongizate-estatuak bermatu behar dituenak eta bermatzen dituenak. Eta ikusten den bezala, bermatzen ditu, ahal badu. Burgesiak ezkerretik aurreratzen ditu, lotsagarria da. Bere paradigma agortzen ari delaren sintoma adierazgarria.

Politikari dagokionez, onenean ez du baliatzen eta okerrenean despolitizatu egiten du Errege Dekretuak berak zirkulazio-murrizketen salbuespenak jasotzeak ematen duen aukera borroka politikorako aukera. Izan ere, bai ezinbesteko egoeretan, bai premiazkoetan, bai kolektibo zaurgarrienen kasuetan, bide publikoa okupatu daiteke. Hemen, boluntariotza sustatzen aritu da estatuko aparatuen agindu zuzenen pean, langile klasearen elkartasun-lagin espontaneoak instrumentalizatuz. Burgesiak sustatu duen ekimena honek langile klasearen erreprodukzio kostuak (soldatak) aurreztea helburu izanik; horrela probestuko duena, kapitalismoaren aurpegi atsegina erakusteko. Kolpe baxua da. Sozialdemokraziak ez du ikusten, edo okerragoa dena, uko egiten dio legezko zirrikitu horiek klase-politika bat egiteko eskaintzen dioten aukerari. Hau da, burgesiari aurre egiteko legalitate burgesaren bidea erabiltzea bera ukatzen du, hau da, masen antolaketak sostengatutako erreformaren bidea, XX. mendeko sozialdemokraziaren ikur bereizgarria izan zena. Herritar batek babes-errekurtsoa bat jartzeko eskatu dio Arartekoari; zentzu politiko handiagoa du herritar batek etxean akritikoki konfinatzera eta proletariotzaren sakrifizio odoltsua txalotzera gonbidatzen gaituen sozialdemokrazia osoak batera baino. Argi dago beraz une kritikoenetan sozialdemokrazia burgesiarekin elkarlanean aritzen dela. Argi beraz, burgesiaren fakzio guztiek arbitrarioki ezarritako murrizketak gainditzeko borrokatzeak, lehenik eta behin, sozialdemokrazia kolaborazionistaren aurka borrokatzea dakarrela, langile klasea kondenatzen duen blokeo politikotik askatzeko.

5.-Arautze proletarioaren momentua

Zuzenbide burgesak darabilen logika eta berari aurre egiteko moduak ezagutzea da bere kontraesanak bilatzeko modu bakarra, gure borroken zilegitasuna bere zirrikitu legaletan bilatzekoa. Gure exijentziak gauzatzeko Zuzenbidearen forma burgesa erabiltzekoa, baina haren amarruan erori gabe. Izan ere, bete-betean gaude burgesiaren joko-zelaian murgilduta; horregatik, bere zokoetan bilatu behar ditugu gure borroka antolatzeko aukerak. Ezin da balioaren legea gainditu deuseztatzen ez bada.

Koiuntura honetan, goian landutako kontzeptu juridiko zehaztugabeak dira (ezinbestekotasuna, beharrizan-egoera eta kolektibo zaurgarriak) aukera eskaintzen digutenak. Haiek dira, ofentsiba-garaiotan, Zuzenbide burgesaren markotik, defentsa legitimoa artikulatzea ahalbidetzen digutenak. Izan ere, alarma-egoera ezarri duen Errege Dekretuak zirkulaziorako askatasunari jartzen dizkion mugentzat jasotzen dituen salbuespenak dira. Gure oinarrizko eskubide-betebehar bakarra egikaritzeko bidea irekitzen digute: klaseetan banatutako jendartea deuseztatzeko jardun politikorako askatasuna.

Proletalgoa sistematikoki esplotatzen den egoera estruktural baten aurrean, kontzeptu horien definizioa eta konkrezioa bere potentzia kolektibo antolatuari dagokio, ordena burgesa proletariotzaren edukia espresio minimora zapaltzen ahalegintzen baita. Soilik klase-optika batetik garatzeak determinatu ditzake proletalgoaren ―zein testuinguru honetan proletarizazio larrian gertatu den sektore guztien― behar estruktural eta historikoak. Horregatik dihardut arautze proletarioa ezartzeko momentuaz, zeina iraultza sozialistaren prozesutik baino ez baita etorriko. Proletalgoari botere arrotz modura agertuko ez zaion arautzea, bere botere propioa antolatzeko prozesuaren garapenean eraikiko duena, klase batasunaren printzipioak, elkartasuna, elkar laguntza, adiskidetasuna, erantzukizun kolektiboa eta jardun politikoaren independentzia oinarri izango dituena. Arautze hori ez da klase-interes kolektiboak interes indibidualari gainjarriko dizkion jendartea antolatzeko modu berri baten eraikuntza kulturala baino; jendarte burgesaren funtsezko momentuan, politikoan, borroka-fronte bateratu baten bitartez, guregan integratutako burgesiaren estratu diziplinario guztien kontrako aurrez aurreko borrokaldietan soilik gara daitekeen arautze bat baino.

Optika honetatik, irakur daiteke ezinbesteko eta beharrizan-egoera kontzeptuek klaseetan banatutako jendartearen deuseztatzeko behar historikoari egiten diotela erreferentzia, eta prozesu iraultzailean zehar langile klaseak bere baitan dituen behar konkretu guzti-guztiak bere baitan biltzen dituena. Nabarmena da, hortaz, proletalgoa bera del kolektibo zaurgarri gisa ulertzen dena, bere existentziaren bi planoetan beharrizan historiko zehatzak baititu: ekintza politikoaren plano subjektiboan (borroka antolatua) eta behar materialen plano objektiboan (ekonomia, osasuna). Burgesiarentzat produkzio-prozesurako baliozkoak ez diren, eta horrenbestez, deuseztatu egin behar diren gizarte sektore gisa definitzen den kontzeptu horrek gu ordezkatzen gaitu klase gisa.

Burgesia oposiziorik gabe ari da gobernatzen, oposizio oro dekretuz debekatu duelako. Ez dugu uzterik berak eskubide guztiak manten ditzan: egiazko informazioarena, elkartzeko eta biltzeko eskubideak (bere bi alderdietan: asoziazio politikoa eta lantegietako langileen antolakuntza) eta manifestziorako eskubidea (ekintzarako eskubide guztiak batzen dituena, erabakiak betearaztea barne), proletalgoari berea ezgaitu zaionean. Egin dezagun borroka gure askatasun politikoa berreskuratzeko. Batu gaitezen eta gara dezagun arautze proletarioa azken muturreraino, balioaren legea eta bere Zuzenbidea deuseztatzeraino.