Apirilaren 29an, Frantziako Estatuko Barne ministro den Bruno Retailleauk jakitera eman zuen Urgence Palestine eta Jeune Garde izeneko kolektiboak legez kanpo uzteko prozedura abiatu zuela. Urgence Palestine taldea 2023ko larrazkenean sorturiko taldea da, eta, hasieratik, genozidioa eta potentzia inperialisten kolaborazioa salatu ditu. Bestetik, Palestinako herriaren autodeterminazioaren alde ere egin du. Beste gauza batzuen artean, horiek izan daitezke kolektiboa desegiteko arrazoiak. Talde horren desegiteak zuzenean erantzuten dio eskuin muturrak eraman duen presio kanpaina bati, besteak beste, Némésis talde feminista atzerakoiak eraman duenari.
Legearen arabera, gobernuak erabili duen dekretua zazpi arrazoik justifika dezakete. Barne Segurtasuneko Kodearen L212-1 artikuluan sailkatuta daude arrazoi horiek, eta hemen seigarrena bakarrik aipatuko dugu, duen esanguragatik. Haren arabera, taldeak desegin daitezke "jatorriagatik, etnia, nazio, arraza edo erlijio jakin bateko kide izateagatik edo ez izateagatik pertsona edo pertsona talde baten aurkako diskriminazioa, gorrotoa edo indarkeria sustatzen badute, edo diskriminazio, gorroto edo indarkeria hori justifikatu edo bultzatzen duten ideiak edo teoriak zabaltzen badituzte".
Ohartu daitekeen bezala, eta artikuluaren helburuak lehen behako batean nobleak agertzen ahal bazaizkigu ere, dekretuak botere betearazleari eskaintzen dion arbitrariotasuna erraldoia da, eta, beraz, antolakuntzaren kontrako arma suntsitzailea da. Bereziki gobernuak interesatuki sionismoaren kritika oro antisemitismoarekin berdintzeko joera daukan garaio honetan, eta, bereziki ere, erreakzioaren indar ezberdinek (anitzetan benetako antisemitistak direnak), antisemitismoaren banderapean, besteak beste, daramatelarik beren gerla kulturala. Izan ere, Barne ministroak, hitz hauetan justifikatu ditu ilegalizazioak:
"Bistan dena, pertsona fisiko edo juridiko orori zilegi bazaio ere Israelgo Estatuaren lurralde-hedapen politikaren gainean eztabaidatzea edo zalantzan jartzea, eztabaida hori adierazpen-askatasunaren mugak gainditu gabe egin behar da. Hala ere, badirudi, Palestinako herriaren defentsaren aitzakian, Urgence Palestinek […] pertsonen edo ondasunen aurkako ekintza bortitzak egitera bultzatzen duela, jatorri judua duten pertsonen aurkako gorrotoa, bereizkeria eta indarkeria sustatzen dituela, terrorismoa egozten zaien erakundeen jarduerak justifikatzen dituela eta haiek babestera bultzatzen duela".
Gainera, gobernuaren deriba autoritario soila ez; epaileek ere artikuluaren interpretazio gero eta zabalagoa egiten dute dekretuen legalitatea aztertzeko orduan, eta, funtsean, nahikoa da ordena publikoarentzako den mendreneko arriskua dagoela kontsidera dezaten, dekretu proposamena atzera ez botatzeko [1]. Azkenean, modu traketsean justifikaturiko ilegalizazio politikoak baizik ez dira.
Bi taldeok ez dira Macronen agintaldian desegiten dituzten Palestinaren aldeko lehen kolektiboak, ez eta lehen talde antifaxistak ere. Izan ere, duela hilabete batzuk, adibidez, Palestine Vaincra kolektiboa legez kanpo utzi zuten, eta, hori baino lehen, Lyongo GALE talde antifaxista desegin zuten [2]. Ez dira ausazkoak Lyongo bi talde antifaxisten kontrako desegite aginduak, Lyon ezaguna delako faxista antolatu asko dituen hiri bat izateagatik eta, beraz, kale mailako erantzun antifaxista nahitaez ekoitzi behar duen hiri bat izateagatik. Antzeko kasuak aurkitu daitezke beste hiri handietan ere; adibidez, Parisen. Alabaina, boterean dagoen faxismoaren "oztopo errepublikarrari", hautetsontzietatik kanpoko antifaxismo oro jasangaitza zaio [3].
Palestinaren aldeko mugimenduari dagokionez, berriz, etengabea izan da Palestinarekiko sostengu eta adierazpen ororen kriminalizazio sistematikoa. Hasieran manifestazioen debekua, ondoren hainbat militante politikoren auziperatzea terrorismoari gorazarre egitea leporatuta eta, horiek gutti ez balira bezala, kolektiboen desegite aginduak. Errepresio hori guztia ideologikoki terrorismoa goratzearen kontrako borroka gisa justifikatu da, baina, desenkusa ahul bilakatzen ari zela ikusita, antisemitismoaren kontrako borrokaren aitzakia ere erabili da. Mundu anglosaxoitik inportatu da, beraz, sionismoa salatzen duten ustezko antisemitisten kontrako sorgin-ehiza.
Bi kolektibo horiek desegiteko aukeratu duten momentua bereziki adierazgarria ager dakiguke. Alde batetik, Gazan genozidioaren intentsifikazio baten aitzinean gaudelako, eta, itxuraz, baita bigarren Nakba bat izan daitekeenaren atarian ere. Gobernuarentzat une txarra litzateke, hortaz, Frantziak Israelekin dituen harreman pribilegiatuak seinalatzeari uzteko. Bestetik, gizarte mailan eta estatu mailan faxismoak gero eta eragin handiagoa du. Duela bi aste, Aboubakar malitar gaztearen erailketa islamofoboaren berri izan genuen. Estatutik datorren musulmanen kontrako erasoaldiari, beraz, kaleko bortizkeria gehitzen zaio. Maiatzaren 10ean, berriz, faxistek manifestazio jendetsu batera deitu zuten Parisen. Ugaritzen ari dira musulmanen, antifaxisten, ezkertiarren eta guttiengo zapalduen kontrako gorroto-dei antolatuak. Beren erreferente politiko nagusia, RN alderdia, nehoizko indartsuena da, erabaki politikoetan eragin handia du eta kapitalaren zati gero eta handiago baten alderdi kuttuna bilakatzen ari da. Hortaz, ez dira gutti haren politikak imitatzen dituzten beste alderdietako agintariak, Barne ministroa kasu, gizartearen joera erreakzionarioa kapitalizatu nahian [4].
Agindu horiek guztiz deitoragarriak dira, eta Frantziako Estatuak erresistentzia minimo oro isiltzeko hartu duen joera autoritarioaren baitan ulertu behar dira. Doakiela Euskal Herritik gure elkartasun osoa desegite-prozedurak jasan dituzten eta jasaten ari diren kolektiboei, eta, oro har, faxismoari aurre egiteagatik ala Palestinaren alde egiteagatik errepresioa jasaten dutenei. Bestalde, behar-beharrezkoa zaigu protestatzea eta antolatzea, talde politikoak desegiteko erabiltzen duten dekretua abolitu dezaten.
Estatu kapitalista eta eskubide politikoak
Dekretuen kontrako borrokatik harago doazen irakaspenak atera behar ditugu, berriak ez izan arren. Lehenik: Estatua ez da aliatu bat faxismoaren kontrako borrokan. Alderantziz, Estatuak joera askoz handiagoa dauka langileria antolatuaren kontra egiteko agente faxisten kontra egiteko baino, azken horiek, subertsibo gisa agertu nahi badute ere, Estatua indartu besterik ez dutelako egiten. Desegite-aginduen kasuan, adibidez, askoz ugariagoak dira kolektibo ezkertiarren kontrakoak, eskuin muturrekoen kontrakoak baino (nahiz eta azken horiek, artikuluak aurreikusten duenaren arabera, askoz desegingarriagoak liratekeen). Gainera, zortearen ironiaz, aipatutako dekretua 1936ko herri-frontearen garaian sorturikoa da, eta, berez, liga faxistak desegiteko sartu zen indarrean. Sozialdemokraziak hala sinetsarazi nahi badigu ere, beraz, estatua ez da erabili daitekeen tresna neutroa.
Lehen irakaspenari dimentsio orokorrago bat eman nahi badiogu, marxismoaren tradizioari segika, ondorengoa erran daiteke: Estatu kapitalistaren aparatu errepresiboa indartzen denean, langileriaren antolakuntza independentea ahultzen da. Horren aitzinean, Estatutik kanpo antolatzeko eskubidea fermuki defendatu behar dugu, eta langile boterea eratzeko beharrezkoak zaizkigun baldintza politikoak zein kulturalak eraiki.
Bigarrenik, gainbeheran baldin badago ere, Frantziako Estatuak potentzia inperialista izaten segitzen du, eta egitate hori salatzea dagokigu, izan Palestinaren sarraskian duen erantzukizuna azaleratuz, izan bost kontinenteetan mantentzen duen dominazio koloniala agerian utziz. Gainera, igoaldi belikoan eta berrarmatze-prozesuan jokatzen duen rol aktiboa ere guztiz salagarria da, eta kaltegarria langileriarentzat. Eutsi diezaiogun beraz internazionalismo proletarioari, eta zabal ditzagun horrek behar dituen adierazpen eta protestarako eskubideak, Estatuari kenduz erran daitekeenaren eta erran ezin denaren arteko erabakia.
Tradizio boltxebikean ohikoa izan da eskubide politikoak irudikatzea oxigenoa eta argia bailiran, langileriarentzako zeukaten premia agerian uzteko. Estatu guztien autoritarizazioaren aurrean, eskubide politikoen edo, bestela erranik, borrokarako baldintzen alde borrokatuko duen mugimendua eratzea dagokigu, langileriaren baitako kolektibo guztien arteko elkartasuna bultzatuz, eta estatu kapitalisten aurka.
[1] Nahiz eta, Le Monde kazetan filtraturiko informazioaren arabera, bi kolektiboen kontrako espedientea "mehea" den eta froga konkreturik gabekoa. Ikusi beharko da Justiziaren kolaborazioa zenbaterainokoa den. https://www.lemonde.fr/societe/article/2025/05/09/les-motivations-parfois-tenues-de-beauvau-pour-justifier-la-dissolution-du-collectif-urgence-palestine_6604247_3224.html
[2] Kolektibo horiez gain, Comité Action Palestine, Bloc Lorrain, Défense Collective Rennes edo Les Soulevements de la Terre (talde ekologista) ere jopuntuan ezarriak izan dira.
[3] Gainera, azpimarratu behar da Jeune Garde taldeak sozialdemokraziaren programa politikoarekin guztiz bat egiten duela, eta, beraz, azken instantzian, Estatua onartzen duela bitarteko legitimotzat. Hari beretik, gogora ditzakegu CGT sindikatuko ala LFI alderdiko politikariak auzipetu zituztela Palestinaren aldeko beren defentsagatik, eta beren kontrako desegite potentzial batzuez ere mintzatu zirela.
Iruzkin honetatik, bi ondorio. Bat: erreforma autoritarioan Estatuko ordezkariei disidentzia oro hain zaie jasanezina, ezen beraien boterearen zutabeak (izan) diren horiek kolpatzeko gai diren. Eta bigarrena: auziperaketa horiek hein batean alderdi politikoen arteko botere-kuoten borrokak baldin badira ere, antolakuntza independenterako baldintzak are gehiago okertzen dituzte; gizartean Palestinaren aldekoa edo antifaxismoa bezalako mugimenduak kriminalizatuz, izan dezaketen masa-babesa oztopatzen dute, beldurra zabalduz, eta errepresioari ateak irekitzen dizkiote.
[4] Interes elektoralistetatik at, horrek subjektu debaluatuak are gehiago debaluatzeari eta Estatuaren autoritarizazioan sakontzeko beharrari ere erantzuten die.