Denbora da Martxoaren 8aren izaera iraultzailea desitxuratu zela. Bere esanahi borrokalaria erauzi eta historikoki emakumeon artean klase-antolakuntza independentea aldarrikatzeko izan den egunari borrokarako eta erreibindikaziorako zuen karga guztia ezabatu diote. Diskurtso hutsak eta keinu sinbolikoak gailendu dira. Martxoaren 8aren zentzua desitxuratzeak "berdintasuna" edozein(en) kanpaina politikoetan txertatzeko aukera ireki du: instituzioek berdintasunarekiko konpromisoa berresten dute beraien eraikinak morez argiztatuz; enpresa handietako genero-kuotak albiste bihurtzen dira, horren truke jasotzen dituzten diru-partidak ezkutatuz eta gure esplotazio egoera mantenduz; alderdi politikoek berdintasun-politika gehiago hitzematen dituzte, nahiz eta agerian geratu den ez dutela aldaketa esanguratsurik eragin eta erdi-mailako klasearen proiektua mantentzeko saiakerak besterik ez direla. Bien bitartean, erreakzioa erritmo bizkorrean hedatzen ari da, eta matxismoa normalizatuz doa, besteak beste, emakumeon zapalkuntza ukatzen duten jarreren bidez.
Askori ahaztu egiten zaio zer ospatzen den egun honetan. Edo, hobe esanda, zer borrokatzen den. Jatorrian kanpaina politiko argi bati erantzun zion Emakume Langileon Nazioarteko Egunak. Emakumearen boto-eskubidea munduan zabaltzeko pauso taktikoa izan zen. Ez zuten uste eskubide horrek emakumearen askapena ekarriko zuenik, baina argi zuten emakumeon eskubide politikoen aldeko defentsa urgentziazko auzia zela sozialismoarentzat, beharrezkoa baitzen sistema kapitalistarekin amaitzeko norabidean.
Martxoaren 8a emakume langileon zapalkuntzaren aurka eta sozialismoaren alde egiteko borroka eguna da. Egunaren beraren zentzu iraultzailea berreskuratzeak berebiziko garrantzia du, izan ere, azken urteetan areagotzen ari den ofentsiba ekonomikoak, politikoak eta kulturalak emakumeon egunerokoan eragin gordina du. Horrek gure aurretik milaka eta milaka emakumek hasi zuten borrokaren lekukoa hartzea eskatzen du.
Bizitzen ari garen krisi-testuinguruan, kapitalisten agenda ekonomikoa langileon soldaten aurkako politiketan islatzen da: lan-baldintzak okertzea, lan-kaleratzeak, bizitzaren garestitzea... Baita zerbitzu publikoen etengabeko murrizketan ere. Gainera, ofentsiba ekonomikoarekin dator eskubide sozialen eta politikoen atzerakada: etengabeko etxegabetzeak, zigor kodearen erreforma, kaleen militarizazioa. Egoera horrek modu bereizgarrian eragiten du emakume langileongan, bigarren mailako subjektu izatearen ondorioz bizi dugun prekarizazio-egoera are gehiago indartzen baita krisi momentuetan. Emakumeon ehuneko handi bat aitortza sozial eta ekonomiko baxua duten lan-sektoreetan txertatzen da; sektore feminizatu horien pribatizazioak (zaintzaren kasuan, esaterako) lan-baldintzak okertzen ditu, eta, gainera, familiako zaintza-lanen ondorioz lanaldi partzialetan aritzen gara. Hori da azken hamarkadetan emakumeok lan-munduan txertatzeko hartutako neurrien errealitatea. Ondorioz, langileon artean sortzen dugun gizarteko aberastasun osoan emakumeok dugun parte-hartzea, proportzioan, askoz ere txikiagoa da. Hori da soldata-arrakalak adierazten diguna: emakumeok ditugun lan-baldintzen ondorioz, bizi-baldintza prekarioagoetara kondenatuta gaudela.
Beste kasu batzuetan, eta soberako lan-indarra ez garenean, sexu-industriara kondenatzen gaituzte, gure gorputzen gaineko merkantilizazioa normalizatuz. Prostituzioa milaka eta milaka emakumerentzat bizirauteko forma bilakatu da. Plataforma berrien garapenak, gainera, gero eta neska gehiago sexu-industrian integratzea ekarri du, haien sexualitatea edozein momentutan saltzeko aukera ireki baitute, besteak beste, Onlyfans edo Tik Tok plataformek. Modu horretan, emakumeok sexu-objektu garelako irudia indartzen ari da eta, finean, emakumeok etengabe sexualizatzen gaituen oinarri kulturala gizartean ezartzen da.
Kapitalismoak, bere egokitze-prozesuetan, batetik, merkatu-sektore berriak bilatzen ditu (sexu-industrian eta zaintza-sektorean esaterako), etekin ekonomikoak lortzeko. Hori muga etiko eta moral guztiak deseginez eta emakumeon kontura egin dute. Eta bestetik, langileon lan- eta bizi-baldintzetan murrizketak egin behar ditu, kostuak murrizteko. Helburu horrekin martxan jarri beharreko neurriak eta politikak, aipatu bezala, langileon baldintzen eta eskubideen kontrakoak dira. Eta azken hamarkadetan Espainiako Estatuan indarrean egondako ezker gobernuak horretan aritu dira. Horrela, langileon bizi-baldintzen kontrako politikak onartu eta horiek normalizatu dituzte. Eta orain, eskuinak, langileon eta horren baitako kolektibo zaurgarrion kontrako muturreko neurriak onartzeko bidea ireki du. Era berean, ideologia eskuindarrak eta erreakzionarioak izugarrizko lan mediatiko eta kulturala egiten ari dira ideia horiek jendartean indarra hartu dezaten.
Eskuin muturreko alderdiek emakumeok bizi dugun zapalkuntza behin eta berriz ukatzen dute. Horri lotuta denbora luzean zehar borrokaz lorturiko emakumeon eskubideetan atzerakada bat proposatzen dute: indarkeria matxistaren legea deuseztatzea, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntzak desagerraraztea, genero-kuotak bertan behera uztea... Horrek guztiak diskurtso matxistak normalizatu ditu komunikabideetan eta sareetan.
Sare sozialetan, influencer misoginoek zein erreferentziazko neska-mutil dirudunek zabaldutako diskurtso zapaltzaileak aurki ditzakegu: batetik, emakumea rol tradizionalagoekin lotzen dutenak, gure irudi zerbitzaria eta otzana azpimarratuz; eta bestetik, emakumeon sexualizazioa bultzatu eta sexu-objektu gisa ikusten gaituztenak. Biek ala biek ideia horiek justifikatzeko "emakumeok gure bizitzen gainean erabakitzeko dugun ahalmena" jartzen dute zentroan. Kontrara, emakumearen deshumanizazioan sakontzen dute, emakumeok bigarren mailako subjektu gisa betikotuz eta emakumeon aurkako jarrerak gizartean onargarriago bihurtuz.
Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia eta jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak ixten ez badizkiegu. Atzerakada ekonomikoak eta politikoak ezaugarrituriko testuinguru honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da Martxoaren 8an kaleak hartzea eta borrokatzea. Alderdi politikoek eta estatuko instituzioek egindako promesa faltsuen aurka, sozialismoaren aldarria oinarri izango duen emakume fronte ahalik eta zabalena eraiki behar dugu, zeregin argi batzuekin:
Ideia erreakzionarioen gorakadaren aurka, kaleak hartzeko momentua da. Argi geratu da ezker erreformistaren proposamenak ez diola aterabiderik eman emakumeon zapalkuntzari. Horregatik, bizitzen ari garen ofentsiba ekonomiko eta politiko larrian, jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borroka oraindik kaleetan dagoela erakusteko unea da. Horretarako lanean jarraitu behar dugu. Martxoaren 8an kaleak aldarri iraultzailez bete ditzagun.