AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ander Mazkiaran, Luis Soldevila, Aitor Balbas, Eder Goldaratzena
2025/07/30 07:55

Azken hilabeteetan Koldo auziak piztu duen lurrikara politikoak shock egoeran utzi du psoeizatutako komunitatea eta bere ingurua. Sekulako ikusmira sortu da. Diskotekako matoi bat Garraio ministroaren aholkularitzara iritsi da, politikariek milioika euroko kontratuak eman dizkiete enpresa lagunei diru truke, prostituzioa, senide eta lagun entxufatuak, harremanak Poliziako goi-agintariekin... Azken finean, estatu-alderdi batek isilpean egiten dituen eguneroko azpijokoak, baina oraingoan, guztion bistara emana.

Maria Chiviteren malkoek, zuzen-zuzenean emanak eta sare sozialen azken txokoraino iritsi zirenak, ondo erakusten dute alderdiaren egituraren barruko erreakzioa: ezin dut sinetsi, nork imajinatuko zuen horrelakorik, nola engainatu ahal izan nau horrela nire lagun minak, zer nolako mina dudan hain inozentea izateagatik. PSN unibertsoaren kanpotik, aldiz, sozialistek Nafarroan izan duten rol historikoaren egiaztapen gisa baino ezin da irakurri eskandalua. Funtzio bikoitzarekin, egia esan: alde batetik, lurraldearen gobernagarritasunaren zutabe izan da; eta bestetik, prebendak, akordioak eta esleipenak banatzeko zentrala izan da. Merkatuak, munduaren zati honetan behintzat, errentagarritasun-nitxo txikiak sortzeko Estatuaren parte-hartze aktiboa behar duen garai honetan, Estatuak Nafarroan duen esku ikusezina egoerak gainditu du eta jarduten ikusi dugu.

Hilabete baino gehiago igaro da sinatzaileok Korralito Progrea dinamika aurkeztu genuenetik, eta El Salto-n eta Gedar-en artikuluak, webgune bat, sare sozialak eta aurrez aurreko hainbat aurkezpen egin ditugu jada. Uste genuen hamarkada bat bazela nahikoa balantze orokor bat egiteko, hainbat gaitan zentratuta eta Nafarroako aldaketaren gobernuaren 2015-2025 zikloaren inguruko hainbat datu mahaigaineratuta. Material horrek erakusten du UPNk eta PSNk hainbat hamarkadatan zaindutako erregimen politikoak indarrean eta osasuntsu jarraitzen duela, nahiz eta UPN instituzio nagusietatik baztertua izan den. PSN funtsezkoa da UPNren gobernu kontserbadoreen eta oraingo gobernu aurrerakoien jarraikortasunaren elementu-gako bezala. Baina urrutitik ere ezin genuen imajinatu PSN, iraganeko erregimenaren zutabeetako bat eta, aldi berean, gaur egun erregimen horren aldaketaren protagonista den alderdi politikoa, hain agerian geratuko zenik.

Mahai gainean jarri genuen hipotesiaren adibide bikaina eskaini digu patuak: hamar urteko gobernu aurrerakoien ostean, Nafarroan aktibo jarraitzen dute betiko botere-egiturek eta Kapitalaren zerbitzura dauden jokabideek. PSNk eta bere aliatu berriek kontrakoa behin eta berriz errepikatu arren, ez da egiturazko aldaketarik izan UPNren gobernuekiko, aurreko artikuluan frogatzen saiatu ginen bezala. Chiviteren alderdiaren lotsak agerian utzi dituen egoera korapilatsu honek artikulu hau idaztera behartu gaitu, PSN iraganean erregimenaren parte izan dela, gaur egun badela eta etorkizunean ere izango dela azpimarratzeko.

Duela hamar urteko hauteskundeetako aldaketa historiko haren aurretik, klase politiko haren inguruko kezka nagusietako bat ustelkeria zen. Baina ez soilik ustelkeria klasikoari loturik, hau da, judizializatuta eta kondenatutako politikariekin amaituriko kasuekin; baizik eta, bereziki, ate birakariengatik, senide eta lagunen entxufeagatik postu garrantzitsuetan, gertuko enpresekin azpijokoan aritzeagatik... Hori zen egunerokotasunean normalizatutako ustelkeria. Egunerokotasunean funtzionatzen duen "lagunarteko kapitalismo" legal horren eta ustelkeria gogorragoaren arteko muga lauso horretan jokatzen zen partida. Garai hartan UPN seinalatzen zen, sare klientelarrarekin eta enpresa-munduarekin lotura estuak zituen alderdi nagusi gisa. Iritzi publikoaren zati esanguratsu batek gogor kritikatzen zuen diru publikoaren xahutzea eta enpresa pribatuei milioika euroko kontratuak esleitzea; adibidez, AHTa, autobideak, Nafarroako Ubidea, Navarra Arena... Aldaketaren aldeko bloke sozial hark PSN jotzen zuen UPNren kide eta ustelkeria horren onuradun eta bultzatzailetzat. Eta, orain ikusi dugu, aliantzak aldatu izanak ez duela PSNren jarduteko modua aldatu. Horrek galderak sortzen dizkigu: aldatu al da PSN? Edo orain babesa ematen diotenak dira aldatu direnak? Benetan aldatu al dira babesa ematen dietenak, ala beren erretorika eraldatzailearen eta praktika kontinuistaren arteko aldea baino ez da?

Beraz, gertaerek behartuta eta azkar erantzuteko, eta eduki zorrotz edo berritzailerik garatzeko dugun ezintasuna onartuta, PSNren izaera estrukturalki ustelaren errepaso historikoa eskaintzen diogu irakurleari gaur egunera arte. Antzerkiaz goza dezazuela.

Azpijokoan aitzindariak: birfundazioa, Trantsizioa, ustelkeria

PSNren zuhaitz genealogikoa eta bere barne-historia ikusten baditugu, orain Koldo auzian ateratzen ari diren berriek ez dute batere harritzen. PSNren historia bere biziraupen propioa mantentzeko helburuz edonorengana hurbiltzen den alderdi baten historia da. Eta hori bere printzipioak aldatzeari, militantziaren zati bat alde batera uzteari edo legez kanpoko praktikak izateari uko egin gabe, konstituzionalismoaz dirauen bitartean. Errepaso labur bat egin dezagun.

40 urtez erbestean egon ondoren, 1974an jarraitzaile talde txiki batek PSOE birfundatu zuen Nafarroan. Garai hartan, Nafarroako langile-mugimendua hausturaren aldeko indarrek dinamizatzen zuten, eta diktaduraren azken urteetan Alderdi Sozialista ia ez zen frankismoaren aurkako borrokan egon. Hala ere, urte gutxiren buruan asko hazi zen, eta 1977ko hauteskunde orokorretan Nafarroako bigarren indar politiko bihurtu zen. Garai hartan, Mikel Buenok Nos llamarán chaqueteros liburuan kontatu duen bezala, Nafarroako Elkarte Sozialistan sentsibilitate ezberdinak zeuden; batzuk moderatuak, Felipe Gonzalezen eta Alfonso Guerraren babesarekin, eta beste batzuk hausturaren aldekoak eta iraultzaileak. Ezkerrean gehien lerrokatutako sektoreek, gainera, Liga Comunistako (LC) trotskisten babesa izan zuten, zeintzuek 1976tik aurrera UGTn entrismoa egin zuten. Horregatik, Trantsizioaren urteetan, PSOEk haustura demokratikoa, autodeterminaziorako eskubidea eta Nafarroa gainerako euskal probintziekin batzea defendatzen zituen.

Hala ere, alderdiko zuzendaritzak moderazioaren bidea hartu behar zela defendatu zuen, eta barne-lehia bizia izan zen zuzendaritza ofizialistaren eta hausturaren aldeko korronteen artean. Gabriel Urralburuk eta Victor Manuel Arbeloak antolatutako maniobra batean, sektore moderatuak alderdiaren eta sindikatuaren kontrola hartu zuen, eta hausturaren aldeko sektoreak kanporaketen eta metodo burokratikoen bidez baztertu zituzten. Ordutik aurrera, Nafarroako Elkarte Sozialista Trantsizioaren sorrerako adostasun nagusiekin lerrokatu zen eta nabarrismo antieuskalduna onartu zuen. Bolante-kolpe ideologiko horrek Nafarroako Jauregiko ateak ireki zizkion 1983ko foru-hauteskundeak irabazi ondoren. Garai horretan, Imanol Satrustegik Atreverse a luchar liburuan azaltzen duen bezala, frankismoaren aurkako borrokan abangoardia ziren eta gizartean errotuta zeuden ezker iraultzailearen antolakundeak eta mugimenduak, garrantzia politiko murritza izatera igaro ziren Trantsizioaren ondoren. Hala ere, ezerezetik sortutako Alderdi Sozialista urte gutxiren buruan iritsi zen instituzio politiko gorenetara. Horrela, Nafarroako erregimenean lekua hartzen hasi zen, botere enpresarialarekin harremanak estutuz eta, aurrerago, UPNrekin partekatuko zuen foru-korralitoari forma emanez.

Urralburuk 1991ra arte gobernatu zuen, eta aldi horretan, bera eta bere Obra Publikoetarako kontseilaria, Antonio Aragon, aberastu egin ziren Roldan kasuaren Nafarroako azpijokoari esker. Pastela 1994an atera zen argitara, eta Urralburu, Aragon eta haien emazteak zigortu egin zituzten milioika euroko obra publikoak enpresa zehatzei esleitu eta horren truke komisioak kobratzeagatik. PSNko pertsonaia garrantzitsu horiei 11 urteko zigorra ezarri zieten Urralbururen kasuan, eta zazpi urtekoa Aragonen kasuan (nahiz eta gero Auzitegi Gorenak lau urtera jaitsi zituen biak), baita hainbat milioiko isunak ere. Urralburuk, ordutik, inork kendu ezin dion errekorra dauka: kartzelaratutako lehenengo presidente autonomikoa da.

Inplikatutako enpresei dagokienez, nagusia Siemens izan zen, PSNko buru horien eta haien emazteen Suitzako kontuetan dirua sartzen zuen enpresa hori. Sare horretan guztian, Jorge Esparza ere kondenatu zuten, Nafarroako hainbat obra publikoren esleipenak jasotzen zituen Huarte eraikuntza-enpresako zuzendari komertziala. Aipatzekoa da sarea Roldan kasuaren Nafarroako adarra zela. Luis Roldan Zaragozan jaio zen, PSOEko militantea izan zen eta lotura estua zuen Nafarroarekin (Iruñeko Udaleko zinegotzi eta Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izatera iritsi zen). Obra publikoak esleituz eta higiezinen negozioak eginez aberastu zen pertsonaia ustel hori Guardia Zibileko buru nagusi ere izan zen, gainera. Eskandaluak Barne Ministerioa bera zipriztindu zuen, eta agerian utzi zuen polizia-agintari gorenek parte hartu zutela ustelkeria kasuetan.

Urralbururen ondorengoa Javier Otano izan zen. 1995ean Tronu Aretoan eseri zen PSN, CDN eta EAren arteko koalizio-gobernu bati esker. Egungo gobernu aurrerakoiaren aurrekari urrun bat izan zen hura, Euskal Autonomia Erkidegoarekin "Organo Komun Iraunkorra" izeneko federazio-proiektu bat sortzea planteatu zuena. Nafarroaren eta gainerako euskal
probintzien arteko lankidetza sakontzen zuen mekanismo instituzional hori 1996ko ekainaren 11n onartu zen Nafarroako Parlamentuan. Dena den, Nafarroako eliteek onartu ezin zuten marra gorria zen hura, eta zerbait egin behar zuten ekimen hura blokeatzeko. Eskuinak karta bat zuen gordea. Otanok UPNko buruzagien bisitak jaso zituen, esanez bere gobernua erori egingo zela proiektuarekin jarraituz gero. Esana eta egina. Diario de Navarra egunkariak Otanori deitu zion, hurrengo egunean bere Suitzako banku-kontuari buruzko albiste bat aterako zutela jakinarazteko. Horrek presidentea dimititzera behartu zuen. 80ko eta 90eko hamarkadetan PSNren ustelkeria kasuek sozialistei kalte egin zieten, eta UPNren ia hogei urteko nagusitasunari bidea ireki zioten.

Dena dela, PSN ez zen marjinalitate politikoan geratu eta UPNren gobernagarritasunean giltzarri izan zen. Gobernuak partekatzeaz eta boterea une bakoitzean alderdi bakoitzak duen garrantziaren arabera banatzeaz gain, mende honetan Nafarroan izan dugun eskandalu handienetako batean sartu ziren bi alderdi nagusiak: Nafarroako Kutxaren (CAN) desegitea. Kasu horrek ertz asko ditu, Kontuz! plataformako kide batzuek El banquete: expolio y desaparición de la CAN liburuan xehetasun guztiekin azaltzen duten bezala. Nafarroako erregimeneko pertsonaia nagusien izenez beterik dago liburua, botere-instantzietan agertzen diren abizenak behin eta berriz errepikatzen baitira horrelako kasuetan.

CAN mende honen hasieran sortu zutenetik, UPNk eta PSNk beren konfiantzazko pertsonak eta beren alderdietako militanteak banatu zituzten finantza-erakundeko kargu nagusietan. Adibidez, Juan Jose Lizarbe, garai hartako PSNko idazkari nagusia, CANeko presidenteordea izan zen. Politikari horiek dieta handiak kobratzen zituzten. Aipatu dugun liburuan kontatzen denez, Nafarroako Gobernuko presidenteak 2.680 euro poltsikoratzen zituen CANen bilera bakoitzeko, eta 1.717 euro gainerako karguek. Egun batzuetan bi edo hiru saio ere egiten zituzten, haietako batzuek 20 minutu besterik ez zuten iraun eta ez zen inolako erabakirik hartzen bertan. 2004. eta 2011. urteen artean diru gehien kobratu zuten politikarien zerrenda honako hau da: Miguel Sanz (UPN), 338.239; Jose Antonio Asiain (PSN), 305.233; Ricardo Marti-Fluxa (PP), 294.691; Juan Cruz Alli (CDN), 260.618; Yolanda Barcina (UPN) 247.645; Javier Iturbe (PSN) 168.392. Eta berriz diogu, diru hori bilera hutsaletara joateagatik baino ez zutela kobratu. Horrek foru-korralitoaren adar politikoa zein izan zen ongi erakusten digu, eta ondorioak automatikoki atera daitezke. Aipaturiko alderdiez gain (PP izan ezik), UGT, CCOO eta CEN patronalak ere parte hartzen zuten CANeko Administrazio Kontseiluan. Finantza-erakunde horrek diru kantitate handiak eman zizkien korralitoaren lagun ziren enpresei, eta batzuek poltsikoak bete zituzten CAN aurrezki-kutxa desagerrarazteko prozesuan.

2000ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Acciona enpresak lehentasunezko tratua izan zuen administrazioaren aldetik. Enpresa horrek (Koldoren kasuan, ikusiko dugun bezala) diru publikoarekin bultzatutako proiektuen irabaziak bereganatu ahal izan zituen. CAN hori gauzatzeko mekanismoetako bat zen. Kapital-metaketa sustatzeko finantza-egitura hori giltzarrietako bat zen. Horren adibide garbia da eolikoei lotutako EHN enpresa erdi-publikoa, Gamesari milioika euroko kontratak ematen zizkiona. Erakunde horrek inbertsio handiak behar izan zituen martxan jartzeko, epe laburrean etekinak ateratzeko itxaropen txikia zuelako. Beraz, diru publikoarekin altxatu zen. Inbertsioak amortizatu ondoren, etekinak ematen hasi zenean, enpresa Accionari saldu zitzaion, irabaziak pribatizatuz.

Legez edo legez kontra, administrazio publikoak kontrolatzen dituztenek interes berezia dute Nafarroan diharduten botere-egiturek osasun ona izan dezaten. Erregimen ahalguztidunarekiko leialtasuna oso ongi ordaindua dago, eta badirudi korralitoa kudeatu nahi duten alderdi politikoek ezin diotela goxoki horri uko egin. PSN egituraz alderdi ustela da, eta 1983tik botere politiko eta interes ekonomikoen arteko loturak eraikitzen joan den sistema partikularra elikatu du; hau da, korralitoa deitzen diogun eredua. 2015ean agerikoa zen alderdi horren eskutik ezin zela aldaketa esanguratsurik etorri, eta orain ere hala da. Dena den, 2019an, ustezko aldaketaren indarrek Nafarroako Gobernuaren gidaritza itzuli
zioten PSNri, Maria Chiviteren eskutik; alderdiaren aire freskoa, bere lagunen laguna. Baina bere alderdiko presidente ohiak bezala bukatuko ote du?

Historia errepikatzen da. Lehenengo Urralburu bezala, gero Chivite bezala

2025eko ekaina inoizko beroena izan da, baina are beroagoa izan da PSN planetan. Koldo auziaren eskandaluak jende asko harrapatu du ezustean. PSOEri eusten dioten alderdiek gogor egiten dute ustelkeriaren aurka, baina alderdiari arnasa ematen dioten mezuak zabaltzen dituzte: ezohiko kasuak direla, sagar ustelak, Estatuko barne-estoldek progresismoaren aurka daramaten gerraren parte dela... Arku parlamentarioan alderdi politiko bakar batek ere ez du gure ustez auzi nagusia aipatzen: ustelkeria egiturazkoa da. Erregimenaren alderdi batentzat, ezagutzera eman diren gertaerak eguneroko ogia dira eta akats bakarra hori da, ezagutzera eman direla. Korralitoaren azken hamar urte hauetan, Nafarroan gobernatzen duen alderdiak Kapitalaren zerbitzura dagoen ekosistema bat mantentzeko eginkizunarekin jarraitu du, eta horrek esan nahi du "gaur zugatik, bihar niregatik" dela esfera politikoaren eta enpresarialaren arteko harremana.

2015eko maiatzean, foru-hauteskundeen ostean, PSN foru-gobernutik kanpo geratu zen. Hala ere, alderdiak botere instituzional garrantzitsua izan zuen tokian toki, eta lotura erabakigarriak izan zituen administrazio- eta estatu-aparatuan. Garai hori, itxuraz lasaia, funtsezkoa izan zen ziklo politiko berrian bezero-sare paralelo baten oinarriak ezartzeko. Handik bi hilabetera, 2015eko uztailean, Servinabar 2000 SLU eratu zuten Nafarroan. Erregistro publikoen arabera, enpresak ez zuen ez langilerik ez ageriko jarduerarik. Xehetasun horrek ikertzaileen alarmak piztuko zituen geroago. 2015eko irailerako, Noran Coop kooperatiba nafarra jaio zen, geroago ikerketan protagonista izango ziren hainbat pertsonari lotuta. Bi erakundeak, hasi berriak baziren ere, laster hasi ziren lizitazio publikoetan parte hartzen, nahiz eta hasierako etapa horretan ez zuten esleipen garrantzitsurik lortu. Orain ondoriozta dezakegu jarduera goiztiar hori, itxuraz txikiagoa, maniobra garrantzitsuenetakoa izan zela.

Sarea 2017an hasi zen fruituak ematen, PSNren inguruari lotutako enpresak mantentze-lanetako kontratu txiki bat lortu zuenean Huarten (foru-korralitoan curriculum luzea duen eraikuntza-enpresa). Esleipen apal hori, geroko ikerketa-txostenetan zehazten denez, sortzen ari zen sarearen lehen urrats garrantzitsua izan zen.

Egoera politikoa izugarri aldatu zen 2019ko maiatzean, PSN azkenean foru-gobernura itzuli baitzen. Maria Chivitek presidentetza hartu zuen inbestidura-prozesu konplexu baten ostean, Geroa Bai, EH Bildu eta Contigo-Zurekin alderdien botoak ziurtatuz. Gobernuaren kontrol berri horrek eragin esanguratsua izan zen sarean. 2019 amaieran, Servinabar eta Noran Coopen kontratu-jarduera nabarmen areagotu zen. Administrazio publikoaren enkarguen etengabeko fluxu bat izaten hasi ziren, ez bakarrik Nafarroan, baita Aragoin eta Madrilen ere, eta horrek operazioen irismena handitu zuen. Benetako inflexio-puntua, ordea, COVID-19aren krisi globalarekin iritsi zen. 2020ko martxoan pandemiak leher egin izanak aurrekaririk gabeko larrialdiko esleipenen aro bat ireki zuen. Testuinguru hori, hain zuzen ere, lur emankorra izan zen PSNri lotutako sarearentzako.

2020ko apirilean, Koldo Garcia ospetsua, Uharteko PSNko zinegotzi ohia eta orduan ministro zen Jose Luis Abalosen aholkulari gisa funtsezkoa zena, figura zentral bezala agertu zen. Ustez maskara eta oinarrizko beste hornidura batzuen kontratuetan bitartekari gisa jardun zuen. Esleipen horietako batzuk sektorean aldez aurretik esperientziarik ez zuten enpresei eman zitzaizkien, eta xehetasun hori nabarmentzekoa da abian dauden ikerketa judizialengatik. Interes pertsonal eta politikoen arteko lotura are gehiago sakonduz, Koldo Garciaren emaztea, Patricia Uriz, modu susmagarrian kontratatu zuten behin-behineko funtzionario gisa Garraio Ministerioan 2020ko maiatzean. 2021erako, sarearen ustezko inplikazioaren irismena handitu egin zen. Geroko ikerketa-txostenek diotenez, Servinabarrek, Accionarekin batera, azpikontratista gisa parte hartu zuen obra publiko garrantzitsuetan, Muga meategiari eta Navarra Arenari lotutakoak, adibidez. Horrek iradokitzen du bere kontratu-jarduerak dibertsifikatu egin zirela oinarrizko horniduretatik harago.

Sareak kontratu publikoen gaineko kontrola sendotzen jarraitu zuen. 2022an, Noran Coopek lizitazio-kontratu garrantzitsuak lortu zituen Aragoin, nahiz eta, ikertzaileek diotenez, esleipen hain esanguratsuetarako historia profesional kualifikaturik ez zegoen. 2023ko udaberrirako, Musukoen kasuaren zurrunbiloan, Koldo Garciaren izena atera zen: ordainketa zatikatuak, senideek ondarea erostea... Hariari tiraka, Nafarroako hainbat enpresa azaleratu ziren, bereziki lotura politiko estuak dituztenak. Lurralde honetan dagoen korralitoa ezin hobea da amarru politiko-enpresarial horietarako, non Poliziako goi-kargudunek ere parte hartzen duten.

Filtratutako azken audioetan, Garcia-Abalos-Cerdan hirukotea entzuten da enpresen ordainketatxoak banatzen obra publiko milioidunak esleitzeagatik, eta zaplasteko handia izan da PSOEren eta PSNren bihotzean. Trama honek PSOEko antolakuntzako bi idazkari kolpatu ditu, Pedro Sanchezen funtsezko piezak izan direnak. Maria Chiviteren ondoren PSNko figura garrantzitsuena den idazkariorde nagusiak ere, Ramon Alzorrizek, bere dimisioa eman du, badaezpada ere, Servinabarren bere bikotekidea entxufatu zuelako. Azken hori oso ohikoa izango litzateke Nafarroako korralitoan, enpresa hori tamaina ezezaguneko ustelkeria kasu batek zipriztinduta ez balego. Dena den, honakoa adierazten du horrek guztiak: lan handirik egin gabe soldata onak kobratzeko asmoz bikotekideak, senideak eta lagunak enpresa- eta administrazio-postuetan sartzeko ohitura. Badakizu, ahalegintzen bazara (boterea duen norbaiten gertu egoten), nahi duzun lekura irits zaitezke.

Egia esan, "irregulartasunak" deitzen diegu, baina hitz hori ez da guztiz egokia. Izan ere, ikuspuntu zientifikotik praktika horiek jarduera erregular eta ohikoa izan dira PSNren buruzagitzan bere diktadura osteko birfundaziotik. Gaur egun, kasua zabalik dago eta hasi besterik ez da egin, eta lurrikarak hainbat biktima eragin ditu jada. Ikusiko dugu zer gertatzen den erantzunekin.

Pastel erraldoi horri udal-mailako beste jarduera batzuk gehitu behar zaizkio, gainera. Nafarroako herri askotan, edozein pertsonak badaki unean uneko politikariek nola jarduten duten. Adibidez, susmagarriki oharkabean pasatu da PSNren Lizarrako zerrendaburuak eta udaleko zinegotziak dimisioa eman zuela aurtengo otsailean, "akats onartezin" bat onartu
ostean. Izan ere, argitara atera zen Fran Moleonek, Arroizko alkatearen anaiak, PSNkoa bera ere eta Nafarroako egituran garrantzitsua (dena familiartean geratzen da), Gedemelsa udal-elkartetik dirua hartzen zuela gastu pertsonaletarako (diskotekak, hotelak, tabakoa...). 9.000 eurora arte irits daiteke lapurtutako dirua.

Ondorioak

PSNren historia erregimenaren alderdi baten historia da. Baina oraina ere halakoxea da. Azken hamar urteetan korralitoaren jarraipena hobekien ordezkatzen duen alderdia da. UPNren lagun leiala izatetik aldaketaren bermatzaile eta progresismoaren gidari izatera eginiko metamorfosia azaleko aldaketa gisa ikusten da, gertakarien argitan. Funtsean, denak berdin funtzionatzen jarraitzen du. Aldaketa ezer ez aldatzearen truke. Erregimeneko kide eta UPNren gaitz guztien konplize zen PSNren beldar itsusi hura tximeleta aurrerakoi eder bat bihurtu da, aldaketaren indarren eskutik doana. Bitartean, diruaren eta boterearen lurpeko kanalek lehengo tokitik zirkulatzen jarraitzen dute.

Nafarroan PSNren aliatu diren alderdiek ustelkeria kasuak ez onartzearen ideia azpimarratzen dute, baina pertsonaia zehatzetan jartzen dute arreta, eta ez instituzio kapitalisten izaera estrukturalean. PSNren sorrerak eta garapenak Nafarroan erakusten du bere alderdiaren izaera lurraldearen interes ekonomikoekin eta botere faktikoekin integratua dagoela, aspalditik gainera. Bere izatearen muinean dago. Lege-arauditik ateratzen diren jarduerak ez dira aurreikusi ezin den desbideratze bat, ordenaren alderdiek betetzen duten funtzio politikoaren ondorio logiko bat baizik. Hori adierazten ez bada, eta praktika horiek banakakoak eta pertsonalak direla azpimarratzen bada, PSNri eskua luzatu eta benetako aldaketarako alternatiba politiko bat oztopatzea besterik ez da egiten. Diario de Noticias egunkariko zuzendariak, korralito progresistaren defendatzaile leialak, aurtengo ekainaren 21ean idatzi zuen artikuluak miopia berezi hau pertsonifikatzen du: "Nafarroako erakundeen zintzotasunean sinesten dut, horiek zuzentzen dituzten politikarien eta foru-administrazioa osatzen duten teknikarien zintzotasunean". Hala ere, badaezpada ere, bere hitzen preso ez izateko, zuhurtziaz zehaztu zuen "garai honetan ezer ez dela ziurra".

PSNk erantzukizun politikoak bere gain hartzea saihestu du orain arte. Chivite presidenteak publikoki babestu du alderdia, baina modu nabarmenean isildu da auziaren xehetasunei dagokienez, eta jarrera horrek kritikak eragin ditu hainbat sektoretan. EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiak PSN zuzenean aipatzeari uko egin diote
nabarmen, lekuko gobernuaren koalizioaren egonkortasuna mantentzeko eginiko maniobra politiko delikatua, gero eta handiagoa den eskandaluaren erdian. Premiazkoa da egonkortasun horren funtzio politikoa zalantzan jartzea. Gure ustez, argi dago benetako eraldaketa ekonomiko eta soziala ezin dela PSNren eskutik egin, baizik berarekiko eta bere
programa politikoa elikatzen duten eta funtsean partekatzen duten alderdiarekiko eta aliatu guztiekiko haustura politikoan. Korralito Progrea dinamikaren bidez, azken hamarkadako praktika instituzionalen balantze zorrotza egin nahi dugu, haustura-gakoan espazio berri baten eraikuntza elikatzeko. Horretan jarraitzen dugu.

EZ DAGO IRUZKINIK