AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iker Narbona
2025/06/16 11:09

Uda ate joka ari da. Eta urtero bezala, mahai gainean dugu turismoaren auzia. Egiari zor, turismoaren negozioak urte osoan zehar ematen dizkie mozkinak haren parte diren askotariko agenteei. Hala ere, gurean uda da negozio honen urtarorik gogokoena, zalantzarik gabe. Hilabete hauetan turisten joan-etorriak igoera nabarmena bizi du, eta negozio turistikoak eragiten dituen ondorio lazgarrien zama astunagoa bilakatzen da langile-klasearentzat: horren adibide dira baldintza prekarioak dituzten lanen areagotzea eta langile-klasearen kanporatzea zenbait auzotatik.

Negozioaren tamaina

Turismoaren negozioak mundu mailako ekonomian duen pisua aztertzeko, zenbait datu lagungarriak izan daitezke [1]. Nazio Batuen Erakundearen parte den Turismoaren Munduko Erakundearen datuen arabera, 1950ean 25 milioi pertsonak bidaiatu zuten beste herrialde batzuetara, 2007an 903 milioi pertsonak, eta 2019an 1,4 mila milioi pertsonak. COVID-19aren pandemia garaian beherakada handia izan zen, baina 2024an pandemia aurretiko datuak berdindu ziren [2]. Sektore pribatuak osatzen duen Bidaien eta Turismoaren Munduko Kontseiluaren datuak ere argigarriak dira: 2024. urtean Bidaien eta Turismoaren sektoreak mundu mailako BPGaren %10 suposatu zuen, baita lanpostuen %10 ere (357 milioi) [3].

Ikus dezakegu, beraz, mundu mailako ekonomian sektore garrantzitsua dela turismoarena, XX. mendeko bigarren erdialdetik garapen nabarmena izan duena. Eta Euskal Herrian, zer? Europako estatuetan, joan den mendeko azken hamarkadetako desindustrializazioarekin eta zerbitzuen ekonomiaren garapenarekin lotuta dago negozio turistikoaren boom-a. Nazioarteko lanaren banaketak lurralde batzuk sektore turistikoan espezializatzea dakar: Mediterraneoko kostaldea edo Kanariar uharteak [4] horren adibide garbia dira. Eskualde turistifikatuenek bizi duten egoeratik urrun dago Euskal Herria, baina gurean ere negozio horren tamaina ez da nolanahikoa.

Has gaitezen Hego Euskal Herritik. 2024. urtean, Nafarroan, 2 milioi turista kontabilizatu zituzten, 2019an baino %10,2 gehiago [5]. Era berean, enplegu aldetik inoizko daturik altuenak izan ziren, Gizarte Segurantzan 20.000 afiliaziora iritsita (afiliazio guztien %6,5 inguru). Kontuan izan behar da sektore horretan oso ohikoak direla kontraturik gabeko egoerak. EAEren kasuan, 4,7 milioi turista kontabilizatu zituzten 2024an; hau da, 2019an baino %24 gehiago [6]. Enpleguari dagokionez, ia 115.000 afiliazio izan ziren turismo-jardueretan (EAEn alta emandako afiliatuen %11,3) [7]. Enplegu horietako gehienak, bai Nafarroan bai EAEn, ostalaritzari lotutakoak dira.

Bestalde, Nafarroan eta EAEn gaua igarotzeko establezimendu turistikoen artean, tokien gehiengoa oraindik ere hotelek, ostatuek, pentsioek eta aterpetxeek osatzen dute, baina azken hamarkadan igoerarik handiena izan duen modalitatea etxebizitza turistikoena da. INEk, Espainiako Estatistika Institutuak, Airbnb, Booking eta Expedia plataformek eskaintzen dituzten etxebizitza turistikoen datuak argitaratzen ditu 2020. urtetik [8]: Nafarroan 1.071 izatetik (2020ko abuztua) 1.783 izatera (2024ko abuztua) igaro dira (%66,8ko igoera), eta EAEn 4.598 izatetik (2020ko abuztua) 5.828 izatera (2024ko abuztua) igaro dira (%26,75eko igoera). Lehenagoko datu ofizialik eskuragai ez izan arren, kontuan izan behar da 2015. urtea baino lehenago modalitate horrek ez zuela presentzia handirik Hego Euskal Herrian.

Ipar Euskal Herriko errealitateari helduz, hemen turismoak ekonomian duen pisu erlatiboa handiagoa da, lurralde horrek Frantziako Estatuko egitura ekonomikoaren barruan duen posizioa dela-eta. Horren erakusle da 5,2 milioi turista izan zirela 2023. urtean [9], nahiz eta Ipar Euskal Herriko biztanleria Hego Euskal Herrikoa baino ia hamar aldiz txikiagoa izan. Enpleguari dagokionez, Pirinio Atlantikoen Departamenduko (zeinak Ipar Euskal Herria eta Bearno barne hartzen baitituen) lanpostuen %8 izan ziren jarduera turistikoari loturikoak urte hartan.

Ipar Euskal Herriko turismoaren ezaugarriekin jarraituz, gehiena Lapurdiko kostaldean eta inguruko herrietan kontzentratzen da, eta turisten gehiengoa (%75) Frantziako Estatu barnekoa da. Bestalde, ostatu hartzeko eskaintza turistiko gehien-gehienak Airbnb bidez iragartzen direnak dira: 2023an 13.682 izan ziren (guztizkoaren %91,2) [10], 2016-2020 aldian %130 gora egin ondotik [11]. Hego zein Ipar Euskal Herrirako aipatutako datu guztiak inoizko altuenak dira, eta turismoaren negozioaren goren aldia argi adierazten digute.

Zeri deitzen diogu turistifikazioa?

Turistifikazioa hitz korapilatsua dela ezin uka, eta hala ere gora eta behera, hara eta hona entzun dezakegu, politikari profesionalen eta kazetarien ahotan, askotariko kolektiboen ekintzetan eta, oro har, eztabaida publikoan. Beraz, lehendabizi kontzeptuaren argipen bat egitea komeni da.

Hasteko, defini dezagun turismoa. Aisialdiagatik bidaiatzearen esperientzia merkantzia bilakatzen denean sortzen da turismoa gaur egun ezagutzen dugun forman. Zehatzagoak izateko, beraz, turismo kapitalistaz hitz egin beharko genuke: kapitalaren metaketaren beharrei erantzun eta horien arabera antolatzen den jardueren multzoa. Gizakiek betidanik bidaiatu dute, zentzu batean edo bestean, baina turismoaren eredu garaikidea kapitalismoarekin batera sortu eta garatu da.

XIX. mendean zehar eliteei mugatutako jarduera zen turismoa, baina hamarkadak igaro ahala gizarteko estratu sozial gehiagotara zabalduz joan zen, batez ere XX. mendetik aurrera. Hain zuzen, mende hartako bigarren erdialdean ezarri ziren masa-turismoa eta turismoaren industria garaikidea. Hala ere, bereizketa klasista turismo kapitalistaren berezko ezaugarria izan da betidanik, eta gaur egun ere turismo-mota ezberdinak aurki ditzakegu: batetik, luxuzko turismoa; bestetik, erdi-mailako klaseen neurrira ekoizten den masa-turismoa; eta azkenik, proletalgoaren zati batentzat bideratutako turismo debaluatua. Proletalgoaren beste zati esanguratsu bat, ordea, beti egon da turismoaren aukera soiletik kanporatua: EAEko biztanleen %17,7k eta Nafarroako %25,3k ezin dute urtean gutxienez astebetez oporretan joan, adibidez [12]. Era berean, mundu mailako biztanleria 8 mila milioi pertsonatik gorakoa izanda 2024. urtean, 1,4 mila milioi pertsonak (biztanleriaren %17,5 inguru) egin bazuten nazioarteko turismoa, erraz ulertuko dugu turismo kapitalistak mundu mailako proletalgoaren zatirik handiena baztertu egiten duela zuzenean, eta munduaren banaketa inperialistari erantzuten diola.

Azaldutakoari jarraiki, turistifikazioa turismo kapitalistaren finkatzea eta hedatzea da, irabazi kapitalisten beharrei erantzunez jarduera turistikoen intentsifikazioa dakarrena eta espazio soziala turismoaren negozioan parte hartzen duten aktoreen zerbitzura jartzen duena, errentatzaile txikietatik hasi eta enpresari handi zein putre-funtsetaraino: turismo-, higiezin- eta ostalaritza-egitura ekonomiko hori osatzen duten errentatzaileen eta kapitalisten zerbitzura, hain zuzen. Noski, batzuentzat negozio dena, besteentzat miseria da, turismoaren negozioaren zabaltze horrek (turistifikazioak) ondorio kaltegarriak baitakartza langile-klasearentzat eta ingurunearentzat. Ondorio horiek honela laburbil litezke:

  1. Prekaritatea eta pobretzea: errentagarria izateko, turismoaren negozioak lan-baldintza prekarioak behar ditu, langile gazteek eta etorkinek jasaten dituztenak bereziki; eta aldi berean, prezioen igoeran eragiten du, langile-klase osoaren pobretzean sakonduz.
  2. Langile-klasearen kanporatzea: negozio turistikoaren hedapenak ekoizpen-eredu kapitalistari berezkoa zaion espazioaren segregazio klasista dinamizatzen eta bizkortzen du, zonalde batzuen modernizazioa eta beste batzuen hondatzea eraginez, eta prozesu horretan maila sozioekonomiko baxuko estratuak kanporatzen ditu zenbait eremutatik, izan zuzenean (alokairuen prezioen igoeragatik, etxebizitza turistiko bat irekitzeko etxegabetuak izateagatik, etab.), izan zeharka (turismo masifikatuak sortzen duen giroa ezin jasateagatik, aukera falta dela-eta gazteak beren auzoetatik kanpo emantzipatu beharragatik, etab.).
  3. Ingurune naturalaren eta hiri-paisaiaren degradazioa: turismo kapitalistak, bere eraikuntza-, garraio- eta kontsumo-behar izugarriekin, natur-ingurunearen endekapena dakar eta, era berean, ingurune urbanoan ere inpaktu nabarmena dauka, hura negozioaren beharren arabera eraldatzen baitu, sarritan bertako biztanleriarentzat beharrezkoak diren azpiegiturei zein ondare historiko eta kulturalari kalte eginez.
  4. Espazio eta sare komunitarioen suntsipena: alde batetik, langile-klaseak topaketa eta aisialdirako erabil litzakeen espazio fisikoak pribatu bilakatzen dira, horiek erabiltzeko irizpide burokratikoak edo kostu ekonomikoak ezarriz; bestetik, desplazamenduek eta espazio komunitarioen galerak deserrotzean eta indibidualismoan sakontzen dute; eta, azkenik, sare horien galerak beren kultur-ezaugarri eta ondarearentzako kaltea eta kultur-eredu merkantilizatuaren gailentzea dakartza, euskara bezalako hizkuntza gutxituei ere kalte eginez.

Estatuaren rola

Estatuak, metaketa kapitalistaren bermatzaile rola jokatzen duen heinean, turismoaren negozioa errazten eta sustatzen du, hura kapital-inbertsioen jomuga garrantzitsua eta erdi-mailako klaseen zati batentzako beren posizioa mantentzeko mekanismoa den aldetik. Estatu-administrazioaren maila guztietan hartzen dira negozio hori posible egiteko neurriak: marko legala eta fiskala moldatuz, lurzoruaren erabilera erregulatuz, hirigintza-planekin edo lizentzien araudiekin, besteak beste.

Lankidetza publiko-pribatua bere gardentasun osoan ageri zaigu. Instituzio kapitalistek baliabide publikoak jartzen dituzte turismoaren negozioaren zerbitzura; irabazi pribatuaren zerbitzura, alegia. 90eko hamarkadatik horren ohikoak bilakatu diren "hiri-marka" edo "lurralde-marka" direlakoak sustatzea horren adibide argia da: hiri edo lurralde jakin bat turismoarentzat erakargarri bihurtzeko askotariko taktikak garatzen dituzte instituzioek sektore pribatuarekin lankidetzan; musika- edo kirol-ekitaldi handiak antolatuz, arkitekto ospetsuen eraikinak sustatuz, aisialdirako eskaintza partikular batean espezializatuz eta, oro har, edozein espazio geografiko nazioarteko turismoaren erakusleihoan lehiatuko duen produktu bilakatuz. Kudeaketa-funtzioak betetzen dituzten alderdi guztiek, haien diskurtsoa gorabehera, turismoaren negozioarekiko sinbiosi hori elikatzen dute, turistak (kontsumitzaile gisa) eta atzerritar inbertsioa erakartzeko aitzakipean.

Esanak esan, turismoaren negozioaren ondorioak eta haserre soziala nabarmenak direnean, alderdi politiko instituzionalek, eta sozialdemokraziak bereziki, interbentzio-neurriak aplikatzen dituzte. Oro har, neurri horiek masifikazioaren ondorio batzuk arintzera mugatzen dira, baina negozio turistiko handiaren interes ekonomikoak ukitu gabe funtsean. Neurri entzutetsuenetako batzuen errepaso labur batek ideia hau hobe ulertzen lagun dezake.

  1. Tasa turistikoa: turistei gau bakoitzeko ordainarazten zaien kostua. Ipar Euskal Herrian indarrean dago 2018tik, eta Hego Euskal Herrian aplikatzeko nahikoa adostasun dago alderdi instituzionalen artean. Neurri horren ikuspegiaren oinarrian dago turistifikazioaren arazoa masifikazioa dela, eta agente masifikatzailea turista dela. Hotelen eta bestelako ostatuen jabeen zein sektoreko enpresari handien irabazietan ez da eskurik sartzen.
  2. Etxebizitza turistikoen ugaritzearen aurkako neurriak: auzo batzuetan etxebizitza turistikoentzako lizentzien behin-behineko etenaldia indarrean dago zenbait hiriburutan, hala nola Bilbon (EAJ, PSE), Donostian (EAJ, PSE) eta Iruñean (EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin). Berriz ere, masa-turismoa da jomugan jartzen dena, luxuzko turismoa salbuetsiz. Gainera, hotelak eta bestelako modalitateak erregulazio horietatik kanpo gelditzen dira gehienetan. Beste bi kontsiderazio ere izan behar ditugu kontuan: 1) patronal turistikoek halako neurriak liskar handirik gabe onartzea [13], eta 2) alderdien arteko kontsentsua, eskuineko alderdiek ere ez baitute arazo berezirik izaten halako neurriak eta are "ausartagoak" ezartzeko, batez ere masifikazio turistikoa nabarmena den kasuetan [14].

Ondorioak

Honaino esandakoa laburbilduz, turismo kapitalista deitzen diogu metaketa kapitalistaren logikaren arabera antolatutako turismo-jardueren multzoari, jarduera horien sarbiderako bereizketa klasistan oinarritzen dena eta langile-klasearengan zein lurraldearengan eragin negatiboak dituena. Etxebizitzaren esparrura ekarrita, etxebizitza turistikoen errentagarritasun handiak inbertsio asko erakarri ditu negozio honetara azken urteotan, tamaina guztietako errentatzaileen eta kapitalisten poltsikoak betez eta lehenago azaldutako ondorio kaltegarrietan sakonduz.

Auzi horren aurrean bi ikuspegi bereiz daitezke batez ere: lehenik, turismoaren onurak nabarmentzen dituztenak; eta bigarrenik, turistifikazioaren arazoa masifikazioan edo zuzenean turistengan kokatzen dutenak. Turismoaren aldeko diskurtsoei dagokienez, horiek negozioaren win-win izaera defendatzen dute: enpresariek eta errentatzaileek irabazten dute, baina baita hiritarrek ere, inguruaren eta azpiegituren modernizazioaren bidez. Horren aurrean, nabarmendu behar da, batetik, eraberritze-planen abiapuntua beti dela espazioaren segregazio klasista ontzat ematea, irizpide klasistekin aplikatzen direla [15] eta ez dutela mekanismorik aurreikusten langile-klasearen kanporatze-prozesuak ekiditeko. Ondorioz, askotan periferiako auzoak eraberritu gabe geratzen dira, eta eraberritutako auzoetan prezioak igotzearen ondorioz, langile-klaseko sektore batzuk alde egitera behartuta egoten dira. Bestetik, gezurtatu behar da turismoaren negozioaren igoerak gorakorra den eskari bati erantzuten diolako ideia: haien arabera, turista litzateke eskaria sortzen duena, eta agente ekonomiko zein politikoek egiten dutena da horri erantzuteko eskaintza zabala sortzea. Prozesua alderantzizkoa da: eskari horren aurretik enpresarien eta politikarien esku-hartzea dago, inbertsioen zein neurri politikoen bitartez sektore hori garatzeko baldintzak sortzeko.

Bigarren ikuspegia turistifikazioaren aurkako ikuspegi hegemonikoa da. Mota horretako diskurtsoak nagusi dira, gaur egun, mugimendu sozialetan, auzo-elkarteetan zein turistifikazioaren aurkako plataformetan. Horien inguruan, garrantzitsua da erabiltzen diren zenbait diskurtso birpentsatzea. Alde batetik, arazoaren pisua turisten gain jarri ohi da, baina, esan bezala, turistak ez dira masifikazioa eta horren ondorioak ezerezetik sortzen dituztenak; erabaki enpresarial eta politiko kontziente batzuk daude turismoaren negozioaren intentsifikazioaren atzean, eta horiek dira seinalatu behar ditugunak, besteak beste. Bestalde, soilik masa-turismoan jarri ohi da arreta; errenta ertaineko eta baxuko sektoreek egin dezaketen turismo-mota horretan, alegia. Luxuzko sektorea albo batera uzten da, eta langile-klasearen zati batek aisialdirako duen aukera bakarrenetako bat kriminalizatzen amaitzen da. Eta azkenik, auzoa edo hiria subjektu homogeneo gisa aurkezten dira. Horren aurka, edozein auzotan dauden klase-interes kontrajarriak seinalatu eta langile-klasea kokatu beharko genuke subjektu gisa, arazoa haren ikuspegitik salatuz.

Behin ikuspegi horien kritika labur bat eginda, turistifikazioaren arazoari konponbide integral bat emateko, auzi hau zein ulermen-markoren barruan kokatu beharko genukeen azalduko dut. Lehenik eta behin, langile-klase guztiak beharrezko atsedena eta kalitatezko eta doako aisia izateko eskubidea defendatu beharko genuke. Eskubide hori ezin izango da inoiz turismo kapitalistaren eredupean gauzatu, irabazi kapitalistaren logikan oinarritzen baita eta errentagarria den heinean soilik barneratzen baitu langile-klasea (ez da eredu unibertsalizagarria, beraz). Gainera, etekinak maximizatzeko irizpideen pean, turismo kapitalistak ezin du bermatu jarduera hori komunitate hartzaileen ingurua eta bizi- zein lan-baldintzak kaltetu gabe garatuko denik. Aisialdi turistikorako sarbide unibertsal, doako eta kalitatezkoa bermatzeko eta aisialdi horrek inguruarentzat eta pertsonentzat kalterik ez ekartzeko, beharrezkoa da burgesiari baliabide sozialen gaineko kontrol politikoa kentzea, baliabide horiek langile-klase antolatuaren esku jarri eta oinarri berrien gainean antolatzeko. Soilik abiapuntu horretatik eta planifikazio kontziente baten bidez birdefinitu ahalko dugu turismo gisa ulertzen duguna, jendarte guztiarentzako aukera berdintasunean.

Azkenik, gure markoa hori izanda, Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik turismoaren negozioaren aurkako borrokak pizteko beharrezkotasuna baieztatzen dugu. Negozio horren aurkako borrokak honako helburu hauek izan beharko lituzte, gure ikuspegitik:

  1. Turismoaren negozioaren esparruan etxejabeen abusuen aurka borrokatzea: alokairu-kontratuen deuseztapena pisu turistikoak irekitzeko, prezioen igoerak, sasoiko kontratuak...
  2. Turismoaren negozioarekin lotutako proiektu konkretuen aurkako borroka: negozio turistikoaren hedatzean ekarpena egiten duten neurri eta ekimenak seinalatzea eta borrokatzea: hotel edo ostatuen irekiera, lizentzia berriak ematea, lurzoru edo diru publikoa negozioaren zerbitzura jartzea...
  3. Turistifikazioaren ondorioak arintzeko erregulazioen ikuspegi okerrak eta irizpide klasistak agerian uztea: negozio turistiko handiaren interesak ukitzen ez dituzten proposamenak, langile-klasearen gainkostu gehigarriak ezartzen dituzten neurriak, masa-turismoa mugatu eta luxuzko negozioa bere horretan mantentzen duten neurriak...
  4. Metaketa kapitalistaren logikaren eta behar sozialen arteko kontraesanak agerian uztea, turismoaren negozioaren esparruan: pisu turistikoen ugaritzeak langile-klasearen kanporatzearekin duen harremana, plaza turistikoak etxerik gabeko pertsonen aterpetxeetako plazekin alderatzea...


ERREFERENTZIAK

[1] Turismo kapitalistaren bilakaera historikoa, ezaugarriak eta azterketa sakonagoa Arteka aldizkariaren 41. zenbakian aurki daitezke: Turismoa, indiferentzia soziala (2023ko uztaila).

[2] United Nations World Tourism Organization. https://www.unwto.org/news

[3] Wold Travel & Tourism Council. https://wttc.org/

[4] Kanariar kasua hobe ulertzeko, oso gomendagarria da ondorengo artikulua: https://contracultura.cc/2024/10/28/canarias-tiene-un-limite-o-los-limites-del-capitalismo-turismo-de-masas-crisis-y-organizacion/

[5] Nafarroako Turismoaren Behatokia (2024). Urteko Turismoari Buruzko Txostena. https://turismoprofesional.navarra.es/documents/8257989/35389724/INFORME+ANUAL+2024+%28CASTELLANO%29.pdf/c721b99f-17bb-6e6d-7bc1-d451ad145c59?t=1739359722231

[6] Euskadiko Behatoki Turistikoa (2024). Ostatuen eskaintza eta okupazioa. https://www.euskadi.eus/ostatu-eskaintza-eta-okupazioa/web01-a2behtur/eu/

[7] Euskadiko Behatoki Turistikoa (2024). Enplegua industria turistikoan. https://www.euskadi.eus/enplegua-industria-turistikoan/web01-a2behtur/eu/

[8] INE (2024). Viviendas turísticas en España. https://ine.es/experimental/viv_turistica/experimental_viv_turistica.htm

[9] Tourisme Béarn Pays Basque (2024). Chiffres Clés du Tourisme. Béarn & Pays Basque, 2023. https://www.calameo.com/tourisme-bearn-pays-basque/books/0000241496237916aa7b3

[10] Ramdam (2023). Les vrais chiffres d’airbnb au Pays Basque. https://ramdam6440.fr/2023/12/28/les-vrais-chiffres-dairbnb-au-pays-basque/

[11] Euskal Hirigune Elkargoa (2024). Meublés de tourisme: un nouveau règlement pour favoriser le logement à l’année. Pays Basque-Euskal Herria. https://www.communaute-paysbasque.fr/actualites/toutes-les-actualites/actualite/meubles-de-tourisme-un-nouveau-reglement-pour-favoriser-le-logement-a-lannee

[12] INE (2024). Bizi-baldintzen inkesta. https://ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=9972&L=0

[13] Horren adibide da Nafarroako Apartamendu Turistikoen Elkarteak Iruñeko Udalak lizentzia turistikoak behin-behinean etetearen harira argitaratutako adierazpena, zeinetan neurria ontzat eman eta, sozialdemokraziak askotan defendatzen duen moduan, legez kanpoko pisu turistikoei aurre egiteko neurri zorrotzagoak exijitzen dituzten, jabe handiagoek soberako gaitasunak baitituzte administrazioaren eskakizunak betetzeko. Hemen irakur daiteke: http://www.aparturnaparture.com/reclamamos-medidas-contundentes-contra-los-apartamentos-ilegales-en-pamplona/

[14] Palmakoa eta Valentziakoa bezalako udalek, PPren eskuetan, antzeko neurriak dituzte indarrean, eta urruti joan gabe, Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen "konpentsazio-legea" Hego Euskal Herrian hartu diren neurriak baino askoz ere mugatzaileagoa da, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria liberal-eskuindarra izan arren.

[15] Pentsa Emisio Gutxiko Eremuetan edo eraikin zaharrei egiten zaizkien ikuskapen teknikoetan (ITE): bi kasuetan errenta baxuko sektoreek izango dituzte arazo gehien kostu horiek beren gain hartzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK