Nafarroako industriaren krisia beldurra ematen hasi da. Ustezko kasu bakanak pilatzen joan dira 2024aren amaieran; urtea hasterako, kaleratzeen eta itxieren zerrenda luzeegi bat izateraino. Eta badirudi handitu egingo dela zerrenda hori denbora gutxian.
BSHren kasua –etxetresna elektrikoak, Ezkirotz, 660 langile– izan da azkena eta sonatuena, Gabonetan azkentzeko enplegu-erregulazioko espediente (EEE) bat eta horren ondoko itxiera iragarri ostean. Higadura-prozesu luze baten amaiera ekarri du horrek, aurretik ere izan baitziren itxierak Etxarri Aranatzen (2005) eta Lizarran (2014). Hori guztia, xantaiapean lan-baldintzak pixkanaka degradatu ondoren eta fabrikako produkzioaren beherakada programatua jasan ondoren, azken bi urteetako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetaraino (ABEEE). Eta, atzealdean, Poloniarako deslokalizazioaren ageriko sekretua eta Alemaniako taldearen (Bosch, Siemens) berregituraketa, jada ez baitzitzaion lehiakorra egiten fabrika hau.
Jarraian dator Sunsundeguiko prozesu luzea –autobusen karrozeria, Altsasu, 400 langile–, gaur egun hartzekodunen konkurtsoan dagoena, langileak ABEEE baten pean dituena eta behin betiko itxieraren atarian dagoena, inbertitzaile baten esperoan, Volvorekin kontratu berria galdu ondoren eta SODENAk, foru-gobernuaren menpeko finantza-erakundeak, aurrez milioi asko injektatu ostean. Horri Sakanako hainbat enpresa hornitzailetan egindako kaleratzeak gehitu behar zaizkio, Azkengaren kasuan bezala –Etxarri Aranatz, 38 langile–.
Proportzio txikiagoekin, baina aurrekoari gehituta ditugu Tenerías Omega –behi-larrua, Villatuerta, 79 langile– eta Grupo Antolín –automobilgintzako osagarriak, Arazuri-Orkoien, 108–enpresen kasuak, azkentzeko EEE banarekin. Azken horretan, Volkswagenen proiektu elektriko berriak galdu izana omen da kausa, nahiz eta Antolinek ekoizten zuena kristal-jasogailuak eta panelak izan. Martxan dagoen beste EEE bat, kasu honetan partziala baina Espainiako Estatu osoari eragiten diona 255 kaleratzerekin, Siemens-Gamesakoa da, eta horri beste zentro batzuetan aldi baterako erregulazioan dauden beste 360 langile gehitzen zaizkio, baita Agoizko bere lantegiaren aurreko itxiera ere (2020). Energia berriztagarrien sektore berean eta berdin-berdin finantza-egoera txarrean dago, halaber, Nordex-Acciona –Irunberri, Barasoain–, gehiegizko zorragatiko desinbertsioak iragarri baititu, eta horiek beren ekoizpen-fabrikei nola eragiten dieten ikusteko dago.
Arcelor-Mittal ere –siderurgia, Lesaka, 170 langile– enegarrenez dago aldi baterako enplegu-erregulazioan, lan-karga nahikoa ez duelako. Eta jakina, koroaren harribitxia, VW Navarra –automozioa, Landaben, 4.600 langile zuzen–, dagoeneko aldi baterako lan-erregulazioan dagoena, eta beste 55 egun gehituko dituena 2025ean, lantegia elektrifikatzeko. ABEEE erraldoi bat, Industria Ministerioak ez duena onartu RED Mekanismoan sartzeko. Beraz, langileek beren langabezia-prestazioa kontsumitu beharko dute espedienteak irauten duen bitartean. Horiei gehitu beharko litzaizkieke enpresa hornitzaileak eta aldi baterako laneko enpresetako (ABLE) beharginak, kalean geratzen baitira bitartean.
Mila eta bat kasurekin jarrai genezake, oraindik hedabideetara salto egin ez badute ere, berdin-berdin kezkatzen dutenak eta metalgintzako kideen elkarrizketetan zabaltzen direnak bereziki. Besteak beste, SKF eta NANO enpresen kasua –automobilgintzarako errodamenduak, Tutera, 280 eta 120 langile, hurrenez hurren–; MAPSArena –hagunak, Orkoien, 400– produkzioaren jaitsierak lanik gabe eta kobratu gabe izan baititu aldi baterako langileak, eta MCCko bazkide kooperatibistak, berriz, oporrak gastatzen; ZF-TRWrena –automobilgintzako gidagailuak, Landaben, 330 langile eta beherantz doa kopurua–, joera terminala duena azken EEEtik; edo KYBSErena –motelgailuak, Ororbia, 700–, aldi baterako langile guztiak kalera bidali berri dituena, eta hitzemandako ekoizpen-bolumena noiz iritsiko zain dagoena. Lantegiaren etorkizuna bermatuko luke horrek, eta are gehiago: horren truke negoziatu zen soldata-jaitsiera bat aurrez. Eta ezin ahaztu, gainera, Japoniako taldeak aurrez itxitako KSS (2019-21).
Mezua argi dago, baina non kokatzen dugu prozesu hau? Zer gertatzen ari da? Lehenik eta behin, garbi dago ez dela Nafarroako egoera esklusibo bat. Agian dimentsio hori hartzen du industria-sektoreak hemen dituen pisuagatik eta ezaugarriengatik. Industriari dagokio Foru-Komunitateko BPGaren ia herena, eta 85.000 langile enplegatzen ditu. Nekazaritzako elikagaien industriaren ondoren, automobilgintza da langile gehien biltzen dituena, berriztagarriak eta metalaren gainerako zatia atzetik dituela. Hortik dator horrek guztiak izan ditzakeen ondorioen larritasuna, bai maila ekonomikoan, bai sozialean. Zentzu horretan, beti zorrotz aritzen den Enric Julianak adierazi zuen euskal-nafar zerga-erregimenak –eta horren ondoriozko ongizate-sistemak, guk gaineratzen dugunez– bere izateko arrazoia galduko lukeela industriak eutsiko ez balio.
Hala ere, esan bezala, Nafarroaren kasua ez da salbuespenezkoa. Eta Espainiako Estatuan hazkunde ekonomikoaren eta enpleguaren aurreikuspenei buruzko estatistikak oraindik salbatzen badira, industriak pisu txikiagoa duelako da. Izan ere, krisi industriala oso aurreratuta dago Europan. Alemania –siderurgia, automozioa– edo Frantziako Estatua –kimika, aeronautika– nabarmentzen dira, milaka kaleratze iragarri baitituzte dagoeneko. Hemen ez ginen prozesu horretatik kanpo denbora luzez geratuko, eta kate-erreakzioa hasi besterik ez da egin. Zehazki, Nafarroako esportazioen %50 doaz Alemaniara eta Frantziako Estatura, estatuko batez bestekoaren bikoitza.
Labur-labur*, Europako industria-krisiaren erroak argia dirudi: Txinak aurrea hartu dio Europari, merkeago ez ezik, hobeto ekoitziz. Kostu txikiagoek –energetikoak, fiskalak, burokratikoak, ingurumenekoak, lanekoak– eta berrikuntza handiagoak –patenteak, automatizazioa– nahiz balio-katearen integrazio- eta kontrol-maila handiagoak –lehengaiak, osagaiak– agerian uzten dute Txina gailentzen ari dela, gero eta lehiakortasun murritzagoa duen Europaren aurrean.
Koiunturalki, auto elektrikorako birmoldaketa ere hor dago, automobilgintzaren egoera markatzen ari baita, funtsezko sektoreetako bat. Hemen bat egiten dute automobil-merkatuan dagoen ziurgabetasunak eta salmenten jaitsierak –prezioak puztuz aberastu ondoren –, baterien ekoizpena kontrolatzeko orduan izandako baldartasunak, eta argitasun instituzional faltak eta Mendebaldeko erraldoien erabakitasun faltak hori bizkortzeko. Horri gehitu behar zaio, birmoldaketa hori amaitzen denean, elektriko berriak ekoizteak %30 eskulan gutxiago beharko duela, horren sinpletasunagatik. Txinak, berriz ere, Europa baino askoz hobeto posizionatuta egin dio aurre auzi horri.
Beste faktore koiuntural oso garrantzitsu bat izaten ari dira Europak herresta daramatzan kostu energetiko altuak, bereziki Errusiaren aurkako gerratik. Errusiako gas-fluxu merkearen amaiera zailtasun oso handia da Europako industriarientzat, eta AEBei askoz ere garestiago erostera behartzen du. Are gehiago Nord Streamen kontrako sabotajeaz geroztik edo, berriki, Ukrainak behin betiko itxi duenetik Gazpromek Europarantz sartzeko zuen iturria, EBko bazkideen –eta ez lagunen– arteko kontraesanak areagotuz.
Ekaitz perfektu horren aurka, eta faktore ekonomiko hutsetatik haratago, ikusten ari gara nola gobernuak, pandemiaz geroztik gutxienez, dogma neoliberaletatik askatzen ari diren politikoki, estatuaren esku-hartze zuzenenari ekiteko. Dela milaka milioi injektatuz, metaketa berriz bultzatzeko, edo dela muga-zergak berriro ezarriz. Aparte utzita, munduko merkatu erabat integratu batean, burugabea izan daitekeela Txina modu horretan geldiarazi nahi izatea; edo alde batera utzita, bestalde, Europako industriek ekialde urrunean zer interes dituzten, errealitatea ondokoa da: AEBak revival protekzionista bat bultzatzen ari direla. Eta ez Txinaren aurka soilik, Europari ere muga-zergak ezartzen baitizkio, zeinak ez duen halako batasun fiskalik zorraren araberako estimuluen apustuari eusteko.
Mendebaldeko oligarkiaren fakzioen arteko interes politiko eta ekonomikoen lehia nabarmenari Europa barruko lehia gehitu behar zaio, industriaren zatirik handiena erakartzen baitu kostu txikiagoen bidez. Industriaren deslokalizazio jarraituaz ari gara, hain zuzen ere, erdialdeko eta ekialdeko herrialdeetara bideratzen dena; hala nola Poloniara, Eslovakiara edo Hungariara. Batasuneko berehalako mugan dauden polo indartsu berriak ahaztu gabe, esaterako Maroko edo Turkia.
Egoera horrek guztiak agerian uzten du, lehenik eta behin, ez garela bolada txar bati buruz ari, baizik eta Europako industria-ereduaren egiturazko krisi bati buruz. Eta bigarrenik, erakusten du ez gaudela problematika partzial baten aurrean, kasu honetan industriaren problematikaren aurrean, zentro inperialistako Europaren gainbehera orokor baten aurrean baino, zeinaren posizio abantailatsua amaitzear baitago. Eta horrekin batera bere eredu sozial eta politiko guztia.
Dinamika horretan kokatzen ditugu gorakada militarista eta tentsio belikoen gorakada, gerra ekonomiko eta komertzialaren korrelatu bereziki gordina diren aldetik. Hor sartzen dira gastu militarraren igoera, armamentu-industriaren bultzada edo estatuen militarizazioa bera, pandemian zehar jada entseatua. Ikusteko dago noraino igoko den dinamika hori, baina ematen du aurkakotasunik gabe aurrera egiten ari garela konfrontazio gero eta zuzenago baterantz, gerra ireki baten terminoetan, eta, jakina, mundu mailako izaerarekin.
Gastu militarraren areagotzeak eta herrenka dabilen industrian dirua injektatzeak erakusten dute gastu publikoa ez dela jaitsiko, baizik eta handitu ere egingo dela, kasu honetan, gastu sozialaren kontura. Ongizate-estatua izan da –eta gero eta prekarioagoa bada ere jarraitzen du izaten–, zorpetzearen bidez, erdi-mailako klaseen euskarri nagusia; politika sozialen edo enplegu publikoaren bitartez, eta soldata baxuetan oinarritutako lan-merkatu ultraprekarizatua konpentsatuz –industriaren salbuespen erlatiboarekin, hain zuzen ere–. Horregatik, erdi-mailako klaseak nahigabetu eta estutu egingo dira, zalantzazko puntu bateraino berriz ere.
Alternatiba iraultzailerik ezean, pobretze- eta proletarizazio-prozesuan gertatzen ari den sakontze hau haztegi bat izaten ari da erreakziorako. Horren adibide da eskuin muturreko alderdien gorakada, talde faxisten gorakada kaleetan edo, oraindik modu oso egituratuan ez bada ere, modu masiboan izaten ari den ideologia erreakzionarioaren hedapena, gizartearen maila zabaletan azkar aurrera egiten ari dena; arrazismoaren bidez, esaterako. Maila sozialean izaten ari den eskuindartze horri, noski, estatuen deriba autoritarioa gehitu behar zaio, boterea estatuez gaindiko instantzietan kontzentratuz, eskubideak eta askatasunak ezabatuz edo errepresioa areagotuz, bake sozialaren amaieraren atarian. Gainera, kasu askotan, joera progresistako gobernuen ekimenez gertatzen da hori, gertutik ezagutzen dugun bezala.
Azkenik, azterketa amaitzeko, esan behar da, itxura guztien arabera, oligarkiaren planak modernizatzear daudela, eta horrek berekin ekarriko duela Europako industria mehetzea eta berritzea, metaketa kapitalista modu bideragarrian bultzatzeko aurrebaldintza gisa. Diruz lagundutako berregituraketa izugarri bat, errentagarritasun txikieneko zatiak erortzen utziko dituena, eta zutik geratzen den hori baino ez duena ozta-ozta salbatuko. Ikusteko dago hori zenbateraino egin ahal izango duen, dela lehian edo dela, dagoeneko ikusten ari garen bezala, Txinako kapitalekin aliantzan –edo nahitaez horien menpean–.
Kasu honetan Nafarroako langile industrialak mehatxatzen dituen kaleratzeen berehalako errealitatera itzuliz, izango da bere buruari galdetzen dionik ea ba al dagoen zer eginik, kexatzeaz eta krisia pasatzen ikusteaz harago. Jakina, askok edo batzuek behintzat baietz uste dugu, eta horri buruzko gutxieneko gako politiko batzuk planteatzeko beharra ikusten dugu.
Lehenik eta behin, ezinbestekoa da krisi industriala agenda politikoan jartzea, gure kasuan, langile-klasearen agenda propio batean, lehentasunez. Harrigarria bada ere, gutxi hitz egiten ari da jadanik orokorra den errealitate baten larritasunaz, kasu partikularrak alde batera utzita; izan zuzeneko kaltetuen partetik edo izan egoera kudeatu behar duten gobernuen partetik. Eta kasu horietan, mobilizazioa eta babes soziala apalak izaten ari dira orain arte.
Bigarrenik, egia da askotariko egoerez ari garela. Kaudimen faltatik deslokalizaziora, ABEEEetatik kaleratzeetara, eta abar. Baina aztertzen ari ginen bezala, guztiak prozesu berean kokatzen dira, ez dira kasu isolatuak. Eta horren ondorioek, de facto, eraso bera dakarkiete langile-klase osoaren lan- eta bizi-baldintzei, eta ez bakarrik modu bereizian kaltetutako enpresa bakoitzeko langile-klaseari.
Prozesu horren izaera estrukturalari dagokionez, bi elementu aipatu behar dira. Alde batetik, beharrezkoa da fenomeno partikular bakoitzaren eta sistemaren dinamika orokorraren arteko harremana seinalatzea, krisi kapitalistak ezartzen dituen muga objektiboak aitortuz. Baina, aldi berean, burgesiak bere erabaki kontzienteen bidez bere gain hartzen duen zatia gogoraraztea dagokigu; erabaki horien arduradunek izen-abizenak dituzte, eta seinalatu egin behar dira.
Zentzu horretan, aurre egin behar diogu lehiakortasunaren xantaiari, berregituraketa- eta deslokalizazio-mehatxuen bidez gauzatzen baitute. Horrela, lanpostuak mantentzeko bide bakarra baldintzak okertzea dela ezartzen duen marko bat inposatzen ari dira, non lehia bat dagoen ikusteko ea nork amore ematen duen gehiago, eta non kolektibo osoaren soldata botatzen den. Ideia hori nazioartean baztertu behar da; izan ere, ez luke ezertarako balioko industria batzuk salbatzeak, horrek langile-klase osoa immolatzea badakar. Ildo beretik, dagoeneko salatzen ari gara lan-merkatuak daukan malgutasuna enpresaburuen neurrira eta langileen kontura, azken lan-erreformak legeztatzen duen bezala. Baina, kasu honetan, malgutasunaren instituzionalizazioari aurre egin behar diogu, kaleratzeen ustezko alternatiba gisa. Lehenengoa sinetsarazten digutenean gure eskubideak galtzen ditugu, baina, horretaz gain, bigarrenaren atarikoa izaten ari da. Esan dezatela bestela BSHn edo Sunsundeguin.
Jakina, aitortu beharra dago baldintza horietan borroka sindikala zaila dela, eta defentsiban egotera behartuta dagoela neurri handi batean. Eta horrek argi erakusten du jada ahulduta dagoen langile-aristokraziak nola galtzen dituen geratzen zaizkion apurrak. Hala ere, industriak antolaketa eta indar sindikal handiagoak izan dituen heinean, berriz ere langileria osoaren intereserako borroka egiteko beharra dago. Eta zentzu horretan, moral borrokalari bat sustatu behar da, derrotismoaren aurka borroka egiteko.
Gure ustez estatuarekiko, gobernuekiko eta enpresariekiko independentea izango den langile-mugimendu bat (berr)eraikiz soilik egin daiteke hori. Irakaspen historiko bat da langileak beren indarren mende bakarrik daudela, eta suizida litzateke irakaspen hori pikutara botatzea, gure burua armagabetuz eta alderdi eta gobernu burgesen esku utziz, helburuak lortzeko ustezko bide gisa. Itunezko sindikalismoaren balizko eginkizuna ere hurbiletik jarraitu beharko da eta aurre egin beharko zaio, borrokak mugatzeko orduan eta gertuko gobernuen politikaren mende jartzeko orduan. Are gehiago Nafarroako Erregimen zahar baina berrituaren logika klientelar eta kazikistaren indarra ezagututa.
Era berean, defendatzen ari gara klase-batasunik gabe ez dagoela langile-mugimendu posiblerik eta desiragarririk. Datozen borroketan beharrezkoa izango da langile guztiak eskubide osoz sartzea, baita bigarren mailakoak, aldi baterakoak, enpresa laguntzaileetakoak eta abar ere. Berdintasunik gabe elkartasunik ez dagoenez, borrokak, beste behin, guztiona izan behar du. Hori dela eta, enpresa edo kolektibo bakoitzaren muga korporatiboak hautsi beharko ditu, langile-klase osoa indar bakar gisa batzeko, bere interes bateratuak defendatuko dituena. Gaur zugatik, bihar nigatik.
Egoera horren guztiaren oinarrian, langileen ongizatearen eta irabazi kapitalisten arteko kontraesan gero eta irekiagoa dago, eskaintzeko gero eta gutxiago duen sistema batekin. Horren aurka, kaleratzeen edo berregituraketen aurkako borrokak seguru asko ez dira nahikoak izango, baina bai beharrezkoak, dudarik gabe. Eta lan egin behar dugu, elkarren artean bat egiteaz gain, borroka ekonomiko horiek jabetu daitezen borroka politiko handi baten parte direla, proletarioen arteko gerrari edo arrisku faxistari kontra egitearekin batera. Horretarako, ezinbestekoa izango da langileekin batera egotea, laguntza aktiboa emanez eta haien aldarrikapenak gizarteratuz. Eta hori guztia, alternatiba estrategikoan aurrera egiteko gure funtsezko zereginarekin batera: Alderdi Komunista eraikitzea, proletalgoaren interes unibertsalen eta programa historikoaren ordezkari gisa, kaos kapitalistari eta bere adierazpen guztiei aurre egiteko eta horiek gainditzeko gai den bakarra baita.
Jotak honela kantatzen zuen: "Ez probintzia ez eskualde, Nafarroa kontinente bat da". Baina, azkenerako, Nafarroakoa eta Europakoa krisi bera ziren. Krisi industriala bai, baina ez hori bakarrik: Europa inperialistaren eta bere erdi-mailako klaseen gizarteen krisi estruktural eta orokortua. Krisi horren parte dira, halaber, gorakada militarista, estatuen deriba autoritarioa edo faxismoaren gorakada ideologiko eta kaletarra. Krisi horrek klase-borrokaren egungo zikloa markatuko du, eta, hain zuzen ere, klase gisa erantzutea eskatzen du. Erantzun horretan, komunistok, gure gaitasunen neurrian, iniziatiba politikoa hartu eta besoz beso borrokatu beharko dugu, denborek eskatzen duten mailan; bai kaleetan bai lantokietan.
*Europaren gainbeheraren azterketan sakontzeko zenbait irakurketa interesgarri:
Pablo C. Ruiz. Economía política del declive: acumulación y lucha de clases ante una era de catástrofes; Cuadernos de estrategia, 2. zenbakia. El declive del neoliberalismo. La crisis de la solución a la crisis